Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

15 metro klaseko ontziak

Kosme de Barañano

Izenburua:
15 metro klaseko ontziak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Industrializazioa | Kirola | Europa | Bilbo | Bizkaia | Burgesia | Itsasontziak

 

Esan bezala, 1907an, Nazioarteko Lehen Araudia sortu zen, Parisen. Frantziak, Parisko Bela Klubaren bidez, eragin handia izan zuen araudi horren idazketan, eta horrela sortu ziren Metro klaseak, XX. mendearen lehen erdian Europan hain arrakasta handia izan zutenak.

Tokiko edo nazioko sistemen ordez Europa osorako kalifikazio sistema bateratu bat ezartzea zen araudiaren oinarrizko ideia. Sistema horren bidez, irizpideak modu unibertsalean bateratzen saiatzen den neurketa-sistema baten arabera eraikitzen dira estropada-ontziak. 15 Metro (Fifteen Meter) klasea ontzigintza modu bat da. Horrek ez du esan nahi belaontzi guztiak berdinak izan behar dutenik, baizik eta estandarizazio egoki bat lortzeko diseinatutako formula espezifiko bat bete behar dutela neurriei dagokienez, lehiaketetan rating delakoa (konpentsazio-faktorea) kalkulatzeko erabiltzen zen formula bat. 15 Metro klaseko ontzien kasuan, “metro” hitzak ez du adierazten —beste klase batzuetan bezala— ontziaren luzera; izan ere, 22 eta 30 metro (98 oin) bitarteko luzerakoak izaten dira ia denak. 1907 eta 1917 artean mota horretako hogei yate eraiki ziren, eta horietatik lau iritsi dira gaur egunera arte. Ia guztiek nabigatu zuten Bilboko uretan, edo estropadaren batean parte hartu zuten bertan1.

15 Metro klaseko ontzien urrezko aroa 1907tik Lehen Mundu Gerrara bitartekoa izan zen2. Gerrak aurrera egin ahala, belaontzi horietako asko Suedian eta Norvegia herrialde neutraletara erbesteratu ziren, eta, gero, hango nabigatzaileek erosi zituzten.

Hasieran, britainiar ontzi-arkitektoak gailendu ziren lanbide horretan (lehen aipatu ditugun Fife eta Nicholson, edota Anker, Mylne eta abar), baina frantsesak —Joseph Guedon, Maurice Chevreux— eta alemaniarrak —Max Oertz— ere nabarmendu ziren.

Ontzi horietako gehienak ibili ziren Abrako uretan, bai britainiarrek eta frantsesek diseinatutakoak (horietako bat, Anémone II, C. Maurice Chevreuxek diseinatua eta Cannesen eraikia), bai alemaniarrek diseinatutakoak ere (Senta, adibidez, Max Oertzek diseinatua). Horren eraginez, euskal ontziolak ere (Nerbioiko Ontziolak, kasurako) zeregin horretara jarri ziren, eta Pasaian, Karrpard ontziola sortu zuten3, onenen artean ibili ziren bi ontzi eraiki zituenak: Hispania eta Encarnita.

1909ko Lloyd’s Yacht Register delakoan, “15 Metro kategorian (Wood Sailing Vessel Cutter)”, bederatzi alta daude erregistratuta, horietako hiru espainiarrak4: Hispania, Espainiako erregearena, Giraldaren bigarren komandante Claudio Alvargonzález edo Enrique Careaga zituela patroi; Tuiga, Francisco Losada de las Rivasena (ehiztari amorratua, Tuiga jarri zion izena ontziari, hau da, “jirafa”, swahili hizkuntzan); eta Encarnita, Francisco Cubas Ericerena.

Azken ontzi hori Joséph Guenon frantziar ingeniariaren diseinuaren arabera eraiki zen5. Francisco Cubasen alaba baten omenez (Encarna Cubas eta Urquijo, gazterik hila) zuen Encarnita izena ontziak. Eraikuntza mistokoa zen (haritz-zurezkoa gila, altzairu eta amerikar zumar-zurezkoa armazoia); ontzi-gaineko oholetarako, berriz, Kanadako pinua erabili zuten. Bere garaiko belaontzirik azkarrenetako bat izan zen, eta, 1915ean, bere alabaren heriotzaren laugarren urteurrenaren kariaz, Cubasek Espainiako Itsas Armadari eman zion opari, Itsasketa Eskolako ikasleen ontzi-eskola gisa erabil zezaten6.

1910ean, mota horretako beste belaontzi bat ibili zen Abran: Slec (1907ko Shimna), Comillaseko markesak erosia; eta 1914n, María del Carmen Ana izenekoa (kaisarraren Meteor izandakoa), patroia Horacio Echevarrieta zuela7.

Echevarrietak beti izan zituen gustukoak alemaniarren ontzi-diseinuak. Interes handia izan zuen itsaspeko batean8, eta, oro har, Alemaniatik zetorren ororekiko, haren inguruko beste intelektual bilbotar batzuek bezala: José María Soltura, Juan de la Encina —Hanburgon ikasia zena—, Estanislao María de Aguirre kritikaria, etab. Hala, Gilen II.a kaisarraren Meteor IV zaharra erostea lortu zuen: luzeran ia 50 metro eta 1.371 m2-ko haize-oihala zituen belaontzi bat. Metero IV horrek eraberritu egin zituen schooner kategoriako ontziak: bela irristakor banaz hornitutako bi mastako (edo gehiagoko) belaontziak ziren, masta nagusia burualdekoa baino baxuagoa eta bela mota desberdinez osatutako aparailua zutenak.

1923ko abenduan, Virginie Hériot-ek9 —Grands Magasins du Louvreko oinordekoak— erosi zuen Meteor IV hura. Urtean hamar hilabetez, haren etxebizitza eta lantokia bihurtu zen goleta alemaniarra, orain L’Ailée izendatua. 1924an, ontzi horrekin, Alfontso XIII.aren Urrezko Kopa irabazi zuen Donostian (baita 1929an ere, L’Ailée VI ontziarekin). 1928an, Errege Kopan parte hartu zuen, eta Horacio Echevarrietak ontzia erosi zion. Heriot nabigatzaile mitiko bat izan zen, eta belako urrezko domina irabazi zuen Amsterdameko Joko Olinpikoetan, 1928an. Rabindranath Tagore poetak “Madame la Mer” deitzen zion10.

1928ko maiatzean, Echevarrietak Bilbora ekarri zuen ontzia, eta Maria del Carmen Ana izena ipini zion. Hurrengo urteko ekainean, Plymouth eta Santander arteko lehen estropada irabazi zuen, hainbat ordutako aldearekin. Echevarrietak bazuen ordurako garaiko belaontzi azkarrenetako bat, Marichu izenekoa, Cadizko Echevarrieta eta Larrinaga ontzioletan eraikia (gero, 1934an, Gipsy izena ipini zioten11, eta izen horrekin nabigatzen du oraindik ere). Espainiako Itsas Armadaren ontzia —Juan Sebastián Elcano fragata— egiteko erabilitako zur mota berarekin egin zen hura ere.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. 1907an uretaratu ziren lehenak (Ma’oona eta Shimna), eta 1917an azkena (Neptuno). Belaontzi gehienak gaff cutters motakoak ziren, brigantin-belaz hornitutako bailandrak. [itzuli]
  2. Oraindik ere lau daude jardunean, behar bezala zaharberrituak izan ondoren: Mariska (Fife, 1908), Hispania (Fife, 1909), Tuiga (Fife, 1909) eta The Lady Anne (Fife, 1912). [itzuli]
  3. Karrpard ontziolak (1905–1914) León Carrasco (artilleriako kapitaina) eta Enrique Pardiñas-en ekimenez sortu ziren, Pasai San Pedroko antzinako errege-ontziolaren inguruan, Portuko Sozietatearen ontzitegiak errentan hartuta. Enpresaren izena bi fundatzaileen abizen zatien elkarketaz sortu zen. Kirol-bailandrak edo laketontziak (6 eta 20 metro arteko luzerakoak) egiten espezializatu ziren. Handik atera ziren, adibidez, Alfontso XIII.aren Hispania, 40 tonako desplazamendua zuena, eta Cubasko markesaren Encarnita. [itzuli]
  4. Egiaz, lau ziren: Hispania, Espainiako erregearena, William Fife III-k diseinatua; Tuiga, Medinacelliko dukearena, William Fife III-k diseinatua eta Eskozian eraikia (Tuiga, berez, dukearen koinatak gidatzen zuen, Francisco Losada de las Rivasek. 1989an, Monakoko Alberto printzeak erosi zuen, Monakoko Yate Klubaren ontzi intsignia gisa); Encarnita, Cubasko markesarena (haren alaba Encarnación Cubas y Urquijoren omenez darama izena, oso gazterik hil baitzen, 18 urte baino ez zituela, 1911ko apirilean), Joseph Guedon eta Delanoy-k diseinatua eta Karrpard ontzioletan eraikia, Pasaian (1909ko Le Journal de la Marine aldizkarian agertzen da); Slec (aurrerago, Shimna), Comillasko markesarena, William Fife III-k diseinatua eta Alexander Robertson & Sons ontzioletan (Sandbank, Eskozia) eraikia enpresako lehen armadore William Yates ingeniari eta arte-bildumarentzat. [itzuli]
  5. Joseph Guedon y Delanoy-k ospe handia lortu zuen bere Trident ontziekin: cutter yacht motako ontziak ziren, 20 metroko luzerakoak. 1892an uretaratu zituzten, Lormont-en (Frantzia). [itzuli]
  6. 1915eko apirilaren 29ko Errege Agindua: “Berorren Gorentasunak, Armadako Itsasketa Eskola honetako ikasleen heziketan laguntzeko, dohaintzan emandako yate eder hau, Encarnita, ezin egokiagoa da gure Armadako etorkizuneko ofizialengan ezinbesteko itsas zaletasuna handitzen laguntzeko. Hori dela eta, Erregeak agindua eman du berorren dohaintza onartua izan dadin, eta, bete beharreko ordenantzak bete ondoren, Itsas Armadak yatea konfiskatu eta Armadako Itsasketa Eskolaren esku utz dezan, bai eta beraren izenean eskerrik beroenak eman dakizkion berorri egindako dohaintza eskuzabal honengatik. Eskerronaren osagarri, Itsas Merituaren Gurutze Handia eman zitzaion aristokratari, 1915eko ekainaren 30eko dekretu bidez”. Gaceta de Madrid aldizkarian argitaratua, 1915/VII/15. [itzuli]
  7. Max Oertzek diseinatua eta 1909an eraikia, Kieleko Fr Krupp AG taldearen Germaniawerft ontzioletan, Meteor IV lasterketa-goletak 47,14 metroko luzera du; 1914an, Meteor V ontziak eman zion segida. Gerra amaitzen, Engelbert Marie Arembergeko dukeak erosi zion kaisarrari, eta Aar izena ipini. [itzuli]
  8. 1920 hamarkadan, Horacio Echevarrieta harremanetan ibili zen Alemaniako industriarekin, itsaspeko bat egiteko asmoz. Itsaspeko hori, E-1 (Echevarrieta-1) deitua, gauzatu gabeko beste proiektu batean (Pu-111 modeloa, 1918koa) oinarritu zen. 1926an, Reichsmarine-ko korbeta-kapitain Wilhelm Canaris-ek Echevarrietari eskaini zion proiektu hari segida emateko aukera, Bilbon finkatuta zegoen Guillermo Pasch (1890-1985) ingeniariaren bitartekaritzaz. Proiektua Turkiaren esku geratu zen azkenean: TCG Gür itsaspekoa. [itzuli]
  9. Virginie Hériot (1890-1932). Gazterik hil zen, bere errautsak Bretainiako kostaldean haizatzeko nahia espresuki adierazita. Haren amak ez zuen halakorik egin nahi izan, baina semeak, handik urtetara, amaren azken nahia bete zuen: 1948ko ekainaren 28an, Itsasketa Eskolako Basque destruktoreak, Virginieri eskainitako azken omenaldi gisa, Brest aldean urperatu zuen haren hilkutxa. [itzuli]
  10. Hériotek, halaber, poema-liburu bat idatzi zuen itsasontzi horren inguruan: Goélette Ailée, Les Gémeaux argitaletxea, Paris, 1927. [itzuli]
  11. Gipsy ontzia itsasoan dabil oraindik eta ginebra ezagun bati ematen dio izena. Gehiago jakiteko: https://gipsy1927. [itzuli]