Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Bigarren Karlistalditik aurrera

Kosme de Barañano

Izenburua:
Bigarren Karlistalditik aurrera
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Industrializazioa | Gerra | II Gerra Karlista | Hiria | Bilbo | Bizkaia

 

Aurreko mendeko ohiko merkataritza-jardunbideei asmo handiagoko beste batzuk gehitzeko erabakia hartuta atera zen Lehen Karlistalditik Bilboko hiria. Zazpikaleetan era askotako giza taldeak bizi ziren elkarrekin —ahaide nagusiak, indianoak, merkatari eta dendarien seme-alaba gazteak (Frantziara, Belgikara edo Ingalaterrara ikastera joaten zirenak)—, eta horrek aukera berriak bilatzeko giroa sustatzen zuen: hiria fisikoki “zabaltzeko” ez ezik (Areatzako proiektua, Zabalgunekoa, Abrako kanpoko portukoa, trenbide komunikazio eta garraiorako proiektua, etab.) komertzialki ere “hedatzeko” nahia (mea-esportazioa, atzerabidezko inportazioa eta igorpen-merkataritza).

Bigarren Karlistaldiaren ondoren, oligarkia horrek —ez zen, berez, oligarkia bat, ez baitziren bost edo zortzi familia soilik, askoz gehiago baizik— politika nazionalean parte hartzea erabaki zuen1.

Hori bi ikuspegi ezberdinetatik azter daiteke —eta aztertu da dagoeneko—, baina, funtsean,  analisia berbera da:

  1.  “Bizkaiko ekonomia eta politika ‘zortzi edo hamar familiak’ kontrolatuta zegoen, eta familia horiek erakunde demokratikoen lotsagabeko ustelkeriarengatik eusten zioten beren nagusitasunari. Boterearen monopolio hori eta boterea erabiltzeko modu hori funtsezko elementuak izan ziren jauntxo (sozialista, errepublikano zein nazionalista) horien aurkako politikek izan zuten hedapen azkarra ulertzeko”, Javier Corcuera historialariak adierazi duenez2.
  2. “Pertsona horiek garbi ikusi zuten politikaren laguntza beharko zutela, Bizkaiko industria handitzeko asmoa aurrera eramango bazuten. Beraz, Bizkaiko hautesleak —batez ere Bizkaikoak— bereganatzea erabaki zuten, behin herriko ordezkaritzak kontrolpean edukita, haiek beren gogara erabiltzeko —udal korporazioetan eta nazioko Gorteetan— eta beren proiektu patriotikoaren zerbitzura jartzeko. Une politikoa oso egokia zen: irrika foruzaleak indarra galdu zuenez, aukera ezin hobea zen Bizkaiko ontzia, lema-kolpe bat emanda, asmo handiagoko helburuetara bidean jartzeko”, Francoren lehen urteetan meatzari haien bilobetako batek, Javier de Ybarrak, laburbildu zuen bezala3.

Alde batetik edo bestetik begiratuta, lehenengo “industriaren kapitain” horien jatorria, lan egiteko modua eta funtzionamendua oso antzekoak ziren beren koordenatu ekonomiko eta politikoetan. Baina ez da egia, bi testuek diotenaren kontra, zortzi edo hamar familiak baino ez zutela parte hartu industria-garapen horretan; askoz gehiago izan ziren, nahiz eta “kapitainak” oso gutxi izan, eta ideologia kontrajarrietakoak: izan ere, ezin dira zaku berean sartu Cosme Echevarrieta eta Eduardo Víctoria de Lecea, edota, geroago, Ramón de la Sota eta Horacio Echevarrieta, edo Juan Tomás Gandarias eta Pedro Eguillor.

Nork bere nortasuna zuen, ordea, besteetatik desberdina, baita ideia politiko kontserbadore berdinak zituzten eta Batasun Liberala —“La Piña”deitua (1897)— erakundeko kide zirenek eurek ere (izatez, monarkiko kontserbadoreak). Dena dela, probintziako erregezale guztiek ez zituzten ontzat hartu haiek erabilitako prozedurak eta egindako hauteskunde-iruzurrak4.

Politikan sartu ziren enpresaburu berri horien bi adibide —eta ez ziren sartu kastako politikariak zirelako, ekonomia eta lurraldea kudeatzeko modu jakin bat defendatu nahi zutelako baizik— Bilbon jaio ez baina bertan bizi izan ziren bi pertsona dira: José María Martínez de las Rivas (1848–1913), diputatu 1891tik, eta Víctor Chávarri (1854–1900), diputatu 1886tik. Biak ziren monarkikoak eta kontserbadoreak, biek errefusatu zuten erregeak eskainitako noblezia-titulua, biek zuten itsasorako eta estropadetarako zaletasuna, eta biak izan ziren La Piña delakoaren kide sortzaileak, baina, hori bai, proiektuak abian jartzeko eta aurrera eramateko modu zeharo desberdinak zituzten biek.

Lehena diputatu kontserbadore bat zen, Galdames familiakoa5, Batasun Liberala (Bizkaiko industrialari monarkiko kontserbadoreen batasun politikoa, “La Piña” deitua) erakundearen kide sortzailea, Víctor Chávarri bezala. Talde horretan, goian aipatutakoez gain, Chávarriren alderdiko kideak aurkituko ditugu, hala nola José María Linaza, baina baita Federico Solaegui bezalako errepublikanoak ere6.

Martínez de las Rivasek Londresen egin zituen ikasketak, eta handik bueltan, hogeita hiru urte eskasekin, amaren aldeko osaba Francisco de las Rivas Ubietaren negozioen ardura hartu zuen. Osabak —Mudelako lehen Markesak— San Frantzisko burdina-fabrika sortua zuen Sestaoko Basamortuan, Karmeldarren komentu izandakoren lurretan. Itxura denez, komentu hartan (non fraideek ur gaziko ureztatze-sistema bat zeukaten baratzea erregadiatzeko) egon zen konfinatuta garai batean Félix María Sánchez de Samaniego alegiagilea. San Frantzisko fabrikaren ondoan Astilleros del Nervión ontziolak eraiki zituen gero. 1874an, Laguntzaileen Batailoian hartu zuen parte, karlistek ezarritako setioaren aurkako borrokan.

Martínez de las Rivas XIX. mendearen azken laurdeneko “industriaren kapitain” haietako bat izan zen, eta arlo guztiak landu zituen: meatzaritzan eta burdingintzan jardun ondoren, hirugarren urrats bat egin zuen, erabakigarria bere enpresa-sarea sendotzeko, eta ontzi-jabe bihurtu zen (bi bapore erosi zizkion 1876an Somorrostro Iron Ore konpainiari); laugarren urratsa Banco de Bilbao eta Banco de Comercio banketxeetan parte hartzea izan zen; eta bosgarrena, oso urrats ausarta, ontzigintzan ere jardutea (korazatuak egin zituen itsas armadarako). Martínez de las Rivas itsasgizon petoa eta ur-kirol zale amorratu izan zen. Haren seme Santiago ere nabigatzaile ospetsua izan zen7. Abrako ontzirik onenak izan eta gobernatu zituen, eta ontzioletan lanean zituen arotz zaharrek alemaniarren eta ingelesen diseinua berdintzeko gai izan zitezkeela pentsatzen zuen. Gizon diskretua izan zen, zorrotza bere buruarekin eta bere seme-alabekin, eta ez zuen onartu ez omenaldirik ez titulurik.

Enpresari berezia izan zen, Máximo Aguirrek Bilborako nahi izan zuen Bildung haren oinordekoa. Martínez de las Rivas langileen alde atera zen hainbatetan: 1890eko meatzarien greban, lehena izan zen derrigorrezko barrakoiak ezeztatzen; 1910ekoan, lehena izan zen langileen lanaldia murrizten, eta Ugazaben Elkartetik kanporatu zuten horregatik8; Bizkaian 1911n egin zen greban, aberastasunaren zati handiena langileei zor ziela adierazi zuen. Handik  urte batzuetara, 1918ko meatzarien greban, bere langileen lanaldia murriztu zuen. Bilbo, Londres eta Madril artean bizi izan zen, eta azken hiri horretan hil zen, Espainiako gizonik aberatsenetako bat bihurtua ordurako.

Hona ekarri nahi dudan bigarren pertsonaia Víctor Chávarri da (1854–1900), Portugaletekoa, El Leon izenez ezaguna. Hitz gutxiko gizona izan zen, politikoki liberal-kontserbadorea, bere ideia guztiak atzerapenik gabe gauzatzen zituena. 1900eko apirilaren 7ko La lucha de clases astekari sozialistak honela idatzi zuen haren hil-oharra: “Langileentzat benetako tiranoa izan da Chávarri jauna, bihotzik gabeko esplotatzaile bat… Gizon gisa, gorroto zaitugu; industrialari gisa, miresten”. Sabino Aranak Víctor I.a Bizkaikoa deitzen zion. Enrique Areilza medikuak, Trianoko meategietako langileak artatu zituenak, Chávarri enpresari gogorraren bertsio dibertigarriagoa utzi zigun: “Uste duzue Jainkoa Chávarri bezalakoa dela, goizean idazmahaian eseri, eta, paperak begiratu bitartean, zera esaten diola mendekoari: gaur euria bota dezala, Maurizio Belostikalekoari loteria egokitu dakiola, Ollerietako emakume potolo hori hil dadila eta jo dezala baztangak kale-garbitzaile begibakarra”9.

Chávarrik ingeniaritza-ikasketak egin zituen Liejan, eta, handik bueltan, Bigarren Karlistaldia amaituta, oinordetzan jasotako meategiak berraktibatzeari ekin zion, bere anaia Benigno, Leo eta Felixekin batera. La Vizcaya (Bizkaiko Labe Garaien aurrekaria) sortu ondoren, siderurgia mota guztiak ekoiztu zituen, hala nola, galdaketa, ijezketa, trenbideko makineria eta materialen, itsasontzien eta osagarri mekanikoen eraikuntza. 1886ko apirilean, inportazio eta esportazio legeen aurka borrokatzeko, politikara bete-betean jauzi egitea erabaki zuen.

Laurogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera, Zabalguneko urbanizazio-proiektuetan jardun zuen buru belarri. Bere jabetzapeko lehen etxea —Portugaleteko jaiotetxea alde batera utzita— Plaza Eliptikokoa izan zen (gaur egun Gobernu Zibilaren egoitza dena)10. Langileek Bilbon egin zuten lehen manifestazioan, lanaren nazioarteko egunaren kariaz, Kale Nagusian zehar desfilatu zuten, Chávarriren etxearen aurrean egon zirenean protesta eginez11.

1890. urtea amaitu baino lehen, Chávarrik beste ekimen bat jarri zuen martxan: Papelera del Cadagua paper-fabrika. Denbora hartu zuen, baita ere, Sociedad de Fomento de la Cría Caballar Vizcaína (Bizkaiko Zaldi Haztegia Sustatzeko Elkartea) sortzeko, bestelako jarduera batzuetan ere kide izan zituen beste enpresari batzuekin batera: Murrietatarrak, Aguirretarrak eta Arellanotarrak. Era berean, nabigatzaile ona izan zen, Martínez de las Rivas bezala: Bilboko itsasadarreko XIX. mendeko ontzirik onenak izan zituzten biek12.

Bitxia bada ere, bi pertsonaia horiek behin baino gehiagotan egin zioten aurre elkarri. Martínez de las Rivasek 1891ko urtarrilean egin zuen jauzi politikara, eta Chávarrirekin (1886az geroztik diputatua) lehiatu zen Gorteetarako hauteskundeetan, bai eta hura garaitu ere13. Chávarrik azkar erreakzionatu zuen: hilabete geroago, otsailean, bere burua Senaturako hautagai aurkeztu zuen, eta Pablo Alzola ingeniaria garaitu zuen14. Baina are jokaldi hobea izan zen, haren aldetik, Martínez de las Rivas eta beste enpresari batzuk konbentzitzea enpresaburuen interesak defendatzeko patronal bat eratzeko beharraz eta nazionalistengandik eta sozialistengandik —baita Madrilgo politika protekzionisten ondorioz ezarritako muga-zergetatik— babestuko zituen talde politiko bat osatzeko premiaz. Hala sortu ziren, 1894an, Bizkaiko Ekoizleen Liga15, eta 1897an, Batasun Liberala16 (“La Piña” deitzen zutena).

Ligak eta La Piña delakoak Bizkaiko meatzarien patronalaren buru bihurtu zituzten Chávarri eta Martínez de las Rivas. Biak ala biak meatzaritzatik siderometalurgiara, trenbideetara eta era guztietako enpresetara igaro ziren. Prestakuntza tekniko handia eskuratua zuten biek atzerrian, eta prestakuntza hori erabakigarria gertatu zitzaien enpresa-ekimen horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko. Biak ziren ezkerraldeko elizateetako nekazarien bilobak, batetik, eta hiribilduko merkatarien bilobak, bestetik; biek jakin zuten uztartzen lana familiatik jasotako herentziarekin, ez bakarrik herentzia materialarekin (dirua edo meatokiak), baita espiritualarekin ere (akordioak lortzeko gaitasuna, merkataritza ororen oinarria)17. Biek ere uko egin zioten zegokien noblezia-tituluari18. Chávarrik zioen aski zuela on Víctor deitzea, besterik gabe.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Ikus liburuki honetako “Oligarkia” kapitulua. [itzuli]
  2. Javier Corcuera Atienza, Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco, 1876–1904, Siglo XXI argitaletxea, Madril, 1979, 142–43. or. [itzuli]
  3. Javier de Ybarra Bergé, Política nacional en Vizcaya. Instituto de Estudios Políticos, Madril, 1948, 104–05. or. [itzuli]
  4. Eduardo J. Alonso Olea, Víctor Chávarri (1854–1900). Una biografía, Eusko Ikaskuntza eta Portugaleteko Udala, Donostia, 2005. [itzuli]
  5. Martínez de Lejarzatarrak Gueñesko Lejarza auzokoak ziren jatorriz. José María, Santiago Martínez de Lejarza Escarzagaren semea (1815–1888), Lejarza jauregian jaio zen, Larrea-Galdamesen. 1853an, jauregi bat eraiki zuen Portugaleteko El Cuervo bidean, Saltoko hondartzaren gaineko malkarraren eta Santurtzirako errepidearen artean. Jauregiak hondartzara jaisteko bide pribatu bat zuen, labarrean behera. Lursail hori udalerriari laga zitzaion XX. mendean, parkea handitzeko. Esan ohi denaren kontra, José María Martínez de las Rivasek (1848–1913) ez zuen bere osaba Francisco ospetsuaren itzalaren eraginez hartu Martínez de las Rivas abizena, jatorrizkoa utzita; izan ere, Galdamesen, Martínez de las Rivas bezala agertzen da jaiotza-agirian (1848ko irailaren 29an). Diputatu (1891n) eta Erresumako senatari izan zen, eta Itsas Merituaren Gurutze Handia eman zioten. Aitzitik, uko egin zion noblezia tituluari. Manuel Aznarrek oker egotzi zion liburu baten egiletza Un siglo en la vida del Banco de Bilbao (Espasa Calpe, Madril, 1957) lanean: “eta bizkaitarra zenbateraino zen noblea neurtzeko, ikus dezagun zer dioen Martínez de las Rivasek bere Mando en la chimenea ahaztuan: —Bizkaitarra al da? —Izenak berak salatzen du. Bilbon bertan jaioa da. Oso noblea ote? —Alajaina!Badakizu onddoak ere noble jaiotzen direla Bizkaian”. Francisco Martínez de la Rosarekin eta El marido en la chimenea lanarekin nahastu zen Aznar. [itzuli]
  6. Batasun Liberalaren eskutik, José María Martinez de las Rivas diputatu hautatu zuten Balmasedan 1891, 1896, 1897 eta 1898. urteetan, eta senatari 1899, 1901, 1903 eta 1905ean; Víctor Chavarri, senatari hautatu zuten Bizkaian, 1891, 1896 eta 1899. urteetan; haren koinatua, José María Lizana, diputatu hautatu zuten Durangon, 1891, 1893, 1896, 1899, 1901, 1903, 1905, 1907 eta 1910. urteetan, eta senatari 1898an; Eduardo Víctoria de Lecea, senatari 1889an, eta diputatu 1891n; Federico de Solaegui (errepublikanoa, 1862an Garibaldiren aldeko manifestu bat sinatu zuen, Bilboko beste gazte liberal batzuekin batera), diputatu 1891, 1893 eta 1905. urteetan; Luis de Landecho, diputatu 1885 eta 1891n, eta senatari 1900, 1903, 1904, 1905, 1907, 1908, 1909 eta 1910. urteetan, Gernikan; Federico de Echevarría, 1989an; Juan Tomás Gandarias, 1898, 1899, 1901, 1903, 1905, 1907 eta 1911. urteetan; Ybarra lehengusuak, 1898,1899 eta 1900ean. [itzuli]
  7. Honela deskribatu zen, 1906ko otsailaren 30eko La Vida Maritima argitalpenean, haren seme Santiagoren hileta, Vista Alegreko hilerri berrian: “Erruki Etxe Santuko berrogei haurrek, hirurehun langilek baino gehiagok eta hildakoaren familiaren menpeko meategietako eta industria-establezimenduetako langile askok zuziak zeramatzaten piztuta. Errespetuzkoak, jaun hauek zeramatzaten: Galíndez, Laiseca, Birclienall, Franc (Portugaleteko Marina Laguntzailea), Tomás de Zubiri, Plácido Allende, Benigno Chávarri, Alzaga, San Pelayo, Goyoaga, Orendain, Borda, Espada, Julio Urquijo jauna eta Fernando M. de Ibarra jauna. Aldundiko lehendakari Urquijo jaunaren auto partikularrak ixten zuen segizioa”. [itzuli]
  8. 1910eko irailaren 10eko La correspondencia de España egunkarian, lehen orrian agertzen da Martínez de las Rivas (“enpesari eskirol” bat, Indalecio Prietok gogorazten duenez) kanporatua izan zelako berria. [itzuli]
  9. Enrique Areilza, Epistolario, El Tilo argitaletxea, Bilbo, 1999. [itzuli]
  10. Haren seme Víctorrek El Pinar finka eraiki zuen Areetan (1902), eta Artaza jauregia (Manuel María Smithek 1918an diseinatua) Leioa eta Getxo artean, nola bata hala bestea aitak erositako lursailetan. [itzuli]
  11. 1890eko maiatzaren 4an egin zen protesta, Parisko lehen nazioarteko deialdiaren ondoren: “Kale Nagusian gora desfilatu zuten, eta Plaza Eliptikoaren erdian, Víctor Chávarri meatze-ugazabaren etxearen balkoiaren azpian, burgesiaren heriotza aldarrikatu zuten”. Ikus garai hartako prentsa: El Noticiero Bilbaíno, 1980ko maiatzaren 6 eta 7a, eta El Socialista, 1890eko maiatzaren 23a. [itzuli]
  12. Ikus “Steam Yachts” kapitulua. [itzuli]
  13. Martínez de las Rivas kontserbadoreak 4.326 boto jaso zituen, Chávarri liberalak 4.004, eta Bizakio sozialismoaren sortzaileak, Facundo Perezagua toledoarrak, 215. [itzuli]
  14. Bizkaitik Víctor Chavarri eta Rafael Mazarredo hautatu zituzten senatari, Juan Ibargoitiari eta Pablo Alzolari aurrea hartuz. [itzuli]
  15. Meatzarien Zirkuluaren (1894) ondoren, Bizkaiko Ekoizleen Liga izan zen Bizkaian eratutako ugazaba-elkarteen artean bigarrena. Geroago, 1898an, Bizkaiko Industria Zentroa (CIV) sortu zuten, ugazabak langileen eskaeretatik defendatzeko, eta 1900ean, Bilboko Ontzi-jabeen Elkartea. Bizkaiko Ekoizleen Ligak kolpe handia hartu zuen 1899an, Ekoizleen Liga Nazionala desegin zenean, baina 1903–04 bitartean berriro suspertu zen, Alzolarekin, eta 1909an, Federico Echevarríarekin, merkatu nazionalaren babesa eta industria nazionalaren sustapena bilatzea helburu zuela. [itzuli]
  16. 1903an, José María Urquijo Ybarraren hautagaitza katolikoak La Piñako liberalak (Pablo Alzolarekin) eta sozialistak (Pablo Iglesiasekin) garaitu zituen. La Piña, nolabait, berriz jaio zen 1919an, Liga de Acción Monárquica alderdian, eskuin autoritario baten esanetara. [itzuli]
  17. Chávarriren biografiarik onena Eduardo Alonso Olea historialariarena da: Víctor Chávarri (1854–1900), 34. zk., Lankidetzan, Donostia, 2005. Honela dio pasarte batean: “Nahiz eta, aitaren aldetik, Gueñesko laborari-familia batetik etorri (dena dela, familia hori berehala lotu zitzaion meatzaritzako negozioei, eta horrek gauza asko azalduko ditu, aurrerago ikusiko dugunez), amaren aldetik Bizkaiko nobleziarik hautenaren eta Bilboko merkatari-familia baten ondorengoa zen. Víctorrek kapitalismo hutsa eta gogorra ezaugarritzat zuen eskema berri batean bateratu zituen alderdiok, bi mundu horiek, etxe bakoitzetik onena hartuta. Neurri batean, bere egoera, talde horretan, bitartekaritza-merkataritzara emanak ziren hiribilduetako (Portugalete, Bilbo) merkataritza-tradizioen antzekoa da, merkataritza-jarduerek eta familia-jarduerek lotuta dauden taldeen antzekoa, merkataritza-itunak familia-itunetan gauzatzen diren heinean;[…] Baina aitak, ondasun materialez gainera, bestelako ondare bat ere utzi zion Chávarriri, berak gero oso ondo baliatzen jakin zuena: prestakuntza on bat, kontaktu onak, eta familia- eta negozio-harreman onak”, 34–35. or. [itzuli]
  18. Urte batzuk geroago, 1914an, haren anaia Benignok bai onartu zuen Chávarriko markes titulua, eta, 1920an, haren izen bereko semeak, Chávarri Anduizak, baita Trianoko markes titulua ere. [itzuli]