Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Arrue - Erromeria

Kosme de Barañano

Izenburua:
Arrue - Erromeria
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Folklorea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Konposizioa | Gizarte-kronika | Nekazariak artean | Karikatura | Paisaia | Landa-eszenak | Euskal Eskola | Dantza | Dantzariak | Euskal Herria | Bilbo | Bizkaia | Musika | Musika-tresnak | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Kostunbrismoa | Modernismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Arrue Valle, José

Lehen aretoan elkarren aurrez aurre landu ditugu José Arrueren bi koadro, Athletic Club taldea (Equipo del Athletic Club) eta Estropadak Abran (Regatas en el Abra). XX. mendearen hasierako Bilbo osatzen zuten gizartearen eta pertsonaien koloretako bi erradiografia dira, une hartako aisiaren adierazpenak ziren bi kirol-praktikatan. Azken areto honetan, Arruek landaldeko munduaz zuen ikuspegia aztertuko dugu, hau da, herriena edo elizateena, herriko jaien garaian; beste aisialdi mota bat da, erromeria eta dantza bezalako jardueren bidez islatzen dena.

Alde batetik, Arrakundiagako erromeria (Romería en Arracundiaga), 1919koa eta, bestetik, Jai herrikoia, 1926koa, antzeko tamaina duten bi obra, bi metrotik gorako luzera dutenak: festa bat itsasaldean eta beste bat mendialdean. Herri-festa muino batean gertatzen da, balkoi luzeak dituen etxe baten ondoan, Bermeoko Almike auzoan; handik, behean, herriko portua eta, atzean, Izaro uhartea eta Ogoñoko lurmuturra ikus daitezke, azken hau Lagako hondartza babesten duela. Eszena ezkerretik ixten da etxe balkoidun batekin; etxearen ondoan bolatoki bat dago, beheraxeago dorretxe bat bere ojiba-leihoarekin, eta, konposizioaren beste aldean, eskuinean, haritz lodi sendo batzuk. Zuhaitz horien azpian karpa bat dago, taberna-eginkizuna betetzen duena, eta, lehen planoan, mahai bat, zapiarekin; mahai horren aurrean, emakume bat sukaldean ari da, lurrean, bi buztinezko kazola eta kobrezko eltze handi batean. Zuhaitz eta harrizko arkitekturaren artean berrehun pertsonaiatik gora ageri dira. Batzuk hizketan, beste batzuk begira, bat zahatotik ardoa edaten eta beste batzuk, gehienak, jota bat dantzatzen, kiosko goratu soil batera igota dauden bi txistularirekin. Itsasoko eta mendiko plater gisa prestatu digu Arruek veduta hau, zapore-sorta berezi samar batekin: hiriaren gogortasuna, itsasoa besarkatzen duten kaiekin, eta muinoen berdea festan.

Aurrez aurre jar genitzake koadro hau eta Erromeria Arrankundiagan (Romería en Arrancudiaga), azken hau mendi-mendiko platera delakoan, belardi eta muinoen berdeen sorta zabala biltzen duena1. Hemen zelai batean egiten ari den erromeria bat ikusten dugu, eta zelaitik, atzea emanda, Arrankudiagako eliza eta bere kanpandorrea ikusten dira; elizaren ondoan, Elexondoko bolatoki estalia. Erromeria seguruena Uribarri auzoko zelaian gertatzen da; atzealdean mendi batzuek ixten dute konposizioa. Ganekogorta mendia da, eta etxe-multzoak Basakoetxe, Zollo eta Markioko auzoak dira. Haritzak, eskuinean, nolabait ere ezkutatu egiten du Abrisketako San Pedroko ermita izan litekeena, gure lurretako harizti paganoaren lehen tokietako bat. Jendeak, seguru asko, San Pedroren zaindariaren jaia ospatzen du Uribarriko auzo honetan. Ezkerreko etxetzarraren ondoan bolatoki ireki bat dago, eta, eskuinean, karpa bat edariekin; lehen planoan, berriz, emakume zahar bat sukaldean ari da lurrean. Erromeriaren eta Arrankudiagako herriaren artean lerratzen dira, lehenbizi, makal-ilara bat eta, ondoren, zumar-ilara bat, auzoa eta hirigunea bereizten dituztenak, Nerbioi ibaiaren ibilgua adieraziz. Hemen ere berrehun pertsona baino gehiago daude, xehetasunez landuak, pertsona bakoitzaren banakotasuna edo nortasuna islatu nahi balitz bezala. Festak alderdi asko ditu: boloetan ari direnak, edanean, janaria prestatzen dihardutenak, begira daudenak eta dantzan ari direnak. Azken horien artean ere bi talde nahasten dira, bata erdian kokatua, aurreskua biribilean dantzatuz, galtza zuriz eta jaka beltzez jantzitako txistulari bati jarraituz, eta, ezkerrerago, jende gehienak jota dantzatzen du eskusoinu baten eta klarinete baten doinuari jarraituz.

Arruek konposizio horren zati bat errepikatu zuen Erromeria Orozkon (Romería en Orozko, 1921) lanean. Elizak, kanpandorreari erreparatua, Orozkoko San Pedro Muruetakoa dirudi. Konposizio gisa errepikatzen du, baina ez figuranteei dagokienez, bakoitzak bere nolakotasuna baitu. Beste koadro bat da, beste herri bat eta beste gizabanako batzuk, nahiz eta dantzak berberak izan.

Alde horretatik, Arrueren pinturak norbanakoez, esentzia bereziez, tradizio komun batean bizi diren izaki bakarrez hitz egiten du, baina beren leku jakinetan eta beren soinu jakinarekin. Esan dut gorago Arrue zezenketen kartelgile bikaina izan zela.

Txistularien eta musikaren kartelak ere egin zituen. Arruek badaki instrumentista bakoitza berezia dela; berezia eta bakarra da. 1927ko Donostiako Euskal Asteko kartelean —Kale Nagusiko itzalean, Koruko Andre Mariaren fatxada barrokoari irekitzen zaiola— aizkolari bat eta txistulari bat kontrajartzen dira; beren banakotasunean kontrajartzen dira, eta jakinaren gainean daude. Erretratuak ere jakinaren gainean zeuden, ez baitzuten obra haietan karikaturarik ikusi, banakotasuna baizik.

Horixe iradokitzen du Arrueren pinturak. Arrueren koadro horietan guztietan beti agertzen da txistulariaren irudia, hau da, txistua eta danbolina batera jotzen dituen musikaria, herrietako festetan dantza gidatzen zuena, eta baita hirian ere, Manuel Losadaren Terentzio jauna eta Txango, txistularia (Don Terencio y Chango, El txistulari) (278–79 or.) koadroaren analisian azaldu dugun bezala.

Hiriko nahiz herrietako erromeriei buruzko lekukotasunak era askotakoak dira. Bizkaia 1797an bisitatu zuen atzerritar batek, Würzburgeko Unibertsitateko Christian August Fischer irakasle alemanak (1771–1829), honela dio: “Erromeria Bilbo osorako jai bat da, eta ikusleak ez dira dantzariak baino gutxiago, orokorra baita dibertsio mota horrek eragiten duen zaletasun bizia. Dantzalekua, oro har, zuhaiztien itzalean egoten da, txakolindegi batetik gertu2”.

Jai hauetan, izan patroiaren egunekoak edo izan urteurren-jaiak, ez zen bakarrik txistuaren hotsarekin dantzan egiten, beste instrumentista batzuek ere parte hartzen zuten, Modesto Lafuente historialariak bere Fray Gerundio egunkariko “Capillada estraordinaria. Bilbao, 24 de Agosto de 1842” izeneko kronikan adierazten duen bezala. Hartan dantza luzeak eta dantza laburrak bereizten ditu Bilboko erromerietan. Arrueren koadroan talde bat ikusten dugu, txistuaren eta danbolinaren hotsean, dantza luzea egiten duena, aurresku izenekoa, eta beste alde batean, nahasiago, beste batzuek jota moduko bat dantzatzen dute3.

Urte batzuk geroago, 1880an, Juan Mañé y Flaquer katalanak —El Oasis: viaje al país de los fueros liburuan egiten duen gure lurren deskribapenean— txistuaren soinua gogoratzen du lorategi batean, “Eliseo zelaien moduko zerbait, non, sarrera merke samar baten truke, Bilboko eskulangileak dantzatzera joaten baitira”. Eta kontatu digu publiko jakin bat dagoela Udaleko txistulari ofizialarentzat, eta beste leku batzuetan, berriz, jende gazteenak polkak dantzatzen omen ditu orkestra moderno baten hotsean. Eta hurrengo urteetan integrista batek, Arturo Campión nafarrak, egingo duenaren antzeko gogoeta bat egiten du. Konklusio honetara heltzen da Mañé: “Nik ere tristeziaz begiratu nien bi zelaiei, dantza exotikoak dantzatzen ziren leku jendetsu biziari eta, erabateko bakardadean, Txangok bere maisutasun ezin eztabaidatuzkoa agertzen zuen basamortuari, eta nire modu esaten nuen: ‘Hark akabatuko du hau’4.

Sarasateren 1909ko biografia baten hitzaurrean, Campiónek hau idatzi zuen:

“Independentziaren gerran Nafarroan sartu zitzaigun Jainkoaren jotatxo hori, txiki-txiki egiten ari da gure antzinako txistuak eta atabalak, gerrako gizon-dantza kementsu eta zeremoniatsuen inspiratzaileak”5. Eta gero —El último tamborilero de Erraondo izeneko 1917ko narrazioan—, erabat negatiboa da herrietako dantzei buruz duen ikuspegia6.

Antzeko ikuspuntu-akatsak sumatzen ditugu funtzionario gisa diharduten egungo zenbait hizkuntzalarirengan7.

Hau da, ehun urte geroago, desitxuratze historikoa aurkitzen dugu berriro, oraingoan beste ikuspuntu batetik —ustez “ezker inkonformista” baten ikuspuntutik—, baina, funtsean, modu berean bidegabea Arrueren pinturarekin eta munduaz duen ikuspegiarekin, izan Bilbokoa, izan herri txikikoa. Mañéren iritziz, orkestrak jotako polka bat da tristea; Campiónen iritziz, jota edo arin-arina da tristea, lizuna baita, eta espainiar nazionalismoaren aliatua; egungoarentzat, berriz, arin-arina antisistema da eta aurreskua, ostera, kapitalismoaren dantza. Ezin dira handiagoak izan aurreko oharrean aipatutako horrek testu labur batean dituen kontraesanak. Autoreak berak dioenez, “[eskusoinua] Juan Bautista Buscaren eskutik (1839–1902) iritsi zen lehen aldiz Euskadira. Piamonte italiarrean jaioa zen Busca, eta Gipuzkoara trenbideko obretan lan egitera iritsi zen —espezialistak ziren horretan piamontetarrak, Alpeetako tunelgintzan zuten esperientzia zabalagatik—, eta Zumarragan jarri zen bizitzen 1864an”. Orduan, lehenik Zumarragara iritsi bazen, Bilboko hirigunetik nola zabaltzen da? Eta nola liteke Fischer alemanak jota entzun izana 1797an jadanik? Bestalde, biribilketa kontradantza edo kalejira gisa ere ez du ulertzen, gaizki interpretatuz berak gomendatzen duen Ignacio Ansorenaren saiakera bikaina8.

Bidaiari Fischerrek berak hain zuzen ere –lehen aipatu ditudanen aurreko lerro batzuetan–, gizonen eta emakumeen fandango bat deskribatzen du, eta ez du maleziarik ikusten, dantzaren eta musikaren funtsezko errespetua baizik bizkaitarren aldetik. Iñaki Irigoien musikologo bikainak ere esan du garai batzuetan jota ez zela lizuna, aurreskua bera baizik9: “Begoñan ere gertatu dira horrelako dantza ‘lizun’ baten aurreko erreakzioak, Bilboko alkateak, Ramón de Arronategui jaunak, 1880ko urriaren 6an Bilboko artzapezpiku Prudencio Aguirreri idatzitako gutun batek frogatzen duenez, bigarrenaren aurreko gutun bati erantzunez. Hartan aitortzen du nola ‘aurresku batzuk dantzatu ziren, egia, Elizate honetako plaza publikoan, bertan egin zen nobilladaren ondoren’, eta eransten du, ‘Baina nola idatzi horretan jakitera ematen den hotsa heldu zaiela auzotar prestu hauei datxezkien lotsari eta moraltasunari huts egin diotela, neure burua behartua ikusten dut zentzu honetan, okerreneko asmoarekin inondik ere, berorri eman ahal izan zaion kalumniazko albistea guztiz gezurtatzera; izan ere, abagunea izan nuen, Artzipreste jauna, Udaletxeko Aretotik Plazan gertatutakoa ikusteko”.

Javier González de Duranak azpimarratu duen bezala: “José Arruek ez zituen baserritarrak hartu esentzia patriotikoen eramailetzat, ezta balio etniko aldaezinen zaindaritzat, galzorian dagoen mundu bateko zaindari larri eta solemnetzat. Ez, inola ere ez. Inolako idealismorik gabe goraipatu zuen Arruek baserriko bizimoduaren zoriontasuna, eta bai, ordea, gizatasun handiz. Dantzak, erromeriak, lagun-taldeak kantari, edaten, barrez…, une iheskorra bere betetasunean eta oharkabetasun-pixka batez biziz; eszena horietan, kolektibitatearen zalaparta alaiaren aurrean jasotzen du gaizkileak zigorra, eta oharkabetasun handitxoz jokatzen duenak (edatean, adibidez) ez du penarik eragiten, barre txeratsua baizik. Baserritarrek nahiko sinpleak dirudite, baina kapazak dira hiriko jauntxo prestuari lotsagorrituko duen kolpe irribarretsu bat emateko, mendeetako jakinduria eta zuhurtasuna biltzen dituzten keinu disimulatuekin”. Zentzu berean idatzi zuen Juan Plazaolak: “Funtsean edukia interesatzen zaio José Arrueri. Gaia, José Arruerentzat, ez da inoiz aitzakia, artista askorentzat izan den bezala. Bere estiloaren elementu inspiratzaile bat da funtsean gaia Arruerentzat: euskaldunaren tipo etnikoa, adin, sexu eta konplexio desberdinetan; jokoak eta kirolak, jaiak, profanoak nahiz erlijiosoak, istorio zelebreak, eta, oro har, euskal herritarren bizitza sozialari dagokion guztia; eta, batez ere, haren umore-sena piztu dezakeen guztia. Gai kostunbrista eta etnografikoarekiko interes horrek, estiloaren ikuspuntutik, formari funtsezko garrantzia ematera darama. José Arrue komikiaren aitzindaria da.

Marrazkilari eta karikaturista handia izanik, bazekien antz ematen pertsonaiaren, talde baten, jai sozial baten arimari bere arkatz zorrotzarekin. Ikus bedi, adibidez, nolako maisutasuna zuen marrazki sintetiko baten bidez baserritar atsoen jarrerak definitzeko. Gouachearen teknika egokia da forma horien definizio zehatza emateko, kolorez estaltzen baititu lineek aurrez definitutako konposizio-eremuak; horri esker, koadroari edergarri-tankera bat ematen zaio, halako erresonantzia sinbolista batekin”10.

José Arruek beti ospatu zuen txistulariaren pertsonaia bere koadroetan musikaren eta ordenaren ordezkari naturala zelakoan. Eta errespetua elkarrekikoa izan zen, txistulariek ere Arrue biziki estimatzen baitzuten. 1928ko maiatzean José eta Ramiro Arruek Argentinara bidaiatzea erabaki zutenean, Euskal Artisten Elkarteak afari bat eskaini zien, Begoñako danbolinteroek girotua, han jo baitzuten, eta jaso ziren atxikimendu guztien artean Euskal Herriko 200 txistularik bidalitako gutun bat ere izan zen11.

Bere lehen eleberrian, Paz en la Guerra (1897), Unamunok aurresku bat deskribatzen du, eta honela laburbiltzen du erromeriaren espiritua: “Hantxe, aire zabalean, zelai berdearen gainean, eta mendi lasaien artean, bere zentzu osoa hartzen zuen dantzak; gorputz-mugimenduen ereserkia zen, erritmoaren desira primitiboa eta graziaren iturri bizia. Dantza hura, han, herri txikian, lanaren arazketa zen, kemenaren holokaustoa”. Arruek osotasun gisa hartzen du erromeria, eta benetako istorio bat balitz bezala laburbiltzen saiatzen da, espazio erreal baten barruan. Oso pintura landua da, oso eraikia eta bere baitan oso itxia, Pieter Bruegel Zaharrena eta haren baserritar flamenkoen irudikapenak izan daitezkeen bezala. Haren koadroak nekazari- kultura desagertu horren leihoak dira, XVI. mendeko antropologia fisiko eta sozialaren lekukotasun ikonografikoa. Arrueren irudi ñimiñoak ez dira inpresionistak, arrunt errealistak baizik, baina multzoa herrixkaren errealitatearen inpresio izoztua da. Ez du norbanakoa masan abandonatzen; aitzitik, erreskatatu egiten du, giza ukitu bat ematen baitio jendetza margotzean.Antropologiaren hedapen adierazgarri bat eskaintzen du: zibil ugari, batzuk banaka marraztuak; beste batzuk, ospakizun- erritualetan tartekatutako silueta eskematiko hutsak; eta hori guztia, beti batasuna eta baikortasuna adierazten duen espazio konprimitu baina partekatu batean.Arruek egiten duen herri txikiko edo elizatezko bizitzako erritualen irudikapena —nekazaritza, baserriak, bazkari oparoak, musika, dantzak eta jokoak barne— konposizio bereziak dira, narrazio-talentuagatik eta espazio-batasunagatik, batasun horrek toki jakina gainditu eta lurraldean kokatzen baita. Erromeria-koadro horietan, aurrean duen mundua deskribatzen du Arruek, ontasunez eta bere pentsamendu bisualaren kalitatearekin. Arruek ez du soziologia merkerik egiten, Arruek konposatu eta deskribatu egiten du: erromeria horietan denak elkartzen dira, txistuak eta akordeoiak, gizonak eta emakumeak, haurrak eta zaharrak, agintari edangabeak eta baserritar edanak. Bat eginda, elkarrekin bizi dira denak.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1.  Koadro hau Euskal Artisten Elkartean jarri zen ikusgai 1920an, eta Arrue senideek Argentinara eraman zuten 1928an egindako bidaian. Ondoren Rosa Solaunek erosi zuen, zeina jatorriz eskualde horretakoa baitzen eta bere familia Amurrioko farmaziaren jabea zen. Bilboko Arte Ederren Museoak Erromeria bat du (olio-pintura taularen gainean, 45,5 x 56 cm), eta beheko eskuineko angeluan pintorearen profila agertzen da marraztua, ikusleari bizkarra emanez eta eszenaren zati nagusiari begira, eta, haren aurrean, Alberto anaia, olanazko karpa baten azpian eserita biak. Obra hau Laureano de Jadok, bere bildumako beste pieza baliotsu batzuekin batera, 1926an dohaintzan eman zion Arte Ederren Museoari. De Jadok 1.000 pezeta ordaindu zizkion artistari 1908an. [itzuli]
  2.  Jatorrizko testua: “Eine ‘Romeria’ ist ein Fest für ganz Bilbao, und der Zuschauer sind fast nicht weniger, als der Tänzer, weil die Leidenschaft für dieses Vergnügen allgemein ist. Der Tanzplatz ist gewöhnlich unter schattigen Bäumen in der Nähe eines Weinhauses”, hemen: Christian August Fischer, Reise von Amsterdam über Madrid und Cadiz nach Genua in den Jahren 1797 und 1798. Nebst einem Anhange über das Reisen in Spanien, Johann Friedrich Unger Verlag, Berlin, 1799; frantsesezko itzulp.: Voyage en Espagne, aux années 1797 et 1798 […], itzultz. Ch. Fr. Cramer, 2 ale., Duchesne & Leriche, Paris, 1801 (IX. urtea); inglesezko itzulp: Ausgabe: Travels in Spain in 1797 and 1798, T. N. Longman & O. Rees, Londres, 1802. Bada gaztelaniazko bertsio bat duela gutxi argitaratua: Viaje de Ámsterdam a Génova pasando por Madrid y Cádiz en los años 1797 y 1798, argit. Hiltrud Friederich-Stegmann, hitzaurrea Carlos Martínez Shaw, Pubicaciones de la Universidad de Alicante, 2007. “Descripción de Bilbao en el verano de 1797” atalaren Estudios Vizcaínos aldizkariko bertsioa jarraitu dut, 7–8 zk., Bilbo, 1973. [itzuli]
  3.  Fray Gerundio erredaktore bakarraren egunkaria izan zen (1837– 44), Modesto Lafuente historialariarena (1806–1866), Mariano José de Larraren epigonoa, zeinak aita Islaren izen bereko eleberriaren izenburua hartu baitzuen. Lafuentek kazetaritza satiro-politiko eta kostunbrista egiten zuen, jarrera ideologiko liberal eta antikarlista batetik. Frai Jose Zulaika, Aita Donostia musikologoak heldu zion berriro Gerundioren kontakizunari 1955eko saiakera batean, “Fray Gerundio”, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Aldizkarian argitaratu zen, XI. urtea, 1955, 3–4 zk. koadernoak. [itzuli]
  4.  “Yo también miré con tristeza los dos campos, el concurrido y animado sitio donde se bailaban los bailes exóticos y el desierto en que, ante una soledad absoluta, el Chango lucía su indisputable maestría, exclamando para mis adentros: ‘Aquello matará esto’”. Juan Mañé y Flaquer, El Oasis: viaje al país de los fueros, V. alea, Bartzelona, 1880, 148. or. [itzuli]
  5.  Julio Altadill, Memorias de Sarasate, Imprenta de Aramendía y Onsalo, Iruñea 1909, XIII. or. Arturo Campiónen gutun-hitzaurrea Iruñeatik bidalia da 1909ko maiatzaren 19an. Bere “El último tamborilero de Erraondo: la aculturalización psicológica y física de Navarra” saikera bikainean – hemen: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 28. urtea, 67. zk., 1996, 103–14 or.–, honela laburtzen du José Javier López Antónek Campiónen pentsamoldea: “Musikaren aldetik, sumatzen da jota elementu kaltegarria izan daitekeela Nafarroako kulturarentzat. Independentzia-gerrako unitarismo afektiboarekin batera sortu zelarik, Nafarroko lurretan girotutako musika-aldaera berria, hala dio, nazionalismo espainiarraren aliatu beldurgarria bihurtu zen. Campiónen pentsamoldean, jota gaztelaniazkotze afektibo eta psikologiko baten, gaztelaniazkotze erreal baten sinonimoa da, Nafarroaz jabetu den euskal folklorearen aurrez aurrekoa.”. [itzuli]
  6.  “El último tamborilero de Erraondo”, hemen argitaratua: Euskariana (seigarren saila) Fantasía y Realidad (bigarren alea), Imprenta de García, Iruñea 1918, 145–47. or. Ipuina Iruñean sinatua dago, 1917ko urtarrilaren 5ean, eta Juan Antonio de Donostia musikologoari eskainia. Arturo Campióni (1854–1937), zeina poeta, katedraduna eta Euskaltzaindiaren lehen zuzendaria izan baitzen, 1930. urtean aitortu zioten bere ikerketa filologikoen balioa, Eusko Ikaskuntzak, Resurreccion Maria Azkuek eskatuta (1864–1951), omenaldi bat eskaini zionean. [itzuli]
  7.  Zenbait oker eta zehaztasun-falta nabaritu genituen Félix Mugurutzaren jarduera historiografikoan haren Deia blogs-eko (El Arca de no sé), “El arin- arin y el conficto social en una romería de Arrue” artikuluari heldu genionean, eta, okerrez gainera, aipatzen ez dituen egileen balizko erabilera, nola diren Hilario Olazarán eta Carmen Rodríguez Suso; “La creación del baile al suelto vasco” (2012) artikuluaren irakurketa gomendatzen du, José Ignacio Ansorena ikerlari, txistulari eta artistarena, eta harengandik informazioa erruz hartzen du, baina oker interpretatuz. Nolanahi ere dela, aurreiritziak dira okerrena, Estanislao Urquijori buruz idatzi dituen lerroak direla-eta. Adibidez: “Baina, era berean, koadroaren izkina batean, haren izaera marjinala are gehiago sendotuz, gazte batzuk erakusten dizkigu, ekintza zentraleko liturgiatik kanpo, dantzan alaitasunez ari direnak, besoak goratuta porru bat edo arin- arin bat dantzatuz, esku-soinuarekin, panderoarekin eta txistulari batekin.

Beren garaiko inkonformismoaren azken ondorioa dira, ezarritako ordenaren haustura, modernitatearen askatasuna, eta ez tradizioa, desiratzen duten antisistemak. José Arrue maisua bezalakorik ez dago elkarrekin talka egiten duten bi mundu horiek xehetasunez –piktorikoa eta historikoa– islatzeko […]. Atzerritik datorren dantza hori hiritan hasi eta urrutieneko auzo bakartietara igotzen da, dantza lotuaren zitalkeriaren olatuari eusten saiatzen direnak. José Arruek 1920an Erromeria margolana margotu zuenerako arin-arina festan integratua zegoen. Baina haren begiak, Bilboko girohiritarrenetiksortuetaBartzelonan, Parisen edo Italian bidaiatua baitzen, badaki bi errealitateak bereizten: tradizionala eta modernoa, iraganekoa etaetorkizunekoa”.itzuli]

  1.  “Biribilketaren jatorri zuzena sei bider zortziko kontradantzan dagoen arren, dantza honetan amaitzen diren beste dantza zaharren antza du: giga, halaxe deitzen dio Añibarrok, eta arrebatua, Frai Bartolomoren hitzetan. Danbolinteroek beren partituretan kontradantza deituko diote XX. mendearen hasiera arte. Badira beste izen batzuk ere, kale-jira, kalez-kale, karrika dantza… baina, azkenean, dantza bera izendatzen dute: pasacalle edo biribilketa”. . José Ignacio Ansorena Miner, “La creación del baile al suelto vasco”, hemen: Jentilbaratz, 14. alea, 2012, 187–219. or. [itzuli]
  2.  Iñaki Irigoien, “El aurresku en Bilbao”, hemen: Bidebarrieta, 1. alea, Bilbao 1996; o en su otro ensayo “Baile al suelto en Euskal Herria: formas populares y evoluciones coreográficas”, hemen: Jentilbaratz, 14. zk., 2012, 15–51. or.; ikus halaber Carmen Rodríguez Suso, “El anacronismo como rasgo dinámico del txistulari”, hemen: Txistulari, 203 zk., 2005eko urria. [itzuli]
  3.  Hemen: https://apps.euskadi.eus/emsime/catalogo/museo-museo-de-bellas-artes-de-bilbao-/autoria-arrue-jose-bilbao-01-09-1885-llodio-alava-05-04-1977-/titulo-romeria-vasca/objeto-pintura-/ciuVerFicha/museo-58/ninv-82/88. Ikus halaber saiakera-lan bikain hau: El Coitao. Mal llamao –zortzi ale satiriko, eztenkari eta beligeranteak, 1908ko urtarrilaren eta maiatzaren artean argitaratuak–. El Coitao egunkarian parte hartu zuen José Arruek: Javier González de Durana, “El Coitao. Mal llamao. Periódico artístico, literario y radical de Bilbao”, hemen: Kobie, n. IX, 1992/93. Plazaolaren aipua https://josearrue.org/, Nati Arruek bikain mantentzen duen webgunetik dator. [itzuli]
  4.  1928ko maiatzaren 2an, José eta Ramiro Arrue anaiak Uruguai eta Argentinan barna abiatu ziren, beren lanak eta baita Alberto eta Rikardoren beste batzuk ere eramanez. Santurtzin ontziratu ziren Sota y Aznar ontzi- enpresaren Atxerri-mendi ontzian, Pedro Sustacha zela kapitaina. Abiatu aurretik, Euskal Artisten Elkarteak, Jenaro de Urrutia buru zuela, agur- bazkari bat eskaini zien lau anaiei, 1928ko apirilaren 28an, Bilbana Elkartean. 80 mahaikide baino gehiago izan ziren ekitaldian (besteak beste, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala, Ángel Larroque, Quintín de la Torre eta Julián de Tellaeche artistak, eta Pedro Mourlane Michelena eta Joaquín Zuazagoitia idazleak). Julián de Tellaechek hitz batzuk eskaini zizkien, eta Begoñako danbolinteroek musika joaz girotu zuten afaria; atxikimendu ugari jaso zen, eta bat izan zen Euskal Herriko 200 txistularik bidalia. 1927an sortu zen Euskal Herriko Txistulari Elkartea, eta 1928an kaleratu zen aurrenekoz bi hilean behin argitaratzen zuen buletina, Txistulari aldizkaria. [itzuli]