Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Pertsonaia itzaltsuak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Pertsonaia itzaltsuak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Hirigintza | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Gizarte-kronika | Sociedad Bilbaína | Bilbo | Bizkaia | Pertsonak

XIX. mendea baino lehenagoko bilbotar entzutetsu asko daude, Espainiako historian toki bat izan dutenak egindakoengatik, eta merkatarien semeak edo Estatuaren zerbitzariak zirenak.

Honako hau XIX. mendearen amaierako Bilboko pinturari buruzko saiakera bat denez, ezin naiz luzaz aritu pertsonaia horien gainean, baina batzuk gogora ekarri nahi nituzke, Bilboko Udalak 1883an proiektatu eta 1892an inauguratutako eraikin berriaren fatxadan egin zuen moduan.

Eraikinak Carrarako marmolez egindako bi estatua ditu apaingarri harmailadian, Legea eta Justizia irudikatzen dituztenak1; solairu nagusian lau figura daude: bi heraldoak eta bi mazolari, eraikinaren alboetan2. Eta azken solairuan, Bilboko historiako bost pertsonaia nabarmenen erliebedun bost tondo edo busto daude: hiriaren sortzailea izandako Diego Lopez V.a Harokoarena; Antonio Javier Gardoqui kardenalarena; Tristán de Leguizamónena; Juan Martínez de Recalde almirantearena, eta Nicolás de Arriquíbar ekonomialariarena3.

Hiriaren fundatzailea eta kardinala alde batera utzita, azter ditzagun azken hiru pertsonaiak eta horien garrantzia. Tristán de Leguizamón (1492–1595) bilbotar ospetsu bat izan zen. Haren familia probestu handia izan zen Bilboren sorreran, hau da, monarkari Bizkaiko jaun gisa zegozkion errentak eta errege-eskubideak biltzeaz arduratzen ziren; 1526tik 1529ra bitarte, “Gaztelako Guardia Zaharretako” kapitaina izan zen Italian, zalditeria arin lantzadunean. Leguizamónek nobleen ezaugarri guztiak zeuzkan: dorretxea eta lursailak zituen, militarra zen, eta merkataria. Udaletxea kokatuta dagoen orubea, hain justu, San Agustin komentua eraikitzeko laga zuen Tristánek, 1515ean4.

Bestalde, Juan Martínez de Recalde (1543–1588) itsasontzi-kontsignatario baten semea zen, eta hiribilduko alkatea izan zen. “Hiriko merkatarien eta itsasontzi-maisuen unibertsitatean” hasi zen, probestu edo zergari gisa, baina, nahiago zuenez jarduera militarra, Armadako almirante izaten amaitu zuen. Recalde Francis Drake kortsarioaren garaikidea izan zen, eta haren erasoetatik babestu zituen Espainiako kostak. Ingalaterrako Jardunaldian parte hartu zuen, Armada Garaiezina deituan, “Bizkaiko eskuadraren” buru, Medinasidoniako duke ezgaiak zuzendu zuen espedizioko almirante jeneral eta bigarren buru gisa. Handik itzulita, Coruñan hil zen. Lan hauen egilea da: Informe sobre la fábrica de naos en las costas de Vizcaya, Guipúzcoa y Cuatro Villas (1581) eta Relación de las medidas que han de tener los mástiles y vergas para los galeones de la armada (1584). Recaldek Sendeja kalean zituen etxea eta baratzea.

Hirugarrena, Nicolás de Arriquíbar (Bilbo, 1714–Madril, 1775), artile-salerosle baten semea, ekonomialaria zen, eta Nautika Eskolako Matematikako Katedran ikasi zuen. 1741ean, familia-negozioa ireki zuen Madrilen, eta, aldi berean, beste euskal merkatari batzuen ordezkaria zen; horrela egin zen Gardoquiren lagun. 1760an Bilbora itzuli zen, eta bitan izendatu zuten Kontsulatuko buru; gainera Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide egin zen, elkartea sortu eta gutxira. Funtsezko liburu bat idatzi zuen, Recreación política, eta ondorengo urteetan Bilbon indarrean mantendu ziren zenbait ideia aipatu zituen bertan5:

  1. Industria nekazaritza bezain sektore produktiboa zela, eta lan “probetxugarria” sortzen zuela hark ere.
  2. Kontsumoa garrantzitsua zela ekoizpenaren jatorri eta kausa gisa; neurrizko luxuari begirako jarrera positiboa babesten zuen.
  3. Irabazi indibidualak eginkizun ekonomiko dinamizatzailea bete behar zuela, edozein negozio garatzeko.
  4. Protekzionismo moderatua behar zela kanpo-merkataritzan, eta zerga-sistema aldatu behar zela.
  5. Hiribilduan hazkunde-estrategia bat behar zela alderdi guztietan, bizi kalitate hobea lortzeko.

Bere bizitzan ere, Arriquíbarrek Londresekiko artile-negozioak handitzearen aldeko apustua egin zuen, eta zalgurdien fabrika bat izan zuen, baita zetazko ehunen beste bat ere, eta Euskalarriaren Adiskideen Elkarteari proposatu zion gazitze-lantegiak zabaltzea (arraina gazitu, eskabetxatu eta aberasteko), dena kanpoan merkaturatzeko.

Haren jarraitzaileetako bat izan zen Diego María de Gardoqui (Bilbo, 1735–Turin, 1798), Bilbon jaioa, zortzi anai-arrebatan laugarrena (kardinala gazteena izan zen). Merkatari baten semea, Londresera bidali zuten ikastera, eta handik ideia berriak ekarri zituen negoziorako, eta Ingalaterrarekiko eta Massachusettsekiko merkataritzan aritu zen. 1777an, Bilboko Udaleko kontu-errejidore aukeratu zuten, eta Karlos IV.aren ogasun-ministro izatera iritsi zen (1792–96). Espainiak AEBrekiko zituen negozioen arduradun zela, era guztietako ondasun logistikoz eta finantzarioz hornitu zituen iparramerikar matxinatuak haien Independentzia Gerran. 1789ko apirilaren 30ean, Gardoqui New Yorken zegoen, herrialdearen orduko hiriburuan, George Washingtonek kargua hartu zuenean AEBko lehen presidente gisa. Turinen enbaxadore zenean hil zen6.

Bilboren garapenerako eta hedapenerako funtsezkoak izan ziren Frantziako Iraultzaren aurreko pertsonaiei buruz ari garela, beste bat ekarri behar dugu gogora, hezur-haragizkoa izan ez arren, aipatu gabe utzi ezin duguna: Bilboko portua, hain zuzen, hura izango baitzen etorkizuneko merkataritza eta industriaren oinarria; portua eta kaiak izan ziren hiriko ekonomiaren erdigune topografikoa7.

Joaquín Ignacio de Barrenechea (1681–Haga, 1753) ere ekarri behar dugu gogora, Begoñako elizatean jaioa8, hiribilduko merkatarien semea. Ogasun-kontseilaria izan zen 1720an. Filipe V.ak Portuko markes titulua eman zion 1741ean, bere zerbitzuen ordainetan. Aipatzen da Francisco de Goyak egin zuen erretratu onenetako bat haren biloba Rita Barrenechearena (1757–1795) dela9, zeina baitzen Carpioko kondesa ezkontzaz eta Solanako markesa amaren aldetik. Rita idazle aitortua izan zen bere garaian, emakume ilustratua, Jovellanosen laguna. Rita, begirada indartsu eta adia duela, dantzari baten modura paratuta dago erretratuan, oinak gurutzatuta (baita eskuak ere) eta zapata brodatu dotoreekin; silfide eta aszeta arteko nahasketa dirudi. Margolana nolabaiteko elkarrizketa isila da modeloaren eta margolari ikuslearen artean, zeina baitago liluratuta bilbotarraren fintasunarekin. Hiribilduko emakume guztien antzera, hura ere beltzez janzten zen ia beti.

Begirada indartsu eta malenkoniatsu horren bitartez, XVIII. mendeko Bilbon sar gaitezke orain. Frantziako auzokoekin izandako bi gatazka belikok eman zioten hasiera mendeari: Konbentzioaren Gerrak eta Independentzia Gerrak.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Bernabé Garamendi Zaldívar (Bilbo, 1833–Bilbo, 1898), eskultorea, otxandiar jatorriko familia bateko kidea; lehengusu zuen Edesio de Garamendi (1849–1899), Bilboko udal-arkitektoa. Lantegi bat izan zuen Erribera kalean, eta luzaroan Basterra familiarekin partekatu zuen etxebizitza, Goienkaleko 8. eta 10. zenbakietan. Berak egina da Uribarren eta Aguirrebengoa bankarien Lekeitioko mausoleoa (1886). Serafín de Basterra Eguiluz (1850–1927) Garamendiren kidea izan  zen. Manuel eta Higinio semeak ere artistak izan ziren. Basterrak egin zuen Santiagoko elizaren dorre nagusia, baita harrizko ate nagusia eta bertako hiru aldareak ere. Vicente Larrea Aldama (1852–1922), modelatu eta marrazketa apaingarriko irakaslea Arte eta Lanbideen Eskolan. Parisen bizi izan zen, eta handik itzultzean Maumejean beirateak ekarri zituen Espainiara. Haren lan publiko garrantzitsuena Samaniegori Guardian egindako monumentua da (1883), burdinan galdatua Santa Ana de Bolueta enpresan, eta Severino Achúcarro arkitektoak diseinatutako kiosko batek apaindua. Harena da, halaber, Deustuko Unibertsitateko patioko Ama Birjina (1890).  Larreak Erribera kaleko 14. eta 15. zenbakietan izan zuen lantegia. [itzuli]
  2. Fonsecako harriz egindako heraldoak eta mazolariak Bernabé Garamendi, Serafín Basterra eta Vicente Larrea eskultoreek landu zituzten; bazkideak ziren, eta Erribera kalean zuten lantegia. 35.000 pezeta jaso zituzten. [itzuli]
  3. Diego Lopez Harokoa, Gardoqui kardinala eta Juan Martínez de Recalde irudikatzen dituzten hiru bustoak ere (2.000 pezeta bustoko), fatxadaren goiko aldean erdian kokatuak, Garamendi, Serafín Basterra eta Vicente Larrea eskultoreek egin zituzten. Beste biak, ertzetakoak, Tristán Díez de Leguizamón eta Nicolás de Arriquíbar irudikatzen dituztenak, Tomás Fial eskultoreak egin zituen; Kristo kalean zuen lantegia azken horrek. Lan horien epaile artistikoak izan ziren Juan Barroeta, Antonio Plasencia, Anselmo Guinea, Joaquín Rucoba, Edesio Garamendi, Severino Achúcarro, Laureano Jado Santamaría eta Enrique Epalza, eta baztertu egin zituzten honako hauek estatuak egiteko aurkeztutako proiektuak: Alfredo Lucarini y Cía. (Colón de Larreategui kaleko 18. zenbakian zuten lantegia), Anselmo Nogués (Bartzelonakoa) eta Carlos Palau (Zaragozakoa). [itzuli]
  4. Komentua ez zuten amaitu 1664an; 1808an frantsesen aurka agertu ziren frantziskotarrak kanporatu egin zituzten; 1833an, bertan kuarteleratzen utzi zieten karlistei; eta 1863an udalak desjabetu egin zituen, udaletxe berria eraikitzeko. [itzuli]
  5. Recreación política. Reflexiones sobre el Amigo de los Hombres en su tratado de población, considerado con respecto a nuestros intereses, Tomás de Robles y Navarro, Gasteiz, 1779, 2 lib. (J. Astigarragaren eta J. M. Barrenechearen edizioa eta aurretiko azterketa), Euskal Estatistika Erakundea, Bilbo, 1987. [itzuli]
  6. Bilboko ikasketak amaitutakoan, Diego María de Gardoquik (1745–1799) Londresen igaro zituen zazpi urte, ingelesa eta bertako merkataritza-jarduerak ikasten. Gero, familiaren negozioan sartu zen; nazioarteko merkataritzan aritzen ziren, eta merkataritzako ontzidia zuten. Gardoqui diplomazialari gisa nabarmendu zen, kontsul nagusia izan baitzen Londresen, eta negozioen arduradun New Yorken. Iparramerikar matxinatuei hornigaiak bidali zizkien, eta lagungarri izan zitzaizkien, Saratogan ingelesak garaitzeko. 1789ko apirilaren 30ean, Diego de Gardoquik George Washingtonek AEBko lehenengo presidente gisa kargua hartzeko egindako ekitaldian parte hartu zuen, New Yorken, herrialdeko hiriburua zena orduan. 1792–94 biurtekoan, Bizkaiko Jaurerriko diputatu nagusia izan zen. Era berean, Karlos IV.aren ministroa eta Ogasun Bulego Unibertsaleko idazkaria izan zen, eta enbaxadore-lanetan aritu zen Holandan, Sardinian eta Turinen. Azken horretan hil zen. Ikusi E. Beerman, “El bilbaino Diego de Gardoqui: El primer embajador español en los Estados Unidos (1784–1789)”, 1990eko martxoaren 20an Amerika Etxean (Madril) emandako hitzaldia. [itzuli]
  7. Udaletxean, non Zabalgunerantz begira ageri diren Recalde eta Arriquíbar, atzeko fatxadaren ezkerreko alboan Bilboren altitude ofiziala (itsas mailaren gainetik 8,804 metro) adierazten duen iltze topografikoa dago. Iltze hori oinarritzat hartuta lan egiten du Doitasun Handiko Nibelazio Sareak, Geografia Institutu Nazionaleko mapa eta plano topografikoak egitea ahalbidetzen duenak. Lehen, 1797tik aurrera, Hidrografia Zuzendaritza zen, eta horrek erabaki zuen udaletxeak izango zirela hiri batek itsas mailaren gainetik zenbateko altuera duen zehazteko erreferentziazko puntuak. [itzuli]
  8. Joaquín Ignacio de Barrenechea (1681–Haga, 1753), Begoñako elizatean jaioa eta hiribilduko merkatarien semea. Quiton egon zen, bertako gobernadore baitzuen osaba, eta militar izatetik diplomazialari izatera igaro zen; ondotik, 1720an, ogasun-kontseilari izatera iritsi zen. Filipe V.ak Portuko markesaren titulua eman zion 1741ean, bere zerbitzuengatik, eta ondoren enbaxadore-lanetan aritu zen Herbehereetan; bertan hil zen. Bilboko portuaren eta bertako merkataritza nahiz industriaren defendatzaile sutsua izan zen, eta Hagatik ekarri zuten haren gorpua, hiribilduan lur emateko. Hark idatzitako gutunak Euskadiko Artxibo Historikoan daude. [itzuli]
  9. 1794ko artelana, olio-pintura mihise gainean, 180 x 120 cm, Louvre museoa. Ritaren silueta fina mamu baten antzera mamitzen da lerrotan egituratutako atzealde liso baten gainean, oso Velázquezen tankerakoa. Baliabide erretorikorik gabeko erretratua da, euskal soiltasunaren irudia, oso kolore gutxirekin eraikia; gonaren beltza eta grisak nabarmentzen dira, eta horiekin kontrastea egiten dute mantelina zuriak eta buruko begizta arrosak. Gona, beltzaren erabileraren maisulana da, eta hiru zuri desberdin daude: mantelina grisaxka gardenarena, alkandoraren zuri enpastatuagoa eta antxume-larruzko eskularruen zuri hautsia. Haizemaile itxi bat dauka eskuineko eskuan. Oinordeko batek, Socorroko markesak (Madril), Carlos Beisteguiri saldu zion margolana 1912an, eta horrek Louvre museoari laga zion 1942an (eta dohaintzan eman 1953an). José María de Areilzak honela deskribatu zuen garai hura: “Bilboko gainerako emakumeek jantzi ilunak erabiltzen zituzten, oro har. Zetazko gonak, jaka beltza edo zuria eta ilearen zein begien edertasuna nabarmentzen zuen zetazko kapusaia erabiltzen zituzten. Kapusaia naturaltasunez eta dotoreziaz erortzen zitzaien sorbalden gainean. Bilboko emakumeak harrokeriaz ibiltzen dira, eta oinkada dotorea dute. Asko zaintzen dituzte oinetakoak eta galtzerdiak”. Hemen: “Bilbao en 1822”, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 1. urtea, 1. koadernoa, 1945, 62. or. [itzuli]