Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Nautika eskolak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Nautika eskolak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Hezkuntza | Nautika eskola | Hiria | Bilbo | Bizkaia

 

Bilbok 1739. urteaz gero zuen Nautika Eskola, eta 1819. urteaz gero Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola. Bi alorrok, itsasoa eta merkataritza, oso elkartuta egongo ziren hiribilduko herritarren mentalitatean. Nautika Eskola Aldundiaren, Bilboko hiribilduaren eta haren Kontsulatuaren ekimenez sortu zen, 1739ko urriaren 31ko dekretu baten bitartez. Bilboko Kontsulatu Txit Goreneneko Unibertsitate eta Kontratazio Etxeko 1737ko Ordenantzek, itsas pilotuen ofizioari dagokionez, hau zioten 24. kapituluan, 3. zenbakian: “[…] Ezein ere ezingo da aurrerantzean Kapitaintzat, Maisutzat edo Patroitzat hartu, ez badu aurrez sei urtez nabigatu, lau marinel gisa, eta bi pilotu gisa, eta Ontzirik gobernatu aurretik, gerta daiteke ezen marinel bat ari izana Pilotatzearen Artea ikasten eta hartan jarduten, dagokion titulua gabe, Marinelaren titulu soilarekin baizik, eta agintzen zaie, bada, halakoei, Kapitainen eta Pilotuen Agiri bidez egiazta dezaten eraman izana bidaia batzuetan norabideen eguneroko egokia eta zehatza bi urtez, eta guztira sei urtez nabigatu izana [...]”.

Ontziak gidatzeko profesionaltasun tekniko hori zela eta, 1778an Ameriketako Portuekiko Merkataritza Librearen araudia promulgatu zenean, pilotuen premia agertu zen Espainiako portu guztietan, eta Bilbo izan zen haien hornitzaile nagusia. 1783ko Errege Ordenari esker, Pilotuen Zuzendariek eta Itsas Eskoletako Maisuek lehen eta bigarren mailako Pilotin eta Pilotu azterketak egin ziezazkieketen itsas ofizioan eta ontzi gidarienean aritu nahi zutenei. Bilbok indar handia hartu zuen sektore liberalizatu hartan, punta-puntako nautika eskola zuenez. Era berean handik urte batzuetara, Bilboko jende hori Meategien Legeaz, Burdinbidearen Legeaz edo Kostako Aduanen Legeaz baliatuko zen. XVIII. mendearen amaieratik bazegoen halako “europeismo” bat, esan nahi baita hitz horrekin gizarteak modernizazio prozesu bat eskatzen zuela eta legegizonen, ekonomialarien edo ontzi-kapitainen prestakuntza behar zela.

Eskola horretatik hiru pilotu mota ateratzen ziren (belaontziez ari gara, beraz ez zegoen makina-ofizialik): lehenengo mailakoak, bigarren mailakoak eta laguntzaileak edo pilotinak. Kapitaina, maisua edo ontziko patroia esaten zitzaion ontziaren jabe izanik eskaintzen zitzaizkion bidaietan hura agintzen eta gobernatzen zuen pertsonari, edo, jabe izan gabe, kroskoaren eta aparailuaren jabe ziren beste batzuek maisutzat, kapitaintzat edo patroitzat aukeratzen eta izendatzen zutenari, haien izenean goberna eta agindu zezan ontzia, ontzia eta haren aparailua erabiltzeko ahalmenaz, bera jabea balitz bezala. Cosme Echevarrietaren esaldietako bat zen, jadanik enpresari handi bihurtuta zegoenean, ontziko kapitain handi bat ez zela soilik helmugarako norabidea kontrolatzen zuena, bere eskifaiari bere onenak ateratzen zizkiona baizik1. Gero ikusiko dugun bezala, “enpresa kapitain” berri horietako asko eta asko, Echevarrieta bezalakoak, hala nola, Sotatarrak, Martínez Rivastarrak edo Chávarritarrak, laguntzaile fidel eta leialez inguratuta egongo ziren beren bizitzan zehar2.

Bilbokoa ez zen izan gure lurraldeko eskola bakarra; Bilbo inguruan bazeuden beste aukera batzuk: Algortan, Bermeon, Lekeition, Mundakan, Plentzian, Portugaleten edo Santurtzin, adibidez. Haietako asko atzerrira joan eta aberastu zirenek sustatuak ziren, hain zuzen, beren herriak gora egitea nahi zutenek eta beren herritarrei aukera hobeak eman nahi zizkietenek. 1857ko urriaren 13ko data duen gutunean, Cristóbal Murrietak eskatu zion Bizkaiko Jaurerriko Aldundi Nagusiari baimena Santurtzin nautika eskola bat sortzeko eta Madrilgo gobernuaren aurrean bitartekari izan zedila hori lortzeko3. 1862ko urtearen amaieran eskola martxan zegoen jadanik4. José Javier Uribarren bankariak gauza bera egin zuen bere jaioterrian, Lekeition. Esan dezakegun Espainiatik kanpo bizi ziren bizkaitar lau bankari hauek bederen — Murrietatarrak Londresen, Aguirre-Solartetarrak Bordelen eta Parisen, edo Uribarrendarrak eta Abaroatarrak Parisen5— zein bere herriko ongile handiak izan zirela, batez ere hezkuntza eta prestakuntza lanetan (eskolak, ospitaleak, ur ekartzeak, kaiak hobetzea, hilerria hobetzea, etab. eta nautika eskolak), eta ongilea izango zen orobat Laudiorekiko Estanislao Urquijo, Madrilen bizi zena6.

Ofizioaren maila horiek 1890 arte mantendu ziren, orduan ezarri baitziren Merkataritza Onditziko Nabigazioko eta Merkataritza Nabigazioko Pilotua izendapenak7. Bestalde, Bilbo hasia zen lurrun makinak irakasten, eta mende aldaketarako ez zen jadanik apareilu eskolarik ematen; beste eskoletan, berriz, belatik lurrunerako trantsizioa ez zen 1915 arte behin betiko itxiko8.

1924an Primo de Riveraren gobernuak promulgatu zuen ezen nautika eskolak —bai eta Merkataritza Nabigazioari zegozkion irakaskuntza guztiak— Nabigazio eta Itsas Arrantzako Zuzendaritza Nagusian integratuta gera zitezela, eta laura murriztu zituen eskolak: Bilbo, Cadiz, Bartzelona eta Santa Cruz Tenerifekoa9. Bizkaiko diputatuek gobernuarekin izan zuten liskar handi baten ondoren lortu zen, hala ere, Bermeoko, Lekeitioko, Plentziako eta Santurtziko (eta San Telmokoa Sevillan) eskola partikularren baimena. Bizkaiak bost eskola zituen Espainiako bederatzietatik10. Orduan hasi zuen Bilboko Eskola Nautikoak —1739. urteaz geroztik Alde Zaharrean zegoena— bere lekualdaketa Deustura, Bilboko ibaiaren ertzean, Botika Zaharrean, 1925ean, eta orduan izendatu zuten Nautikako Eskola Ofiziala11.

Gogora dezagun baita ere ezen ontzi kapitain horietako asko lehorreko ofizio batean ere ariko zirela: “ontzien artekari interpretazioan” edo “itsas artekaritzan” (ship brokers). Funtsezko zeregina izan zuten merkataritzan eta garraioan, artekaritza bitartekaritza zerbitzu bat baitzen pleitamendu-kontratuetan12 itsasontzietako armadoreen eta zamaketarien eta garraiolarien artean. Espainiako Merkataritza Kodeak, Bilboko Kontsulatuaren Ordenantzei jarraituz, eskatzen zuen lanbide horretan aritzeko karga eta deskarga ezagutzea eta atzerriko bi hizkuntza ere jakitea13. Portura iristen ziren ontzietako kapitainen eta gainkarguen interprete eta laguntzaile aritu behar zuten, eta haiek laguntzen zuten atrakatzeko edo kairatzeko posizioan. Garraioaren merkatuan egiten zuten bitartekaritza lanak itsas negozioan funtsezkoa zen zera ezin baliotsuago bat eman zien: kargamentuei, norakoei eta prezioei buruzko informazioa. 1880ko hamarkadan askok egin zuten salto artekaritzatik ontzidi propioa zuten itsas konpainiak sortzera. Garai hartan Bilbok 22 ontzien artekari interprete zituen14.

Beste pilotu ohi batzuk piloto lemanak izan ziren, hau da, beren zerbitzuak eskaintzen zituztenak (konkurrentzia librean, edo tratuan) ontziak ibaian barrena sartzeko, oso ondo ezagutzen zituztenez ibaiko kalatua eta korronteak; XVIII. mendetik zeuden pilotutza-tarifak15. Pilotu lemanak portuko gidarien aitzindariak ziren. Bazekiten Abrako (adibidez, Portugaleteren mailan dagoen hondar barra beldurgarria) eta ibaiko arriskuak nola saihestu, eta beren ontziekin zetozen kapitainek haien lagunartea bilatzen zuten16.

Laburbilduz, lehenengo nautika eskola 1739an sortu zenetik, Bizkaiko nautika eskolak herritarren ekimenez sortu ziren, eta teknikoki ondo prestatutako merkataritza-itsasgizonak eskaintzea lortu zuten. Haietako batzuek, edo merkataritzarekin aberastutako beste pertsona batzuek, eskola horiek sortu eta iraunarazi zituzten zeinek bere herrian beren herritarren garapenerako eta prestakuntzarako. Eta ontzi kapitain horiek (asko elizatetatik etorriak) Bilboko merkataritza munduan txertatu zuten sen ekintzaile hori, muga zabalagoak bilatzekoa, nahiz Bilbok mende asko zeramatzan itsas nabigazioari atxikia.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Cosme Echevarrietaren esaldia kirolean erabilia ikusi dut gero. Chicagoko Bulls-en entrenatzaileak, Phil Jacksonek, kontatzen du nola behin Jordan bazter batera eraman zuen eta Red Auerbach Celticseko teknikari mitikoaren esaldi ospetsu bat gogorarazi zion: “Izar baten benetako zigilua bere taldekideak hobetuko dituen maila da”. Bullseko mitoaren erantzuna ezin izan zen laburragoa izan: “Ondo da. Eskerrik asko”. [itzuli]
  2. Ikus liburuki honetako “Gerra arteko garaia” kapitulua. [itzuli]
  3. Ikus Villa de Bilbao egunkaria, 1858ko urriak 3. Cristóbal Murrietak zituen asmoak kontatzen zituen. Murrieta abizenaren hainbat saga zeuden Sopuertan eta Santurtzin: Francisco Luciano Murrieta Ortiz-Tallado Mercadillon (Sopuerta) jaio zen 1794an. Kolonietako merkataritzan aritu zen. Haren semea Luciano (Arequipa, 1822–Logroño, 1911) Londresera joan zen 1824an, Peruren independentziaren ondoren, eta finantza merkatuan sartu zen. Militar gisa parte hartu zuen Gerra Karlistan 1840an, eta Esparteroren laguntzaile estua izan zen. Gero familiaren negozioak zabaldu zituen, eta Marqués de Murrieta bodega ospetsua sortu zuen; Amadeo Savoiakoak eman zion 1872an titulua. Cristóbal Murrieta Santurtzin jaio zen 1790ean, eta bazituen arbasoak Santurtzin, Zierbanan edo Trapagaranen. Ybarratarren kontsignatarioa izan zen Londresen eta hainbat negoziotan parte hartu zuen haiekin, besteak beste, Guriezoko fabrikan (1848) eta Ybarra Hnos. enpresan gero. 1860an Barakaldoko El Carmen fabrika sortu zuen beste bankari garrantzitsu eta Parisen bizilekua hartutako batekin, José Javier de Uribarrenekin, alegia, garai batean Bizkaiko beste fabrika siderurgiko handiko (Boluetako Santa Ana) jatorrizko bazkideetako bat izandakoarekin. Murrietak negozioak Londresen egiten bazituen ere, ez zion horregatik bere jaioterriarekin harremanak izateari utzi. 1852an jadanik, Francisco Luciano Murrietarekin batera, San Jorge parrokiako ordulariari eta udaleko ordulariari zegokien diru kopurua eman zuen. Cristóbal Murrieta Londresen hil zen 1868ko azaroaren 17an. Haren gorpua 1869ko abuztuaren 26ra itzuli zen bere herrira. Xehetasunak jakiteko, ikus Eduardo J. Alonso Olearen saiakera bikaina, “Las fundaciones Murrieta de Santurce, siglos XIX y XX”, Memoria y Civilización, 15. zk.(2012), 91–111. or. [itzuli]
  4. 1862ko ekainean egin zen Nautikako Eskolako katedradun postuak betetzeko deialdia. Lehenengo berriak garaiko prentsan agertu ziren, 1858ko irailean eta urrian. 1861ean eraikina ia amaituta zegoen, eta 1862ko ekainaren eta irailaren artean, garaiko prentsan araka daiteke irakasleak hautatzeko prozesua. [itzuli]
  5. Ikus liburuki honetako “Indianoak” kapituluko oharrak. [itzuli]
  6. Ikus gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda. [itzuli]
  7. 1890eko maiatzaren 20ko Errege Agindua. [itzuli]
  8. 1913ko dekretu batek berrantolatu zituen irakaskuntza nautikoak eta sartu zuen makinen ikasketa irakaskuntza nautiko zibilean: Zubi saila, Makinen saila, Telegrafia saila 1904tik aurrera (1997 arte), ontzietan irrati-telegrafia estazio bat eramateko betebeharra ezarri baitzen. 1887an irrati uhinak aurkitu izaren eta 1899an irrati-telegrafiako transmisoreak garatu izanaren ondorioa zen. Irrati-telegrafistak lan baldintza bikainean matendu behar zituen ekipo irrati-elektrikoak eta bateriak beti gehienezko kargan egotea zaindu behar zuen. [itzuli]
  9. Baimena eman zien, hala ere, Bermeoko, Lekeitioko, Plentziako, Santurtziko eta Sevillako San Telmoko eskola partikularrei, zeinek hiru hilabeteko epea baitzuten 1924ko otsailaren 1eko Legeak eskatutako irakasle kopurua eta irakaskuntza-materiala bazutela justifikatzeko. Hauek ziren, Bilbokoarekin batera, hasierako hamabost eskolak: Alacant, Bartzelona, Bermeo, Cádiz, Gijon, A Coruña, Lekeitio, Malaga, Palma Mallorcakoa, Plentzia, Santa Cruz Tenerifekoa, Santander, Santoña, Santurtzi eta Valentzia. [itzuli]
  10. Bazeuden, halaber, beste eskola ez nazional batzuk, nola den, adibidez, Algortakoa (Portu Zaharra), San Nikolaseko Ermita zaharrean kokatuta egon zena eta 1650–60 hamarkadan eraikia izan zena. 1863ko uztailaren 2an jendearentzat itxi zenean, Itsasturien Kofradiak baimena eskatu zion apezpikuari ermita eskola bihurtzeko, eta bai hark baimena eman ere 1868ko urtarrilaren 4an, eta, hala, udalaren jabetza izan zen 1879ko azaroaren 10ean. [itzuli]
  11. Joseph Vicente Ybáñez de la Rentería lekeitiar fragata-kapitaina izan zen lehenengo zuzendaria, Explicación del Círculo Náutico Astronómico Universal (Baiona, 1738) idazlana argitaratu zuena. Haren izendapena behin-behinekoa izan zen, 1739tik 1742ra bitartekoa, eta urte hartan Miguel Archer (1689–1752) bilbotarra izendatu zuten zuzendari, zeinaren Lecciones Náuticas idazlana bera hil ondoren argitaratu baitziren, 1756an. XX. mendearen hasieran, Leopoldo Boado Suances izango zen Santurtziko Nautika Eskolako zuzendaria (1909–19), eta gero Bilboko eskolakoa (1919tik 1937ra); Leopoldo Boado Montes, itsas armadako almirantearen eta erregearen laguntzailearen semea zen; 1910ean hartu zuen erretiroa Abrako estropadetan ibili ohi zen gizon hura. 1925ean Nautikoko ikasketak bi adarretan banatu ziren: Nautikakoa eta Makinetakoa. Bilboko Nautika Eskola Bilboko Bigarren Hezkuntzako Probintzia Institutuari lotuta zegoen. 1968an Portugaleten kokatu zen, eta 1977an Nabigazio Zibilaren Goi Mailako Eskola bihurtu zen. [itzuli]
  12. Fletamendua (gaztelaniaz “fletamento”): “hala deritzo hobari edo sari baten truke pertsona batek beste bati bidaiariak eta salgaiak garraiatzeko ontzi bat, dela zatika, dela osorik, akuran emateko adostasunezko kontratu aldebikoari”, Merkataritza Kodeak 37. orrialdean ematen duen definizioa: José Montero y Vidal, La bolsa, el comercio y las sociedades mercantiles, Tipografía del Asilo de Huérfanos del S. C. de Jesús, Madril, 1883. [itzuli]
  13. XVIII. mendearen amaieraz geroztik hizkuntzak ezagutzeak goraldia izan zuen Bilbon; XIX. mendearen hasieran asko ziren Parisera edo Londresera hizkuntza ikastera joan ziren merkatarien semeak, eta gerora askok ingeniaritza ikasiko zuten Espainiatik kanpo. Eduardo Aznar de la Sotak kanpora bidali zituen bere seme guztiak: Eduardo, zaharrena, Bizkaiko Institutuan batxilergoa egin ondoren, 12 urterekin Ingalaterrara bidali zuten; Luisek Zuzenbide ikasketak Madrilen egin zituen, baina Ingalaterra bizi izan zen bolada batean; Alberto, zeinak 1908an negozioaren gidaritza hartu baitzuen haren anaia Eduardo 48 urterekin hil zenean, Madrileko eskolako ingeniaria zen, baina aldez aurretik Londresera bidali zuten hura ere. [itzuli]
  14. “Bilbo da Ontzien Interprete kopuru handi xamarra duen portu bakarra” (1883an), hemen: José Montero y Vidal, La bolsa, el comercio y las sociedades mercantiles, Tipografia del Asilo de Huérfanos del S. C. de Jesús, Madril, 1883, 36. or. [itzuli]
  15. Pilotutza esan izan zaio itsasontziek portuko gidari bat erabiltzeko ordaintzen duten eskubideari. Lan hori Algortako eta Santurtziko itsasgizonek egiten zuten, harik eta 1830ean Marinako Komandantzia ezarri zen arte. Gaur egun pilotutza jarduerak edo itsasontziak Bilboko Kanpoko Portura sartzeko eta Portutik irteteko portuko gidaritza zerbitzua Portugaletetik egiten dira. [itzuli]
  16. 1900ean sortu zen Bilboko portua eraberritzeko eta portuko gidaritzako Batzordea, 1900eko martxoaren 10eko El Mundo Naval Ilustradok argitaratutakoaren arabera, eta urte hartako apirileko lehenengo egunetan amaitu zituen bere lanak (El Mundo Naval Ilustrado, 1900eko apirilak 20), haietan parte hartu zutelarik Bilboko portuko gidariak, San José eta Urízar, Portuko Gidari Nagusiarekin batera, zeina kargu sortu berri bat baitzen. Hartutako erabakiak:
  • ibaiko barran igarotzeko modukoak ziren kalatuen informazioa sistema hobetzea, 25 minuturoko zunden adierazle grafiko baten bitartez;
  • semaforo bat instalatzea barrako igarotzeko moduko ubidean trafikoa kontrolatzeko;
  • Pilotu Nagusiaren kargua kentzea, ordu arte hura baitzen portuko gidarien eta barrako trafikoaren nagusia, eta Portuko Gidari Nagusiaren kargu sortu berria jartzea haren ordez;
  • portuko gidari guztiak nahitaez Kapitain, Merkataritzako Nabigazioko Pilotu edo Itsas Armadako ofizial izan beharra;
  • ibaiko portuko gidariak bi taldetan banatzea: barrukoak eta kanpokoak, lehenengo taldean adin handiagoko portuko gidariak sartuko zirelarik; eta
  • portuko gidaritza zerbitzuaren tarifa eguneratzea, 1808. urteaz gero bere horretan baitzegoen. Era berean, bi urteko epea eman zuten pilotu lemanen ontziak berritzeko, zeinak oraindik XIX. mendearen hasierako antolamenduan zirauten, eta operatibo bat planifikatu zen ibaiko kai guztietan trafikoa eta atrakatzea antolatzeko, era hartara ibaia 16 tartetan zatitua geratzen zelarik, eta tarte bakoitzari amarratzaile bat izendatu zitzaion, portuko gidariek ontzia emango ziotena, bera ardura zedin ontzia kokatzeaz, haren segurtasunaz eta, zegokion kaian, poliziaz, eta horregatik amarratzaile hori Portuko Kapitainaren mendekotzat joko zen, lagundu egingo zuelako haren aginduak betetzen. [itzuli]