Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Bilbo eta Frantziaren aurkako gerrak: Konbentzio-gerra (1793-95) eta Independentzia-gerra (1800-14)

Kosme de Barañano

Izenburua:
Bilbo eta Frantziaren aurkako gerrak: Konbentzio-gerra (1793-95) eta Independentzia-gerra (1800-14)
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sociedad Bilbaína | Gerra | Euskal Herria | Bilbo | Bizkaia | Frantzia | Pertsonak

Iraultza garaiko Frantziaren eta Espainiako Erresumaren arteko Konbentzio-gerra, edo Pirinioetako Gerra, Convention Nationale erakundeak deklaratu zion Espainiari. Erakunde hori gobernuan zegoen 1792az geroztik, eta Luis XVI.a exekutatzea erabaki zuen 1793ko urtarrilean. Gerra 1793ko martxoaren 7an hasi zen, Frantziak deklaratuta, eta 1795era arte luzatu zen. Bilbon, Ilustrazioaren ideiek harrera ona izan zuten biztanleriaren zati baten artean, hala nola Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideen artean, baita merkatarien artean ere, etengabe harremanetan baitzeuden Frantziako portuekin. Landaguneko hainbat noblek ez zituzten begi onez ikusten, ordea, ezta kleroak ere, Abandoko frantziskotarrek eta Deustuko kaputxinoek, bereziki.

Frantsesak Pirinioetan sartu ziren nagusiki, eta erasoak Nafarroan eta Gipuzkoan izan zuen eragina, eta saiheska baita Bilbon ere. Baina 1794tik 1795ean Basileako Bakea sinatu zen arte, beste herrialde bateko armadaren presentzia eta agintea izan zuten Euskal Herriko ia hiribildu guztietan. Amédée Willot jenerala 6.000 gizonekin sartu zen Bilbon1 1795eko uztailaren 19an, baina lau egun igarota erretiratu egin zen, Basileako Itunaren ondorioz. Pierre-Clément de Laussat frantziar politikaria —ondoren Amerikako Louisianako azken gobernadore frantsesa izan zena— armada frantsesarekin zen une hartan2, eta gertakariaren kontakizun garratza egin zuen. Kasualitatez, Bilbon igaroak zituen gaztaroko bi urte, 1775–76an, “merkataritza ikasten”, amaldeko aitonak inportazio-negozio arrakastatsua baitzeukan. Tropa frantsesak inolako erresistentziarik gabe sartu ziren Bilbon, frantsestu ugari zegoelako bertan. Alabaina, egoera horrek zatiketa ekarri zuen Bilboko gobernatzaileen eta elizateetako biztanleen artean, azken horiek mendekotasun handiagoa baitzuten Elizarekiko eta beren errentak arriskuan ikusten zituzten ahaide nagusi batzuekiko. Landako nobleziako kide asko, ordea, ideal berrien aldekoak ziren, Mazarredotarrak, Zabalburutarrak, Palaciotarrak eta Chirapozutarrak, besteak beste3.

Julio Caro Barojaren4 hitzetan, Konbentzio-gerrak “lurraldearen inbasioa ekarri zuen Euskal Herrira… eta familien miseria”. Bestalde, Antonio Elorza historialariak nabarmentzen du tropa frantsesek Espainian inbaditu zuten eskualde bakarra zenez, Euskal Herriak Europako beste eskualde eta herrialde batzuen zorte berbera izan zuela5. Nolabait, galiar arrazionalismoak babesten zuen indibidualismoarenganako konfiantza finkatu zen Bilbon, eta, ildo horretan, tirabira sortzen hasi zen merkatarien eta landako nobleziaren artean, gai ekonomikoengatik ez ezik (Estatuarekiko zerga-sistema edo frantsesei ordaindu beharreko zerga), baita ideologia politikoko arrazoiengatik ere, eta, zehazki, merkatariek uko egiten ziotelako Elizak kontu administratibo eta politikoetan zuen eraginari. Une horretan, Bilboko burgesia komertziala, gehienean fededuna, ez zegoen eroso fraideen Antzinako Erregimenaren aldeko diskurtsoekin. Desadostasun hori berriro agerian geratu zen Independentzia-gerran (1808–14), eta funtsezkoa izan zen Bilboko liberalek 1835eko eta 1836ko setioetan karlisten aurka agertutako erresistentzian.

Tropa frantsesak 1808tik 1813ra bitarte egon ziren hiribilduan. Bilbok, Bizkaiko Batzarren eraginpean, hiru bider egin zien aurre frantsesei, eta giza galerak nahiz galera ekonomikoak izan zituen6. Azkeneko aldian, Merlin de Thionville jeneralak7 lerro hauek igorri zizkion hiribilduko errejidoreari: “Atsegin handi samarrez ikusi ahal izan dut aurre egin didaten gizajo guztiak laborari ziztrinak besterik ez zirela, eta, hortaz, susmatzen dut Hiribilduko herritar onek ez dutela erabat etsi matxinadaren aurrean. […]. Inork ez badie aurre hartu nahi erresumako hiri salerosle nagusietako bat hondatuko duten zoritxarrei, nire soldaduen arpilatzeen eta amorruaren mende utzi beharko dut”. Setatsuenek, Elizak xaxatuta8, uko egin zioten frantsesei sartzen uzteari, eta aurre egin zioten armada frantsesari; alferrik hil ziren 1.000 pertsonatik gora, tartean Luis Power tenientea, gehiegizko abertzaletasunagatik (beste inor baino bilbotarragoa zela frogatzeko-edo)9. Recacoechea alkatea ere hil zen, ustekabean, udaletxeko balkoian zegoela zapi zuri batekin. Era berean, erregimentu frantseseko danborrari bat ere hil zuen beste frankotiratzaile batek tiroz. Horren ondorioz, jeneralak hiribildua eta Abando, Deustu eta Begoñako eremuak 24 orduz arpilatzen utzi zien soldaduei; horrek adierazten du kanpotik iritsitakoek Bilboko lurtzat hartzen zituztela hiru elizateak 1808rako.

Frantsesen okupazioak berekin ekarri zituen Euskal Herriarentzako hainbat plan, gutxienez hiru:

  • Frantziaren mendeko estatu autonomotzat hartzea, 1794an nahi izan zen moduan;
  • Josef Bonapartek Espainiako errege gisa gauzatutako zentralizazioaren barruan aintzat hartzea euskal probintziak;
  • Paristik zuzendutako gobernu militarraren mende uztea.

Azkenik, 1810eko otsailean, Pierre Thouvenot jeneralaren babespean, Konstituzio berri baten ideia nagusitu zen. Konstituzio hori Baionan idatzi eta sinatu zuten: Baionako Konstituzioa (l’Acte constitutionnel de l’Espagne), Baionako Estatutua edo Charte de Bayonne izenez ere ezaguna. Acte Constitutionnel de l’Espagne du frantsesezko izen ofiziala, eta Josef Bonapartek promulgatu zuen Espainiako errege gisa, 1808ko uztailaren 6an, Baiona hirian. Estatu-eredu konstituzional bonapartistan oinarrituta zegoen, eta Mariano Luis de Urquijo bilbotarrak sinatu zuen Estatuko idazkari-ministro gisa. Batzuen ustez, Espainia modernoko lehenengo Konstituziotzat hartu behar da10. Batzar hartara 150 diputatu deitu zituzten; 91 joan ziren, eta horietatik 20 euskaldunak ziren. Miguel José de Azanza11 nafarra izan zen batzarraren buru, eta Urquijoz gain, honako hauek ere bertan izan ziren, besteak beste: José María de Yandiola, Bizkaiko ordezkaria (34 urterekin, lege-arloko doktorea eta Jaurerriko Gobernuko aholkularia zen), Ignacio Muzquiz, Manuel de Lardizábal, José Joaquín Colón de Larreátegui eta Gabriel Benito de Orbegozo, merkatari eta arkitektoa, geroago Bilboko alkatea izango zena, 1823an12.

Arturo Pérez-Revertek adierazi duenez, Espainiak Independentzia-gerran izandako jarduna ez zen onena izan herrialdearen etorkizunerako: “Bere garaiko eta gaur egungo espainiarren lotsarako —dirua ez ezik, ahalkea ere jasotzen baita herentzian—, Fernando VII.a ohean hil zen, lasai-lasai. Aurretik utzi zizkigun XIX. mendearen bi heren, aurrerabide industrial, ekonomiko eta politiko eztabaidaezina ekarriko zutenak (orduko Europako herrialde gutxi-asko aurreratu guztien berezko joera), baina oso txarrak izango zirenak Espainiako gertaerei eta egonkortasunari begira, barne-gerren eta, azkenik, kolonietako hondamendiaren ondorioz”13.

Fernando VII.arekin absolutismora itzulita, atzerriratu egin zen jende baliotsu ugari, intelektualak eta zientzialariak, Juan Meléndez Valdés, Leandro Fernández de Moratín, Mariano de Urquijo eta baita Francisco de Goya margolaria bera ere, besteak beste. Bordeletik lagun bati bidalitako gutunean, honela zioen Moratínek: “Atzo Goya iritsi zen, zahartuta, trakets eta ahul, eta frantsesez hitz bakar bat ere ez dakiela, eta zerbitzaririk gabe (ez du inork behar berak baino gehiago), baina pozik, mundua ezagutzeko gogoz”14. Eta honako hau erantsi zuen Pérez-Revertek Espainiako Historiaren ber-ikuspenean: “Eta orduantxe iritsi zen pertsona buru-argi eta jantzien drama; jakitun zirenena Espainia etsai okerraren aurka altxatu zela, lepoa moztuta hil genituen inbaditzaileak etorkizuna baitziren, eta tronua nahiz aldarea babesten zituzten indar gehientsuenak, berriz, ezjakintasun kirtenena eta iragan zaharkituena. Hortaz, kalkulatu pertsona azkarren tragedia: jakitea modernitatea dakarrena zure etsai bihurtu dela eta zure herrikideak kausa oker baten alde borrokatzen direla. Horra hor dilema, eta nahigabea: abertzale edo frantsestu izan aukeratzea. Herrikideen esku lepoa moztuta hiltzera arriskatzea, inbaditu zaituztenei laguntzeko, edo haien ondoan borrokatzea, hobe delako haize kontra ez joatea edo, oso ilustratua izanda ere, inbaditzaile batek bizilaguna hil edo koinata bortxatzen badu ezin zarelako etxean geratu liburuak irakurtzen (…). Eta hala, izen okerra daraman gerra hartan, Independentziarenean (hemen ez genuen inoiz lortu geure buruagandik independizatzea), Espainia osoa izugarrizko tranpa bilakatu zen, bai frantsesentzat, baita frantsesek azkenean askatasuna eta argiak ekarriko zituztela uste izan zutenentzat ere —eta hori da horren guztiaren alderdi tristeena—”15.

Zorionez, Bilbon ez zen izan Espainiako gainerako lekuetako errebantxismoa. Ilustratu askok, Mariano Luis de Urquijo ministroak edo José de Mazarredo almiranteak, adibidez, Josef Bonaparteren kolaboratzaile izandakoek, entzute eta begirune itzela izan zuten hiribilduan aurrerantzean ere. Urquijok honako hau idatzi zuen Paristik: “Gauaren isiltasunean, lorik hartu ezin dudanean, nire bizitza berraztertzen dut; eta ez dut aurkitzen zertaz lotsatu, ez gizon publiko gisa, ez Espainiako hiritar gisa. Kontzientzia-lasaitasun horrek bidegabekerien eta proskripzioen gainetik kokatzen nau”16.

José Manuel Cifuentesen lan bikain batek17 Bilbon frantsesekin lan egin zuten pertsona guztien zerrenda luze bat ematen digu, baita jasan behar izan zituzten ondorioena ere, baina horiek zeharo txikiak izan ziren Espainian gertatutakoarekin alderatuta; dena den, zaila da jakitea nork bat egin zuen Ilustrazioaren ideologiarekin (ez nahitaez Frantziako Iraultzarenarekin) eta nor mugatu zen okupatzaile frantsesekin lan egitera (hau da, haiek ezarritako administrazioarekin) oportunismoagatik edo beste arrazoiren batengatik. Haiekin kolaboratu eta Baionako Batzarrean izan zirenetako batzuek, hala nola Juan José Yandiolak (Bizkaiko ordezkari gisa) edo Gabriel de Orbegozok (Kontsulatuaren ordezkari gisa), Foruak eta Kontsulatuaren estatutuak babes zitzala eskatu zioten Bonaparteri. Horixe bera egin zuen Antonio Adán de Yarza18 lekeitiar ilustratuak ere, zeinak Konbentzio-gerran jada lagundu baitzien frantsesei. Azken horrek Bilbon antzoki bat, hiribilduko lehena, eraikitzeko proiektua sustatu zuen 1796an, eta 1799an inauguratu zuten, Coliseo izenarekin.

Independentzia-gerraren amaiera aldean, 1813an19, arestian aipatutakoek eta antzeko ideiak zituzten beste batzuek gobernu “kanpotarrak” iraun bitartean izandako jarrera politikoari buruzko txosten bat egin zuen Bilboko Udalak. Asko beren karguetan berrezarri zituzten, eta askoz gehiagok berriro bete zituzten kargu haiek Hirurteko Liberalean20. Zenbaitek berriro atzerriratu behar izan zuten Hirurteko Liberalaren ostean, hala nola José María Murgak21. Beste zenbait beren negozioekin jarraitzen saiatu ziren, adibidez Gómez de la Torre familia, ordurako sukurtsalak irekita zituena Ingalaterran, eta Sarachagatarrek eta beste batzuek Frantziara alde egin zuten22.

Herritarrengan argi geratu zena zera izan zen, galera ekonomikoa handia izan zela, tropa frantsesak elikatzeko bidesariengatik ez ezik, baita merkataritzaren etenaldiagatik ere, eta, batik bat, galdutako biziengatik. Herritarrek sentsazio mingotsa izan zuten fraideek erakutsitako jarrerarekiko eta herrietako jendearen erabilerarekiko. Jarrera hori gaitzetsi egin zuten sakonki fededunak ziren bilbotar frantsestuek; horren adibide izan zen Gabriel de Orbegozo23. Bilbok Espainia osoko beste edozein hiribilduk baino hobeto onartu zituen Frantziako Iraultzaren legezkotasun- eta berdintasun-ideiak, eta ordena zibilekoak, hala nola hiriaren nahiz bertako uren saneamenduari eta arazketari buruzkoak. Irakasbide horri esker, 1833an berehala geldiarazi zuten karlistek erakundeak hartzea, eta aurre egin zieten 1835eko eta 1836ko setioetan.

XIX. mendearen hasieran, frantsesak bertan izan eta berehala, Bilbon bizikidetza-eredu bat ezarri zen, helburutzat zuena eguneroko bizitza, norbere lana eta guztien oparotasun ekonomikoa bermatuko zituzten arauak bilatzea —herrialdean, oro har, zegoen ziurgabezia politikotik harago—, hiribilduko aurrerabidea osotasunean gauzatu zedin. Kanpo-merkataritzarako beharrezkoak badira kapitala eta konfiantza (salgai oro iritsi egingo dela eta onura ekarriko duela jakitearen segurtasuna), barne-jokoan bizilagunen arteko segurtasuna eta konfiantza dira zaindu beharreko faktoreak. Eta arau horiek funtsezkoak dira Bilbok 1839tik aurrera izan zuen garapena ulertzeko, eta ulertzeko, halaber, zergatik aurkeztu zuten boluntario beren burua 1874ko setioaren defentsarako merkatari, ingeniari edo enpresari aberatsek, baita Madrilen bizi zirenek ere.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Amédée Willot brigadako jenerala (1755–1823), Granprezeko kondea, De Moncey jeneral buruzagiarekin aritu zen Rosellóko Gerra edo Pirinioetako Gerra delakoan. Bilbon sartu aurretik, Willotek mezuak bidali zizkien biztanleei, ez ziezaieten aurre egin, bai baitzekien burgesia komertziala ez zegoela euren aurka. Espainian, Konbentzio-gerrako jeneral buruzagia Adrien Jeannott de Moncey (1754–1842) jenerala izan zen, Conéglianoko dukea, Convention Nationale erakundearen zerbitzura (Frantziako Lehenengo Errepublikako erakunde nagusia 1793tik 1795era bitarte) eta Napoleonen Kontsulatuaren zerbitzura (1799tik aurrera) zegoen militarra, Inperioko mariskal izendatua 1804an. Badakigu Tomás Goitia-Gardoquik, 1795eko uztailetik abendura bitarte errejidore izan zenak, bere burua eskaini ziela bahi gisa okupazio-indar frantsesei, De Moncey jeneralaren eta hiribilduaren artean izenpetutako neutraltasun-ituna bermatzeko. [itzuli]
  2. Pierre Clément de Laussat (1756–1835), politikari frantsesa, Pauen jaioa, Louisianako azken gobernadorea izan zena frantsesen mende zegoenean, eta ondoren Martinikakoa. Amaldeko aitona, Joseph D’Augerot, Bilbon zegoen XVII. mendearen hasieratik, kakaoa eta beste zenbait produktu inportatzen: ‘José Daugerot y Cía.’, eta 1773tik aurrera, ‘Daugerot, Clavería y Cía.’ Ikusi Bilbori buruzko haren erreferentzia hemen: Pierre-Clément de Laussat, Louisiana, Napoleon and the United States: An Autobiography of Pierre-Clément de Laussat (1756–1835). University Press of America, Maryland, 1989; eta hemen: Pierre Clément de Laussat, Mémoires sur ma vie, à mon fils: pendant les années 1803 et suivantes, Paue, 1831. [itzuli]
  3. José María de Ucelay margolariari buruz ikertu nuenean, ‘Liberté, Fraternité, Egalité’ idazpurua zeraman idazteko papera aurkitu nuen haren etxean; Manuel de Chirapozurenak izandako orriak ziren, edo agian Gaspar de Bulucúarenak, eta margolariak zenbait marrazki egiteko erabili zituen. Ikusi gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda. [itzuli]
  4. Julio Caro Baroja, Introducción a la historia social y económica del Pueblo Vasco, Donostia, 1980, 70. or. [itzuli]
  5. Antonio Elorza, “Los Vascos y la Revolución francesa”, Revista de Historia das Ideias, 10, Instituto de Historia e Teoria das Ideias, Faculdade de Letras, Coimbra, 1988, 101. or. [itzuli]
  6. Gaiari buruzko bibliografia on dezente dago: Miguel Artola, Los afrancesados, Alianza Editorial, Madril, 1989; Jean René Aymes, La guerra de España contra la Revolución francesa (1793–1795) [gaztelaniara itzulpena: M.ª Á. Casado Sánchez, Instituto de Cultura Juan Gil Albert, Alacant, 1991]; Teresa Benito Aguado, “Las elites vascas durante la Guerra de la Independencia: proyecto político y construcción social”, Congrés Ocupació i Resìstencia a la Guerra del Francès (1808–1814), Bartzelona, 2005, II. lib., 276 or.; Juan José Sánchez Arreseigor, Vascos contra Napoleón, Actas Editorial, Madril, 2010; José María Ortiz de Orruño, “Entre la colaboración y la resistencia. El País Vasco durante la ocupación napoleónica”, Hainbat egile, Vascos en 1808–1813. Años de guerra y Constitución, Biblioteca Nueva, Madril, 2010, 71–129. or.; Lartaun de Egibar Urrutia, “Bizkaia en el torbellino jurídico, institucional y político de 1808 a 1814”, Iura Vasconiae: revista de derecho histórico y autonómico de Vasconia, 8. zk., 2011, 461–506. or.; Sergio Delgado Sotelo, “Vizcaya ante la ocupación napoleónica: poder, resistencia y conflicto”, III Congreso de Estudios en Historia, Derecho e Instituciones, Aequitas aldizkarian, 2014ko urriaren 27a. [itzuli]
  7. 1810ean, Christophe Antoine Merlin de Thionville (1771–1839) jenerala Mercedes Santa-Cruz Montalvorekin (Habana, 1789–Paris, 1852) ezkondu zen, Kubako lehen emakume idazleetako batekin, zeinari “la Belle espagnole” ezizena jarri zion Balzacek. Mercé Joaquín de Santa Cruz Jarucoko kondearen eta Teresa de Montalvoren (1771–1812) alaba zen. Alargundu zenean, Josef Bonaparteren maitalea izan zen Teresa Madrilen, eta lekua kendu zion María Pilar de Acedo Sarriá tolosarrari, Etxauzko kondesa herentziaz, eta Montehermosoko markesa ezkontzaz. Teresa Montalvo O’Farillek, O’Farrill jeneralaren ilobak, politikariz eta intelektualez (Moratín, Meléndez, Quintana, Goya, etab.) osatutako taldetxo bat izan zuen, Albako dukesaren antzera. Elizabeth Vassall Hollandeko baronesak, Bonaparteren lagunak, honela definitu zuen The Spanish Journal lanean: “habanar ederra, oso atseginzalea” (“Madame de Xaruja […] Very beautiful, but too large. Extremely voluptuous, and entirely devoted to the passion of love. She was in England some years ago. Her husband is at Veracruz”). Deskribapenak Mercedesekin jarraitzen du: “Her eldest daughter is the most magnificent glowing beauty I ever beheld; the offspring of the Sun”. Elizabeth Lady Holland, The Spanish Journal of Elizabeth, Lady Holland. Longman, Green and Longman, Londres, 1850; Earl of Ilchester edizioa, Londres, 1910, 199. or. Christophe Antoine Merlin de Thionville Josef Bonaparteren segizioko kidea zen Napolesen, eta Espainiako tronua hartzen lagundu zion; berak bidali zuen 1808ko abuztuaren 16an Bilbo arpilatu zuen tropa. Haren izena Parisko Garaipen Arkuaren hegoaldean dago. Mercedes Santa-Cruz Montalvori buruz, ikusi J. L. Prieto Benavent, “Mercedes de Santa Cruz y Montalvo, Condesa de Merlin”. Revista Hispano-Cubana, 13 (2002), 83–96. or. Haren memoriak 1836an agertu ziren: Souvenirs et Mémoires de Madame la Comtesse Merlin, publiées pour elle-même. Paris, Charpentier, 1836, 2 lib.; edizio oharduna: Souvenirs et Mémoires de Madame la Comtesse Merlin (1789–1852): Souvenirs d’un Créole. Preface d’Hector Bianciotti. Introduction et notes de Carmen Vásquez. París, Mercure de France, “Le temps retrouvé” bilduma, 1990. Haren edertasunari buruz, 1832an Mercedesek berak idatzi zuen, My first twelve years lanean, 11 urterekin 18 urteko neskatxa bat bezain garatuta zegoela, eta hau erantsi zuen: “My Creole color, my eyes black and lively, my hair so long it was hard to hold, I got a wild look, which was related to my moral dispositions […] and passionate live-out, envisioned the need for repress my emotions, much less to hide”, Merlingo kondesa, Mis doce primeros años, Filadelfia, 1838, 189–90. or. [itzuli]
  8. 1808ko abuztuaren 4an, Fernando VII.a errege ezin txarragoaren aldekoek behin betiko urratsak egin zituzten frantsesen aurka matxinatzeko, komentuetako apaizek xaxatuta eta lagunduta; Bizkaiko Gobernu Batzar Gorena sortu zuten, abuztuaren 5eko gauean herri-altxamendua eragin zuena, “frantsesen aurkako gerra aldarrikatuz”. [itzuli]
  9. Luis Power Echevarriak (1769–1808) ama gernikarra, aita bilbotarra eta aitona frantsesa zituen. Bilbon merkatari gisa finkatutako familia batekoa zen. Gezurra dirudi 200 urte igarota oraindik erreakzionario eta beligeranteenak goraipatzen jarraitzea, Fernando VII.aren erregealdi ezin txarragoaren baitan odol-arazorik nahi ez zuen burgesia komertzialaren gainetik. Ikus 2018an webgune batean idatzitako lerro hauek: “Zoritxarrez etenaldi laburrekin, armada frantsesak Bilbo okupatu zuen, biztanleriaren zati finenak haien asmoak babesten zituelako, mehatxuz edo laudorioz menderatuta; izan ere, Napoleonek, bereei eskerrak emateko, eskuzabal jokatu, eta Espainia osoan eta bereziki Bilbon sakabanatu zituen nolabaiteko maila zuten pertsonak. Hori eta Bizkaiko diputatuek Karlos Bonaparteren seme nagusi Josef Napoleon baketsuari Espainiako tronua eman zion Baionako eraketa-akta sinatu izana inoiz barkatu ezingo diren gertaerak dira guretzat”. https://olabeaga.org/2018/02/3557/ [itzuli]
  10. Ignacio Fernández Sarasola, “La primera Constitución Española: el Estatuto de Bayona”, Revista de Derecho, 26. zk., Barranquilla, 2006. [itzuli]
  11. Miguel José de Azanza Alegríak (1746–Bordele, 1826) Espainia Berrira bidaiatu zuen 17 urterekin, gaur egungo Mexikora, José Martín de Alegría osaba busturiarrarekin. 1771n, Armadan sartu zen, eta gero diplomazialari bihurtu zen. Espainiak Prusian eta Errusian zuen enbaxadaren negozioen arduraduna izan zen, baita Mexikoko erregeordea, Gerra eta Ogasuneko ministroa, Caracaseko Konpainia Gipuzkoarreko zuzendaria eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea ere. Erbesteratuta hil zen Bordelen, non Francisco de Goya margolariarekin topo egin zuen. [itzuli]
  12. José María Lardizábal Oriar Gipuzkoako ordezkaria izan zen, eta Ortuño María de Aguirre-Zuazo, berriz, Arabakoa. [itzuli]
  13. Arturo Pérez-Reverte, Una historia de España, Alfaguara Editorial, Madril, 2019. ABC, 2015eko uztailaren 12a. [itzuli]
  14. Leandro Fernández de Moratín, Obras póstumas, III. lib., 8. or. Inprimatzea eta estereotipoak: M. Rivadeneyra, Madril, 1868. Juan Antonio Melón (1758–1843) apaiz eta kimikari ilustratuari bidalitako gutuna, Bordelen sinatua ekainaren 27an. [itzuli]
  15. Arturo Pérez-Reverte, Una historia de España, Alfaguara Editorial, Madril, 2019. ABC, 2015eko martxoaren 30a. [itzuli]
  16. Antonio de Beraza, Elogio de don Mariano Luis de Urquijo, Ministro Secretario de Estado de España, L. -E. Herhan, Paris, 1820, 74. or. [itzuli]
  17. José Manuel Cifuentes Pazos, “Los afrancesados en Vizcaya: análisis de algunos casos”, Tiempos Modernos: Revista Electrónica de Historia Moderna, 2015. Era berean, María Jesús Álvarez-Coca González, “Invasión francesa, Gobierno Intruso. Los fondos de la Guerra de la Independencia en el Archivo Histórico Nacional”, Cuadernos de Historia Moderna. Universidad Complutense de Madrid, 37 (2012), 201–55. or. [itzuli]
  18. Antonio Adán de Yarza (1761–1835) lekeitiarra, Ispasterreko Zubieta jauregikoa, San Karlos banketxeko akzioduna izan zen 1783tik aurrera, eta baserriak izan zituen jabetzan, baita etxeak ere, Bilbon —Bidebarrieta kalekoa, esaterako, non bizi izan zen 1794tik aurrera— eta Madrilen. Bere erretratua, amarena eta Ramona Barbachano emaztearena agindu zizkion Goyari 1787–88an. 1800. urtean, Manifiesto Histórico relativo a los servicios prestados por Bilbao durante la Guerra de la Convención idatzi zuen, José María Murga eta beste batzuekin batera. 1808ko apirilean Gasteizera joan zen, Fernando VII.ari Foruak aitor zitzala proposatzera. 1809an, Madrilera joan zen Yandiolarekin, Diputazioaren leialtasuna adieraztera Josef Bonaparteri eta Baionako Estatutuari. Bilboko Udaleko errejidorea izan zen okupazio frantsesak iraun bitartean, eta gero, berriro, Hirurteko Liberalean. Josef I.aren erregealdian Gorteko ordezkari (1809), Bizigaien Batzordeko kide eta Bizkaiko Intendentzia Kontseiluko kide (1812) izendatu zuten. [itzuli]
  19. Independentzia Gerraren azken astinduetan, hainbat gudu izan ziren Euskal Herrian: Gasteizkoa, 1813ko ekainaren 21ean; San Martzialekoa, 1813ko abuztuaren 31n, eta Iruñekoa, 1813ko urriaren 31n. [itzuli]
  20. Antonio de Basagurenek Jaurerriko gobernu-idazkari izaten jarraitu zuen, frantsesekin eta haien ondoren, eta berdin egin zuen Luis de Labayen Jaurerriko diruzainak ere. Ez zuten inolako trabarik izan ez Ramón de Mazarredok, ez José María de Murgak, ez Antonio Adán de Yarzak (poliziaz arduratzen zen probintzia-kontseilaria izan zen, Bizkaiko gobernadore nagusiak izendatuta, eta Josef I.a erregeak Espainiako Errege Ordenaren ohore-domina eman zion), ez José Francisco de Elorriagak, 1808an frantsesekin negoziatzeko eta hiribilduan oldarka sar zitezen ekiditen saiatzeko agindua jaso zuen errejidorea, azken hori. Eta datu baten arabera, José María de Norzagaray ilustratua hainbaten kontra auzitan aritu zen 1814an, “frantsestu” iraina zela eta. [itzuli]
  21. José María Murga De La Barrera (Markina, 1770–Bilbo, 1834) noblezia landatarreko kidea zen, Markinako Bidarte Dorreko jauna, eta interes handiak zeuzkan merkataritzan. Euskalerriaren Adiskideen Elkartean ikasi zuen, eta hizkuntza klasikoetan espezializatu zen Madrilen. Bilbon bizi zen eta, 1797an, Josefa Zaldúarekin ezkondu zen. Parisen erbesteratuta, bigarren aldiz ezkondu zen, Ceferina Hurtado de Corcuera Alcíbarrekin. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko betiereko idazkaria izan zen, eta Willhelm Humboldten anfitrioia.

Posta-truke ugaria izan zuen harekin. Diputatu nagusi lehena izan zen 1800. urtean. 1808ko abuztuaren 16an hiribildua arpilatu zutenean, ondare-galera handiak izan zituen, baina, hala ere, frantsesei lagundu zien. Alkate izan zen Hirurteko Liberalean, eta, ondorioz, 1823an Parisera erbesteratu behar izan zuen; 1825ean itzuli zen handik Bilbora. Bilbon hil zen, 1834an, karlisten matxinadan. Haren seme Manuel Murga Zaldúak diputatu nagusiaren kargua bete zuen 1839tik 1841era bitarte; Sociedad Bilbaína elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta José María Murga Mugartegui Bizkaitar Mairuaren aitona. [itzuli]

  1. Ventura Gómez de la Torre Jarabeitia (Bilbo, 1720–Londres, 1816), merkataria, kontsulatuko burua (1758, 1772 eta 1781ean), Milizietako erregimentuko tenientea. Aita, Bartolomé, Gorozikan jaioa zuen, eta artilea eta burdina esportatzen zituen Baionara, Amsterdamera, Bristolera eta Londresera, eta bakailaoa inportatzen zuen Ternuatik. Ventura familiako merkataritza-negozioen oinordeko izateko hezi zuten; haren anaia ugariak, aldiz, Administrazioan eta Armadan sartu ziren. María Francisca de Larrinagarekin ezkondu, eta alaba bakarra izan zuen, María Francisca, Juan Rafael de Mazarredo Salazar de Muñatonesekin ezkondu zena. 1770ean, burdina-ontziratzaile nagusietan bigarrena zen, eta bakailao-inportatzaileetan lehena. Haren bilobek, Francisco eta Ramón de Mazarredo Gómez de la Torrek, Londresen filial bat ireki zuten 1798an. San Karlos Banketxe Nazionaleko, Filipinetako Errege Konpainiako eta Begoñako Andre Mariaren eta San Karlosen Aseguru Konpainiako akzioduna izan zen. 1790ean, jauregi neoklasiko bat eraiki zuen Bilboko Areatzan, San Nikolas elizaren ondoan; Jovellanosek Diarios lanean deskribatu zuen eraikin hura. Londresen hil zen, 1816ko maiatzean, baina haren gorpuzkiak Bilboko San Frantzisko komentuan lurperatu zituzten. Florentino Sarachaga Izarduy (1778–1825) Bilboko alkatea izan zen 1804an eta 1808–09an, eta hiribilduaren aldeko jesapen bat izenpetu zuen Kontsulatuarekin, kantonatuta zeuden tropei aurre egiteko (jesapena ez zioten itzuli 1818ra arte). 1810ean, Josef I.ak Manzanareseko prefektu eta Mantxako intendente izendatu zuen, eta bertan jaio zitzaion semea, Jorge Sarachaga Uría; ondasunak konfiskatu zizkioten, frantsestua izateagatik. Ikusi “Gerra arteko garaia” kapituluko 14. oharra. [itzuli]
  2. Gabriel Benito Orbegozo (1770–1830) Bilboko Kontsulatuaren ordezkari izan zen 1808ko Baionako Batzarrean. Rafael Sánchez Mazasek, Orbegozoren herenilobak, honako hau idatzi zuen “Apología de la Historia Civil de Bilbao” lanaren “Los Caballeritos y los Amigos del País” kapituluan: “Ospitale Zibila sortu eta eraiki zuen Gabriel Benito de Orbegozo bilbotarraren testamentuan ikusten da Entziklopediaren hogeita bi liburuki aberatsen bi edizio oso zituela; bata Bilboko etxean, eta bestea Barakaldoko landetxean, non Labe Garaiak eraiki baitziren ondoren. Dena den, oso gizon fededuna eta elizkoi katolikoa zen […]. Zenbaitek “Santu Beltza” esaten zioten, alde batetik bizitza santua zeramalako eta karitate handia agertzen zuelako, baina bestetik bete-betean sartuta zegoelako moda liberal eta ilustratuaren ‘belztasunean’ […]. Inbasio frantsesak beste jazarpen bat ekarri zion Bilbori, atzerritar nagusikeriarena, aberriaren zapaltzaile eta, lehen-lehenik, euskal leinuaren nahiz hiribilduaren zapaltzaile. Gabriel Benito de Orbegozo jaunak Baionako Ehun Gorenetako bat izatea onartu zuen, ez debozio frantsestuagatik eta mirabekeriagatik, baizik eta —nahigabean bat eginda zeuden— Hiribilduaren eta Jaurerriaren askatasunak babesteko, argi eta garbi erakusten dutenez hark idatzi eta Teófilo Guiardek partzialki argitaratutako gutunek”. Antzeko zerbait gertatu zitzaion XIX. mendearen amaieran José María de Lizanari, oso fededuna hura ere; haren ustez, norbere sinesmenak ez ziren nahasi behar enpresa-jarduerarekin, eta El Basco egunkari kontserbadoreak (1891ko urtarrilaren 12a) “Elizaren aurkako” pertsonatzat jo zuen. [itzuli]