Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Valentín de Zubiaurre

Kosme de Barañano

Izenburua:
Valentín de Zubiaurre
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Folklorea | Mitologia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Bilbo | Bizkaia | Pertsonak | Malenkonia
Mugimendu artistikoak:
Errealismoa | Erregionalismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Zubiaurre Aguirrezabal, Valentín

Guiardek Sociedad Bilbaina eta Zuloagak, Guineak eta Losadak Kurding Club elkarteetarako sortu zituzten margolanekin batera, José Arrueren Estropadak Abran (Regatas en el Abra) lan txiki bikaina, gouacheak eta tenperak ematen dioten fintasunarekin, garai beraren oihartzun bat da, indar ikonografiko berdinekoa; garai bateko gizartearen irudikapena da, pleistozenotik modernitatearen ametsera jauzi egin zuen gizartearena: jauzi industrializaziora, aberastasunera eta belako kirolak egitera Abran, mineralez betetako ontzien irteera-atea izaten jarraitzen zuen leku berean. Kurding-eko burges musikazaleei kontrajarrita, Valentín de Zubiaurrek musika herrikoia erretratatu zuen, ondoko elizate batean egindako bertsolarien jaia (gure juglare edo kantautoreak)1.

Arrueren margolanak enpresaburuen olgeta-une hori dokumentatzen du historiarako; agertokiaren atzealdea berdina da (merkataritzaren itsasoa, nabigazioarena, siderurgiarena). Hemen kirolari emanak daude protagonistak, ahalegin ludikoari emanak: lehiakideak jada ez dira soilik enpresaburuak; nabigatzaileak ere badira. Une horretan, adimena eta ahalegina belen gainazalean aplikatzen dituzte, eta itsasoa gainazal gisa “ulertzen”; erregea eta bere marinelak ere lehiakideak dira, gainerakoen antzera. Arrue eszeptikoak pinturetan kontatzen zituen gertaera haiek, Manuel Torcida argazkilariak errebelatuetan edo Indalecio Prietok bere kroniketan egiten zuten moduan; eta artista jakintsuaren umorea erabiliz egiten zuen, gainera. Triptiko hori ez da karikatura bat, gure garaiaren notario-akta dibertigarri bat baizik, erromeriei buruzko margolanen antzera, dokumentu etnografiko bikainak, guztiak. Bere pintzelaren fintasunaz baliatuz, Guiardek eta Ucelayk kontatutako historia bera kontatzen du Arruek. Alde bakarra melodia eta instrumentazioa dira, txaranga herrikoiaren kutsu handiagoa duena musika sinfonikoarena baino; baina egia berbera da.

Zubiaurreren Bertsolariak (Bersolaris) talde-erretratu bat da, eta bi baserritar zutik ageri dira, igandeko janzkiekin, bata abarkekin eta bestea espartin zuriekin, elkarri bertsotan beste baserritar batzuen aurrean. Mahai baten inguruan eserita daude eskua masailean jarrita duen gizon bat eta zortzi emakume (horietako lau gazteak), eta zuhaitz baten ondoan bi mutil gazte daude, pilotarien antzera jantzita, gerriko gorriarekin. Eskuinean, estalki batek ixten du konposizioa; eszena biltzen du, eta, era berean, haizetik babesten du. Atzealdean, hainbat mendi-tontor ikusten dira, magaletan baserri batzuk dituztela han-hemenka.

Pertsonaien hieratikotasun berberaz tratatuta daude objektuak ere: goialdean konposizioa ixten duten sagar-multzoak, zeramika eta kobrezko pitxerrak eta lurrean tinko utzitako sagarrak; Zurbaránen natura hiletan bezala, bi mahaietan bare ageri dira, mantel zurien gainean, hainbat eratako jakiak, hala nola ogia, gazta, sagarrak eta edalontzi bat txakolin.

Margolan honetan, Zubiaurrek konposizioaren egonkortasunari esker erakartzen du ikuslea, monotonia bizantziarrari esker, zeina kontrajartzen zaion pintura modernoaren bizitasunari, Kurding-aren egoitzako mihise biziei. Bi Zubiaurre anaiak ere izan ziren Parisen, 1905ean, eta izena eman zuten Académie Julian akademian2. Baina ez zuten bat egin ez inpresionismoaren pintzelkada solteekin, ez fauvismoak ekarritako hausturarekin, ezta Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa (Tríptico de la guerra) lanaren kubismoarekin ere. Zubiaurreren eredua James Tissot (jada aipatu dugu Guiardi lotuta) eta haren konposizio ongi egituratuak izan ziren, adibidez, Artisten emazteak (The artists’ wives, 1885)3. Lan horretan, Tissotek ospakizun-bazkari bat irudikatu zuen Parisko Le Doyen jatetxeko terrazan; atzealdean Palais de l’Industrie jauregirako sarrera ikusten da. Bi emakume gazterekin eserita dagoen margolari batek erakartzen du ikuslearen arreta, batik bat haien begirada-jolasarengatik, ohitura- komedia bat izango balitz bezala, conversation piece bat izatearekin batera. Tissotek egun distiratsu eta eguzkitsu bat proposatzen digu, arrakasta profesionala eta adiskidetasuna azpimarratzeko. Zuloagak, lagun musikarien erretratuan, egunsentiaren argia eskaintzen digu Areatzan, eta Zubiaurrek, aldiz, ilunabarreko argia.

Zubiaurrek unearen hotsandia nabarmendu zuen begiraden eta ilunabarreko argiaren bidez; Losadak pianisten bakardadea parodiatu zuen Wagnerren aurkarien ukabilen aurrean. Losadak eta Zuloagak, pintzelkada solteak erabiliz, beren lagunak eta haien mozkorrak erretratatu zituzten; Zubiaurrek, aldiz, margotzeko modu oso pentsatua erabiliz, hieratiko bihurtu zuen folklorearen une bat. Zubiaurrek (mendi-tontorrean) galdutako herriaren ikono bat osatu zuen, deboziozko estanpa bat balitz bezala: herri xumearen estanpa nobletua. Zubiaurrek XX. mendearen hasieran galzorian zegoenaren naturalismo bat sortu zuen, Ekialderako bidaia herrixken barruan. Modernitatearen gorakadan galtzen ari zen garai horren ikonoak asko ugaritu ziren haren margolanetan. Kurding Club-eko margolanetan ez bezala, Zubiaurrerenean “elizateetako” begirada bat daukagu, ez estiloagatik, ikuspegi hori adierazteko borondateagatik baizik. Herrixkako bizimoduaren ikuspegi zurrun eta sagaratu horretan islatu zituen Zubiaurrek bere mitologia eta nahiak4. Nahiago zuen landako munduaren gorazarre hori, egunerokoan bizi behar zuen mundu garaikideko bizimodu prosaikoaren gainetik. Hortaz, Zubiaurrek malenkonia erein zuen bere pinturan: irudizko iragan komun baten gari garbia. Horrexegatik, haren lanak ez dira gaur egunera esportagarriak, eta horregatik dio estimu gutxi haren pinturari egungo nazionalismoak.

Zubiaurrek ez zuen fotografiatu musikari gazteen mozkorra Areatzako pasealekuan; festa-une bat izoztu zuen. Ez dago dibertimendurik, José Arrueren eszenetan bezala, ezta sexualitate sorrik ere, lehenengo garaiko Artetaren pastoraletan bezala5.

Bertsolariak Euskal Herriko landako eszena tipiko baten friso bizantziar bat da, eta pertsonaiak paisaia bereizgarri baten gainean ebakita ageri dira; zenbaitek sinbolistatzat jo dute paisaia hori, baina paisaia erreala da, erretratatutako pertsonaiak errealak diren bezalaxe. Eta psikologiarik ere ez dago Valentín de Zubiaurreren narrazio piktorikoan, nahiz eta behin eta berriz aipatu izan den espainiar aipamen guztietan, Vittorio Pica italiar kritikariaren 1911ko testu gaizki ulertu bati jarraituz. Zubiaurreren margolanetan irudikatuta daudenen “aurpegi eta jarreretatik harago doan seriotasun, gogortasun eta kontzentrazio horri” erreparatuta, mendeen joanean sartzen gara, desagertzen ari zen garai baten eraginkortasun oroitarazlean6. Zubiaurreren lanean ageri da, noski, malenkonia eta jada iraganekoa zen une hura dokumentatzeko nahia, malenkoniaren arkeologia, baina ez du ia inoiz lantzen pertsonaien psikologia pertsonaia gisa. Zubiaurreren baserritarrak ez dira bereizgarriak beren psikologiarengatik —kasu honetan erretratu garbiak diren arren—, beren jarrerengatik baizik, izan pausatzean darabilten tonu indibidualagatik, izan haien keinuen oihartzunagatik7. Valentín de Zubiaurrek ez zuen izakia erretratatu; eszena batzuk eta kantu batzuk dokumentatu zituen, malenkoniaren lanbroan desagertu aurretik.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Bertsolariek bertso herrikoiak bat- batean sortu eta euskaraz abesten dituzte; agudeziaz eta asmamenez sortzen dituzte bertsoak, elkarrizketa abestu batean ariko balira bezala, eta arau metriko batzuk ere betetzen dituzte. Latinoamerikako folklorean ere badago aldaera poetiko-musikal hau, Venezuelatik Argentinaraino: zenbait musikari biltzea eta elkarri puntuak botatzea lautadako musika tradizionaleko ohitura zaharrenetako bat da. Zertan datza elkarri puntuak botatzea? Bi abeslariren arteko lehia bat da, eta ideien eztabaida batean “azken hitza” izatea da helburua. Zer lortu nahi dute? Hiztegiarekin eta errimekin duten abilezia erakustea, aurkaria hitzik gabe utzi arte. [itzuli]
  2. Haien aita Valentín Zubiaurre Urionabarrenechea (Garai 1837– Madril 1914) zen, espainiar musikagilea. Bilbon hasi zuen musika- ibilbidea, haur zela abesbatzan abesten, eta organoa jotzen ikasi zuen Nicolás Ledesmarekin. 1875ean, lehenengo saria lortu zuen Madrilgo Musika Kontserbatorioko Konposizio ikasketetan. Kide osoa izan zen Arte Ederren San Fernando Errege Akademiako Musika Atalean. Erromako Arte Ederren Espainiako Akademian egoiliar izan zen, eta 1878az geroztik Madrilgo Errege Kaperako maisua. 1895ean, urte hartako udal-erroldaren arabera, Zubiaurre Cedaceros kaleko 1. zenbakiko hirugarren solairuan bizi zen (urtean 1.875 pezetako alokairua ordainduta), eta musikaria zela adierazten zuen, eta 7.000 pezetako urteko soldata zuela. Paz Aguirrezabalekin ezkondu zen (1859an jaioa, Bergaran), eta hiru seme-alaba izan zituzten: Valentín (Madrilen jaioa, 1879an; gor-mutua), Ramón (Garain jaioa, 1882an; gor-mutua) eta Pilar (Garain jaioa, 1884an; Ricardo Gutiérrez Abascal arte-kritikariarekin ezkondu zena). 1887an Madrilgo San Ignazio Kongregazioan sartu zen. Elkarte hori, neurri handi batean Madrilen bizi ziren bizkaitarren ekimenez sortua 1715ean, probintzia guztietako euskaldunen elkarte bihurtu zen 1897an. [itzuli]
  3. James Tissot, Artisten emazteak [The Artists’ Wives, 1885ekoa, The Artist’s Ladies edo Artistaren emakumeak izenez ere ezaguna, olio-pintura mihise gainean, 146 x 101 cm, Norfolkeko Chrysler Museum of Art, Virginia]. Koadroan hainbat artista eta horien emazteak daude irudikatuta, Jour du Vernissage delakoan (bernizaduraren eguna), aretoaren inaugurazio ofizialaren bezperako gauean. Jour de vernissage arte-erakusketa baten aurretiko ikustaldia aipatzeko erabilitako adierazpen bat da; ikustaldi hori pribatua izan zitekeen, eta irekiera formalaren aurretik egiten zen, artistek azken berniz-geruza ematen zietenean margolanei; gaur egun vernissage esaten diogu (hitz frantsesa, jatorrian “bernizatu” esan nahi duena). Irekiera erakusketaren lekuan bertan edo inguruan egiten zen, eta hitzaldiak izaten ziren, eta batzuetan baita bazkari bat ere, artistek elkar ikusteko baliatzen baitzuten unea, edo arteari begira interesa zuten edo artearekin zerikusia zuten pertsonak ezagutzeko, baita politikari eta enpresaburu entzutetsuak ere. Erretratatutakoen artean dago Auguste Rodin eskultorea (1840–1917): irudiaren erdian zutik dagoen gizon bizar marroidun eta betaurrekoduna da. [itzuli]
  4. Garaiko elizateko aitaldeko etxean, Zubiaurre anaiek mural bat egin zuten egongelako goialdeko horman, Ravennako mosaiko bizantziar bat izango balitz bezala. [itzuli]
  5. Beste noizbait aipatu izan dut Valentín de Zubiaurreren ikuspegia Stanley Spencer britainiarraren (1891–1959) ikuspegiaren antzekoa dela, sexualitatea kenduta, eta haren “English village allegories” direlakoen ikuspegiaren antzekoa, zeinak baitira garai industrialetan desagertutako mitologia kristauaren eta folklorearen nahasketa bat. Ikusi Kosme de Barañano, Valentín de Zubiaurre – Dibujos, BBK Fundazioa, Bilbo, 1998. [itzuli]
  6. “Contemplando quel non so che di solemne di severo e di concentrato che traspare dai volti e dalle pose dei piccoli propietarii…”, 334. or. hemen: Vittorio Pica, “Artisti contemporanei: Valentin e Ramon De Zubiaurre”, Icona, XXXIV. Lib. (1911), 203. zk., 323–40. or. [itzuli]
  7. Hori nabaria da, batez ere, egilearen marrazkien bilakaeran: Valentín de Zubiaurreren heldutasuneko marrazkiak ez dira bereizgarriak erretratatutakoen fisionomiagatik, baizik eta formatu txikiagatik eta izaera takigrafikoagatik, staccatoan egindako trazuekin. 1910ean Lozoyako markesarekin ibilaldiak egin zituenean Sepúlvedan eta Segovian barrena, marrazki bizkorrak eta formatu txikikoak egiten hasi zen. Hil artean jarraitu zuen horrelakoak egiten. [itzuli]