Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Ibarrola - Lanabesak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Ibarrola - Lanabesak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Antropologia | Gizakia | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Nekazariak artean | Landa-eszenak | Filosofia | Euskal Herria | Emozioa
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Ibarrola Goicoechea, Agustín

Erakusketan ikusgai dago, halaber, Agustín Ibarrolaren lan bat, erakusketak barne hartzen duen garaitik kanpokoa: Totem. Baserri guztietan eta XIX. mendeko euskal nekazaritzaren tokiko historia osoan presentzia izan duten eta gaur egun herenilobek zaharberritutako baserrietako hormetan edo probintziako jatetxe askotan totemak izango balira bezala ipinita ageri diren lanabesei buruzko totem bat da.

Konposizio oso sinple batean, Ibarrolak granitozko harri batean bermatutako baserri bateko egurrezko gurutzetaren gainean zintzilik jarri zituen hainbat tresna kirtendun, nekazari orok erabili beharrekoak: igitaia, aitzurra, jorraia, uzta jaso eta mugitzeko sardea. Baserri ezezagun bat da, Eduardo Chillidaren ‘Zabalaga’ izan liteekena. Ez dago pertsonarik, ez dago historiarik, ezta kolorerik ere ia: lanabesak baino ez, jada igarotako garai baten totem isilak1.

Hainbat eta hainbat modutan definitu izan da gizakia historian. Aristotelesek zoom politikon edo hirian bizi den animalia gisa definitu zuen; Platonek, bipedo lumagabe gisa; Tomas Akinokoak, izaki arrazional gisa, eta Unamunok, animalia sentimental gisa, arrazoitu baino gehiago, barre edo negar, maitatu edo mespretxatu egiten duen izaki gisa. Hor dugu, halaber, Benjamin Franklinen definizioa: gizakia tool making animal gisa, tresnak egiten dituen animalia gisa. Ibarrolaren lanean, lanabesak gizakiaren energia itzelaren luzapena dira, lanabesen sakralizazio moduko bat da.

Egungo antropologia filosofikoak hiru koordenatu erabiltzen ditu gizakia definitzeko: gizakia izaki historiko gisa (aditza iraganaldian, orainaldian eta geroaldian konjugatzen da ia hizkuntza guztietan); gizakia izaki sozial gisa (Robisonen pertsonaia Daniel Defoeren irudimena besterik ez da); gizakia izaki praktiko gisa, hau da, naturarengan esku hartzen duen izaki gisa, lan egitea esentziatzat duen izaki gisa. “Kopetako izerdiaren truke irabaziko duzu ogia” Bibliako agindua ideologia marxistaren postulatuetako bat da. Lanaren kontzeptua filosofiak betidanik egin izan duen galderaren azpian eta horizontean dago: zer da gizakia? Gizakia lan egiten duen izaki bat da; inguruko natura aldatzen duena eta, era berean, baita bere burua ere; gizakia bere ekintzen emaitza da. Euskal artista batzuek pintzelaz edo zizelaz lehentasunezko gertaera horri buruz egindako irudikapena da erakusketa honen muina.

Euskal artean askotan irudikatu izan da lan-mundua: Adolfo Guiardek haren fresko eta olio-pinturetan baina baita landako lana edo Gernikako itsasadarraren ibarretakoa irudikatzen zuten koadroetan, edo ontziz betetako Bilboko itsasadarraren panoramikan; Aurelio Artetaren freskoetan (gizakiaren zereginen ikonografia osatua); edo Agustin Ibarrolaren muraletan, non ageri diren fabrikako lana, langileak lingote-ontzi eta mineral-bagoien artean2.

Zer izango litzateke errealitatea, gure errealitatea, giza errealitatea lanik gabe, kontuan hartuta horren bidez bermatzen dituela gizadiak bizitzeko behar dituen baldintza materialak duela milaka urtetik hona? Georg Luckácsek erakutsi digu lanarekin bakarrik ezinbestean iristen garela gauzen kontzeptura. Izan ere, nahiz eta armiarmak badakien amaraunean harrapatu duenak jateko balioko diola, ez daki hori dela beste batzuetan irentsi ohi duen euli berbera. Edo nahiz eta oiloak badakien, beleak inguruan ikustean, txitak ohartarazi behar dituela ezkuta daitezen, horrek ez du esan nahi badakiela hegazti harrapariaren izatea ulertzen. Gizakia bakarrik iristen da gauzen kontzeptura, ezagutzaren jatorria lana baita, errealitatea eraldatzeko giza jardun gisa (zentzu orokorrean). Lanaren oinarriaren gainean, lanean eta lanaren bitartez, gizakiak bere burua sortu du ez soilik izaki pentsatzaile gisa, baizik eta, halaber, errealitatea eta artearen mundua sortzeko gai den unibertsoko izaki bakar gisa. Artea lanaren alderdi positiboa hedatzen duen eta gizakiaren sormena azpimarratzen duen jardueratzat ulertzeak aukera ematen digu haren mugak infinitura zabaltzeko, artea inongo ismo edo ideologia zehatzen atzaparretan erori gabe, azken batean.

Gizakiak bere oinarrizko indarrak berak sortutako objektu jakin batzuetan gauzatuta ikusi zituenean sortu zen artea (horrek emozio berri bat sentiarazi zion), behin lortu zuenean erabilgarritasunetik harago zihoazen objektuak sortzeko aukera eman zion behar beste ekoizpen-ahalmen. Baserriko lanabesak, lan-atsedenaldian hilda, espazio ezean zintzilik, galtzen ari den kultu baten objektu gisa ageri dira hemen. Hurbileko harraldi batean enkoadratuak, non oinarriak bi orban bertikal baino ez diren; irudi honetan galdu egiten da espazioaren testuingurua, eta lanabesek kategoria-izaera hartzen dute. Eguneroko objektu zehatzak ikono bihurtzen dira, langileak beren ezaugarri indibidualak galduta eredu ezezagun edo langilearen arketipo bihurtzen diren moduan3. Lana artearen aurretikoa izan da; haren posibletasun-izaera da, historikoki eta sozialki. Erakusketa honetan, era askotako artisten ikuspegian irudikatuta, definituta eta mugatuta ageri da mendeko Bilboko mundua eta orduko pintura. Gure ekintzen emaitza gara.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Ikusi Kosme de Barañano, “El monólogo plástico de Agustín Ibarrola contra el poder”, Kobie aldizkaria (Arte Ederren saila), V. zk., Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1986, 189.–232. or. [itzuli]
  2. Bilboko Arte Ederren Museoan gaiari buruzko beste irudi batzuk daude: arraste- indarra, gorputzen inklinazio dramatikoa Alberto Arrueren Zirga (La sirga) margolanean, edo lanaren etenaldia Artetaren Laiariak (Los layadores) lanean, formen eta tonuerdien kubismo lirikoarekin; lan-istripuaren patetismoa Larroquen, edo Moises de Huarteren Palankari- aren kirol-indarra. [itzuli]
  3. Biltzarren edo frankismoari aurre egiteko bileren eszenek ere hic eta nunc adjektibazioa galtzen dute, eta unibertsal bihurtzen dira. Artistaren buru txapeldunaren oihua oihu unibertsala da, Edvard Munchen margolanekoaren antzera, eta haren langile- buruak —giltza ingelesa izeneko tresnen forma dutenak— ez dira langile euskaldunarenak; edozein langile esplotaturen burua irudikatzen dute. Ibarrolaren pintura (haren ikonografia) margotua izan den lurraldetik edo mugetatik harago hedatzen da. [itzuli]