Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Ucelay - Zuberoako dantzak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Ucelay - Zuberoako dantzak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Artearen historia | Erritmoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Nekazariak artean | Landa-eszenak | Euskal Eskola | Erritua | Animaliak artean | Dantza | Dantzariak | Euskal Herria | Musika-tresnak | Pertsonak | Pertzepzioa | Giza eskubideak | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Kostunbrismoa | Modernismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Ucelay Uriarte, José María

Zuberoako dantzak (Danzas suletinak) koadroak1 José María de Ucelayk Pio Barojaren Guía del País Vasco ilustratu zuen unean du jatorria2. Zuberoako dantzari-talde baten irudikapena da; Zuberoako maskarada batean parte hartzen dutenak dira. Inauterietan izaten da maskarada hori, eta hogei kidek baino gehiagok parte hartzen dute hartan, bi talde antagonikotan banatuta: gorriak (dotoreagoak) eta beltzak (basatiagoak).

Ucelayk antzerki- eta dantza-erritu honetako bost pertsonaia garrantzitsuenetara mugatu du antzezpena, baina kontuan hartzen ditu bi talde antagonikoak. Izan ere, talde bakoitzeko gizon-zaldiak betetzen du (hurbilekoak eta urrunenekoak) koadroaren erdigunea, bi jarrera zeiharretan. Lehen planoan, taldeetako bat ageri da atseden hartzen, objektu ugarirekin (otar itxia botilarekin, ogi biribila, perretxiko-otarra eta euskal mahai-zapiak, bi gardenia, lore batzuk eta euskal salterioa, gainean txirula eta zotz bat dutela); eta, beste aldean, musika-tresnak (alboka, txistua eta danbolina, bestelako mahai-zapi baten gainean) eta, erdian, ardo-ontzia (godalet-dantzakoa berez); artzain-txakur alemaniar bat ageri da eszenari beha; lurrean eserita dauden emakume batek eta dantzari batek begiak zuzentzen dizkiote ikusleari, eta gainerako pertsonaiek elkarri begiratzen diote. Lehen talde honen atzean beste taldea agertzen da (pertsonaia berekin) gabota dantzatzen —biribilean egiten den dantza korala—, pertsona batzuk begira daudela; lau pertsonaiak, besteak beste, mutil kozkor batek eta brusa beltza duen txistulari batek, bizkarra ematen diote ikusleari.

Oraindik ez da azterlanik egin dantza-multzo hauen azpiko metafisikaren eta pertsonaia nagusien esanahi sinbolikoaren inguruan. Bereziki aipagarria da zamaltzaina, hau da, dantzari-zaldia, Europa osoa korritzen duen sinboloa: Lascaux-ko burutik eta “Calaceiteko zalditxoa” deitzen zaion argimutil botibotik hasita, hobby horse ingeles esapideraino, zeina landu baitu artean Ernst Gombrich-ek; berebat azpimarratu behar da animalia honen hileta-sinbologia, José María Blázquez-ek kultura mediterraneo eta iberiarretan agertu duena, eta Rodney Gallop-ek Poloniako eta Greziako zamaltzainetan3; eta ez da ahaztu behar Lantzeko zaldikoa, Paleolitoko hezur-grabatu bat gogorarazten duena, Ingalaterrako kobazulo batean aurkitua, aurpegia zaldi-buru batez estalia duen gizon bat agertzen duena4.

Maskarada hau zaldiak etxekotzeari buruzko jai bat da, hau da, zikiratzeari eta ondorengo ferratzeari buruzkoa. Zaldi etxekotua Brontze Aroan agertzen da, zikiratu eta ferratzeko beharraren inguruko errituekin; gero, muntatzeko estiloak etorriko dira, eta, ondoren, hedeenak. Lanbide bereziak ziren zikiratzaile eta errementarienak, zaldiei xuxurlatzen eta lasaitzen zekien jendea zen, ferratzeko eta zikiratzeko. Hala, errendimendu hobea eta mugimendu arraro gutxi izatea lortzen zuten. Herri askok oraindik ere jaiak dituzte erritu honen inguruan, eta horrexen antzezpena da Zuberoako maskarada, ia-ia dantza-segida bihurtua5.

Hala, Ucelayk desagertzeko zorian zegoen dantza bat finkatu zuen historiarako. Lehen planoan atsedeten dagoen taldean, ezkerretik eskuinera, honako pertsonaia hauek agertzen dira:

entseinaria edo drapeau, bandera darama eta dantzan zehar eragiten diona; konpartsa edo erritu orokorra ezartzen du; gathuzaina, egurrezko guraizeak edo pantografoa izeneko tresna bat daukana;

  • txerreroa, muturrean zaldi-isats bat duen makila bat daramana, hauspoa zabalik duen akordeoi handi baten etxean eserita;
  • kantiniersa, emakumez jantzitako gizona, XIX. mendeko kantinera frantses baten moduan jantzia, zeinaren eginkizuna soldaduei edariak zerbitzatzea baitzen; buhaume martxa izeneko dantzarekin sartzen da plazan6; zamaltzaina, dantzako pertsonaiarik ikusgarriena, gerrian zaldi moduko bat daramana.

Lehen planoan, maskarada honetan erabiltzen diren musika-tresnak: esku-soinua akordeoia, alboka, ttun-ttuna eta txirula, dantza honetako eta, oro har, Ipar Euskal Herriko tipikoak azken bi hauek. Era berean, bada edalontzi bat godalet-dantza izenekorako. Ardo-edalontziaren gainean egiten den dantza bat da, erdiko pertsonaia guztien trebetasun teknikoa probatzen duena; izan ere, dantzari bakoitzak bi oinak elkarrekin jarrita jauzi egin beharko du edalontziaren gainean, eta une batez bertan geratuko da.

Mendi kurbatuen paisaia batekin ixten da koadroa. Hodeiek erritmikoki jokatzen dute mendiekin, bihurguneko irudikapena itxiz, lehen terminoko lerro zuzen eta koadroarekiko paraleloen aurrean, nola den pertsonaiak esertzen diren bankua. Atzean, Goteingo eliza dago, Zuberoan, bere kalbario motako kanpandorrearekin, zeina oso zabalduta baitago Zuberoako (Ipar Euskal Herria) eremu horretan, eta artistaren marrazki askotan agertzen da; mendiak, berriz, Durangokoak dira.

Konposizio bikaina da, koloreagatik eta lerroaren arabesko-erritmoagatik. Arratsaldeko argiarekiko kezka ohikoa da Ucelayrengan, baita bere koadroen bukaera arduratsu hori ere. Ucelayren kolore bereziak denboraren joanean zapaltzen du Zuberoako dantza, denboraz kanpoko irudi batean izozten du. Ucelayk narrazio konplexu eta bertutetsu bat eskaintzen digu: dantza baten azken erretratua da, pertsonaia batzuena baino gehiago; objektuen eta inguruko airearen urruntasunean eta metafisikan galtzen den erretratu bat da, koadro zirkularra.

Ucelayren koadroek ihes egiten dute euskal pinturak berezkoa zuen folklorismotik, eta horregatik kritikatu zuten beste artista batzuek: Ucelay ez zen euskal pintore benetakoa, ez baitzituen egutegiko baserritarrak pintatzen. Mauricio Flores Kaperotxipi pintoreak idatzi zuen kritika-mota horren adierazgarririk onena: “Ucelayren euskaldunek Euskal Herriko baserritarrez jantzitako aristokrata ingelesak dirudite. Emakumeak Albako dukesatxoak balira bezala irudikatzen ditu. Jakina, gizon-emakume hauek Ucelayk margotzen dituen bezala balira egiaz, zeinek jetziko zituen gure behiak? Zeinek moztuko luke belarra? Zeinek artoa erein?, galde liteke”7. Koadro honetako pertsonaia guztiak errealak dira, ia denak Busturiako bizilagunak, artistaren etxearen inguruko baserrietakoak, edo koadroa egiten ari zela bisitan pasatu ziren lagun batzuk8.

Galdera erretoriko eta ez oso argi horren aurrean —artista batengandik etorrita—, erantzun zuen Ucelayk 1978an: “Nik galdetzen dut nik pintatzen ditudan baserritar horiek nik asmatutako irudiak ote diren edo errealitatetik hartutako irudiak. Denak dira errealitatetik hartuak, ez dut gogoratzen modelotzat erabili ditudan pertsonen erretratu leiala ez den pinturarik egin dudanik. Adibidez, arrantzaleen bizitza gaitzat duen horma-irudian, Bermeon dagoen horretan, irudi guztiak Bermeokoak dira, hezur eta haragizkoak. Izan aristokratak, edo, izan beste edozer, Bermeoko marinelak dira, eta hain antzekoa ikusi zuten hartan beren burua, non koadro hori aurrenik egon zen areto handian, Bermeoko batzokian, mahaiak aukeratu baitzituzten pintatuta zeuden taldeen azpian esertzeko. Pentsatzen dut irudi horiek ikusten dituztenak ez direla beren irudi naturalen dotoretasunaz konturatzen, eta beren burua margotuta ikusi arte itxaron behar dutela horretaz ohartzeko. Haiek, ikusten dituzten subjektuak, koadrokoak bezain dotoreak direlako agian. Azken batean, horrek esan nahi du jende horrek ez diola behar adina begiratzen ispiluari. Eta koadro bat bizitzaren isla besterik ez denez, eta ispiluak benetako irudiak islatzen dituenez, koadro horiek ikustean, portuan baino arreta handiagoz begiratzen diete, eta espero ez zuten zerbait ikusi dutela iruditzen zaie”9. Ramón Basterra poetak bai, hark ondo interpretatu zuen Ucelayren euskaltzaletasuna, Ucelay “etnografiatik askatzea” dela adieraziz10. Ucelayk ez du kontakizun etnografiko bat dokumentatzen; oso bestela, bere poesian, Ekialdekoen moduko xehetasunean eta bere kaligrafia pertsonalean sublimatzen du, bere irudiak erakusketa kultural handi bat bihurtuz.

Ucelayk amarraleku baten gisa uzten digu bere pintura –bere lanak, Bermeoko horma-irudia nahiz pieza hau, Zuberoako dantzak–, lurraldearekiko pertenentzia-sentimendua hari lotu hartan lotzeko. Bere pinturaren, paisaiaren, arkitekturaren, nekazaritzako tresnen, dantzen eta garai bateko fenomeno baten konplexutasunaren bidez, aldatzen ari den gizarte baten dimentsio askoko erradiografia bihurtzen dira.

Ucelayren koadroak ez dira ikerketa etnografikoa, ezta argazkigintza ere, opera poetica baizik. Hemen ez da zientzialariaren begirada dokumentatzen duena, artista-poetaren begirada baizik, barne-barnetik datorrena, begiarekin ez ezik, bihotzarekin ere erabilia. Ucelay mundu horretakoa zen, eta bazekien haren zatia zela, baita haren desagerpenaren zatia ere. Simone Weil idazleak bezala pentsatzen zuen: “La destruction du passé est peut-être le plus grand crime”.

Gainbehera horri begira dago Ucelay, baserriko noblezia benetako batetik, elizako kanpaiak antolatutako garai baten galerara. Ez da bukaerako garaia (hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadak izango dira bukaerako garaiak), baina bai inbentarioa egitekoa. Ez dago denborarik galtzeko, itxiera-inbentarioa baita, hilzorian dagoen mundu batena, zeina ez baitugu 98ko begiradarekin (Zuloagarena edo Zubiaurretarrena) begiratu behar, ezta sinbolismo mitiko batekin ere (Arteta), noblezia hori, bereizia, estetikoa dena, baserritarren duintasuna azpimarratzearen pozarekin baizik. Ucelayk ez dio aurrerabideari uko egiten; aldiz, uste du oroimen bisualean gorde behar direla eraikin zaharren eta tresnen oroitzapenak, Aita Donostiak euskarazko kantuekin eta herri-kondairekin egiten zuen bezala.

Ucelayk, iragana salbatzeko, ez du goraipatzen hondamenera doan eta miseriaren kolorea duen guztia, baizik eta pertsonen eta bere gauzen edertasun naturala poetizatzen du, eta edertasun horrekin batera, baita eguneroko kultura ere: arrantza- aparailuak edo dantzarenak. Lehen Ucelayko poetizazio etnografikoko pintura, bere Zuberoako dantzak arte, memoria bat balioesten duen lekukotasuna da, existentzian ezik, narrazioan irautera bideratutako ondare baten herentzia-balioa.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1.  1956ko Veneziako Biurtekoan aurkeztu eta Madrilgo Toisón aretoan saldu zen, 1957an. Bai Bermeoko horma-irudiak, bai koadro honek, beste pintura-lan asko eragin dituzte, astokoak, eta horma-irudi honetan integratuta zeuden elementu batzuk beregainak egin dira. [itzuli]
  2.  Guía del País Vasco, Bartzelonako Destino argitaletxeak 1952an Pio Baroja idazle euskaldunari eskatua. Barojak, berriz, José María de Ucelay artista bizkaitarrak egiteko gidaren irudiak eskatu zion argitaletxeari. Estalki bikain honek irudimenezko paisaia bat irudikatzen du, benetako eremuz osatua (Ondarroa, Durango, Busturia, Lapurdi, etab.), eta erdian hiru pertsona ageri dira: Pío Baroja posatzen, haren iloba Julio Caro Baroja antropologoa beha eta margolaria lanean. Hiru zirriborro daude: batek behin betiko arkatzezko konposizioaren eskema zehatza du, eta beste biek –eskala desberdinetan– kolore-intonazioaren bi azterketa mota erakusten dituzte, azal konplexu eta ondo orkestratu honetarako. Esan daiteke Baroja eta Ucelay direla euskal probintziez berriro hitz egiten hasi ziren lehenak, Gerra Zibilaren ondoren eta frankismoa bete-betean zela oraindik. Ucelay Eusko Jaurlaritzako Arte Ederren zuzendaria izan zen Gerra Zibilean, eta Ingalaterran erbesteratuta egon zen 1950 arte. [itzuli]
  3.  Rodney A. Gallop, A Book of the Basques, Macmillan and Co., Londres, 1930; eta orobat Violet Aldorf musikologo eta folkloristarekin batera idatzitako liburuan, The traditional dance, Methuen Argitaletxea, Londres, 1935. [itzuli]
  4.  Lewis Mumford, La ciudad en la historia, I. alea, 14. or. Christian Hole-k dioenez, gure aroko VII. mendean, urtarrileko kalendetan, baziren festa batzuk non gizonak, animalia-larru eta -buruz estalirik, kaleetan korrika eta saltoka ibiltzen baitziren, eta, hura deabruzkoa zela-eta, Canterburyko artzapezpikuak debekatu egin zituen. [itzuli]
  5.  Jean-Pierre Mohen eta Christiane Eluère, The Bronze Age in Europe. Gods, Heroes and Treasures, Thames and Hudson, Londres, 2000, 96 eta 151. or. [itzuli]
  6. Buhaume-martxa izeneko dantza (ijitoaren dantza, buhame), zaldia zikiratuko dena. Inauteriko dantza edo erakustaldi teatral hau arribada izenaz amaitzen da, eta hartan parte hartzen dute ikuskarian aritu diren pertsonaia guztiek, baita publikoak ere. [itzuli]
  7. ar7. Mauricio Flores Kaperotxipi, Arte Vasco, Ekin argit., Buenos Aires, 1954. [itzuli]
  8.  Busturiako Altamira auzoko pertsonak dira, hala nola Amador Gorriño, Beotegiko neskak, Ines haren emaztea eta abar, eta beste koadro batzuetan Víctor Olaeta dantzaria agertzen da; apaiza Angel de Apraiz katedraduna da, Busturiako zeramikari buruzko lehen azterlanaren egilea. [itzuli]
  9.  Egin egunkaria, abenduak 9, 1977. [itzuli]
  10.  El Liberal egunkaria, urtarrilak 1, 1927. [itzuli]