Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Herrixka. Guiard, Arteta, Iturrino, Ibarrola

Kosme de Barañano

Izenburua:
Herrixka. Guiard, Arteta, Iturrino, Ibarrola
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta erlijioa | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Gizarte-kronika | Nekazariak artean | Landa-eszenak | Ekonomia | Bilbo | Bizkaia | Paris
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Arteta Errasti, Aurelio | Guiard Larrauri, Adolfo | Ibarrola Goicoechea, Agustín | Iturrino, Francisco

Itsasoko munduaren parean, portuak merkataritza eta kultura gisa zuen esanahiaren parean, arrantzak eta nabigazioak, itsasontziek eta ontziolek zekartenaren parean eta hiribilduaren mugak zabaltzeak esan nahi zuenaren parean landa-eremua daukagu —ondo-ondoan—: herrixkak, hiribildua inguratu eta elikatzen zuten elizateak, zelaiak eta lur landuak, Bizkaiko lur laua (jada azaldu duguna), harresirik gabeko udalerri edo biztanleguneak.

Bilbo Abando, Begoña eta Deustuko elizateek inguratzen zuten; zehazki, hurbileneko auzoek: Atxurik eta Ollerietak Begoñan, San Frantziskok eta Bilbo Zaharrak Abandon eta Deustuk; 10.000 biztanle baino gehiago zeuzkaten1. Bilbok hiru elizate horiekin izandako harremana antolamendu administratibo eta juridikoaren kontrasteak markatu zuen. Bilbok lege batzuk zeuzkan (hiri-gutuna edo Gaztelako Erresumako lege orokorrak), eta elizateak, aldiz, eliz atariko kontzeju irekiak gobernatzen zituen (Foru Zuzenbideak). Baina Aldundiko errejidoreak Bilbon bizi ziren.

Azkenean, XIX. mendearen hasieratik, hiribildu-elizate harremana, edo argiago esanda, Bilbo-Bizkaia harremana, ez zen soilik izan lan- interdependentzian eta produktu-trukean oinarritutako harreman bat (zirkuitu ekonomikoa), baizik eta biztanleen eta familia-harremanen elkarrenganako fluxua. Ikusi dugunez, XIX. mendearen erdialdeko enpresaburu garrantzitsuenetako batzuk lur lautik iritsi ziren. Landako hiru biztanlegune aktibo horiek izatea —Bilboren inguruko nekazaritza-gerriko handi bat izango balira bezala— aire freskoko balbula bat izan zen.

Pentsa dezagun une hartan Berrezarkuntzaren Espainiak landatarra izaten jarraitzen zuela, eta nahiko urrun zegoela Europa garatuenetik. Manuel Azaña politikariak (1880–1940) zera esan zuen gizarte hartaz: “kontraste bortitzenak zituen; zenbait hirigunetan, bizitza-maila altua, zibilizazio garaikideko erabilera guztietara egokitua, eta kilometro gutxira, XV. mendean geldituak ziruditen herrixkak”. Frantziako Iraultzarik eta Industria Iraultzarik gabeko Espainia zen, eta biak batera existitzen ziren, Antzinako Erregimenaren “zahartasuna” eta “berritasuna”2. Bestalde, Pio Baroja idazleak (1872–1956) honela aztertu eta laburbildu zuen gizarte hura: “hiri handitik urrutiko herrixkara joatean, bizitza modernotik antzinako bizitzarako aldaketa nabaritzen da” (baina) “bi bizimoduetako ezein, ez herrixkakoa, ez hirikoa, ez dira garbiak eta homogeneoak beren antzinatasunean edo modernotasunean; hiriak eta landa-eremuak elkarrengana hurbilduz doaz, eta eragina dute batak bestearengan”3.

Urrats gutxi batzuek bereizten zituzten bi mundu horietaz ohartzen lehenak artistak berak izan ziren. Esan dezakegu hainbat urtez Bruselan eta Parisen ibili ostean Darío de Regoyos eta Adolfo Guiard etxera itzuli zirela eta dikotomia hura ikusi zutela horizonte berrien bila zebilen Bilbo industrialaren eta elizaren kanpandorreak ezarritako bizitza-erritmoa izaten jarraitzen zuten herrixka herabeen artean.

Regoyosek ondo zekien hori, bere lagun Émile Verhaeren (1855–1916) belgikar poetak jasota utzi baitzuen funtsezko hiru liburutan: Les campagnes hallucinées (Landazabal haluzinatuak, 1893), Les villages illusoires (Ametsezko herrixkak, 1895) eta Les villes tentaculaires (Hiri garrodunak, 1896)4.

Les campgnes hallucinées liburuko lehen poemak, “La plaine” (Lautada) izenburudunak, elizako bilerek markatutako herrixka emankor eta langile horien desagerpenaren berri ematen zuen, eta azaltzen zuen lan mekanikoa soroak labakitzen hasi zela eta jende hura, erlijioak markatutako “engranaje handi baten bizi-zatiak”, hirietara joaten hasi zela. Hirietan, iragana nahasi egiten zen “Avec le présent net l’avenir encore gauche”. Verhaerenek, liburu bereko “La ville” poeman, hiriaren hazkundeaz hitz egin zuen, eta beti ingurukoaren kontura hazten zela azaldu zuen. Poetarentzat, hiria izaki garroduna zen, eta, hala, Les villes tentaculaires liburuko “L’âme de la ville” poeman, ondoko lurrak ez ezik, banakoak ere anexionatzen zituela aipatu zuen.

Elizateetako mundu hura hainbat margolanetan irudikatuta ikusiko dugu erakusketa honetan: Adolfo Guiarden 1892ko Uzta-garaia (La siega) eta Aurelio Artetaren 1913ko Arratiako Eva (Eva arratiana) lanetan, eta fauve kolore-kontrapuntu batekin Landako festa (Fiesta en el campo) izenekoan, ca. 1902, Francisco de Iturrinorena, Henri Matisse lagunari hegoaldeko argia erakutsi zion margolariarena. Guretzat Agustín Ibarrolaren Totem (1972–74) lanean amaitzen da, maisutasunezko ikono horretan, elizateko totem horretan.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. 1870ean Abando eta Begoña partzialki anexionatuta (1861eko apirileko legearen babespean), handitu egin zen Bilboko biztanle-kopurua: 1877an, 32.734 biztanle izatera iritsi zen; ikusi Andere Arregui, “Una historia contigua: la presión urbana de Bilbao sobre la Anteiglesia de Abando en el siglo XIX como antesala del ensanche”, VII Encuentro Internacional de Jóvenes Investigadoras e Investigadores en Historia Contemporánea, Granadako Unibertsitatea, 2019ko irailaren 5etik 7ra. [itzuli]
  2. Manuel Azaña, Causas de la guerra de España, Juan Pablo Fusi eta Jordi Palafox, España, 1808–1996. El Desafío de la Modernidad, Espasa-Calpe, Madril, 1997, 170. or. [itzuli]
  3. Pio Baroja, “La vida tradicional”, Obras completas, V. liburukia, Biblioteca Nueva, Madril, 1976, 999.–1.000. or. [itzuli]
  4. Liburuak batera berrargitaratu zituen Mercure de France argitaletxeak (Paris, 1904). Ikusi Juan Soros, “La ciudad tentacular en dos poemas de Émile Verhaeren y una ilustración de Frans Masereel”, Ángulo Recto. Revista de estudios sobre la ciudad como espacio plural, 3. lib., 2. zk., 2011. urtea, 279.–91. or. [itzuli]