Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Aurreiritziak: oligarkia

Kosme de Barañano

Izenburua:
Aurreiritziak: oligarkia
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Industrializazioa | Bilbo | Bizkaia

 

XIX. mendeko Bilboz dauden bi aurreiritziz mintzatu nahi nuke, nolabait ere elkarri lotuta daudelako edo elkar elikatu dutelako. Batetik, oligarkia bat zegoela eta, bestetik, hura errazten edo eskatzen zuen endogamia bat zegoela. Lehenengoa XIX. mendekoa da, alor militar, administratibo eta ekonomikoko Bizkaiko pertsona gailen batzuei Alfonso XIII.ak noblezia-tituluak eman zizkienekoa. Miguel de Unamuno filosofoak metalurgiaren kondeen oligarkia deituko ziona. Baina behin XX. mendean sartuta, hirurogeita hamarreko hamarkadan zehazki, oso kalitate oneko unibertsitate-historiografiak errepikatu egin zuen, Neguri termino topografikoari atxikita egin ere (han bizi izan baita, tradizioz, euskal burgesia), une horri zegokion eskemari (edo Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urteetakoari) jarraiki; eredu horrek, baina, ez du XIX. menderako balio. Ondorioz, nahastu egin zen oligarkiaren gaia bilbotar elite txiki eta endogamikoaren gaiarekin.

Ezin da ez endogamiaz ez oligarkiaz modu gutxiesgarrian hitz egin XIX. mendeko Bilboz ari garela, XX. mendeko bigarren erdialdeko ideietatik XIX. mendeko historiografiara egindako transposizio faltsua balitzateke. Beste hitz batzuetan: iragana orainaldiko balioekin epaitzeak arriskuak ditu beti.

Lehenik, garapen ekonomikoko figura edo pertsona horiek ez dira gutxi. Oligarkiak kopuru txiki bat esan nahi du, eta hemen enpresa-kapitain kopuru handia zegoen, baita kanpoko jendea ere, nola ziren Francisco Martínez de Rodas hueskarra, Romualdo Arellano nafarra, edo Estanislao Urquijo arabarra, eta baita atzerritar batzuk ere, Uhagóndarrak; talde horrek merkatariak, industrialariak, bankariak, negozio-gizonak eta politikariak biltzen zituen bere baitan:

—  horietako asko Bilbora iritsitako baserritarrak ziren: bazituzten, jakina, zenbait ondasun  (labore-lurrak, mahastiak, etxeak eta tresnak, azienda, kredituak eta bestelakoak), baina euren lanarekin eraiki zuten beren etorkizuna; esaterako, Federico Echevarría;

—  beste batzuk, berriz, itsas pilotu trebeak ziren, Indietako zamaketari edo kontsignatario bihurtuak gero;

—  edo gizarte maila erosoko merkatariak, elite burgeseko dirudun bihurtuko zirenak, grande bourgeoisie des affaires delakoa; haien balio-zorroa orekatuta egoten zen babes-inbertsioaren eta enpresa-bide berriak urratzearen artean;

—  meatze lurretan jaio eta meategiak eta haien etekinak ustiatzen jakin zutenak;

—  Madrileko elitean sartu zen talde soziala halaber jatorri apaletik etorrita. Bidea beren kabuz urratutako burgesak ziren, zeinek, oinarri hauskor batetik abiaturik, lortu baitzuten maila ekonomiko ona, beren garaikideen aitortza eta, batzuetan, noblezia-titulu bat.

Ia guztiak bat etorri ziren beren merkataritza edo enpresa jardueretatik eratorritako soberakinak erabiltzeko orduan; alegia, lehenik, seme-alabei goi-mailako ikasketak eman zizkieten, eta, bigarrenik, burdinbideen akziodun egin ziren eta hiri-ondasunak erosi zituzten. Hau da, Bilboko Zabalgunearen aldeko apustua egin zuten.

Metalurgiaren kondeak

Siderurgiaren edo metalurgiaren oligarkia esapidea, arestian esan dugun bezala, Miguel de Unamuno filosofoak sortu zuen XIX. mendeko Bilboz ari zela, Bilboko ibaiaren eta bertako jendearen eraldaketa fisikoak nabarmentzeko. Honela idatzi zuen Unamunok: “Ibaizabal ibaiaren bi bazterretan tximinia ketsuak altxatzen ikusi ditugunok, hain zuzen P. Henaoren garaian haritzak hazten ziren leku beretan […].

Bilbo merkatari hura, merkataritzako langelak, artekariak, dendariak zituen Bilbo, liberala zen eta maila ertaineko burgesia txikia zuen. Fabriketako Bilbok, Bilbo industrialak, metalurgiaren konde berrien plutokraziarekin, langileen agitazioa, sozialismo proletarioa, ekarri zituen, eta une batez bazirudien liberalismo zibiko zahar eta noblea arriskuan zegoela”. Halaxe idatzi zuen “Del Bilbao mercantil al industrial” izenburutzat duen artikulu batean, El Liberal egunkariko lehenengo orrialdean (1924ko urtarrilaren 1ean). Urte batzuk lehenago, 1895ean, Unamunok idatzi zuen aristokraziaren eta burgesiaren arteko borroka zela Bilboren borroka garaikidearen ardatza, edo, haren hitz literarioetan esanda, “jauntxo feudal zaharren eta konkistatzaile moderno basatien arteko gerra”[1].

“Metalurgiaren kondeen” topiko hori gure egunetaraino errepikatzen da. Adibidez, Maria Jesús Cavak honakoa dio “Nobles vizcaínos. La modernidad y los condes metalúrgicos” (Bilbao aldizkarian, 2018ko apirila) artikuluan: “Kontua hau da, Raymond Carr britainiar historialaria parafraseatuz: ‘1900etik aurrera Espainiako benetako aberatsak, salbuespen gutxirekin, euskaldunak ziren’. Eta ia den-denak Neguri klanekoak ziren. Epika industrialetik harago, haren inpaktu sozialak zerbait seinalatzea eskatzen du: elite familiarrek eta euskal garapen ekonomikoarekin izan zituzten loturek bidea ematen dutela haiek jarduten zuteneko kultura ekonomikoaz gogoeta egiteko”.

Ez da guztiz egia: lehenik, Berrezarkuntzaren garaian meritokrazia enpresarialari lotutako nobletzea ez zelako izan Isabel II.aren aurretikakoa baino handiagoa; eta, bigarrenik, metalurgiaren konde horiek ez zirelako oraindik Negurikoak; Neguri auzo gisa ez zen oraindik existitzen. Elite horiek Alde Zaharretik, Posta kaletik, Epalza kaletik zetozen; eta are batzuk Bizkaiko Jaurerriko elizateetatik edo hiribilduetatik,  eta industrializazioaren aurretik dirutu ziren.

Luis Castells eta Antonio Rivera historialariek “Notables e intrusos. Elites y poder en el País Vasco (1876–1923)” saiakera bikainean Unamunoren testu hori erabili zuten, baita Blasco Ibáñezen beste testu bat ere, haren 1904ko El intruso nobelakoa, ohar hau egiteko: “Bilbotar idazleak debate historiografiko bat aurreratzen zuen, gaur egun zeharo indarrean dagoena, Antzinako Erregimenetik gizarte liberal burgeserako igarotzearen arauei buruz eta gertatu ziren segidei eta aldaketei buruz. Eztabaida horretan, elite tradizionalek jokatutako rola da gai nagusietako bat, bai eta elite horiek garapen ekonomikoaren harian sortuz joan ziren talde berri eta gorantz zetozenekin izan zuten erlazioa, eta talde horien artean izan zen sinbiosia edo talka”. Aurrerago hau diote: “debate horretan sartzeko balioko digu, zeinari aurre egingo bazaio, onartu beharko baitira hala haren konplexutasuna nola formula sinple eta arketipikoei ihes egingo dieten ñabardurak sartzeko premia”. Nire saiakera honek elementu berriak ekarri nahi dizkio enpresari berrien eta Bilbok askoz lehenago izan zuen garapenaren mataza konplexu eta korapilatsu horri.

Izan ere, lehenik eta behin, Bilboko metalurgiaren konde edo, gero, Neguriko oligarkia deitu izan dena akats historikoa da, baita aurreiritzia ere, ez baitzen oligarkia izan: Bilbo merkatari eta enpresari sare zabalari esker altxatu zen, gaztelerazko liburukiko Addenda edo eranskinean egiazta daitekeen bezala. Bigarrenik, haietako asko ezerezetik zetozen. Hirugarrenik, haien anbizioa ez zegoen noblezia-tituluak lortzeko nahiarekin lotua. Noblezia-titulu gehiago zegoen Bizkaian Borboitarren Berrezarkuntzaren aurretik ondoren baino[2], eta gogora dezagun enpresa-kapitain horietako batzuek uko egin ziotela ezein titulu motari; eta hori guztia Neguri auzo gisa existitu baino lehen.

Azken horretatik has gaitezen. Neguri neologismo bat da[3], Resurreccion Maria Azkuek Sociedad de Terrenos de Neguri elkartearen enkarguz proposatua; elkarte hori 1904an sortu zen, eta Aiboako otadietako lur asko erosi zituen, Desamortizazio garaian salgai jarritako lur komunalak baitziren[4]. XX. mendearen hasieran, bilbotar burgesia jakin batek Getxo aukeratu zuen bizilekutzat (Solturatarrek eta Isasitarrek jadanik egina zuten bezala) eta etxe berriak eraikitzen hasi ziren Areeetako kaian, Zugatzarten, Aiboa izeneko otadi-mendian eta Arriluzeko muinoan, Atxekolandeta izenekoan. Negurin, aitzitik, ez ziren eraikitzen hasiko Algortako kontrakaia bukatu zen arte, 1902–03an, eta leku hark ez zuen goraldirik izan Lehen Mundu Gerra ondoren arte.

Getxoko hilerria bera da dokumenturik onena[5], hango pabiloi bikainekin: Gáldiz Hormaecheatarrena, 1909koa, Aurelio Artetak Mario Camiñaren arkitekturarekin egina[6], edo Echevarrietatarrena eta De la Sotatarrena, Paco Durriok eta Ricardo Bastida arkitektoak egina, 1925ekoa[7]. Baina XIX. mendeko Bilboko lurperatzeak Derion egin ziren, Vista Alegren[8].

Bestalde, bilbotar aberats asko ezerezetik sortu ziren: Cosme Echevarrieta, Francisco Martínez de Rodas, Federico Echevarría, Aresti anaiak, Gandariastarrak, edo Estanislao de Urquijo bera. Beste batzuk, berriz, meategidun lurrak zeuzkaten familietatik zetozen, baina ez ziren hasieratik aberatsak; Ybarratar guztiak, adibidez. Beste batzuk merkatarien seme-alabak ziren, hala nola Aguirretarrak, Costetarrak, edo dendari gisa Bilbon bizilekua hartu zuten hainbat atzerritar (Amann, Rochelt, etab.), edo funtzionarioen seme-alabak, medikuak, etab. (Larrínaga, Areilza…).

Merkatari, kontsignatario edo enpresari gailen bilakatutako bilbotar horietako asko inguruko herrietatik zetozen: Chávarritarrak, meategiak zituzten arren, Gueñesko nekazarien bilobak ziren; José Antonio de Ybarra y de los Santos, berriz, Muskizkoa zen, Somorrostro haranekoa; Olabarritarrak, Zallokoak; Gómez de la Torretarrak, Gorozikakoak; Máximo Aguirre, Galdakaokoa, etab. Gutxi ziren jaiotzaz aberatsak, eta ia beti ahaide nagusien seme-alabak izaten ziren edo Indietatik  diruz josiak itzuli zirenak, baina, aldi berean, baserritar familietakoak zirenak, baserritar edo petxero ez izateko emigratu behar izan zutenak.

Noblezia-tituluak

Uste dut aipatu dudala “metalurgiaren konde” horiek noblezia-tituluen anbizioa zutela esaten denean egiten den hutsegitea. Badaude bi alderdi argi eta garbi bereizi beharrekoak: bata da organo politikoetan boterea izan nahia; bestea, oso desberdina, tituluak eduki nahia da. Lehenengoa egia da; bigarrena, ez.

Aberats berriek, negoziotan gailendu ziren merkatariek, aginte-organoetan parte hartu nahi zuten, dela hiriko udalean dela Bizkaiko Batzarretan, ez hainbeste aitorpen sozial gisa, politika egiteko baizik, baina ez alderdi politika, ideien politika baizik, beren enpresen hedapena errazteko, eta, hartara, Bilboren hedapena.

Baina noblezia-tituluei dagokienez, baldin eta Bizkaiko herritarrenekin konparatzen baditugu, izan bizilekua Bilbon edo izan Madrilen, XIX. mendean gutxi izan ziren noblezia-tituluak lortu zituztenak, eta seik gutxienez —arestian esan dudan bezala— uko egin zieten.

Felipe III.aren garaitik, 1599tik, 1874ko Borboitarren Berrezarkuntza baino lehen arte, 56 izan ziren, gutxi gorabehera, mota desberdineko bizkaitarrei emandako noblezia-tituluak, horietako batzuk Bilbon etxea zuten edo Bizkaian bizi ziren enpresari berriei emanak[9]; Berrezarkuntzatik 1931n monarkia desegin zen arte, berriz, 34 laguni eman zitzaizkien tituluak[10]. Ez dira hamarrera iristen Francok bizkaitarrentzat sortu zituenak.

Berrezarkuntzaren aurretik emandako markesgoak edo kondetzak jende mota honi eman zitzaizkien:

—  militarrak edo fragata-kapitainak (Solano, Eguia);

—  ministroak edo Madrilgo funtzionarioak (Arizcun, Horcasitas, de la Cuadra, Allendesalazar);

—  “Indietako Karrera” egin zutenak (Urrutia, Palacio, Lanzagorta, Velasco-Superunda, etc.), alegia, jendeak indiano deitu zituenak;

—  edo Indietako jardunari lotutako negozioak zituztenak (Murúa Sevillan, Ustáriz Jerez de la Fronteran, etab.).

Aipatzea merezi du ezen bizkaitar noble horien hainbat ondorengo erlazionatuta egon zirela hala historiarekin nola arteekin. Adibidez, Sebastián de la Cuadra (Muskiz, 1687–Madril, 1766) San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako sortzailekidea izan zen; Barrenecheatarrak, Solanotarrak eta Adán de Yarzatarrak Goyak erretratatu zituen, eta haietako bat Bilboko lehenengo antzokiaren sustatzailea izan zen (Coliseo, 1799an); Francisco Rafael Uhagón Historiako Errege Akademiaren lehendakaria izan zen; Ángel Allendesalazar, berriz, Madrileko Unibertsitateko Geografia eta Historiako katedraduna izan zen, baita bibliofiloa ere; eta Juan Allendesalazar eruditu handiak funts guztiak Prado Museoari eman zizkion gerora[11].

Alde kualitatiboa dago “metalurgiaren konde” horien eta aldez aurreko merkatari belaunaldien noblezia bilaketaren artean, edo Bizkaiko Jaurerriko ahaide nagusien familietakoak ziren estatu-zerbitzarienaren artean[12]. XVIII. mendearen amaieran, Gorteko bizkaitar horiek guztiak ez ziren asebete kaparetasunaren mailarekin, aitzitik noblezia-tituluak eskuratzen saiatu ziren, batik bat erosketaren bitartez (zuzenean beste konde batzuei erosiz edo Erresumaren mesedeari esker, ordainduz) edo ezkontza-harremanen bitartez. Cádizeko eta Madrilgo merkatari nafar eta euskaldun askok titulu horiek eskuratu zituzten, eta, aldi berean, oinetxeak erosi zituzten beren jaioterrietan, batzuetan baita aldez aurretik beren familienak izandakoak ere, eta lotura eta maiorazko berriak sortu zituzten. XIX. mendeko Bizkaian Antzinako Erregimena lurperatuta geratu zen eta tituluak apaingarriak edo errege laztanak ziren soil-soilik.

Gogora dezagun maiorazkoaren sistemak armadan, gerrako itsas armadan edo ordena erlijiosoetan bizimodua bilatzera behartu zituela bigarrenak eta gainontzeko anai-arrebak, bizkaitar kapareak baitziren. Itsas armadak prestakuntza osoagoa zekarren, zientifikoagoa alegia, nabigatzeak jakintza gehiago eskatzen baitzuen. Itsas armada garai berrietara egokituago zegoen, eta han mutil gazteek munduaren ikuspegi globalagoa berenganatzen zuten, itsasoak, merkataritzak bezala, adimenak irekitzen eta aukerak zabaltzen baitzituen. Hori izango da Alcalá-Galianotarren edo Mazarredoren kasua. Azken batean, maiorazkoaren sistema horrek euskaldun askotxo bultzatu zituen hala armadetara, nola koroaren ministerioetara, magistraturara eta goi mailako funtzionariotzara. XIX. mendearen hasieran leinu euskaldun asko zeuden estatuaren engranajean Madrilen, Julio Muñoz Rodríguezek “zerbitzuko noblezia” gisa definitutako horretan[13]. Noblezia euskaldun horrek, frantsestuagoa berez, bultzada handia izan zuen Borboitarrak etorri zirenean. Batzuetan, gainera, foruen kontrako gertatu zen, eta aldatu egin behar izan ziren euskal toponimoen gainean emandako tituluei esleitutako izenak (Rocaverde, Monterrón, del Socorro, del Real Aprecio, Superunda, etab.).

Goi mailako funtzionarioak aipatu ditut, hala nola Joaquín Ignacio de Barrenechea (1681–1753), Begoñako elizatean jaioa[14], gurasoak Bilboko merkatariak zituena eta Quiton egona, hango gobernadorea baitzuen osaba. Militarra izan zen eta diplomazialaria gero, eta Ogasuneko kontseilari izatera iritsi zen 1720an. Felipe V.ak Portuko markes tituluarekin saritu zizkion 1741ean bere zerbitzu etengabeak. Haren hiru seme-alaba ere markesak izan ziren: de la Solanako markesa eta Portuko markesa, Puente Fuerteko markesa, eta Pesadillako markesa.

Ahaide nagusi batzuk tituluak jaso zituzten baita gure mugetatik kanpo ere: adibidez, Sarachagatarrak[15], jatorria Gueñesen dutenak, non baitago Sarachaga jauregia (La Quadra Salcedoko jauregia , edo Arrieta-Mascarúa). Jorge de Sarachaga (1810–1843) Catalina Lobanoff de Rostoff printzesarekin ezkondu zen, zeina Errusiako enperatrizaren ganberaria baitzen. Haren alaba, Esperanza de Sarachaga Lobanoff (1839–1918), Luis II. Bavariakoaren zale amorratua, Friedrich Truchsess von Wetzhausen kondearekin ezkondu zen 1862an; eta haren seme Alejo (1840–1918), Bilbon jaioa, Sarachagoffeko baroi izendatu zuten 1862an, Alejandro III.a Errusiako Tsarak emandako titulua, alegia. Haren iloba Maria, anaia Marianoren alaba, Franz Freiherr Neubronn von Eisenburg baroiarekin ezkondu zen 1871n. Beste iloba txiki bat, Gloria de Sarachaga Arribalzaga del Río (Bilbo, 1878–Bilbo, 1952) Maurice Greindl (1886–1937) Greindleko kondearekin ezkondu zen 1902an. Beste Sarachagatar batzuk Txilera eta Argentinara joan ziren, eta independentisten ahaideekin ezkondu ziren, Belgrano jeneralarenekin, adibidez, eta beste batzuk, berriz, Mexikora; azken horiek dute gaur egun leinua.

Goi mailako funtzionario horiek asko lagunduko zieten aberats berri indianoei beren leinu-liburuak lortzen, baina ez zen izan, Madrilen edo beste leku batzuetan bezala, nobletze sisteman sartzeko anbiziorik, hau da, diru eta titulu salerosketa  horretan. Goi mailako funtzionario horiek efikazagoak izango ziren Desamortizazioaren garaian, kapitala (errentena edo Indietako trafikoarena) zeukaten beste euskaldun batzuekin elkarlanean aritu baitziren elizako lurrak eta jabegoak erosten, ez ordea noblezia-tituluak erosten.

XIX. mendeko Bilbon noblezia-kategorien zamak, indarrean jarraitzen bazuen ere, ez zuen inolako traszendentziarik. Ia inork ez zuen pentsatzen hura bezalako garai batean titulu bat izatea benetako aldea zenik titulurik ez zuenarekiko. Ángel Bahamondek ondo aztertu du ondasunen berrantolamendua garai horretan. Haren ondorioek ideia batera garamatzate, alegia ezin zitekeela hitz egin Berrezarkuntzan noblezia-izendatze prozesu sinple bat zegoenik, “Erregimen Zaharreko eliteak, etenik gabe, errepikatuko zituena”[16].

Bazeuden “noble” sortu berri batzuk —Mudela, Murrieta edo Luzarraga etxea alde batera utzita—, teorian Goi Ibaizabal eskualdekoak zirenak, Arabako probintzian (Amurrion, Laudion, edo Murgan jaioak[17], baina Bilbora joaten zirenak, Gasteizera baino gehiago, haien artean Estanislao de Urquijo, Andrés Isasi edo Juan de Urrutia[18].

Tituluen ukoa

Hala eta guztiz ere, Bilboko aberats berri horien artean bazeuden sei lagun noblezia-tituluari uko egin ziotenak, soil-soilik kontu hura herritar ilustratuen beren izaerarekin bat ez zetorrelako, nahiz batzuk monarkikoak ere izan. Alderdi monarkikoko eta politikari kontserbadore horiek José María Martínez de las Rivas, Juan Tomás Gandarias eta Víctor Chávarri ziren. Hor zegoen Federico Echevarría Rotaeche ere bai, zeina latorrigile baten semea baitzen eta ijezketaren industrialari handi bihurtu baitzen; liberalei atxikia zegoen, eta uko egin zion Castresanako markesgoari. Eta handik urte batzuetara gauza bera egin zuten Horacio Echevarrieta errepublikanoak eta Ramón de la Sota nazionalistak[19]. Seiak oso atxikita zeuden Alfonso XIII.a erregeari, bereziki itsasoari eta estropadei zien maitasunagatik.

Martínez de la Rivasek, 1891. urteaz gero diputatua zenak, esan zuen familian titulu bat edukita —haren osaba Francisco Mudelako markesa zen 1867. urteaz gero— ez zela gehiago behar. Víctor Chávarrik, 1866. urteaz gero diputatua zenak, erantzun zuen jendeak on Víctor gisa ezagutzen zuela dagoeneko eta ez zuela beste merezimendurik behar; hala ere, haren anaia Benignok eta haren seme Víctorek Chávarriko eta Trianoko markes tituluak onartu zituzten handik urte batzuetara. Juan Tomás Gandarias Arrazuako errementari baten biloba zen eta Batasun Liberaleko sortzezko kidea, eta hark ere uko egin zion tituluari. Gandarias Indalecio Prieto sozialistaren adiskidea izan zen, zeina bere enplegatua izan baitzen. Prietok espetxeratua izatetik salbatu zuen Gandarias Gerra Zibilean. Gero, XX. mendean sarturik, Gabriel María Ybarra de la Revillak, Ybarra familia industrial eragin handiko eta aberatseko kideak —1910ean, El Pueblo Vasco egunkaria sortu zuen familia— uko egin zion baita ere markesgoari[20].

Haien aurretik ez dugu beste titulu ukoen berririk. 1879an Luciano Urízarek[21], zeina baitzen merkataria eta enpresaria, baina baita ere Gernikan sustraitutako landa nobleziako kidea eta Bizkaiko probintziako diputatua, uko egin zion Isabel Katolikoaren Ordenako Enkomienda Osoari, nahiz eman egin zitzaion, “ez zetorrelako bat korporazio tradizionalak ordezkatuz Bizkaiari inposatutako antolamendu administratibo berriarekin”. Eta ia mende bat lehenago, 1799an, José Ramón de Urrutia kapitain jeneralak[22], zeina Zallan jaioa baitzen, uko egin zion Carlos IV.ari “Gaztelako titulu bat eta Espaniako Handigoa beraren eta bere ondorengoen aintza osorako”.

Hala, aitzitik, mota honetako zama astun akritikoak jasotzen dira gaur egungo historiografian: “Gizabanako horiek berak eta haien oinordekoak izan ziren XX. mendearen lehenengo laurdeneko ekimen handien protagonistak, eta haiek taxutu zuten, hamarkada askoan zehar, euskal egitura enpresariala. Oligarkia hark aberastasunak eta boterea izan zituen, baina ez bakarrik diruak ematen zien boterea, botere politikoa baita ere, erakundeen lehendakaritzen jabe egin baitziren: Aldundia, udalak, Merkataritza Ganbera, Portuko Lan Batzordea, etab. Baina horrekin ere ez ziren konformatu eta nahi izan zuten ‘Espainiako Handien klubekoak’ izan, eta, hartara, noblezia-tituluak erosi zituzten markesgoen edota kondetzen tankeran, eta huraxe izan zen Urquijoko markesen kasua, Trianoko markesarena (Chávarritarrentzat), Zubiríako kondearena, Cadaguako kondearena, etab. eta haiek eratu zuten ‘bilbotar monarkismo’ gisa ezagutu zena […] Enpresari saga horretako beteranoen artean nabarmendu behar dira, lehenik, Ybarra taldea; eta ‘etorri berriak’ diren baina merkataritzako jardueran halakoxe tradizio bat dutenen artean, berriz, aipa daitezke Martínez Rivas, Chávarri, De la Sota, Aznar eta Echevarrieta bezalako jendeak altxatu zituzten konglomeratu industrialak”[23].

Bi hutsegite garbi daude testu horretan: Urquijoko markes titulua 1871koa da, hau da, Berrezarkuntza eta aipatzen dituen beste guztiak baino lehenagokoa, XX. mendekoak direnez, eta “etorri berritzat” kalifikatzen ditu Martínez Rivas edo Chávarri, nahiz lehenengo bi enpresa-kapitainak ziren, atzerrian goi-mailako ikasketak eginak eta Ybarratarrak bezain zaharrak. Baina horrelako analisi motek duten okerrena oinarritzat dauzkaten aurreiritziak dira (jende zapaltzaile eta tituluen anbizioz joak), ahazturik hiru monarkiko garrantzitsuk uko egiten ziotela tituluari, Sotaren eta Echevarrietaren ukoez gainera, eta haiek guztiek sortu zutela Bilbo indartsu, moderno, ahaldun eta mundura ireki bat , non asko jaio baikara, eta ikasi eta lan egin baitugu. Eta etorriko ziren belaunaldien onerako beste batzuek sortu zutenari esker eman zaizkigu guri aukerak. Eta guztiek diot: monarkikoak, errepublikanoak eta nazionalistak.

Horregatik, gure pintoreak Parisera, Liejara edo Bruselara zihoazenean, Martínez de las Rivas-Chávarri anaiak arestian aipatutako bikoteak egindakoari ekiten ari zitzaizkion jadanik; “enpresa-kapitain” itzelak ziren biak, eta haietako inor ez zen “siderurgiako kondea”, baina ez ziren bakarrak. Haiengandik ez urrun zeuden Ybarratarrak, Olabarritarrak, Gandariastarrak, Zubiríatarrak… historiografia jakin batek oligarkia izendatuko dituenak. Historiografia hori ahazten ari da ezen, une horretan, mende bukaera baino lehenago, Francisco de las Rivas eta Estanislao Urquijo direla pertsonarik aberatsenak, zeinek Madrildik baitzeramatzen beren negozioak, eta ahazten ari zaio, baita ere, badaudela beste batzuk barnerakoiagoak, baina haien pareko aberastasuna pilatuta daukatenak, hala nola Cosme Echevarrieta edo Gurtubayren semeak.

Bide berriak urratzen ari ziren baita ere ontzi onak eta negozio onak egiten haien ordezko izango ziren bi pertsona: Ramón de la Sota eta Horacio Echevarrieta. Bestalde, antzinako ahaide nagusiak, lotan egon ez zirenak, nola diren Lezama Leguizamóntarrak, Zabálburutarrak, edo Juan Echevarría la Llana, presente egon ziren inbertsio indartsu eta zuzenekin zabaldutako lerro guztietan. Indianoak ere ez ziren beren kontuetan oharkabetu, ez Epalzatarrak, ezta Murrietatarrak eta Murgatarrak ere, eta izugarri aberatsak izaten jarraitu zuten; beste batzuk, berriz, diskretuagoak ziren, adibidez, Careagatarrak, batik bat Enrique britisha, belaontzietan nabigatzeari emana, eta Alfonso XIII.aren finantza aholkularia izango zena; ez ziren ezta ere beren inbertsioez arduragabetu ez Aresti anaiak, ez Arteche anaiak, ez Eguillor anaiak; eta, gainera, bazegoen beste jende mota bat bere bizitza partikularrari eta arteari emana, beren etxeetako isiltasunean eta Burtsan milioiak egiten, hala nola, Antonio Plasencia (“Rosales” izango zen Getxoko eraikinik onena eta diskretuena), Andrés Isasi edo Soltura Longatarrak; edo beste batzuk, hala nola, Aznartarrak, Larrínagatarrak, Costetarrak, Arellanotarrak edo Aguirretarrak. Ez gara ari, beraz, zortzi edo hamar izeneko oligarkia batez, hogeita hamarretik gorako familia sare zabal batez baizik, guzti-guztiak milioi askoko inbertsioak zeuzkatenak, eta Zazpikaleetatik edo Ibaizabalen ertzetatik etorriak.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. La Lucha de Clases egunkarian, 1895eko azaroaren 9an. El bochito agerkarian jasoa (azken berrargitalpena: 1998), 208. or. [itzuli]
  2. Ikus gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Títulos”. [itzuli]
  3. Neguri hitza euskaratik dagorren neologismo bat da: neguko uria. Neologismoak euskal oligarkia izendatzeko balio izan du Gerra Zibilaz geroztik: “Neguri esatea batik bat euskal oligarkia esatea bezainbatekoa zen. Neguri esateak aipamen geografikoa, lokalista, saihesten du, sektore sozial bat bere gustuetan, bere sentimenduetan eta bere ohituretan adieraztea bezainbatekoa da. Salbuespenak salbuespen”. Gregorio Morán, Los españoles que dejaron de serlo, Editorial Planeta, Bartzelona, 1982. [itzuli]
  4. Ikus Pablo Díaz Morlánen saiakera, “La evolución de la oligarquía vizcaína, 1872–1936. Un intento de interpretación y síntesis”, Ekonomiaz, 54. zk., 3. lauhilekoa, 2003. [itzuli]
  5. “Nuestra Señora del Carmen hilerria”, Bostgarrena deitzen den lekuan, 1908ko udaberrian inauguratu zen. [itzuli]
  6. Camiñak, hala ere, Bilboko Vista Alegre hilerrian egin zituen bere familiaren eta Chávarri familiaren kaperak. [itzuli]
  7. Echevarrieta Kriptaz, badaude Getxoko Udal Artxiboan hartarako eginiko plano batzuen kopiak, Ricardo Bastidak 1925ean sinatuak. [itzuli]
  8. José Mª Gutiérrez Landaburu eta Jesús Muñiz Petralanda, “El arte funerario entre la tradición y la vanguardia: el cementerio de Nuestra Señora del Carmen de Getxo”, Ondare, 23, 2004, 411–26. or. [itzuli]
  9. Baldin eta Berrezarkuntza aurreko azken lauzpabost tituluei begiratzen badiegu (pertsona berak bi jaso baitzituen), lau euskaldunak dira, bi baserritarren semeak eta bi indianoenak; denek negozioak egin zituzten Madrilen eta ardoan interesa zuten, eta bik horretan jardungo zuten, bodegak sortuz. Isasik Barambio koñaka sortu zuen, Murrietak, berriz, bodegak Errioxan; Urquijok dirua utzi zuen testamentuan Ostiral Santuan nekazaritzako eta abeltzantzako feria bat egiteko Laudion, eta Murga ezaguna zen Madrilgo Linares jauregian frantses ardoarekin egiten zituen festengatik. [itzuli]
  10. Espainiako Isabel II.a, (Madril, 1830–Paris, 1904) “la de los Tristes Destinos” (Patu Tristeduna) edo “la Reina Castiza” (Erregina peto-petoa) izenez ere ezaguna, eta Espainiako erregina izan zen 1833 eta 1868 bitartean. 1868ko Iraultza (La Gloriosa gisa ezaguna) aldarrikatu zenean, Espainiatik alde egin zuen, Donostian trena harturik, han baitzegoen uda pasa. Isabel II.a Frantzian erbesteratu zen, eta han Napoleon III.aren eta Eugenia de Montijoren babesa izan zuen; Parisko Castilla Jauregian hartu zuen bizilekua 1904an hil zen arte, tartean ikusi zituelarik igarotzen Amadeo I.aren erregealdia, Lehenengo Errepublika, Alfonso II.a bere semearen erregealdia eta heriotza (agintaldia: 1874–85), bere errain María Cristina Habsburgo-Lorenakoaren erreinaldia, eta bere biloba Alfonso XIII.aren erregealdi pertsonalaren hasiera. [itzuli]
  11. Juan Allendesalazar Zaragoza (1882–1938); Allgemeines Lexikon der Bildenden Künstler (artisten hiztegi unibertsala) liburuaren 1929ko argitalpenean berak idatzi zituen XIX. mendea baino lehenagoko artista espainiarrei zegozkien artikuluak eta Espainiari zegozkion beste biografia guztiak ere berraztertu zituen. [itzuli]
  12. “Aipatu beharra dago Alachako kondetza eman zenetik (Espainiako titulurik zaharrenetakoa da, 1466koa XVIII. mendearen hasierara arte 40 noblezia-titulu eskas eman zitzaizkiela euskal herritarrei. 32 abizen euskaldunek jaso zituzten. Epe berean, 170 noblezia-titulu “andaluziar” eman zituzten. Bizkaian are nabarmenagoa izan zen, dozena bat eskas bizkaitarrek jaso baitzuten noblezia-titulurik XVIII. mendera arte”, Guillermo Gortazaren saiakera bikaineko 67–68. or. Gortazarek dio orri berean Mazarredotarrek ez zutela maiorazkorik: “Hala ere, Mazarredotarrak ez ziren ahaide nagusi familia bat, eta, gainera, baldintzatu egin zituen Gómez de la Torretarrekiko ezkontzak; izan ere, esandako legez, Bilboko merkatari nagusiak izan ziren XVIII. mendean, eta jatorri kaparekoak ziren. Baina bai izan zuten Lorenza Antonia de Salazar Muñatones anderearen aldetik, hari bai egokitu baizitzaizkion goiko maiorazkoak. Lorenza andrea Cosme de Mazarredo Arbulo jaunarekin ezkondu zen, Calatravako Ordenako zalduna, eta ezkontza horri esker igaro zen Somorrostroko San Martin dorretxea Mazarredotarren eskura; hortik dator egun erabiltzen den Salazar-Mazarredo dorretxearen izena”. Hemen: Carlos de la Plaza y Salazar, Por Bilbao! Brindis, Bilbo, 1900. [itzuli]
  13. Julio D. Muñoz Rodríguez, “Tantas cortes como ciudades, negociación, beneficio y lealtad en la Corona de Castilla (1667–1714)”, Entre Clío y Casandra. Poder y sociedad en la Monarquía hispánica durante la Edad Moderna, Murtziako Unibertsitatea, Murtzia, 2005, 290–91. or.
  14. Joaquín Ignacio de Barrenechea (Bilbo, 1681–Haga, 1753) 1707an ezkondu zen Santiago elizan Juana Novia de Salcedo y del Barcorekin. Ezkontza horretatik seme-alaba hauek jaio ziren: José Fernando, Isabel Farnesiokoa erreginaren Asteko Maiordomoa, Solanako markesa eta ondorengoa Portuko markesgoan; Pablo, Puente Fuerteko markesa, erregearen agentea atzerrian enbaxadore gisa Danimarkan (1746), Suedian (1753) eta Holandan (1761), eta Teresa, Joaquín de la Garma Novia de Salcedo, Pesadillako markesarekin ezkondu zena. [itzuli]
  15. Sarachagatarrek Zubialdea jauregia (zubiaren ondoan), edo Gueñes dorrea, Bilboko hiribildua sortu baino lehenago eraiki zuten, eta Sarachaga edo Bilbo Zaharra izenekin izendatu zituzten beren buruak lehenagokoak zirela garbi gera zedin. Gero Zubialdea dorrea eraiki zuten, Artekale eta Erribera kaleen izkinan (1866ko ekainaren 10ean eraitsia), zeinak hiru armarri baitzeuzkan fatxadan: erdikoa handiagoa, Espainiako armarriekin, eta bi txiki alboetan, Bizkaiko eta Bilboko armarriekin, bi idazkun etzan zeuzkatela ondoan, errege-erregina han egon izana oroitarazten zutenak. [itzuli]
  16. José Miguel Hernández Barral, Grandes de España: distinción y cambio social, 1914–1931. Madril, 2012, 12. or.: “Isabel II.aren erreinaldian 411 titulu eman zituzten; Amadeo Savoiakoaren eta Berrezarkuntzaren artean kopurua 289koa izan zen. Alfontso XIII.aren erregealdian 228 izan ziren emandako tituluak, eta horiei birgaitutako beste 322 gehitu behar zaizkie. 1931n 2.176 titulu bazeuden indarrean, argi dago noblezia azken mendeko kontua zela Espainiako Historiako beste garai batzuetakoa bezainbeste”, 14. or. Moreno de Guerraren arabera, bere Guía de la Grandeza liburuan adierazten duenez, 1925ean 361 Handigo zeuden 266 pertsona desberdinentzat. [itzuli]
  17. Aialako harana, Amurrio eta Laudio bereziki, oso konektatuta egon zen beti Bilboko hiribilduarekin; azken batean Urduña hiriarekiko lotura baita, Bizkaiko barne-portuarekikoa, alegia; Bizkairako joera duen kokaleku geografikoa, beraz. Gainera, Altube ibaiko urek Ibaizabalekin bat egiten dute Aretan. Bertan elkartzen dira, orobat, Gasteiztik datozen bideak, Baranbiotik eta Orozkotik iraganez, eta Urduñatik datorrena. Kokaleku pribilegiatu horri esker, Aretan jarri zuten Bilboren eta Urduñaren artean hasieran ezarri ziren lau tren geltokietatik bat; Laudiok, aldiz, geraleku bat izan zuen. Aretako geltokia 1863ko martxoaren 1ean inauguratu zen, Tuteratik Bilborako burdinbideko—1857an sortua— Bilbo-Urduña tartea zabaldu zenean. Alkoholen eta pattarren industrialari askori, hala izan ziren nire aitonak, Bilboko hiribilduan sartuta zeudenez jadanik olioaren, ardoaren eta likoreen merkataritzan, gertaera horrek lur zaharrak berreskurarazi zizkien fabrika berriak sortzeko, eta Orozkoko bizilagun bati, José Arrue pintoreari, enkargatu zitzaizkion merkaturatzeko etiketak. [itzuli]
  18. Adibidez: Estanislao de Urquijo Landaluce, 1816an Murgan jaioa, edo Juan Urrutia Zulueta, 1866an Urduñan jaioa, baina Amurrion hazia. Haietako asko Bilbon bizi ziren edo etxea zeukaten hiribilduan amaren aldetik, adibidez: Estanislao de Urquijo, iloba txikia (eta Urquijoko III. markesa) Pilar de Landecho Allendesalazar bilbotarrarekin ezkondu zen, Cábregako VIII. markesarekin, alegia; edo Francisco de Cubas Erice (1868–1937), Fontalbako III. markesa, I. dukea eta Cubaseko II. markesa (azken hori pontifikala), Itsas Klubean balandroan ibili ohi zena, emakume bilbotar baten semea zen, Matilde Ericerena, eta Encarna Urquijorekin ezkondu zen, zeinari Alfonso XIII.ak 1912an Almudenako kondesa titulua eman baitzion. Haietako batzuek, adibidez Juan Urrutiak, Bizkaiko Institutuan ere ikasi zuten; Andrés Isasi, Barambioko markesa, eta Marqués de Barambio koñakaren egilea, arabar udalerri horretan jaio zen. [itzuli]
  19. Nahiz Sotak Llanoko markesa dei ziezaioten uzten zuen, Muskizeko San Julianeko bere arbasoetako baten titulu bat erreibindikatuz. Zehazki, José Agustín Llano de la Cuadra (Muskiz, 1722–Viena, 1794) izan zen Llanoko lehenengo markesa. Diplomazialaria izan zen eta Villarías markesaren iloba, eta Vienan enbaxadore zela hil zen. Haren semea, Fernando Llano y Parreño, Parman (Italia) jaioa, 1843an hil zen, ondorengorik gabe. Haren ahalduna Ramónen aitita izan zen, Félix de la Sota y Llano (1755–1827), Mexikon merkataritza kolonialarekin aberastu zena, eta 1797an itzuli zen Portugaletera. [itzuli]
  20. Haren anaiak, Fernando Ybarrak, Arriluzeko markesgoa onartuko zuen 1918an. [itzuli]
  21. Luciano Urízar Echevarría (1823–1882); ikusi biografia gaztelerazko addenda edo eranskinean. [itzuli]
  22. José Ramón de Urrutia y de las Casas (Zalla, 1739–Madril, 1803); ikusi Jorge Sarachagaren biografia gaztelerako liburukiko addenda edo eranskinean. [itzuli]
  23. Ismael Arnaiz Markaida, “La Ría del Nervión, motor de la Industrialización”, Barakaldo ayer, 1. zk., 2015. urtea. [itzuli]