Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Karlismoa

Kosme de Barañano

Izenburua:
Karlismoa
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | I Gerra Karlista | Hiria | Bilbo | Bizkaia

 

XIX. mendeko Bilbo nolakoa zen azaltzeko, lehenik eta behin XIX. mendeko Espainiaren egoera soziopolitikoan kokatu behar da hiria. Kontuan izan behar da, XIX. mendean, Bilbon, hiru gatazka armatu izan zirela gutxienez: lehena, 1808–14 urteetan, Napoleonen armadaren inbasioa eta Espainiako Independentzia-gerra. Ondoren, Karlistaldiak etorri ziren, 1833–40 eta 1872–76 bitarteko urteetan. Gudu politiko horietaz gain, hiriak beste hainbat arazori egin behar izan zion aurre, hala nola mendean zehar izan ziren kolera-agerraldiei. Borrokak eta izurriteak gorabehera, hiriak aurrea egitea lortu zuen, Euskal Herriko eta Espainiako ekonomiaren erdigunea bilakatu arte. Bilbok parez pare ireki zizkien ateak orduko ekonomia-eragile nagusiei: trenbidea (1857), banketxeak (Banco de Bilbao, 1857), eta, mendearen amaieran, Bilboko Burtsa (1890), ontziolak eta Bizkaiko Labe Garaiak (1902).

Bilbok hiru setio militar jasan zituen:

Lehen Karlistaldian (1833–40), hiribilduak bi setio jasan zituen: bata, 1835eko ekainaren 13tik uztailaren 1era bitartean (hartan Zumalakarregi zauritu zuten bertan, Begoñan, eta egun batzuk geroago hil zen, ekainaren 24an); eta bestea, 1836ko urriaren 23tik abenduaren 24ra, Lutxanako gudua bitartean.

Bigarren Karlistaldian (1872–76), hirugarren setio bat izan zen, 1874ko otsailaren 21etik maiatzaren 2ra bitartean, zeinak 8.000 hildako baino gehiago utzi baitzituen Somorrostroko guduan.

Batzuek hiru Karlistaldi izan zirela diote, eta bigarrena, beraz, 1846–49 bitartean —batez ere Katalunian— gertatutakoa izango litzateke. Dena dela, altxamendu karlista gehiago ere izan ziren, 1855ean, 1869an eta 1870ean1. Azken horrek, 1870eko abuztukoak, eragina izan zuen Euskal Herrian, baina berehala zapaldu zuen Baskongadetako eta Nafarroako kapitain nagusi José Allende-Salazar Mazarredok (1802–1893) —Bizkaiko Batzarretako diputatu izana zen, eta, gainera, oso ondo ezagutzen zuen lurraldea—2.

Zer da karlismoa eta nola sortu zen? Karlismoa bi monarkia-eredu desberdinen arteko borroka da: alde batetik, monarkia absolutu baten aldekoak zeuden —tradizionalistak edo legitimistak, Antzinako Erregimenera bueltatu nahi zutenak, zeinek Karlos Maria Isidroren alde egin baitzuten, haren anaia Fernando VII.a erregea hiltzean—, eta, bestetik, monarkia konstituzional baten aldekoak —Lege Nagusi baten eta botere-banaketa hirukoitza duen estatu baten mende dagoen errege bat, orduko Isabel infanta eta politikari liberalak—. Ideia politiko desberdinen arteko borroka horrek gutxienez bi gerra zibil luze eta krudel eragin zituen. Lehena 1833 eta 1840 artean gertatu zen, eta bigarrena, 1872 eta 1876 artean. Azken hori konplikatuagoa izan zen, karlistek ondoz ondo etorritako hiru gobernu (Amadeo I.a Savoiakoarena, I. Errepublikarena eta Alfontso XII.a Borboikoarena) izan baitzituzten aurrez aurre.

Batetik, karlismoa gatazka dinastiko bat izan zen; baina baita, bestetik, ideia soziopolitikoen arteko konfrontazio bat eta ideia erlijiosoen eta ekonomikoen arteko norgehiagoka bat ere. Hori dela eta, 1830eko Zehapen Pragmatikoa deiturikoa onartua izan ondoren —haren bidez Fernando VII.ak bere ondorengo emakumezkoei bere oinordeko izateko aukera ematen zien—, Karlosen aldekoek Bilboko hiribildua hartzea erabaki zuten, dirua han zegoelako eta dirua eskuratzea lehentasuna zelako Madrilera edo Gasteiz hartzera jo aurretik. Bilbo baliabide metalurgiko handiak zituen hiria zen, eta horrek Karlismoaren helburu militar nagusi bihurtzen zuen, baina, batez ere, eskudiru asko erabiltzen zuen hiria zen, bai bere eguneroko merkataritza-jarduerari esker, bai Bizkaiko Batzar Nagusiek bildutako errentei esker.

Fernando VII.a erregea hila zelako berria 1833ko urriaren 2an iritsi zen Bilbora (irailaren 29an hil zen), eta biharamunean altxamendu karlista bat izan Korrejidorearen eta Diputazioaren aurka, hainbat hiritarren gidaritzapean: Pedro Novia de Salcedo, Antonio Gómez de la Torre, Francisco Javier de Batiz, Manuel José Epalza, eta bereziki Manuel Gómez Negrete frantziskotarra. Juan Modesto de la Mota korrejidoreak eta Pedro Pascual de Uhagón diputatuak teilatutik ihes egin behar izan zuten; eta Francisco Javier de Eléxpuru sindikoa eta Casimiro de Loizaga biziarteko lehen aholkularia ezkutatu egin behar izan zituzten. Hildako bakarra egon zen, Cándido Aréchaga, Uhagón diputatuaren koinatua. Matxinatu karlistek bilera bat deitu zuten Probintziako aita batzuekin (José Ramón Urquijo, Pedro Antonio Ventades eta José María Jusué) eta Herritar Armatuak erakundeko buruekin (Ignacio Unceta eta Antonio Gómez de la Torre), eta José María Orbe (Irun, 1776–Bordele, 1850) Valdespinako markesa izendatu zuten korrejidore. Ermuan zuen jauregian bizi zen markesa, eta “Orbe, el Manchuelo” (besamotza) zuen ezizena, beso bat baitzuen galdua 1813an, Irungo San Martzialen, frantsesen aurkako guduan.

Hiribildua bi hilabete baino gutxiago egon zen karlisten esku, tropa liberalak iritsi ziren arte, hain zuzen. Sarsfield jeneralak azaroaren 25ean okupatu zuen hiria, karlista apur haiei eta Herritar Armatuetako hiru batailoiei (elizateetako herritarrez osatuak) hiritik aurreko gauean alde egiten utzi ondoren. Karlisten okupazioak, baina, ontzi-enpresetako jarduera asko murriztea eta diru-kutxak arpilatuak izatea ekarri zuen —eta ontzi-enpresak ziren hiriaren aberastasun-iturri nagusia. Baina, batez ere, burgesia komertzialak, artisauek eta ontzi-jabeek karlismoarekin zerikusia zuen guztia erabat gaitzestea ekarri zuen. Bilbo hiribilduak ez zuen inoiz karlismoaren alde egin XIX. mendeko arazo soziopolitikoei irtenbidea emateko orduan3—.

Baina agintari karlistek begiz jota zeukaten hiribildua, eta setioan ezarri zuten 1835eko ekainean, kosta ala kosta bereganatu nahirik. Horretara bultzatu zituen arrazoi nagusietako bat hiriaren pisu ekonomikoa eta estrategikoa zen; izan ere, Bilboko herritarren, Kontsulatuaren eta nazioarteko mailegu-emaileen baliabide ekonomikoez jabetzea izan zuten asmo. Baina agintari karlistek kontuan hartu ez zutena zen hirian merkatari frantsesak eta ingelesak ere bizi zirela, eta bi herrialdeek kontsulak zituztela bertan; eta Vienak eta San Petersburgok ere zeinek bere ordezkaria zuela. Aitzitik, gobernuak karlistei aurre egitera bidali zuen militarrak, Mirasolgo kondeak (Rafael Arístegui brigadierra, Cádizen eta Jerez de la Fronteran dirua egina zuen euskaldun baten semea, eta geroago Puerto Ricoko gobernadore izango zena), ondo asmatu zuen atzerritarren presentzia hori bere alde erabiltzen: izan ere, Frantziako eta Britainia Handiko ordezkarien babesa bereganatzen jakin zuen.

Gauza bera gertatu zen bigarren setioan ere, 1836ko amaieran. Bilboko burgesiak, berriz ere,  aurre egin zion ideologia karlistari, ez arrazoi dinastiko edo erlijiosoengatik, baizik eta lege liberalak babesteagatik, nahiz eta, bestalde, foru zaharren berezitasuna ere defendatu. Bilbotar burges horiek  —merkataraiak, ontzi-jabeak, armadoreak—, hiribilduan bizi ziren ahaide nagusiak begirunez errespetatzen zituzten arren, bestelako gizarte bat nahi zuten eratu, gizarte moderno eta irekiagoa, eta, helburu horrekin, Milizia Nazionalean hartu zuten parte, eta bertan paper heroikoa jokatu. Hala, gauza izan ziren, bonba-erasoen artean, Sociedad Bilbaina elkartea izango zena sortzeko; eta soldadu anglosaxoientzako gida bat ateratzeko, ingelesez idatzia, hirian zer eta non edan azalduz.

1837ko urtarriletik aurrera, eta, nolabait, Sociedad Bilbaina (1839) elkartearen espiritu horretan oinarri hartuta, hortik sortu zen benetako Bilbo modernoa, etorkizun hobea (bai Zabalgunean bertan, bai merkataritza, industria eta itsas alorretan ere) eraikitzearen alde apustu egiten zuena, epe laburreko planteamenduei uko egiten ziena eta ikuspegi zabal eta inklusiboa zuena.

Altxamendu karlistak gorabehera, Bilbok garrantzi handiko hainbat eraikuntza egin zituen urte horietan: 1834an, Hiribilduko Antzokia (Juan Bautista de Escondrillas arkitektoaren aginduetara eraikia), eta 1835ean, Atxuriko Ospitalea (Gabriel de Orbegozo, Agustín de Humarán eta, gero, Silvestre Pérez arkitektoen aginduetara eraikia), ekimen pribatuak sustatuta eta Aldundiak, Merkataritza Batzordeak (Kontsulatu ohiak) eta Udalak diruz lagunduta eraikiak biak. 1846ko urrian, Pedro Belaunzaránek eraikia, Bizkaiko Institutu Nagusia ireki zen —1851ko irailean Bizkaiko Ikastetxe Nagusia deitua—, Merkataritza Eskola, Nautika Eskola, Museo historiko-artistikoa eta Liburutegia barne hartu zituena (1836–37an komentuetatik espoliatutako koadro eta liburu guztiak Liburutegi horretan gorde zituen Aldundiak). Ehun eta berrogeita hamar bat barneko ikaslerentzako eta beste hainbeste eguneko ikaslerentzako tokia zuen, eta doakoa zen. Bilbotik kanpoko eskoletara ere joaten ziren batzuk: Bergarako Errege Mintegira (Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1765ean sortua), Loiolako Nobleen Ikastetxera (1823–40), 1874tik aurrera Urduñako Jesusen Lagundiaren Ikastetxera (Valladolideko Unibertsitatearen mendekoa), edo, 1898tik aurrera, Lekarozko Kaputxinoen barnetegira (Baztan, Nafarroa). Baina Institutua hiri moderno eta ireki baten hezkuntza-gune handia izan zen, eta han elkartu ziren hurrengo hamarkadetako Bilbo industrial eta metropolitarrean gehien nabarmendu zirenetako asko. Nolanahi ere, Bizkaiko Institutua izan zen inguruko hiri moderno eta irekiena bihurtzeko bidean zen Bilbo hartako hezkuntza-gune nagusia; hurrengo hamarkadetan Bilbo industrialari eta metropolitarrari bizitasuna eman zioten pertsona gehienak handik igarotakoak ziren.

Urquijok zuzen adierazitakoaren arabera, “egoera erabat aldatu zen 1837ko urtarrilean. Bilbo liberalismoaren, karlismoaren aurkako erresistentziaren eta heroitasunaren sinbolo zen, moderatuen eta aurrerakoien jarrerak elkarrengana hurbiltzen zituena. Setioa balentria guztien artean bikainena izatera pasatu zen, Numantziarekin, Saguntorekin eta Maiatzaren biko Madrilekin batera aipatzen zena. Omenaldiak, diru-bilketak, literatura-lanak, oroimen-plakak... guztiak ere ez ziren aski izango handik aurrera bere Oso Noblea eta Oso Leiala tituluari Garaitu Gabea ere gehituko zion hiri haren bikaintasuna ospatzeko. Izan ere, ekarpen militarra garrantzitsua izan zen erresistentzia-lanean, baina herritarrek eta, bereziki, Milizia Nazionalak jokatutako papera ere azpimarratzen zuten behatzaile guztiek”4.

Bergarako besarkadak edo Bergarako hitzarmenak —Espartero jeneral isabeldarrak eta Karlismoaren hamahiru ordezkarik sinatua— eman zion amaiera gerrari5. Egun batzuk geroago, Bilboko Udalak idazki bat bidali zuen Diputatuen Kongresura, honako hau adieraziz: “Bi bide daude gerra zibilak amaitzeko: garaipenarena, gudu-zelaian, eta lehiakideen arteko akordioarena. Gorabeheratsua eta badaezpadakoa da lehena, eta errazagoa eta onuragarriagoa, bigarrena”6. Beste behin ere, merkataritza-akordio baten alde egin zuten apustu. Bilbo askoz gizarte batuagoa zen, eta, batez ere, parekideagoa botere-kontzentrazioari zegokionez. Kontrol-mekanismoak Udalaren, Bizkaiko Batzarren eta Kontsulatuaren artean banatuta zeuden. Hiriak garbi zeukan ez zuela buruzagi heroikorik edo abenturazale karlistarik behar, ezta norberaren kontu pertsonala zen erlijioa egunerokotasunarekin nahastu behar ere.

XIX. mende erdialdeko Bilboko burgesia horrek—elkartuz joan ziren jatorri desberdineko adarrak zituenak— oso garbi zeuzkan gauzak. Batetik, etorkizunerako anbizioa, merkataritzan eta merkatuan oinarritua; eta, bestetik, bere interes ekonomikoen eta bere aukera-baldintzen defentsa.

Ildo horretan, Bilbok bere probetxurako erabili zituen Erresumako hainbat lege:

—  1826an, Errege Muga-zerga Orokorra (urtarrilaren 1ekoa): atzerriko fruituak, ehunak eta hatuak sartzeari buruzkoa, 600 artikulu baino gehiago inportatzea debekatzen zuena eta bandera-eskubidea indarrean jartzen zuena. Nabarmentzekoa da Kataluniako industrialariek protekzionismora jo zutela, ingelesen lehiaren ondorioz beren ehungintza-produktuak arriskuan ikusirik. Zerga hori liberalizatu egin zuten 1841ean, Esparteroren aginduz, eta erabakiak euskal arrantza-ontzidi osoa mobilizatu zuen.

—  1849an, Meatzeen Legea (apirilaren 11koa): meatze-ustiapena liberalizatzen zuena. —  1855ean, Burdin Bideen Lege Orokorra (ekainaren 5ekoa).

—  1856an, Jaulkipen Bankuen (urtarrilaren 28koa).

Merkatari eta ekintzaile horiek karlismoaren aurka sortutako indar ekonomiko eta sozial berriak ziren. Ez zuten berriro pobretu nahi, ez eta ezegonkortasunagatik eta etengabeko gatazka politikoengatik Espainiak zituen zailtasun ekonomikoak berriro ezagutu nahi ere. (Kontuan izan behar da, karlismoa, nolabait, aldaketa ororen aurka zegoela, eta landa-eremuetan eta baserri-giroan baino ez zuela babesik). Hori dela eta, Bilbok Batzorde Delegatu bat antolatu zuen hiriko armamentua eta defentsa sustatzeko. Bilbok, 1873an, 4.000 gizon armatu zituen —soldatu profesionalak eta auzoetako boluntarioak—, eta 40 kanoi, Ignacio Castillo jeneralaren agindupean. Jenerala ingeniarien armakoa zen, eta, beraz, setiatutako tokiak antolatzen eta gotortzen espezializatuta. Bestalde, Batzar Nagusietako edo Aldundietako aulkiak tradizionalistentzat ez, baizik eta agintari bakegileagoentzat eta liberalagoentzat izan zitezen ahalegindu ziren: hala nola Fermín Lasala Gipuzkoan, Mariano Zabálburu Bizkaian eta Estanislao de Urquijo Araban.

Espainian, 1866ko finantza-krisiari elikagai-krisi larria gehitu zitzaion 1867an eta 1868an, urte horietako uzta txarren ondorioz. Kaltetuak ez ziren izan negozio-gizonak edo politikariak, finantza-krisian bezala, herri xehea baizik, oinarrizko produktuak (ogia, adibidez) eskas eta garesti zirelako. Horrela iritsi zen Seiurteko Demokratikoa, 1868ko iraileko iraultzaren garaipenetik 1874ko abenduko jazarraldia (monarkia berrezartzea eta, beraz, Alfontso XII.a printzea errege izendatzea ekarri zuena) gertatu arte luzatu zena. Horrela hasi zen “Borboien berrezarkuntza” deritzon etapa,  1931ko apirilean Bigarren Errepublika aldarrikatzean amaitu zena.

Berrezarkuntzaren unean, Bigarren Karlistaldiak okerrera egin zuen Bilbo aldean, eta beste setio bat hasi zen, hirugarrena.

Karlisten eraso-saioen aurrean, karlista ez zirenek hiritar milizia bat sortu zuten, Askatasunaren Boluntarioen Batailoia (Gobernazio Ministerioaren Dekretua, 1868ko azaroaren 18koa), 1869tik 1872ra bitartean indarrean egon zena7, eta Boluntario Laguntzaileen Batailoia, 1874ko urtarrilaren 8tik 1875eko martxoaren 31ra bitartean8. Boluntario Laguntzaileen Batailoia herritarrez osatutako milizia bat izan zen, Bilbo karlisten erasoetatik defendatzeko sortua —Milizia Nazionalak sortutako eredu liberalari jarraituz— 1874ko urtarrilaren 24an Cosme Echevarrieta hiriko Armamentu eta Defentsa Batzordeko kide izendatu zutenean. Ia hamar urte lehenago, Echevarrietak kolaborazio bat idatzi zuen 1865eko maiatzaren 5eko El Eco Bilbaíno egunkarian, Baionako Batzarreko euskaldunen ildotik, esanez Foruak bateragarriak zirela errepublikarekin, eta bai Elizaren aldeko tradizionalistak, bai liberal aurrerakoiak, mehatxu bat zirela foruentzat, pribilegio arkaikotzat zeuzkatelako biek ala biek. Echevarrieta liberalei zuzentzen zitzaien, karlistak aintzat ere hartu gabe: “Bestalde, oposizioan dauden aurrerakoi batzuek (zorionez, gaur egun alderdiz aldatuak) printzipio liberal aurreratuen alde eta, aldi berean, gure probintzietako askatasunen aurka eginez agerian utzi duten kontraesan harrigarriak sekulako eragina izan du gure probintzia honetako seme-alaba xume batzuen artean, hainbesterainokoa non herritar horiek errezeloz begiratzen dioten orain alderdi liberal aurreratuari, foru-askatasunen etsaitzat jotzen dutenez gero, bai oker jo ere”.

Hiriko buruzagi horiek, enpresaburu horiek (Cosme Echevarrieta, Bernabe Larrínaga, eta beste asko XIX. mendearen bigarren herenean) ez ziren besteak kontrolpean eduki nahi zituzten buruzagi erromantikoak, baizik eta helburu komun bat —bizimodu hobea— lortzeko bidean borrokan ari ziren pertsona arruntak. Liberalek monumentu bat eraikiarazi zuten, Laguntzaileen edo Askatasunaren Heroien Panteoia izenekoa, 1870ean, hiritarren betebeharra zein zen azaltzen zuen epitafio honekin: “Ez negarrik egin, haiek bezala jokatu!”9. Urte hartan berean, Kapelagile kalean, “Biblioteca de Instrucción y Caridad” delakoa ireki zen, Sociead Bilbaina elkarteko kideak gehiengoa ziren talde baten ekimenez eta prestakuntza eta Bildung delakoa bultzatzearen aldeko ideien ildotik, gizarte hobe eta askeago bat helburu.

Ez da kasualitatea haietako ia guztiak, milizietan izena emanda, Bigarren Karlistaldian Bilbo defendatzeko prest agertzea, ez eta beste asko hirira bueltan etortzea ere, Madrilgo edo bizi ziren tokiko erosotasuna utzita. Azken horietakoak ditugu, adibidez, Leonardo Torres-Quevedo ingeniari eta asmatzailea10, edota ordurako adinean sartua zegoen Marcoartu ingeniaria ere11, Madrildik hiribildua defendatzera etorriak. Ahaide nagusiak ere agertu ziren, haietako batzuk izen handikoak, hala nola, José María Murga Mugartegi, “Bizkaitar mairua” ezizenez ezaguna, militarra eta 1870ean Diputatu Nagusi izandakoa. Gazteagoa zuen anaia Manuelekin batera sartu zen Bilbo liberala defendatzeko milizian12. Haien arreba Joaquinak Diario del sitio (Setioko egunkaria) idatzi zuen nebentzat13.

Hiribilduari 1874ko otsailaren 21etik maiatzaren 1era ezarri zioten setioa. Hirurogeita hamar egun horietatik hogeita hemeretzitan izan zen bonbardatua. Ignacio María del Castillo komandante militarrak, bertako biztanleek lagundurik, setioari eustea lortu zuen, eta, 1887an, Bilboko konde izendatu zuten ordainetan. Bilboko Udalak hala eskatuta, haren gorpuzkiak Bilbora ekarri zituzten 1895ean, eta Mallonako hilerrian lurperatu zituzten. Geroztik, maiatzaren 2a festa-eguna izan zen Bilbon, 1936ko Gerra Zibilera arte. Daniel Vierge artista frantses-euskaldunak dokumentatu zuen grafikoki gerra hori14.

El Sitio elkartea 1876an sortu zuten, “Bilboko hiribilduari ‘gairaiezin’ titulua izateko balio izan dioten gertaera loriatsuak oroitzeko zentro liberal” gisa, bai eta “heziketa eta aisialdirako zirkulu” gisa ere15. 1917. urte inguruan, Ramón de Basterra idazleak16 adierazi zuen Bilboko aberastasunak une horretan zuela bere jatorria, printzipio liberalak defendatu ziren horretan, hain zuzen: “Ez dago oso azkarra izan beharrik egun zer garen galderari hau erantzuteko: setioaren ondorengo Bilbo aberats eta emankorra gara. Eman dezagun, gure ‘laguntzaileek’ Mallonako hilerrian egiten zituzten guardia-tarte haietako batean, aitona haietako bat, besoak fusilean bermatuta —denok dakigunez, gutxitan erabili behar izan zituzten arma haiek—, Bilbo aberats eta jendetsu bat imajinatzen hasten dela denbora-pasa: landa-eremuarekin komunikatuko zuten tren alaiek zeharkatua, portu zoragarri eta zabal batekin (hirigunearekin trenbidez eta errepidez lotua), eta, lehenago muino-malda belartsuak edo hareazko dunak besterik ez ziren tokietan, eraikin eta herrigune berriez esmaltatua; eta horren guztiaren erdian, aberastasun joria, ongizate paregabekoa. Behin oparotasunez beteriko proiektu hura amaituta, begiak igurtziko zituen gure aitonak, fusilaren kontra jarrita ametsetan egon zelakoan. Baina gauzak nola diren: buru horrek, begiztadun txapelean sartuta, modu profetikoan aurreikusia  zuen nolakoa izango zen berrogei urte geroagoko Bilbo hura”17.

1874tik aurrera, errealitatea ulertzeko gaitasuna eta hura aldatzeko beharrezko baliabideak mobilizatzeko ahalmena zuten pertsona berezien esku utzi zuen hiriak bere gaineko ardura. Kontsulaturako edo errejidore-kargurako hautatzen zituzten pertsonak ez ziren beren nortasunarengatik hautatuak (ezaguna da Chávarriren umore txarra edota haren anaia Beningoren alkohol-zaletasuna), beren gizarte-portaeragatik baizik: egokitzeko gaitasuna (unean uneko errealitatera egokitzeko ahalmena), malgutasuna (errealitate horren arabera jarduteko trebetasuna) eta etorkizun-sena (etorkizun ezezagunaren aukerei antzemateko sena) ziren aintzat hartuko.

Echevarrietak, Gandariasek, Olabarrik eta abarrek bazekiten inguruabarrak ez zetozela bat egin beharrekoari buruzko beren ideia pertsonalekin, baina argi zeukaten, baita ere, enpresa- eta gizarte-hobekuntzak lortzeko, beren konpromisoak eta errealitate-azterketak eskutik joan behar zutela. Bat zetoen taldearen ikaskuntza-garapena hobetu behar zelakoan (hortik Bizkaiko Institutua, etab.), aniztasuna baloratu eta gatazkak modu konstruktiboan aztertu behar zirelako helburuan. Ziurgabetasunari, segurtasun-faltari eta desorientazioari aurre egiteko, ekintza positiboak bultzatu behar ziren, eta herritarrak mobilizatu, etorkizun-aukerak “zabaltzeko”. Lehenago itsasoa izan bazen aukera  hori, portua kanpora eraman behar zen orain, eta baliabide guztiak mobilizatu, aukera berrien bila.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Matinerren gerra (“matiner” hitzak goiztiarra esan nahi du katalanez), Bigarren Karlistaldia edo Ekinaldi Montemolinista deiturikoa, 1846ko irailaren eta 1849ko maiatzaren artean gertatu zen, eta Katalunian batez ere izan zuen eragina. [itzuli]
  2. Allende-Salazar, Bizkaiko ahaide nagusien familietako batekoa, militarra zen, Esparteroren laguna, baina zeregin zibiletan jardun zuen hainbatetan, bere negozioetan sartua, trenbidearen garapenaren alde eginez. 1857an, Tutera-Bilbo trenbidearen 150.000 pezetako akzio sorta baten jabea zen. Liberala eta foruzalea zen, eta 1844an jeneral izendatu zuten, haren lehengusu eta gerra-ministro Manuel Mazarredok hala eskatuta. 1853 eta 1854ko hauteskunde orokorretan, Bizkaiko diputatu hautatu zuten. Udalaren ziurtagiri baten arabera, José Allende-Salazar eta Rita de Gacitua senar-emazteen urteko errentak 12.000 errealetik gorakoak ziren. Gernikako jauregi-etxeaz gainera, Allende-Salazarrek landa-etxe bat zuen Abandoko elizatean, baita hiru baserri ere, 200 peoi baino gehiagorekin. 1860an eta 1875ean, Bizkaiko berrogeita hamar aberastasun handienen artean agertzen zen. Ikus hemen: http://humanidades.cchs.csic.es/ih/paginas/jrug/diccionario/biograf/bio_allende.htm [itzuli]
  3. Ikus José Ramón de Urquijo Goitiaren azterlan bikain hau: Los sitios de Bilbao, http://hedatuz.euskomedia. org/359/1/10009036.pdf. Urquijok dioenez, Uhagónek —ihesari eman behar izan zion ahaldun nagusiak—gertaeren kontakizun bat idatzi zuen, 1834ko maiatzaren 28an sinatua: “Gertakari hauek berreraikitzeko iturri interesgarri bat garai hartan Bizkaiko diputatu nagusi zen Pedro Pascual Uhagónek 1834ko maiatzaren 28an egindako kontakizuna da. Horren kopia bat Historiaren Errege Akademiaren Artxiboan dago: Pirala bilduma,9/6798, 2. karp., Pedro Pascual Uhagón jaunak 1833ko urriaren 3ko zoritxarreko altxamenduan gertatu ziren krimenei buruz egindako txostenaren eskuizkribua; 33. fol. Geroago, argitaratua izan zen: Bilbo: Hijos de R. Marti y Cortazar inpr., 1871”. Halaber, Urquijoren arabera, hurrengo urtean “1834ko otsailaren hasieran, salaketa batek agerian utzi zuen sarea, non 70 bat pertsona zeuden nahasita, erdiak apaizak eta erlijiosoak”. [itzuli]
  4. José Ramón Urquijo Goitia, Los sitios de Bilbao, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994, 157. or., https://digital.csic.es/bitstream/10261/34801/1/UrquijoGoitia_JR_SitiosBilbao_ MuseoZumalacarregui.pdf [itzuli]
  5. Bergarako Besarkada edo Hitzarmena: Espartero jeneral isabeldarrak eta Maroto jeneral karlistaren hamahiru ordezkarik Oñatin (Gipuzkoa), 1839ko abuztuaren 31n, sinatutako hitzarmena da, Lehen Karlistaldiari (1833–1840) amaiera eman ziona. [itzuli]
  6. 1839ko irailaren 2an, Manuel María Uhagón errejidoreak honela argudiatu zuen bere iritzia: “Arrazoi politikoek eta komenentzia publikokoek baskongadoei beren foruak ez kentzea gomendatzen dute”. Bilboko Udalak idazki bat onartu zuen (irailak 4) eta Diputatuen Kongresura bidali zuen. Honela zioen: “Bi bide daude gerra zibilak amaitzeko: garaipenarena, gudu-zelaian, eta lehiakideen arteko akordioarena. Gorabeheratsua eta badaezpadakoa da lehena, eta errazagoa eta onuragarriagoa, bigarrena. Borroka honetan ez zegoen aukerarik interes dinastikoen arteko akordiorako; bai, ordea, matxinatu armatuekin, haien lege zaharrak gurtzen eta mantentzen zituzten probintziekin egiteko modukorik. Hala iritzi dio armadako jeneral-buru Garaipenaren Dukeak eta irizpen sendo horren ondorio da Oñatin indar etsaien buru nagusi Rafael Maroto jeneralarekin sinatu den hitzarmena, Gaztelako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batailoien mendetasuna lortzeko adostutako akordioak barne hartzen dituena. Bere lehenengo artikuluan, azken probintzia hauen bakerako oinarri gisa, antzinako foruen, frankotasunaren eta askatasunen kontserbazioa ezartzen da, eta xedapen horrek Nazioko Gorteen onespena behar du […] Ez dagokio Bilboko Udalari, jatorri konstituzionala baitu, Bizkaiko Jaurerriko foruen legezko defentsan hastea [...], baina bai jakinaraztea arrazoi boteretsuak daudela, bai politikoak, bai komenientziazkoak, aipatu foruen kontserbazioaren alde egiteko [...] Komenentzia publikoak foruak kontserbatzea eskatzen du. Foruak ez daude Espainiaren oparotasunaren aurka [...], foruen galerak baskongadoen etsipena ekarriko luke [...] nazioa zorretan dago Bilborekin: Erregaiaren ahaleginek hirutan jo dute gure Hiribildu Garaitu Gabe honen horma gotorra, eta Bilboren erresistentzia izan da, beharbada, kausa nazionalaren salbazioa”. Bilboko Udalak eskerrak eman zizkion Erreginari (irailak 22) foruak berrestea ahalbidetzen zuen lege-proiektuagatik. Egun horretan bertan, batzorde bat izendatu zuen, Diputazioarekin eta Merkataritzako Errege Batzordearekin batera eta horren harira ospakizun batzuk egiteko. Irailaren 25ean, gizarte-ekimeneko beste dokumentu bat bidali zen Gorteetara, 565 bilbotarrek (“hiri garaiezinaren biztanle leialak denak”) sinatuta, Diputatuen Kongresuak Foru Erregimena berrezartzea onar zezan. [itzuli]
  7. “Errepublikako Boluntarioak” Askatasunaren Aldeko Boluntarioen Batailoia —alkate konstituzionalisten agindupean dauden pelotoiz, konpainiaz eta batailoiz osatutako boluntario-milizia bat— probintzia-hiriburuetan eta 10.000 biztanletik gorako hirietan baino ezin zen osatu, eta zeregin hauek zituen: hiri-polizia, ordena publikoaren prebentzioa, eta zenbait eraikin publikoren zaintza. Javier Fernández Sebastián, “Republicanos vascos en vísperas de la revolución de 1868: federales y fueristas”, Cuadernos de Alzate: Revista vasca de la cultura y las ideas, 9, 1988, 16–30 or. [itzuli]
  8. Hirurteko Liberalean (1820–1823) penintsula barruan absolutismoaren aldeko altxamendu-mugimendu guztien aurka jardun zuen Miliziaren kopia bat zen. Laguntzaileen Batailoia 1872ko apirilean sortu zen, Bidebarrieta kaleko 15. zenbakiko lehen solairuan, lehen altxamendu karlista hastean, Udalaren agindupean, alkatea bera batailoiko buru zela. Urte hartan, sei alkate izan ziren Bilbon. 1874an, 776 boluntario izan ziren urtarrilean, eta 1.125 apirilean. Laguntzaileen Batailoia 1876ko apirilaren 11n desegin zen, gerra amaitzean. Ikus Jon Penche González, Republicanos en Bilbao (1868–1937), Bilbo, UPV/EHU, 2010, eta Jon Penche González, “La Republica Foral: los republicanos ante la cuestión vasca”, Memoria y Civilización, 12. zk., 2009, 193–215 or. Batailoiak Bilboko gizartearen osaera islatzen zuen: gehienak (% 66) bizkaitarrak ziren; gainerakoak Espainiako beste probintzia batekoak edo Ameriketako kolonietakoak ziren, eta % 0,5, atzerritarrak. Laguntzaileen jarduerak garrantzi handia hartu zuen 1874ko setioan. 1874ko apirilaren 1ean hiria defendatzen jardun zuten 5.494 pertsonetatik 1.074 laguntzaileak ziren, defendatzaile guztien ia % 20. 1874ko urtarrilaren 24tik aurrera, 19:00etatik 7:00etara laguntzailez osatuta egon ziren hiriko ia garnizio guztiak. “El Sitio” elkarteak hala eskatuta, 1925eko martxoaren 11n, Primo de Riveraren diktaduraren gobernuak baimena eman zuen Institutuko plazatxoa Laguntzaileen Plaza deitua izan zedin, 1873ko Karlistaldian, hiria setiotik babesteko—1874ko maiatzaren 2an Concha jenerala Bilbon sartu eta setioa amaitu zen arte—, “Laguntzaile Konpainietan” antolatu ziren bilbotar liberal ausarten oroimenez. [itzuli]
  9. Monumentu hori, Laguntzaileen Panteoia, Mallonako hilerrian eraiki zen, Bilboko setioan hildako guztien omenez. Bilbok 31 hildako eta 130 zauritu izan zituen lehen setioan, eta 250 hildako eta 2.000 zauritu bigarrenean, harik eta Esparterok Lutxanako guduaren ostean hiria askatu zuen arte. Benito Pérez Galdós idazleak Luchana eleberrian jaso zuen gertaera. Panteoian, Ereñoko harriz egindako basamentu gotor baten gainean, emakumezko baten irudi handia nabarmentzen zen, hiriaren sinbolo gisa, esku banatan erramu-koroak altxatuz. Basamentuaren lau izkinetan lehoi bana zegoen zaindari. Irudiak eskuetan zeramatzan loreak garaileentzat eta garaituentzat ziren, gerra hiri bereko herritarren artekoa izan baitzen. José Bellver Collazos (Ávila, 1824–Madril, 1869) eskultura-tradizio handiko familia bateko kideak egin zuen monumentua, eta Marcos Ordozgoiti Murua (1824–1875) gasteiztar artistak jardun zuen kontratista. Laguntzaileen Panteoia —Askatasunaren Martiriei eta Hiriaren Defendatzaileei eskainia— Bilboko udalak inauguratu zuen, 1870eko maiatzaren 24an. Honela zioen epitafioak: “Ez negarrik egin, haiek bezala jokatu!”. Frankistek suntsitu zuten, 1937an. [itzuli]
  10. Ikusi gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Biografías”. [itzuli]
  11. Arturo de Marcoartu (1827–1904), bide-ingeniaria, telegrafiaren mundu-mailako aitzindaria; 1869–70ean, Ingalaterra-Bilbo arteko telefono-kablearen konexioa egiteko baimena eman zioten, baita Bilboko portutik Bartzelonara telegrafo-linea bat ezartzeko ere. Pilota kalean bizi izan zen. Haren aita, Agustin de Marcoartu (1796–1859), liberala bera ere, Madrilgo Goi Batzorde Iraultzailean egon zen, Espoz y Minarekin eta Torrijosekin batera, eta Bordelera erbesteratu behar izan zuen. Berrogeita hamar urte inguru zituela, Madrildik etorri zen espresuki, miliziano gisa, hiria karlisten hirugarren setiotik defendatzera. [itzuli]
  12. José María Murga Mugartegui (Bilbo, 1827 – Cádiz, 1876) zalditeriako kapitaina zen jada 1849an. 1853an, Krimeako Gerrarako boluntario aurkeztu zuen bere burua. Gero, hainbat bidaia egin zituen Marokora, 1863–1865 bitartean aurrena, eta 1873an, bigarrenez. Oso ondo moldatzen omen zen arabieraz. Bere bizitzako oroitzapenak idatzita utzi zituen Recuerdos marroquíes del moro vizcaíno liburuan (1868, Bilbo). 1870ean, korrejidoreak Bizkaiko Ahaldun Nagusi izendatu zuen, eta Foru Guardia (karlisten soldadu-partidei aurre egiteko talde armatu autonomo bat) sortu zuen. 1874an, Bilbon gaixorik zegoela hartu zuen gerrak. Haren arreba Joaquinak egunkari batean jaso zuen gaixotasunaren bilakaera. Behin osatuta, oturuntza bat antolatu zuen, frantsesez idatzitako menu eta guzti, jateko zegoen apurrarekin. Joaquinak zerbait pertsonala bezala idatzi zuen egunkaria anaientzat. José María Murga de La Barrera (Markina, 1770–Bilbo, 1834) zuen aitona, Markinako Bidarte dorretxekoa, merkataritzan interes handiak zituena. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko idazkari betierekoa izan zen, eta Willhelm Humboldten anfitrioia, zeinarekin gutun-truke joria izan zuen. Aita, berriz, Manuel María Murga Zaldúa (Bilbo, 1800–Markina, 1852), politikari liberal bilbotarra izan zen. Ikus gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Biografías”. [itzuli]
  13. Atal batzuk argitalpen honetan daude jasota: Antología de periódicos íntimos, Labor argitaletxea, Bartzelona, 1962: “Joaquina N. N. Diario de una mujer (Bombardeo de Bilbao, 1874)”. [itzuli]
  14. Daniel Urrabieta Vierge, edo, besterik gabe, Daniel Vierge (bigarren abizenarekin sinatzen zituen beti bere lanak), margolari, marrazkilari eta ilustratzaile espainiarra izan zen (Madril, 1851–Boulogne-sur-Seine, Frantzia, 1904), Parisen gaztetandik finkatua. Vicente Urrabieta Ortiz marrazkilariaren semea zen. Karlistaldiaren berriemaile grafiko nagusietako bat izan zen, eta besteak beste honako marrazkia egin zuen: Mañariako gudua, Bilbotik gertu (Le Monde Illustré, 1872ko maiatzaren 14a). [itzuli]
  15. Sabino Aranak gogor eraso zion beti maiatzaren 2ko jaiari, “sasiko loriak eta jaiak” zirela esanez (José Miguel de Azaola, Bilbao egunkaria, 17. zk., 1989ko apirila). [itzuli]
  16. Ramón Basterra Zabala (Bilbo, 1888–Madril, 1928). Bilboko San Antonio ikastetxean eta Urduñako Jesuiten ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. Han, Estanislao María Agirre eta Juan Larrea poeta izan zituen ikaskide. Gero, zuzenbide-ikasketak egin zituen Valladolideko, Oviedoko eta Salamancako unibertsitateetan. Karrera osoa matrikula librean egina zuenez, denbora asko eman zuen Bilbon. Han, abentura literario labur batean parte hartu zuen, El Coitao astekari satirikoan, Gustavo de Maeztu, Juan de la Encina eta José Arruerekin batera. Lyon D’Or kafetegiko solasaldietan ere parte hartzen zuen, Pedro Eguillorren gidaritzapean. Han, Pedro Mourlane Michelena, Manuel Ramírez Escudero, Joaquín Adán, Juan de la Encina, José Félix de Lequerica, Esteban Calle Iturrino, Fernando de la Cuadra Salcedo eta Joaquín de Zuazagoitia ezagutu zituen, besteak beste. [itzuli]
  17. Ramón de Basterra, “El poder de Bilbao” (1917), Jesús de Sarriá Hermes aldizkariaren editoreari eskainia, hemen: Papeles inéditos y dispersos de Ramón de Basterra, Guillermo Díaz-Plajaren (ed.), Madril, 1970. [itzuli]

 

KOLERA

Bilbok hainbat kolera-izurri pairatu zituen XIX. mendean. Hesteetako eritasun larri eta kutsakorra da kolera, eta izurri haiek hainbat heriotza eragin zituzten1. Orduan, kolera morboa deitzen zitzaion, eta Indiatik zetorrela uste zen, espezia-kargamentuak zeramatzaten itsasontziek ekarria. Estatuko lehen agerraldia 1833an izan zen, Vigoko portuan. Bilbon, lau aldiz jo zuen epidemiak:

—  1834an, dozenaka pertsona eta familia beren etxebizitzetan hilzorian jarri zituena2;

—  1854. urtearen amaieran, berragertze are gogorragoa izan zuena bost hilabeteren buruan, 1855eko udan3. Gainera, izurrite horren aurretik, 1854ko uda eta udazken ostean, elikagaien garestitze handia izan zen Espainia osoan, Krimeako Gerrak eraginda. Urruneko gerra horrek esportazioen igoera eta, ondorioz, elikagaien garestitzea ekarri zuen. Azaroan, “ogiaren sektoreko artisauen matxinada” gertatu zen, koleraren beste agerraldi batekin batera

—  1884ko udan, 1885eko azarora arte amaitu ez zena;—  1893ko udan: jende askok joan zen hiritik, baita agintari-klasekoak ere, Víctor Chávarri izan ezik, zeina langileekin geratu baitzen, La Vizcaya izeneko bere enpresan lanean.

Hiriko bizimodua arriskuan jartzen zuten mehatxu berri horiei azkar erantzun zieten agintariek edo errejidoreek. Heriotzaz gain, kutsatze masiboak eragin zituen kolerak, eta beldurra zabaldu zuen. Etxean bakartuta geratzeko eta berrogeialdia betetzeko eskatu zitzaien herritarrei4. Koronabirusak egun eragindakoaren oso antzekoa zen, beraz, egoera. Kontsulatuko jendeak5, beste herrialde batzuekin harreman handiagoa izanik, eta, beraz, gaixotasunen eta haien tratamenduaren ezagutza handiagoa izanik, osasun-zerbitzuak hobetzeko neurriak hartzeko eskatu zien XVIII. mendearen erdialdetik aurrera udalari eta inguruko elizateei. Merkataritza-botere hori (deszentralizatua edo ez-ofiziala) oso onuragarria izan zen, ez bakarrik Bilboko ekonomiarentzat, baita populazio-gune osoaren garapen zibikoarentzat ere; hau da, bizikidetzarako eta etorkizun hobea bilatzeko.

1661az geroztik, Joan Santuen Ospitalea zegoen, gaixoak sendatzeko “ospitale klinikoa”: behartsuak Miserikordia Etxean egoten ziren, eta marinel gaixoak, San Nikolas elizaren ondoko lokal batean, San Lazaro Ospitalean. 1835ean Atxuriko Ospitalea eraikita zegoen arren, kolapsatu ez zedin, kolerak jotako lehen gaixoak Olabeagako lazaretora eraman zituzten. Hantxe ikuskatzen zituzten itsasontziak ere, iritsi berritan, eta berrogeialdia agintzen zieten susmagarri ziren marinel guztiei. Aurrerago, lazareto hori Algortako Punta Begoñako gotorlekura aldatu zuten (Cosme Echevarrietak erosi zuen gero, bertan etxea eraikitzeko). Bi lazaretoak Joan Santuen Ospitale Zibilaren araudiaren pean zeuden, eta araudi horren arabera debekatua zegoen epidemia-garaietan gaixo infekziosorik hartzea.

1855eko pandemian, gaixoak artatzeko bi barrakoi eraiki ziren, bata Abandoko San Frantzisko komentuan, eta bestea, San Roke edo Larrinagako Ospitalea deitua, Begoñan. Bilboko Udaleko zinegotzi eta mediku Agustín de Obieta6 doktoreak —Arte Ederren Museoaren mezenas izango zen Laureando de Jadoren ahaidea— hala eskatuta eraiki ziren ospitale horiek. Gainera, haren aholkuz, “gorpuen ikuskatzaile” plaza bat sortu zen (hau da, Osasun Larrialdiak Koordinatzeko zuzendari bat), eta hilotz-biltegi handi bat ere jarri zen Mallonako hilerrian. Pandemia hori 1854ko udaren amaieran lehertu zen, Londresko West End-eko Soho auzoan, eta hiriaren historian izan den kolera-agerraldirik hilgarriena eragin zuen7; hurrengo urtean izurriteak Bilbo jo zuen indar berberaz. Pandemiei buruz ditugun lehen berriak Antzinako Greziaren garaikoak dira: K.a. 430. urtean, izurrite handi bat zabaldu zen Atenasen (tifusaren eta baztangaren arteko zerbait, birikak blokeatzen zituena), hiriak orduan zituen 75.000 biztanleetatik laurdena hil zuena. Tuzididesen arabera (Thucci II, 48), Etiopiatik etorri zen gaitza, Egipton zehar8.

1884an, zabaltzen ari zen beste kolera-epidemia baten berri izatean —mende hartan Bilbora iritsi zen hirugarrena—, agintariak, hau da, Gobernu Zibila (Kontsulatua desagertua zen), Aldundia eta Udala, martxan jarri, eta hari aurre egiteko neurriak hartu zituzten. Urte hartako uztailean, zenbait barrakoi eraikitzea erabaki zuten: batzuk kontrolgune eta desinfekzio-tokietarako, beste batzuk lazaretoetarako, eta beste batzuk, berrogeialdia bete behar zutenen etxebizitzetarako. Menako Epidemia Ospitaleko barrakoi horiek kolera-izurritea Bilbora iritsi baino lehen eraiki ziren. 1904an, Bizkaiko Karitate Elkarteak bere gain hartu zituen pabiloi horiek, eta, handik gutxira, behartsuentzako babes-etxea ireki zuen bertan.

1785ean, Joaquín Colón de Larreátegui9 korrejidorearen ekimenez, Ignacio de Alviz eta Juan de Iturburu maisu hidraulikoek ur-hornidurako hodi asko (3,5 kilometro inguru) instalatu zituzten, Luis Paret y Alcázar margolariari enkargatutako iturrien bidez errematatuak (urte hartako abenduaren 24an inauguratu ziren iturriak). Paret Bilbon erbesteratua egon zen 1779 eta 1787 artean, eta hiriko arkitektura- eta dekorazio-munduan esku hartzeko aprobetxatu zuen denbora: hala, veduta eder bat utzi zigun opari Areatzan. 1840an, Bilbok edateko uretarako hamalau iturri zituen, burdinazko tutuz hornituak; eta beste bost, zaharragoak, kaleak garbitzeko eta suteak itzaltzeko erabiltzen zirenak, zurezko ubideak (barrutik hustutako enborrak eta burdinazko enbor-uztarriak) erabiltzen zituztenak. 1849an, Jean Marie Abadie ingeniari frantses-euskaldunak ur-hornikuntzarako hainbat iturri berri proiektatu zituen, eta 1857an amaitu zituen lanok, Bolintxuko 3.300 m3-ko ur-biltegia eraikita.

Bestalde, 1863an, Modesto Echanizek hodi bat ekarri zuen ibaiaren beste aldetik. Irizpide horiek oinarri hartuta, udalak, 1878an, Ernesto Hoffmeyer ingeniariaren esku utzi zuen hiria urez hornitzeko proiektua (bi sare desberdin ziren, bata iturri-urez hornitua eta bestea ibai-urez hornitua) eta ura herriguneko, zabalguneko eta Volantin pasealekuko denda, etxe eta etxebizitzetara banatzeko plana. 1894an, bi presa eraiki ziren Bolintxu ibaiaren erdiko ibilguan, eta bertan bildutako ura harkaitzean zulatutako eta harlanduz itxitako biltegi batera eramaten zen. Bai ur-biltegi hori bai Larraskitukoa (1908) ere erabilgarri egon dira XX. mendearen amaierara arte. Dena dela, esan beharra dago Bilbok bi ur-eroanbide zituela jada 1558an: bata iturriak hornitzeko eta bestea hiriko Erronda garbitzeko. Kontsulatuak, ibaiaren nabigagarritasuna eta kaien egoera zaintzeaz gain, bideen eta errepideen hobekuntza-lanak eta edateko ura herritar guztiengana iristeko zerbitzua ere kontrolatzen zituen.

Baina Bilbotar askok itsasadarretik bertatik hartzen zuen ura, hiriko ur beltzak eta deskarga-kaietako zikinkeria bertara isurtzen ziren arren. Horregatik, 1891n, udalak saneamendu-aurreproiektuen lehiaketa bat deitu zuen: Recaredo de Uhagón (1848–1912) bide-ingeniariak irabazi zuen lehiaketa, 100.000 biztanleko Bilbo baterako pentsatuta zegoen “Mens sana in corpore sano” proiektuarekin. Bilbo izan zen, beraz, saneamendu-sare modernoa (1894–99 bitartean eraikia) izan zuen estatuko lehen hiri handia. Uhagónek, gauza berri bezala, hormigoi armatua erabili zuen bulkada-hodian, baita bakteriolisi bidezko arazketa-teknika bat ere, eta hori eredu gisa erabili zen geroago Valladolid, Sevilla eta beste hiri batzuetako saneamendu-sareen eraikuntzan. Uhagónek berak Parisko Clichy-ko urak Acheres-eko nekazaritza-parkera eramateko egindako lanen ereduari jarraituz proiektatu eta eraiki zuen 1898–99 urteetan Elorrieta (Bilbo) eta Galea (Getxo) arteko 10.000 metroko bultzada-hoditeria. Koleraren krisi historiko horrek, setio karlistek eragindako ondorioez gain (zaurituak eta hilak), aldaketa sakonak eragin zituen hiriaren antolaketan eta beharretan, oinarrizkoenetatik hasita: ur higienikoak hornitzeko lineak, hondakinak eta estolderia kudeatzeko sistemak, ospitale- eta ehorzketa-zerbitzuak, etab.

1893an, beste kolera-agerraldi bat izan zen, eta hurrengo urtean elgorria gehitu zitzaion kolerari. Elgorriaren erasoak heriotza asko eragin baitzituen haurren artean, kausak aztertzeko eta haurren heriotza-tasa murrizteko beharrezkotzat jotzen ziren neurriak proposatzeko batzorde bat sortu zuten, zinegotziek eta Tokiko Osasun Batzordeko kideek osatua. Eredutzat hartu zuten Léon Dufour frantsesak Pierre Budin pediatraren ideien laguntzarekin 1892an martxan jarritako Goutte de lait (esne-tanta) erakundea. Eredu hori Europa osora ari zen zabaltzen Parisko Karitateko Ospitalearen bidez. Bilbon 1904an inauguratu zen Esne Tanta, Federico Echevarría Rotaeche industrialariak 1903an Etxaniz Suhiltzailearen plazan eraikitako txalet batean10.

Hiriko ospitaleak eta hilerriak egokitzeko ekimen hori, arestian esan bezala, 1835eko lehen kolera-agerraldiaren eta Lehen Karlistaldiak hainbeste zauritu eta hildako utzi izanaren ondorio izan zen. Garbi ikusi zen orduan ospitalea eta hilerria hirigune zaharretik atera eta kanpora eramateko beharra. Atxuriko Ospitale zaharra txikia eta zaharkitua geratu zela ere ikusi zen Bigarren Karlistaldian. Osasun Zentro horrek nolako arazo larriak zituen ikusita, Gregorio de la Revilla buru zuen Karitate Batzordeak irtenbide bat bilatu nahi izan zuen Bilboko zabalgunean bertan. Horrela sortu zen Basurtuko Ospitalea, ekimen pribatuak finantzatua, familia ezagunen ekarpenekin. Familia-deitura horien arabera izendatu ziren ospitaleko hamabost pabiloiak (Allende, Iturrízar, Careaga, Gandarias, Gurtubay, Revilla, Jado, etab.), bakoitza gaitz batean espezializatua11. Ospitalea Enrique Epalza udal arkitektoak diseinatu zuen eta 1908ko azaroaren 13an inauguratu zen.

Gauza bera gertatu zen hilerriekin. Frantsesen inbasioaren garaian jada ez zen ehorzketarik egiten Santiago elizako eta elizpeko harlauzen azpian. San Frantziskoko fraideek baratzetarako zituzten lursail batzuetara lekualdatu ziren ehorzketak12. Estatuko gainerako lurraldeetan, hilerriak hirien erdigunean zeuden, batzuetan ospitaleetatik gertu, baina elizetan ere egiten ziren ehorzketak. Hilerriak hirigunetik kanpoaldera lekualdatu ziren, hain zuzen ere, biztanleria ugaritzearekin batera, hildakoen kopuruak ere gora egin zuelako. Mallonako hilerri berria 1828 eta 1830 bitartean ireki zen13. Hilerriak forma eliptikoa zuen, baina, gerora, eraberritu eta aldatu egin zen, eta futbol-zelai izatera ere iritsi zen. Han inauguratu zen, solemnitate handiz, 1870eko maiatzaren 24an, Bilboko hiriak Lehen Karlistaldian (1835–36) “eroritako guztiei” eskainitako mausoleo edo panteoia. Bestalde, inguruko elizateek zeinek bere hilerria zuten: Elexabarrikoa (Abandon), Begoñakoa eta Deustukoa. Bien bitartean, hiribilduak hazten jarraitu zuen, eta hildakoak lurperatzeko eta bisitatzeko lurren beharra ere neurri berean hazi zen. Oroitzapenezko leku diren heinean, hilerriek inguru lasaiak eta zabalak izan behar dute, “ibiltzeko eta pentsatzeko toki bat, normalean oharkabean pasatzen zaizkigun edo ahaztuta dauzkagun gauzez ohartzeko toki bat”. Horregatik, Udalak lehiaketa bat deitu zuen hilerri berri bat eraikitzeko beharrezko lursailak erosteko. 1891n, Bilbo-Lezama trenbidearen sustatzaileek lursail batzuk eskaini zituzten Derion hilerria egiteko eta bagoi berezi bat hildakoak Mallonako galtzadetako geltokitik hilerrira eramateko, baita kapera bat ere, geltokian bertan. 1902an, Derioko hilerria ireki zen, Vista Alegre izenekoa, bertatik paseoan ibiltzeko eta hango mausoleo-jauregi berrien artean paseoan ibiltzeko moduko eremu zabala, geroxeago Getxoko Galea hilerrikoa izango zena bezalakoa.

Ilustratu frantsesen ideia higienistek oso harrera ona izan zuten Bilboko gizarteko buruzagien artean, batez ere kanpoan ikasitakoen artean. Modan jarri zituzten bainuetxeak, hala nola Kortezubikoa (1848an inauguratua) eta Zaldibarkoa (1851), eta, aurrerago, Areetakoa (1868) eta Portugaletekoa (1875), itsaso-bainuetxeak biak. Higienea lantegietara ere iritsi zen, bai ogi-fabriketara, baita hiltegi berrietara ere. 1850ean, arkitekto bat izendatu zuten Osasun eta Higiene Publikoaren Arretarako buru, eta beste bat Suhiltzaileen Konpainiako buru. Colón de Larreátegui korrejidorearen garaietan hasi eta XIX. mende osoan zehar, “osasun publikoa” lehentasunezkoa zen, eta hala zeritzen —hiribilduko zein Diputazioko— agintariek gaixotasunak saihesteko eta herritarrak babesteko antolatzen zituzten jarduerak; higienean eta sistema sanitarioan (urak, ospitalea, hilerriak…) oinarritutako neurriak ziren. Hiribilduko mediku berriek Rudolf Virchow (1821–1902) sendagile alemaniarraren ideiak jarraitzen zituzten: “medikuntza gizarte-zientzia da eta politika ez da eskala zabalagoan egindako medikuntza besterik”. 1878an Tiboliko udal-hiltegiaren eraikuntza-lanak hasi ziren, 1653az geroztik hiltegi nagusia egon bazegoen ere. Agintariek haragi-salmentetan egiten zuten kalitate- eta osasun-kontrolerako gunea, “Haragitarako ohola” izenaz ezaguna, beren beregi Harategi izena zuen kalean egon zen (gerora Arategizar deitu zen, hiltegia instalatu ondoren), Zamudioko Atetik hurbil (garai hartako Hiltegi kalea), bata bestearen aurrean zeuden bi eraikinetan: Hiltegiaren eta Haragi-gazitegiaren etxea batetik, eta aurrez aurre, Harategi Berria (1885az geroztik eta gaur egun arte Espainiako Bankua deitua, urte hartan Espainiako Bankuak erosi egin baitzuen une hartan Harategia zen eraikina). Berlinen, aldiz, ez zen hiltegi-nagusirik edo Zentralvieh- un Schlachthof deritzonik egon 1881era arte (Christian Kassung, Fleisch. Die Geschichte einer Industrialiesierung, Ferdinand Schöningh Verlag, Paderborn, 2020).

Bilboko osasun-egoera hobekien aztertu duen Juan Gondar adituak behin baino gehiagotan idatzi du hiriko osasun-baldintzei buruz, onenak ez zirela esanez. Haren ikerketek, baina, XX. mendearen hasierako Bilbo superpopulatuari egiten diote erreferentzia bereziki. Hala ere, esan dezakegu XIX. mendearen erdialdeko Bilbok ongi jakin zuela kudeatzen bai ospitale arloan zituen beharrak, bai hilerri arloan zituenak —areago pandemia garian, COVID-19arekin ikusten ari garen bezala—, bai hiriko uren eta sareamendu orokorraren arloan zituenak ere.

Bilbok atzean utzi nahi zuen hiri goibelaren planta: infekzioen beldur izateari utzi, eta ur garbia eta gauerako argia zeuzkan hiria izan nahi zuen. Hiribildura bizitzera zetozen baserritarrek alde batera uzten zuten beren naretasun bukolikoa hiritar bihurtzeko, eta gizabanakoen arteko hurbiltasuna, aukerak, jendetasuna eskatzen zizkioten hiriari, baita segurtasuna eta plazerak ere. Hiria berritzailea eta garbia zen, herriak baino gehiago. Bonbardaketak eta infekzioak jasan arren, aurrera egiteko gaitasuna du hiriak, begiak etorkizunean jarrita egin ere, hau da, merkataritzan. Bere jatorria merkatariak erakartzean datza, baina baita kontsumitzaileak sortzean ere. Multzokatzeak hezkuntzarako eta entretenimendurako bidea ematen du, kafetegiak barne. Nolabait, finantza-merkataritza eta aseguruen arloa kafetegietatik eratorri ziren.

Hiribilduak badu nolabaiteko hiri-magnetismo bat (urban magnetism), eta social network delakoa da bere horretan. Bilbok Amsterdan, Hanburgo, Lübeck… bezalako hirien ereduari jarraitzen zion merkataritzaren, salgai-trukearen gune (hub) izateko, baserritarren merkatu xume izatetik nazioarteko merkatu izatera igarotzeko.

Horrenbestez, berriz esan dezakegu XX. mendearen hasieran Bilboko hiribilduak bazuela uren saneamendu- eta arazketa-azpiegitura, Recaredo Uhagónek proiektatua (1895–1902), bazuela Derioko hilerria (1902) eta bazuela Basurtuko Ospitalea (1908) ere, eta gaur egun martxan segitzen dutela hirurek.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Gaixotasunaren baziloak desidratazio larria eta diarrea eragiten ditu, eta Filippo Pacinik aurkitu zuen, 1854an; Jaume Ferrán Clúak prestatu zuen lehen txertoa, 1885ean, baina 1919 arte ez zuten onartu. E. Angolotty Cárdenas, “Datos para la historia del cólera en España”, Revista Sanidad e Higiene Pública, 1970. Gaixotasunak eta ondoko agerraldiek 300.000 hildako eragin zituzten 1833–34 artean, 236.000 hildako 1854–55 artean, 120.000 inguru 1865ean, eta beste 120.000 inguru 1885ean. [itzuli]
  2. Ura zuzenean menditik hartzen zuten iturri batzuetan zegoen infekzio-fokua, baina karlismoaren aldeko fraide propagandistek kutsatzen ote zuten ere zabaldu zen. [itzuli]
  3. Bilbotarrek “hirurogei eguneko kolera” eta “ehun eguneko kolera” izendatu zituzten. Ikus: Juan Gondra, “El cólera de sesenta días”, Bilbao, 2017ko urtarrila. [itzuli]
  4. 1830eko udazkenean, Alexander Pushkin (1799–1837) kolera-izurrite batengatik konfinatuta geratu zen Boldino herrian, Errusiako hego-ekialdeko probintzia batean, haren aitak zuen etxe batean. Moskura joan ezin zuelako etsita (ezkontzera joan behar zuen), honela idatzi zion emaztegaiari: “Bost berrogeialdi eremu daude hemendik Moskura bitartean, eta 14 egun eman beharko nituzke bakoitzean. Atera kontuak eta imajinatu nola nagoen, burua galtzeko zorian”. Pushkinek ezin izan zuen joan Moskura, baina hainbat kontakizun labur, poesia eta hitz lauzko poema idatzi zituen, baita Eugene Onegin liburuko bi kapitulu ere, konfinatuta egon zen hiru hilabete horietan. [itzuli]
  5. 1511n sortu zenetik, Bilboko Kontsulatuak aholkuak ematen zituen horrelako gaietan, XIX. mendean desegin zen arte. Handik aurrera, Bizkaiko Osasun Batzorde Nagusiak kontrolatu zituen alderdi horiek guztiak, kolera-epidemiek ez zezaten alarma sozialik sor —Madrilen gertatu zen, adibidez—, eta gaitzak ez zezan merkataritza-jarduera erabat geldiaraz. [itzuli]
  6. Agustin María Obieta (Bilbo, 1814–Bilbo, 1896): Laureano Jadoren osaba zen. Mediku gisa, aktiboki parte hartu zuen Bilbon izan ziren izurriteetan aurkako borrokan, eta bere gain hartu zuen Osasun Batzordearen zuzendaritza. Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak, 1895ean sortuak, borroka horretan egindako lana aitortu zion, eta ohorezko lehendakari izendatu zuen. Hainbat lan idatzi zituen medikuntzaren alorrean, hala nola: “Influjo de los astros en el curso de las enfermedades” edo “Tratamiento de la neumonía basada en la observación práctica”. [itzuli]
  7. XIX. mendearen erdialdean, Londres Victoriarra izan zen Europako metropolirik oparoena eta planetako populatuena (2,4 milioi biztanle). The Ghost Map: The Story of London’s Most Terrifying Epidemic—And How  It Changed Science, Cities, and the Modern World lanean (Londres, 2006. Gaztelerazko itzulpena: Cristina Mbarichi Lumu, El mapa fantasma, Capitán Swing, 2006), Steven Johnson-ek XIX. mendearen lehen erdiko Londresen deskribapen liluragarria eta zehatza egin du,  eta aurrez aurre aurkezten dizkio irakurleari Golden Square inguruko kale txiki eta estuak, hango etxebizitzak (asko ukuilu bihurtuak) eta negozioen heterogeneotasun bitxia: hormaz horma okindegi bat duen kapela-fabrika, pub bat detonagailu-tailer baten ondoan… “The river is almost black, and is covered with black barges; above the black housetops […] rises a dusky wilderness of masts” John Gapper-ek aipatua, hemen: “The enduring attraction of cities”, Financial Times, irailak 29, 2020. [itzuli]
  8. Ikus Monica Centanni, “Paralos: La città è una nave, la nave è la città”, Engramma, 174. zk., 2020ko uztaila-abuztua. [itzuli]
  9. Joaquín Colón de Larreátegui (1746–1821). Bizkaiko Jaurerriko korrejidore nabarmena izan zen (1782–85), eta garrantzi handiko herri-lanak eginarazi zituen: errepideak, iturriak, ur-ekartzeak. 1785eko abenduaren 24an, hainbat iturri inauguratu ziren Bilbon: Done Jakue plazatxokoa, itsasadarreko kaiaren gaineko plazakoa, eta San Anton zubikoa. Era berean, berak proposatu zuen hirian kale-argiak jartzea eta hiltegi bat eraikitzea. Larreáteguik adiskidetasun estua izan zuen Gaspar de Jovellanosekin. Horrek bere egunkarietan aipatzen zuen Larreátegui, esanez “erudizio handiko gizona” zela, eta “filosofo erretiratu baten moduan bizi da, lagun gutxi batzuekin duela tratua, asko irakurriz eta ondo pasatuz. Liburutegi bikaina dauka”, Gaspar Melchor Jovellanos, Diarios, Ángel del Ríoren aurretiazko azterketa, Julio Somozaren edizioa, Oviedo, Asturiar Ikasketen Institutua, 1953, I. liburukia, 215. or. [itzuli]
  10. Handik gutxira, 1912an, San Antonio Sehaska Etxea eraiki zen, Urazurrutia kalean, Ricardo Bastida arkitektoaren proiektu baten arabera (1939an beste solairu bat gehituz eraberritua). [itzuli]
  11. Hil hurren zeuden gaixoen pabiloia Ampuero familiak ordaindu zuen; hortik Bilbon hain arrunta den esapide hori: “a cascarla a Ampuero” (“Zoaz Ampuerora hiltzera!”). [itzuli]
  12. Bilbon, tenplu batetik kanpo ezarritako lehen hilerria izan zen. Agustin Humaranek 1815ean egin zuen topografia-planoan, San Frantzisko komentuko baratze hori hiriko behin-behineko hilerri gisa dago jasota. [itzuli]
  13. Juan Bautista de Belaunzarán (1769–1849) andoaindar arkitektoarena da diseinua. 1927an itxi zuten ofizialki. [itzuli]