Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Arteta - Erromeria

Kosme de Barañano

Izenburua:
Arteta - Erromeria
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Folklorea | Gizakia | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Erritmoa | Konposizioa | Gizarte-kronika | Dantza | Dantzariak | Musika-taldeak | Musika-tresnak | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Kostunbrismoa
Teknikak:
Horma-pintura
Artelan motak:
Freskoa
Aipatutako artistak:
Arteta Errasti, Aurelio

Erromerian 1 (En la Romería 1), frisoan egindako konposizio izugarri bat da, ikuslea gora begiratzera behartzen duena, eszena gertatzen den muinora. Bederatzi lagun kalejiran doaz, festa guztien hasierako dantza horretan; kalejira ezkerraldetik hasten da, bikote gazte batekin –neskak txirikorda luze bat du–, eta haien atzetik emakume bat doa panderoa joaz eta gizon bat, txapela jantzita, esku-soinua joaz; ondoren, mutil gazte bat eta bi neska, bata bestearen gainean bermatuta, eta, azkenik, bi emakume hobeto jantzita, ilea aske, frisoaren beste aldera begira biak, edo, beste horma batera, frisoaren jarraipenari. Adar batzuek dinamizatzen dute konposizioa goiko bi muturretatik, eta eszena bi mailako zelai batean gertatzen da; atzean, beste muino kurbatu batzuk eta zeru urdin argi bat, hodei zuriekin. Horma-irudia 1922an egin zuen Artetak, bere lagun Ricardo Bastida arkitektoak uda ematen zuen Ondarroako txaletean. Artetak Madrilgo Banco Bilbaoko sarrerako horma-irudiak margotzea nahi zuen Bastidak, bere proiektuak irabazi baitzuen lehiaketa. Artetak onartu egin zuen arkitektoaren eskabidea, eta, horma-irudiaren teknikan trebatzeko, txalet haren paretak erabiliz, fresko hau egin zuen.

Koadro asko margotu zituen Artetak erromeriei buruzkoak, batez ere bizitzaren amaieran1. Kasu honetan, Artetak kalejira bat irudikatzen du, guztiz erritmo biziko musika-lana, martxa arin bat, 6/8 konpasean idatzia normalean, eta txarangek eta akordeoi-joleek jotzen dituzte herriko jaien hasieran. Kalejiraz gainera, biribilketa eta beste izen batzuk ere ematenzaizkio.

  •  

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. 1955. urteaz geroztik San Telmo museoko funtsetan Euskal erromeria (Romería vasca) izeneko koadro bat dago. Hura margotzen ari zela, 1940ko azaroaren 10ean Mexiko D.F.n tragikoki hil zen Arteta. Jose Manuel Ostolaza, Deban jaio eta Mexikon erbesteratutako industria-gizonaren erabakiz —Merkataritza Eskola eta Liburutegi Publiko bat sustatu zuen fundazio baten sortzailea—, museoari eman zitzaion Artetaren koadroa. Mexikon beste Erromeria (Romería) bat ere egin zuen Antonio Orberentzat. Artetak beti irudikatzen ditu dantzariak galtza zuriekin, kolorezko gerrikoarekin, galtzerdi zuriekin, alpargata zuri-gorriekin eta, batzuetan, txintxarriak dituztela txonkatiletan. Aurelio Arteta (Bilbo 1879–Mexiko 1940) Bilboko Askao kalean jaio zen eta bere hiriko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zituen ikasketak. Parisera joan zen 1902an, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako beka batekin. 1905ean bidaia bat egin zuen Erroma, Florentzia, Milan eta beste arte-zentro italiar batzuetan barna; italiar lanen eragina handia da Artetaren lanean, batez ere Lehen Errenazimenduko fresko-pinturena. [itzuli]
  2. Azkueren balorazio batentzat, ikus Carmen Rodríguez Suso, “Fuentes privadas para el estudio de la música: el epistolario de Resurrección María de Azkue”, hemen: Musiker: Cuadernos de Música, 15. alea, 2007, 117–50, eta Musiker: Cuadernos de Música, 16. alea, 2008, 299–330. [itzuli]