katalogoa
Neguriko etxeak
Kosme de Barañano
- Izenburua:
- Neguriko etxeak
- Egilea:
- Kosme de Barañano
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
- Neurriak:
- 30 x 23
- Orrialdeak:
- 218
- ISBN:
- 978-84-09-27019-4
- Lege gordailua:
- BI-00129-2021
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ekonomia | Industrializazioa | Bilbo | Bizkaia | Boterea | Burgesia
Bilboko irteera ibaiko estuariorantz, Abrarantz, XIX. mendearen bigarren erdialdean gertatu zen jadanik. Lehenik, merkataritzaren eta ontzien kargaren kontua zegoen: kaiak gainezka zeuden, eta ontziolak eta atarazanak Olabeagarantz lekualdatuz joan ziren. Eta, gero, Abrako portu handiaren ideia zegoen. Eta, azkenik, herritarrek etxe hobeak eta handiagoak nahi zituzten, eta Erriberan, Estufan eta Sendejan zehar mugituz joan ziren Deustuko elizaterantz, eta, denborarekin, Abrarantz.
Alde zaharreko etxea utzi, eta jauregitxoak eraikitzen hasi ziren, lehenik Campo Volantinen, gero Abandoko zabalgunean eta, azkenik, Areetan eta Getxon. Etxe berri haiek, beren estilo desberdinekin, estatus ekonomiko berriaren sinbolo ziren, alde batetik, eta, bestetik, hiribildua Erdi Aroko bere hormetatik harago gainditzeko irrika hedatzailearen froga ezin gezurtatuzkoa ziren. Alde Zaharrean zeukan kokalekua utzi zuen lehenengoetako erakundeetako bat udala izan zen. 1880erako udal agintariek lortu zuten estatuak behin betiko utz zitzala San Agustin komentu zaharreko lurrak. 1883ko martxoan, berriki izendatutako udal arkitektoak, Joaquín de Rucobak (1844–1919), eraikin berriaren proiektuari hasiera eman zion, eta eraikina 1892an inauguratu zen.
Hamarkada horretan, Cosme Echevarrietak bere egoitza aldatu zuen Bilboko Erriberako kaletik Deustuko elizateko Madariaga Hiribideko jauregitxo batera. Ez zen bakarra; han zeuden, besteak beste: 1700. urteaz gero Bilbon kokatutako Goossens eta Mazo flandestar merkatarien jauregia; “Kontsularen etxea” esaten zitzaion txaleta; Bidarte jauregia, Ramón Ybarra Arreguirena (Severino Achúcarrok 1897an eraikia); Zubiriatarren María Luisa villa, zeinek, mendean sarturik, Goi-Eder eraikiko baitzuten gaur egun Sarriko gisa ezagutzen dugun lursailean —Zientzia Ekonomikoen Fakultatearen egoitza dago bertan—.
Beste batzuk, berriz, gaur egun Zabalgunea esaten zaion lekura aldatu ziren, Abandora, alegia: Chávarri anaiek 1894an eraiki zuten beren jauregitxoa plaza Eliptikoan; Ramón de la Sotak agindu zuen, lehenik, Villa María (gaur egungo Marinako Komandantzia) bere etxea eraikitzea eta, gero, Ibaigane jauregitxoa (gaur egun Bilboko Athletic Cluben egoitza)1. Aurrerago, 1918an, Víctor Chávarri Getxora aldatuko zen hasieran, Pinar izeneko etxera, eta gero bere Artaza villara; eta Ramón de la Sota, berriz, Lerteguira, Areetan, eta han hil zen.
Britainiar eragina, baina baita ere Hanburgo eta Bremen hiri hanseatikoena, garbi ikusi zen handikiek hartutako erabakian: erdialdeko merkataritza gunea eta hiribilduko zarata uztea eta aldiri pribilegiatuetara joatea, han egoitza hobeak eraiki zitezkeelako, atzerrian ikusitako hôtels particuliers direlakoen tankerakoak. Hasieran, arestian aipatu dudan bezala, Campo Volantinen eta Zabalgunean hartu zuten bizilekua, baina gero itsasertza lehenetsiz joan ziren. Ibaiaren amaieran kokatutako badia handia da Abra, Santurtziren eta Algortaren, Portugaleteren eta Areetaren arteko bokale handia, eta izena galizismo bat da, frantseseko havre hitzetik datorrena, “itsas portua”, eta hura, berriz, holanderatik dator, havene hitzetik, “portua” (eta handik dator ingelesezko haven hitza). Havre Sene ibaiko estuarioan kokatutako hiri bat da; Pariseko portuaren zeregina du, eta Honfleur hiritik, pintore inpresionistena, eta Deauvilleko hipodromotik gertu dago. Bilbok duen bokazio komertzialari zor zaizkio eragin horiek, batik bat, kanpoko merkataritzarako zaletasunari, hau da, beste herrialdeekiko kontakturako eta erlazioetarako joerari. Ingalaterra, moda xalo eta eroso baten aldekoa, eta Frantzia, Paris zuelarik joeren fokua, ziren eragin handieneko bi zentro nagusiak. Frantses kulturaren eragina aspaldikoa zen, frantses portuekiko harreman komertzialen ondorioz. Handik zetozen modan, prentsan, kafetegietan, pasealekuetan eta abarretan egindako aldaketak. Londrestik eta Liverpooletik zetozen, aldiz, klub pribatuen ideia, liburutegiekin eta billarekin, kirolak eta etxe partikularretara bisita egiteko erritual gisako ohitura. Uda bainuetxetan eta hondartzetan igarotzeko zaletasuna, bainua eta uraren kultura osasun iturri gisa, Alemaniako iparraldetik zetozen, bai eta Sonderklassen belaontziak eta bela arautua ere. XIX. mendeko une horretako (goi mailako) burgesia berriak ez zuen izan soziabilitate esklusibista eta elitista sustatzeko joera, aitzitik, irakurketa, paseoak, dantza eta musika beste klaseen aisialdiaren parte ere izatea nahi izan zuen.
Abrako bi ibaiertzek garapen handia izango zuten, bai urbanoa eta bai erresidentziala. Hasieran Santurtziko labarretako eremua izan zen, baina 1895etik aurrera, Getxo izango zen garapen urbanoaren eremua, non bizilekua hartua baitzuten jadanik espekulazioan hainbeste interesik ez zuten burges batzuek, hala nola Soltura familiak edo Isasi familiak.
Aguirre anaiei Areetan bainuetxe bat zabaltzea bururatu zitzaien, 1868an, Establecimiento de Baños de Mar Bilbaínos zeritzana, Frantziako bainu hirien tankeran, udaldia kostan igarotzeko ohitura sustatzearren2. 1844erako Peñaflorida konde ilustratuak abian jarria zuen Zaldibarreko bainuetxea. Aguirre y Compañía enpresa 1868an sortu zen ostatua, olgetarako aretoak eta lorategiak izango zituen bainuetxe bat zabaltzeko, eta enpresa horretako akziodun izan ziren halaber Bilboko beste merkatari batzuk, Bernabé Larrínaga, adibidez. Ibaiaren beste aldean, Portugaleten, Balneario El Salto bainuetxea zegoen (Hoffmeyer ingeniariak egina, 1875ean), eta Santurtzin, berriz, Casa de Baños bainuetxea inauguratu zen 1887an. XIX. mendean hamabi bainuetxe egon ziren martxan Bizkaian, eta haietako asko Madrilen argitaratzen ziren bidaiarientzako gida irudiztatuetan iragartzen ziren3.
Abrako bi aldeen garapenaren giltzarria tranbia lineak ezartzea izan zen (lehenengo abere trakziokoak, orduan odolekoak deituak, hau da, zaldiek tiratuak): Bilbo-Areeta eta Bilbo-Algorta, 1876an (1897an elektrifikatutako lineak) eta Bilbo-Santurtzi, 1882an
(1896an elektrifikatua); eta, geroztik, Bilbo-Areeta burdinbidea, 1887an (Errege familiak 1887ko uztailaren 1ean inauguratua) eta Bilbo-Portugalete, 1888an. Badakigu 1898an Bilbo-Areeta tranbia elektrikoak 1.700.000 lagun garraiatu zituela4.
Desamortizazioaren ondoren, 1856tik 1868ra bitartean, Aguirretarrek hainbat lursail komunal erosi zizkioten Getxoko elizateari; lursail horiek hedadura handikoak ziren, eta “landugabeko hareatza”tzat izendatuta zeuden, hala nola Lamiakoko ibarra eta hain zuzen ere Areeta izeneko eremua. Aguirrek Gobelas eta Udondo ibaiak bideratu zituen, hala nekazaritza eta abeltzaintzako etxalde bat jartzeko nola ingeles tankerako kirol gune bat ezartzeko, futbol zelaiak, polo zelaiak, hipodromoa eta tiro zelaiak edukiko zituena. Bultzada urbanizatzaileak “Bilboko hondartza” sortzeko ideiara eraman zituen, bainuetxe gune edo udako egoitzako gune gisara ulertua. Alonso Oleak egokiro adierazi duen bezala: “Burdinbidez Areetara eroso eta azkar iritsi ahal izateak hiribilduko hondartza bihurtuko zuen hondartza hori, eta Bilbo, berriz, bainu portu. Burdinbideak Bilboko bisitariak erakarriko zituen, zeinek aukeran izango zuten hiribilduan geratzea eta bainuetara erregularki burdinbidez joatea edo bainuetxe gunean bertan kokatzea. Era berean, beren negozioenatik hirian gelditzera behartuta zeuden bilbotarrak erregularki joan ahal izango ziren bainuetara. Hortik sasoiko egoitza aldiriaren definiziora urrats txiki bat besterik ez zen falta”5.
Trianoko meategietatik zetozen burges berri eta enpresari batzuek Santurtziko kostaldean eraiki zituzten beren etxe berriak, arrantza portuaren eta Portugaleteko hiribilduaren mugen artean. Ia denak labarraren ertzean eraikita zeuden, Abrako bistaz, itsasoko brisaz eta ontzien joan-etorriaz gozatu ahal izateko. Murrietatarrak izan ziren lehenak, 1877. urteaz gero Santurtziko markesak zirenak, alegia; Mamarigako bidean eraiki zuten beren etxea, zeinaren lorategi mardul zuhaitz exotikoz betea ertzeraino iristen baitzen, arroken ondora, Lo Liso zeritzan lekura, arrantza portu zaharraren ezkerrera. Leku hura itsasoko bainuetarako (badaude garai hartako argazkiak, etxola tipikoekin) eta jendea paseatzeko erabili zen, eta gerora La Llanarekiko pasealekua eratu zen han. José Sanginés eta Encarnación Balparda senar-emazteek 1878an eraiki zuten beren etxea. Gero, José María de Lizanak, 1886. urteaz gero Casa Torreko markesa zenak, bere amaren familiaren jauregia izandakoa zaharberritu zuen, Hormazatarrena, alegia, Santurtziko udako egoitza gisa, San Jorge Elizatik gertu6. Mamariga auzoaren erdian, Francisco Mac Lennan meategi-jabe eta ingeniariak 1899an eraiki zuen bere egoitza, zeinak, bere kokaleku apartagatik, Abrako bistarik onenak baititu7.
Santurtzitik Portugaleterantz jaitsiz agertuko zen 1901ean Quintana Murrietatarren egoitza, Villa Casilda deitua, 1901ekoa, eta Amézagatarrena, Olasotarrena, Oraátarrena, Palaciotarrena, Taramonatarrena, Vicuñatarrena, Zunzuneguitarrena, etabarrena, harik eta Campo Grandeko kostako bateria zaharrera, edo Santa Barbara gotorlekura, iritsi arte, zeinaren eraikuntza 1639–41koa baitzen eta zeina 1827–28an zaharberritu zuten. Hor eraiki zuen Diego Mazasek, 1882an, labarraren eta bateriaren kanpoko hormen gainean, bere Peñota jauregitxoa (gaur egun Cristóbal Murrieta hiribidea da leku hura). Bestalde, Lucas Urquijok 1906an jaso zuen bere etxea, gaur egun Palacio de Oriol hotela dagoen lekuan. Eta gotorlekuko zimenduen gainean, esparruak jatorrian eduki zuen oinaren oroimenez forma pentagonala duen harlanduzko plataformaren gainean, Amezti txaleta egon zen duela gutxi arte. Gero Villa Leode zetorren, Juan Pagazaurtunduarena8.
Atzean, zubi transbordadorerantz, El Saltillo (1879an eraikia), oraindik gordetzen dena, eta El Salto, desagertutako jauregiko dorrea zeuden (1890ean eraikia)9. Bestalde, horien azpian, kai berriaren ondoan, Juan Tomás Gandariasen etxe-jauregi handia jaso zen, Txurrukako Kaian, kai berriaren erremate bikaina zeharo eraldatu zuena10.
Mazastarren Peñota etxea, labarren eta Campo grandeko bateria zaharraren gainean, Echevarrietatarrena bezalakoa zen, baina beste ertzean kokatuta zegoen, Begoñako gotorlekuko aztarnen eta Arriluzeko labarraren gainean. Mazastarrek hondartzarako sarbide zuzena zuten, hesian irekitako atea zeharkatu, eta arroka artean hondartzaraino eta hango Casa de Baños ospetsuraino jaisten zen bidea hartu ondoren, eta halaxe egiten zuten Rodastarrek ere, El Salto zeritzan Portugaleteko hondartzara jaitsiz, edo Echevarrietatarrek edo Solturatarrek, Ereagako hondartzara jaitsiz.
Hala ere, portu handiaren eta kaien eta kontrakaien proiektu berria egiteak aldaketak ekarriko zituen paisaia geografikoan eta trazaketa urbanoaren ezaugarrietan. Kontrakaia eraikitzeak itsas korronteak aldatu zituen eta itsasbazterreko paisaia ere aldatu zuen, 1900erako desagerrarazi egin baitzuen punta hartatik ibaiaren bokalerainoko hondartza zabala. Beraz, kai eta babes errepide moduko bat eraiki behar izan zen Algortako portutik Areetaraino, hala finkatu ahal izateko lurrak, Zugazarte urbanizazioa, atzealdean, eta aurrealdean, Punta Begoñatik Cristina Etxearaino (Alberto del Palacioren etxea) eta Evaristo Churrucaren monumentua11.
Portugalete eta Santurtzi artean kosta betetzeko lanak 1906–08an eta gerora arrantza portu berria eraikitzeak jarduera turistikoa eta bainuetakoa bertan behera uztea ekarri zuen, eta, baita ere, enpresari horietako askok beren etxe berriak uztea eta bizilekua Getxon hartzea. Martínez de las Rivasek goialdean eraiki zuen Santa Clara12 jauregitxoa, udaletxetik hurbil; Antonio Plasencia arte bildumagileak eta finantzariak Portuko pasealekuko 20. zenbakian eraiki zuen Rosales etxea, ingeles estiloan, oinalde handi baten gisako plataforma baten gainean13; eta Víctor Chávarrik, berriz, Artaza jauregia, Avanzadako errepidean.
Olatu-hormako lanek eta Santurtziko kaiek ere korronteak eta olatuen norabidea mugiarazi zituzten, eta Areetako hondartza hondeatu eta murriztu egin zuten, eta mareako lerrotik gertueneko eraikinak mehatxatu. 1893 inguruan, Areetakoa ez zen bainatzeko hondartza erraza, eta Ereagakoa izango zen bisitatzeko eta gozatzeko hondartza, eta han kokatuko zen la Perlako Bainuetxea, denborale baten ondoren bota egin behar izan zutena eta 1912an Igeretxe deitu zitzaionak ordezkatua. Areetako eta Arriluzeko aurrealdearen artean babes horma bat eraiki zen, eta bainuetxea izan zena Marítimo del Abra bihurtu zen, belaontziak zuzenean porturatzeko klub bat, alegia.
Getxoko labarrera, zerumugara zuzen-zuzen begiratuz, atera zen lehenengoetariko bat Andrés Isasi Zulueta izan zen (1823–1918), Barambioko lehenengo markesa, Andrés Isasi14 musikariaren aitona. Isasi errentadun aktibo bat zen, bere amak jaioterri zuen Arabako herri hartakoa eta non lursail eta mahasti asko baitzeuzkan. Haren arbasoak eta haren lehengusu Zulueta Kubako aberatsak ziren, dirutza, hein batean, beltzen salerosketan egin zutena. Isasik 1866an eraiki zuen Itsaso Alde zeritzan jauregitxo soil hura, itsas ondoan; badago Juan de Barroetaren koadro eder bat, 1886koa, hôtel particulier hori agertzen denekoa, bakartia oraindik, Abrari begira. Isasi itsas aurrean bizi zen, baina hiribilduko negozioekin jarraitu zuen; bera izango zen Bilboko Merkataritza Burtsaren (1889) sustatzaileetariko bat eta Bilboko Sociedad Nuevo Teatro enpresaren idazkaria. Bere jaioterrian ere aritu zen, Berguendan, non ardo eta pattar fabrika bat zabaldu baitzuen 1896an, eta ospetsu bihurtu zuen marqués de Barambio koñaka.
Solturak ere XIX. mendearen amaieran eraiki zuen Bel Respiro15, Punta Begoñatik hurbilago. Solturatarrak hiru anaia ziren: José María, intelektuala, Unamunoren maisua izango zen16; beste biak, berriz, Filomeno eta Agustín mediku ospetsuak izango ziren, haien aita izan zen bezala17. Bel Respiro ere hôtel particulier bat zen, xaloa baina ondo orientatua; haren atzean agertuko ziren geroztikako luxuzko etxe handi guztiak. Bel Respiro Ingalaterrako gorri kolorez pintatuta zegoen, hau da, burdinbideko lokomotorren gurpilek izaten zuten bermilioi industrial horrez. Pintura hark, korrosiotik babesteaz gainera, gehiegi berotzen ziren lekuak eta pitzadurak agerian uzteko funtzioa zuen, eta baita ere nekeagatiko arrakalak ez hedatzekoa, zeren eta pitzaduretan metatzen ziren koipe iluneko hondakinak argi eta garbi nabarmentzen baitziren gorri distiratsuan. Familiaren oinordeko bakarrak, Regina Solturak, Longatarren eta Liverpooleko Larrinagatarren oinordekoa ere bazenak, esan zuen gorri hura bere aitak Liverpooleko Medikuntza Unibertsitateari zion miresmenetik zetorrela, fatxada adreilu gorrikoa baitzeukan. Etxeak behatoki poligonal nabarmenak zeuzkan, inguruko ikuspegi zabala zutenak, eta, bere garaian, hondartzarako sarbide pribatua izan zuen. Lorategi barruan lursaileko eraikin osagarri bat zegoen: Atxekolandeta etxea izan zena eta Buena Vista Ostatua izan zenaren etxea, non hartu izan baitzuten ostatu, besteak beste, Anselmo Guineak eta Adolfo Guiardek.
Atxekolandeta toponimoak —“haitzeko landeta”, alegia— eman zion izena Arriluzeko erlaitz hari, eta XIX. mendearen amaiera arte leku erabat landatar eta jende gabe haren ezaugarrien berri ematen digu18. XX. mendea hasi zenean bilbotar burgesiak Getxo aukeratu zuen egoitzatzat (Solturatarrek eta Isasitarrek jadanik egin zuten bezala) eta etxe berriak eraikitzen hasi ziren Areetako kaian, Zugazarten eta Aiboa izeneko otadi-mendian, Neguri neologismoaz ezagutuko zena19.
Abra inguruko jauregitxo berriei dagokionez, ez zegoen elite bateko partaide izateko bilaketarik edo asmorik, Madrilgo aberats berriek izan zuten bezala, nobleziarekin edo madrildar gortearekin kidetzeko irrikaz, edo onarpenaren atea zeharkatzekoaz, orain dirutza handiaren jabe zen etorri berriari debekatuak zitzaizkion zirkulu jakin batzuetan. XIX. mendeko Madrilgo gizartearen jauregia irudikapen sozialaren elementu paradigmatikoa zen arrazoi hauengatik:
1. jauregia da, berez, hartutako maila ekonomikoaren zeinua;
2. sustatzailearen eta jabearen igoera sozialaren froga da;
3. bere hormen eta bere fatxadaren sendotasunaren bitartez eraikinak iritsitako maila sinbolizatzen du: goratze ekonomiko eta sozialaren prozesuaren goren maila da20.
Abraren inguruan eraikitako jauregitxoek ez zuten ezer frogatu nahi gortearen erdian, aire garbia bilatzen zuten, aitzitik, Bilboko hiriguneko kaleetako estutasuna beharrean. Erosotasun berezi bat sendotzen zuten horrela, hiribildutik eta hango zirkulu ekonomikoetatik ez urrun, eta Europako Erdialdeko burgesia kalbinistagoaren hôtel particulier kontzeptuari erantzuten zioten, familiaren erosotasuna en plain air bilatzen zuen horrena, itsasoari begira; kasu honetan, Zazpikaleetako murruen barruan etxe itzaltsuek zekarten itomenetik urruti.
Arriluzeko tontor gainean eraikiz zihoazen etxeena da irudirik garbiena, Echevarrietaren Etxebarri izenekotik Lezama-Leguizamóntarreneraino, hura izan baitzen 1902an eraiki zen lehena21. Hainbat gorputz artikulatuko eraikin konplexu bat zen: etxebizitza, dorrea, liburutegia; baina bisualki dorrearen mendean zeuden denak, zeina baitzen bloke sendo bat, Bizkai osoan dauden Erdi Aroko dorretxeetakoa bezalakoa. Lezama Leguizamón jauregiaren bistak Abrako badiara orientatuta zeuden, han itsasoratzen baita Bilboko ibaia, amaitzen ari zenari begiratzen zion, alegia; Echevarrietarenak, aldiz, portura eta itsasora begiratzen zuen, oraindik iritsi eta konkistatu gabe zegoen horrantz.
Lezamatarren jauregiaren azpian, Areetako errepidean, Aranatarrek Cisco etxea eraiki zuten (Zugazarteko 61. zenbakian). Iparraldekoen motako jauregitxo bat zen22, bere ontziaren izen bera zuena. Errepide zuzen hura familiako jauregitxoz betez joango zen, harik eta haietako lehenengoraino heldu arte, Antonio de Palacio pasealeku haren hasieran 1894an eraikitako Cristina etxearaino, hain zuzen23, zeina baitzen, gainera, Transbordadore zubiaren (1887–93) eta Fernando Zabálbururen 1889ko Kai Gane etxearen sortzailea24.
Arriluzeko tontorrean etxe multzo bat kontzentratu zen XX. mendearen hasieran, 1903an kontrakaia eta itsasargia eraiki eta handik gutxira; itsasargia zuriz margotua zegoen eta harlanduzkoa zen, eta sendo, merke eta soil eraikitakoa zen25. 1906an “kontrakaiko txalupentzako nasa”ren proiektuari ekin zitzaion26, Algortako “Portu Zaharra” esango zitzaiona zaharkituta utzirik. Nasa horretan zegoen “Naufragoen Etxea” esaten zitzaiona, 1912an eraikia (gaur Itsasoko Gurutze Gorriaren egoitza dena), uraren gainean aldez eraikia: laguntzarako eraikin sozial ederra, itsasargi baten sinbolismoa ere bazeukana27.
Denbora gutxin etxe ederrez beteko zen tontorra: Lezamatarrena, Ampuerotarrena, Guzmántarrena, Aitzgoyen (Ybarratarrena), Arriluce (1910, beste Ybarra batentzat eraikia), hondartzara ematen duen izkinaraino, non garai batean babeserako gotorleku baten aztarnak baitzeuden, Begoñako gotorlekua, labar gainean kokatua eta 1888. urtea arte existitu zena, orduan desegin baitzuten kanpoko kontrakaia han egiteko. Han eraiki zuen Echevarrietak arestian aipatutako Etxebarri 1910ean28. Kokaleku pribilegiatu horretatik inguruan gertatzen den guztia ikus eta kontrola dezake edonork, baina ikusia eta kontrolatua ere izan daiteke. Leku enblematikoa eta, aldi berean, estrategikoa da, oharkabean geratzen ez dena, ez fisikoki eta ez ordezkaritzaren ikuspegitik. Echevarrietak, euste horma soil bat eraiki ordez, zeuden egiturez baliatzea erabaki zuen zerbait sinboliko eta aldi berean anbiziotsua eraikitzeko han: Nizako frantses rivieraren estiloko promenade bat. Kostako geografiara egokitutako galeria bikoitz bat zen, zutabeduna eta terraza balaustradadun batek estalia. Punta Begoñako Galeriak euste horma bat ziren, olgetarako leku eta behatoki gisa aprobetxatuko zirenak. Ricardo Bastidak diseinatu eta eraiki zuen 1918an. Hura luxu handiko etxea izanagatik, Horacio Echevarrieta ez zen han hil, arrebarengandik Barakaldon heredatu zuen etxean baizik, Munoa jabetzan. Juan Echevarría La Llanak, Bilboko alkatea bi aldiz izan zenak, 1860ean eraiki zuen villa hura. Ibaizabal ibaiarekin bat egin aurretik Kadagua ibaiak eratzen duen bista erakusten duen gain batean kokatuta zegoen, lorategidun espazio handi batean, Gurutzeta, Burceña, Llano eta Lutxana auzoak elkartzen ziren lekuan; 60.000tik gora metro koadro zituen eta 600etik gora zuhaitz, jauregiko fatxada aurrean. Echevarria Horacioren arreba bakarrarekin ezkondu zen, Amalia Echevarrieta Marurirekin (Bilbo, 1868– Barakaldo, 1955); hura hil zenean Horacioren eskuetan geratu zen villa. Haiena izan zen, baita ere, Malagako La Concepción jabetza, non Francisco Iturrinok bere paisaiarik fauveenak pintatu baitzituen29.
Etxe horiek guztiak arestian aipatu ditugun lehenengo steam yacht horien garai berekoak dira: 1887an ibaian zehar nabigatzen zuten: Laurac Bat (lau Chávarri anaien aipamena eginez), Víctor Chávarrirena, 30 metro luze zena; Lily, José María Martínez de las Rivasena, steam yacht zena, alegia, bi mastako goleta bat bezala tresnatutako lurrunontzia, hau da, zutoineko bi mastarekin eta masprezarekin; haren anaia Franciscoren schooner goleta, Carita zeritzana, alegia, bi mastadun goleta, labanako belekin tresnatua). 1910ean 70 metroko luzerako steam yacht bat erosi zuen, eta Cosme y Jacinta jarri zion izena, bere gurasoen omenez; handik gutxira, Ramón de la Sotak Goizeko Izarra erosi zuen, 87 metroko luzera zuena. Yateen eta jauregien, yatchen eta hotelen arteko elkarrekikotasun horren sinbolismorik onena baliteke izatea Félix Chávarrik, Chávarri anaien artean nabegazioan gutxien aritu zenak, Anduiza arkitektoari 1901ean enkargatu zion etxea: Casa Barco, Campos Elíseos kalean (gaur Arkotxa), Algortan30. Casa Barco, Aiboako goialdean kokatua, ontzi baten aginte-zubia gogora dakarren etxebizitza da (etxe-terraza deitu zioten proiektuan), idi-begi tankerako leihoak eta Portugaletera, haren jaioterrira, zuzenean begiratzen zuen aginte-zubi bat barne.
Hemen komeni da berriz gogoratzea nola Zazpikaleetako Bilbo txiki hori, Erriberako kai estuak zituena, Abrarantzat zabaldu zen. Zentzu guztietan zabaldu zen Bilbo: kaiak eta salgaiak, industria eta nabigazioa, yateak eta etxeak. Baliteke lirikoena eta zehatzena Venezuelako erbestean zegoen errepublikano batek idatzi zuena izatea, Luis Arangurenek, Cosme Echevarrietaren ahaldun leialetako batek, gerora haren seme Horacioren ahaldun ere izango zenak, eta Gonzalo Dúok testuinguru honetan ipinia: “Ahalegin txiki bat egin behar da Zazpikaleak imajinatzeko Abandoko Zabalgunearen erreferentzia erabatekoa gabe. Ibaizabal zen muga naturala, eta bi adar zituen, Bilbo Zahar likitsa, San Anton zubiak elkartua, eta Geltokiko auzo berria, Konkordiatik eta Plaza Zirkularretik igotzen zena, Hurtado de Amézaga kaleko burdinbidearen aldetik Menako jauregirantz igotzen zena (Zabalburu)31, eta zabaldi berritik Plaza Eliptikorantz eta Chávarriren jauregirantz, mendebaldean, Perla iparraldean. […] Kiebra komertziala suizidioarekin amaitzen zen, eta hala izan zen José Luis Abaroa bankariaren kasua, Parisen […] Liejan, jesuitekin, edo Hochschulen, laikoak, edo Manheimen diplomatutako ingeniari gazteak […] Erromatik eta Paristik itzultzen ziren artistak…”32.
Areatzako zubia Abandorantz zeharkatzea odisea bat baldin bazen XIX. mendeko laurogeiko urteetako ume haientzat, pentsa dezagun zer esan nahiko zuen Abrara igarotzeak, lurrunontziak ibaian zebiltzala, bainuetxeetako terrazak agerian, eta itsas aurreko hondartza garbien gozamena. Hori da Adolfo Guiarden koadroek beren baitan daukaten, gordetzen eta adierazten duten oroitzapena.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK
- Gregorio de Ibarreche arkitektoa (1864–1933, 1892an tituluduna) Sabino Aranaren ikaskidea izan zen Urduñako jesuiten ikastetxean, eta, denborarekin, Bilboko lehenengo alkate nazionalista izango zen; proiektua 1897koa da. [itzuli]
- Aguirretarren kapitala bitartekaritzako merkataritzari eta irin industriari lotuta dago (ogigintza, alea, egurtegia eta El Pontóneko errota); laboreak Gaztelatik ere ekartzen zituzten, eta haien langintzaren helmuga, hiribilduko kontsumoaz gainera, Kubarako edo Ingalaterrarako esportazioa zen. Aguirretarrak beste jarduera batzuetan dibertsifikatuz joan ziren beren etekinak, hala nola etxe salerosketa, aisia eta garraioa, eta Areetako bainutxearekin eta burdinbidearen eraikuntzarekin osatu zituzten; baina sekula ez esklusibotasunarekin, haietan denetan aldi berean jardunez baizik. Máximo Aguirre izango zen Bilboko hiribilduaren “garapen zibilizatuaren” eta europeistaren adimena: aisia eta negozioa, eta ondasun komuna. Establecimiento de Baños de Mar Bilbaínos 1868an ireki zen eta Amadeo erregearen bisita bat izan zuen 1872ko abuztuaren 11n; hor kokatuko zen Areetako kasinoa, gero, 1880an, Galería Balnearia de Las Arenas, eta, 1883an, Gran Hotel Bilbaíno izango zen, Areetan, harik eta 1891n enkantean atera zuten arte. Balneario El Salto, Portugaleten, Hoffmeyer ingeniariak 1875ean egina, 1913an itxi eta botako zuten. [itzuli]
- 1844ko urtean, José María de Munibek (Francisco Xabier de Munibe, Peñafloridako kondearen eta 1763an Errege Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzailea izan zenaren biloba) abian jarri zuen lehen bainuetxe eraikina, eta zabaldu egingo zuten, 1851n haren ondorengoak, Víctor de Munibek, eta, 1880an, Manuel María de Cortázarek, sortzailearen iloba eta oinordekoak. Bainuen denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30a bitartekoa zen. 1882. urtean 1.414 lagunek erabili zituzten instalazio haiek. Ikus Balendin Lasuen Solozabal, Zaldibarko bainuetxeak–Balnearios de Zaldibar, Zaldibarko elizateko udaletxea; hemen aipatua: Itxaso Martelo García de Garayo, Sonia Polo Escobes, Enrique G. Arza, “Pinturas de Juan de Aranoa para la capilla neorrománica del Hospital Zaldibar”, Norte de salud mental, 2013, XI. liburukia, 45. zk., 87–104. or. Bidaiarien gidei dagokionez, ikus: Itinerarios de Madrid a Bilbao, de Miranda a Logroño, de Bilbao a Durango y viceversa, Librería de Don Guío, Madril, 1883, 56 orrialde. Azalean gidaren edukia agertzen da: “Bidaiarientzako ezinbesteko ezagutzak eta albisteak. Madril eta Bilbo, Miranda eta Logroño, eta Bilbo eta Durango arteko ibilbide deskriptiboak. Linea horietako geltokietatik joateko moduko bainuetxeak eta itsas bainuak. Herrien zerrenda alfabetikoa. Bidaiariak joan ohi diren establezimenduei buruzko albisteak. Iragarkiak”. Kortezubiko bainuetxea 1848an zabaldu zen Terlegizko iturburu bateko ur kloratu sufretsuak ustiatzeko, eta Txatxarramendikoa, Sukarrietan, 1894an, eta hotela 1896tik 1947ra egon zen irekita. [itzuli]
- Ezequiel Aguirrek 1883ko maiatzaren 14an lortu zuen Areetarako burdinbidearen kontzesioa. Aguirre-Coste familiak ziren akziodun nagusiak. 1895–1905etik aurrera, Getxoko alde hura eraldatuz joan zen: bainuetxe estazio bat zena bizitegi-aldiria bihurtu zen, zeinaren biztanleria gero eta egonkortuagoa zegoen, eta bainuetxearen eraikina leku hartako itsas kluba bilakatu zen. Areetatik Plentziarako burdinbidea, Bilbo-Areetakoaren jarraipen gisa, 1893an zabaldu zitzaion ustiapenari; metroa, Norman Fosterena, berriz, 1995ean. [itzuli]
- José Mª Beascoechea, “Bilbao. Población de Baños”, Bidebarrieta aldizkaria, 14. zk., 2003. [itzuli]
- José María de Lizana y Hormazak—Casa Torreko VI. markesa 1886. urteaz gero, Durangon 1843an jaioa eta Anberesen 1911n hila—, zaharberritu zuen Hormaza etxea, XVIII. mendeko eraikina. Lizana Lola Chávarrirekin ezkonduta zegoen, Víctor Chávarriren arreba zaharrenarekin, alegia. Casa Torreko markesak bizitza politiko zabal bat izan zuen (Bilboko alkatea izan zen 1890ean eta diputatua Durangotik), alkate ona izan zen eta sutsu defendatu zituen Bilboren interesak Madrilen. [itzuli]
- Enrique Epalza Chanfreau arkitektoak en 1899an proiektatutako etxea. [itzuli]
- Juan Pagazaurtundua indiano bat zen, eta Santos Zunzunegui arkitektoari enkargatu zion bere etxearen proiektua. [itzuli]
- El Salto Francisco Martínez Rodasek eta haren emazteak, Eloísa Arana, eraiki zuten 1889–94an, lurrak Mazarredo familiari erosi ondoren. Haien alaba bakarra Enrique Areilza medikuarekin ezkondu zen. Eloísaren arreba batek, Prisca Arana zeritzana, Juan Vallejorekin ezkondua, El Saltillo jauregitxoa enkargatu zion 1894an Francisco Berriozábali; Leonardo Rucabadok 1901–07an zaharberritu zuen, eta, 1950ean, Pedro J. Galíndezek Adingabeak Tutelatzeko Auzitegiari eman zion. [itzuli]
- Han hil zen Juan Tomás Gandarias Durañona, 1940an, eta era berean hilko zen, beste ibaiertzean, Ramón de la Sota, Lerteguin, 1937an. Biek uko egin zieten noblezia-tituluari. 1909an Itsas Laguntzarako Biltegia eta Marinako Komandantziaren egoitza (gero Portuko Kapitaintza) zen etxearen ondoan eraikitako etxe tzarra, 1917an eraikia, hirurogeiko urteetan bota zuten etxebizitza-blokeak eraikitzeko; hondartza izan zenera jaisteko eskailera ederrak baizik ez dira geratzen. [itzuli]
- Monumentu hori, 1939ko urriaren 25ean ofizialki inauguratua, Ignacio María Smith arkitektoak diseinatutako dorre-itsasargi batek eta Miguel García de Salazarek brontzez egindako eskultura multzo batek osatzen dute. Eskulturak elementu hauek zituen: Evaristo de Churruca omenduaren brontzezko estatua eseri bat; alboetan kokatutako bi estatua, batak “Industria” eta besteak, berriz, “Nabigazioa” irudikatzen zutenak; eta, aurrealdean, Bilbo irudikatzen zuten bi figura Neptunorekin borrokan, eta haien artean uharri puska handi bat. Bizkaiko eta Gipuzkoako armarriak zituen harri berean zizelkatuak eta Bilbokoa, berriz, behe-erliebean brontzez egina. Bilboren garaipena irudikatzen zuen obrak, garaitu baitzuen bai itsaso zakarra Abran, bai Portugaleteren mailan sarbidea oztopatzen zuen hondar-barra eta bai ibaiko korrontea; arazo horiek guztiei Churruca ingeniariaren talentuak eman zien irtenbidea. [itzuli]
- José María Basterrak 1902 proiektatu zuen eta, gero, Manuel María Smithek eraberritu zuen. [itzuli]
- Antonio Plasencia Bohígas (1845–1936), burtsa artekaria, Bilboko Burtsaren sustatzaileetako bat, Garamenditar batekin ezkondua, Edesio Garamendi udal arkitektoaren arrebarekin, hain zuzen. Arte bildumagile handia izan zen orobat, Bilboko Arte Ederren Museoari 1908an sortu zenetik oso atxikia, eta museo horri eman zion bere bildumaren zatirik garrantzitsuena. Rosales etxea Rafael de Garamendi arkitektoak, Plasenciaren ilobak, proiektatu zuen 1917–20an. Rosales zen, Artazarekin eta Santa Clararekin batera, une hartako villarik handienetariko bat; ikus Maite Paliza Monduate, El arquitecto Rafael de Garamendi y la residencia “Rosales”. Seguros Bilbao, Bilbo, 1989. [itzuli]
- Andrés Isasi (1891–1940), piano-jotzailea eta konpositorea; aititarengandik heredatu zituen titulua eta etxea, nahiz uko egin zion beti tratamendu horri. 1904an batxilergoa amaitu ondoren, Berlinera joan, eta han arrakasta handia izan zuen. 1914an, Alemaniara itzuli zenean, Isasi Algortan kokatu zen, Itsaso Alde etxean, eta han bizi izan zen hil arte. [itzuli]
- Hala, Bel Respiro deitu zion baita ere Coco Chanelek 1920an Garchesen, Parisko aldirietan, zeukan etxeari; zuhaitz oneko eta lorategi zabaleko lekua zen hura, eta Chanelek bere kolore maiteenekin pintarazi zuen, paretak beixez eta kontraleihoak beltzez: erabateko nabarmenkeria bertakoentzat. Paul Iribe euskalduna, garai hartan adiskide zuena, izan zuen jostunak aholkulari: “Gure etxeak gure espetxeak dira: jakin dezagun gure etxeak apaintzeko eran geure askatasuna berreskuratzen”. [itzuli]
- Jose María Soltura Urrutia (Bilbo, 1861–Madril, 1927) eragin handiko intelektuala izan zen Bilboko eta Madrileko tertulietan, eta maiz joaten zen Bilboko “El sitio” elkartera eta Madrilgo “El Gato Negro” izenekora. Miguel de Unamunoren mentorea izan zen, eta Paz en la Guerra (1897) liburuaren edizioa ordaindu zion. Sociedad Bilbainako liburuzaina izan zen 1893–96 hirurtekoan, eta hark ekarri zuen Nietzscheren eta Kafkaren obra Espainiara. Ramón Carandek haren erretratua utzi zuen Galería de raros y olvidados (Madril, 1982) liburuan. Arte eta Lanbideen eskolaren, Bilboko Ospitale Zibilaren eta Donostiako San Telmo Museoaren funtsezko patronoa izan zen. Gutunek eta postalek —Regina Solturaren etxean— ematen dute Solturak zekizkien hizkuntzen berri: gaztelania, euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana. Unamunok, bere “Elogio de la haraganería” saiakeran, elkarrizketa hau nabarmentzen du José María Solturaz ari dela: “Badut lagun bat aski kulturaduna, gustu dotoreak dituena, leuna eta gozoa, bizitza bidaian, irakurketan, musika-entzunean, museotan, eta abarretan ematen duena; eta norbaitek, ustezko emankortasun gabezia ez hori aurpegiratuz, ahakar egiten dionean esanaz:
- —Eta zuk, zer ekoizten duzu?
- —Erantzuten dio, asaldakaitz:
- —Nik? Nik ez dut ekoizten, kontsumitzen baizik.
- —Eta idazten ote duen galdetzen dionean, erantzuten dio:
- —Ez, nik ez dut idazten, ongi idazten dutenak miresten ditut; nire ofizioa mireslearena da edo, nahiago izanez gero, irakurlearena.
Eta gizon horrek jardunean jarri ditu besteak, eta bati baino gehiagori eman dizkio aholkuak. Haren elkarrizketak liluragarriak eta kitzikagarriak dira. Nik neuk, behintzat, asko zor diot”. [itzuli]
- Filomeno Soltura Urrutia (Bilbo, 1855–1925), mediku; 1876ko abenduaren 6an aurkeztu zuen bere doktore tesia Madrileko Unibertsitate Zentralean. Bilboko Udaleko zinegotzia izan zen. 1894an Sabino Arana salatu zuen San Inazio egunean festa bat emateagatik Posta etxeko 1. zenbakiko lehen solairuan, Soltura laugarren solairuan bizi zelarik, eta Aranari gobernadoreak bostehun pezetako isuna jarri zion “abesteagatik, danbolina jotzeagatik eta zoruari ostikoka aritzeagatik”. Iñaki Anasagastik deskribapen labur bat eskaini zion 2014ko abuztaren 29an: https://www.diariocritico. com/noticia/461362/opinion/vuelve-filomeno-soltura.html): “Eta orduan argitaratu zuen Sabino Aranak, Bizkaitarra aldizkariko 14. zenbakian, lehenengoz gartzelara eraman zuen eta egunkaria ixtea eragin zuen Naskaldija hura. Idazkian, Aranak ‘maketozale fina’ izatea egotzi zion, eta gogora ekarri zuen ‘zuhaitzekiko erakutsi zuen gorrotoa, zinegotzi zela Hiribilduko zuhaitzik mardulenak mozteko aldikadak eman zionean’. Soltura delako hark salatu egin zuen, adosteko egintza bat egin zuten, eta, hartan, Sabinok esan zion ez zeukala zuzentzeko ezer; iraindua sentitzen bazen auzitara eramatea zeukala, baina kontua konpondu nahi bazuen berak kendu beharko zuela salaketa. Ez zen hala gertatu, eta Sabino espetxeratu egin zuten 1895ko abuztuaren 28an, hilabete eta hamaika eguneko kondena betetzeko. Isuna ere jarri zioten: 125 pezeta eta epaiketaren kostuak ordaintzea”. [itzuli]
- Getxoko udala saiatu zen leku hura Algortako 1891ko Eraikuntza Proiektu Orokorrean sartzen, Laureano Gómez de Santa María ingeniaria zelarik, baina ez zen gauzatzera iritsi. [itzuli]
- Neguri hitza neguko uria esapidetik datorren neologismoa da, eta Resurrección María de Azkuek proposatu zuen Sociedad de Terrenos de Neguri elkartearen enkarguz, zeinak Aiboako otadietako lursail asko erosi baitzituen, Desamortizazioak salgai jarritako lur komunalak zirenak, hain zuzen. Neologismoak balio izan du Gerra Zibilaren ondoren euskal oligarkia izendatzeko: “[…] Neguri aipatzea euskal oligarkia nagusia aipatzearen parekoa zen. Neguri esatean saihetsi egiten da erreferentzia geografikoa, tokikoa; hura aipatzea gizarte-sektore baten gustuak, sentimenduak eta ohiturak adieraztearen parekoa da. Salbuespenak salbuespen”, Gregorio Moránen arabera, Los españoles que dejaron de serlo, Editorial Planeta, Bartzelona, 1982. [itzuli]
- Hala diote “La reproducción patrimonial de la elite burguesa madrileña en la Restauración” izenburuko saiakera bikain batean Ángel Bahamonde Magrok eta Luis Enrique Otero Carvajalek: “El caso de Francisco de las Rivas y Ubieta, marqués de Mudela 1834–1882”, La sociedad madrileña durante la Restauración, 1876–1931, Madril, 1989. Madrilen bere jauregiaren eraikuntza goiztiarraz ari direla esaten dute hori; jauregia Carrera de San Jerónimo kaleko 44. zenbakian zegoen, eta 1846–50 urteetan eraiki zen, eta han Francisco de las Rivasek lau milioi eta erditik gorako inbertsio bat egin zuen. Moja Bernardotarren komentua izandako orube batean enkargatu zion 1846an Rivasek bere egoitza berria José Alejandro y Álvarez arkitektoari. Eraikin klasiko bat zen, beheko oina eta hiru solairu simetriko zituena; José María Guallartek eraiki zuen, zeinak kariatide biluzi batzuk ipini baitzizkion, eta, horregatik, “Lizunkeriaren etxea” deituko zitzaion; Francisco de las Rivasen oinordekoen egoitza izan zen 1951 arte, eta 1998an Diputatuen Kongresuko egoitza berria bilakatu zen. Gauza bera gertatuko zen handik urte batzuetara Zabálburuko jauregiarekin (Marqués de Duero eta Salustiano Olózaga kaleen artean), José Segundo de Lema arkitektoak 1872an proiektatu zuen eta Luis de Landechok eraldatu 1900an eta 1917an; eta gauza bera, orobat, 1917an Horacio Echevarrietarenarekin (Claudio Coello kaleko 117. zenbakian, Madrilen), eta haietako ezein ez zen izan “ordezkaritza sozialaren” ikur, Murgako jauregia (orain Linares jauregia) edo Villa Bilbao, Julio Sarazibarena, izan ziren bezala, erosotasun pertsonalaren isla baizik. Gerra Zibilean Zabálburu jauregia Intelektual Antifaxisten Itunaren egoitza izan zen, eta handik igaro ziren, besteak beste, Capa, Hemingway, Huidobro, Dos Passos, Langston Hughes, Vallejo, etab. Han beilatu zuen Capak Gerda Taroren hilotza, tanke batek El Escorialetik gertu azpian harrapatu ondoren. Giltzariaren apartamentuan bizi izan ziren Rafael Alberti, erakundeko idazkaria, eta María Teresa León, zeinak bere Memoria de la Melancolía lanean hau idatzi baitzuen: “Konfiskatutako etxea itsusia zen. Kexuka, karraska, negarrez, dar-dar entzun genuen, baina pixkanaka maitatzen hasi ginen. Inork ez zuen ezer tokiz aldatu. Jatekoa edo edatekoa ez zen oro errespetatu genuen. Egongela handi eta ilun haiek, gure barreak gorabehera beren belztasuna gordetzen zuten altzariz beteak, agertoki izan genituen hiru urtez. Gure gaztetasunaren alaitasuna ez zuen ezerk lainotzen, ezta bonbardaketetan sotora babes hartzera jaitsi beharrak ere”. [itzuli]
- José María Basterra arkitektoak 1902an amaitu zuen eta Manuel María Smithek 1919an eraberritu. [itzuli]
- Manuel María Smithek 1909–11n egindako proiektua izan zen. [itzuli]
- Etxe honetan, Cristina Etxean, hil zen Alberto de Palacio, zeinak Madriletik ihes egin baitzuen Gerra Zibilean, non suntsitu egin baitzioten Villaverdeko bere estudioa. Gauzak zer diren, hil zenean, haren gorpuak txalupan zeharkatu behar izan zuen ibaia beste alderantz, Portugaleteko hilerrirantz, zubia suntsitu egin baitzuten. [itzuli]
- Severino Achúcarrok 1887–89an egindako proiektua izan zen. [itzuli]
- Obra Bilboko Ibaiko Kanpoko Portuaren priektuaren barruan zegoen, zeina bi zatitan banatua egon zen, Horma-olatua eta Kontrakaia, biak Evaristo de Churrucak idatziak, zeina Bilboko Portuko Obren Batzordeko zuzendari baitzen 1877. Urteaz gero. Titan garabia 1896an hasi zen lanean, eta 1903an amaitu zuen kontrakaiaren eraikuntza, 1.148 metro luze zena. Kontrakaiak amaieran zeukan itsasargia, eta eskuineko ertzean hura zen portuko sarreraren eta Bilboko ibaiaren buru, enbor konikoko harlanduzko dorre txuriz margotu baten gainean. [itzuli]
- Barneko angeluan hasia, Arriluzeko itsasargiarekiko paralelo, babes kai bat zen, 200 metro luze eta 50 metro zabal barrualdean. Harrezkero, Algortako portu tradizionalari, dikeen babesetik kanpo geratzen zenari, “Portu zaharra” esaten zaio. [itzuli]
- La Avanzadako itsasargia Naufragoen Etxearen parte da; diseinua 1912koa du eta 1920an amaitu zen, Ignacio María Smithen proiektuaren arabera. Kontrakaiaren abiaburutik gertu dago (gaur Itsasoko Gurutze Gorriaren egoitza). Eraikin bitxi hori euskal baserriaren eta dorre-itsasargiaren nahasketa polita bat da. Naufragoak Salbatzeko Batzordea 1881etik existitzen zen; data harrezkero 40tik gora ontzi hondoratu dira Abran. 1906an Ramón de la Sotak ontziak salbatzeko enpresa bat sortu zuen: Remolcadores Ibaizabal. [itzuli]
- Gregorio de Ibarreche arkitektoak diseinatu zuen, ikus gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Arquitectos”. Ibarrechek egin zituen Ramón de la Sotarentzat hala Ibaigane jauregia Zabalgunean (gaur Athleticen egoitza), nola Lertegi jauregiko —Areetako landetxea— lanen zuzendaritza (Chatterton eta Couch ingeles arkitektoen proiektuan, gaur SENER ingeniaritza). [itzuli]
- Munoa jauregia Amalia Echevarrietaren senar Rafael Echevarría Azcáratek (1873–1926) erosi zion bere osaba Alfredo Echevarría Arriagari, Villagodioko markes alargunari, 1916ko urriaren 28an, eta senar-emazteen ohiko egoitza izan zen Malagako La Concepción-ekin batera; Amaliak 1911n erosi zuen jabetza hura, eta han zeuden Paco Durrioren eta Valentín Dueñasen obra batzuk eta 1915ean barnetegiko bidalketa gisa egin zituen emakumezko bi estatuetatik bat, La ninfa izenez ezagutzen zena. Munoa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren egoitza izan zen Espainiako Gerra Zibila bitartean, eta, geroztik, Horacio Echevarrietaren etxea, harik eta 1963an hil zen arte. Hauek izan ziren haren seme-alabak: Juan Antonio (1901), Horacio (1903), Cosme (1905), José Mª (1907), Rafael (1909), María del Carmen Ana (1911) eta Amalia Echevarrieta Madaleno (1916). Amalia Echevarrieta Madaleno, Munoaren azken oinordekoa, hil ondoren, Barakaldoko Udala egin zen etxearen jabe. [itzuli]
- Atanasio de Anduiza y Uríbarri, Portugaleteko udalaren (1883) eta Chávarriren jauregiaren (1894) egilea, Bilboko Plaza Eliptikoan. Félix Chávarri 1907an hil ondoren, Benigno Chávarri bizi izan zen han, eta Casa Barco delakoan hil zen 1933ko urriaren 27an, 77 urte zituela. Benigno hil ondoren, Medinacelliko duke-dukesaren udako egoitza izan zen. 1974an bota zuten. [itzuli]
- Vida aristocrática aldizkariaren urte hartako lehe alean, 1921eko urtarrilaren 15ekoan, Villa Menari buruzko erreportaje bat agertu zen; eraikin hura Heredia Spínola konde-kondesaren egoitza zen Bilbon. Zabálburu familiak hainbat unetan izango zuen Vega Floridako kondetza, Felipe V.a erregeak 1706ko otsailaren 9an Nicolás de la Rossa, Errege Itsas Armadako ontzi kapitainaren alde sortutako titulua, alegia (1916an Jaime de Martos Zabálbururentzat birgaitua), bai eta Heredia-Spínola kondetza ere, Fernando VII.ak 1827ko maiatzaren 12an emandako espainiar noblezia-titulua (Alonso Martos y Arizcún, Iturbietako VII. markesa Carmen Zabálburu Mazarredorekin ezkondu zenean). [itzuli]
- Luis Arangurenek (Avila 1870–Mexiko, 1959), Cosme Echevarrietaren ahalduna, kudeatzaile eta enpresagizon errepublikanoak, liburu hau argitaratu zuen: Memorias de un exilado (Editorial Vasca, México, 1955; Bilboko Udalaren berrargitalpena, 2010). Aranguren Bilboko Udaleko Lehen Alkateordea izan zen 1914an eta probintziako diputatu handik bi urtera. Aipamena Gonzalo Dúorena da: “Las memorias del racionalista Luis Aranguren, entre las trascendentes de Unamuno y las divertidas de Orueta”, Bidebarrieta, 19. zk., Bilbo, 2008; baita ere hemen: Gonzalo Dúo, José Javier de Uribarren y Lequeitio en el siglo XIX, Donostia, 2006, 36. or. [itzuli]