Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Bilbo. Pintura

Kosme de Barañano

Izenburua:
Bilbo. Pintura
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Hirigintza | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Gizarte-kronika | Merkataritza | Sociedad Bilbaína | Hiria | Kirola | Europa | Bilbo | Bizkaia | Paris | Burgesia

BILBO: MERKATARITZARAKO PORTUA ETA HIRIBILDUA

 

Erakusketaren lehenengo areto honek XIX. mendearen amaierako Bilbo osatzen zuten pertsonaia batzuk aurkezten dizkigu, baita Parisera, eta ez Erromara, bidaiatu zuten euskal artistak ere, eta bete-betean sartzen gaitu Bilboko itsasadarrean, hiriak industrian, itsas arloan eta hirigintzan izandako garapenaren eragilea ezagut dezagun.

Alde batetik, Adolfo Guiardek 1886an Sociedad Bilbaina elkartearentzat egindako margolanak daude. Hiru lan ikusgarri dira, eta horietan deskribatuta daude paisaia ekonomiko berria (itsasadarra Erandio parean, salgaien itsasontzi ugarirekin eta atzealdean lantegietako tximiniak ikusten direla), paisaia sozial berria (itsasora begira dagoen klub baten terrazako tertuliak eta solasaldiak) eta hiriko paisaia berria (ehiztariak Iparraldeko Geltokian, zakurrak prest dituztela kirol-jardunaldi baterako). Itsasontzi ainguratuz betetako itsasadarraren irudia alde batera utzita, beste biak Bilboko burgesiaren eszenak dira.

Bestetik, 1895ean El Escritorio elkartearentzat egindako muralak ditugu. Horietan, Anselmo Guineak, Manuel Losadak eta Ignacio Zuloagak beren lagunak —Elkarte Filarmonikoa sortu zuten burgesak— irudikatu zituzten, pianoa jotzen edo egunsentia agurtzen Areatzako pasealekuan. Erretratu horietan merkatari musikazale haiek kulturaz eta aisialdiaz gozatzen ageri dira, dibertsiozko eta gaualdeko eszenografia batean, eta irudiotan ironiaz tratatzen dira kluba bera eta bertako kideak. Ez dira Sociedad Bilbaina elkarteko margolanak, jende gaztez osatutako klub bateko eszena dibertigarriak baizik. Horiekin batera, José Arruek jende berari egindako erretratuak dauzkagu, non Espainiako erregea ageri den, Abran egindako estropada batzuetan, kirol-aisialdiko jardunaldi batean; horrelakoetan ere itsasoan lehiatzea zen pertsona haien araua.

Itsasoko mundua funtsezkoa izan da Bilboren historian: San Antoneko eta Erriberako kaietatik hasita, Abrako kanpo- portuko dike eta moila handietaraino, itsasoa oso osagai garrantzitsua zen XIX. mendeko Bilboko ekintzaile horientzat guztientzat, merkataritza itsasbide irekietan oinarritzen zelako ez ezik, baita bokazio nautikoa berezkoa zutelako ere.

Hiribilduko negozio komertziala portuan oinarrituta egon zen hasieratik, itsaso bidezko garraioan eta nabigazioari zein itsasbideei buruzko ezagutzan, baita ur handitako arrantzan ere, hau da, kostaldetik urrunekoan. Baina ogibideak itsas bokazioa izan zuen lagun. XIX. mendearen amaieran enpresaburu handi izatera iritsi zirenetako bat baino gehiago kapitainak izanak ziren minerala garraiatu eta bueltan bakailaoa edo itsasoz bestaldeko produktuak ekartzen zituzten belazko goleta haietan.

Belazko goletak eta brigantinak zaharkituta geratu ziren, eta lekua utzi zieten burdinazko kroskoa eta lurrun-makinak zeuzkaten itsasontziei. Ezkerraldeko ontzitegi txikiak merkantzia-ontziak eta gerraontziak fabrikatzen zituzten ontziola handi bilakatu ziren.

Itsasoa merkataritza-bide (eta aberastasun-iturri) gisa, aisialdirako leku gisa (bainuetxeak eta estropadak) eta bilgune sozial gisa; itsasadarra industria siderurgikorako eta ontzigintzarako eremu gisa, belatik lurrunerako aldaketaren agertoki gisa, egurrezko ontzioletatik altzairuzko ontzioletarako aldaketaren gertaleku gisa.

Lehenengo aretoko hiru margolanek itsasoak Bilboren historian izan duen garrantzia adierazten digute. Adolfo Guiarden bi lanek, Itsasadarra Axpen (La ría en Axpe) eta Terrazan (En la terraza), 1886koak, bi-biak, itsasadarrean ainguratutako ontzien mundura garamatzate, merkataritzaren arteria nagusira, eta bainuetxe batetik ere erakusten digute itsasoaren ikuspegia, kanpo-portuan, jende ezezagunarekin. Hirugarrena, José Arrueren Estropadak Abran (Regatas en el Abra), taldeko erretratu bat da —non pertsonaia guztiak identifika daitezkeen—, eta aisiazko une bat irudikatzen du: belazko ontzien estropada bat.

Hiru margolan horiek bigarren aretoko beste bostekin lotzen gaituzte: itsasoaren eta beste portu batzuen beste bertsio batzuekin eta, amaitzeko, itsaso bidezko erbesteratzearekin, Aurelio Artetaren 1937ko Gerraren triptikoa (Tríptico de la guerra) lanean. Aisialdirako erabilitako yate berberak erabili zituzten Gerra Zibiletik ihes egiteko.

Maeztu, Zubiaurre, Tellaechea eta Arrueren margolanek ere oso ikuspegi desberdinetatik begiratzen diote itsasoaren munduari. Maeztuk herrietan duen alderdirik epikoena erakusten digu: dolua. Itsasoko lanari eta horrek dakartzan arriskuei begirako dolua. Epikoa izan zen itsasoaren erasoa 1904an, Ondarroako hainbat marinel hil baitzituen; gertaera hark oihartzun handia izan zuen orduko prentsan. Lirika eta erlijioa (Lírica y religión) triptikoak itsas herri txikien patu hori kontatzen du, ezaguna den arrisku etengabe hori, erromantze epikoen ildotik. Zubiaurrek pertsonaia nobelatu bat aurkezten digu, Pío Barojaren edo Joseph Conraden ipuin batetik ateratako kapitain bat.

Tellaechearen lanean, itsasoaren mundua abstraktuagoa da, nahiz eta harena ere pintura epikoa den, desagertzen ari zen mundu batez mintzo dena: brigantin eta kuterren munduaz, belazko aparailu konplexuz osatutako ontzi haiek, izen ugarikoak, piano bat tonuan jartzea bezain zailak zirenak tresnatzeko; mundu hura zen merkataritzaren eta trukearen motorra.

Tellaecheak aurrez aurre jartzen digu Erriberako kaietan lehorreratzen ziren ontzietako aparailuen lerro-multzoek irudikatzen zuten mundu orkestratu hura, non kapitaina (orkestra baten gidaria izango balitz bezala) ozeanoa zeharkatzera ausartzen baitzen —oihal horiek ongi tenkatuta sortzen zuten indarra baliatuz—.

Azkenik, José Arruek une historiko baten berri ematen digu Estropadak Abran. Alfontso XIII.a Algortako itsasargian (Regatas en el Abra. Alfonso XIII en el faro de Algorta) lanean: Abrako kirol-portuari egindako bisita eta estropada baten argazkitzat har daitekeena hamarkada liluragarri baten ikonografia bilakatu da, alde batetik, eta bestetik, hamarkada horren irakurketa bat da, gizarte-eredu baten ikonologia; hau da, orduko harreman sinbolikoen erradiografia.

Ongi ulertzeko itsasadarraren margolan hauek, non ageri diren bertako lan-tresnak, itsasontziak, baita bertan izaten ziren aisiazko uneak ere, komeni da Bilbok XIX. mendearen hasieran oinarrian zeuzkan elementu kulturalak berrikustea, Adolfo Guiarden eta José Arrueren margolanen ildotik:

  1. Nautika Eskolak eta ontzi-kapitainak
  2. Ontziolak: zurezko ontzigintzatik lurrunezko itsasontzietara
  3. Steam yachts izeneko ontzietatik itsaso pareko etxe berrietara
  4. Itsasadarra eta komunikazioak: portua eta trenbideak, zubiak, burdina, hormigoia, argiztapena eta zentral elektrikoak.

Eta José Arrueren bi talde-erretratuen harira, XX. mendearen hasiera, merkataritza eta industria berria garatu zuten Bilboko pertsonaia burgesak ageri direlarik:

  • beren aisiaguneetan
  • beren klub nautikoetan eta
  • beren estropada eta itsasontzietan.