Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Itsasoa. Ramón de Zubiaurre

Kosme de Barañano

Izenburua:
Itsasoa. Ramón de Zubiaurre
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Espazioa | Kolorea | Konposizioa | Itsas paisaia | Itsasoa | Bilbo | Bizkaia | Paris | Pío Baroja | Itsasontziak
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Zubiaurre, Ramón

Ramón de Zubiaurreren (Garai 1882–Madril 1969) margolana, Xanti Andia “Ausarta” euskal itsasgizona (El marino vasco Shanti Andía, el Temerario), literaturako pertsonaia baten erretratu asmatua da, Pío Baroja idazlearen (Donostia 1872–Madril 1956) Xanti Andia itxas-gizonaren bizitza ta kezkak (1911)1 eleberriko protagonistarena; idazlearen heldutasun-garaiko eleberri hori itsasoaren munduari buruz idatzitako lehena izan zen. Erretratu asmatua da, halaber, Parisko Centre Pompidou-Musée National d’Art Moderne museoko Ondarroako arraunlari garaileak (Los remeros vencedores de Ondárroa).

Bi lan horiek ez dute erakusten Bilboko itsasadarreko ontzi-trafikoa, ezta Bermeoko portukoa ere, eta ez dira itsasoan hildakoei eskainitako elegiak; alturako pilotu edo ontzi-kapitain baten eta estropada bat irabazi duten arraunlari batzuen irudikapenak dira. Literaturako pertsonaia baten edo heroi-arketipo baten irudiak dira. Hemen, itsasoa gizakiaren markoa da.

Cosme Echevarrietaren moduko enpresa-kapitain batentzat, itsasoa zera zen “diziplina-eskola bat […], non jaiotzen diren bertute garbienak, norberaren lurra zerbitzatzea erabaki duten jende indartsua sortzen dutenak”.

Ondarroako arraunlari garaileak lanean, artistak arraunlari batzuk aurkezten dizkigu, zutik, arraunak goian dituztela, garaipena ospatzen. Maria Kristina erreginaren bisitaren harira 1887an Abran egin zen lehen estropadako arraunlariak dira? Itsasgizon hauek gailendu zitzaizkien Santurtzi, Zierbena eta Bermeokoei? Zubiaurrek hamaika marinel margotu zituen: zortzi aurrera begira daude, beste bi albora begira, eta beste bat margolanaren eskuinean ageri da, baina eskua bakarrik ikusten zaio, itsasoaren eta atzealdeko labarraren gainean nabarmentzen den zapi bat astintzen duen eskua. Marinel batzuek gomazko botak daramatzate jantzita; beste batzuek, espartinak. Arraunak buruz behera daude, heldulekua lurrean bermatuta eta bertikalean; ez dira endaiak ikusten, iruditik kanpo geratzen baitira. Zubiaurrek xehetasun bat erantsi zion heldulekuari, edo, hobe esanda, apaingarri bat asmatu zuen arraunlarien eskuak pausatzen diren pertika-zatian. Helduleku guztiek kolore berak dituzte, urdina eta horia, baina marrazkiak desberdinak dira.

Zubiaurrek arraunen bertikaltasunarekin egituratzen du espazioa, eta muinoen horizonte garaiarekin, baina, lan honetan, konposizioaren egitura, funtsean, koloreak ezartzen du, pigmentuen kondentsazioak eta urdinaren eta zuriaren arteko kontrasteak, okre eta laranjen artekoak. Zubiaurrek infinituan galdutako begirada hotzak islatzen ditu, Duccio di Buoninsegna italiar primitiboaren santu eta apostoluenen antzekoak, batzuetan errepikatuak; atzealde zuriko begiak dira, ezin hobeto eginak, eta insight bat iradokitzen dute, barne-begirada bat. Eskumutur zabaleko arraunlariek pilotarien itxura dute, pilota norabide egokian jaurtitzeko gorputza frontoiko zoruan ongi finkatu eta eskuz palari zehaztasunez ematea besoaren indarra baino garrantzitsuagoa dela badakiten pilotarien itxura. Aitzitik, olio-pintura leunki pausatzen da margolanean, partzela erritmiko sinpleetan, hala nola lurreko pabaduran edo aurpegien posizio desberdinetan. Erdiko figurak, ikuslearen pare-parean geratzen denak, ondoren sortu zuen Xanti Andia laneko protagonistaren alkandora laranja bera darama.

Hamar urte geroago, Zubiaurrek Barojaren eleberriko Xanti Andia pertsonaia irudikatu zuen. Itsasgizon zaildu baten erretratua da: zutik ageri da ekaitzaren erdian, belaontzi baten bizkar nagusian; eskuineko eskuaz irmoki erakusten du norabidea, eta ezkerraz, aldiz, brontzezko heldulekuari eusten dio. Konposizioak ebaki diagonal bat du —behealdeko marinel batzuek bela harrapatu nahian tenkatzen duten eskota edo soka bikoitzak eratua—, eta bi zatitan banatzen du margolana. Goiko aldean itsasoa dago; beheko aldean, eskifaia eta ababorrera makurtu edo okertutako ontziaren bizkarra. Goiko aldean, arroketan behea jo eta hondoratutako belaontzi baten masta ere ikusten da, baita ontziek jomuga duten portuko etxe gainezarriak ere. Marinelaren irudi irmoaren atzean, beste pilotu batek lemaren gurpilari heltzen dio gogor, jarrera deserosoan, bi eskuak gurpilaren barretan jarrita. Pertsonaiak galerna betean daude. Galerna ohiko fenomenoa da Kantauri itsasoan udan, beroaren ondorioz bortizki aldatzen direnean haizearen norabidea eta abiadura. Galernak ilunabarrean gertatzen dira, tenperatura altu eta hego- haizeko goizaren ostean; hezetasuna eta presio atmosferikoa handitu egiten dira, eta ipar-mendebaldeko haize zakarrak ekaitzak lagundutako itsaski indartsuak eragiten ditu, eta arriskutsuak, haizearen indarragatik baino gehiago, oso bizkor biratzen eta areagotzen delako; horrek ikaragarri zailtzen du porturako sarrera.

Orban urdin eder bat sortzen duten apar nahasiko olatu urdin eta zuriak ageri dira protagonistak luzatuta duen besoaren gainean. Pertsonaia guztiek daramatzate euritik edo uretatik babesteko marinel-txanoak, baina figura nagusia arrantzale- alkandora laranja bat eta txapela jantzita tente dago, eta badirudi ekaitzak ez duela eraginik berarengan eta natura menderatzen duela bere aginte eta aginduekin. Begiek barnealderantz begiratzen dutela dirudi; begirada hori tipikoa zen bi Zubiaurre anaien pertsonaietan, gorrak izanik oso adi erreparatzen baitzieten keinu bisualei; lemazainaren begiak ere nabarmentzen dira, alkandora okre- laranjaren azpian ikusten den kamisetaren zuriaren antzera. Beste jantzi batzuk tonu-aldaerak dira, bermiloi-karga handiagoarekin2.

Iparraldeko gure lurretako itsas langileek itsaso zabaleko lan eta zereginen zorroztasunari aurre egiten jakin izan dute, baita zeruaren grisaren eta Galiziatik Euskadira kolore-paleta berbera duten ekaitzen gogortasunari ere. Gure marinelek eta itsas zurginek kolorezko hizkuntza bat kodetu dute, portuko sartu-irtenetan elkar identifikatzeko balio izan diena, eta elkar ikusteko itsaso zabal deritzogunean, zeina funtsean baita itsaso sakona. Itsasoaren sakontasunaren eta indarraren aurka borroka egin dute arrantzaleek, kolore biziz apainduz haien ontziak, gainazal urdin ilunean banatutako irribarreak balira bezala. Erabilera horren adibide bikain bat Hondarribitik Zierbenarainoko Kantauri itsasoko portu guztietako arrantzontzien kolore ugariak dira3.

Margolanaren gainerako zatia urdinen jolasa da; marinelaren helduleku den zutoina ere urdina da, erremateak brontzezkoak izan arren. Itsasoa urdin berdexka azido eta metalikoa da, eta jantzien laranja eta gorriekin kontrastatzen du. Zubiaurrek Les Nabis taldeko margolarien pintura ezagutu zuen Parisen, baita modan zeuden ekialdeko artistena ere (Hokusai eta haren olatuak, adibidez), eta horrela sortu ahal izan zuen galerna hau distortsio grafikoei menderatutako gainazal urdin gisa, orban zuriak margotuz urdinaren gainean, non ez dagoen perspektibarik, baina bai, ordea, turbulentzia-sentsazioa. Zubiaurrek beste baliabide narratibo bat ere aurkezten digu, gainera: margolan bat margolanaren barruan, brigantin eder baten irudi okertua, eszenako itsasontzia makurtuta dagoelako. Makurdura eta lerro zeihar horiekin (margolanarena eta zutoinarena norabide batean, eta hondoratzen ari den ontziaren mastarena bestean) kontrajarrita, Xanti Andiaren irudia nabarmentzen da: gizonaren keinuak antzinako eskultura baten pisu eta seriotasuna du (Zeus Artemision eskulturarena), margolanaren bi zatien arteko balantza da.

Ramón de Zubiaurreren Xanti Andia itsasgizona eta Arraunlariak margolanetan itsasoaren eta pertsonen idealizazioa daukagu. Hemen, itsasoa lezio bat da, eta akats guztietan ezkutatuta dagoen jakintza erakusten digu, zalantza guztietan ezkutatuta dagoen ziurtasuna. Hori guztia, galernari aurre egiteko jakintza, arriskuaren aurreko lasaitasuna, Barojaren kontakizuneko marinel zaharrarengan ageri da, baita estropadako heroi anonimoengan ere. Barruranzko begirada irmo horretan, non agintea eta esperientzia, heroitasuna eta elkartasuna ezkutuan geratzen diren eta ahalmenik ere ez duten zoriari aurre egiteko.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Margolan honekin, bere ibilbide artistikoko sari garrantzitsuenetako bat irabazi zuen Zubiaurrek 1924an: lehen mailako domina Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, eta lana Arte Modernoko Museoko funtsetan sartzea (egun Museo Nacional Centro de Arte Reina). Ramón de Zubiaurrek Madrilgo San Fernando Akademian ikasi zuen; ondoren urtebete egin zuen Parisen, 1905ean; egonaldiak egin zituen Herbehereetan eta Italian, eta denboraldi luzeak igaro zituen Argentinan eta Txilen. Arrakasta handia izan zuen erretratugile gisa. [itzuli]
  2. Kolorea da artearen motibo eta materia nagusietako bat, baina bada, halaber, barnekotasunaren adierazpen grafikoa, barnekotasun kolektiboarena, kasu honetan. Natura koloretan adierazten da, baina baita giza industria osoa ere, gizakiak bere historian zehar altxatu duen guztia ere. Gizakiak pigmentuak otzandu ditu, izena jarriz ez ezik (nomenklatura berezi bat), baita ekoizpena antolatuz ere (eta horien manufaktura berezia). Haien iraunkortasuna, bateragarritasuna eta erabilerraztasuna bilatu ditu, Artearen Historia deritzogun alorrean zein egunerokoan erabiltzeko. [itzuli]
  3. Izan baxurako ontziak, izan alturakoak, Kantauri itsasoko arrantza-unitate guztiak itsasoaren urdin sakonaren gainean ageri diren koloretako hasperenak diruditen pintura eder eta alaiz apainduta daude. Iparraldeko portu guztietan ikus daitekeen antolamendua, hau da, kolore primarioka osatutako ilarak harrizko kai zaharren barruan, memoria kolektiboan gordetako paisaia bat dira. Honako hau ez da paisaia hori fosildu nahi duen begirada nostalgiko bat, baizik eta begirada kritiko bat, gure arbasoen kolore-psikologiaren aberastasunaz ohartaraziko diguna. Gure ontzien koloreak ez du zerikusirik Karibeko kolore horiekin, edo Jakartako zuriekin, ezta Ameriketako Estatu Batuetako Maineko arrantzontzien zurruntasun kalbinistarekin ere. Ikusi Kosme de Barañano, hitzaurrea José Manuel Susperreguiri, Colores del mar, Bilbo, 1996. [itzuli]