Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Euskal dantzaren irudikapena pinturan

Kosme de Barañano

Izenburua:
Euskal dantzaren irudikapena pinturan
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Etnologia | Folklorea | Gizakia | Mitologia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Euskal Eskola | Dantza | Dantzariak | Europa | Bilbo | Bizkaia | Hizkuntza
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia | Primitibismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Arrue Valle, José | Losada Pérez de Nenin, Manuel | Olasagasti Irigoyen, Jesús | Ucelay Uriarte, José María

 

Erakusketaren azken espazioa folklorearen ikuspegi berri batekin lotua dago, zeina, geure herrialdean, Losada, Arrue, Ucelay eta Olasagastiren zenbait eszenaren irudikapenean islatu baitzen XX. mendearen hasieran, nolabait ere folklorearekin eta lurraldearekin zerikusia zuten eszenak baitira. Artista hauek arte etnografiko gisa definitzen dugun horretara irekitzen direla da kasu honetan berrikuntza, iraganarekiko elkarrizketa beti izan baita beharrezkoa artearen historian, literaturan den bezalaxe.

XIX. mendearen amaierak diziplina berriak ere ekarri zituen Europa osoko unibertsitateetara eta museo berrietara. Sartu berriak ziren diziplinen artean daude, adibidez, paleontologia1, antropologia2 eta etnologia; aldi berean, unibertsitateko ezagutza- interesak zabaldu eta ugaldu ziren, historiaurretik folkloreraino, herrien azterketa konparatutik igaroz, izan aborigenak, izan gure arbasoak.

Folklore-azterketek (Völkerkunde), etnografiak edo etnologiak giza kultura eguneroko eta herrikoiaren iraganaz eta orainaldiaz arduratzen den kultura- eta gizarte-zientziari egiten diote erreferentzia. Alemaniako unibertsitateetan, etnologia edo azterketa kultural konparatu gisa, edo antropologia kultural edo antropologia sozial gisa, hasi ziren agertzen antzinako etnografia edo Völkerkunde edo folkloreari buruzko ikasketak; izen-aldaketak, etnografiako museoen izenen beren aldaketak bezala, adierazten du folklore tradizionalaren gaineko iritziaren berrorientatze-prozesua ere3.

Arte garaikidearen jatorria, hasiera edo lehen urratsak, eta beste zibilizazio batzuetako artearen ikuspegia (edo arte primitiboarena edo herri-artearena) hasieratik bertatik joan ziren eskutik lotuak. Gogora dezagun XX. mendeko arte-historialariak ere, Alfred Barr eta MoMAko bere kanonetik hasi, eta Werner Schmalenbach eta bere Düsseldorfeko museoraino (Nordrhein Westfalen Sammlung) arte beltzaren miresle sutsuak izan zirela4. XX. mendeko artearen historiografiak, baita zoroen artea gogoan hartzeak ere5, arte beltzaren edo ozeanikoaren historiografiaren ibilbide bera izan du; zehazki ehun urte pasatxo. Bi historiografiak garaikideak dira, ikerketa-bideak, paradoxa bada ere, oso nekez izan badira ere paraleloak. XX. mendeko zientzia ia osoan gertatu den bezala, eremu autistak egin dira, nahiz eta bidearen abiapuntua batera zabaldu eta prestatu zuten museo berrien eraketarekin konprometitu ziren artista eta unibertsitateko irakasleek. Karl von Steinen mediku alemaniarra (1855-1929) dut adibidez gogoan; 1890ean Marburgoko Unibertsitateko Etnografia Katedrari uko egin eta gutun bat bidali zion Errektoretzari, museo-bilduma eskura izan gabe ezin zela irakatsi argudiatuz6. Ezin da alemaniar Espresionismoa azaldu, Ernst Ludwig Kirchnerrengandik hasi eta Max Beckmannenganaino, Dresden, Leipzig edo Berlinen etnografia-museoen presentziarik gabe7.

Lehen inpresionisten artea Ekialdeko munduak eragin zuen, batez ere japoniar estanpak eta Ekialdeko filosofia bisualak; batetik, Goncourt anaiek komentatu eta zabaldurik, eta bestetik, ezin konta ahala artistak –Milletetik Monetera, Van Goghetik Mary Cassatera– erakutsitako interesagatik eta haiek osatutako bildumei esker. Postinpresionisten eta XX. mendearen hasierako sortzaileen artea, berriz, arte primitibo, l’art premier, arte arkaiko, herrikoi, basati edo Europatik kanpokoaren eraginpekoa da.

XIX. mendearen amaieran antropologiako edo etnografiako museoak sortzen hasi ziren Europan, Parisen, Zurichen eta, jakina, berebat aipatu behar dira Londresko British Museum-ek edo Alemaniako museo jada aipatuek egiten zituzten erosketa garrantzitsuak. 1875ean, Dresdengo Museo Antropologikoa ireki zen, eta, urtebete geroago, Leipzigeko Etnografia Museoa; 1879an, Parisko Musée d ‘ethnographie du Trocadéro sortu zen, gerora lekuz aldatu eta Musée de l’Homme bihurtu zena. Etnografia gizarte-zientzia gisa sortzea eta halakotzat hartzea, eta etnografia-bitxikerien bildumak museo bihurtzea, geure artisten ezagutzan (eta begiradan) dagoen perspektiba-aldaketarekin batera gertatu ziren, haiek ere hasi baitziren, beren lankide, bizilagun eta lagunen eraginez –Bilbo txiki hartan–, historiaurreaz, hizkuntzaz eta mitologiaz edo gure jaietako folkloreaz interesatzen.

1833an Euskal Herrian lehen trikuharria aurkitu zenetik (Egilazkoa, Aizkomendin), ehunka haitzulo eta aztarnategi agertu dira: Baltzola, Muliña, Isturitz, Urbasako trikuharrien eremua, edota Santimamiñeko eta Ekaingo labar-pinturak. Isturitzeko haitzuloan, historiaurreko txirula-multzo garrantzitsu bat aurkitu zen, Goi Paleolitokoa (K.a. ca. 35.000–10.000 urte). Hezurrak eta harrizko plakak ere aurkitu zituzten, bisonteen iruditxoekin, elur-oreinen adarrekin eta abarrekin grabatuak, gaur egun Musée d’archéologie nationale-ren bildumetan daudenak, Saint-Germain-en-Layen, Paristik gertu. 1895ean Édouard Piette arkeologoak aztertu zuen haitzulo hau, ordurako ezaguna zen arren; 1860an Napoleon III.a joan zen ikustera bere emazte Eugenia de Montijorekin, eta 1893an Pierre Loti idazlea.

Gure historiaurreari buruzko ikerketak Emmanuel Passemard-ekin8 eta hark Isturitzi buruz egin zituen ikerketekin hasi ziren, eta ondoren Telesforo Aranzadirekin9, Jose Miguel Barandiaranekin10, Enrique Egurenekin11. Industriaren eta kulturaren beste alorretan bezala, indusketa arkeologikoak eten egin ziren 1936an. Aranzadi, Barandiaran, Eguren eta beste irakasle batzuen landa-lanek, era berean, gure historiaren eta historiaurrearen ezagutza aldatu zuten12. Irakasle germaniar batzuk ere etorri ziren Euskal Herrira, hala nola Hugo Obermaier edo Marius Schneider13. Antropologo fisiko eta arkeologo haietako batzuk, era berean, folklorista eta etnografo bihurtu ziren, eta kultura herrikoiaz interesatu ziren. Haiek ikusi zuten Paleolitoan sortu zela artea, orduan hasi zirela gizarteak antolatzen. Ikertzaile haiei eta hasierako bultzada hari esker, heldutasun ukaezineko egoera batean dago euskal historiaurrea gaur egun; zehazki, Goi Paleolitikoari eta trikuharrien garaiari dagokienez, baita aztarnategien kopuru handiari dagokionez ere, haien kronologiari, hornigaiekin eta haien aldizkakotasunari eta kultura-ezaugarriei buruzko datu nahikoekin.

Historiaurreari buruzko ikerketa horiekin batera, lehen ikerketa serioak egin ziren folkloreari, dantzei edo mitologiari buruz, baita hizkuntzari berari buruz ere, euskarari buruz. 1888an Aldundiak, Pablo de Alzola ingeniaria presidentea zela, euskarazko katedra bat sortu zuen Bizkaiko Institutuan14, nahiz eta fundatu zenean jadanik (1841eko apirilaren 2an eta 4an) Batzar Nagusiek euskarazko katedra bat eskatu zuten, eta Camilo de Villabaso bilbotarrak eskaera bera egin zuen berriz ere 1876an. Bizkaiko Institutuko katedra horrez gainera (1888–1937), beste bi egon ziren: bata Bilboko Maistren Eskola Normalean (1918–23) eta bestea Barakaldon (1919–26)15.

Espainiar hizkuntzaren autoritate batek, Ramón Menéndez Pidalek, adierazpen hau egin zuen Eusko Ikaskuntzan 1921ean: “Zuen herria hispaniar antzinateko erlikiarik gurgarrienaren gordailua izatearen zoriona duzue. Beste batzuek balio artistiko handiagoa izango dute, unibertsalki miretsiagoak eta gutiziatuagoak izango dira, baina ez dago beste hizkuntzarik hizkuntza honen garrantzia duenik, eta honen sakoneko azterketarik gabe ezin izango dira inoiz osorik agerrarazi penintsulako zibilizazioaren oinarri eta ibilbide nagusiak, eta ezin izango da hura funtsean ulertu ere”16.

Kezka horiekin batera, aipagarriak dira orobat museoekiko eta artearen kritikarekiko harremanak. 1879an Bilboko Arte eta Lanbide Eskola ireki zenean (gerora Kontserbatorioa izango zen Bizkaiko Musika Akademia ireki eta bi urtera), hara eraman ziren Foru Aldundiko eta Kontsulatuko koadro garrantzitsuenak. 1914an Arte Ederren Museoa sortu zen Atxuriko ospitale zaharrean, eta 1924an Arte Modernoaren Museoa Santa Maria kalean17. Bitartean, 1919an, Nazioarteko Pintura Erakusketa arrakasta handikoa egin zen, Alfontso XIII.ak inauguratua, Berastegi edo Albiako Eskoletan, eta “gure herrian egin den asmo unibertsal handieneko gertakari artistikoa” zelakoan goraipatu zena18. 1927an, gainera, Bilboko Berreginen Museoa sortu zen.

1900etik aurrera egin ziren erakusketen eta zabaldu ziren erakundeen paraleloan –esate baterako, Euskal Artisten Elkartea, 1911n sortua–, arte-kritika indartsu bat sortu zen Bilbon, besteak beste Damián Roda19, Ricardo Gutiérrez Abascal20, Estanislao María de Aguirre21, Crisanto de Lasterra22, Joaquín Zuazagoitia23 eta Fernando María de Milicua24 bildu zituena. Ia denak, Lasterra eta Roda izan ezik, atzerrian ikasiak ziren, eta gehienak Alemanian. Idazle batzuek kritika-lanak ere egin zituzten, Miguel Unamunok besteak beste (Guiard eta Iturrino goraipatuz esate baterako; Paco Durrioren adiskide mina izan zen) eta Tomas Meabek. Azken horri zor diogu kritikarik dibertigarrienetako bat, “Artistas, millonarios y silfos” izenekoa, non infernu artistiko bat eratzea proposatzen baitu: atea itsu zoroen talde batek eta itsu zentzudunen beste talde batek zainduko lukete. Izan ere “jakingo duzu noski artistek, tarteko izakiak izanik, leku nagusia dutela esaten dizkizudan itsu hauen artean, zeren, ikusten dutela esango balitz ere, bakarrik ikusten baitituzte ‘alferreko gauzak’, eta zentzudunak direla esango balitz ere… alferreko gauzentzat baino ez dira halakoak”25.

Arte plastikoak alde batera utzita, interes handia izan zen Bilbon, modan baino gehiago, kalitatezko oihaletan. Enrique Areilza doktoreak (Paco Durrio eskultorea erretratu-domina bat egiten ari zitzaionean) esan zuenez, “Bilbon, hauteskunde-gastuetan eta haurrak janzteko moduan baino ez dago luxua”26. XIX. mende ia osoan, Losadaren pinturan eta 1928ko Ucelayren zenbait luma-lanetan ikusten den bezala, frantses jatorriko ehunei (eta jostunei) emana bizi da Bilbo: Geroma Gutiérrez de Caviedes, lehen meatzarietako bat izan zen José Antonio Ybarraren emazteak, denda bat ireki zuen Bilbon 1800 inguruan, ikusi zuenean “atzerriko janzkera- modak sutsuki jarraitzen zirela, batez ere ingeles jatorriko oihalak eta joskera-modu frantsesak”. Arropa- eta oihal-denda hau 1837ra arte egon zen irekita, eta urte hartan Domingo Blanchard frantsesari saldu zitzaion; horrez gainera, hantxe zeuden Chanfreau, Mathurin & Cie, Domingo Blanchard, Gaston Poirier (ondoren Gaston & Daniela izango zena), baita La Parisien ere, Someran kokatua, Zamudioko Atetik sartuta. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Liverpoolera edo Londresera ikastera joan zirenak itzuli zirenean, eragin ingelesa hasi zen Bilbon zabaltzen: Eduardo Daura eta Hilario Egurenen denda, Sastrería Inglesa izenekoa (Benito y Benito) Done Jakue plazatxoan. Alde Zaharreko jostun asko Londresera ere joan ziren praktikak egitera, hala nola Landaluce, Lozano, Cardenaldarrak, gorago aipaturiko Mogrovejotarrak, eta, hogeiko hamarkadan jada, Forastertarrak, baita Villarejo zapataria ere, Estufa kalean 1901etik. Jostun hauek teknika berrietan zuten interesagatik ere aitzindariak izan ziren. Bilboko lehen auto matrikuladuna Delahaye bat izan zen, 1902ko otsailaren 23an Salustiano Mogrovejo Abásolo jostunak (Nemesio Mogrobejo eskultorearen anaia nagusia zen) inskribatua27. 1913an eratu zen egoitza Kale Nagusian zeukan Bizkaiko Automobil Kluba laurogei kide pasatxorekin, eta 1930ean ehun eta hirurogeita hamar kide izatera heldu zen28. Jostunak oso lotuak egon ziren artistekin ere, eta ekoizpena trukatzen zuten haiekin29. Jostun askok folklore-ekitaldietan parte hartu zuten, dantzarien soinekoak moztuz.

Hizkuntzaren ondoan, elizateetan ere gorde diren adierazpen hauek daude: dantzak30. Dantza da agian, denboraren eta espazioaren bidez, gizakien “izatea” ongiena islatu duen adierazpen plastikoa. Goragoko premia berri batek bultzatuta egindako giza ahalegin bat da dantza: ez libreki egina (kirola bezala), ez derrigorrez (lana bezala); borondatezko mugimenduak, berezko helburua direnak, osotasun komunikatibo gisa hartzen direnak (deitzailea, erreferentzial-sinbolikoa, adierazgarria), bai banaka, bai taldean.

Maiz berretsi da herri euskaldunaren ezaugarriak izan direla kanpokoen begietan euskal hizkuntza, euskara, eta dantza, Estrabonen (K.a. I. mendea) eta Voltaireren (XVIII. mendea) aipu ospetsuetatik hasita, Serge Lifar-engandik, zeinarentzat euskaldunok dantza bere berezkotasun garbienean erakusten baitugu31, eta Violet Alford-engandik igaroz, harentzat hemengo dantza erritualetako urrats batzuk balletaren jatorria bera baitira32.

Dantzak ulertu behar dira (plano teorikoaz ari naiz beti, eta ez gaur egungo agerraldi posibleez, ezta tradizioarekiko “fideltasun” mailaz ere), ez bertsio bakar batean oinarrituta, hainbat leku eta denboratan jasotako errealizazioen corpus osoan oinarrituta baizik (nahiz eta badakigun oraindik ez dela ikerketa historiko-filologiko osorik egin: inbentarioa, sailkapena, deskribapena, kronologia, erlazioa, etab.). Ezin dugu ahaztu objektu artistikoen ulergarritasuna bakar-bakarrik lortzen dela gogoan ondo hartuta objektu horiek erreferentearen egitura estra-artistikoan betetzen duten funtzioa33.

Dantza akademikoko mugimendu batzuen izen edo termino teknikoak gure herrira ekartzen gaitu: “Pas de basque”, “saut de basque”, “grand pas de basque”. Termino horiek guztiak munduko dantzaririk handienen edozein metodotan agertzen dira34, izan Serge Lifarren 1955eko Traité de la danse; izan Agrippina Vaganovaren 1946ko Basic principles of Classical Ballet; edota Geneviève Guillot-en 1974ko Grammaire de la danse classique. Eta urrats horiek denak daude dantzari-dantza bizkaitarrean, edo Euskal Herri osoko ezpata- dantzetan35.

Euskaldunek berek, ordea, ez dute gauza handirik idatzi beren dantzatzeko eta dantza ulertzeko moduaz. Manuel Larramendi jesuitak egin zituen dantzen lehen azterlanak, bere Coreografía o descripción general de la muy noble y leal Provincia de Guipúzcoa (1756), aita Fidel Fitak 1882an argitaratua36; geroagokoa da, baina lehenago argitaratua, Joan Ignazio lztuetaren Guipuzkoako Dantza, 1824koa37, eta, 1960koa jadanik, Jose Luis Etxebarriaren Danzas de Vizcaya38. Ehun urte besterik ez dago bataren eta bestearen artean, eta, jakina, azterlan dezente gutxiago dago39. Alabaina, euskaldunek beren dantzez gutxi idatzi badute ere, ezin bikainagoa da gure artistek margotu dutena.

Gogoan izan behar da Eresoinka talde artistikoak egindakoa izan zela Gerra Zibilean gertatu zen arte-adierazpenik garrantzitsuena, margolariak, musikariak eta dantzariak oso ohikoak ez ziren lan batean bilduz eta arlo artistikoan profesionalak ez ziren pertsonak sartuz. Lehenik eta behin, garrantzitsua da arte plastikoak, kantua eta dantza ikuskizun bakar batean bildu zirelako, banakako jarduerak gaindituz era horretan. Eresoinkak hiru bariazio aurkeztu zituen: 120 ahotseko erakusketa korala, Gabriel de Olaizolak zuzendurik; Euskal Herriko dantzak, koreografoa Jesus Luisa Esnaola gipuzkoarra izan zuena; eta Euskal Opera, Enrique Jordá Gallasteguik zuzendua. Azken honek ospe handia lortu zuen bere emanaldietan, eta munduko hainbat hiritan orkestra-zuzendaria izatera heldu zen. Taldearen lehen aurkezpena Parisen egin zen, Pleyel aretoan, 1937ko abenduaren 18an. Eresoinkak Europa korritu zuen: Paris, Brusela, Rotterdam, Haga, Amsterdam eta Londres 1938an. Hurrengo agertokiak, hala zegoen antolatua, Praga eta Viena ziren, baina bertan behera utzi behar izan ziren Alemaniak herrialde haiek okupatu ondoren. Eresoinka artista handien sorlekua izan zen; besteak beste, han hasi ziren geroago bere kabuz Frantzian arrakasta handia izango zuen Luis Mariano abeslaria, eta gerora ere bere konpainia propioa eratuko zuen Pepita Embil, Plácido Domingoren ama40.

Horrela, azken areto honetan, Bermeoko arrantzaleen portu eta hiriaren veduta horren aurrean, bertako jendea berriketan ari dela begiraden bidez eta antzinako hizkuntza horretan, herri-musikaren bost une ditugu, lehen aretoko pianoan Wagner jotzen diharduten Bilboko bi burgesak irudikatzen dituen koadroaren aurrean. XIX. mendeko Bilbo zabaldu egiten da aldameneko elizateetara, eta haiekin batera bera zabaltzen da: Bilboko lurraldea Bizkaikoa da. Zentzu horretan, hemen daukagu herriko txistulari ofiziala, autoritatearen protokoloaren musikaria, Losadak erretratatua; hor dago halaber Artetaren kalejira alai eta integratzailea, mendi-mendian; Arrueren bi jai herrikoiak –bata itsasokoa eta bestea mendikoa–; udazkenean edozein herrixkatan sagarra biltzeko unea, Olasagastiren sagar dantzarekin ospatuko dena; eta, azkenik, zaldia etxekotzeko historiaurreko erritual baten aztarrena, Ucelayren Zuberoako dantzak (Danzas suletinas) obran izoztua, zeinak ez baitu kontakizun etnografiko bat dokumentatzen, aitzitik, bere poesian, Ekialdeko xehetasunean eta bere kaligrafia pertsonalean sublimatzen du, koadroko irudiak kultura-erakustaldi erraldoi bat bihurtuz.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1.  Paleontologia, geologiarekin eta biologiarekin metodoak partekatuz, Lurraren gaineko bizitzaren iragana fosilen bitartez aztertzen eta interpretatzen duen zientzia naturala da; adibidez, Emiliano Aguirre Enríquez (1925) paleontologo espainiar bat da, 1978tik erretiroa hartu zuen arte, Atapuerca mendietako aztarnategi pleistozenoen indusketak zuzendu dituena. [itzuli]
  2.  Antropologia gizakia modu integralean aztertzen duen zientzia da, eta aldi berean lantzen ditu animalia gisa dituen ezaugarri fisikoak eta bere kultura, zeina baita gizakiaren ezaugarri ez-biologiko bakarra; etnologiak, aldiz, objektuak lantzen ditu, pieza artistiko gisa baino areago, pieza kultural gisa, eta objektu horiek ekoitzi diren, funtzionatzen duten edo zentzua duten kultura-sistema ezagutzen laguntzen digute. [itzuli]
  3.  Globalizazio-prozesuek Europako mugetatik harago begiratzera behartu gaituzte. Kultura ez da ikusten geografikoki edo politikoki muga daitekeen unitate baten gisa (etnia, nazioa) edo tradizioen, balioen eta pentsamoldeen babesleku finko gisa, baizik eta, areago, etengabe aldatzen diren esanahien sistema gisa; aldaketa guztiak gorabehera, gizabanakoek orientazio-eredu tradizionalak erabiltzen dituzte beti (pentsamoldea, usadioak, tradizioa, errituala), zeinek esanahi berria hartzen baitute testuinguru sozial jakinetan. Tradizioaren eta aldaketaren arteko tentsio-eremu horretan jarduteak gogoeta sakona egitea eskatzen du norberaren ekintzen, norberaren tradizio espezializatuen (nazionalismoaren, eurozentrismoaren) erabilera kritikoaren, baita gogoeta teoriko eta metodologikoen azterketaren gainean ere. [itzuli]
  4.  Jack Flam eta Miriam Deutch-en Primitivism and Twentieth-Century Art. A Documentary History liburuak (2003) “traditional, indigenous arts of Africa, Oceania, and North America” direlakoen estimazioa eragin dituen iturriak aurkezten ditu, izan artistena, kritikariena, arkeologoena edo baita ere arteen dealersena. Primitibotzat jo dugunaren estimazio baloratzaileen oinarrizko iturrien (primary documents) antologia bat da hau (Ozeania, Afrika eta Amerikako arteen azterketa), gero beste modu batean izendatu dena, arrazoi politiko-kulturalak direla medio (eta ez hainbeste arrazoi antropologikoak, historikoak edo ikonologikoak); eta, aldi berean, liburua arte modernoaren oinarri kontzeptualei egindako ekarpen bat da. Flamm-en liburua William Rubin-ek MoMAn 1984an antolatu zuen Primitivism and the Art of the XX Century erakusketaren (eta katalogoaren) jarraipen bat da, baita haren ondorioena ere, nola izan ziren Matisse, Picasso eta Derainen berrikusketak. [itzuli]
  5.  Bildumak Prinzhorn-en izena du, baina dirudienez 1890 eta 1903 bitartean Heidelbergeko Ospitale Klinikoko zuzendaria izan zen Emil Kraepelin-ek egin zuen aurrenekoz pazienteen marrazkien bilduma bat. Haren ondoren, 1917 eta 1933 bitartean ospitaleko zuzendaria izan zen eta Prinzhorn kontratatu zuen Karl Wilmanns-ek Arte Patologikoaren Museo bat sortu nahi izan zuen (Museum für Pathologische Kunst). 1907an agertua zen L’art Chez les Fous liburua, Marcel Réjak idatzia, zeina Paul Meunier psikiatrak hautaturiko ezizena izan baitzen Parisko zoroetxeetako buruko gaixoen marrazkiak argitaratzeko. Kontsulta- liburua izan zen Paul Klee, Max Ernst eta, jakina, Dadaren kideentzat (bada gaur egun edizio bikain bat, Michel Thévoz-en hitzaurre batez hornitua, Viena, 1997). [itzuli]
  6.  Alemaniako Völkerkunde Etnologiako bigarren katedra, Berlingoaren ondorengoa, Marburgoko Unibertsitatean eman zitzaion, 1890ean, mediku bati: Karl von den Steinen (1855-1929). Berlingo Charité-ko psikiatra zen, eta Markesa Uharteetako arteari eta tatuajeei buruz idatzi zuen (Die Marquesaner und ihre Kunst). 1900ean etnologiako katedra berezi bat jaso zuen Berlingo Unibertsitatean eta Amerikako Saileko zuzendari izendatu zuten Museum für Völkerkunden. [itzuli]
  7.  Etnologoen eta artisten arteko erlazioaz, ikus nire saiakera hau: Kosme de Barañano, “African Art and Artists/Arte Africana y Artistas”, hemen: Guimarães, Sextante Editora, Lisboa, 2009. [itzuli]
  8.  Emmanuel Passemard-ek (Paris 1874–Nîmes 1946) Euskal Herriko Paleolito garaiko aztarnategiei buruzko tesi batekin egin zuen bere doktoretza Natur Zientzietan. Société préhistorique française eta Institut français d’anthropologie erakundeetako kidea izan zen, eta Nîmeseko Musée d’Histoire naturelle-ko kontserbadorea, zeina aberastu baitzuen Afrikako eta Ozeaniako bildumekin. Frantziaren Liberazioaren ondoren exekutatu egin zuten alemanekin kolaboratzeagatik. [itzuli]
  9.  Telesforo Aranzadi Unamuno (Bergara 1860–Bartzelona 1945), Unamunoren lehengusua, Granadako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Mineralogia eta Zoologiako katedraduna izan zen, Bartzelonako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Botanika Deskribatzaileko katedraduna, eta, azkenik, Bartzelonako Unibertsitateko Antropologiako lehen katedraduna, 1920tik 1931ra. [itzuli]
  10.  Jose Migel Barandiaran (Ataun, 1889–1991), apaiza, antropologoa eta arkeologoa. 1916an hasi zen historiaurrean interesatzen, Völkerpsychologieren egilea zen Wilhelm Wundti jarraituz Leipzigeko Unibertsitatean. Urte horretan bertan, historiaurreko bederatzi trikuharri aurkitu zituen Aralar mendietan, eta Telesforo Aranzadiri eman zion bere aurkikuntzaren berri, hura garai hartan Bartzelonako Unibertsitateko Antropologiako katedraduna baitzen. Lankidetza estu bat hasi zen era horretan, Enrique Eguren engana ere hedatu zena, gure historiaurreari buruzko mota guztietako ikerketei aplikatua. 1934an Euskalerriko leen gizona argitaratu zuen. Gerra Zibilean erbestera jo zuen, eta 1953an itzuli zen. Salamancako Unibertsitateko Larramendi katedrako lehen irakasle gonbidatua izan zen, orduko errektore Antonio Tovarren eskutik. [itzuli]
  11.  Enrique Eguren (1888–1944) arabar arkeologo bat izan zen, Federico de Baraibarren ikaslea. Natur Zientziako ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitatean. Estado actual de la antropología y prehistoria vascas. Estudio antropológico del pueblo vasco. La prehistoria en Álava izeneko doktore-tesia egin zuen (1913). [itzuli]
  12.  Espainiako unibertsitatean historiaurreari eskainitako lehen saila 1922an sortu zen, Madrilgo Complutense Unibertsitatean Gizakiaren Historia Primitiboko katedra sortu zenean Hugo Obermaier alemaniar ikertzaile eta apaizarentzat (1877– 1946). Obermaierrek ospe handia izan zuen nazioartean, Kantauriko Paleolito garaiko haitzuloei eta Levanteko arteari buruz egindako lanengatik. [itzuli]
  13.  Marius Schneider musikologoak (Haguenau 1903–Marquartstein 1982) 1948an eta gaztelaniaz La danza de espadas y la tarantela argitaratu zuen, sendagintza-errituei buruzko saiakera musikologiko eta etnografikoa, ezpata-dantzari buruzko atal batekin –Sabin Guezalaren laguntzarekin–, baina hemen ez zuen inoren arretarik piztu. Schneider saiatu zen frogatzen (1979ko El significado de la música bere azken lanean bezala, Rythmus edo Acta Musicológica bezalako aldizkarietan argitaratutako saiakeren bilduma) ideia primitiboak hainbat kulturatan kontserbatzen eta berregiten direla, modu desberdinetan, oroz gain batzuetan antipodetako eremuetan antzera azaleratzen diren ideia metafisiko-musikalak. Schneiderrek filologia, pianoa eta konposizioa ikasi zituen Estrasburgo, Paris eta Berlingo unibertsitateetan, eta han amaitu zuen bere tesia, Die Ars nova des 14. Jahrhunderts, Europako eta ekialdeko polifoniaren arteko lehen ikerketa konparatiboetako bat. Curt Sachs dantzaren ikertzaile handiaren ikasle kutuna izan zen; 1932an Berlingo Artxibo Fonografikoko zuzendari izendatu zuten eta, handik gutxira, Etnografia Musikaleko Institutuarena. 1941ean, Higinio Anglések deiturik, Bartzelonako Musikologiako Espainiako Institutuko folklore-saileko zuzendari bihurtu zen, eta herri-tradizioen jatorriak aztertzen eta antzinako kosmogoniak berreraikitzen aritu zen han; Sant Cugateko klaustro erromanikoa ezagutu ondoren, Erdi Aroko arkitekturaren eta musikaren arteko harremanak aztertu zituen. Espainiako egonaldi horren emaitza da El origen musical de los animales-símbolos en la mitología y la escultura antiguas lana, 1946an argitaratua, zenbait kulturaren azpiegitura totemiko eta megalitikoari buruzko saiakera historiko-etnografikoa, espainiar folklorean nola iraun duten ere agertzen duena; Aita Donostiak zuzendu zuen liburuaren eskuizkribua. Liburu honetan lantzen diren klaustroen azterketa zehatzago bat, geroago, Singende Stein lanean (Kassel 1955) argitaratu eta beste hizkuntza batzuetara itzuli zen. Eragin handia izan zuen Juan Eduardo Cirlot-engan, eta sinboloen mundura eraman zuen. 1954an Alemaniara itzuli zen eta Koloniako Unibertsitateko Musikologia katedraren titularra izan zen 1970 arte. Bere obrarik akademikoena Geschichte der Mehrstimmigkeit da (Berlin, 1934 eta 1969), polifoniaren historia. Schneiderrenak dira orobat Oxford History of Music eta Encyclopédie de la Pléiade bildumetako musika primitiboari buruzko artikuluak ere. [itzuli]
  14.  1887an Aureliano Galarzak, Gernikako diputatu euskalerriakoak, euskarako katedra bat sortzea proposatu zion Aldundiari. Sei hautagai aurkeztu ziren: Luis de Iza, Pedro Alberdi, Eustaquio Medina eta Bilboko hiriaren historiako hiru pertsonaia: Resurreccion Maria Azkue apaiza, Miguel de Unamuno eta Sabino Arana Goiri. Hiru horietan lehena izan zen irabazlea, faboritismo pertsonalaren arrazoiengatik, arrazoi politikoengatik baino gehiago. Ikus José Luis de la Granja Pascual, “¿Por qué perdió Unamuno la cátedra de Euskera en 1888?”. Azkueren ondorengoa katedran, 1920an hartuta kargua, Joseba Altuna izan zen (1887–1971), Indautxun jaioa, Asociación General de Maquinistas Navales erakundeko administraria eta Kontserbatorioko musika-irakaslea. Espainiako Unibertsitateko lehen Euskarazko katedra Antonio Tovar errektoreak eskatuta sortu zen 1952an, Francoren diktadura bete-betean, Salamancako Unibertsitatean. Ikus Antonio Tovar, “La cátedra Manuel de Larramendi en la Universidad de Salamanca”, Zumarraga aldizkarian, 3. zk. (1954), 11–34 or. [itzuli]
  15.  José Javier de la Granja Pascual, “Creación y evolución de las cátedras de euskera en Vizcaya hasta 1936”, Eusko Ikaskuntza aldizkarian, Donostia 1994. [itzuli]
  16.  “Tenéis la fortuna de que vuestro pueblo sea depositario de la reliquia más venerable de la antigüedad hispana. Otras tendrán más valor artístico, serán más admiradas y codiciadas universalmente, pero no hay otra que tenga la importancia de esta lengua, sin cuyo estudio profundo jamás podrán ser revelados del todo los fundamentos y principales derroteros de la civilización peninsular ni podrá ser esta esencialmente comprendida”. Ramón Ménendez Pidal, Introducción al estudio de la Lingüística Vasca, Eusko Ikaskuntza (1921), 23. or. [itzuli]
  17.  1927an (apirilaren 20ko akordioa) bat egin zuten Arte Ederren Museoak eta Arte Modernoaren Museoak, Federico Moyúa alkate zela. 1940an araudi berriak onartu ziren Bilboko Arte Ederren Museoa eta Arte Modernoaren Museoarentzat, eta berberak izatera igaro ziren bi museoetako batzarretako kideak; 1945ean Zabalguneko eraikina inauguratu zen, Fernando Urrutiaren lan bikaina. [itzuli]
  18.  “El acontecimiento artístico de más vuelos universales que se ha celebrado en nuestro pueblo”. Ikus Barañano eta Durana, “La Exposición Internacional de Pintura y Escultura en Bilbao 1919”, hemen: Kobie, IV. zk., Bilbo 1987. [itzuli]
  19.  Damián Roda González (Bilbo 1882 – Bilbo 1967), José de Roda bide-ingeniariaren semea, José Clemente de Ucelayren promozio berekoa, Francok erretiratuak biak 1939an. 1896-9 urteetan Arte eta Lanbide Eskolan matrikulatu zen, eta Indalecio Prieto eta Tomás Meaberen laguna izan zen. 1914an Teatro sentimental argitaratu zuen, hiru komedia, Aurelio Artetak diseinaturiko azalarekin. El Sitio elkarteak argitaratzen zuen El 2 de mayo aldizkariaren zuzendaria izan zen. La arquitectura moderna en Bilbao liburuaren egilea da Roda (1924an argitaratua), non bildu baitziren Manuel María Smith, Leonardo Rucabado, Pedro Guimón, Ricardo Bastida eta beste arkitekto batzuen artikuluak. [itzuli]
  20.  Ricardo Gutiérrez Abascalek (Bilbo 1883 – Mexiko 1943) Bizkaiko Institutuan ikasi zuen eta Ingeniaritzako karrera hasi zuen Deustuko Unibertsitatean; ondoren Hanburgon jarraitu zuen ikasten. “Juan de la Encina” ezizenarekin idatzi zuen; 1906tik aurrera El Liberal eta 1908tik aurrera El Nervión egunkarietan egin zituen analisiek arte kritikari gisa zuen ospea sendotu zuten. Madrilgo Arte Modernoko Museo Nazionaleko zuzendaria izan zen 1931tik 1936ra arte. Mexikon erbesteratu zen, eta irakasle bikaina izan zen Unibertsitate Nazional Autonomoko Arkitektura Eskolan. Ricardoren anaia zaharrena, Leopoldo Gutiérrez Abascal (1868– 1918), intelektuala izan zen, Miguel Unamuno eta Jose Maria Solturaren laguna. [itzuli]
  21.  Estanislao María de Aguirrek (1888-1958) Bizkaiko Institutuan ikasi zuen, eta El Liberal, El Nervión, La Tarde, El Norte eta El Coitaon idatzi zuen, besteak beste; Euskal Artisten Elkarteko eta elkartearen Arte Vasco aldizkariko kide sortzailea izan zen. Nemesio Sobrevilaren Al Hollywood madrileño filmean (1927) aktore gisa parte hartu zuen. Hauxe zen kritikari guztien artean idazlerik onena da, eta gehiena zekiena Espainiatik kanpo gertatzen zenaz; era berean, igandeko margolaria zen, baina kalitate handikoa. Errepublikako armadan sartu zen, jadanik adinekoa zela borrokatu zen, eta zenbait urtez egon zen preso; bai Lequericak, bai Enrique Careagak, biak frankistak izan arren, ahal zuten guztia egin zuten Estanislao askatzeko. Imanol semea hizkuntzalari ezaguna izan zen, La escritura en el mundo (1961) lanaren egilea; eta biloba, orkestra-zuzendari ospetsua. Ikus Guillermo Aguirre Martínezen “Apuntes biográficos sobre Estanislao María de Aguirre, defensor de una estética vanguardista en el Bilbao de principios del XX” testua, 2017. [itzuli]
  22.  Crisanto de Lasterra (Zirauki 1889 – Bilbo 1970), 1918an Bilbora iritsi zen nafarra, Euzkadi egunkari nazionalistako kritikari eta karikaturagilea izan zen 1919tik 1937ra, eta Jabetzaren Ganberako idazkaria erretiroa hartu zuen arte. Arte Ederretako eta Arte Modernoko museoetako zuzendaria ere izan zen 1949 eta 1974 artean. [itzuli]
  23.  Joaquín de Zuazagoitia (1892– 1971), Frantzian eta Alemanian ikasketak egindako farmazialaria, Bilboko Lyon D’Or kafetegiko tertuliako kidea izan zen. Tertulia hura Pedro Eguillorren inguruan bildu zen, eta han izaten ziren Ramón Basterra poeta, Pedro Mourlane Michelena kazetaria, José Félix de Lequerica politikaria, Rafael Sánchez Mazas idazlea, eta, Eguillor erail zutelarik Gerra Zibilaren hasieran, oso frankistak egin ziren beste batzuk. Bilboko alkatea izan zen 1942an. [itzuli]
  24.  Fernando María de Milicua Iralak [Chihuahua (Mexiko) 1900 – Madril 1977] Bizkaiko Institutuan egin zituen ikasketak, eta, ondoren, Frantzian. Bere Poemas cortos en prosa (Gernika 1925) hots-poesiagatik izan zen ezaguna. Parisen ezkondu zen Odette Lelong modeloarekin, Ucelay margolariaren laguna eta Lucien Lelong bitxigile ospetsuaren eta Natalie Paley printzesaren alaba bera. Odette Parisko erietxe batean sartu zuten, eta han hil zen. Alberti, Aux eta Buñuelen memorietan aipatzen da Milicua, besteak beste. [itzuli]
  25.  “Sabrás que los artistas, seres intermedios, ocupan un lugar preeminente entre estos ciegos que te digo, porque, aunque se diría que ven, solo ven ‘cosas inútiles’, y aunque se diría que son cuerdos… no lo son más que para esas cosas inútiles”. El Liberal egunkarian, urriak 24, 1910. [itzuli]
  26.  “En Bilbao, el lujo se reduce a los gastos electorales y a la manera de vestir a los niños”. Manuel Aznarrek argitaratzen eta zuzentzen zuen Un siglo en la vida del Banco de Bilbao argitalpenean aipatua, Espasa Calpe, Madril 1957. [itzuli]
  27.  Mogrovejo familiak ospe handiko jostundegi bat zeukan Plaza Barrian eta 1911tik aurrera Kale Nagusian, 8an. Salustiano Bilboko Club Velocipedistaren presidentea izan zen, eta Bilboko Udaleko prokuradore sindikoa eta alkateordea hainbat legealditan. Lehenago ere aurkeztu ziren triziklo motordunak Bilbon, Ignacio Urcolaren Dion Bouton izenekoak esate baterako. Ignacio Urcola Campo Volantin-en bizi zen, eta Felix Urcola ganaduzalearen anaia zen. [itzuli]
  28.  Honi dagokionez, ikus La Época astekaria (1913ko martxoak 28). Merkataritza Ganberak zuzenean parte hartu zuen Automobil Klubaren sorreran, oso adi egoten baitzen beti hiriaren irudi komertzial eta turistikoari. Bizkaiko Merkataritza Sustatzeko eta Defendatzeko Batzorde Iraunkorrak (1882an sortu zen), proiektu bat egin zuen Ganbera sortzeko, eta 1886an eratu zen, Bilboko Bizkaiko Institutuan, bigarren Merkataritza Kodea indarrean sartu ondoren (1885); Ganberaz gainera, 1910ean Bilboko Merkataritza Defentsarako eta Sustapenerako Sindikatua eratu zen, eta hiru urte geroago mila eta berrehun bazkide inguru biltzen zituen (Gran Vida aldizkarian, 1913ko abenduak 1). [itzuli]
  29.  Genaro Urrutiak eta Juan Aranoak Landalucerenean egin zituzten beren trajeak, Ucelay José María Lozanoren bezeroa eta laguna izan zen, Arteta eta Guezala Mogrovejotarren bezeroak izan ziren… Artista hauen lanak ikusgai zeuden bi dendetan. [itzuli]
  30.  Hau dela-eta, ikus Kosme de Barañano, “Consideraciones gnoseológicas acerca de la Danza Vasca”, Dantzariak aldizkarian, 23. zk., Bilbo-Baiona 1982, 27–35. or.; eta ikus berebat ondorengo ikerlanak: “Ensayos sobre Danza”, Kobie aldizkarian, 3. zk., 1985; “Aesthetik oder asthetische Kategorien des Tanzes”, 1989ko Internationaler Tanzreporten, eta “Der Raum des Tanzes” saiakera, Fred Traguth-en Modern Dance liburuko epilogoa, Wilhelmshaven 1989. Eresoinka taldeaz bada atal bat Ucelayren liburuan, hala nola “El grupo de baile Eresoinka” artikulua, Muga aldizkarian, 13. zk., 1981eko otsaila. Bilboko Olaeta familiaren lanaz, ikus “Danza en familia”, Ballets Olaeta: Ochenta años de Ballet Vasco lanaren hitzaurrea, Gasteiz 2010. “El espacio de la danza” izan zen nire sarrerako saioa Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, 1988an. [itzuli]
  31.  Serge Lifar, La danza, Labor argit., Bartzelona 1966, 21. or. [itzuli]
  32.  Violet Alford, Pyrenean Festivals, Londres 1937, hemen: RIEV 1931–35, eta Dantzariak, 1971. [itzuli]
  33.  Zentzu honetan, Urbeltzen eskema goraipatu behar da, Otsagabiako dantzen El Bobo eta Jano erromatar jainkoaren arteko korrespondentzia erakusten duena –bi aurpegikoa hori ere–, Muskildako eta Dodonako hariztien artekoa; eta osteguna, Jupiterren egun gisa. Korrelazio horiek (Caro Barojak jadanik aipatuak), filologia kontzeptualaren bidetik, hizkuntza zein dantza sakontzen lagundu dezakete metafisika ezkutatu baten ondoren, ez baita soilik Terpsikoreren oinordekoa. [itzuli]
  34.  Pas de basque izenekoa bosgarren posiziotik hasten da, demi-pliéan; battement tendu devant bat atereaz, demi-rond de jambe par terre en tournant egiten da, écarté derrière- raino; ondoren, glissade à la seconde bat egiten da lehen edo bosgarren posiziora, devant, eta bukatzeko chassé en avant à battement tendu derrière bat egin, edo bosgarren posizioan ixten da. Saut de basque izenekoan, dantzaria bosgarren posizioan jartzen da; eskuineko oina aurreratuta, coupé bat egiten du ezkerreko belaunarekin; bitartean ezkerreko hankak demi-plié bat egiten du, eskuinekoa bigarren posiziora lerratzen da, pausatzen da, eta, hanka horrexen gainean biratuz, ezkerreko hanka bigarren posiziora ateratzen da, 90 gradura, salto eginez, eskuin hankaren passé batekin eta itxiz bukatuz mugimendua. Grand pas de basque deritzana modu berean egiten da, baina, arintasunez dantzatu ordez zorua igurtziz bezala, kirol moduan egiten da, salto eginez. [itzuli]
  35.  Oraindik ez da egin, Sabin Egigurenen ahaleginengatik ere, gure lurraldean dauden dantzen katalogazio eta inbentariorik, ahalik eta datu sozio-historiko gehienekin alde batetik (obra, dantza hori, bere testuinguruan kokatuz), eta datu filologikoekin (obraren zatiak eta mugimenduak aztertuz, dantza gisa) bestetik. Artelan bat modu zabalean ulertu nahi duenak ezin du hartatik esperientziazko balio arbitrariorik atera, oinarririk gabekorik; aitzitik, “kokatu” egin behar du (kokapen historiko egokia eman) eta “analizatu” (filologikoki eta formalki). Horrek ez du esan nahi dantza batek, artelan gisa, esanahi historiko-estilistikotik kanpo, bestelako esanahirik ez duenik. [itzuli]
  36. Juan Manuel Larramendi (1690– 1766), Corografía ó descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa. Obra honetan jantziak, geografia, erlijioa, dantzak, laborantza, arrantza, euskara, etab. deskribatzen ditu jesuitak; beste jesuita batek argitaratu zuen, Fidel Fitak, 1882an, Imprenta de Subirana, Bartzelona 1882. [itzuli]
  37.  Juan Ignacio Iztueta (1767–1845). Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, izenekoa da (1824), zenbait dantzaren deskribapen eta sailkapen sistematikoa dela-eta, lehen lan berez folklorikoa. [itzuli]
  38.  Jose Luis “Txelu” Etxebarria Goyri (1925–2015), Danzas de Vizcaya, 1960, La Editorial Vizcaína, Bilbo 1960. [itzuli]
  39.  Juan Antonio Urbeltz Navarrok egina da azken bilduma eta hoberena, Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los vascos, Jakin argit., Bilbo 1978; hurrena, berebat Urbeltzena den Los bailes de espadas y sus símbolos: ciénagas, insectos y moros, Pamiela 2000; edota José María “Txema” Hornilla Sáinzenak, Sobre el carnaval vasco: ritos, mitos y símbolos, mascaradas y totemismo (las mascaradas de Zuberoa), Txertoa, Donostia 1987, eta El carnaval vasco interpretado, Bilbo 1990; eta Karlos Sanchez Ekizaren Txuntxuneroak: narrativas, identidades e ideologías en la historia de los txistularis, Publicaciones de la Universitat Autònoma de Barcelona 2000. [itzuli]
  40.  Euskadiko Gobernua erbestera joan zenean, Manuel de la Sota y Aburto idazleak eta José María de Ucelay margolariak –Agirreren Gobernuko Arte Ederretako zuzendari nagusia zen Ucelay garai hartan–, talde artistiko bat osatzea erabaki zuten, gogoan harturik Diaguileven eskutik Parisen izugarrizko arrakasta izan zuten ballet errusiarren emanaldiak, baita erbesteratu behar izan zuten pertsonak elkartzeko xedeaz ere, nahiz eta jarduera artistikoarekin zuzenean lotuta egon ez, baldin horretarako gaitasunik bazuten; hala, elkarrekin irauteaz gainera, etekinak ere eman zitzakeen ikuskizunen bat ere antolatu ahal izango zuten. [itzuli]