Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Arrue - Bilboko Athletic Club

Kosme de Barañano

Izenburua:
Arrue - Bilboko Athletic Club
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta kirola | Artea eta politika | Artearen historia | Konposizioa | Sinbologia | Talde-erretratuak | Gizarte-kronika | Karikatura | Athletic Club de Bilbao | Kirola | Bilbo | Bizkaia | Umorea | Emozioa
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Modernismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Arrue Valle, José

José Arruek bi koadro egin zituen Bilboko Athletic futbol taldearentzat. Lehena 1913an: San Mameseko lehen futbol zelaia (Primer campo de fútbol en San Mamés). Manuel Maria Smithek proiektatutako estadio berriaren airetiko bista bat da, veduta bat (1913ko abuztuaren 21ean inauguratu zen estadioa, 7.000 eserleku baino gehiago zituela). Ikuspegi panoramiko horretan, jendez gainezka ageri dira harmailak, eta, alde batean, bandera handi bat haizetan. Goialdean, Antonio Goicoechea arkitektoak eginiko Miserikordia Etxea ikusten da, Espainiako Errege Amadeo I.a Savoiakoak 1872an inauguratua.

Ingelesek bertan zeuzkaten meategiak zirela eta, Bizkaitik eta Huelvatik hasi zen zabaltzen kirol berri hau Espainian zehar. Hain zuzen, Recreativo de Huelva taldea da (Recreation Clubetik datorkio izena) Espainiako foot-ball klub zaharrena, 1889an sortu baitzen. Portura heldu ziren marinel ingelesek eta siderurgiako teknikariek sartu zuten Bilbon futbola, eta 1890eko hamarkadan jada jokatzen zen. Bilbon, “Sociedad Gimnástica Zamacois” izeneko gimnasioan sortu zen lehen foot-ball kluba, 1898an, baina 1894tik bazen jada zaletasunik. José Zamacois (1854–1894) gimnasta eta akrobata izan zen, oso pertsona ezaguna hirian1. Hil zen urte berean, gimnasio ikusgarri bat muntatua zuen Ibañez de Bilbao kaleko behe-solairu batean. Gimnasio hori da, hain zuzen, 1912an “Club Deportivo de Bilbao” izango zenaren jatorria. 1885ean, “Club Velocipedista de Bilbao” klubaren —garaiko bizikleta zaleen kluba— antolatzaileetako bat izan zen Zamacois. Aurrerago, 1905ean, Bizkaiko Atletismo Federazioan sartu ziren bizikleta zaleak ere, Manuel Aranaz Castellanos buru zutela.

Athletic Club de foot-ball 1901eko apirilaren 5ean eratu zen legez, Kale Nagusiko 8. zenbakiko García kafetegian (Berastegi kalearen kantoian) egindako batzarrean. Lamiakoko zelaietan jokatzen zituen partidak. Bilbao Football Club, berriz, 1900ekoa zen. 1903an, bi klubek, bat egin, eta Bilboko Athletic Club sortu zuten, baita Errege Kopa sortu berria irabazi ere. Athletic Cluben lehen joko-zelaia Lamiakoko zelaia izan zen, Agirre anaien Leioako hipodromoko sailetan zegoena (1887tik, kiroldegi moduko bat zen hura). Tranbiak eta, geroago, Bilbo-Areeta trenak geldialdia egiten zuten han, baina batzuetan bakarrik. 1911n, Neguriko (Getxo) Jolasetako Zelaia erabiltzen hasi zen Athletic, baina, 1913an, futbol-zelai berri bat atondu zuten, Bilbon bertan, San Mameseko babes-etxearen ondoko lurretan (hortik izena). Futbol-zelai horren neurriak hobeto egokitzen ziren zaletuen kopurura. Gainera, garrantzi handiko berrikuntzak gehitu zitzaizkion, hala nola tribuna estali bat, bi eserleku-ilara luze tribunaren aurrean (preferentzia), eta zutik zeuden ikusleentzako eremu bat zelaiaren gainerakoan (orokorra). San Mames estadioa “Katedrala” ezizenarekin ezagutzen da futbolaren munduan; izan ere, futbol-zelaira joaten zirenak San Mamesera joaten ziren, bai, baina San Mamesko “katedralera”, ez inguruari izena ematen zion babes-etxera.

Estadio hau Pinturaren Historian dagoen bakarrenetarikoa da, eta subject matter bezala gainera, hau da, subjektu tematiko bezala, ez paisaiako zati edo hondoko paisaia bezala: estadioa bera da, eraikuntza bezala, zelai bezala, Arrueren margolanaren gai nagusia. Arrueren lan horren antzeko bakarra Laurence S. Lowry (1887–1976) britainiarraren olio-pintura bat da, Arruerena baino ia berrogei urte geroago margotua: Futbol partida (The Football Match, 1949) Manchesterreko estadioan.

Arrueren lana bezala, Futbol partida ere ikuspegi panoramiko bat da, irudi txikiz josia, non ezin hobeto erakusten den futbol partida baten emozioak harrapatutako hiri baten espiritua. Robert Collsek, Leicesterreko De Montfort Unibertsitateko historialari kulturalak, azaldu duenez, “askatasun- eta kidetasun-adierazpena” zen orduan kirola (This Sporting Life: Sport and Liberty in England, 1760–1960, Oxford University Press, Oxford, 2020)2. Industria iritsi aurretik, Ingalaterrako kirolik loriatsuena azeri-ehiza zen, zaldizko gerraren herentzia bat: Inperio osoko zaldun-errejimenduek txakurrak erabiltzen zituzten ehizarako, kirol gisa. Industrializazioaren ondorioz landak eta herrixkak galtzen hasi ahala, ehiza eta garaiko beste denbora-pasa batzuk (boxeoa, adibidez) lege jakin batzuen arabera arautuz joan ziren (boxeoaren arauak Queensberryko markesak ezarri zituen). Futbolaren arauak (lege batzuek arautua ordurako, ez ohitura hutsek) 1863. urte inguruan ezarri ziren, eta horrek halako hiritartasun bat eman zion kirolari. Ia hiri industrial guztiek zuten futbol talde profesional bat. “Etxeko zelaia” futbolaren kontzeptu emozional indartsuenetako bat bihurtu zen.

Arrueri zor diogu, halaber, Bilboko futbol-taldearen beste koadro sinboliko eta enblematikoenetako bat: 1914ko denboraldiko jokalarien erretratua. 1915ean, klubeko zuzendaritzak taldearen (Iparraldeko Lehoiak deitzen zituzten) erretratu bat enkargatu zion Arrueri, 1914 eta 1915eko Errege Kopa irabazi izanaren omenaldi eta oroigarri bezala (1916an ere txapeldun atera zen)3: Athletic Club taldea (Equipo del Athletic Club). Margolana talde-erretratu bat da: hamaika jokalari, elastiko zuri-gorriak eta galtza beltzak jantzita4; mister-a, William Edwin Barnes entrenatzailea; eta haren laguntzaile “nekaezina”, Manolo Ansoleaga. Guztiak —jokalariak, entrenatzailea eta laguntzailea— klubaren “argazki ofiziala” balitz bezala erretratatua agertzen dira bai beren fisonomian, bai beren nortasunean5.

Arrueren talde-erretratu horretan, ezkerretik eskuinera, hauek agertzen dira: William Edwin Barnes, entrenatzailea; Manolo Ansoleaga, entrenatzaile-laguntzailea; José María eta Ramón Belausteguigoitia anaiak; Esteban Eguía; Luis Iceta; Luis María Solaun; Cecilio Ibarreche, atezaina; Luis Hurtado; Rafael Moreno (“Pichichi”); Alfonso “Apón” González-Gorbeña; Severino Zuazo; eta Germán Echevarría (“Maneras”)6.

1916an, Athleticek berriro irabazi zuen Errege Kopa, Irunen berriz ere, baina taldeari ez zitzaion harrerarik egin, trenak jarraitzaile bat harrapatu zuelako Debako geltokian, Bilborako bidean. Ospakizunak bertan behera geratu ziren, baina, hurrengo egunean, afaria egin zen, Arana jatetxean, Atxuriko geltokian. Jack Johnson boxeolaria, pisu astunen munduko txapelduna, gonbidatu zuten festara; Ameriketako justiziatik ihes eginda, zezenketak ikustera etorria zen Bilbora. Johnsonek titulua galdua zuen hilabete lehenago, Habanan, Jess Willard (José Villar) Tafallako aita zuen boxeolari amerikarraren aurkako borrokan. Alejandro de la Sota, kirol-kazetaritzan “Sir Archibald” bezala ezaguna, ingeles hiztun bikaina zelako, Bilboko Hotel Inglaterrara joana zen Johnsonen bila. Ramon Belausteguigoitiak hitz egin zuen talde txapeldunaren izenean. Bere lehenengo hitzak alkateari eta boxeolari ospetsuari ekitaldira agertu izanagatik eskerrak emateko izan ziren. Belausteguigoitiaren azken partida izan zen hura, Londresera joatekoa baitzen ikastera. Haren anaia Jose Maria ekonomia-ikasketak egiten ari zen Bilbon, eta Ramon, Salamancan zuzenbidea ikasi ondoren, nekazaritzan espezializatu zen. Belauste Madrilgo El Sol egunkariko berriemailea izan zen, 1917an, “Ramón de Goyenuri” ezizenarekin. 1925ean, Mexikoko Torreón hirian ezarri zuen bizilekua, eta hara bizitzera joan ziren haren anaia gehienak ere. Hil baino urte batzuk lehenago, Espainiara itzuli zen. 1981ean hil zen, Madrilen.

Arruek margolan batean betikotu zuen Athleticeko talde horretako beste pertsonaia ospetsua Rafael Mará Moreno Aranzadi da (1892–1922), “Pichichi” ezizenaz ezaguna. Morenok, bilbotarra jaiotzez, Amurriokoa zuen aita, 1896–97an Bilboko alkate izandako abokatu ezagun bat. Ama, berriz, Telesforo Aranzadi antropologiako katedradunaren arreba zen, eta Miguel Unamuno filosofoaren lehengusina. Moreno oso baxua zen —hori zela eta, ez zuen soldadutzarik egin beharrik izan—, baina bere indar fisikoagatik baino gehiago bere adimenagatik nabarmentzen zen futbol-zelaian, aurkariak driblatzeko eta une egokian toki egokian agertzeko gaitasunagatik. Zazpikaleetako indianoetako batek jarria zion ezizena: “pichichi” Mexikoko hegazti zangaluze bat da, moko gorrixkakoa (mutikoaren sudurra bezala), ondo abesten duena, normalean gauez ateratzen dena (jokalaria Salón Vizcayara joan zalea zen), eta ondo mugitzen dena paduretako lokatzetan, gure jokalaria orduko ate-inguruetako basatzan bezala. “Pichichi” ezizena, beraz, ez dator “txiki” hitzetik, batzuek uste duten bezala; izen bereko txori horren hanka-joko arinean du jatorria. Moreno izan zen San Mames estadio berrian gola sartu zuen lehen jokalaria, baita Espainiako Ligako goleatzaile nagusia ere. Lau kopa irabazi ondoren erretiratu zen, eta klubaren historiako lehen jokalari ospetsua izan zen. 1922an hil zen, sukar tifoide batzuen ondorioz. Marca kirol-egunkariak denboraldiko goleatzaile nagusia saritzeko 1953an sortutako sariari izena ematen dio geroztik Pichichi ezizenak7.

Athleticen argazki finko eder honetan, Arrue margolariak lizentzia batzuk hartu zituen, konposizioari dagokionez: irudikatuta dauden pertsonaien artean handiena atezaina da, eta gehien nabarmentzen dena, bere jarreragatik, Pichichi. Ibarreche, atezaina, oso altua zen (1,95 metro pasa), baina Jose Maria Belauste garaiera berekoa zen, eta txikiago agertzen da, atezainaren ezkerrean. Arruek, era berean, berez zena baino altuagoa irudikatu zuen Pichichi ospetsua, bere ezkerrean duen jokalariaren (“Apon”) altuera berekoa baitzen, 1,60 metro eskasekoa. Bertako heroi bihurtuko zela aurreikusiko balu bezala, Arruek mitifikatu egin zuen Pichici bere pinturan, eta taldeko gizonik indartsuena bezala irudikatu zuen, atezainaren ondoan.

Gainera, pintura ikoniko honetan, klubeko argazki ofizial baten eta ikono bizantziar baten artean dagoen lan honetan, ez Pichichi ez Ibarreche ez dira aurrera begira ageri, eskuinera begira baizik. Ez diote ez argazkilariari ez margolariari begiratzen, iraganeko historiari baizik. Aurelio Artetak, bere Idilioa Sport zelaietan (Idilio en los campos de Sport, 1920, pastela paper gainean, 69,5 x 49,5 cm), emazte Avelinarekin batera erretratatu zuen jokalaria, bai eta hura baino handiagoa irudikatu ere8.

Athleticeko kideak eta ikusi ditugun enpresariak, Bilboko gizartea bera bezala, jatorri ezberdinetakoak ziren: batzuk, Bilboko Zazpikalekoak (“Pichichi”); beste batzuk, Abandoko edo Begoñako elizateetakoak (Zuazo, González-Gorbeña); inguruko hiribilduetakoak ere baziren, hala nola Plentziakoak (Solaun); eta baziren Nerbioi Garaiko arabarrak ere (Belauste anaiak). Gizarte-mailari dagokionez ere jatorri desberdinekoak ziren; ez ziren denak burgesiaren seme-alabak, esan izan den bezala: Eguía, adibidez, zurgina zen; Ibarrechek Sestaoko Navalen lan egin zuen; Pichichik —Bilboko alkate baten semea— enplegatu gisa lan egiten amaitu zuen, eta abar.9

Etorkiz ez ezik, ideologiaz ere ezberdinak ziren batzuk eta besteak: batzuk Alde Zaharrekoak ziren, beste batzuk, Albiako zelaietakoak. Batzuk —Belaustetarrak eta Apon, esaterako— Urduñako jesuitetan ibili ziren. Belaustetarren anaia zaharrena, Federico Belausteguigoitia (Laudio, 1876–Durango, 1947) Sabino Aranaren eskola-laguna izan zen, eta Belauste anaia guztiak nazionalistak izan ziren, baita Solaun ere. 1922an, Germán Echevarria zen taldeko kapitaina, azaroaren 27an Jose Antonio Agirre Agirre (1904–1960) gazteak (geroago, Kongresuan diputatu eta 1936an Eusko Jaurlaritzako lehen Lehendakaria izango zen) Athleticen debuta egin zuenean.

Halaber, azpimarratu behar da kirolari horietako batzuk —Arrue margolaria bera bezala— zezenzaleak izan zirela. Batzuek nobillero gisa debutatu zuten. 1915ean, adibidez, Pichichik aurkezpen-paseoa egin zuen Bilboko Prentsa Elkartearen aldeko jaialdi batean, Jose Mª Mateosekin (“Alegrías” sinatzen zuen zezenketa-kritikari bat) eta Julio Uruñuela margolariarekin batera. 1916an, Germán Echevarría “Maneras”ek Vista Alegre-n toreatu zuen. Arrueri berari ere barruraino sartu zitzaion zezenketaren harra, 1908an, Andaluziara Aste Santua eta Apirileko Feria ikustera egindako bidaia baten ondoren. Hala, 1909ko urriaren 17an, apustu bat tarteko, zezenketarien traje distiratsua jantzita atera zen jada desagertua den Indautxuko Zezen Plazan, Nemesio Mogrobejo eskultorearen lehengusuarekin batera10. Arruek nobillada batzuk gehiagotan hartu zuen parte, baina, batez ere, zezenketa- programak iragartzeko kartelak egin zituen, asko eta originalak.

Kirolen inguruko margolanak edo eskulturak edo kirolari handien irudiak eta erretratuak genero artistiko zaharrenetako bat izan arren (labar-pinturan ere ehizaldiak margotzen ziren; eta atleten eskulturak ohikoak ziren antzinako Grezian), XX. Mendean ez ditugu hainbeste aurkituko. 1937an, Antonio Berni argentinarrak11 New Chicago Athletic Club margotu zuen, zeina New Yorkeko Arte Modernoko Museoan dago 1942tik 18. irud., 188. or.)12. Bernik, Arruerena ez bezalako estilo batekin bada ere, adiskidetasunaren eta talde-balioen gaineko uste sendo hori bera —laneko team baten handitasuna— azpimarratu zuen bere obran.

José Arrue gure dokumentalista handietako bat da, bai hiriarena, bai elizateena, XX. mendeko Pieter Brueghel moduko bat. Bilbon jaio zen, 1885eko irailaren 1ean. Bizkaiko Institutuan ikasi zuen, eta Antonio María de Lecuona margolariaren eskoletara ere joaten zen. 1905ean, Parisera joan zen, anaia Alberto Arruerekin batera, eta pintura-eskolak hartu zituen La Grand Chaumière akademian. 1908an, Bilbora itzultzean, kolaborazio-lanak egiten hasi zen hiriko aldizkari eta egunkarietan.

Zabalgunean estudio bat ireki zuen, Gustavo de Maeztu margolariarekin batera. 1910ean, Segunda Mendizábal Rotaeche orozkoarrarekin ezkondu zen, eta Gerra Zibila amaitu zenetik aurrera Orozkon bizi izan zen, 1977an hil zen arte. 1911n, Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen. 1913an, Parisera joan zen, bere familiarekin, eta han bizi izan zen Lehen Mundu Gerra hasi zen arte.

Arrue ez zen elizateetako baserri-giroaren karikaturagile soila izan, Bilboko hiriaren eta biztanleen erretratugilerik onena baizik. Haren erretratatzeko moduak betikotu egin zituen Athleticen edo Sportingeko arrakasta une haiek, bai kirolaren bai kirol- munduko jendearen koloretako erradiografia bat eginez. Dudarik gabe, bera dugu Euskal Pinturaren garai guztietako margolaririk pertsonalenetako bat.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Ikus Javier Novo González-en azterlan bikain hau: Los Zamacois de Bilbao, una saga de artistas. BBK, Bilbo, 2010, 62. or. Bestalde, Madrilgo La Ilustración Española y Americana aldizkariaren 1875eko abenduaren 22ko aleak honela dio 397–39. orrialdeetan: “397. Orriko grabatuak, Anselmo de Guinea bilbotar pintorearen krokis baten gainean eginda dagoenak, establezimendua barrutik nolakoa den irudikatzeko ideia bat ematen digu: berritik eraikitako era horretako lehen establezimendua da Espainian”. [itzuli]
  2. “An expression of liberty and belonging”. This Sporting Life: Sport and Liberty in England, 1760–1960, Oxford University Press, Oxford, 2020. [itzuli]
  3.  1902ko udaberrian, Alfontso XIII. aren adin nagusitasuna ospatzeko, lehiaketa nazional bat jokatu zen, Koroatzearen Kopa izenekoa, Errege Koparen aitzindaria izan zena. Athletic Clubek eta Bilbao F. C. taldeak talde konbinatu bat sortu zuten, Bizcaya, bai eta kopa eskuratu ere, Bartzelona F. C. taldeari 2 eta 1 irabazita, Castellana- ko hipodromoan, Madrilen. 1914ko maiatzaren 10ean, Athleticek 2 eta 1 irabazi zion Bartzelonako Español taldeari, Irungo Racing Klubaren zelaian, eta Espainiako txapeldun geratu zen. Athleticek hiru Errege Kopa irabazi zituen jarraian, 1914, 1915 eta 1916. urteetan. [itzuli]
  4. 1909ko Gabonetan, Athletic Madril taldeko jokalari batek, Juan Elorduy hegaleko eskuinak, Southampton-en Bilborako itsasontzia hartu baino lehen, hiri hartako taldeak erabiltzen zituenak bezalako berrogeita hamar elastiko eskuratu zituen, zuri-gorriak. Gero, horietako hogeita bost Bilboko taldearen egoitzan utzi zituen, eta beste erdiak Athletic Madril taldeari eraman zizkion. Ingalaterran ezin izan zuen aurkitu ordura arte erabiltzen zuten elastiko zuri-urdinaren (Blackburn Rovers taldeak oraindik ere erabiltzen duena) behar adina ale. [itzuli]
  5. Ez da William Barnes (Londres, 1879–1962) Athleticek Britainia Handitik Bilbora ekarritako lehen entrenatzailea. Beste bat egon zen aurretik. Barnes hogeita hamabost urteko gazte bat zen orduan, Sheffield United, West Ham, Luton Town eta Queens Park Rangers taldeetan ibilitakoa, hegaleko gisa jokatuz. Barnes Bilboko hiriaren estiloko familia batetik zetorren: aitak portuan egiten zuen lan, eta amak itsasoz haraindiko produktuak saltzen zituen janari-denda bat zuen. Enpresa siderurgiko bateko taldean hasi zen jokatzen: Thames Ironworks F. C. Haren anaia, Alfred Barnes, politikari sozialista izan zen, eta Garraio ministro izatera iritsi zen. Manuel Ansoleaga Athletic Madrilera pasatu zen gero; taldea 1903ko apirilaren 26an jaio zen, Athletic Clubaren filial gisa: “La Sucursal” delakoa Madrilgo Sociedad Vasco-Navarra elkartean sortu zen. Bertan, besteak beste, hauek zeuden: Manuel Allendesalazar, gero Ministro Kontseiluko buru izan zena eta Madrilgo alkate izatera iritsi zena; Raimundo Moreno Aranzadi, “Pichichi”-ren anaia nagusia; Ignacio de Gortázar, Superundako kondea; Alberto Zarraoa, bost urte geroago Athleticeko presidente izango zena; Juan Murga; Juan de Zavala; Dario de Arana Urigüen, Madrilgo atezaina izandakoa; eta Enrique Goiri, diruzaina. Sociedad Vasco- Navarra elkartean (La Cruz kaleko 25. zenbakian zuen egoitza) Pilsen garagardoa zerbitzatzen zen, Bilboko zaleek estimu handitan zutena. [itzuli]
  6. Cecilio Ibarreche (1892–1961): atezaina. Titularra izan zen ondoz ondoko Kopako hiru finaletan. Ondoren, kirol-epailea izan zen, eta kirol-denda bat izan zuen. Aurrerago, tailerretako burua izan zen Sestaoko La Navalen. Luis Hurtado (1890–1950): ezker hegaleko atzelaria. Hemezortzi denboralditan aritu zen taldean, eta 83 partida ofizial jokatu zituen, errekor handia garai hartarako. Luis Maria Solaun (1893–1955): eskuin hegaleko atzelaria. Plentziakoa zen, industria-ingeniaria; Rosa Solaunek Arrueren Erromeria Arrankundiagan (Romería en Arrankundiaga) erosi zuen, 1922an. Luis Iceta (1890–1966): erdiko atzelaria. Taldeko kapitaina izan zen, eta, gero, hautatzaile nazionala. Esteban Eguía Hormaechea (1890– 1966): erdilaria. Getxokoa zen, eta 42 partida ofizial jokatu zituen. Severino Zuazo (1893–1980): eskuin erdilaria. Ingeniaria zen, Secundino Zuazo arkitektoaren anaia. Jose Maria Belausteguigoitia (1889–1964), erdilaria, abokatua izan zen, Espainiako selekzio mitikoan parte hartu zuen Anberesko 1920ko Olinpiar Jokoetan (zilarrezko domina); Dolores Zuloagarekin (Ignacio Zuloaga margolariaren ilobarekin) ezkondu zen. Ramon Belausteguigoitia (1891–1981): eskuin hegaleko aurrelaria. Zuzenbide eta ingeniari agronomo ikasketak egin zituen, Londresen. Mexikora joan zen gero. Rafael Moreno “Pichichi” (1892– 1922): ezker hegaleko aurrelaria. Jokalari azkarra eta erasokorra, Arruek bere margolanean irudikatu baino askoz txikiagoa. Oso gogor jotzen zion baloiari. Germán Echevarría (1891–1966): bigarren eskuin hegaleko aurrelaria. “Maneras” deitzen zioten, zelaian mugitzeko eta espazioak irekitzeko moduagatik. Alfonso “Apón” González Gorbeña (1890–1946): bigarren ezker hegaleko aurrelaria. Maltzurkeria eta gol sen handiko jokalaria. Oso jotzaile ona. [itzuli]
  7. 1926an, Athleticek busto bat eginarazi zuen haren omenez. Geroztik, San Mames bisitatzen duen klub berri bakoitzak lore-sorta bat utzi behar du haren azpian, omenaldi gisa. Bustoa, brontzezkoa, Quintín de la Torre (1877–1966) eskultoreak egin zuen. Izan ere, oso ondo ezagutzen zuen jokalaria. [itzuli]
  8. 1998ko maiatzaren 12an, Bilboko Rekalde Aretoan, Athletic Club 1898- 1998: artea katedralean erakusketa inauguratu zen, Athleticen mendeurrena ospatzeko. Hori dela eta, Ibaiganeko egoitzako bulegoetatik atera ziren José Arrueren bi koadroak: San Mamesko lehen futbol zelaia (1913) eta Athletic Club taldea (1915), Aurelio Artetaren Idilioa sport zelaietan margolanaz gain. [itzuli]
  9. Jon Agirianoren artikulu eder batean, esate baterako, denak etxe onekoak zirela adierazten da: “Apón taldeko gol-ehiztari oportunista zen. Eguía, berriz, lapa bat: zurgin-lanean erakusten zuen ardura berberarekin aurkariak indargabetzen zituen langile zorrotza. Etxe oneko unibertsitario gazteen talde hartan —jokalariek bi pezetako kuota ordaintzen zioten hilean klubari—, bera zen eskulangile bakarra”, El Correo, 2009ko apirilaren 26a. [itzuli]
  10. Nobillada hau Mariano Ponce “Cocherito de Murcia” ospetsuak prestatu zuen. Ordurako utzia zion toreatzeari eta zezenketa munduko enpresari gisa jarduten zuen, Antolín Arenaza “Recajo” ahaldunaren laguntzarekin. Cocheritok antolatutako zezenketetako subalterno batzuk toreatzaile handiak izatera iritsi ziren: Castor Jaureguibeitia “Cocherito de Bilbao” eta Rufino San Vicente “Chiquito de Begoña”, besteak beste. Zezenketa-kartelei dagokienez, Alejandro de la Sotak zioen 1850az geroztik zeudela halako kartelak. Ikus, horretarako, Alejandro de la Sotaren Cuando Guiard llamaba “fiera” a “Lagartijo”, Editorial Vasca, Bilbo, 1957, 26. or. Christian August Fischer bidaiari alemaniarrak (1771–1829), 1797 eta 1798 urteetan Espainia bisitatu zuenean, hiribilduko pasealekuak eta erromeriak ez ezik Bilboko zezenketak ere goraipatu zituen. [itzuli]
  11. Antonio Berni margolaria (1905–1981). Rosarion jaioa. 1936an, Buenos Aireseko Almagro auzora joan zen bizitzera bere lehen emazte Paule Cazenave eskultore frantziarrarekin eta Lily alabarekin. Bere lantegi-etxe berrian, Rivadavia-ren parean, auzoko mutilez osatutako futbol-talde hau margotu zuen, olio-pintura erraldoi batean (184,8 x 300,4 cm), Club Atlético Nueva Chicago izenburuarekin. [itzuli]
  12. Margolana Lincoln Kirstein-ek erosi zuen, 1942an, AEBetako Amerika Arteko Gaietarako Bulegoko buru Nelson Rockefellerren aginduz Hego Amerikara egin zuen bidaia batean. Bidaiak iraun zuen bost hilabeteetan, zazpi herrialde bisitatu zituen. Rockefellerrek Hego Amerikara joateko eta MoMArako artea erosteko eskatu zion Kirsteini, eta, aldi berean, Bigarren Mundu Gerran Hego Amerikako herrialdeen leialtasunak egiaztatzeko. Kirsteinek 150 artelan inguru erosi zituen bidaia horretan, horietako batzuk bere bilduma propiorako. [itzuli]