Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Steam Yachts - Eskola-ontziak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Steam Yachts - Eskola-ontziak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Hezkuntza | Bilbo | Bizkaia | Itsasontziak

 

Enpresari berri horietako batzuk Zazpikaleetatik atera, eta etxe handiak eraikiko zituzten Campo Volantinen, Deustuan edo Zabalgunean, eta, aldi berean, punta-puntako laketontziak erosiko edo eginaraziko zituzten. Mende aldaketarekin batera, Bilboko ibaira Abratik sartzeak erakutsiko zituen bi aldeetan, hala Santurtziko eta Portugaleteko ertzean, nola Areetakoan eta Punta Begoñakoan, villa partikular itzel eta eder-ederrak, eraikuntza berriko “hotelak”, Bizkaiko Institutuan negozio-gizon boteretsu horien ikaskide izandako arkitektoek eginak. Garai hartantxe hasi ziren agertzen orobat Bilboko klub nautiko berriak.

Geldiune bat egin beharra dago zurezko zurginen ontziolak altzairuzko ontzioletan nola eraldatu ziren aztertzeko, nautika eskolen hainbat etapei begiratzeko eta XIX. mendeko bilbotar itzaltsu haien biografiari so egiteko, bela kluben sorrera ulertu nahi bada.

Badaude Ucelayren marrazki batzuk, 1928koak, XIX. mende erdialdeko portuko eszenak erakusten dituztenak, non alboko gurpilekiko steamer-ak goletekin eta clipper-ekin nahasten baitira, eta non pertsonaien jantziak 1854ko modakoak baitira. Ucelayk The London Illustrated Newseko grabatuak oroitarazten dizkigu; haren amaren osabak, Gabriel Lambarrik, gordea zeukan argitalpen hori, 30etik gora liburuki koadernatuetan. Emakumeen soinekoen aberastasun lerro-makurrari portuko dikeen, egurrezko pasabideen eta ontzien aparailuen kontraste lineala kontrajartzen dio. Haren Bermeoko muralean, ikusten ditugu portuko eraikinak, arrainontzi porturatuak, eta eraikitzen ari diren ontzien oskolak, egurrezko zuakerrak agerian dituztela. Bermeoko muralak marinel-herri bat laburbiltzen du, non egurrezko ontziola eta lurrunontziak nahasten baitira.

Burdinazko eta altzairuzko ontziak eraikiko zituen lehen ontziola José María Martínez de las Rivasen ekimenez sortu zen. Gizon horrek ikusi zuen estatuak gerraontzi berriak eraikitzeko premia zuela (1888an hiru gurutzontzi enkargatu zizkioten bere eskuadra berrirako) eta britainiar itsas eraikitzaile bat konbentzitu zuen, Charles Palmer, 1889an Martínez Rivas-Palmer elkarte kolektiboa sortzeko, alegia, ontziola handi batzuk, artilleriako, makineriako eta fundizioko tailerrekin. Garai hartan agertuko zen baita ere Bilboko ibaian, lehenengo laketontzi bikaina, José María Martínez de las Rivasen Lily, steam yacht bat, hau da, bi mastako goleta bat bezala tresnatutako lurrunontzia, gehi zutoineko bi masta eta maspreza zeuzkana. Ingalaterran hezia, De las Rivas, amaren aldeko osabaren negozioak gobernatzeaz gainera, bere belaunaldiko enpresaririk ausartenetako bat izan zen eta Astilleros del Nervión enpresaren sortzailea. Bi aldiz ezkondu zen ingeles emakumeekin, eta, gainera, itsasozale amorratua zen: Lily (bere lehen emazte, Cecilierengatik) ibaiko lehen yate handia izango zen. Yate moderno horretatik gozatuko zituen Alfonso XIII.a erregeak lurralde nazionalean egin ziren lehen estropadak.

Beste ontzi garrantzitsu bat schooner goleta zen, haren anaia Franciscorena, ezizenez Carita, eta 1881ean Albert Edward printzearena izan zena1.

Bi mastako goleta bat zen, guairo baten modura tresnatua (hau da, labana-belak jasotzen dituzten ontzien “branka-popa aparailua”), eta aurtza astun bat zeukana2. Franciscok 1900ean erosi, eta Carita izena jarri zion, bere alaba Caridadengatik; alaba beste yachtman handi batekin ezkonduko zen, Santiago Martínez de las Rivas Tracy (1877–1906) bere lehengusuarekin. Gizon hura, bere bizitza laburrean, hiru aldiz izango zen Sportingeko lehendakaria eta estropadalaririk onenetako bat3. Santiagok Carita II eta Carita III eraikiko zituen Astilleros del Nervión ontziolan, biak bi tona baino gutxiagokoak. Santiago Errege Koparen txapelduna izan zen 1904an Carita IIrekin, bera patroi zela, eta 1905ean Kieleko estropadetan parte hartu zuen, Enrique Careagaren Princesa de Asturias balandroarekin. Santiagok bi gauza handi egingo zituen belaren munduagatik: bere aitaren izena zuen saria eraikuntza nazionaleko ontzien estropadarako, eta beren jabeak, eta ez beste inor, patroi zituzten ontzientzako saria.

Enpresarien arteko beste itsasgizon handi bat Cosme Echevarrieta Lascurain zen, bere belaontzian Abran zehar nabigatzera ateratzen zena bere pentsamenduak argitzeko. Echevarrietak ez zuen sekula ahaztu ontziko kapitain gisa izan zuen hasiera. Haren anbizioa beti egon zen lotuta itsasoarekin zerikusia zuen guztiaren gurtzari: arriskua eta zehaztasuna, hauskortasunaren eta dinamismoaren nahasketa hori, harridura sortu eta zalantza eragiten duena, eta helmugako hodeiertzaren bista, zeru gangaren kapritxoekin lagundua beti. Echevarrietak bere seme Horacio entrenatu zuen, eta hark bere eskifaiak entrenatu zituen. Kapitainaren eta itsasgizonaren arteko nahasketa horrek beste nabigatzaile batzuk, bai eta adiskide eta etsai batzuk ere, liluratu zituen. 1887an Laurac Bat ontzia zebilen ibaian (lau Chávarri anaien aipamenez), Víctor Chávarrirena, 30 metroko luzera zuena4. Benigno Chávarrik 1926an emango zion ontzia Bilboko Nautikako Eskola Ofizialari. Tissotek, Guiardek, eta abarrek pintatutako ontzi mota zen, pailebote motakoa, alegia [Pilot’s boat (pilotuaren txalupa) ingeleseko hitzetik hartua]: goleta txikiak, gabiarik gabeak, motorizatuak eta arrasean eta bizkor nabigatzen dutenak. Víctor Chávarri 1900ean hil zen, Cosme Echevarrieta 1903an eta José María Martínez de las Rivas 1913an: hiru enpresari eta nabigatzaileek 13 milioi pezetatik gorako dirutzak utzi zituzten. Ordurako, ibaiko jendea harritu zezakeen ontzi bakarra Giralda zen, Hugh McCalmont jeneral, politikari eta kirolari britainiarrak 1894an eraikia (95 metroko luzera, 1.609 tona desplazamendu), eta orain Alfonso XIII.aren errege yatea zena5.

Mende hasieran, belaunaldi berriko bi pertsona ospetsuk, Ramón de la Sota nazionalistak eta Horacio Echevarrieta errepublikanoak, nabigazioaren bi harribitxi matrikulatuko zituzten Bilboko portuan. Echevarrietak steam yacht bat erosi zuen 1910ean, 70 metro luze eta 9 zabal, eta Cosme y Jacinta jarri zion izena, bere gurasoen omenez6. 715 tona mugitzen zituen eta haren eskifaia kapitain batek, pilotu batek, makinista batek eta 27 gizonek osatzen zuten —marinelak, sukinak eta ostalaritzako langileak—. Ontzia 1896an diseinatu zen Sir Donald Currie ontzi-jabearentzat. Handik gutxira, 1914an, Gillermo II.a enperadore alemanaren estropada-yatea ere erosiko zuen, Meteor IV, geroago aipatuko duguna.

Itsasoa izan zuen beti Horaciok lekurik gustukoena. Aitarengandik heredatu zuen grina hura. Beti bilatzen zituen belaontzi maneiagarriagoak bere estropadetarako. Plymouth-Santander Belako Yatchen Nazioarteko Estropadan lortu zuen 1925ean bere lehen saria, María del Carmen Ana ontziarekin, sei orduren aldea atera ziolarik bigarrenari; hala ere, Cosme y Jacinta iruditu zitzaion beti bere ontzirik onena. Bulegoetatik eta fabriketatik urrun, itsas zabalean egoten zen beti ahal zuen guztietan. Bere etxe berria eraikitzeko, Echevarrietak leku seinalatu bat hautatu zuen Neguriko luxuzko etxeen artean, Punta Begoña, gotorleku militar bat eta gero lazareto bat egon ziren lekua, hain zuzen. Mareen gaineko behatoki bat zen. Hango egongelatik ez zitzaion ezer itzurtzen haren begiei: ezker aldean bere meategiak eta ibaian, berriz, bere merkataritza-ontzidiaren joan-etorria. Era berean, Santurtzin, non Abra kontrolatzen baitzuen beste gotorleku baten hondakinen gainean eraikitako txalet batetik.

Echevarrietak oso ondo aztertzen zituen bere ontzi guztiak: kroskoaren marrazkia, masten antolamendua, belen sekzioak, etab. Juan Antonio Aldecoa bilbotar ingeniaria izan zuen “nabigazioan eta ikerketan” kide; bere ahaldun leialetako bat zen eta Cadizeko ontziolaren zuzendaria 1921 eta 1931 artean. Solaskide leiala zen, baita ere, abiazioaren arloan7. Echevarrietak ez zituen alderdi ekonomikoak bakarrik gainbegiratuko, aitzitik, berrikuntza teknikoak eta estilo-xehetasunak, batez ere: “ontziak eraikitzera emanda gaude, eta eginahal bizian nabil gure ontzi ondo administratuak onenak bezain onak direla frogatzeko… Damu dut nire herrikideek nire ereduari ez jarraitu izana”. Haren gaitasunari, kemenari eta elkartasun senari esker bere eskifaien errespeturik sutsuena irabazi zuen. Gauza bera esan liteke Ramón de la Sotaz, zeinak 1920an Goizeko Izarra erosi baitzuen (izen bereko bosgarren yatea zen)8, 1.266 tona desplazamendukoa eta 86,7 metro luze, George L. Watsonek 1904an diseinatua; Watson ontzi arkitekto ospetsu bat zen, 1873an yateak diseinatzeko munduko lehenengo bulegoa sortu zuen eta beste yate ospetsu asko ere diseinatu zituen, America’s Cupeko Thistle, Valkyrie II, Valkyrie III, Shamrock II erronkariak eta Britannia gogoangarria.

De la Sota Gerra Zibilaren hasieran hil zen, Lerteguiko bere etxean. Haren seme Ramón de la Sota Aburtok Gurutze Gorriaren esku jarri zuen Goizeko Izarra, zeina biztanle zibilak ebakuatzeko erabili zen, haien artean hezurretako tuberkulosiak jotako eta Gorlizko Erietxetan ospitaleratutako 270 ume, Euskadiko Gobernuak portu frantsesetara eraman zituenak. Horrela amaitu zen Abran bizi izan ziren schooner haien ez elezaharra, errealitatea baizik.

Berebat esan behar dugu ezen azken bi enpresari horiei, Ramón de la Sotari eta Horacio Echevarrietari, zor zaiela azken bi goleten eraikuntza, XX. mendean jadanik. Goleta —schooner hitza Ipar Ameriketako ekialdean erabili zen lehenbizikoz 1700. urtearen hasieran— oso erabilia izan zen ozeano Atlantikoaren bi aldeetan XIX. mendearen amaieran. Goleta kabotajeko ontzi gisa XIX. mendean desagertu zen, eta lurrunontziak ordezkatu zuen, baina kiroletarako ontzi gisa berreskuratu zen, hala nola Ramón de la Sotaren Ama Begoñakoa fragata 1902an edo haren ontzi-enpresako eskola-ontzia edo Juan Sebastián de Elcano, bergantin-goleta bat, 1927an Espainiako Itsas Armadako eskola-ontzi bihurtuko zena.

Ama Begoñakoa 1902ko uztailean uretaratu zen, A. McMillan & Sonsen ontzioletan, Dumbartonen, Compañía de Navegación Sota y Aznar enpresarentzat, altzairuzko kroskoa zeukan belazko eskola-ontzi gisara9. Montevideon erregistratu zuten, zeren eta Uruguaiko banderak matrikulazio-eskubideak eta beste zerga batzuk saihesten baitzituen garai hartan. Altzairuz eraikia zegoen, 91 metro zituen luze, 13 zabal eta 4.000 tona desplazamendu; koadro txuriz eta zerrenda beltzez pintatua egon zen, fragata zaharren zama-zuloak edo alboetako irekiguneak gogoraraziz. Aparailua bere garaikoen arteko handienetako bat zuen: lau masta, horietariko hiru gurutzatuak, altuera berekoak eta gurutzatze berekoak. Ganberak zeuzkan popan kapitainarentzat eta ofizialentzat, eta ikasgelak popako masta nagusiaren eta mesanakoaren artean. Tomas Undabarrena zuen ontziak kapitaina, eta 52 laguneko eskifaia zuen.

Ontzi-enpresa gutxik esan zezaketen eskola-ontzi propio bat zeukatela eta aurreko hamarkadetan bezala irakasten zutela oraindik nabigatzen. Ontziak Begoñako Ama Birjinaren irudia zeukan brankan, hark ematen baitzion izena ontziari.

Bestalde, Horacio de Echevarrieta arduratu zen oraindik ere gure eskola-ontzia dena, Juan Sebastián Elcano, 1927an uretaratua, Cadizeko Echevarrieta y Larrinaga ontzioletan eraikitzeaz. Ontzi horren diseinua Juan Antonio Aldecoa itsas ingeniariarena zen, bera izan baitzen ontziolako zuzendaria 1921etik 1923ra bitartean; 113,1 metro zen luze (94,13 maspreza gabe), 13,1 zabal eta 6,68 metro garai; lau masta zituen10. Handik urte batzuetara Esmeralda, Txileko Itsas Armadako eskola-ontzia, Elcanoren antzera eraikiko zen11. Beste ontzi txikiago batzuk ere eraiki zituen, Santa María karabelaren erreprodukzioa, adibidez, Sevillako erakusketa iberoamerikarraren karietara, 1929an. Echevarrieta gizon polifazetikoa zen, inondik ere; berdin eraikiko zituen belazko aparailuko goletak eta itsaspekoak, nola, adibidez, E-1, Wilhelm Canaris garai hartan kapitaina zenarekin elkarlanean diseinatua; Canaris Abwehren burua izan zen Bigarren Mundu Gerran12.

Elcanok emakume irudi bat zeukan brankan, Minerbaren irudi bat, Federico Sáez bilbotar eskultorearena, Durrioren lagun ona zenarena13. Irudiak brankako ezproia koroatzen zuen, txanbergaren azpian. Ontziaren albo altzairuz eginari oso ondo finkatuta zegoen: xaflen lotura bikain soldatua zegoen, irudi osoa xafla bakarrean galdatua izateko eran. Elcanoren zur berarekin Echevarrietak Marichu eraiki zuen berarentzat, 13 metro luze zen belaontzi bat, Gipsy izenez gaur egun oraindik nabigatzen duena.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Carita 13,68 metro luze, 2,36 metro zabal eta 216 tona desplazamenduko schooner bat zen. Benjamin Nicholsonek diseinatu zuen goleta hori 1860an eta Camper ontzioletan eraiki zen, Gosporten (Hampsire). National Maritime Museum de Cornwalleren arabera, Camperen eraiki, baina Captain C. S. A. Thellussonek diseinatu zuen. [itzuli]
  2. Ikus hemen: Endeavour Quay History: “In 1842 Benjamin Nicholson had been apprenticed to Camper and by 1855 he was clearly responsible for much of the yard’s design work and management. In 1860 he launched the 216 ton schooner ALINE which was probably his greatest creation as she outclassed all the opposition and set the standard for schooners for many years”. http://www.endeavourquay.co.uk/about-endeavour-quay/endeavour-quay-history/. Batzuetan, Caritaren aipamena egiten denean, esaten da Charles Sibbickek diseinatu zuela Albert Yard ontzioletan, Thetis Road, Cowes, Isle of Wight, eta 1892an erregistratu Donostian, eta aldez aurretik Aline zuela izena (edo baita ere LINE. 1898. 2 Tonner for France. Never delivered. Sold to Spain as 24 Footer). Charles Sibbickek 300 ontzitik gora diseinatu eta eraiki zituen 1888 eta 1912 artean, urte hartan hil baitzen. [itzuli]
  3. Santiago Martínez de las Rivas Tracy (1877–1906) Caridad Martínez de las Rivas (1881–1924) bere lehengusinarekin ezkondu zen, eta 1906ko otsailaren 6an suizidatu zen, 29 urterekin, Madrilen, seme bat utzirik, Santiago Martínez de las Rivas y Martínez de las Rivas (1904–1937), Mudelako laugarren markesa, zeren eta aurreko markesak, Francisco de Losada y Rivasek, ez zuen seme-alabarik izan María del Carmen Fernández de Córdovarekin, zeina Medinaceliko duke-dukesaren alaba baitzen; Losada Carmenen semea zen, Valdelagrana kondesarena, zeina bigarren markesaren arreba baitzen, Francisco de las Rivas Urtiaga, eta biak lehenengo markesaren seme-alabak, Francisco de las Rivas y Ubieta jaunarenak, alegia. Santiago nazionalen alderdira igaro nahian hil zen 1937an. Santiagoren ontziak Carita zuen izena, eta Franciscorenak, berriz, Carmen y Tuiga (azken hau haren koinatuaren izenean matrikulatua: Medinaceliko kondea). [itzuli]
  4. Laurac Bat Esterel izan zen, 1887an Richard Strakey Glasgowkoari erosia; 30 metro luze zen eta 4,30 metro zabal. Benigno Chávarrik Bilboko Nautikako Eskola Ofizialari eman zion 1926an eta Marqués de Chávarri berrizendatu zuten ontzia. Eskola-ontzia izan zen, harik eta haren ordez El Saltillo erabili zuten arte, Peru Galíndezek 1948an Juan Borboikoari oparitua, alegia. [itzuli]
  5. Giralda Espainiako Itsas Armadak erosi zuen gerraontzi mezulari gisa erabilia izateko Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerra baino lehen. Aurrerago, Alfonso XIII.ak errege yate gisa erabili zuen. 1906ko uztailean Donostiatik, non Victoria Eugenia erreginak uda igaro baitzuen, Cowesera itsasoratu zen, Wighteko uhartera, alegia, estropadetan parte hartzeko, eta gauza bera egin zuen 1911ko ekainaren 1ean, baina oraingoan Santanderetik itsasoratu ondoren. [itzuli]
  6. Cosme y Jacinta 1896an diseinatu zuten, Iolaire (arranoa izendatzeko hitz gaelikoa) izena jarri zioten, eta Leith-en eraiki zuen Ramage & Ferguson etxeak; 222 oineko luzera zuen eta 28 oineko zabalera, eta Sir Donald Currierentzat egina zen, zeina baitzen Castle Shipping Line linearen sortzailea. 1902an Curriek izen bereko yate berri batekin ordezkatu zuen (eta horrek nahasmenak sortu izan ditu), eta Solomon Barnet Joeli saldu zion, diamanteen handi-mandi hegoafrikarrari, zeinak Doris jarri baitzion izena eta 1910 arte mantendu baitzuen; orduan Echevarrietari saldu zion, eta hark Cosme y Jacinta izena jarri zion. 1938an Portsmouth-eko Philip E. Shephardi saldu zioten eta hark Marioni jarri zion izena; eta, azkenik, 1946an desegin zuten. [itzuli]
  7. Juan Antonio Aldecoa (1870–1950) Felisa Lacomberekin ezkondu zen; hainbat gauza asmatu zituen, hala nola ornitopteroa: arrantzarako gailu artikulatu bat, itsasoaren beraren energiak mugitua (Espainiako 64.997 zenbakidun patentea), “bere burua propultsatzeko eta erabilera industrialetarako energia elektrikoa sortzeko” pentsatua. Aldecoaren Hidrotrena esaten zioten asmakizunari: “[…] XIX. mende amaieran, espainiar ingeniari batek olatuen indarra aprobetxatzeko gailu bat asmatu eta eraiki zuen, baita Donostiako Zurriolan probatzen saiatu ere; gailua, baina, desagertu egin zen, itsasoaren indarrak berak eraman eta suntsitu baitzuen. Orain, Aldecoa jaunak asmatutako sistema arazo berari aurre egiten saiatuko da, itxaropen are sendoagoz […] Flotagailu artikulatuz osatutako kate bat da, biela bitartez mugitutzen diren ura konprimatzeko ponpa sorta baten bidez ontzigainari lotzen zaiona. Multzoak ontzi-krosko artikulatua sortzen du, zeina une oro itsasoaren gainaldeko forma kizkurrari egokitzen saiatzen den; era horretara, mugimenduan jartzen ditu ura konprimatzeko ponpak, horiek turbinari eragiten diote eta horrek, azkenik, ontzia propultsatzen duen helizeari helarazten dio indarra. Gainera, gasolina-motor osagarria du, portuko sartu-irtenetan edo itsaso bareegia dagoenean propultsioa eduki ahal izateko”, aldizkari honetan: Nuevo Mundo, 1918ko abuztuaren 2ko edizioa. Aldecoak interesa izan zuen halaber, Alberto de Palaciok bezala, hegazkingintzan, eta haren iloba, Manuel Zubiaga Aldecoa (1893–1986), Isabel Aldecoa Ariasen semea, izan zen Ingalaterran pilotu-titulua lortu zuen Espainiako lehenengo hegazkinlaria, 1913an (ikus http://www.circuloaeronautico.com/data/archivos/revistas/79_41.PionerosdelaAviacionEspanola.pdf). Zubiaga izan zen lehenengoa Espainian eta seigarrena munduan “Looping the Loop” egiten, hots, “kizkurra kizkurtzen”, Liverpoolen gainean, bere jabetzako hegazkin batekin. Bizkaiko Errege Aeroklubaren sortzailea eta lehenengo lehendakaria izan zen 1950eko maiatzaren 1ean. [itzuli]
  8. Goizeko Izarra (aldez aurretik Warrior) Alfred G. Vanderbilt estatubatuar milioidunak enkargatu zion 1904an Ailsa Ailsa Shipbuilding ontziolari, Troonen, Eskozian. Warrior GL Watson & Co.ren 424 diseinu-zenbakia izan zen 1903an; hedadura hirukoitzeko lau zilindroko bi motor zituen, A. & J. Inglisenak, Pointhouse, Glasgow. 1915ean saldu zioten Alexander S. Cochrani (New York Yacht Clubekoa hura ere), eta 1917ko otsailetik 1918ko abendura Admiraltyk konfiskatu egin zuen gerrarako. Sotak 1920an erosi zuen. 1938an Rex M. Hoyesi saldu zitzaion, Southamptonen, eta Admiraltyk berriz konfiskatu zuen 1939an. Dunquerque ebakuatzeko erabili zuten eta azkenean hegazkin alemanek hondoratu zuten 1940an Mantxako Ubidean, Portland Billetik 10 miliara. Ikus liburu hau: G.L. Watson -The Art and Science of Yacht Design, Peggy Bawn Press 2011, bai eta bideo hau: https://peggybawn.wordpress.com/2013/03/10/the-weekend-watson-warrior/. [itzuli]
  9. Ikus https://vidamaritima.com/2008/05/ama-begonakoa/. Halaber, kontsulta daiteke La Vida Marítima aldizkaria, II. urtea, 67 zk., 1903ko azaroak 10: fragata hori 300 oin ingeles luze, 43 zabal eta 34 garai zen. 1910eko ekainean Devitt & Mooreri saldu zitzaion, Londresen, eta Medway izena jarri. 1908ko martxoaren 10eko La Vida Marítima aldizkarian, 12. orrialdean, ontzia saltzeko arrazoia aipatzen da: “Memorian azpimarratzen den legez, Pazifikotik Europarako pleiten merkatua nabarmen nahasi da, eta sumatzen da hautagaiak eta pilotuak ez daudela bidaia luzeei ekiteko prest; horrenbestez, Konpainiak erabaki du Ama Begoñakoa fragata saltzea eta eskola bere lurrunontzietako batera lekualdatzea”. “Sota y Aznar ontzi-enpresak Euskalduna ontzigintza eta konponketa konpainiak eraiki berria duen Ganekogorta-mendi lurrunontzira eraman du Ama Begoñakoa ontzian zuen Pilotu eta Agregatu Eskola; ontzi berriak 4.600 tonako karga du, eta portu honetatik Rotterdamekorantz abiatu da ikasketa gehigarriak ontzian bertan egin behar dituzten zortzi ikaslerekin”. Halaber, ikus 1903ko otsailaren 15eko San Francisco Chronicle agerkariko artikulua, eta Medway izeneko argazkiak Wikipedian; hemen: http://en.wikipedia.org/wiki/Medway_(1902). [itzuli]
  10. Honela zuten izena lau mastek: Asturias (brankako masta nagusia), Almansa (brankako masta nagusia), Blanca (trinket masta) eta Nautilus (mesanako masta). Ikus: José Cervera y Rafael Estrada, Juan Sebastián de Elcano: embajador y navegante, Lunwerg Editores, Madril, 2002, 43. or. Eskola-ontzi hori 1927ko martxoaren 5ean uretaratu zen. Munduko hamar eskola-ontzi handienen zerrendan dago. Ikus: https://sectormaritimo.es/los-diez-mayores-buques-escuela-mas-grandes-del-mundo [itzuli]
  11. Txileko Itsas Armadako Esmeralda eskola-ontzia (Juan Sebastián Elcano ontziaren bikia) prestakuntza-ontzia zen; 113,1 luze (94,13 maspreza gabe) zen, eta Cadizeko Echevarrieta y Larrinaga ontziolan eraikia zegoen. 1946an hasi ziren eraikitzen, Juan Antonio Aldecoaren planoei jarraiki. 1947an ontziola suntsitu egin zen Espainiko Urpeko Defentsen Basea lehertu ondoren eta ontzia eraikitzeko lanak geldituta geratu ziren aldi baterako. Txilerekiko zorra kitatzeko, Espainiak ontzi bukatu gabea eman zion ordaintzat, eta 1951n ontzia eraikitzen jarraitu zuten. [itzuli]
  12. 1930eko urrian itsasoratu zuten, eta eskifaia alemanarekin amaitu zuen Turkian. [itzuli]
  13. 1924ko maiatzaren 7an bidalitako gutun batean, Echevarrietak honakoa esan zion bere Cádizeko ontziolako zuzendari Juan Antonio Aldecoa Ariasi: “Federico adiskideak Minerva bat egingo digu”. Minerva zen eskola-ontziaren jatorrizko izena, baina Echevarrietak Madrilekoak konbentzitu zituen Juan Sebastián Elcano deitzeko. Amerikar zedrotan zizelkatutako Minervaren irudi horrek Espainiako armarria zuen oinean. 2009an zaharberritu zuen Rafael Ruiz Liébana irudigileak Malagako Nereo ontziolarekin lankidetza estuan. [itzuli]