Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Arteta - Arratiako Eva

Kosme de Barañano

Izenburua:
Arteta - Arratiako Eva
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Giza gorputza | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Argia | Konposizioa | Gizarte-kronika | Nekazariak artean | Landa-eszenak | Bilbo | Bizkaia
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Arteta Errasti, Aurelio

Arratiako Eva margolan handia Artetak 1920tik aurrera Cézanne margolariaren eragina zuen angelu kubistako pinturari ekin aurretik egin zuen lan onenetako bat da. Uztaren une bat irudikatzen du Bizkaiko ingurune landatar batean: lau pertsonak eta idi-bikote batek osatzen dute muino batean enkoadratutako eszena, eta muinotik belardiz betetako mendi izurtuen segida bat ikusten da. Ezkerraldean, buruan saski bat daraman neska baserritar gazte batek harro begiratzen dio ikusleari; eskuinaldean, baserritar-bikote gazte bat ageri da. Emakumea lurrean erdi etzanda dago, eta sagar bat eskaintzen ari zaio gizonari (hortik datorkio lanari Evaren izenburua), eta gizona, zutik, lastoa jasotzeko sardearen heldulekuan bermatuta dago1. Bai ezkerreko emakumea, baita bikotea ere, kontrargian egindako argazki batetik atereak egongo balira bezala enkoadratuta daude, eta idien gurdia —belar oraindik freskoz betea— argian murgilduta dago, beste soro urrunekoago batean zutik ageri den baserritarraren antzera. Atzealdean mendi harritsu bat ikusten da, Ogoñoko haitzaren antzekoa, beraz, zelaiak Metxikasekoak edo Paresikoak izan daitezke. Muinoek, gurdian pilatutako belarrak eta zuhaitzen adaburuek hodeien kokapenean oihartzuna duten mugimendu makotuak sortzen dituzte; Ucelayk geroagoko Zuberoako dantzak konposizioan egindakoen antzekoak, baina hemen pintzelkada solte eta luzangekin. Ezkerreko neskak margolanari goiko aldetik eusten dion kariatide bat izango balitz bezala funtzionatzen du, eta eskuinetik zuhaitz baten adarrak ageri dira, bikotea babesteko; Artetak beste margolan batzuetan ere erabili zuen konposiziozko erretorika-mota hori2. Saskia daraman neskaren besoek suge-itxurako irudi bat osatzen dute, eta eskuineko neskaren eskuek, mutilaren besoekin batera, sakontasunezko diagonal bat sortzen dute margolanaren erdialderantz, hau da, belar-bilketarantz.

Artetaren lan bikain honetan, mendien, argiaren eta gizakien (gorputz gisa eta genero gisa) arteko jolas horretan, ikuspegi bitalista bat antzematen da, eta ez hainbeste irudikapen sinbolista bat; Friedrich Nietzscheren gizaki “berriaren” deskribapen bat da ia: super-gizona naturaren aurrean (José María Solturak Nietzsche irakurri eta itzultzen zuen Sociedad Bilbaina elkartean). Artetaren etapa honek Jens Ferdinand Willumsen daniarraren pintura gogorarazten digu. Pentsa dezagun haren Mendizalea (Bergsteigerin, 1912)3 margolanean: Edith Wessel (1875–1966) bigarren emaztearen erretratu bat da, eta Alpeetako paisaia ikusgarri bati begira ageri da. Willumsen Johannes V. Jensen idazle Nobeldunaren irakurlea zen; Jensenek ongi aztertu zuen teknologiak gizartean eta giza aurrerabidean zeukan eragina, baina, aldi berean, Danimarkako mundu landatarrari begirako nostalgia kontatzen zuen. 1904ko Madame d’Ora eleberrian, Jensenek bere jaioterri zen Himmerland eskualdeko ingurune bukolikoa oroitu zuen, baita bertako biztanleen bizimodua ere, naturarekiko harmonia bikainean. Willunsenen emaztearen uste sendoa haren pose irmoan datza: belarra zapaltzen ari dela baino gehiago, belarretik irteten dela dirudi. Keinu horretan, gizadiak naturarekin duen harremana laburbildu zuen Willunsenek. Goiko aldetik, hodei batzuek ixten dute konposizioa, Artetaren lanean neskatxaren gaineko saskiak egiten duen moduan. Willunsenek bezala, Artetak, keinu horrekin — ezkerreko besoa saskia orekatzen eta eskuinekoa aldakan, kontrapuntu gisa— lurrarekiko lotura hori laburbiltzen du, neskaren begiradak adierazten digun lotura natural hori. Esku batzuen norabidean sexu-harremanen samurtasuna erakusten digu, maitasun gisa ezagutzen dugunaren hasierako loratzea. Artetak ez du sinbolismorik egiten; Artetak giza arimaren txokorik ezkutuenak goratzen ditu kokapen aparteko baina hiritik hurbil batean.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Artetaren emakumeei dagokienez, ikusi Nerea Aresti eta Miren Llonaren saiakera hau: “Las mujeres imaginadas de Aurelio Arteta” (UPV021.323 Hal56/98 proiektuko komunikazioa webgunean, 327. or.). Honela diote: “Eva, margolanaren eskuinaldean lehen planoan ageri den baserritarra eta Adani sagarra eskaintzen ari zaiona, eszenaren protagonista da, eguzki sortu berriak argiztatutako lurrarekin batera, zeina zabaltzen baita bigarren planoan. Bibliako metaforaren gaitzespenezko esanahitik urrun, Artetak ekintza desakralizatzen du, eta artzain- eszena bat berregiten du, non Evak, atzealdean argiztatuta hedatzen den euskal lurreko paradisuko sekretuen jabe gisa irudikatuak, gizonari eskaintzen dion paradisu hori, sagarra ematearen ekintza sinbolikoaren bidez. Evak eta beste bi emakumek enkoadratzen dute hiruki-formako eszena, eta emakumeak lurrarekin nahiz baserriarekin izan duen identifikazioa indartzen da”. [itzuli]
  2. Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen 1913-15eko beste margolan batek, Euskal emakume nekazariak fruta eta barazkiekin (Campesinas vascas con frutas y hortalizas) izenekoak, adibidez, antzeko elementu batzuk ditu konposizioan: saskia daraman emakume bat irudia ixten, eskuineko neskatxaren gorputz-jarrera eta eskuinaldean goitik ageri den zuhaitza. Azokara (Al mercado) izenekoan ere, emakume batek saskia darama buruan, eta saskiak margolanaren markoa apurtzen du. [itzuli]
  3. Jens Ferdinand Willumsen (1863– 1958), daniar margolari, eskultore, zeramikagile eta arkitektoa, talentu paregabea zuena bere garaiko Europako panorama artistikoan. Willumsenek Johannes V. Jensen daniar idazle antimetafisikoaren The Long Journey (1908–22) eleberri-saileko lanak irakurtzen zituen, eta Artetak, aldiz, Verhaeren poetarekiko mendekotasuna zuen. Artetak kezka handia zuen material eta teknikei begira, eta pigmentu- eta tenpera-nahasketa propioekin esperimentatu zuen, baita freskoekin eta inprimazioekin ere; Willumsenek ere arreta handia jarri zien bere lanen materialei eta laka zein bernizei. Ikusi: http://www.smk.dk/en/explore-the-art/art-stories/stories/vis/willumsens-technique/; Jens Ferdinand Willumsen, Bergsteigerin, 1912, olio-pintura mihise gainean, 210 x 170,5 cm, Statens Museum for Kunst, Kopenhage. Akuarelaz egindako estudio bat dago, 50 x 44 cm-koa: Mendizalearentzako estudioa (Bjergbestigersken), ca. 1902–04. [itzuli]