Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Losada, Zuloaga, Guinea eta Kurding Club elkartea

Kosme de Barañano

Izenburua:
Losada, Zuloaga, Guinea eta Kurding Club elkartea
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Folklorea | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Perspektiba | Gizarte-kronika | Paisaia | Sociedad Bilbaína | Bilbo | Bizkaia | Paris | Musika | Pertsonak | Burgesia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Inpresionismoa | Modernismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Guinea Ugalde, Anselmo | Losada Pérez de Nenin, Manuel | Zuloaga Zabaleta, Ignacio

Adolfo Guiardek 1886an Sociedad Bilbaina elkartearen egoitzarako sortutako bistak —itsasadarrarena, tren-geltokiarena eta bainuetxearena— aztertu ostean, 1894ko beste hiru margolan landuko ditugu, Kurding Club elkarte gazte eta dibertigarriagorako egin zituztenak Anselmo Guineak, Manuel Losadak eta Ignacio Zuloagak.

Oraingoan, lanek ez dute hiria irudikatzen, klubeko kideak baizik, hiru fase desberdinetan: pianoa jotzen, egunsentian mozkor samar eta ametsezko irudipen batean. Ez da gauza makala musikazaleen talde soil batek hormak apaintzeko mural batzuk eskatu izana Paristik itzuli berri ziren lagun margolari batzuei. Oraindik gazteak ziren baina jada enpresetan sartuta zebiltzan bilbotar ezagunen irudi horiek jai herrikoi batekin aldera ditzakegu, Valentín Zubiaurreren irudi batekin, elizateetako protokoloa erakusten duena: bertsolari batzuk maitasunari eta jai-giroari abesten, baina Bilboko burgesak baino askoz modu epikoagoan.

Kurding Club 1894an sortutako elkarte bat zen, El Escritorio zuena izen ofizialtzat, eta 1883an jaiotako Txoritoki izeneko gazte-elkarte bat izan zuen aurrekari. 43 bazkide izatera iritsi zen, eta ia hamabost urte iraun zuen, 1898an jesuiten eraginez desegin behar izan zuten arte1. Orduan, El Cuartito izena hartu zuten, eta Posta kaleko egoitzan musika-jarduerak egitera mugatu ziren. Elkartekide gehienak Sociedad Bilbaina elkarteko bazkide ere baziren, baina ohiko bazkideak baino gazteagoak ziren, eta gehienek —aurrerago azalduko dudanez— eginkizun garrantzitsua izan zuten egun oraindik martxan dauden Bilboko musika-erakundeen eraketan, honako hauenean, besteak beste: Elkarte Filarmonikoa, Bizkaiko Musika Akademia (Kontserbatorioaren aurrekaria) edo Orkestra Sinfonikoa2.

El Escritorio elkartearen izen herrikoia Kurding izan zen, txirene dialektoan edo “Atxuriko ingelesean”, hau da, gaztelania peto-petoan. Bazkideetako batek, Juan Crisóstomo Arriaga musikagilearen iloba Emiliano de Arriagak (1844– 1919)3, Kurding Club izenaren jatorria azaldu zuen: gaztelaniazko curda hitzetik zetorren, ‘mozkorra’, bazkideak maiz mozkortzen baitziren. Era berean, “kurding-car” esaten zioten gaueko ordu txikitan mozkorrak jasotzeaz arduratzen zen autoari. Elkartearen goiburua honako hau zen: “Bazkide orok nahi duena egin dezake, gainerakoak gogaitzen ez dituen bitartean”4.

Musikazaleen lagun-talde hori jada ezaguna izan zen bere garaian. Arriagak berak “mende amaierako bilbotar artisten klub” gisa aipatu zuen 1896ko Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaíno neto, compilado por un chimbo lanean. Bestalde, 1929ko Memorias de un bilbaíno lanean, José de Oruetak azaldu zuen Kurding elkartearen jarduerek dibertimenduarekin baino zerikusi handiagoa zutela arte ederren munduarekin, pintura-erakusketak antolatzen baitzituzten, eta batez ere musikaren munduarekin, Debussy frantsesaren edo Wagner alemanaren lanak eskaintzen baitzituzten, besteak beste. Klubeko objektuen bilduma ere aipatu zuen Oruetak, hala nola erraldoi baten burua edo “gutapertxazko bi sofak”; gutapertxa orduan modan zegoen material bat zen, eta horrekin egiten zituzten golfeko lehen pilotak (1848–1900), Guty deituak, Indiatik ekarritako erretxina horrekin fabrikatzen zituztelako. Klubaren maskota Kubatik ekarritako loro bat zen, Ubano izenekoa; klubaren ereserkiari izen hori bera jarri zioten5. Taldeak kutsu liberal argia izan zuen hasieratik, nahiz eta jende oso kontserbadorea ere biltzen zuen, hala nola jada aipatu dugun Emiliano de Arriaga6. Bilbotarrek idatzitako memoria askotan egiten zaio erreferentzia klubari, Alfredo Echavek Aureliano del Valle musikagileari buruz idatzitako oroitzapenetan, besteak beste7. Gerra Zibilaren ondoren ere jarraitu zuen klubaren oroimenak: Luis Aranguren Mexikon erbesteratutako errepublikanoak klubeko kideak aipatu zituen bere haurtzaroaz mintzatzean8. Indalecio Prieto sozialistak hiriko klubak gogoratu zituen bere memorietan: Estropada Kluba, Posta kalean kokatua; Klub Nautikoa, Arriaga Antzokian kokatuta egon aurretik Geltoki kalean kokatuta zegoena; Saguzar Kluba, Jardines kalean kokatua, edo Kurding “olgeta eta biziorako lekua”, non kartsuki gurtzen zituzten jaki eta edari onak9.

Klubeko zenbait kidek mural batzuk egin zituzten, elkartearen lokala apaintzeko. Horietako bostek iraun dute gaurdaino: Manuel Losadak margotutako hiruk, Ignacio Zuloagaren batek eta Anselmo Guinearen beste batek. Kluba desegin zenean, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren esku geratu ziren margolan horiek, bat izan ezik, Manuel de Losadaren Ihesaldia (La escapada); hori bilduma pribatu batean dago.

Ignacio Zuloagak, 24 urterekin, Egunsentia (Amanecer) margotu zuen; behean eta ezkerraldean ditu sinadura eta eskaintza: “Kurding-eko lagunei / l. Zuloaga”. Lan horretan, klubeko hainbat kide ageri dira, Areatzako plazan noraezean goizeko lehen orduetan. A Short History of Drunkenness liburuan, Mark Forsythek dio alkohola dela zibilizazioaren euskarria, eta zaila da iritzi horren aurka egotea, bereziki trago batzuk hartu ostean irakurriz gero. Badirudi Areatzako bilbotarrei F. Scott Fitzgerald idazlearen kontakizunekoa gertatu zitzaiela: “first you take a drink, then the drink takes a drink, then the drink takes you”10 [lehenengo trago bat hartzen duzu, ondoren tragoak berak tragoa hartzen du, orduan tragoak zu hartzen zaitu].

Eszenan bost elkartekide ageri dira: José de Orueta, Juan de Basterra, Francisco de Ygartua, Juan Carlos Gortázar eta Ricardo Gaminde. Guztiak ziren saltzaile, merkatari, indiano eta Bilboko aristokrazia landatarrak osatutako burgesia heterogeneo eta transbertsal hartako kideak11. Askoz geroago, Zuloagak bost pertsonaia hauen ondorengoi egin zizkien erretratuak, adibidez, Juan Cruz Gurtubayren biloba zen Rosario Silvari (1900–1934) 1922an eta 1934an, berriz, haren alaba Cayetana de Albari12. Izan ere, Cayetana zaldi gainean (Cayetana a caballo) Zuloagak inoiz margotutako erretratu onenetakoa da: arretaz begiratzen duen neskatoarekin haren zaldia, Tommy, irudikatzen du, bai eta neskaren aita Albako dukearen basset arrazako txakurra, Joseph izena zuena; koadroan neskatxaren peluxeak ere irudikatu zituen Zuloagak: begizta urdindun txakurtxoa, katu gorria eta Mickey Mouse, Walt Disneyk bi urte lehenago, 1928an, sortutako pertsonaia. Kuadro honetan Roy Lichtensteinek edo Andy Warholek baino hogeita hamar urte lehenago irudikatu zuen Disneyren iconoa eta Zuloagak neskatxari aldi berean formala eta adiskidetsua zen erretratua egitea lortu zuen.

Areatzan dabiltzan bost gazteen irudiak marko edo leiho bat darama pintatuta eszena inguratzen, erliebean egongo balitz bezala, trompe l’oeil gisa. Amarru narratibo bat da, erretratatutako batzuk iruditik aterata irudikatzeko eta pertsonaien mozkor-sentsazioa nabarmentzeko erabilia. Adar luze hosto berdedun bat gainjarrita duen zerrenda apaingarri horrek jarraipena zuen gainerako artisten margolanetan.

Manuel Losadak, Zuloaga baino bost urte zaharragoa zenak, hiru lan egin zituen: Walkiriak (Las Walkirias, sinadurarik eta datarik gabea, ca. 1894) eta Terentzio jauna eta Txango txistularia (Don Terencio y Chango, El txistulari), zeinari buruz hitz egingo dugun beste kapitulu batean; eta Ihesaldia, gaur egun bilduma pribatu batean dagoena13.

  • lanean, klubaren barnealdea dago irudikatuta, eta bi bazkide ageri dira, Juan Carlos Gortázar eta Javier Arisqueta, pianoa elkarrekin jotzen, eta eskuinaldean Enrique Borda arkitektoa musika arretaz entzuten ari da, eta Nicolás Tous ingeniaria bere baitan bilduta dago, liburu bat irakurtzen14. Eszenaren atzealdean, pianoaren gainean, lanbroaren artetik ateratzen dira walkiria batzuk, Wagnerren mitologiako pertsonaiak, eta behean ukabil batzuk daude, Wagnerren musika gaitzesten zuten elkartekideak irudikatzen dituztenak.

Hirugarren lana Osasunaren iturria (La fuente de la salud) edo Ezagutzaren iturria (Fuente del Conocimiento) izenekoa da, Anselmo Guinearena, berrogeitaka urterekin artistetan zaharrena eta Parisko era inpresionistak erabiltzen azkena15. Eskuinaldean emakume itxura hartu duen zuhaitz bat dago, eta haren aurrean belaunikatuta daude zenbait gizon ezagun. Iturri baten sorleku den zuhaitzaren gainean etzanda ageri da Angel Gorbeña, konposizioaren eskuinaldean; lau hankatan daude Javier Arisqueta eta Luis Reyes, eta horien artean belauniko Juan Urigüen; eta belauniko errezatzen eta irudiaren zerrenda apaingarritik kanpo Manuel Losada margolaria dago, bi eskuez kaliz bat jasotzen; horiek guztiek soinean daramate bazkideek izaten zuten kapa gorri bat.

Balantzaka hurbiltzen ageri da Ramón Real Asúa, alkandora galtzetatik aterata duela; urrunean, hodei zuriek eta gaueko argiak osatutako paisaia dago, eta hurbiltzen ari den pertsona-talde bat, non ageri diren beste pertsonaia ezagun batzuk, hala nola Diego Mazas eta Luis Aznar16. Margolanak zerrenda apaingarri bat du, eta, marko bat izango balitz bezala, lau ertzak inguratzen ditu; Losadaren pertsonaia bereziki, eta Real Asúarena neurri txikiagoan “atera” egiten dira markotik, Zuloagaren laneko beste pertsonaia batzuen antzera. Gaurdaino iritsi diren lanen artetik oniriko eta dibertigarriena da.

Kurding elkarteko muralak irudikapen dibertigarriak dira, margolan arin eta modernoak, jai-giroko Bilbo hartako gazte jendearen erretratuak. Mural horien xedea zen klubaren egoitza eremu berezi bihurtzea, ziri-jokoz eta batik bat ironiaz betetako espazio bat izatea.

Badakigu elkarterako lanak egin zituztela beste margolari garrantzitsu batzuek ere, hala nola Darío Regoyosek, Francisco Iturrinok, Juan Rocheltek eta Adolfo Guiardek17.

Kurding elkarteko kide horietako askok jarduera profesionalekin eta politikoekin uztartu zituzten musika arloko jarduerak. Emiliano de Arriaga, adibidez, itsas artekari interpretea izan zen 1882az geroztik, baita hiriko alkateordea ere (1880–81), idazleaz gainera; eta José de Orueta abokatua eta Talleres de Zorroza sozietateko zuzendaria izan zen. Klubean gezurrezko dirua erabiltzen zuten barne-ordainketak egiteko: txirla bateko, txirla erdiko eta bost txirlako billeteak ziren, eta elkarteko kutxan eskuratzen zituzten eskudiruaren truke. Bilboko kleroaren zati baten presioen ondorioz, kluba 1898an desegin zen. Kideetako batzuek El Cuartito osatu zuten: Lope Alaña Errasti biolinistak, Juan Carlos de Gortázarrek eta Javier Arisquetak; “Apostoluak” ezizena jarri zieten, musika sustatzeko egin zuten ahaleginagatik.

Azken biak Bilboko oinarri musikalaren parte dira. Juan Carlos de Gortázar eta Javier Arisqueta Resurreccion Maria Azkueren eta Miguel de Unamunoren garaikideak eta lagunak ziren. Denbora libre gehien zutenak ziren, bigarrenak aita Mexikon aberastu zelako eta lehenengoak Gortázartarren maiorazkoa jaso zuelako. Gortázar familiak edo leinuak beste edozein familiak baino gehiagotan bete du Jaurerriko Ahaldun nagusiaren kargua Bizkaiaren historia osoan18. Juan Carlosen aita, Manuel María de Gortazar Munibe (1824–1896), hainbat burdinbidetako akzioduna eta lurrunontzien jabea izan zen19.

Gortázartarrek ez zioten utzi aberats izateari industrializazioan murgildu ez zirelako, biografia batean aipatzen den moduan20; arrazoia maiorazkoa desagertzea eta herentzia kide askoren artean banatu behar izatea izan zen21. Gortázarren heriotzak samin handia eragin zuen Bilbon22. “Juan Carlos Gortázar, benetako jauna eta inor baino adituagoa sonatetan, beti irudikatuko dudana Ezkiaren pean, eta nik, oso maite zuen honek, ‘Do-Re-Mi-Fa jauna’ ezizen sekretuaz izendatu nuena nire nerabezaroan”23, idatzi zuen urte batzuk geroago Rafael Sánchez-Mazasek.

Kurding eta El Cuartito elkarteetako kideen ekimenez, musika-erakunde hauek jaio ziren Bilbon: Kuartetoen Elkartea (1884) eta ondoren Santa Zezilia Elkartea, Bilboko Orfeoi gisa eratu zena 1886an, eta Bilboko Koral Elkarte gisa, urte bereko abuztuaren 3an, musikaren ezagutza eta hedapena sustatzeko, oro har, eta kantu koralarena, bereziki24.

Udal Musika Banda, zeinak 1895ean bere lehen kontzertua eskaini baitzuen Areatzan, José Sáinz Basaberen zuzendaritzapean. Elkarte Filarmonikoa, 1896an eratua 500 bazkiderekin, bi helburu zituena: musikaren artea bultzatzea, nazioarteko ospea zuten artistak entzuteko aukera eskainiz, eta bertako artistak suspertzea; neurri batean, Nicolás Ledesmak 1852an sortutako Elkarte Filarmonikoaren oinordekoa zen25. Filarmonikaren programen bidez, Bilbora iritsi zen Europako musikatik ezezagun zena: Beethovenen sonatak, Brahmsen koartetoak edo Schuberten lieder-ak. Era berean, Gortázarrek Revista Musical aldizkaria sortu zuen 1909an; Europako ideia eta programa musikalak ezagutzera emateko bitartekoa izan zen.

Baina talde horretatik aipagarriena Bilboko maila musikala handitzeko interesa eta ardura agertu zutela izan zen. Bildung-aren tradizioko europar ereduei erreparatu zieten, Europako hezkuntza- eta formakuntza-ereduei, berrogeita hamar urte lehenago Máximo Aguirrek eta Bilboko ilustratuek bultzatutakoaren ildotik. Gortázarrek bidaia ugari egin zituen Julio Lazúrteguirekin (Koral Elkarteko lehendakaria) Frantzian, Austrian eta Alemanian barrena, Europan erabiltzen zituzten antolamendu-teknikak ezagutzeko. Musikaren irakaskuntzari eta formakuntzari garrantzia ematearen ondorioz sortu ziren, XX. mendearen hastapenetan, Bizkaiko Musika Akademia 1903an (1920an sortutako Bizkaiko Kontserbatorioaren aurrekaria) eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa 1922an, baita Arte Enpresen Elkartea ere, Filarmonikaren ahalmenetik kanpo zeuden musika-ikuskizun oso garestiak sustatzeko asmoz sortua, eta Bilboko Kontzertuen Elkartea, 1909an.

Kurding-eko jendea Bilboko zeharkakotasunaren beste adibide bat da. Ez ziren oligarkia, hori esan izan bada ere; gazte burgesen nahasketa askotariko bat zen: bertan biltzen ziren margolanak egiten zituzten artistak —zaharrena Adolfo Guiard zen (merkatarien semea)— eta horietan irudikatuta ageri zirenak, Górtazarren moduko ahaide nagusi bat, Bilbora iritsitako jende berria, hala nola Tous ingeniaria, eta indianoen semeak, hala nola Arisqueta. Apustu egin zuten Europako musika berriaren alde eta Parisen ikasi zutenen pinturaren alde.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. “Txoritoki” 1883an jaio zen, Maria Muñoz kalean, 5. solairu batean, non eskailerak pasabide batera jotzen zuen eta horren amaieran zuzenean mendira eramaten zuen zubi bat zegoen. El Escritorio elkarteak Santa Maria kalean izan zuen lehen egoitza, eta ondoren Areatza pasealekuko 6. zenbakiko solairuarte batera lekualdatu zen. El Cuartito, Posta kalean kokatuta egon zen. Bazkide osoak: Eduardo Aburto, Eduardo Aguirre, José Allende, Plácido Allende, Juanito Amann, Tomás Amann, Juan Anduiza, Enrique Areilza, Javier Arisqueta, Joaquín Arisqueta, Luis Astigarraga, Alberto Aznar, Eduardo Aznar, Luis Aznar, Julián Basabe, Juan Basterra, Enrique Borda, Javier Calle, Alfonso Canella, Félix Gaminde, Ricardo Gaminde, Alfredo Gorbeña, Ramón Gorbeña, Juan Carlos Gotázar, Francisco Igartua, Leopoldo Igartua, Manuel Losada, Diego Mazas, Fermín Moscoso, Manuel Murga, José Orueta, Joaquín Palacios, Francisco Puente, Ramón Real de Asúa, Luis Reyes, Emilio Saracho, Nicolás Tous, Pedro Tutor, José Urigüen, Tomás Urquijo, Emilio Vallejo, Fernando Zabálburu, Tomás Zubiría. Ohorezko bazkideak: Antonio Cabrero, Luis Gortázar, Anselmo Guinea, Francisco Iturrino, Darío Regoyos, José Sainz Basabe, Luis Zabala, Ignacio Zuloaga. [itzuli]
  2. Bilbo opera maitatu duen hiria izan da beti. Gherlia, Magnanes, Mas- Porcell, Echevarría, de Vezza eta maila handiko beste hainbat musikari eta abeslari igaro ziren Bilbotik 1856an, hiribilduak 18.000 biztanle eskas zituenean. 1858an, denboraldi luzea izan zen, apirilaren 5etik irailaren 27ra. Luciano Urizar (ikusi Addenda: Biografiak) Gayarre tenorearen lagun handia izan zen. Operarekiko zaletasun horrek bizirik jarraitu zuen XX. mendean ere. Ikusi https://memoriasclubdeportivodebilbao.blogspot.com/2017/09/la-opera-en-bilbao-mediados-del-siglo.html?spref=tw [itzuli]
  3. Emiliano de Arriaga, Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaíno neto, compilado por un chimbo, S. de Amorrortu-ren tipografia, Bilbo, 1896; bada hirugarren edizio bat, José Arriaga semeak bildua, Luis Michelenaren hitzaurrea daramana (Minotauro, Madril, 1960). Emiliano Arriagaren (1844–1919) erretratu eder bat gordeta dago Sociedad Bilbaina elkartean, Alberto Arruek egina. Bilboko alkateordea izan zen (1880–1881), eta Costa Ricako Errepublikako kontsula 1883tik aurrera, eta Nikaraguako Errepublikakoa, 1908tik aurrera. 1871n Sociedad Bilbainako Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen, eta Bilboko Elkarte Filarmonikoko lehenengo lehendakaria, 1896az geroztik. Arriaga Cánovasen alderdiaren ordezkari izatetik Sabino Aranak sustatutako Euskal Zentroko lehendakari izatera pasatu zen 1899an. [itzuli]
  4. Javier González Duranak taldearen izenari buruz idatzi zuen, zuzen idatzi ere, “ez zitu(ela) aitortzen taldearen jardute-arlo ugariak, nahiz eta ongi adierazten zuen zer iritzi zuen haiei buruz garai hartako Bilboko gizarte kontserbadoreak”, (30. or., Javier González Durana, “Ebrios de arte y vida. El Kurding Club de Bilbao”, Kobie. Bellas Artes aldizkaria, 12. zk., 1998–2001, 29.–45. or.). Hori da El Escritorio edo Kurding Club elkartearen jarduerari buruz dagoen saiakera onena. [itzuli]
  5. Kurding-ak era askotako objektuen bilduma bat zuen: billar-mahai bat, musika-instrumentuak, Murgaren edo Bizkaitar Mairua esaten ziotenaren arma-bilduma, Terentzio jaunaren burua, Txangoren txistua, argazkiak, marrazkiak, txilaba gorriak ezkongabeentzat eta zuriak ezkonduentzat. Klubean festa ugari egin zituzten, hala nola maiatzaren 2koa (Bilboren askapena) eta Inozoena. Emiliano de Arriagak gauza horiei buruz hitz egin zuen 1893an, Vuelos cortos izenburuko kontakizun-bilduman; lan horren ardatza etorkinen iritsiera masiboaren aurreko garaian bilbotar peto-petoek zeramaten bizimodua zen. Ipuin horietako pertsonaiak, hala nola Txomin Barullo, edo Terentzio jauna eta Tomasa andrea, edo Anatxu eta Frakagorri, jaien adierazpen-modu berrietan berreskuratu eta biziberritu zituzten trantsizio-garaiko Bilbon. Ikusi Emiliano Arriaga, Vuelos cortos de un chimbo. Ediciones El Tilo, Bilbo, 1994; eta Jon Juaristi, El chimbo expiatorio. (La invención de la tradición bilbaína, 18761939). Ediciones El Tilo, Bilbo, 1998; J. Ignacio, Tellechea Idígoras, “Carta a Unamuno de Emiliano y José E. de Arriaga, Fermín Herrán y Carmelo de Echegaray”, Revista Internacional de los Estudios Vascos, XXXVII: 1, 1992, 51.–86. or. Eta José de Orueta, Memorias de un bilbaíno: 1870 a 1900, Nueva Editorial, Donostia, 1929. [itzuli]
  6. Álvaro Chapa: La vida cultural de la Villa de Bilbao 19171936, Bilboko Udala, 1989. Chapak Adolfo Salazar musika-kritikari entzutetsua aipatzen du, esan baitzuen espainiar entzuleen heziketa musikala Bilboko Posta kaleko gelaxka batean hasi zela, El Cuartiton. 1928an, Bilboko Udalak “Juan Carlos Gortázar y Manso de Velasco Fundazioa” sustatu zuen, bekak emateko eta bokazio musikalak babesteko, eta Jesús Arámbarri (1902–1960) maisua izan zen lehen onuraduna, Jesús María de Arozamenak Jesús Guridi liburuan azaltzen duenez. Egile horrek berak dio Juan Carlos de Gortázar izan zela bere garaiko musika-kritikari onena. Fundazioa indarrean egon zen gutxienez 1946ra arte. [itzuli]
  7. Alfredo Echave (“Iturribidekoa”), El Bilbao del Maestro Valle visto desde la Coral (Cuadros de la vida bilbaína). Editorial Vasca, Bilbo, 1920, “El Kurding-Club”, 201.–18. or.; Diego Mazasen hitzaurrea. [itzuli]
  8. Luis Aranguren: “Kurding Club elkarteak bere baitan biltzen zituen intelektualak, artistak, musikariak, musikagileak, industrialariak eta merkatariak, etab.; guztiak ziren garai bateko bilbotarren semeak, kutsu liberalekoak, asmotsuak, dibertigarriak, nazioarteari begiratzen ziotenak, eta ez zioten enbarazu egiten inori, lokal barruan egiten zituztelako kontzertuak, musika-emanaldiak, banketeak eta bakanal erromatarrak; zoriontasunez eta umorez jositako urtebete igaro eta gutxira, haien aurka egin zuten fraideek, pulpituetatik eta aitorlekuetatik gogor eraso eginez, eta erakunde arras atsegin hori desegitea lortu zuten”, op. cit., 102. or., ikusi aipua hemen: Gonzalo Dúo, “Las memorias del racionalista Luis Aranguren, entre las trascendentes de Unamuno y las divertidas de Orueta”, Bidebarrieta. 19. zk., Bilbo, 2008; eta hemen: Gonzalo Dúo, José Javier de Uribarren y Lequeitio en el siglo XIX. Donostia, 2006, 36. or. [itzuli]
  9. “Kurding eta Saguzar elkarteek helburu berberak zituzten: jatea, edatea eta hitz egitea; lehenengoan musika ere jotzen zuten, bazkideetako batzuk musikazaleak zirelako. Kurding-eko araudiak artikulu bakarra zuen, eta pandero baten larruan idatzita zegoen. Zera esaten zuen: Elkartearen lokalean elkartekide bakoitzak nahi duena egin dezake, baldin eta ez baituen gainerakoak gogaitzen”. Azken horri dagokionez, Echavek honako hau adierazi zuen: “Kurding-ak ez zuen Zuzendaritza Batzorderik. Zertarako? Bazkideetako bat, edozein, Batzorde gisa aritzen zen, eta bere gain hartzen zituen inoiz existitu ez zen araudi bateko kargu administratibo guztiak”. Hemen: Indalecio Prieto, De mi vida. Recuerdos, estampas, siluetas, sombras. Editorial Oasis, Mexiko, 1968, Santiago Arisnea Lecearen hitzaurrea. Era berean, Indalecio Prieto, Pasado y futuro de Bilbao, Gráficas Ellacuríak argitaratua 1978an; 1946ko urriaren 6an, 13an eta 19an Mexikoko Colegio Madrid ikastetxean emandako hitzaldi batzuk biltzen ditu lanak, eta egileak oroitzapenak eta ilusioak nahasi zituen, Bilborako egin zituen aldaketa- proposamenetan oinarrituta. [itzuli]
  10. Daniel Coenn, F. Scott Fitzgerald: His Words (English Edition), Kindle BookRix bertsioa, 2014. 184 aforismoko bilduma. Eta hemen: F. Scott Fitzgerald, “On Booze”, New Directions Publishing, 2011, 92. or. Esaldia ez da Scott Fitzeraldena, Edward Rowland Sill (1841–1887) amerikar poetarena baizik, zeinak “An adage from the Orient” poema argitaratu baitzuen, 1886ko maiatzaren 25ean The Chicago Daily Tribune egunkariko 4. orrialdean, eta ondoren liburu honetan: Hermione and other poems, The Riverside Press, Cambridge, 1899, 100. or.: “At the punch bowl’s brink, / Let the thirsty think, / What they say in Japan: / First the man takes a drink, / Then the drink takes a drink, / Then the drink takes the man.” [itzuli]
  11. Ricardo Gaminde Ayarragaray (1861–1917), bankaria, Ricardo Gaminderen (1835–1884) eta Evarista Ayarragarayren semea eta Francisco Luis (Pacho) Gaminde Torres-Vildósolaren (1826–1902) iloba zen; merkatari-familia bateko kidea, Mexikora joan eta dirurik gabe itzuli zen bizkaitar bakanetako bat zen. Denda bat zuen Posta kalean, Au monde élegant; altzariak, moda- osagarriak eta musika saltzen zituen, eta “Paris, Londres eta Vienako goi- mailako berrikuntzak” eskaintzen zituen, ikusi Javier Viar, Pacho Gaminde, la sombra de Sócrates, Bilbo, 2008.

José de Orueta Pérez Nenín (1866– 1934), abokatua eta enpresaburua, Estufa kalean jaioa, Francisco Orueta arkitektoaren eta Luciana Pérez Nenínen semea; Bizkaiko Institutuan ikasi zuen, eta ondoren Zuzenbide ikasketak egin zituen Valladoliden. Bizkaiko Foru Aldundiko letratua izan zen; 1891n, Tallerres de Zorroza sozietatea sortu zuen ingeniari batzuekin, eta Olabeaga auzoan ezarri zuten lantegia. Ondoren Sociedad Española de Construcciones Metálicas sozietatea eratu zuen, eta martxan jarri zuen Beasaingo bagoi-fabrika, baita labe elektrikoetan landutako altzairuen fabrika ere, Errenterian. ere izan zen, eta parte hartu zuen 1930etik 1931ra bitarte Euskal Estatuaren Estatutu Orokor eredugarriari argi berdea eman zion AutonomiaBatzordean.BilbokoElkarte Filarmonikoaren kide eratzaileetako bat izan zen. Liburu eder bat utzi zigun: Memorias de un bilbaíno: 1870 a 1900 (Donostia, 1929), Sociedad Bilbainaren Plaza Barriko aretoetatik idatziak diruditenmemoriak. Francisco Eugenio de Ygartua Andraca (Lima 1862–Bilbo 1920) abokatua, Perun aberastutako Francisco de Ygartua Egusquizaren (Plentzia 1824– Bilbo 1900) semea. Bilbo eta Durango arteko burdinbidearen sustatzaileetako bat izan zen. Haren arreba, Matilde Ygartua Andraca (1854), ezkonduta zegoen Emiliano de Arriaga Riverorekin, Arriaga musikariaren iloba- bilobarekin.

Juan de Basterra (Bilbo 1860–Bilbo 1920), enpresaburua eta bakailao- saltzailea; haren anaiak, José María de Basterra arkitektoak, ‘San Ignacio etxea’ izeneko etxe lorategiduna diseinatu zuen 1902an, Neguriko tren-geltokian kokatutako lurretan, beste ahaide batentzat: José María Basterra Ortiz. Jabetzan izan zuen Regoyosen margolan bikain bat, Zezenak Pasaian (Taureaux à Passages). Margolana, 1899ko maiatzean erakutsi zutena estreinakoz Kurding Club elkartean, Bilboko Arte Ederren Museoari eman zioten dohaintzan haren ondorengoek. Juan Carlos de Gortázar (1864–1926), Manuel Maríaren (1824–1896) semea (ikusi Addenda), Ignacio Zubialdea izengoitia zerabilen musika-kritikaria. Laukote bat osatu zuen, eta hori izan zuen oinarri “kapera ibiltari” bat sortzeko, irabazi-asmorik gabe Bilboko parrokietan barrena jotzen zuena, hotsandiko elizkizunak girotzen; San Anton elizan edo Joan Santuen elizan, Ostiral Santuko sermoiaren ostean, Haydnen Zazpi hitzak jotzen. Kuartetoen Elkartea eta Elkarte Filarmonikoa sortu zituen, eta Koral Elkartearen nahiz Musika Akademiaren (Bizkaiko Musika Kontserbatorioaren aurrekaria) sorreran lagundu zuen. Irmoki babestu zuen Jesús Guridi, zeinak Madrilen El Caserío estreinatu zuen gau berean jaso baitzuen bere babesle handia hil egin zela jakinarazteko telegrama bat. Bestalde, Jesús Arámbarrik In Memoriam elegia konposatu zuen Gortázarren oroipenean, 1939ko martxoaren9an estreinatuzena,etaJavierArisquetaren oroipenean, aldiz, Dedicatoria pieza, 1949an. Elkarte Filarmonikoan haren erretratu bat dago, Manuel Losadak margotu zuena Filarmonikak eskatuta Juan Carlos hil zenean, eta Ignacio Zuloagak Kurding Club elkarterako margolan baterako egindako bozeto bat ere bada, gaur egun jabetzat duena María Luisa de Gortázary Díaz-Prieto.

  1. Jacobo Fitz-James Stuart, Albako dukea, Rosario Silva Gurtubayrekin ezkondu zen Londresko Espainiako enbaxadan. Rosario San Vicente del Barco en la Embajada de España en Londres en 1920. Rosario, San Vicente del Barco markesa zen, Totó goitizenez ezagutzen zuten, Híjarko markesaren eta Rosario Gurtubayren alaba zen eta bien aldetik oinordekotza aberatsa jaso zuen. 1934an zendu zen Madrilen tuberkulosiak jota. Ikusi baita ere Addenda: Izenak. [itzuli]
  2. Ikusi aipatutako Javier González Duranaren saiakera. [itzuli]
  3. Javier Arisqueta Quintanaren (Bilbo 1865–1919) aita, Lino de Arisqueta Achúcarro (Balmaseda 1817–Bilbo 1877), okin-familia bateko kidea zen, eta Mexikora alde eginda aberastu zen. Begoñako elizateko Quintana Jauregiko alaba batekin ezkondu zen (ikusi Addenda, Ángel Lino de Arisqueta Achúcarro). Javier Arisquetaren anaietako bat, Joaquín, ingeniaria zen, eta Luisa izeneko arreba Ernesto Hiffmeyer ingeniariarekin ezkondu zen. Enrique Borda Achúcarro (Bilbo 1865–Bilbo 1920), arkitektoa, Rita Amann Martínez-Rivasekin ezkondua, Federico Borda arkitektoaren anaia eta Zabalgunearen planaren egileetako bat izan zen Severino Achúcarroren iloba. Negozio-gizona izan zen, eta Banco de Vizcaya bankuaren zuzendaritza-taldean egon zen; banku horretako kontseilaria izan zen sortu zenetik. Sociedad Bilbaina elkarteko lehendakaria izan zen 1930etik 1931ra bitarte. Areetako Gizarte Etxeko lehendakaria ere izan zen, eta Bilboko Erruki Etxe Santuko kidea.

Nicolás Tous Caze (1862–1936) ingeniari mekanikoa eta enpresaburua zen, eta 1891n iritsi zen Bilbora; haren osaba zen Nicolás y Mirapeix (1815–1892), 1855ean La Maquinista yMarítimaenpresasortuzuena Bartzelonan. 1881ean Portugaleteko Burdinazko Kaia eraikitzen hasi zirenean, Evaristo de Churruca ingeniariak enpresa horri eskatu zion egitura flotatzailea eraikitzeko egitura bera osatuko zuten burdinak ekartzeko. Lanak 1887an amaitu eta Maria Kristina erreginak inauguratu zuen eraikuntza. Era berean, enpresa horrieskatuzionBilbokoPortukoObren Batzordeak kontradikerako erabili zuen 100 tonako garabi flotatzailea, metaliko baten gainean muntatuta zihoana eta popan zituena lurrun- makinak eta kontrapisua egiteko garabiaren inklinazioa murrizteko balio zuten Nicolás Caze Bilbon ezkondu zen 1893an, Anastasia Santamaríarekin. 1891n, Marinello, y Compañía sozietate erregular kolektiboa eratu zuen, 500.000 pezetako kapitalarekin, eraikuntza metalikoetan eta itsasontzi-motorretan de Nenín bilbotar abokatua izendatu zuen zuzendari. 1892an, Talleres de Zorroza izena hartu zuen (oraindik itsasadarraren bazterrean dago bulegoen eta etxebizitzen pabiloia, Hermenegildo Lozanok proiektatua). 1897an, Uribitarteko kaia Sendejako kaiarekin lotzen zuen San Agustin zubi birakaria eraiki zuten (Bilboko Udalaren ondoan). 1901ean SECM izatera pasatu ziren, Sociedad Española de

Leopoldo Gutiérrez Abascalek (1868–1918) honela idatzi zuen gutun batean: “Guinea Bilbon bizi da, eta bizitzeko lanean jarraitzen du. Duela gutxi margolan handi batmargotu du Kurding-erako. Mozkorraren eta‘minette’-arenikurmodukobat. Ilargiaren argi zurbilak argiztatutako zelai bat da. Aurrealdean gaztainondo bat dago, enborraren goialdean emakume baten bustoa irudikatuta duena […] Pentsatzen dut Guineak ez zuela nahita egingo, baina lana gizartearen karikatura bikaina iruditzen zait”; aipatuta dator hemen: Javier González de Durana, “Leopoldo Gutiérrez Abascal: cumbres y simas de una fe oscura”, Bidebarrieta urtekaria, IV, Bilbo, 1999, 183.–91. or.

  1. José Antonio de Urigüen Bayo (Bilbo 1847–Bilbo 1900), enpresaburua eta merkataria, Juana Mendigurenekin ezkondua; haien alaba María Uriguen Mendiguren (1880) Enrique González de Careaga y Bishop nabigatzaile eta finantza-gizonarekin ezkondu zen. Haren anaia Braulio Athleticeko bazkide garrantzitsu bat izan zen. Eusebio Ramón Real de Asúa Ibarretak (Bilbo 1846–1907) Estrasburgon eta Bordelen ikasi zuen. 1877an, medikuek Errioxara lekualdatzea gomendatu zioten, osasun-arazoak tarteko, eta bertan upategi bat ireki zuen 1879an, 1882an Compañía Vinícola del Norte de España (CVNE) bihurtu zena.

Eusebio eta bere anaia Raimundo bi ahizparekin ezkondu ziren, Juliana eta María Ignacia Aranorekin; Ibarrangelun jaioak ziren, Bilbon ontzi-jabe eta kontsignatario gisa finkatutako ontzi- kapitain baten alabak. 1879an, nabigazioaren negozioan sartu ziren, etabestezenbaitekinbateraeratuzuten Línea de Vapores Serra konpainia, Bilbon eta Bartzelonan egoitza zuena, eta Compañia de Navegación La Flecha.

  1. Diego Mazas Orbegozo (Bilbo 1867– Paris 1925): dirua aitarengandik zetorkion, Diego Ramón de Mazas Torrerengandik (1818–1888), Santa Ana de Bolueta enpresaren sortzailea eta Zabalguneko lehenengo etxearen sustatzailea; haren ama Matilde Orbegozo Jugo (1837–1891) poeta izan zen. Bilboko Truke eta Burtsa Agenteen Elkargoko presidentea izan zen 1922tik 1925ean hil zen arte. El obrero en la ciudad y en el campo eta La sociedad de Bilbao en 1877 (1918) liburuen egile, Bilboko Hermes aldizkariko kolaboratzailea ere izan zen. Haren anaia Joaquín (1860–1890) El Globo eta El porvenir vascongado egunkarietako erredaktorea izan zen. Aldundiak Jaurerriko artxibozain eta kronikari izendatu zuen 1889an; Antonio Truebaren ondorengoa izan zen kargu horretan. Haien iloba izan zen Rafael Sánchez Mazas, zeinak Bilboko Eskolapioetan egin baitzituen lehen mailako ikasketak (1901–06), Juan Larrearekin batera, eta ondoren Miranda Ebroko Bihotz Sakratuan ikasi baitzuen (1907–10).

Ángel Manuel de Gorbeña Ayarragaray (Bilbo 1857–Areeta 1914), enpresaburua eta bankaria, Valentín bide-ingeniariaren anaia. Luis Reyes Caldos (1868 1947), meatze-ingeniaria, Madrilen jaioa, IreneAmannBarroetarekinezkondua. Luis Aznar Tutor (1862–1929) 1886an sartu zen Sota y Aznar konpainian; 1902an, aita hil ostean, Aznar familiaren buru bihurtu zen Sota y Aznar konpainiaren negozioetan, eta taldearen sozietate guztien zuzendari kudeatzaile izendatu zuten, hil arte, Ramón de la Sotarekin batera. Encarnaciónekin ezkondu zen (Martín de Zavala eta Encarnación de Arellanoren alaba); Laredoko diputatua izan zen, eta bertako semeorde izendatu zuten, hiriko portuaren eraberritzea martxan jartzeagatik.

  1. Saguzar elkartean, bazkideek inauteritan osatzen zuten konpartsaren estandartea besterik ez zegoen, Guiardek margotutako estandartea, non ero-talde bat ageri zen, ilaran eroetxeranzko bidean. El Sitio elkartea 1875eko urriaren 1ean jaio zen ofizialki, gogoan zeudela oraindik Bizkaiko hiriburuak 1836an eta 1874an jasan zituen setioak, zeintzuen ondorioz jaso baitzuen hiribilduak garaitu gabearen titulua. Hasieran, aisialdi-talde bat izan zen, kutsu kultural eta politikokoa, Sociedad Bilbainaren eta Madrilgo Ateneoaren antzekoa, baina sorrera-garaiak zeharo baldintzatutako giro militantearekin. Lehenengo bazkideak ez ziren mugatzen beren iritziaren testigantza ematera; aitzitik, modu aktiboan esku hartzen zuten XIX. mendeko bizitza politiko iskanbilatsuan. Elkartea 9.000 liburuki baino gehiagoko liburutegi bat izatera iritsi zen, baina tropa nazional frankistek suntsitu zuten 1937an Bilbon sartu zirenean. [itzuli]
  2. Gortázar familia izan da Batzarretan presentzia handiena izan duena; gutxienez hamaika bider dago dokumentatuta: 1724–26, 1728–30, 1794–96, 1796–98, 1831–33, 1839– 41, 1844–46, 1870–72, 1874–76, 1876–78 eta 1877–80. Hamar bider ageri dira Novia, Eguía, Ugarte eta Meceta leinuak. Bederatzi bider, Adán de Yarza, Allendesalazar, Basurto, Larrinaga, Loyzaga, Olaeta eta Urquijo. Zortzi aldiz bete zuten kargua Arrieta Mascarua, Landecho eta Mugártegui familiek. Ikusi Dario de Areitio, “El Gobierno Universal del Señorío de Vizcaya”, Bilbo, Bizkaiko Inprimategi Probintziala, 1943. [itzuli]
  3. Manuel María de Gortázar Munibe (1824–1896) akzioduna eta Administrazio Kontseiluko kidea izan zen 1861ean, eta Arratiako bideko zuzendari berezia, 1858ko urtarrilaren 11n izendatua. Bizkaiko probintziako Nekazaritza, Industria eta Merkataritzako Komisarioa izan zen (1879ko urriaren 18ko Errege Dekretua). Parte hartu zuen Trianoko burdinbidean, Gernikakoan, Bilbotik Durangorakoan, Elgoibartik Donostiarakoan eta Lezamakoan.

Era berean, “Unión”, “Comercio”, “Norte”, “Carmen” eta “Amberes” lurrunontzietan inbertitu zuen 1861etik 1865era bitarte. 1863an, Suteetarako Aseguruetako Mutua Sozietateko kontseilaria izan zen, eta 1864an, Banco Hipotecario Español y General de Crédito bankuaren sukurtsalekoa. 1880an, Bizkaiko aberatsenetako bat zen, jabetza landatar eta industrialei zegokienez. 1866an, Bilbon zeuzkan jabetzek 94.270 erreal kuartoko errenta ematen zioten. 1887an, infantzoi gisa zeuzkan jabetzei esker (Bedia, Lemoa, Castillo, Galdakao eta Gueñes) 27.276,5 erreal irabazi zituen (1877an, ia kopuru bera, 26.197,5 erreal). Ondoren Arriaga izena hartu zuen “Bilboko Antzoki Berriaren” hirugarren akzioduna izan zen (140 akzio 2.000tik); 1885eko martxoaren 22an eratu zuten Sozietate Anonimoa. Gerora Arriaga izango zenak 112 akziodun izan zituen, eta Casilda de Iturrizar andrea izan zen akziodun nagusia.

  1. Manuel Mª de Gortázar jaunaren (1824–1896) biografia, seguru asko Aingeru Zabalak idatzia: “Horrez gainera, inguruneak ez zion mesederik egin, erregimen berrirako aldaketak (eta karlistaldiek) lur jota utzi baitzituen Euskal Herriko lur-jabe handi ia guztiak, lurrak balioa galdu zuelako. Euskal aristokraziako familia zaharretatik ia bakar batek ere ezin izan zuen hartu Euskal Herriko iraultza industrialaren trena, “aristokrata berri” ugari sorrarazi zituena. Hainbeste jaitsi ziren landa-jabetzen errentak, ezen ez baitzuten nahikoa ematen jabetzak berak mantentzeko ere. Gortázar familiaren kasuak bereziki argi erakusten du aldaketa hura, Bizkaiko aberastasun handienetako bat izatetik (hainbat hamarkadatan handiena, seguru asko) egoera finantzario larrian egotera igaro baitziren, eta familiaren ondarearen zati handiena besterenduta geratu baitzen” “Además, el entorno no le favoreció pues el tránsito al nuevo régimen (y las guerras carlistas) arruinaron a casi todos los grandes hacendados terratenientes en el País Vasco, al desvalorizarse enormemente la tierra. Prácticamente ninguna de las viejas familias de la aristocracia vasca se pudieron subir al tren de la revolución industrial en el País Vasco, que crearía tantos “nuevos aristócratas”. Las rentas de las propiedades rurales bajaron tanto que no daban para mantener las propiedades. El caso de la familia Gortázar es especialmente revelador de este tránsito, ya que pasa de ser una de las mayores fortunas de Vizcaya (durante décadas posiblemente la mayor) a una grave situación financiera y a la enajenación de la mayor parte del patrimonio familiar”). [itzuli]
  2. Ikusi Maiorazkoak izeneko kapitulua liburuki honetan. [itzuli]
  3. El Noticiero Bilbaino egunkariak 1928ko irailaren 25ean kontatu zuenez, hil osteko omenaldia egin zioten Guardian, eta Ángel Garavilla margolariak erretratu bat egin zion, eskolako kolonian geratu zena. Gaceta del Norte egunkariko beste ohar nekrologiko batek honela zioen: “Gizon ona, guztiz onbera, ezin onagoa; maitasun handia zien txikiei”. [itzuli]
  4. Rafael Sánchez-Mazas: “Las aguas de Arbeloa y otras cuestiones (relatos)”. Editorial Samaran, Madril, 1956. [itzuli]
  5. 1909an Kuartetoen Elkarte berria eratu zuten. Cleto de Alaña y Landa (Bilbo 1865–1939) eta Lope de Alaña y Errasti (Bilbo 1850-1926) lehengusuak ziren. [itzuli]
  6. Elkarte Filarmonikoa 1896ko otsailaren 23an eratu zuten, 500 bazkiderekin. Emiliano de Arriaga izan zen lehenengo Zuzendaritza Batzordearen buru, eta batzordekide izan ziren, halaber, Alaña, Arisqueta eta Gortázar, Kurding Club elkarteko kideak, guzti-guztiak. Inaugurazioko kontzertuak maiatzaren 20an eta 21ean egin ziren, Bizkaiko Institutuko areto nagusian; Elkarteak lokal horretan hartu zuen egoitza, Portuko Markesaren kalean eraikina altxatu zuten arte, 1904an inauguratua. [itzuli]