Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Hitzatzea

Kosme de Barañano

Izenburua:
Hitzatzea
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Hirigintza | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta pertzepzioa | Artearen historia | Erakusketak | Gizarte-kronika | Hiria | Bilbo | Bizkaia

“Espazioan nire tokia aurkitzeko hura usaindu, ukitu eta ikusi behar dut nire inguruan. Zentzumenen bidez lortutako kokapenaren esperientzia horrek eraikitzen du niretzat tokiaren esperientzia, baina halabeharrez dakarzkit oroimenak. Beraz, ez dago tokirik zentzumenen bidez eta oroimenen bidez bizitzerik ez badago; batzuetan atsegingarriak eta bestetan desatseginak. Nire lehenarekin zerikusia dauka, baita nire arbasoen, lagunen eta etsaien lehenarekin ere; eta horrek oihal moduko bat sortzen du, zeinak gauzek nahiz oroimenak berriro lotzen dituen zatiek soinean baitaramaten, oroimena bera berpizteko. Nire tokia munduan bermatzen duen baldintza da, nire tokia osatzen duten zatien arteko nire tokia.” Joseph Rykwert1

Bilbo eta pintura erakusketa pizgarri on bat izan liteke birus honen eta konfinamendu honen ostean. Pintore hauek ezin hobeto frogatzen dute, Bilbok orduan arrakasta izatea lortu bazuen (XIX. mendeko karlistaldien eta lau kolera-epidemien ondoren), gizarte-klaseen arteko aldeez eta ideologia politikoetako desadostasunez harago bidea elkar hartuta egin zutelako izan zela. Horri zor zaio artista handi hauek izatea.

Erakusketa hau duela 40 urte baino gehiago darabilkit buruan eta oraindik ere gordeta daukat José María de Ucelayk azaleztatutako liburuki bat non erakusketarako gidoia, edukia eta zentzua zehazten diren. 2019ko neguan Woodstocken (New York) bakartua nengoen testu hau idazten, eta XIX. mendean Bilboko hiritarrek garai hartan guztiz hilgarriak ziren izurriteei (kolera tartean) nola aurre egin behar izan zieten (itxialdiak betearaziz, berrogeialdia betetzeko guneak sortuz Galean, itsasontzietan tenperatura neurtzeko neurriak hartuz, eta abar) eta etorkizunerako hartu zituzten osasunarekin nahiz azpiegiturekin lotutako ekimen politikoen berri irakurtzen ari nintzela, ezin imajina nezakeen 2020. urtean gainera zetorkiguna. 2019ko abenduaren 9an erakusketaren egitura in situ aztertzera etorri nintzenean ezin imajina nezakeen nik liburuan aztertzen dudan antzeko egoera batean sartuko ginela handik gutxira. XIX. mendeko Bilbo hartaz ikasi beharrekoa oso sinplea da: eri daudenak zaintzea eta gure jarduerekin aurrera egitea.

Joseph Rykwert arkitektura-kritikariak zera adierazten du 1963an argitaratu zuen The idea of a town: the anthropology of urban form in Rome, Italy and the ancient world liburuan: “Gizakia ez da soilik izatearen alde irekiaren baitan bizi, iraganaren eta orainaldiaren arteko tartean bizi da batik bat, bizidunen eta hildakoen artekoan, irekia dagoena ahaztu ezin duen lurrazpiko egoitza horri esker”. Liburu horretan Rykwertek darabilen tesiaren oinarrizko premisak ez du zerikusik momentu horretako arkeologiarekin eta zera adierazten du: hiriek ez direla jendea arrazoi praktikoagatik biltzen diren tokia baizik eta sinbologia kosmiko eta erritualaren ondorioa. Bigarren edizioaren hitzaurrean Rykwertek aldarrikatzen du bere saiakeraren xedea dela “arkitektoei antza ahaztuta daukaten zeozer gogoraraztea: hiriak ez direla egin behar irtenbide arrazionala emateko ekoizpenak, banaketak, trafikoak zein higieneak planteatzen dituzten arazoak konpontzeko —ezta naturaren edo merkatuaren presioei erantzun automatikoa emateko ere—, derrigorrez kontuan hartu behar direla ere hiritarren itxaropenak eta beldurrak”. Bada lurpeko bidexka bat eraikitzaileen oroimen horretara eramaten gaituena, gure aiton-amonen garaian zabalguneak eta irrikak, merkataritza eta komunikazioak eraiki ziren horretara, historia bizi batera garamana eta hogeita zazpi koadro hauei esker bizi dezakeguna. Izan dadila denontzat erakusketa hau gozatzeko eta gogoeta egiteko bidea.

1800 inguruan jaiotako belaunaldia askotarikoa da, baina bat eginda jardun zuen, eta horrela eratu zuten gerora guk ezagutu duguna. XIX. mendeko berrogeiko hamarkada inguruan “esnatu” zen talde hura, denak ere Zazpikaleetakoak, askotarikoak ziren, esan bezala: nekazarien ondorengoak, hiriko bertako merkatariak, atzerritik merkatari soil gisa etorriak, ahaide nagusiak, lurren eta meategien jabeak, indianoak eta Madrilen karrera egindakoak. XX. mendearen hasieran gailentzera iritsi zen Bilbo hari buruzko nire ikuskerak oinarrizko ideia bat du jatorrian: Guiard, Guinea, Regoyos, Arteta, Arrue anaiak eta belaunaldi hartako artista haiek sortzeko, ezinbestekoa izan zela aldez aurretik etorkizunaren alde egiten duen hiri bat eraikitzea (bazituenak Nautika Eskola, Enpresa Ikasketen Eskola, Bizkaiko Institutu izandakoa, Zabalgunea, portua, trenbide eta trenak, Burtsa, Basurtuko Ospitalea eta abar eta abar).

Bidaiatzea beti hartu izan da ezagutzarako tresna; batik bat, itsasoan zeharreko bidaia. Bilbo itsasoan zeharreko merkatarien herria izan da, eta hori abentura handiagoa da beti, horrelako bidaia bat egiteko asmotan dabilenak bai baitaki, lehenik eta behin, zerumugako aukera urrunago dagoela, eta bigarrenik, arrakala batek bereiziko dituela bidaia aurrekoa eta ostekoa, irteera eta iritsiera, ontziratuko denaren profila eta beste lekuren batean porturatuko denarena. Urrats bat da, eta metamorfosia; arrisku bat da (hartatik babestu egin behar), eta beste salgai batekin itzultzea. Irteerako kaia eta lehorreratzekoa itsasoaren zabalak bereizten ditu, bai, eta orobat ohiturek, legeek, hizkuntzek, bizitzeko moduek. Rykwertek dioen moduan: “Lehenik eta behin, hiri bat errealitate fisikoa da: eraikin, etxe eta eraikin publikoek osatutako multzo handiagoa edo txikiagoa [...] Baina benetako hiria bideak errepide bihurtzen direnean baino ez da hasten2.

Ez da harritzekoa etorritako indianoek itsas merkatariekin enpatia izatea. Haiek ere ontziratu baitziren aberastasun bila, beste norabait. Bihotz-erraietan badakite hasierako bulkada ez zela izan aurretik zehaztutako proiektu jakin bat, baizik eta sakon-sakoneko jakin-min batek piztutako bihozkada bat. Emigrantea Ameriketara bultzatu zuen grina haren tentsio bera sentituko zuen itsasoak zeharkatzen zituen nabigatzaileak, eta tentsio bera ere karga arriskuan jartzen zuen kontsignatarioak. Krisialdi batetik irteteko, “setio” batetik ateratzeko eta etorkizunerako aurrera jotzeko egin beharrekoaren konplexutasuna ulertzeko, begirada berezi bat behar da, egoeraz jabetzeko gogo eta egoera ulertzeko modu bat, eta Lehen Karlistaldiko bilbotar haiek bazuten. Begirada horrek esan zien garbitasuna, zorroztasuna eta diziplina behar zirela beren etorkizuneko planekin eta planoekin hiriaren bestelako marrazki bat egiteko, eta denek elkarrekin lotuta egon behar zutela etorkizunera bidea zabaltzeko. Ulertu behar zuten non zeuden eta egin nahi eta behar zutenaren benetako esanahia zein zen. Baziren artisauak eta baziren merkatariak; baratzeak eta elikagaiak ere hantxe zeuden, ondoko landetan; eta bazen antzinako dirua zeukan jendea, eta diru berri-berria zeukana, Ameriketatik ekarria. Máximo Aguirre eta beste asko ohartu ziren maila horiek guztiak lotzea zela egin beharrekoa. Ekoizteko gaitasuna hementxe zegoen: historiarekiko loturaren ideia irakatsi behar zen, besterik ez; loturaren ideia sustatu, eta erakutsi zer egiten ari ziren eta zertarako, etorkizunerantz joateko.

Zoritxarrez, 1936ko Gerra Zibilak lotura askotariko horiek guztiak etetea ekarri zuen. Baina Errepublikara arte eta Lehen Karlistalditik, Bilboren muinean bizi-bizirik izan zen aurrera egiteko asmoa eta, garrantzitsuagoa dena, egunero-eguneroko borondate praktikoa. Enpatia zuten jatorrizko familiarekiko, baina batik bat, denentzat aukera gehiagokoa izan zitekeen etorkizun zabalago bat lortzeko gaitasunarekiko. Istorio hori behin eta berriz kontatzen jarraitu beharra dago, gure Historia delako, gaitasunak hor dirauelako, eta Bilbo zeharo heterogeneo hura izan zenaren adibide bizia da Pintura hau. San Anton ibaiertzean dela, portu-hiria da Bilbo, eta nazioarteko portu handi bihurtu nahian dabil XIX. mendean. Gure historia ontziolek zeharkatuta dago, hasi Bilbo Zaharraren eta Abandoren ur-bazterretatik eta Olabeaga eta Sestaoraino. Itsasontziak, askatasunerako aukera gisa eta merkataritzarako bitarteko moduan (esportatzeko nahiz inportatzeko), grabatuta daude gure kulturaren kode genetikoaren matrizean. Hiribildu bakoitzak armarrian daramatzan apaindurak alde batera utziz gero (iragana laburbiltzen duten irudi grafikoak dira armarriak), Bermeokoan baleontzia ageri da, Portugaletekoan hiru mastako karabela, eta mastak banderatxoz apainduak dituen ontzia Plentziakoan. Gure armarria San Anton eliza da, bertako kaia eta bi arkuko zubia, eta azpian, ura. Zubi batek beti dakar zerbait zeharkatzea; loturak egiteko eta bilaketarako arkitektura da; bizitzako trantsizioa esan nahi du, eta horretarako ezinbestekoak dira borondatea eta erabakitasuna. Bi aldek bat egitea ere bada zubi bat, eta ibaiertza, berriz (edo kai bat edo portu bat), lotune bat da, itsasontziak atrakatu eta abiatu ahal izan daitezen gune bat. Itsasontziek ez dituzte salgaiak soilik garraiatzen (burdina, artilea eta abar); itsasontzietan gorputzak, ezagutzak eta nahiak ere badoaz. Hitz batean: aukera berriak.

Iragana berrikusteak, iraganera berriro jotzeak, berariaz, egiaren geruza eta sedimentazio gehiago induskatzeko bidea ematen digu, atzerantz begiratzen dugun aldiro. Horixe da erakusketa honen asmoa; izan ere, ahalegin hori gabe, gure oroitzapenak lurpean gero eta sakonago geratuz doaz apurka-apurka, inolako analisirik gabe, denboraren hondakinen pean axolarik gabe lagata. Aldi berean, aurreko pintura aztertzeko gure soa eta gure asmo onen zorroztasuna krakelatu egingo ditu iragandako denboraren joanaren eta distortsioaren pisuak. Iragana esploratzea enpatia-ariketa bat da, beste garai eta leku batean gizaki izatea zer zen jabetzeko modu bat. Oroitzea (oroimen-ariketa egitea) gizakiok dugun tresna ahaltsuenetako bat da.

Horregatik, erakusketa honen asmoa ez da iragana berregitea, baizik eta berraztertzea eta geuregan berpiztea elkarrekin biltzeko eta partekatzeko nahia, kontsolamendua aurkitzea eta libre sentitzea, une batez bada ere, bilbotar haiek Karlistaldian egin zuten bezala. Erakusketa hau atzera begiratze bat da, gure heran-aitona-amona eta gure hiriaren irudiari buruz gehiago jakitea, historia are gehiago distortsiona dadin utzi beharrean. Asmoa ez da iragana idealizatzea, baizik eta iraganean alderdi onak bilatzea. Denborari eta ikuspegiari buruzko erakusketa bat da. Pinturan finkatuta geratu den iragan beti presenteari buruzkoa, bere-berez mintzo baita kalitate handiko pintura. Arkeologiak falta dena du ikergai, sedimentua aztertzen du, esanahia argitara azaleratu arte, eta guk hemen, Bilboko pinturaren historia honetan, agertokia berraztertzen dugu, giza bizitzak utzitako aztarnaren bila: atzean geratu zen hura, existentziaren itzalak.

Gela bat norberarena saiakeran (A Room of One’s Own), Virginia Woolf idazleak gogorarazten digu idaztea, ekintza jasoa izatearen aura badu ere, ororen gainetik giza gorputz baten ekintza fisikoa dela, pertsona horri bere behar oinarrizkoetan sostengatu egin behar zaiola. Zer janik ez duen artista pobrearen mistika ere topiko faltsua da: eguna joan eta eguna etorri goseak egon den artistarik ez da sekula izan. “Batek ezin du ondo pentsatu, ondo maitatu eta ondo lo egin, ondo afaldu ez badu” (One cannot think well, love well, sleep well, if one has not dined well), dio Woolfek. Haren esanetan, liburuak ez datoz Olinpo Menditik diktatuak; aitzitik, “giza sufrimenduaren emaitza” dira, “eta osasuna, dirua, bizi garen etxea eta halako gauza txit materialei loturik datoz” (but are the work of suffering human beings, and are attached to grossly material things, like health and money and the houses we live in). Ziur asko bazekien ganbera itxi batean bahituta dagoen idazlearen ideia oso artista gutxik erdietsitako ideal bat zela. Woolfek ez zuen itxialdiko bizimodua izan, baina haren oinarrizko ideia  —pribatutasun eta lasaitasun pixka bat izatea ezinbestekoa dela kalitate oneko artea sortzeko— gaurkotasun beteko premia bihurtzen ari da, web-eko kulturaren ondorioz egiazko bakartasuna gero eta urriagoa bilakatzen ari den heinean. Woolfek argi esaten digu liburu on batek (edo margolan on batzuek, gure kasuan) espazio fisiko baten oso antzeko espazio mental bat sor dezakeela: “ez esaldiak elkarren ondoan josiz, irudia zilegi bazait, esaldiak arku eta gangen moduan eraikiz baizik “ (not made of sentences laid end to end, but of sentences built, if an image helps, into arcades or domes).

Atzetik aurrerantz eramaten zaituen erakusketa da erakusketa ona. Margolan hauek narratibak dira, mundu guztiak uler dezake pintura hau. Eta pintura hau ez da mintzo narratiba delako, ezpada plangintza formal bat duelako bere momentu berrian, pinturak enkargatu zituztenen nahiari lotua. Ez ziren errege-erreginak, ez konde-kondesak: herritar arruntak ziren, dirua egin zutenak, nabarmen, baina oso familia-jatorri desberdinekoak, eta jakin zuten beren garaiko artistengan fidatzen, Bizkaiko Institutu hartan ikaskide izan zituztenengan uste osoa izaten.

Egia esan, artista hauek guztiak bizitzaren jariakortasuna ulertzeko bestelako modu batez, tolerantziaz eta aurrera egiteaz besterik ez zaizkigu ari.

Oraintxe antzera gaude, goibeltasun-garai batean, birus batek “setiatuta”. Artista haiek gai izan ziren baikortasunez lan egin eta beren burua proiektatzeko, eta guk ere baikortasun berberaz eta kemenez atera behar dugu goibeltasun eta “setio” horretatik.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. “I make my place in space when I smell, touch, see it around me. That experience of location through the senses makes my sense of place, but inevitably summons memories. So there can be no place without memory evoked and experienced through the senses–sometimes pleasurable but as often painful. It reaches back to my own past, but the past also of my forebears, my friends and enemies making a tissue which clings to things, to fragments which memory reconstructs and through which it lives anew. It is the condition which assures my place in the world, my place among the fragments which constitute my place”, hemen: Joseph Rykwert, The Idea of a Town: The Antropology of Urban Form in Rome, Italy and the Ancient World. University Press, Princeton, 1976, 48. or. [itzuli]
  2. “The city is first of all a physical reality: a more or less sizeable group of building, of habitations and public building…The city begins only when paths are transformed into road”. Hemen: Joseph Rykwert, The Idea of a Town: The Antropology of Urban Form in Rome, Italy and the Ancient World. MIT Press, Cambridge, 1988. 23. or. [itzuli]