katalogoa
Itsasoa. Tellaeche
Kosme de Barañano
- Izenburua:
- Itsasoa. Tellaeche
- Egilea:
- Kosme de Barañano
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
- Neurriak:
- 30 x 23
- Orrialdeak:
- 218
- ISBN:
- 978-84-09-27019-4
- Lege gordailua:
- BI-00129-2021
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Perspektiba | Ikonoa | Itsas paisaia | Itsasoa | Bilbo | Bizkaia | Itsasontziak
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia
- Teknikak:
- Ikatz-ziria | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Tellaeche Aldasoro, Julián
Itsasoak presentzia handia du mende-aldaketaren garaiko Bilboko pinturan. Itsasoa euskal pintura guztian ageri da ezaugarri ikonografiko gisa. Ez dago lur honetako margolaririk itsasoari aipamen egin ez dionik, baina margolari guztiak ez dira marinistak, hau da, ez dituzte marinak edo itsas ikuspegiak margotzen: haien lanetan itsasoaren usaina nabarmentzen da, haren boterea, merkataritzarekin eta kulturarekin duen lotura. Guiarden lanetan ikusi dugu itsasadarraren ikuspegi panoramiko hori, bizitzaren garapenaren eszena bat izango balitz bezala, lanerako eta merkataritzarako gune baten eszena bat, baita irekidurarena ere, Abandoko geltokiaren eszenaren antzera. Abran belaontzien lehiaketak ikusi ditugu Arrueren lanetan, eta traineru-estropadak, berriz, Losadarenetan.
Erakusketa ixten duen lanean, Artetaren Gerraren triptikoan (Tríptico de la guerra), jende arrunta lurrunezko motorrez hornitutako arrantza-ontzietan erbestera alde egiteko prest ageri da itsas portu txiki batean.
Guiarden Bilboko itsasadarraren eta Artetaren ihesaldiaren artean itsasoaren beste hainbat bertsio dauzkagu:
- ontzietako belak konposizio formal gisa Tellaechearen pinturan;
- itsaso zakarraren mehatxua eta horren ondorio hilgarriak kontakizun epiko gisa Maezturen lanean;
- Bermeoko portua eguneroko bizitzaren laburpen gisa, veduta gisa, Ucelayren margolanean; eta
- Barojaren eleberrietako itsasgizona, erretratu literario bat, ikono gisa, Zubiaurreren lanean.
1925eko Itsasontziak portuan (Barcos en el puerto) margolanean1, pastelaren erabileran zuen maisutasunarekin, Julián de Tellaechek (1884–1957) kode piktoriko bihurtu zuen belen gaia: propultsioaren ekuazio hori, oihalaren pisuaren eta zurruntasunaren arteko erlazioa, mihiseak maniobratzeko ematen zuen gaitasuna, masten egitura, mastekiko perpendikularrak ziren soken eta belazurrunen jokoa. Belak eta aparailuak ziren Tellaecheren pinturaren subject matter edo gaia.
Tellaeche itsasgizona izana zen, eta lan hura utzita, Joseph Conraden eta beste batzuen itsas eleberrien itzultzaile bihurtu zen lehenengo, margolari eta ontzi-jabeen aholkulari artistiko ondoren, eta azkenik, Peruko Altxor Artistiko Nazionalaren zuzendari, Liman; Tellaechek itsasoari begira zuen ikuspegia pentsatua zen, sentitua baino gehiago. Joaquín de Zugazagoitia kritikariak aipatu zuen moduan, artista honen pintura zera da “itsasgizonek ordu luzez kaietan edo ontzien kareletan bermatuta daudela izaten dituzten begiespen luze eta lozorrotuen gauzatze estetiko eta kontzientea”2. Aurreko ozeano epikoaren (Zubiaurre, Arteta eta Maezturen itsasoa) eta gazteen lirismoaren (Ucelayren amets poetikoa) aurka, Tellaecheren ikuspegia pausatua da, eraikia, teknikan arretaz landua.
Noizbait gaizki kiribildu izanaren markak dituen paper baten gaineko urdin, sepia eta zurien abstrakzioa mamitu egiten da ikatz-zirizko lerroak orban horiek bereizi edo mugatzen dituenean, itsas trafikoaren konposiziozko erritmoa sortuz: buiek, aingurek, kateek, sokek eta aparailuek sortzen duten perspektibazko labirintoan porturatutako pakeboteen dentsitatea. Conraden antzera, Tellaechek uko egin zion itsas margolaria bakarrik izateari. Tellaecheren ahoan jar genitzake Conraden hitz hauek: “Menturatuko naiz esatera ez nautela erabat ulertzen. Esan didate itsasoko idazlea, tropikoetakoa, idazle deskribatzailea, idazle erromantikoa, eta baita errealista ere. Baina, egiaz, nire kezka guztia gauzen, gertaeren eta pertsonen balio ‘idealak’ izan dira. Hori bakarrik.
Alderdi ironikoak, desegokiak, kartsuak, sentimentalak, beren kabuz agertu dira, —mais en vérité, c’est les valeurs idéales des faits et gestes humains qui se sont imposés à mon activité artistique—. Edozein direla ere nire dohain dramatiko edo narratiboak, beti erabili izan ditut, instintiboki, helburu bakar baterako, hots, balio idealetara iristea eta horiek berregitea. Adierazpen jeneralista da, baina uste dut egia dela”3.
Lan honetan bada espazialtasun bat ez dagoena perspektiban bakarrik oinarritua; aitzitik, erritmikoa da, balio kromatiko tonudunetakoa, eta kolorearen balio espazialetan egituratuta dago. Belak eta aparailuak nahasi eta elkartu egiten dira, trazu- haustura neurtuko erlazio batean. Trazu horiek sortzen dute margolanaren egitura espaziala, horiek osatzen dute plano eta bolumenen perspektiba. Tellaechek egitura idorrak lantzen ditu, monotonoak, non itsasoak eta zeruak bat egiten duten. Saihestu egiten du ikuspegi analitiko-konstruktibo hutsa, eta keinua, erritmoa nahiz kolorea erabiltzen ditu, errealitate-zatien segida etena lortzeko. Hala, koherentziaz landutako osotasun bat egituratzen du, alderdi sentsoriala eta mentala uztartuz.
Tellaechek bela-mota desberdinak gai gisa erabiltzen ditu, gainazal gisa, bertan gainjartzeko ontzien egitura adarduna: masten lerro zuzenak, belazurrunenak, ezpeletenak eta, kasu honetan, konposizioan diagonalean berresten diren hiru branka- hagarenak4. Horien parean, zenbait branka-bularren kurba zeiharrak (edo brankaren ertza eratzen duen ezproia) eta bi poparen gailurraren kurba biribilak konposizio ia abstraktu interesgarri bat sortzen dute uretako islarekin. Eskuinetik foke-txanberga bat irteten da, bela gainean zimurtuta duela, eta ezkerrean, aldiz, kontrapuntu gisa, lau foke zabalik daramatzan beste txanberga bat dago. Tellaechek belaontzi haiek itsaso askotan utzitako aparren antzera arrastatzen du pastela: horrela lortzen ditu argiaren efektuak beletan edo itsasontzien egurrezko kroskoetan. Objektuak –hala nola aingurak edo amarratzeko sokak– erreserba gisa planteatzen ditu: jatorrizko tonalitatea duen paperak osatzen ditu, ikatz-ziri teknika edo orbanaren gaineko hutsuneak erabiliz mugatuta.
Tellaechek dentsitatea ematen dio pastelari, Philip Steer (1860–1942) britainiar margolariak 1892ko Yateen prozesioa (A Procession of Yachts) margolanean egin zuen moduan. Lan hori, Coweseko estropadan margotua, Wight uhartean, dentsoa eta isila da, Tellaechearen lanen antzera; sokak zauriak izango balira bezala pintura-orbana ebakitzen duten marra meheak dira. Gustav Caillebotte, Georges Seurat, Paul Signac edo Steer beraren moduan, Tellaeche ere belaren zale zen.
Adinari erreparatuta, Tellaeche lurrunontzien garaikoa zen, baina emozionalki lotuta zegoen belaontziekin –Zubiaurretarrak elizateetako baserritarren munduarekin lotuta zeuden bezala–: maite zuen mundu eta ofizio konplexu hura, belen erabilerarena, ongi ezkoztatutako olana gogorreko ehunena eta tentsio-sokena, isats-piano batek bere soka eta mailuekin duen egitura formala bezain ordenatua. Tellaechek desagertzen ikusi zuen sokateria irmoa –kalamu galipodun edo bikeztatuz egina, mastei eusten ziena–, eta horren ordez burdinazko alanbre eta kableak erabiltzen hasi zirela5. Tellaechek desagertzen ikusi zuen itsas hiztegi hura, masten, sokaterien, bela-lokarrien, soken, txirriken eta dibidieten jerga zehatz hura, zeina ez baitzen terminologia hutsa, baizik eta belak atzematen jakiteko lan-kode zehatz bat, ezinbestekoa belaontzi bat erabili eta aparailuak ongi doitzeko, baita norabide egokia hartzeko ere. Orduko kapitainak orkestra-gidariak ziren, eta kontuan hartu behar zituzten erritmoak, haizea eta belak. Hautsian joanda porturatu eta ibili heinean, eskota luzatzen zuten, eta kapitainak behar bezala doitzen zituen aparailua eta belak, haizearen eta itsasoaren baldintzak kontuan hartuta: hau da, ontziak uraren gainazalarekiko flotazio-lerroan eratu beharreko angelu egokia bilatzen zuen. Tellaeche kapitainak edertasun-angelu hori bilatu zuen konposizio eder eta horizontal honetan, non pastelak apenas ukitzen duen gainazala; Tellaechek paperaren gainean harrotzen du klariona, inoiz uniformeak ez diren orban horiekin; izan ere, arrastoa besterik ez du utzi nahi, baina konposizio ia isil bat lortuko duen arrastoa. Hala, itsasontziak aratz eta isilik ageri dira, “edertasun idealaren irudipen baten antzera, bake lasaiko amets samur bat bezain ametsezko”, Conraden hitzetan6. Hori da Tellaechek bilatzen zuena: “Jazotzen diren gertaerei beren egiazko esanahia ematea, eta leku eta une jakin horren morala, atmosfera emozionala sortzea […] Lurreko lanak egiten dituzten eskuak hasperen batek irauten bitartean gelditzeko, eta urrun dituzten helburuek liluratuta bizi diren gizonak inguruko formei eta koloreei, eguzkiari eta itzalei behatzera behartzeko une batez; une batez gelditu eta ingurura begiratuta hasperen eta irribarre egin dezatela, horixe da helburu zail eta iheskorra, gutxi batzuen esku baino ez dagoena. Baina batzuetan merezi dutenek eta zorionekoek ere lortzen dute hori egitea. Eta hori gertatzen denean, hortxe ageri da bizitzaren egia osoa: begirada, hasperena, irribarrea eta betiereko atsedenera itzulera”7.
Tellaecheren lanean, itsasoa kontakizun lasaia da, mural handi baten atal txiki baina erlazionatuak, non kontatu gabeko abenturaren hotsera protagonistatzat ageri diren sokak, mastak eta belak. Tellaechek denbora gelditzen du bere kartoietan; Henri Bergson filosofoaren élan vital delakoaren atzetik dabil, portuetako itsasontzien barne-denboraren atzetik. Itsaso lasaia, mugimendu eta bidaia ugariren ondorioz higatutako egurrak pausatuta dauden portua, horixe da Julián Tellaecheren lan guztiak osatzen duen obstinato tematikoaren muina.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK
- Itsasontziak portuan (Barcos en el puerto), ca. 1925, Bizkaiko Foru Aldundiaren bilduma, sinadurarik eta datarik gabea. Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía museoaren jabetzakoa den izenburu bereko beste margolan baterako proba bat zen (margolan horretarako zertxobait murriztu zuen tamaina: 98 x 280 cm-tik 70 x 200 cm-ra). Tellaechek akuaforteetan erabili ohi den erreserben formula erabili zuen paper gaineko lan honetan; ez zuen gauza bera egin, adibidez, tamaina eta gai bertsuko beste olio-pintura batean (hori ere Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-n), beraz, seguru asko olio-pintura horren ondoren sortu zuen hau; zenbait aingurek ezartzen duten oreka formalak ere pentsaraz diezaguke hori. [itzuli]
- Ikus ere “Kosme de Barañano, “El mar: repetición iconográfica en el arte de Tellaeche”, Tellaeche, Banco Bilbao, 1980. [itzuli]
- Joseph Conradek Sir Sydney Colvin kritikariari (1845–1927) bidalitako gutuna, 1917ko martxoaren 1ean idatzia. Hemen: The Letters of Robert Louis Stevenson to his Family and Friends, 6. lib., 40. or.: “Perhaps you won’t find it presumptuous if after 22 years of work I may say that I have not been very well understood. I have been called a writer of the sea, of the tropics, a descriptive writer, a romantic writer and also a realist. But as a matter of fact all my concern has been with the ‘ideal’ values of things, events and people. That and nothing else. The humourous, the pathetic, the passionate, the sentimental aspects came in of themselves – mais en vérité c’est les valeurs idéales des faits et gestes humains qui se sont imposés à mon activité artistique. Whatever dramatic and narrative gifts I may have are always, instinctively, used with that object -to get at, to bring forth les valeurs idéales. Of course, this is a very general statement — but roughly I believe it is true”. [itzuli]
- Branka-haga (masten edo mastadiaren giltza; gaztelaniazko hitzak, bauprés, alemanezko bochspret hitzan du jatorria: bo¯ch, ‘arkua’ eta spr¯et, ‘zutoina’) belaontzien mastetako bat da, brankatik ia horizontalean ateratzen dena, kroskoari lotuta doana eta txanberga izeneko beste masta batekin errematatuta dagoena; biek balio dute trinketa deritzon mastaren mastadia sendotzeko. Foke-txanberga branka-hagaren gainean jarrita kanporantz ateratzen den masta biribila da. [itzuli]
- Alemanian hasi ziren sokateria horiek eraikitzen, 1865ean, baina Espainian ez ziren erabili XIX. mendearen amaierara arte; Lehen Mundu Gerra lehertzean, burdinazko eta altzairuzko alanbrea eta kablea produktu ia estrategiko bihurtu ziren, eta inportazioak zailagoak eta garestiagoak ziren. Horren ondorioz, siderurgia, trefilatuen industria eta kableen manufaktura garatu egin ziren Espainian, bereziki Katalunian eta Euskal Herrian. [itzuli]
- Joseph Conrad, The Nigger of the ‘Narcissus’: A Tale of the Forecastle (A Tale of the Sea azpititulatua), 1897an argitaratua, 5. kapitulua: “Izpi mamuen handitasunean, itsasontzia aratz ageri zen, edertasun idealaren irudipen baten antzera, bake lasaiko amets samur bat bezain ametsezko. Eta irudipen horretan ezer ez zen erreala, ezer ez zen desberdina, ezta solidoa ere, ontzigainak mugimendu etengabe eta isilez betetzen zituzten itzal pisutsuak izan ezik: gaua baino ilunagoak eta gizakien pentsamenduak baino egonezinagoak ziren itzalak”. [itzuli]
- Joseph Conrad, op. cit., hitzaurrea: “Fiction—if it at all aspires to be art—appeals to temperament. And in truth it must be, like painting, like music, like all art, the appeal of one temperament to all the other innumerable temperaments whose subtle and resistless power endows passing events with their true meaning, and creates the moral, the emotional atmosphere of the place and time […] To arrest, for the space of a breath, the hands busy about the work of the earth, and compel men entranced by the sight of distant goals to glance for a moment at the surrounding vision of form and colour, of sunshine and shadows; to make them pause for a look, for a sigh, for a smile—such is the aim, difficult and evanescent, and reserved only for a very few to achieve. But sometimes, by the deserving and the fortunate, even that task is accomplished. And when it is accomplished —behold!— all the truth of life is there: a moment of vision, a sigh, a smile—and the return to an eternal rest. [itzuli]