Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Losada - Traineruak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Losada - Traineruak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta kirola | Artearen historia | Eragin artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Gizarte-kronika | Itsas paisaia | Bilboko Arte Ederren Museoa | Itsasoa | Bilbo | Bizkaia | Paris | Itsasontziak | Jaialdi eta sariak
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Kostunbrismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Losada Pérez de Nenin, Manuel

Manuel Losadak (1865–1949) bi traineruen arteko estropada bat irudikatu zuen 1912an, Arraunlariak (Los remeros) margolanean.

Trainerua Kantauri itsasoko berezko ontzia da, arraunen —eta batzuetan haizearen— indarrez mugitzen dena eta kostatik gertuko arrantzarako erabiltzen zena. Ontziak —diseinu lirainekoa eta estalkirik gabekoa— branka goratua eta popa biribila ditu, itsaso horretako olatuei egokiro aurre egiteko. Garai batean, antxoa eta sardina harrapatzeko erabiltzen zen. Latinezko traginãre- tik (arrastatzea) dator izena.

Losadak hamabi arraunlariko traineru bat aurkezten digu; tosta bakoitzean, txopan eta brankan izan ezik, bina arraunlari daude, bata ababorretik eta bestea istriborretik arraunean1. Brankari bizkarra emanez egiten dute arraunean, hau da, txopara begira, eta patroiak, zutik, txopatik gidatzen du ontzia, lema-arraun handiarekin (bailandren kodasta-lema baino arinagokoa). Lehen planoan, eszena osoa zeharkatzen duen traineru beltz baten presentziak dinamizatzen du konposizioa, alboko zerrenda zuri-gorriduna2. Losadak ontziaren eskuinaldean idatzia du bere sinadura, ontziaren izena balitz bezala.

Bi talde ditugu lehian, hogeitik gora traineru eta jendez beteriko hainbat txalupa begira dituztela. Atzean, Ogoño lurmuturra eta Laga hondartza ageri dira. Horrek esan nahi du hurre dugula Gernikako itsasadarra. Kolore kontraste handia dago traineruaren eta itsasoaren artean: ontziak krosko beltza eta barnealde urdin-moreak ditu, eta itsasoa, berriz, kolore berde eta urdineko pintzelkada horizontalez margotuta dago. Ogoñoko belar-mazelak, berriz, goitik beherako pintzelkada bihurri eta trinkoz osatuak daude. Ikusia dugu Losadak –Zuloaga, Durrio eta Urangarekin Parisen egindako egonaldiaren ondoren– hainbat mural margotu zituela Kurding Club-en. Inpresionismo eta sinbolismo frantsesetik igaro ondoren, XIX. mende hasierako Bilboko eszenetan (hiriaren pastelezko eta olio-pinturazko oroitzapen-lanetan) lortu zuen Losadak bere estilo berezia. Bilboko Arte Ederren Museoko lehen zuzendaria izan zen hil arte guztian.

Bakarra da aurpegia agerian duen irudia: lemazaina. Brankara begira, alkandora zuria eta txapela jantzita, bi eskuekin heltzen dio arraunari. Ontzi mota horien xehetasun guztiak zehaztasunez irudikatuta daude margolanean: tostak (arraunlariak esertzeko karel batetik besterako ohol estuak), toletak (karelean arraunari eusteko ipintzen diren ziriak), estropuak (arrauna toletari lotzeko sokazko eraztun modukoak), eta abar. Tostei eusten dauden ohol arin horiek ere irudikatu zituen Losadak margolanean, eta, halaber, arin itxurako arraun batzuk margotu zituen.

Arrantzatik bizi ziren herrixkak ziren garaietatik egon da lotuta arrauna Bilborekin, Portugaleterekin eta Santurtzirekin.

Arrantza funtsezko jarduera ekonomikoa zen XIX. mendearen erdialdean, eta trainerua, lan-tresna nagusia. Arrantza-jardueraz gain, pilotatze-lanak eta atoi-lanak ere egiten zituzten arraunlari horiek3. Traineruek itsasadarrean zehar gidatzen zituzten belaontzi handiak, gerora portuko gidariek egingo zuten lana eginez.

Atoi-lanean ere aritzen ziren, hau da, itsasontziak unama batetik tiraka atoian garraiatzen. Traineruen arteko lehia hori profesionalen arteko abiadura lehia bihurtzen zen batzuetan, hala nola arrantza-traineruak, arrantza-leku batera edo antxoa-banku batera iristeko, edo pilotatze-lanetan ziharduten traineruak, itsasontzi batera ondoratu eta hura itsasadarrean zehar gidatzeko, elkarren aurka nor baino nor hasten zirenean. Traineruen arteko lehiaketa ludikoa, estropada-jokoa, XIX. mendean hasi zen. Estropadak tentsio eta neke-aldi batetik lasaitzea eskatzen du, beste berri bati ekiteko gero. Aristotelesek honela adierazi zuen hori bere Politikan: “jokoak atsedena du helburu”.

Kirol-estropada batez dugun lehen berria Lehen Karlistaldia amaitu ondorengoa da: 1844ko abuztuan, Donostian, Isabel II.a erreginaren omenez egin zen estropadaz ari gara4. Ezaguna dugu ere Bermeoko, Elantxobeko eta Mundakako bi ontziren arteko estropada, 1719an Izaro uhartearen jabetza erabakitzeko egin omen zena.

  1.  mendearen erdialdean, arrantza-herrietako (Portugalete, Bermeo, Lekeitio) festa nagusietako ospakizunek estropada bat sartzen zuten beren ekitaldien artean; herri bateko kofradietako edo herri desberdinetako traineru eta batelen arteko lehiaketa bat da estropada5. Esate baterako, 1865ean, Ondarroako Arrantzaleen Kofradiak Bilboko estropadako Ohorezko Sari bakarra irabazi zuen. 1881eko abuztuan, lehen nazioarteko estropada egin zen, Abran. Bilboko Klub Nautikoak antolatu zuen, eta Portugalete, Bilbo, Getxo eta Santurtziko udalek hartu zuten parte. Lehen aldia izan zen estropada batek inguruko herrietako jendea eta bainuetxeetako udatiarrak ere erakarri zituena. Lehiaketan, arrantza-txalupak eta arraunketa-txalupak bereizi ziren: lehenak astunagoak ziren (4 tona inguru), eta, besteak, arinagoak, pilotatze-lanetarako erabiltzen zirenak baitziren (lau arrauneko txalupak eta lemazain bat)6. 1887ko irailaren 12an, Burdinazko Kaiaren azken blokea jarri zenean, traineru-estropadak egin ziren, eta Bermeo, Zierbena, Ondarroa eta Santurtzikoek hartu zuten parte: Ondarroako traineruetako bat izan zen garaile. Hurrengo urtean, 1888ko azaroaren 21ean, olatu-hormaren lehen harria jartzeko lanen kariaz, traineru-estropadak egin ziren berriro. Era berean, Bilboko Klub Nautikoak editatu eta inprimatutako programa bat gorde da, 1894an Portugaleten egindako estropaden berri ematen duena: “Regatas à la vela y à remo” (sic, a letra azentuarekin).

Errege-erreginen bisitak zirela eta, traineru-estropadak ezinbestekoak bihurtu ziren Abrako festetan. 1898an, Sporting Clubek garrantzizko bultzada eman zien estropada horiei, lehenago aipatu ditudan bailandra-estropada haientzat bezala traineru-estropadentzat ere lehiaketa-arautegi bat ezarriz. Bestalde, igeriketa ere sustatu zen7.

1888ko azaroan, Bermeoko bi ontzik parte hartu zuten estropadan; itsaso barean ibiltzeko bereziki eraikitako ontziak ziren, eta aurretik iritsi ziren biak; lehiaketara egokitutako arrantza-txalupen lehen berria da hori: pisu gutxiago egurrean, saihets eta karel finagoak, ia oholik ez ontziaren beheko barrunbean. 1916 aldera, ez lehenago, hasi ziren traineru arinagoak eta estilizatuak eraikitzen (arrantza-ontzi gehienak baporeak ziren ordurako, eta arraunak, propultsio-elementu gisa, gainbehera hasia zuen): lehiaketarako propio diseinatutako ontziak ziren, baina arrantzako traineruaren 12 metro “klasikoak” mantendu zituzten. Era berean, arraunen luzera laburtu egin zen, eta palen azalera, berriz, handitu. Hiru dira geroztik gaur egunera arte iraun duten estropada nagusiak: Santanderreko Bandera (1856. urtekoa, gutxienez), Nerbioiko Sari Nagusia (edo Abrako Estropadak, 1865. urtetik aurrerakoa) eta Kontxako Bandera (1879. urtetik aurrerakoa).

Lanbide bat denboraren poderioz nola galtzen den eta lehiaketa eta joko (arraun-estropada) nola bihurtzen den erakusteko adibide bikaina dira traineruak. Kasu honetan, gizakiaren ahalegina ez da inork inposatua, borondatezkoa eta librea baizik, eta bere horretan bertan, bere xedean berean bilatzen eta aurkitzen du bere betetasuna. Lanean, helburu jakin bat (premia bat asetzea) lortzeko inperatiboak ezarria dator ahalegina. Kasu horretan, geroko gozamen baten aurretiko baldintza baino ez da ahalegina. Estropada batean arraunean ari den pertsona baten eta jendea ibaiaren alde batetik bestera pasatzeko arraunean ari den txalupa-zain baten artean, edo mendian gora doan alpinista baten eta hari lagun egiten dion gidariaren artean, desberdintasun bakarra dago: batzuek arraunean egitea edo mendian gora egitea beste helbururik ez dutela, eta besteek, berriz, bizimodua ateratzea dutela helburu. Pilota, traineruak, harri-jasotzea edo idi-probak joko hutsetik harantzago eta lan kontzeptutik honantzago dauden kirolak dira. Britainiarrek bi hitz erabiltzen dituzte, play (jolasa) eta game (araututako jokoa), bereizketa hori egiteko8.

Jokoan, une batzuetan, indargabetu egiten da objektuen eta haien ondorioen “objektibotasuna”, indargabetu egiten da objektuen munduaren errealitatea, zeinak, jokotik kanpo, errealitate horri aurre egitera eta hura ezagutzera behartzen du etengabe gizakia. Euskal kirolaren mundua lan sublimatuaren mundua da, jolas itxura hartuta. Traineruetan, patroiak denborak markatzen ditu, Markinako Lehoiak idi probalekuetan bezala, eta jazz sinkopak diruditen beren oihuekin lanaren erritmo telurikoa antolatzen dute batak zein besteak, paladaz palada, iltzez iltze. Ez dago zalantzarik aizkora- eta idi-proba horiek eguneroko lanarekin daudela lotuta. Pilota da lehen begiratuan game bat bezala agertzen zaigun bakarra: zoritik sortutako eta gerora araututako joko bat. Euskal kirola lehiaketa kategoriara igotako lana da, beharraren erresuman (Karl Marxen hitzetan esateko) izena eman gabe dagoen lana, hau da, produkzio materialetik kanpo ateratakoa, lan ez-emankorra. Euskal kirola indarra eta, aldi berean, arrazoia da (erreflexuak eta adimen espaziala), baita fedea ere; izan ere, beren traineruetan ahituta zeutzan arraunlari erromatar haiei buruz Virgilio poetak esan zuen bezala: “Ahal dute, ahal dutela uste dutelako”.

Euskal jokoa —euskal kirola bereziki— lanean oinarritzen da. Artearen eta jokoaren aurrekari gisa ez ezik, biak existitzeko aukera izateko baldintza gisa ere agertzen zaigu lana. Schillerrek, 1795eko bere Über die ästhetische Erziehung des Menschen (Gizakiaren hezkuntza estetikoari buruzko gutunak) lanean, hamabosgarren gutunean bereziki, instantzia ludiko eta sortzailetzat hartzen zuen artea, gizakia zatikatuta ez dagoen jardueratzat, non pertsona osoa baita sartzen eta auzitan jartzen. Gauza bera gertatzen da jokoan: “gizatiarra denean bakarrik (hitzaren zentzu osoan) jokatzen du gizakiak”. Euskal kirola jokoaren kategoria horretan sartzen da: lanaren nekea energia askapenean eraldatzen da, indar-xahuketan, beharraren erresuma konkistatua izan delako baieztapenean. Traineru-estropada gizaki soilen arteko lehiaketa da, beren zereginetan azkarrena nor den erakusteko borroka, lana eta beharra gaindituak izan direla, natura zibilizazio bihurtu dela erakutsi nahian ari direnen arteko norgehiagoka.

Manuel Losadak konposizio diagonal bat eratu zuen Arraunlariak lanean; koadro horizontal luze bat osatu zuen, Ramón Zubiaurreren Xanti Andia ikono bertikalaren kontrapuntutzat har daitekeena. Losadak arraunlarien esfortzu erritmikoa irudikatu zuen, lana talde-esfortzu bihurtuta. Ezin ditugu ikusi arraunlarien aurpegiak (ile beltzeko buruak baino ez ditugu bistan), baina bai sentitu haien ukabil sendoak arraun soilei (marruskaduratik babesteko galabernarik gabe) tinko helduta9; esku-posizioen eta arraunari heltzeko moduen erakusgarri bikaina da lan hau da. Galernaren aurrean zutik dagoen kapitain baten irudi literarioa ematen digu Zubiaurrek, eta Losadak, berriz, ikono bihurtzen du trainerua.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Traineru modernoak hamalau tripulatzailetarako tokia dauka: hamahiru arraunlari eta patroi bat. Arraunlariak bina laguneko sei ilaratan banatuta egoten dira, eta horiei branka aldetik muturrean doan arraunlaria gehitu behar zaie (aurrekoa), bere tostan bakarrik doana. Patroiak, txopan zutik brankara begira, ontzia gidatzen du, lemaren lanak egiten dituen arraun handi bati helduta. Egungo trainerua eserleku finkoko kirol-ontzi bat da, pisuari eta neurriei dagokienez araudi zorrotza bete behar duena. Ontzien eta arraun-palen diseinuan izan den bilakaerak erabat aldatu du traineruen arraunketa-modua edo boga. [itzuli]
  2. Itsasontzietan, berebiziko garrantzia du pinturak, zurezko egitura uretatik babesteko. Itsasontziak zuraren berezko kolorez irudikatuta ageri dira hemen, baina XVIII. eta XIX. mendeetatik aurrera, zuraren tonua ilundu egin zen, itsasontziei brea eta betuna ematen hasi baitzitzaien, babesgarri gisa. Gervasio Artiñanok La Arquitectura Naval Española liburuan azaltzen duenez, pintura oso proportzio txikietan erabiltzen zen, betunei eta pinturei esleitutako aurrekontuek salatzen dutenez: pinturan gastatzen zena halako bost gastatzen zen betunetan. Beraz, hain pintura gutxi erabiltzen bazen, pentsa liteke apaintze lanetarako bakarrik erabiltzen zela, eta alkaternei zegokiela babes-funtzio hori. Alboko margo-zerrendak (zuri-gorria, kasu honetan) ontzi zer herritakoa edo kofradiatakoa zen identifikatzeko balio zuen. Itsasontziak margotzeko gama kromatikoa zabala izaten zen oso. [itzuli]
  3. Ikus, lan honetan, Nautika Eskolak kapitulua. Pilotatze-txalupa horiek portuko gidarien aurrekariak dira. Abrara iristen ziren itsasontziei Portugaleteko barratik igarotzen eta itsasadarretik nabigatzen laguntzera joaten ziren txalupak ziren, eta tasa baten truke egiten zuten lan. Talaiariak itsasontziak Abrara iristen ikusi orduko, traineruak elkarrekin lehian hasten ziren, itsasontzien ondora nor lehenago iritsiko; izan ere, iristen zen lehenak lortzen zuen lana. Ontziaren abiadura eta arraunlarien trebetasuna erabakigarriak izaten ziren, beraz. [itzuli]
  4. Erreferentzia batzuen arabera, 1852an eta 1858an estropadak izan ziren Donostian, Napoleon III.aren bisita ofizial batean. [itzuli]
  5. Santurtzin, Avilésen bezala, uztailaren 25ean egin izan ohi dira estropadak, Karmengo jaietan. Karmengo Ama Birjinaren Itsas prozesioa (Pio X.a aita santuak hiribilduaren zaindari izendatu zuen 1907an Karmengo Ama Birjina) inguru horretan egindako betelanaren euste- dikeak mugatutako eremuaren barruan egiten zen; zati pare bat amaitu gabe zituen orduan, eta handik ateratzen ziren Abrara traineruak. [itzuli]
  6. 1881ean, sariaren 1.000 errealak Norvegiako txalupa batentzat izan ziren; 1882an, Lekeitioko marinelek irabazi zituzten arrantzako eta arrauneko bi estropadak. [itzuli]
  7. 1912an, Bilbon, Kirol Kluba sortu zen, hiru elkarte hauek bat eginda: Zamacois Gimnastika, Bizkaiko Atletismo Federazioa eta Gorputz Hezkuntza. Klubak urte horretan bertan antolatu zituen bere lehen Gizarte Txapelketak, Abran. Igerilari handiak ziren tartean, hala nola Ramón Lequerica, edota Raimundo Moreno, Bilboko Athleticeko jokalari izandako Rafael Moreno “Pichichi” ahaztezinaren anaia (Miguel Unamunoren ahaideak amaren aldetik). Ramón Lequerica 1922an hil zen, pneumoniaz, eta azpimarratzekoa da hainbat pertsona ospetsu agertu zirela segiziora, hala nola Indalecio Prieto Bilboko diputatua, Juan Tomás Gandarias biziarteko senataria, Fernando Bravo Bilboko Kirol Klubeko presidentea, edo Abrako Itsas Klubeko Luis Arana. Apur bat lehenago, martxoan, Raimundo hil zen, igerilari bikaina; sei titulu irabazi zituen, meatze-ingeniaria zen, eta La Orconera meatze-konpainian lan egiten zuen. Atletismo Federazioko presidenteordea izan zen, 1917an, eta Madrilen egon zen denboran, meatze-ingeniaritzako ikasketak egiten, Athletic Madrilen sorreran (1903/IV/26) lagundu zuen. [itzuli]
  8. José Ortega y Gassetek adierazi zuen lanaren eta kirolaren arteko aldea ez datzala neke gutxi edo asko hartzean. Haien arteko desberdintasuna honetan datza: kirola askatasun osoz egindako ahalegina da, atsegin hutsagatik egiten den jarduera; lana, berriz, behartuta egindako ahalegina da, etekina ateratzea helburu duena: “lanean, obraren bizitasuna da ahaleginari zentzua eta balioa ematen diona, eta kirolean, berriz, bat-bateko ahaleginak duintzen du emaitza; luxuzko ahalegina da, eskubeteka ematen dena, sarien itxaropenik gabe, norberaren barru-barruko energia- mukuru bat bezala”. [itzuli]
  9. Galaberna: arraunak eraman ohi du errefortzu bat, arraun-zangoa toletarekiko marruskaduratik babesteko. Arrauna toletari lotzeko, sokazko eraztun moduko bat erabiltzen da, estropu deritzona. [itzuli]