Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Itsasoa. Ucelay

Kosme de Barañano

Izenburua:
Itsasoa. Ucelay
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Geometria | Konposizioa | Gizarte-kronika | Hiri-eszenak | Itsasoa | Bermeo | Bizkaia | Pertsonak | Itsasontziak
Mugimendu artistikoak:
Objektibotasun Berria
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Horma-pintura
Aipatutako artistak:
Ucelay Uriarte, José María

Bermeo izeneko hormirudia José María de Ucelayren (1903–1979) gaztetasuneko lan gorena da. Bermeori buruzko margolan handi bat da, Pedro de Ispizuak eraikitako Euskal Alderdi Jeltzalearen batzokirako egina 1933an1.

Lagun jeltzaleen eskaerari erantzuteko, Ucelayk kontuan hartu zituen Sienako herritarrek 1316ko dokumentu baten bidez Palazzo Comunale jauregia dekoratuko zuten margolariei ezarritako baldintzak: “ikusteko atsegina, bihotzerako pozgarria eta guztien zentzumenentzat asegarria”. Ucelayren lanak itsas hiria sintetizatu zuen, baina ez oroitzapenetik, baizik eta une hartako orainetik.

Ez da hiriaren gaineko talaia historiko bat, egunerokotasuna bera irudikatuta baizik. Adinekoetatik haur jaioberrietara, era guztietako jendeak du bere lekua margolanean, baita sorbalda gainean kanabera handi bat daraman mutiko batek ere, zeina baita gerora ezaguna egin zen Nestor Basterretxea eskultorea. Baina lan honetan desagertu egiten da erretratua bere horretan, nahiz eta pertsonaia guztiak errealak diren eta artistarentzat paratu diren.

Arreta pertsonaiengan jartzeari utzi dio, gizarte-talde bat irudikatzeko, itsas herri bat. Egunerokotasunaren bizitasuna nonahi nabari da, jolasean ari diren haurretan, emakume saregileetan, ontziolan eta kaian lotuta dauden arrantzontzien ilaran. Erretratu indibiduala arrantzale-herriaren egiazko erretratu batean desegiten da.

Margolanak hiru konposizio-gune ditu, elkarrekin hizketan ari diren hiru pertsonaia-talderekin; horietako bakoitzean emakume bat nabarmentzen da, bizkarrez, parez pare eta saiheska. Ezkerrean, eremu ilun bat dago, arkupetua, arrantzari lotutako hainbat pertsonaia eta elementurekin. Talde hori alde batera utzita –zurgintzazko ontziola baten eta ontzigintzako elementu zein kordel nautikoen lehen plano baten bitartez zatituta–, erdiko taldera igarotzen gara: emakume saregileak, zutik dagoen Venus arrantzale batekin. Kale-argi batean amaitzen den talde horretatik margolanaren eskuinaldera pasatzen gara, mutiloietara lotuta dauden arrantzontziek osatzen duten travelling zinematografiko moduko baten bitartez, eta atzealdean herriko etxeak ageri dira, horien artean Ertzilla dorrea, kutsu gotikoko leihoekin.

Eskuinaldean, buruz behera dagoen txalupa batek osatutako lehen planoaren atzean, beste pertsona-talde bat dago hizketan. Puntua egiten ari den emakume bat eskaileretan behera doa: 1933ko azaroan artistarekin ezkondu zenaren erretratua da, Inés Achiricarena. Atzealdeko itsasoan brigantinak eta belaontziak nabigatzen ari dira; zeruan, kaioak elkarrizketan ari dira, eta iraileko hego-haizeak sortzen dituen hodei tipikoak forma ederrak hartuz hedatzen dira.

Itsasontziek, aingurek eta kale-argiek pertsonen duintasun berbera dute, eta arrantzontzi tximiniadunek armada uniformatua osatzen dute, horizonteko lerroan lerratzen diren brigantin eta belaontzien askatasunarekin kontrajarrita.

Ucelayren begirada hotza eta misteriotsua da. Iraupen luzeko esposiziodun kamera baten antzera begiratzen die pertsonei eta objektuei; Edward Westonek loreekin, kaktusekin eta beste landare batzuekin egiten zituen argazkietan bezala. Landareak edo gauzak aurkikuntza bihurtzen dira bien kasuan, eta, hortaz, gure hautemate-modua aldarazteko ahalmena lortzen dute, inguruan dauzkagun objektuen errealitatea hautemateko modua aldaraztekoa. Hemen, giza gorputz ororen edertasun inperfektua errealitatearen munduko natura “hil” bihurtzen da, objektuen bizia bezain izoztuta dagoen bizitza. Ikuspegi hori – konposizioari eta estiloari dagokienez– “objektibotasun berria” edo Neue Sachlichkeit2 deritzonetik baino hurbilago dago errealismo magiko3 izenda dezakegunetik.

Ucelayren margolanean nolabaiteko enigma edo misterioa dago, baina ez dakigu zerk sortzen duen: objektu indibidualak argi eta garbi definituta daude, lerro sendo eta sotilez mugatuak. Haien edertasuna eta berezitasuna eztabaidaezinak dira, baita elkarren ondoan edo zertxobait kontraesankorrak diren puntu fokalekin kokatuta daudenean ere, irrealtasunezko zentzu espazial batean. Ucelayren objektibotasun berriak eguneroko eszena batera darama ikuslea, eta eszena hori paralizatuta dago pinturan, gelditasun magiko horretan.

Ertza zabaltzen du konposizio panoramiko batean, eta itsas munduarekiko atsegina natura hil bihurtuta geratzen da: aldi berean nolabaiteko lasaitasuna eta misterioa darizkion veduta bat da. Zentzu dramatikoa objektuen antolamenduaren bidez eratzen da, objektuzko balio desberdinak elkarren ondoan jarrita. Objektuak drama bateko antzezleak dira, eta elkarrizketan dihardute, pertsonen antzera. Hori da errealismo magikoaren dialektika bisuala: objektuek beren elkarrizketan duten energiak eragiten du misterioa. Artistaren indarra konposizio-indarrean datza, bere margolanean objektu eta pertsona-talde horiek bir- kokatzeko ideian eta ahalmenean, “ikuspegi” pertsonal bat “ikusgai” egitean. Horrexegatik, lan honen eduki emozionala estiloa bezain konplexua da.

Ucelayk ongi menderatzen zuen geometria, eta hori dago konposizioaren oinarrian. Baliteke Ucelayren bi muturrak geometria eta samurtasuna izatea, Blaise Pascalen ildotik: “Il y a deux sortes d’esprit : l’esprit de géométrie et l’esprit de finesse.” Zehaztasuna eta harmonia dago margolaneko egituretan. Geometriak ez ditu zati abstraktutan eta ñabarduretan zatitzen formak; aitzitik, giroak eta argiak osatzen dituzten egitura saihetsezinetan eusten die. Errealitatearen ikuspegi – goitik edo behetik fokuratu– zorrotz samarra da, eta batzuetan gogora dakarkigu pikatuaren (natura hiletan) edo kontrapikatuaren (erretratuetan) teknika zinematografikoa.

Oihal batean edo kameraren enkoadraketan errealitatea ezartzeko modu hori ez zen izan estilo-figura huts bat Ucelayren lanean; ohitura bat edo pentsamolde bat izan zen. Sentitzeko eta bizitzan egoteko modu baten emaitza izan zen, pertsona zein gauzekiko ahalik eta errespetu handienarekin jardutearena. Horregatik dirudite haren herritar guztiek aristokratak; eta horixe susmatu zuen Ramón de Basterra poetak, eta Zuberoako dantzak (Danzas Suletinas) lanaren harira azalduko dugu. Izakiei buruz pentsatzen zuenaren ondorioz, gizaki orori eta hark sortutako objektu orori izaera aristokratikoa aitortzearen ondorioz, Ucelayren lanean den-denak dauka bikaintasun-aire bat, noblezia-aura bat, baita kaktus bat edo loreontzi bat erretratatzen duenean ere. Ucelayk dena nobletzen duen erretratugile gisa jarduten du beti, funtsean. John Ruskin filosofo eta kritikari ingelesak zioen zibilizazioek beren gertaeren, hitzen eta artearen liburuetan idazten dutela beren autobiografia. Liburu horietako bat bera ere ezin da ulertu besteak irakurri gabe, baina hiruretatik, azkena da fidagarriena.

Ucelayk eguneroko Bermeoren egiazko biografia utzi zigun bere muralean.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Eraikinak hainbat liskar eragin zituen eraikitze-prozesuan, eta originaltasunez ñabartu zuen Bermeo, Fernando Arzadunen 1929ko ‘Kikumbera Etxeak’ bezala. Ikusi Kosme de Barañano, “Pedro de Ispizua: el racionalismo en Vizcaya”, Deia, 1978ko otsailaren 11; eta Kosme de Barañano, “Una obra polémica: el batzoki de Bermeo”, Euskadi aldizkaria, 1979ko martxoaren 23a. [itzuli]
  2. Alemanian, hainbat kritikari, hala nola Paul Westheim, Ernst Hausenstein edo Kunsthalle Mannheim museoaren zuzendari Ernst Hartlaub, neorrealismoari buruz hizketan hasi ziren, fenomenologia piktoriko berri bati buruz, zeinak 1925ean egin zuen bere lehen bilkura, Mannheimeko museoan, Neue Sachlichkeit izenburuko erakusketa batean. Franz Roh izan zen lehena fenomeno edo mugimendu piktoriko berri haren ezaugarriak laburbiltzen: Nach-Expressionismus, Magischer Realismus, Probleme der Neuesten Europäischen Malerei lanean egin zuen, 1925ean argitaratua Leipzigen. Lan hori gaztelaniara itzuli zuen bi urte geroago Revista de Occidente argitalpenak, eta El realismo mágico. Post-expresionismo izenburua jarri zion. Seguru asko, Ucelayk ezagutu zuen liburu hura, eta baita erakusketa ere, bai berak, bai Antonio de Guezalak lehen eskutik ezagutu izan baitzuten Alemanian gertatzen zena. Theodor Kieferri igorritako gutun batean (1930eko abenduaren 31koa), Georg Scholzek honela zioen: “objektibotasun berrian, gauzak berak hartzen ditugu beti abiapuntutzat. Gauzen atzean ez dago ezer” (“in der neuen Sachlichkeit sind wir immer von den Dingen ausgegangen. Hinter den Dingen war nichts”). [itzuli]
  3. Adierazpide horrek, errealismo magikoa, 1930eko hamarkadako Parisen gure margolariaren adiskide izandako Alejo Carpentier kubatar idazlearen eleberri barrokoa definitzeko balio izan zuen. Ucelay gai zen itsasontzi baten bizkarra zabaltzeko antzezlan bateko eszena bihurtzeraino, eta, era berean, Carpentier gai zen ontziteria baten deskribapena zabaltzeko horrekin adagio musikal bat osatzeraino. [itzuli]