Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Klubak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Klubak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Industrializazioa | Kirola | Bilbo | Bizkaia | Burgesia | Itsasontziak

Baldin eta Adolfo Guiarden koadroa Abrako itsasoaren aurreko hondartzaren oroitzapena bada, bainuetxetik ikusia, José Arrueren koadroak, berriz, itsas barreneko estropaden, yachting delakoaren —hala deitzen zitzaion orduan belari— notario-akta dira; ingeniari eta merkatari berri haientzat bela sport elementu bat zen, gorputza suspertzekoa, eta, era berean, jolas irakasgarria eta atsegingarria. Bestalde, belaren bitartez itsasertzaz eta itsasoko uraz eta hango iodoaz baliatzen ziren, eta, aldi berean, itsasoak gure arbasoei sortu zizkien arriskuekiko lotura egiten zuten. Eta orobat zen birkonkistatze enpresarialaren irudia eta sinboloa (ez jadanik zurezkoa, altzairuzkoa baizik), hala alor militarrean nola ekonomikoan. Bilbok hiru klub nautiko izan ditu, eta haietako bi XIX. mendean jaio ziren: Club Náutico (1881), Sporting Club (1898, 1901ean Real Sporting Club bihurtu zena) eta Club Marítimo del Abra (1902)1.

Haietako lehena Zazpikaleetako jendearekin jaio zen, baina Zabalgunean kokatu zen. 1881ean bere egoitza ireki zuen Mazas etxea zeritzan eraikinaren behealdean, Geltoki kalean (gaur Nafarroa) edo Pasaiako etxean2, zeina izan baitzen Abandon eraikitako lehendabiziko etxe urbanoa. Gero, 1889an, Arriaga Antzokiko lehenengo solairura aldatu zen, eta han balkoi korritu handi bat zuen, Areatzara ematen zuena, Mario Camiñak 1919an burdinaz eraikia3.

Florencio Schmidt Ansuátegui izan zen lehenengo lehendakaria (1881etik 1887ra), ontzi interpretea zen4, jatorri alemaneko merkatari baten semea, bere ontziari Chirla deitu ziona. El Globo egunkari errepublikanoak (1883ko irailaren 17an) eman zuen albistea, kalitate handiko grabatuekin betiere: bilbotarrak Miarritzen irabazi zuen, Chirla bere balandroarekin, eta Donostiako estropadan ere aritu zen, eta bai denei irabazi ere, txapelketatik kanpo bazen ere. Schmidten eskifaia gogoangarria da, hauek izan baitzituen kide balandroan: Ramón de la Sota (1857–1936; gero Club Marítimoko lehen lehendakaria izango zena), Angel Gorbeña (1857–1939; Club Náuticoko lehendakaria 1888–90ean) eta Ramón Hurtado Gaminde (1857–1917; gero Club Marítimoko lehendakaria ere bai). Chirla 15 tonako belaontzi bat zen, eta beheragoko mailako estropada horietan, 3 tonatik beheragokoetan, alegia, Algortako, Portugaleteko eta Santurtziko lemanaje-txalupek ere izena ematen zuten5.

Luis Briñas filantropoa eta kirolaria ere —zahartzaroa arte bizikletazalea— Club Náuticoko kidea eta lehendakariordea izan zen; Pedro MacMahón izan zen lehenengo idazkaria. Memorias de un Bilbaínon, Oruetak hau kontatzen digu: “Gure belaunaldiaren ondorengo zuzenek, Urigüenes, Mac-Mahón, Briñas, Costes, Jáuregui, Ibarras, Zubirías, Aznar, etab., urte batzuk Ingalaterrara joateko bideari jarraitu zioten, ingeles ohituretan eta ikasketetan han ikasteko eta beren idaztegietara itzultzeko. Denek asmatu egin zuten, eta nekez egongo zen aurrera egin ez zuenik, bere etxea eta negozioa aurrerarazi ez zuenik. Areago, bilbotar mota bat eratu zuten: bikaina, sportmanaren eta txirene kutsuko bilbotarraren nahastura, baina denak atseginak, irekiak eta, batez ere, ekintza zuhur baina erabakigarriko gizonak. […] Ehiztari apartak izan dira bizitza osoan, hala nola Luis Briñas, Perico Mac-Mahón, Tomás Urquijo eta Pepe Urigüen”). Lekukotasunik onena Ehiztariak Iparraldeko Geltokian (Cazadores en la Estación del Norte) deritzan Adolfo Guiarden koadroa da.

Hau da, Club Náutico Mazas etxean kokatua zegoen, Sociedad Bilbainak 1913an bere eraikin sozial berria jaso zuen lurren aurrean, eta bi elkarteok ingeles kulturaren inportazio bat ziren. Tertuliako eta berri trukeko klub bat zen merkatari, kontsignatario eta ontzi-jabe horientzat, zeinak halaber beren aisialdietan itsas jarduerekin liluratuta baitzeuden. XVII. mendean loratzen hasi ziren inperioetatik bik, holandarrak eta ingelesak, ulertu zuten ontzidia eta merkataritza eskutik helduta zihoazela. Hala, holandar merkatari eta burges batzuek beren “jaght” delakoez gozatzen zuten, “nabigatzeko plazer” hutsez; hitz hori “yacht” bihurtuko zen ingelesez eta “yate” euskaraz. Holandako bere deserrian, Karlos Estuardo, Galesko Printzea eta Karlos II.a izango zena, kirol horrekin zaletu zen, bere herrira eraman, eta zabaldu egin zuen.

Klubean, itsaso eta enpresa kapitain eta ontziko interprete horiez gainera, beste batzuk lur lautik etorriak ziren, hala nola Manuel de Murga6, Markinan jaioa, ahaide nagusien familia boteretsu baina liberal batekoa, Madrilen gehiago bizi zena, baina klubeko lehendakaria izan zena (1909–11); edo atzerritik etorriak, hala nola José Enrique de Olano, zeina 1882an La Vizcayako sortzaileetako bat eta ingeniari zuzendaria izan baitzen eta Bilbon ezkondu baitzen, baina Bartzelonara joan, eta han Estropaden Kluba sortu zuen 1884an7.

1898an Sporting Club sortu zen, hiribildutik kanpo, kanpoko portuan, eta egoitza txanel edo ur gaineko etxe batean zeukan, gerora “Las viejas tablas” izenez ezaguna izango zena. Gabarra baten gaineko etxola bat zen, Astilleros del Nerviónen eraikia, 25 metro luze eta 10 metro zabal eta gutxi gorabehera metro bateko sakonerakoa, zeinari 1909an 9 metroko luzapena egin baitzitzaion eta atrakatzeko baltsa bat erantsi popan8. Biltegi bat zeukan iolak edo piraguak gordetzeko, soto bat ere bai, eta, 1904. urteaz gero, sukalde bat; bi ontzigain eta sentina bat zeuzkan. Abran zegoen, Portugaleteren mailan, udan, eta negua Axpe-Erandioko dartsenan igarotzen zuen. Club Sportingera txalupaz edo “gasolino” deritzan ontzi batez joaten zen, eskuarki Portugaletetik edo Areetatik.

1901ean Sportingek “Errege” titulua eskuratu zuen, Alfonso XIII.a Bilbora etorri zenean portuko obren amaiera handikiro ospatzera. 1902an, erregearen adin nagusitasuna eta horren ondoren Espainiako errege gisa konstituzioaren zina zela eta, hainbat kirol ekitaldi egin ziren9. Handik bi urtera, 1904an, erregeak iola bat oparitu zion klubari, eta, baita ere, urrezko aingura botoi bat eman eta kideek uniforme berezi bat jantzi ahal izateko pribilegioa, itsas armadako galako uniforme gisako bat, alegia10. José Arrueren koadroak (gaztelerazko liburukiko 184–85. or.) laguntzen du han ageri diren pertsonak bakoitza bere uniformearen arabera bereizten.

Bilboko hirugarren kluba, Club Marítimo del Abra, 1902an jaio zen. Ramón de la Sota Llanori, lehenengo lehendakariari, bururatu zitzaion kluba sortzea eta Areetako hondartzako Establecimiento de Baños de Maren egoitzatzat hartzea, kiebrak jota baitzegoen. Sortzaileek klubaren ideia familiarrago bat zuten, ez soil-soilik gauzak uzteko gabarra batena. Hobekuntzak egin ziren bainuetxeko instalazioetan eta ontziraleku propio bat muntatu zen. Máximo eta Ezequiel Aguirre izan ziren bainuetxearen sustatzaileak, eta areatza haiek Bilboko hondartza bihurtu nahi izan zituzten, eta bai lortu ere Amadeo Savoiakoak hura bisitatzea 1872an. Kanpoko portua irekitzeak, ordea, zeharo aldatu zituen bai mareak eta bai hondartza txikia. Sotak, Ondategi urbanizazioa eraikitzeko asmoa zuenez —zerbitzu guztiez hornitutako hogei bat txalet udarako Lertegi onibar zabalaren inguruan—, ikusi zuen klub osatuago eta zerbitzu gehiagoko bat eratzeko aukera, era hartara ez bakarrik balio zezan sport nautikorako, baita familien olgetarako ere. Club Marítimokoak izango ziren Sportingeko bazkide gehienak. 1900ean zituen 125 bazkideetatik 1907an zituen 231 bazkideetara eta 13 bazkidegaira igaro zen, Club Marítimok zazpiehun bazkide zituelarik urte hartan. Eduardo J. Alonso historialariak emana da bereizkuntzaren definiziorik onena: “Club Marítimo del Abra beste gauza bat izan zen, inondik ere, Sportingekin elementu komun begien bistakoak bazituen ere, baina gehiago izan zen mende aldaketaren Bizkaiko pazientzia gutxiko burgesia horren gunea, harremanerako eta jarduera sozialetarako espazioa. Hasteko, lau urte beranduago jaio zen, 1902an”11.

Sporting eta Marítimo agertu zirenean, historialari askorentzat Náutico desagertu egin zen, Arriagan kokatutako kluba, alegia, baina hori ere datu faltsu bat da. Náuticok martxan jarraitzen zuen, eta Federazioaren klub zerrendan zegoen oraindik; baina 1910 eta 1920 artean izan zituen lehendakarien izenak errepasatzeak esaten digu, besterik gabe, ia lehendakari guztiak Abrako klubetako estropadalariak zirela12.

Marítimok ez zuen Sportingek bezainbat oihartzun mende hasierako estropaden munduan, haren helburua ez baitzen hainbeste belako lehiaketa nola olgeta nautikoa eta bizitza soziala. Hala ere, saikeren lekua izan zen, adibidez, Leonardo Torres Quevedo ingeniariak torpedoen norabidearen teknikari egin zion ekarpena. 1905eko azaroaren 7an, beren asmakizuna, Telekine, muntatu zuen zortzi pertsona zeuzkan txalupa baten gainean eta berak aginduak klubeko terrazatik eman zituen13.

Bilboko hiru klubez gainera, Santanderreko Real Club de Regatas gogoratu behar dugu gure inguru hauetan, Espainiako zaharrena baita, gainera, (1870ekoa), eta izugarrizko egoitza duena Casa Pomboko markesaren jauregian14. 1896an Donostiako Club Náutico sortu zen, Donostia baitzen orduan erreginaordearen udako egoitza15. Haren lehenengo instalazioak Kontxako badian ainguratutako gabarroi handi batean egon ziren. 1905ean arrain-haztegi bat erosi zuten Kontxako Pasealekuan bertan, José Manuel Aizpurua eta Joaquín Labayen arkitektoek 1928–29an eraikitako eraikina dagoen lekuan, alegia, Fernando Arzadunek Bermeon eraikitako Kikunbera ontzi-etxearen garai berean, eta Atanasio de Anduizak 1914an Algortan eraiki zuen Chávarritarren Casa Barkoz geroztik16.

Belaontzi-estropadak XX. mendearen hasieran, Bilboko Abrako estropadek garrantzia izugarria izan zuten Espainiako kirol nautikoan, batetik, baina, bestetik, Bilbok europar hiri gisa zuen irudiarentzat. Sportingek garrantzi handi-handiko zeregina izan zuen horretan guztian: Espainiako estropadarik zaharrena antolatzen zuen, Ijito Kopa, zeregin garrantzitsua zuen Erregearen Kopan eta Klub Nautikoen Federazioaren eraketan, baina, batez ere, munduan hogeita hamarreko hamarkada arte nagusituko ziren belaontzien eta yateen diseinu berri guztien probalekua izan zen.

Estropadak Britainia Handian hasi ziren XIX. mendearen hasieran. Cowesen, Wight uhartean, bi eguneko estropada bat egin zen 1826an, eta, hurrengo urtean, Jorge IV.a erregeak, erronka-kopa bat eskaini zuen klubeko yateek urtero nabiga zezaten bere urtebetetzean, abuztuaren 12an. Kopak 100 gineako balioa zuen, eta pitxer handi bat zen, erregearen armarria eta taparen barruan erregearen bustoa zeukana. 1838an egin zen Victoria Erreginaren lehenengo Kopa, mota guztietako yateentzat zen, eta denbora-tona erlazio arau bat zuen: lasterketaren hasieran 3 minutuko denbora kentzen zitzaion 10 tonako alde bakoitzeko. 1851n egin zen, Wiltoneko kondearen (Earl of Wilton) ekimenez, Coweseko Royal Yacht Squadron klubeko komodoro gisa, eta New York Yacht Clubeko (1844an sortua) America goletak irabazi zuen garaikurra. Gertaera hura, eta koparen geroztikako historia, ezaguna da jadanik. Cowesen eraiki zuen Victoria erreginak udako bere egoitza, Osborne House, 1845 eta 1851 artean, eta han hil zen. Haren seme Eduardo VII.ak estatuari eman zion etxea museo eta unibertsitate gisa, eta Royal Naval College Osborne gisa ezagutu zen. Eduardo VII.a Victoria de Battenbergen, Alfonso XIII.aren emaztearen, eta baita ere Gillermo II.a kaiserraren (bere arreba zaharrenaren semea) iloba zen. Gillermo II.ak 1888tik 1918ra gobernatu zuen inperio alemana. Nabigatzaile sutsua izan zen, hainbat yate izan zituena, eta lasterketez gozatzen zuen, eta bai parte hartu hala Alemanian nola Erresuma Batuan ere; Meteor izeneko bost bela-yate izan zituen, eta haietako bat Horacio Echevarrietak erosi zuen.

Gillermo II.ak animatu eta bezeroak eraman zizkion Max Oertz (1871–1929) ingeniariari. Hark goleta ospetsuak eraiki zituen, adibidez Germania, Gustav Krupp enpresariarentzat, eta Meteor IV kaiserentzat berarentzat17. Haren belaontziak beren lastertasunagatik eta dotoretasunagatik ziren ospetsuak, eta ontzi barruko erosotasuna ere aintzat hartzekoa zen. Oertz perfekzionista sutsua izan zen, yate baten eraikuntzako xehetasun bakoitza zaintzen zuena. Abiazio zale amorratua ere izan zen. Arraste-arrantza ere irauli zuen guraize-ohola kurboekin, zeinak askoz urrunago hedatzen baitzituzten sareak atoi-indar berarekin: Scherbretter-Oertz; estandarra dira oraindik ere gaur egungo arrantzan.

Belaontzi estropada horiek eta klub nautikoak Ingalaterrako kostetan hasi, eta Frantziara, eta batez ere Alemaniara, igaro ziren gero. Le Cercle de la voile de Paris (CVP) zuen izena Parisen 1858an sortu zen klub nautikoak. Zale askok Sena ibaiertzeko arraun klubetan igaroko zituzten asteburuak eta kostako estropadetan udak. 1875ean 37 erakunde zeuden Frantzian kirolari emanak. Hamarraldi horretan bertan, pintore inpresionistak olatuak eta haien argiak pintatzen hasi ziren; hala Monet Le Havreko portuan; Monet eta Caillebotte Argenteuilen; edo Signac Saint-Tropezeko portuan. 1874an Manetek Claude Monet bere estudio-ontzian margotzen (Claude Monet peignant dans son atelier bateau) koadro ederra pintatu zuen (Municheko Neue Pinakoheken dago); bertan ikusten denez, Monetek, Daubigny-ren estiloan, etxe-estudio-ontzi bat eraiki baitzuen Argenteuilen, zeina Paristik oso gertu geratu baitzen 1851ean eraikitako trenbidearekin18. Monetek koadro asko pintatu zituen han, nabarmenenak: Estropada Argenteuilen (Régate à Argenteuil) 1872koa, eta Caillebottek ere Estropadak Argenteuilen (Régates à Argenteuil, 1893) pintatu zuen19. Caillebottek 1878an erosi zuen bere lehen txapelketa-yatea, eta bihurtu zen, ez bakarrik estropadetako txapeldun, baita belaontzien diseinatzaile ospetsu ere, bai eta belako nabigazioko aldizkari garrantzitsuen finantza babesle eta Parisko Cercle de la Voile bela klubeko lehendakarikide ere, non sartu baitzuen 1892an bazkide gisa bere adiskide Paul Signac. 1901ean Alemanian 60 klub nautiko eta 100 lurrun eta bela yate zeuden, eta ia 7.000 bazkide. Lehiatzeko zaletasunak mugetatik at jauzi egin zuen, eta, horren ondorioz, 1906ko urtarrilean Conference on Yacht Measurement (Yateen Neurriei buruzko Nazioarteko Biltzarra) egin zen Londresen, eta han garatuko zen “Metre Rule” delakoa (Neurrien araua: a common code of yacht racing rules), britainiar arauetatik harago joan nahi zuena20. Batzarkideek Yate Lasterketen Nazioarteko Batasuna (International Yacht Racing Union, IYRU) eratu zuten21, zeinaren kide baitziren Alemania, Austria-Hungaria, Danimarka, Frantzia, Finlandia, Britainia Handia, Holanda eta Belgika, Italia, Norvegia, Suedia, Suitza eta Espainia.

Britainiar diseinatzaile nagusiek (Fife, Watson eta Nicholson), YRAri 1892an bidalitako gutun batean, adierazi zuten gurutzaldi eta lehiaketako yate mota bat eraikitzeko arau bat nahi zutela, zeinak ontzien bizitza laburra saihestea ahalbidetuko baitzuen, eta, aldi berean, lehiaketan abiatzerako orduan neurrien eta pisuen halakoxe parekatze bat ezarriko. 1906an hasi ziren arautegia finkatzen: alde batetik, “eskasia” arau bat (kroskoaren egiturazko elementu guztietarako gutxieneko tamainak eta pisuak finkatuko zituena), eta sailkatze arau bat (yateen eta haien plataformen forma oinarri komun baten arabera neurtzeko). Orobat pentsatu zuten ontzi horiek denbora guztian ibili behar zutela, ez bakarrik estropada egunean, eta, hala, eduki behar zuten, alde batetik, ostatu hartzeko halakoxe erosotasun bat, eta, bestetik, eskifaiko kide kopuru gehienezko bat, estropadetarako 14 lagunetan ezarri zena. Jabe batzuk yate horietan bizi izan ziren22.

Bai Eduardo VII.ak, bai Jorge V.ak eta bai Guillermo II.a kaiserrak zeregin garrantzitsua izan zuten klub nautiko ospetsuen sorreran eta nazioarteko estropadak bultzatzean, eta horretan saiatuko zen Espainian Alfonso XIII.a ere. Eduardo VII.ak modako elite zereginik gabea gorpuztu zuen, baina bere herriaren enbaxadore ona izan zen; mende berri baten hasierarekin batera erreinatu zuen eta aldaketa esanguratsuak iragarri zituen teknologian eta gizartean, besteak beste, lurrun-turbina bidezko propultsioa eta sozialismoaren sorrera. Bake gizona izan zen, eragina izan zuen ontzidia modernizatzen eta hedatu egin zuen errege-erreginaren familiaren harreman giroko pertsonen maila. Alfonso XIII.ak kopiatu egin nahi izan zuen hori, ez bakarrik Coweseko estropadetan parte hartuz, baita ere Espainian kirol nautikoa eta, batez ere, ontzigintza sustatuz.

1900ean Bilboko Sportingek, Donostiako Klub Nautikorekin eta Santanderreko Club de Regatasekin batera, Kantauriko Klub Nautikoen Federazioa eratu zuten, eta erakunde hark sustatu zuen Kantauriko Kopa zeritzan estropada eta saria. Estropada hori eta hiru klubek sustatutako guztiak arautegi bakar batez uniformizatu ziren, 1902an argitaratu eta 1906 arte indarrean egon zena, orduan onartu baitzen Nazioarteko Arautegia. Sportingen faluan sortu zen 1906an Federación Española de Clubs Náuticos delakoa, Kantauriko Federazioaren zuzendaritza bera zeukana. Espainiako Federazio horrek parte hartu zuen IYRUren sorreran, eta, horrekin batera, nazioarteko formulan23. Bilbok abian jarria zuen sailkako Kiel sistema, desplazamendu-tonakoaren ordez. Tomás de Zubiríak irabazi zuen lehen aldiz 1907an Kantauriko Kopa, hiru klub sortzaileetako kideentzat bakarrik zena.

Kantauriko Kopaz gainera, Sportingek txapelketa hauek antolatu zituen, beste batzuekin batera: Ijito Kopa, Itsas Ligaren Kopa, Errege Kopa, eta Bilboko Belaren Astea, Cowesen estilora Britainia Handian edo Kielekora Alemanian.

Ijito Kopa – Ligaren Kopa – Errege Kopa – Castro Kopa

1903an bi nabigaitzaile berezi porturatu ziren Bilboko Abran: Aníbal Morillo, Cartagenako kondea24 eta José María Quiñones25; biak diplomazialari trebeak eta filantropoak izango ziren, Leonardo Torres-Quevedo bilbotar ingeniari eta Madrileko katedradunaren adiskide minak. Haien ontzia, Gitana zeritzana, goleta historiko bat zen, Georg Hansenek Coweseko ontzioletan 1840an schooner bat bezala eraikia, eta bela aparailu eder eta konplexu bat zeukan26.

Porturatu zirenean Sportingeko kideek eman zieten tratu eta abegi onaren esker onez, Cartagenako kondeak hurrengo urteko estropadarako sari bat sortzea erabaki zuen, eta bere yatearen izena eman zion, eta horrela jaio zen “Copa Gitana” (euskaraz Ijito Kopa deitua)27, Espainiako nazioarteko estropaden aitzindaria. Victoriano López Dóriga kantauriarra Sportingeko kide egin zen parte hartu ahal izateko, eta, Mariposa bere ontzian nabigatuz, irabaztea lortu zuen28.

1904ko urte horretan bertan, Liga Marítimak, Espainian kirol nautikorako zaletasuna sustatu eta yateen eraikuntza nazionala akuilatu nahian, kopa bat sortu zuen Sonderklasse zerizten ontzien estropaden saritzat. Liga Marítima Española (LME)29 Antonio Maura politiko kontserbadorearen ekimenez sortu zen 1900eko abenduan marina eta itsas sektore guztiak biltzeko eta ordezkatzeko asmoz, arrantzatik gerrako marinara, sindikatuetatik elkarte patronaletara. Asociación de Navieros de Bilbao30, hura ere 1900eko martxoan sortua, Francisco Martínez Rodas lehendakari zuela, Bilboko ibaiko ontzi industriaren bultzatzaileetariko bat, alegia, ez zen oso ados egon Ligaren postulatuekin. Sari horren baldintza nagusia ontziak Espainiako ontzioletan eraikiak izatea zen31.

1905ean Sportingek lehenengo Errege Kopa antolatu zuen Alfonso XIII.arenaren omenez, Bilboko Bela Astea zeritzanaren barruan, arestian aipatutako lehiaketen antzera, Cowesen, Britainia Handiko erregearen babesarekin, edo Kielen, Alemaniako enperadorearenekin. Hau zioen La Vida Marítima aldizkariak (1904ko abuztuak 30): “Kopa bat sortu du Erregeak, urtero Bilbon egingo dena, balandroen estropadetarako, nazioarteko izaeraz32, hartan parte ahal izango dutelarik bakoitzari dagokion nazioan eraikitako balandroek”. Oraindik sailkako parte hartzea zegoen indarrean, balandroen tona-kopuruaren araberakoa33. Eta hau eransten zuen informazioak: “Estropada hori espainiar Klubetako bazkide guztientzat da, atzerriko nazionalitatekoak badira ere, eta badago kontu bitxi bat, berria delako, eta da ontzi guztiak ainguratuta eta beren buiei lotuta egon behar dutela, aparailua bilduta, eta estropada beren jabeek gidatuko dutela, marinelik gabe, eta kornetaren joaz abiatuko dira”. Hau da, benetako nabigatzaileentzako, itsasgizonentzako, estropada, ez aberats soilentzakoa.

Alegia, Liga Marítimaren eta erregearen beraren ideien artean garatzen ari zen Espainiako itsas industria eta diseinua. Ikusiko dugu hemen ezen erregearen yatea, Hispania34, Pasaiko Karrpard ontzioletan eraikia zegoela, eta Tonino, berriz, William Fiferen diseinuz, Astilleros del Nervión ontziolan.

Kantauriko Kopa Castro Kopa bilakatu zen, espainiar bela klub batek antolatutako lehen estropada-gurutzaldi gisa (zeharkaldian). Real Sporting Clubek 1907an sortu zuen, eta Bilboko Abraren eta Castro Urdiales hiribilduaren artean zuen ibilbidea. Lehenengo edizioa urte hartako irailaren 4rako deitu zen, baina bertan behera utzi behar izan zen Marinako Komandantziaren inposaketaz, denborale abisu bat egon zenez. Estropada handik egun batzuetara egin zen azkenean, baina ez zen irabazlearen izena gelditu etorkizunerako. Castro Urdialeseko herriak, herritarren artean harpidetzaz bildutako diruaz, emandako garaikur bat zen, Plymouthekoa bezalakoa, non 1825ean estropada bat egin baitzen, baina funtsak eta sariak herriko jendeak ordaindu zituen. Eladio Laredok diseinatu zuen kopa, hiru gorputzeko zilar trinkozko garaikur gisa: lehena, oinarria edo plinto zirkularra; bigarrena, marinel baten irudia hirugarren gorputzari eusten: kopa astun bat, buia bat eta amarratzeko soka bezalakoa, non agertzen baita Castro Urdialeseko armarria, eta balandro estropada bat itsas kizkurrean. Juan Manuel Zubiríak Real Sporting Club bere liburuan kontatzen duenez: “Zilar puska ikaragarria da, garaiko garaikur peto-petoa”.

Ondorioak

Abran estropadetarako gogobetea izugarri hazi zen hurrengo hamarkadetan. Estropadak ez zituzten soilik jarraitzen klubetako kideek eta haien familiek beren enpresen atoiontzietan, marinelak eta kostako jendea ere estropaden ikusleak izaten ziren, hala Algortakoak nola Portugaletekoak, arrantza-ontzietan edo arraunontzietan, eta baita beste herri arrantzale batzuetako jendea ere, Zierbanatik Plentziara.

Alfonso XIII.a erregeak Bilbotik bultzatu zituen Espainiako ontziolak, Erresuma Batuko ontzi industriaren metodoak eta teknikak bereganatuz, punta-puntakoa baitzen orduan, eta industria haren garapen itzela lortu zuen Errepublika aldarrikatu aurretik. Indalecio Prieto sozialistak —Club Marítimoko Arrueren koadroan estropadari begira ez dagoen hiru pertsonaietako bat, artean bertako egunkari bateko zuzendaria zena, El Liberal, gero bere jabetzakoa izango zena— kontatzen du bere oroimen-liburuan35 nola erregeak bere lehen hitzaldia inprobisatu zuen Sportingen 1907an eginiko bankete batean36.

Bilbok zeregin nabarmena izan zuen Europako eta nazioarteko bela nabigazioan XX. mendeko lehenengo hamar urte haietan. Gure nabigatzaileak IYRUren sorreran egon ziren, eta El Havreko, Coweseko eta Kieleko aste nautikoetan parte hartu zuten.

1905ean, aurreko urtean Kielen egin ziren Nazioarteko Estropadetan, Mouriscot (Ferrer eta Jácome, Giraldako ofizialak patroi zituela) eta Santi (Bilboko Real Sporting Clubekoa, Enrique Careagak, José Antonio de Aranak eta Antonio Mendigurenek gidatua) espainiar balandroek parte hartu zuten. Bi ontziak, Giraldillarekin batera, Extremadura gurutzontziak aldez aurretik garraiatu zituen, eta hantxe itzuliko ziren atzera balandroak Bilbora, abuztuan (1906) beste nazioarteko lehiaketa bat egingo baitzen. Lehiaketa hartarako iragarri zen kaiseren balandroren batek eta Erregearen bi balandrok (Mouriscot eta Reina X) parte hartuko zutela, Espainiako Marinako ofizialek gidatuak. 1908an Sporting Cluben sari banaketa egiteko erregina ama, María Cristina, iritsi zen Donostiatik, abuztuaren 23an, eta hantxe bazkaldu zuen erregearekin, Luis Fernando de Orleáns infantearekin, Antonio Maura, Espainiako Ministroen Kontseiluko lehendakariarekin (Madriletik iritsi zena), Sportingeko lehendakari, José Antonio de Aranarekin eta haren emaztearekin eta beste pertsona batzuekin. Erregeak estropadetan parte hartu zuten hiru balandrazale atzerritarren aipamena egin zuen eta eskertu zuen, Real Sporting Clubeko eta Federación Náutica del Cantábricoko ohorezko lehendakaria zenez, bere ama han egotea.

La Vida Marítima37 aldizkarian 1909an sailka matrikulatutako balandro kopurua agertu zen. Esan dezakegu erdia baino gehiago euskaldunak zirela, Bilboko klubetan matrikulatuak, eta batzuk baita beste portu batzuetan ere: Sonderklasse, 30; 6 metroko saila, 36; 8 metroko saila, 28; 10 metroko saila, 13; 15 metroko saila, 4. Erregistratutako balandroak guztira: 111. Ontzien arloko enpresari indartsuenak, gehien inbertitzen eta nabigatzen zutenak, Espainiatik kanpo ikasi zuten berak ziren, hala nola Víctor Chávarri bera, Martínez de las Rivastarrak, Tomás Zubiría edo Enrique Careaga. Nabigatzaile horietako asko ingeniari ospetsuak ere izan ziren, adibidez, Chávarri anaiak edo Tomás Zubiría, eta ingeniariak ziren berebat Abrako estropada haietara ontzirik onenak ekartzen zituzten atzerritar parte-hartzaile asko, esate baterako, Arthur K. Stothert38, Mariskaren eta Mariquitaren jabea, zeina garabietan espezializatutako portu-ingeniaria baitzen; William Yates39, ingeniaria eta arte bildumagilea; Francis Lewis Clark40 estatubatuarra, ingeniari industriala, Spokaneren jabea, zeina, haren heriotza arraroaren ondoren, Eduardo Ubaok erosi baitzuen; edo Carlos Wertheim41 ingeniari alemana, Bartzelonan kokatua.

Bestalde, aldi bakoitzeko yate berriek ideia eta efektu berriak ekarri zituzten, atsegin hutsezko helburua zuten ontziak perfekzionatzeko berehala aplikatu zirenak. “Tona kopuruka” egindako neurketak ezeztatu eta haien ordez sailkakoa ezarri izanak eragin zuen gurutzaldiko yateek ere zentzuzko proportzioak izatea, eta era berean estropadetako tresneria bereganatzea42. Horrela, antzeko ontzien estropadak egin zitezkeen, nazioartekoak ere izan zitezkeenak, non nabigatzailearen trebetasuna gailentzen baitzen eta ez ontziak jabearen dirutzari zor zion kalitatea. Kirol epikoa bilatu zen, itsas zabalean nabigatzearena, non nabigatzailearen espirituak agintzen baitzuen, jockeyak zaldi odolgarbiaren gainean agintzen duen bezala; non kirola gaitasun fisikoa baitzen, baina baita adimena ere lekuetako egoera irakurtzeko: bareguneak eta brisak, mareak, korronteak, etab. Probatu eta huts egitezko hamarraldi bat izan zen, belaontziei buruzko ezagutza zaharrak konbinazio berri batera ekarri izanarena, orain kirol apustua eta lastertasuna baitzen nagusi, estropadetan bezala, helburua ez baitzen jadanik arrain sarda batera lehenengo iristea edo ontzi batera iristea haren ibaiko sarrera gidatzeko (lemanajea), aitzitik lehiaketa bera zen xedea, lehenengo iristea.

Yateak, balandroak, belaontziak, estropadak, estropada-gurutzaldiak, XIX. mendearen aurreko mundu batekoa izatearen ikurrak ziren, halako elite sozial baten pribilegioa, baina ez da bidezkoa jarduera hori negozioetan inbertitu duen klaseari bakarrik atxikitzea (Rothschildtarrak, Pérignontarrak, Meniertarrak, Breguettarrak, Draeger anaiak: finantzariak); badaude, baita ere, jarduera horren hurbileko beste zirkulu batzuk (idazleak —Verne, Maupassant—, eruditoak —Charcot—, pintoreak —Caillebotte, Monet, Bonnard—, etab.). Jarduera horiek gizabanakoaren balio jakin batzuk sendotzen dituzte: kemena, sasoia, asmamena, nork bere burua gainditzea, baina, batez ere, iniziatiba hartzea eta konpromisoa. Gertutasuna eta urruntasuna eskatzen du aldi berean: materia barne-barnetik ezagutzea eta, hala eta guztiz ere, garrantzia zerk duen urrutitik ikusteko gaitasuna. Eta arriskuaren kontzeptuari eta norberak itsasoaren eta haizearen aurrean duen borrokari atxikimendu ezin hautsizkoa.

Kritika

Euskal Herriko gaur egungo historiografiaren barruan, klub horiek eta beren jarduerak kritikatuak izan dira, eta komeniko litzateke kritika horiek aztertzea. Adibidez, gainerakoan aparta den saiakera batean, Eduardo Alonso Oleak hau dio abiapuntu gisa: “Aurkezten dugun komunikazioan soziabilizazio-espazio argi eta garbi elitista batzuk landuko ditugu, nola izan ziren —eta, beharbada, hala izaten jarraituko dute bat egin ondoren— Club Marítimo del Abra eta Bilboko Real Sporting Club. Bata 1902an eta bestea 1898an sortuak, haiek izan ziren hamarkada askoan, Sociedad Bilbaina, Club Náutico, Real Club Jolaseta edo Club de Golf elkarteekin batera, harreman, olgeta, aisialdi, dibertimendu eta kirol jarduerako Bizkaiko zentrorik esklusiboenak”43.

Lehenik, ahaztu egin zaizkio Alonsori arraun klubak eta futbol klubak (beharbada, elitistagoak une hartan), baina, batez ere, bere datuekin kontraesanean dago. Club Marítimo 421 bazkideekin zabaldu zen, eta, berak dioen bezala, 1907rako ia 700 bazkide zituen. Ezin da izan elitista oraindik 80.000 biztanlera iritsi ez den hiribildu bateko kluba.

Aurreraxeago beste aurreiritzi batekin jarraitzen du, bazkide batzuen monarkismoa gainerako guztiei zabaltzen dienean: “Orain axaleko samarra iruditu dakiguke, baina berez bakailao-denda batean edo kinkila-denda batean aritzetik belaunaldi bateko edo biko aldea ez zuten pertsonak gortearekin harremanak izatera igarotzea zerotik infinitura igarotzea zen. Esparrua, lekua, tokia Sporting zen. Sporting, baita ere, ez da harritzekoa izango, bizkaitar monarkismoaren zentro bat zen; ‘Real’ (‘erregearen’, euskaraz) hori ez zen ohorezkoa bakarrik. Izan ere, Errepublika garaian Alfonso XIII.a ezkutuan ohoratzen jarraitu zuten. Leku txikia zenez, gabarra bat azken finean, eta egoera politikoaren karietara, klubak udako bere atrakaleku tradizionala utzi, Portugaleteko burdinazko portua, eta Arriluzera etorri zen. Eskuinaldea Ezkerraldea baino abegi hobeagokoa zen urte haietan”44.

Iritzi bera agertu zen urte batzuk lehenago Castells eta Rivera irakasleen beste lan baita ere bikain batean: “Kirola bitarteko bat izan zitekeen hala aisiaz gozatzeko nola harreman sozial estuak izateko. Horregatik sortu zituzten klub pribatuak eta sarbide ikaragarri murriztukoak. Alor horretan balandro lehiaketak nagusitu ziren, bilbotar kapitalista handiak zeharo zaletuta zeuzkatenak. Alfonso XIII.a Bilbon egiten ziren estropadetara etortzea aukera bikaina izan zen, magnate industrialek alferrik galdu ez zutena, erregearekin harremanak estutzeko eta bide batez beren gailentasun soziala areagotzeko”45.

Sportingeko bazkide guztiak ez ziren monarkikoak, Alfonso XIII.a erregea sarritan hartu bazuten ere. Ez ziren monarkikoak ez Aranatarrak, ez Aguirre, ez Aldecoa, ez Maruri, ez MacLennatarrak, ez Yohntarrak, ezta gutxiago ere Ramón de la Sota (Marítimo sortuko zuena), Sabino Aranaren nazionalismoaren euskarri sendoa zenez. Eta, hain zuzen ere, bazeuden haien artean bakailao-merkatariak, hala nola Miguel de Azaola, Klub Náuticoko eta Abrako Marítimoko bazkidea izan zena (86 zenbakiarekin), Laguntzaileen Batailoian borrokatua zen liberala, alegia. Sporting ez zen izan soilik monarkikoen klub bat, era askotako bazkideak izan zituen. Eta are gutxiago Club Marítimo, sortu zenetik hain bazkide kopuru handia (421) izan baitzuen. Klub horretan era askotako jendea zegoen, 1907ko estropada irabazi zutengandik hasi eta José Arruek Alfonso XIII.arenarekin erretratu zituenak, Yohn anaiak, Alde Zaharrean burdin-denda bat zeukatenak, José Antonio Aguirre lehendakariaren aitaginarrebarenganaino, nabigatzea gustatzen zitzaion ontzi kapitain bat, Constantino Zabala46. Estropadetara lehiatzera etorri zirenen artean ere ez zegoen soil-soilik nobleziako jendea, baziren orobat atzerriko ingeniariak, beren eginahalez dirutu zirenak, hala nola Francis Lewis Clark estatubatuarra edo Carlos Wertheim, Bartzelonan kokatutako alemana.

Klub horiek guztiak Sociedad Bilbaina 1839an sortu zuen espiritu beraren ondorioa ziren47. Izan ere, lehenengo kirol jardueren sustatzailea Máximo Aguirre bera zen. Bera izan zen 1868an Areetako Sociedad de Baños de Mar Bilbaíno elkartearen eta Lamiakoko zelaietan programatutako hainbat kirol ikuskizunen sustatzailea; Lamiakon hipodromo bat, polo-zelai bat, futbol-zelai bat eta usakume-tiro leku bat ipini ere zituzten.

Kirol bat baldin bazegoen, Athleticen futbola bizkaitarren zaletasun gisa nagusitu aurretik, era askotako jendea biltzen zuena, hura bela zen. Beste kontu bat da ezen XX. mendean sartuta, hurrengo belaunaldiak, Horacio Echevarrietarenak eta Ramón de la Sotarenak, beste gehigarri bat erantsi izana beren ontziei: haien belaontziak eta haien goletak “tresna diplomatikoa” ere izan ziren. Baina ez da ezta ere egia Luis Castellsek eta Antonio Riverak ateratzen duten ondorioa: “Baina, inondik ere, bizkaitar industrial handien goraldiaren elementurik enblematikoena yate ikusgarriak erosi izana izan zen; yate haiek ez zuten parekorik, beren neurri eta ezaugarriengatik, Espainiako gainerako lekuetan. Chávarritarrek, Sotatarrek, Martínez Rivasek, Horacio Echevarrietak… beren laketontziak zeuzkaten, eta Sotaren kasuan halakoxe maiztasunez berritu zituen. Gizarte burgesa jabetzaren gainean oinarritzen zen; eta aberatsenak gogotik arduratu ziren jabetza hura nabarmentzen eta mundu guztiaren aurrean agerian jartzen”48.

Lehenik, ez zelako Ramón de la Sota izan ontziz gehien aldatu zuena49. Eta, bigarrenik, nabigatzea eta lehiatzea gustatzen zitzaielako erabili zituztelako horiek guztiek ontziak. Horacio Echevarrietak kaiserren Meteor IV erosi zuen lastertasuna nahi zuelako eta, bere aitari bezala, nabigatzeak lasaitzen eta pentsatzen laguntzen ziolako. Horixe bera egin zuten aldez aurretik Víctor Chávarrik edo José María Martínez de las Rivasek: saiatu ziren lehiatuz kirola egiten, beren eguneroko bizitzan bezala. Beste kontu bat da ezen Lehen Mundu Gerraren ondoren hala Sota nola Echevarrieta konturatzea yatearen erabilerak beren maila soziala indartzen zuela, jende jakin bat erakartzen zuela eta kontaktuak egiteko balio zuela, hala nola Echevarrieta bere Cosme y Jacintan Abd-elKrimekin negoziatzera joan zenean bezala.

Baina hasieran, eta Arruek kontrakai betean eta itasargiaren azpian Yohn anaien garaipena estropadan izoztu zigun unean, belaontziak eta estropadak kulturizazio eta sozializazio prozesu baten parte ziren, biztanleria osoarentzako hezkuntza-tresna bat, non konpromisoak eta erabakitasunak, non gaitasunak eta arriskuak, non merezimenduak eta ausardiak ematen zizuten saria.

Mendearen hasieraren eta Lehen Mundu Gerraren artean garai hartako bela munduaren onenek Bilboko Abran zuten hitzordua: ez bakarrik kirolariek, baita ere ontzi diseinatzaileek eta itsas ingeniariek. Zehazki, klub nautikoetako jendea bi belaontzi motak definitu zuen azkenerako: Sonderklasse balandroak (hiru laguneko eskifaia batekin) eta yachtak, 15 metrokoak deituak. Bilboko Abrak bi kategoria horietako onenak ikusteko aukera izango zuen.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Sportingek Real Club de Regatas izena hartu zuen 1939an. 1972an Real Sporting Clubek Club Marítimo del Abrarekin bat egin zuenean sortu zen gaur egungo Club Marítimo del Abra y Real Sporting Club. [itzuli]
  2. Joaquín Mazasek 1860an eraikitako etxeari “pasaikoa” deitzen zioten, han atrakatzen zuelako Areatzako jendea Erripako kaira zeharkatzen zuen txalupak, alegia, Bilboko hiribildutik Abandoko elizatera. [itzuli]
  3. 1900eko balkoi korritu bikain hura 1982an ezin adierazizko eran bota zuten, multzo historiko artistiko gisa babestuta egon arren (BOE 1972–11–28). Ikus Kosme de Barañano eta Javier González de Durana, ”El mirador del teatro Arriaga”, Deia egunkaria, 1982ko otsailak 3, eta López de Subijana arkitektoari emandako erantzuna, Deia, 1982ko martxoak 3. Camiñako behatokia Boluetako Santa Anan galdatutako burdinaz egina zegoen, eta ukaezina zen elementu erantsi gisa, Joaquín Rucobaren 1889ko eraikina sendotzen baitzuen. [itzuli]
  4. Florencio Schmidt “ontziko artekari interprete” gisa agertzen zen Bilboko 22en artean: hemen 184. or. gehigarria, José Montero y Vidal, La bolsa, el comercio y las sociedades mercantiles, Tipografia del Asilo de Huérfanos del S. C. de Jesús, Madril, 1883. [itzuli]
  5. 1886. urtea: Arratsaldeko hiruretan, “El Sitio” atoiontziko ontzigainetik eman zitzaion irteera; estropada belaontziena zen; izena emandako olgeta-ontziak 3tik 15 tona bitartekoak ziren; ibilbidea 6 miliakoa zen; 15 tonako ontzien artean izena eman zuten Chirla balandroak, Bilbon matrikulatuak, Cucok eta Anitak, Santanderrekoak, eta Iturburuk, Bilbokoak. http://getxosarri.blogspot.com/2015/03/la-naciente-poblacion-de-banos-v.html [itzuli]
  6. Manuel Murga Mugartegui (Markina 1846–Madril, 1919), 1875ean Ana Arana Manso de Zúñigarekin ezkondua (1847–1907), Manuel María Murga Zaldúa (Bilbo 1800–Markina 1852), politikari liberalaren eta Ahaldun Nagusiaren (1839–41) semea zen. 1823ko absolutismoaren garaian Parisen erbesteratu zen, eta gero itzuli; denek aintzat hartzen zuten gizon hura, Bilboko negozio komertzialetan inbertitu zuten ahaide nagusi haietako bat izan zena. Sociedad Bilbainaren sortzaileetariko bat izan zen; haren anaia, José María Murga Mugartegui (Bilbo, 1827–Cádiz, 1876) militarra eta bidaiaria izan zen, eta Recuerdos marroquíes del moro vizcaíno idatzi zuen, 1868an inprimatua. Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere izan zen eta Foru Guardiaren sortzailea; gorputz armatu autonomo hark talde karlistei aurre egiteko zeregina zuen. [itzuli]
  7. José Enrique de Olano Loyzaga (Liverpool, 1858 –Bartzelona, 1934), 1909an Fígolseko konde izendatua, jesuiten Stonyhurst Collegen ikasi ondoren, meategietako ingeniaritzan lizentziatu zen Lovainan.  1880an Bartzelonan hartu zuen bizilekua, non hiriko portua banatzeko proiektu bat argitaratu baitzuen, zeina saritua izan baitzen Veneziako Nazioarteko Geografia Kongresuan, 1881ean. 1882an La Vizcayako —Labe Garaien ernamuina— sortzaileetariko bat eta ingeniari zuzendaria izan zen. Bilbon ezkondu zen, San Nikolas parrokian, 1892an, Natalia Barandiaránekin. 1884an Bartzelonako Real Club de Regatas sortu, eta haren lehendakaria izan zen, zeina 1902an Real Yacht Clubekin bat egin zuen eta Bartzelonako Real Club sortu. [itzuli]
  8. Jose María Martínez de las Rivasek finantzatu zuen gabarraren eraikuntza, nahiz bertsio batek dioen Antonio Menchacak Ingalaterratik ekarri zuela. Cecilio de Goytia arkitektoak diseinatu zuen, Portugaleteko El Salto hondartzara ematen zuen Martínez Rivastarren Lexarda etxearen arkitektoak; 1900eko maiatzean egin zuten Goytia ohorezko bazkidea. 1980ko neguan egoitza historiko hura hondoratu egin zen. [itzuli]
  9. Sportingeko lehen Zuzendaritza Batzorde dokumentatua 1902koa da; Enrique Careaga zuen lehendakari, eta José de Zayas lehendakariorde eta Eduardo Ubao, José Amann, Jaime Selby eta Ramón Real de Asúa bokal. Manuel Elorduy zen idazkaria. [itzuli]
  10. “Muturra itsas armadako gala-uniformearen aldaera txiki bat da —eztabaida dago Espainiakoarena ala Royal Navy armadakoarena ote den—; zenbait hamarkadaz bertan behera utzita izan ondoren, berreskuratu berri du Marítimok”. Ikus Eduardo Alonso Olea, Historia del Club RCMA-RSC. Real Club Marítimo del Abra. Real Sporting Club (1898–2002). [itzuli]
  11. Eduardo Alonso Olea, “Del yachting a la vela, de los caballitos a la piscina. La sociabilidad de las élites y sus espacios: Club Marítimo del Abra - Real Sporting Club de Bilbao,” Vasconia, 33, 2003, 172. or. [itzuli]
  12. Náuticoko lehendakariak eta Sportingen edo Marítimon ontzia zeukatenak: Eduardo Aznar: 1895–97, Domingo de Arana: 1897–99, Miguel de Ayala: 1899–01, Victoriano Gáldiz: 1901–03, Adolfo G. de Urquijo: 1903–05, Benigno de Chávarri: 1905–07, Plácido Allende: 1907–09, Manuel de Murga: 1909–11, Antonio de Arteche: 1911–13, Pedro de Orúe: 1913–16, Enrique G. de Careaga: 1916–20. [itzuli]
  13. 1903ko uztailean, Leonardo Torres Quevedok ohar bat aurkeztu zuen Parisko Zientzia Akademian, tresna batzuekin batera: “[Tresna horiek] Telekine deitzen dudan sistema bat osatzen dute, helburu duena makina baten maniobra urrutitik gidatzea telegrafoaren bidez, gidariekin zein gabe”. Lehenengo saioa Sorbonako Mekanikako Laborategian izan zen, eta Electrón (225. zk., 1903ko irailak 30) aldizkari espezializatuak aipamen labur bat argitaratu zuen. Asmakizuna (irrati bidezko lehen agintea) 1905eko martxoan probatuko zen Espainian, Bilboko Beti-Jai frontoiko kantxan eta gero, urrian, Madrileko Casa de Campon. 1905eko azaroaren 7an, Abrako Club Marítimon. Berriz ere, 1906ko irailaren 6an, Alfonso XIII.a erregea bertan zela eta jendetza handi baten aurrean, Telekineren erakustaldi bat egin zuen Bilboko portuan. IEEEk 2006an ingeniaritzaren historiako Mugarri (Milestone) izatea aitortu zion Telekineari. [itzuli]
  14. Lehenik, Casa Pomboko markesak bere etxea utzi zuen; gero klubak erosi egin zuen 1899an. Santanderreko Real Club de Regatas elkarteak (“Real” 1893az geroztik) liburutegi pribatu bat zeukan bazkideek erabil zezaten; liburutegiak 8.000 ale eta 18 aldizkako argitalpen zeuzkan, hau da, Sociedad Bilbainaren tankerako klub bat zen. 1873an Real Club Mediterráneo eratu zen Málagan. 1927an Santanderreko Real Club Marítimo sortu zen, Real Club de Regatasekiko hausturaren ondorioz. 1928an New York-Santander nazioarteko estropada handia antolatu zen, arrakasta handiz, eta haren ondoren beste asko etorriko ziren, hala nola Santander-Cowes, Plymouth-Santander edo Asturiaseko Printzearen Kopa. [itzuli]
  15. Miramar Jauregia 1893an inauguratu zen, eta María Cristina erreginak berriz igaro zuen han uda ia etenik gabe 1929an hil zen arte. [itzuli]
  16. Chávarritarren txikienaren Casa Barcok, Atanasio de Anduiza arkitektoari enkargatuak —1901–14an eraikia eta 1974an eraitsia— itsasoko arkitektura ikusteko era espresionista bat itxuratzen zuen bere idi-begiekin. Kikunbera etxeak arrazionalismoaren estiloari jarraitzen zion, erreferentzia nautikoko mintzaira plastiko baten bidez, etxearen eta itsasontziaren arteko antzekotasunez, zeinaren erdiko pasillo brankako espazio zirkularrean amaitzen baitzen. Itsas estetikak —aginte zubia Bermeoko portu gainean, belaontzi baten masta, lurrunezko tximinia baten proportzioko eskailera, baranda soilak eta zur nobleen erabilera— muino-talaian kai-muturraren aurrean hondartutako itsasontzi bat bezala tankeratzen zuen eraikina. [itzuli]
  17. Germania soil-soilik sei hilabetetan eraiki zuten, 1908an. Hura izan zen lehenengo yatea diseinatzaile aleman batek diseinatutakoa, ontziola aleman batean eraikitakoa eta material eta ekipo alemanekin tresnatutakoa eta talde alemanek estropadetan arrakastaz nabigatutakoa. Kroskoa erabateko berrikuntza izan zen: altzairu herdoilgaitzez egina. Hurrengo urratsa Meteor IV izan zen, kaiserrentzat, 1909an. Badago Ulrich Hübner pintorearen olio bat, Meteor IV in Travemünde (1910), Museums für Kunst und Kulturgeschichte der Hansestadt Lübeck; ikus katalogoa: Ulrich Hübner, 1872–1932. [itzuli]
  18. Argenteuilen bizi izan ziren Monet (1871tik 1878ra bizi izan zen han), Caillebotte, Renoir edo Sisley; hemen jaio zen Georges Braque (1882–1963). [itzuli]
  19. Caillebottek hogeita hamabi ontzi eduki zituen, bere anaia Marcelekin batera, eta hogeita bi belaontzien planoak diseinatu zituen 1882 eta 1893 artean. Estropadako hamalau belaontzi eduki zituen, batzuk izen kaustikokoak. Condor belaontziak, hala zuen izena 1880an ontziak, bi silabatan ahoskatuak (cone-d’or), ez du zerikusirik batere Andeetako txori mitikoarekin, baginari dagokion itsas arrunkeria bat da, aitzitik. Caillebottek ez zuen belan txori bat marraztu, katu bat baizik; beste ontzi bat Cul-Blanc (Ipurdi zuri) bataiatu zuen 1883an. [itzuli]
  20. 1881an, Alberto Eduardo, oraindik Galesko Printzea zena (gero Eduardo VII.a 1901ean) Royal Thames Yacht Clubeko eta Royal Yacht Squadroneko komodoroa zen; bi klubek Yacht Racing Associationekin bat egin zuten, New Thames Yacht Clubekin batera, eta britainiar uretako estropadetarako arau multzo bat garatu zuten. [itzuli]
  21. International Yacht Racing Union, gero International Sailing Federation (ISAF) deituko zena, 1996an, eta 2015ean, berriz, World Sailing (WS). [itzuli]
  22. Arauak “kabinako gutxieneko altuera” eskatzen zuen, zolatik plataformako behealderaino (plataformako habeei jaramonik egin gabe), 6,23 oinekoa (1,90 m), “zolaren arnasaldi gutxiagoko bat”, kroskoaren alde batetik kroskoaren beste aldera, 4,65 oinekoa (1,40 m), lau trenkada gutxienez, 0,59 oineko lodierakoak (15 mm), lau ohatze, lotarako, eta lotarako bost “leku” (eskifaiarentzat edo haietako batzuentzat), armairuei eta komunei buruzko beste xehetasun batzuez gainera. Eskifaia-kide kopurua estropadan: 14 lagun. Ikus https://en.wikipedia.org/wiki/15-metre_class [itzuli]
  23. Euskal klubak Federación Española de Clubs Náuticoseko (1908an sortua) kide izan ziren 1936 arte. Federazio horretako lehenengo zuzendaritza batzordean euskal ordezkariak zeuden, hala nola Enrique Pardiñas eta Luis Pradera (Donostia), Enrique G. de Careaga, Juan de Zabala, Heredia-Spínolako kondea, Víctor Chávarri eta Eduardo de Ubao (Bilbo). Federación Española de Clubs Náuticos Federación Española de Vela bihurtu zen 1966an, eta Real Federación Española de Vela, berriz, 1987an. Lehenengo lehendakaria Victoriano López Dóriga izan zen, 1906tik 1938ra, eta 1968 arte hiru lehendakari bilbotar izan zituen: Luis Arana, Peru Galíndez eta Juan Alonso-Allende. Federación Española de Clubs Náuticosek bazkide hauek zituen 1913ko apirilaren 1ean: Real Club Náutico, Donostia; Real Sporting Club, Bilbo; Club Marítimo del Abra, Bilbo; Club Náutico, Bilbo; Real Club de Regatas, Santander; Real Club Astur de Regatas, Gijón; Real Club de Regatas, Villagarcía; Sporting Club, Vigo; Real Club Marítimo, Bartzelona; Real Club Náutico, Bartzelona; Sailing Yacht Club, Bartzelona; Golden Lyon Racing Club, Bartzelona; Real Club Náutico, Valentzia; Real Club de Regatas, Alacant; Real Club de Regatas, Cartagena; Real Club Mediterráneo, Málaga; Real Club Náutico, Cádiz; Real Club Náutico, Las Palmas (Kanaria Handia). [itzuli]
  24. Aníbal Morillo y Pérez del Villar, Cartagenako IV. kondea (Madril, 1865–Lausana, 1929) diplomatikaria eta filantropoa izan zen. Ezkongaia, fortuna handi batean jabea, jokabidez diskretua eta eskuzabala; Alfonso XIII.ak Venezuelarekin harremanak berregitea utzi zuen bere gain, eta gero enbaxadore izan zen San Petersburgon. Cartagena deitzen zioten; erakunde zientifikoei, patronatu artistikoei edo ongintzako establezimenduei utzi zien bere fortuna pertsonal osoa, eta agindu zuen, halaber, bere jantzi pertsonalak eta bitxiak errematean ateratzea behartsuen babes-etxeei laguntzeko; bere koadroak Prado Museoari eman zizkion. [itzuli]
  25. José María Quiñones de León y de Francisco-Martín (1873–1957) Espainiako enbaxadore izan zen Frantzian eta Espainiaren ordezkari Nazioen Elkartean. [itzuli]
  26. Batzuetan nahasi egiten dira Cartagenako kondearen goleta (25 metro luze, 3,37 zabal eta 162 tona desplazamendu) Gitana ere deitzen zen balandroarekin, zeina José María de Aristeguietarena baitzen, zeinak nabigatzen baitzuen José Ignacio de Figueroa Mendieta, Tovareko markesarekin; balandroa 1900ean erosi zuen eta Joseph Guedonek Bordelen eraikia zen. [itzuli]
  27. Ontziek bost pezeta ordaintzen zuten Ijito Kopak zeuzkan bost probetako bakoitzean izena emateagatik. 1905ean Julio Artechek irabazi zuen, 1906an, berriz, Tomás Zubiríak, eta 1991n, berriz, Alfonso XIII.ak Giralda II ontzian. [itzuli]
  28. Victoriano López-Dóriga (1855–1938) korbetako kapitaina izan zen; 1902an erretiratu egin zen negozio familiarretan aritzeko, besteak beste, Banco de Santander, eta Bizkaiko beste enpresa batzuk. Compañía Vasco-Cantábrica de Navegacióneko eta Asociación de Navieros Españoleseko lehendakaria izan zen, eta Liga Marítimaren sortzailea. Kirol belaren eta balandroen estropaden aitzindaria izan zen. 1907an International Yacht Racing Union elkartearen sorreran egon zen, Parisen, Enrique Careagarekin batera. [itzuli]
  29. 1901eko ekainaren 6an inauguratu zen Congreso Marítimo Nacional zeritzana, Liga Marítimak antolatua; ekitaldia Universidad Centraleko Paraninfoan egin zen (Madril); haiek argitaratu zuten La Vida Marítima aldizkaria, Lehen Mundu Gerra arte informazio zerbitzu on samar bat eman zuena. [itzuli]
  30. Asociación de Navieros de Bilbao (ANB), gaur egungo Asociación de Navieros Vascosen aitzindaria, Bilbon sortu zen, 1900eko martxoan. Elkarte horrek Francisco Martínez Rodas izan zuen lehendakari, itsas industriaren bultzatzaileetako bat Bilboko ibaian. ANB zen armadoreen patroi elkarterik garrantzitsuena alde handiarekin, eta ez zuen LMEn sartu nahi izan, nahiz sartu zen, ez arazorik gabe, 1901ean, eta utzi egin zuen 1902an, kide batzuek 1908an sartu zirelarik. [itzuli]
  31. Itsas Ligaren Kopako lehen txapelketa Donostian egin zen (Alfonso XIII.a erregea portu hartan egon zen artean) eta Donostiako Klub Nautikoak antolatu zuen. Ikus La Vida Marítima, 94. zk., 1904ko abuztuak 10. Lehiaketako ibilbidea triangeluarra izango zela zehaztu zen eta distantzia ez zela 10 miliatik gorakoa izango. Hurrengo urteetan, klub irabazleak antolatu beharko zuen hurrengo urteko lehiaketa. [itzuli]
  32. Bazegoen lehendik Errege Kopa nazional bat: 1903an Sportingek Errege Kopa (nazionala) irabazi zuen Bilbon, Erregina Kopa (nazioartekoa) Donostian eta Kantauriko Kopa (eskualdekoa); ikus La Vida Marítima, 1903ko ekainak 10. [itzuli]
  33. “Nazioarteko multzokako estrupada: Lehenengo multzoa: 0–2 tona. Bigarren multzoa: 2–5 tona. Hirugarren multzoa: 5–10 tona. Ibilbidea: 9 milia”. [itzuli]
  34. Luis Touron, Los barcos de Alfonso XIII. Las regatas de una época (1902–1931), Náutica Robinson, Madril, 2017. Touronek dioenez, Alfonso XIII.ak hogeita zazpi ontzi eduki zituen eta ez sei bakarrik, Juan Carlos I.ak uste zuen bezala. Tourónek kontatzeun duenez, Tonino izan zen “Errege-familiaren ontzi gogokoena”. [itzuli]
  35. Garaikurra 1973an desagertu zen, Real Club Marítimo del Abraren egoitzak su hartu zuenean. [itzuli]
  36. Indalecio Prieto, De mi vida: recuerdos, estampas, siluetas, sombras... 2. ed. Oasis, México, 1968, II. liburukia, 161–62. or. Eduardo Alonso Olea, Historia del Club RCMA-RSC. Real Club Marítimo del Abra. Real Sporting Club (1898–2002): “Badakigu txanelaren bizkarrean, oturuntza eder bati amaiera emanez, erregeak bere lehen diskurtsoa inprobisatu zuela; hau da, Gobernuko presidentearen (une hartan, Maura) oniritzirik jaso gabe eman zuen lehena. Prietori eskatu omen zioten idazkari lanaz arduratzeko eta, erregeak hitz egin ahala, takigrafia-oharrak hartzeko. Kopia horixe helarazi omen zuen Indalecio Prietok Gobernuko Presidentziara, bere egunkarira (Heraldo de Madrid) igorri ondoren.” [itzuli]
  37. La Vida Marítima, 1907ko irailak 10: “[Erregeak] poza hartu zuen aurten Amerikako hiru bailandra eta Alemaniako bat etorri direlako estropadan parte hartzera, eta esan zuen Bilbo hiribururik ospetsuenetako bat izateko bidean dela estropadei esker, eta adierazi zuen hurrengo urtean bere Queen X bailandra Arcachonera bidaltzeko asmoa duela hiri hartan egiten diren estropadetan parte hartzera, horrela Arcachongo yatchmenek beren bailandrak Bilbora bidaliko dituzten esperantzan. Azkenik, aipatu zuen prest zegoela Abran egiten diren proba guztietan pertsonalki parte hartzeko, eta gehitu zuen Sporting [klubaren] ondoan ainguratuta zituenez gain, Osborne eta Dios salve á la Reina balandrak ere Giralda ontzian zeuzkala”. [itzuli]
  38. La Vida Marítima, 277. zk., 1909ko irailak 10. [itzuli]
  39. William Yates (1861–1912), ingeniaria eta Yates & Thom enpresaren jabea, Shepperton-on-Thamesen bizi izan zen, Berkshire, eta Thames Yacht Clubeko kidea izan zen. Nabigatzaile sutsua eta arte bildumagilea, Joseph W. Turneren (1775–1851) West Cowes, Wight uhartea (West Cowes, Isle of Wight) (1827) izeneko koadroaren jabea izan zen. Itsasoak beti liluratu izan zuen Turner; Errege Akademian 1796an lehen aldiz egin zuen aurkezpena Arrantzaleak itsasoan (Fishermen at Sea) lanarekin izan zen. Georgek, Egremonteko kondeak (1751–1837) the great sea-painter (itsasoaren pintore handia) izendatu zuen. Turnerek Wight uhartera egin zuen bigarren bisita 1826ko udan izan zen, Coweseko lehenengo estropadaren urtean. Hurrengo urtean, uztailean eta abuztuan, hara itzuli zen John Nash arkitektoak gonbidatuta. 1827ko estropada hartan estropadaren berrogeitik gora marrazki egin zuen (Cowes Regatta Sketchbook, Turner Bequest, Tate Britain) eta bi olio pintura, Royal Academyn 1828an erakutsiak. [itzuli]
  40. Ikus liburuki honetako “Sonderklasse belaontziak” kapitulua. [itzuli]
  41. Id. [itzuli]
  42. Nabigazioaren munduan “gurutzaldia”ren eta “estropada”ren arteko haustura gero eta handiagoa da, hau da, “paseo” batean joateko diseinatutako barkuen, alegia, gurutzontzi bat, eta lasterka joateko eta estropadak irabazten saiatzeko berariaz diseinatutakoen artean. Gaur egun ez dago jadanik alderik, dena bereganatzen baita laketontzietan, Amerika Kopako ontziak alde batera utzita, non diseinatzaileak beren asmamen guztiaz baliatzen baitira azkartasuna eta ezarritako arauen ahulguneak bilatzen. [itzuli]
  43. Eduardo Alonso Olea, “Del yachting a la vela, de los caballitos a la piscina. La sociabilidad de las élites y sus espacios: Club Marítimo del Abra - Real Sporting Club de Bilbao,” Vasconia, 33, 2003, 159–190. or., 160. Halaber, ikus Eduardo Alonso Olea, Historia del Club RCMA-RSC. Real Club Marítimo del Abra. Real Sporting Club (1898–2002). Real Club Marítimo del Abra. Real Sporting Club, Bilbo, 2002. Beste klubak geroztikakoak dira Golf (1912. urteaz gero) edo Jolaseta (1930. urteaz gero). [itzuli]
  44. Ibid. 170. or. [itzuli]
  45. Luis Castells y Antonio Rivera Blanco, “Notables e intrusos. Elites y poder en el País Vasco (1876-1923)”, Nuevos estudios sobre las elites, Historia Contemporánea, 23. zk., Bilbo, 2001, 658. or. [itzuli]
  46. Ikus gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Navegantes”. [itzuli]
  47. Hala Náuticok nola Sportingek bilera asko egin zituzten neguan Sociedad Bilbainako aretoetan. [itzuli]
  48. Castells eta Rivera, 657. or. [itzuli]
  49. Ikusi liburuki honetako “15 metro klaseko ontziak” kapitulua eta gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Balandras”. [itzuli]