Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Olasagasti - Sagardantza

Kosme de Barañano

Izenburua:
Olasagasti - Sagardantza
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artearen historia | Eragin artistikoa | Bolumena | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Gizarte-kronika | Nekazariak artean | Paisaia | Landa-eszenak | Euskal Eskola | Dantza | Bizkaia | Pertzepzioa | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Kostunbrismoa | Modernismoa
Teknikak:
Horma-pintura
Artelan motak:
Freskoa
Aipatutako artistak:
Olasagasti Irigoyen, Jesús

Jesús Olasagastiren Sagar-bilketa horma-irudia (Recogida de la manzana) ez da dantza bera, baina herri-ospakizun horren aurreko unea jasotzen du. Artetarenaren antzeko espiritua erakusten du hemen artistak, Giottoren espiritu frantziskotarretik gertu dagoen pintura batekin. Haren lanak ere liluratzen zuen Olasagasti 1926an Italiara egin zuen bidaia batez geroztik. Artetak fresko bat egin zuen Ricardo Bastidaren udako etxeko jantoki-egongelarako, non gora samar ipiniko baitzuten, eta Olasagastik, berriz, Montevideoko lagun baten jantokirako egin zuen, kontsolaren gainean jartzeko, altuera ertainean.

Euskal baserrietako udazkeneko une goren bat irudikatzen du Olasagastik, sagar biltzea1. Baserritarrek beren arreta guztia eskaintzen diote neguan lagunduko dien fruta honi, kontu handiz jaso eta biltegiratzen baldin bada. Artetak ez bezala, Olasagastik erditik irekitzen du konposizioa: bikote gazte batek, kontrako norabideetan begira kide bakoitza, sagarrez betetako saski bat darama, biek heltzen diotela saskiari; bakoitza konposizioaren alde batera doa. Haien atzean, eta bien artean, bi emakume agertzen dira, besoak jasota, zumezko erretilu lau banari eutsiz; atzean, mendiek, baserriek eta zuhaitzek, beren kurbekin, konposizioa ixten dute; mendian gora beste gazte batzuk doaz, saski handiagoekin. Interesgarria da ikustea Olasagastik nola ebakitzen duen saskia, besoak jasota dituen neskaren buruan, zeruko urdinaren eta bere buruaren atzetik kurbatzen den mendiaren artean. Genero guztiekin jokatzen du Olasagastik hemen: natura hila, giza irudia, paisaia. Harmonia- multzo bat da; harmonia kromatikoak dira sagarretan (eskuineko saski bakartiarekin, kolorezko disko bat balitz bezala), tonuen harmonia (gonen, blusen eta galtzen tonu desberdinetan) eta egitura linealarena (herriaren edo baserriaren planoen arkitektura, sei zuhaitzen ugaritasun lerro-makurraren aurrez aurre). Konposizioak oso dinamika bizia du, zuhaitzen enborren bertikaltasun dantzariagatik, sagarren bi pilarengatik –kolore handikoak, enborren oinean bilduak sagarrak–. Etxeen profilak eta herri bateko elizak bermatzen dute irudi osoaren simetria ezkerraldetik, eta bi isurkiko teilatua duen baserri batek eskuinaldetik, bi metarekin. Ez da dantza bat irudikatzen; aitzitik, konposizioak berak dantzatzen du.

Udazkenaren amaierako lan honen ondoren, sagarra bildutakoan, Euskal Herriko eta Nafarroako herri askotan festa bat eta dantza bat egiten zen, sagar-dantza deitua, sagarraren dantza alegia. Kontserbatzen den tipikoena Arizkungo herrikoa da, Baztanen, nahiz eta kasu honetan dantza hori inauterietan egiten duten. Lau gizonek dantzatzen dute, gerriko gorri batez lotutako alkandora eta galtza zuriz jantzita, eta koloretako paperez apaindutako txano koniko altu batekin. Oinetan alpargata klasikoak dituzte eta lepoan kolore biziko zapi bat. Eskuan sagar bana darama dantzari bakoitzak, eta dantzaldiaren amaieran ikusleei botatzen die. Sagar-dantza hainbat kantutegitan jasotzen da, Azkuerenean esate baterako, baina punturik gorena Aita Donostia apaiza kaputxinoaren konposizioa da2, 1932an bere Euskal akuarelak (Acuarelas vascas) lanean bertsio orkestratu bat egin baitzuen, urte horretan bertan Madrilen Orkestra Nazionalak estreinatu zuena3.

Sagar-dantza jatorrian gizonek dantzatzen zuten arren, euskal dantza gehientsuenak bezala, gaur egun emakumeek dantzatzen dute. Olasagastik ere gizon baino emakume gehiago aurkezten du lehen planoan; sei emakume-irudi daude eta hiru gizonezko. Horietako bik, besoak gora jasota, dantza egiten dutela edo erritmo bati jarraitzen diotela dirudi. Baina sagar horiek dira benetako gaia, Cézannerengandik hartuak; haien kolore gorri indartsuak kontraste bizia sortzen du berdeen eta urdinen soiltasun kromatikoarekin. Olasagastik konposizio eder bat eraikitzen du, forma soilez eta geometrizatutako bolumenez osatua, Artetaren estiloan, baina –planoen sinplifikazioarekin eta urdinen tonalitate kromatiko zabalarekin jokatuz– koreografia bat osatzeko gaitasuna txertatzen du.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Jesus Olasagasti Irigoyen (1907 – 1955), donostiarra, obra-kontratista baten semea zen, eta Donostiako Marianisten ikastetxean ikasi zuen. Ascensio Martiarena eta Julián de Tellaecheren pintura-eskolak jaso zituen. 1924an Madrilera joan zen, eta Daniel Vázquez Díazekin osatu zuen bere prestakuntza. 1926an, Italiara joan zen, eta han liluratuta geratu zen Giottoren narrazio- moduarekin, bitarteko-sinpletasun frantziskotarrarekin. 1936an, boluntario falangista gisa sartu zen matxinatuen osteetan, Sagardía Zutabean, eta hark freskoko erretratuak pintatzera eraman zuen gerraren ondoren, Francoren erretratua besteak beste. [itzuli]
  2. José Gonzalo Zulaika edo Aita Donostia (Padre Donostia) (Donostia 1886–1956) Anaia Txiki Kaputxinoen Ordenako frantziskotarra (OFM), konpositorea, musikologoa eta organo- jole espainiarra, irakaslea Lekarozen. Prestakuntza gregorianoa izan zuen, zenbait abadia beneditarretatik igaro baitzen: Silos (1909), Besalú (1915) eta Solesmes (1920aren ondoren). Konpositore gisa, ekoizpen zabala du: 11 urterekin sortutako Diana goiztiarretik hasita, ospetsu egin zuten Euskal Preludioak obraraino. Beste autore batzuk bezala, erbestean bizi izan zen 1943ra arte, orduan sartu baitzen Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenean integratua zegoen Bartzelonako Musikologia Institutu Espainiarrean, lehendabizi musikologiako sailean eta gero folklorekoan. Herri-musikari buruzko sei mila fitxa osatu zituen. Ucelayk behin baino gehiagotan erretratatu zuen. [itzuli]
  3. Euskal akuarelak (Acuarelas vascas) (1932) lanak bost pieza ditu: 1. Zuberoako herrialdea. 2. Edate-dantza. 3. Sagar-dantza. 4. Esku-dantza. 5. Zozo-dantza. 1932an estreinatu zuen Enrique Fernández Arbós (1863–1939) biolin-jole eta Orkestra Nazionaleko zuzendariak. [itzuli]