Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Mende-aldaketa: 1800eko Millenialak, Frantsestuak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Mende-aldaketa: 1800eko Millenialak, Frantsestuak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Ekonomia | Gerra | Hiria | Bilbo | Bizkaia | Frantzia | Pertsonak

XVIII. mendearen amaieran jaioak, badira bi pertsonaia aurkako ideia politikoak ordezkatzen dituztenak (liberalismoa vs. kontserbadurismoa) eta Bilboko giza geografia osatzen duten bi talde-motetatik datozenak: merkatarien semea bata, eta ingelesez self made esaten zaiona; eta leinuko semea bestea, Bizkaiko noblezia landatarrekoa (lur-jabeak, eta hiribilduan bertan hasieratik etxeak izan zituztenak).

Bi pertsonaiek ezaugarri komun ugari dituzte beren ibilbide politikoan: biak iritsi ziren hiribilduko alkate izatera; biak izan ziren Bizkaiko diputatu eta Probintziako Aita; biak izan ziren Kontsulatuko buru; biei zieten begirunea diruzain bikainak izateagatik, eta biek agertu zuten kezka handia osasun publikoaren inguruan. Izaera desberdina zuten: bat kanporakoia zen, eta hiribilduan jaio bazen ere, Orozkoko baserrian bizitzea eta euskaraz aritzea atsegin zuen; bestea lotsatia zen, “kabinete-gizona”, eta lur askoren jabea bazen ere, gorroto zuen Barrenkaleko dorretxetik irtetea, eta bertan egon nahi izaten zuen, euskarazko etimologien hiztegia idazten.

Beste ezaugarri batzuetan ere bazetozen bat XIX. mendearen erdialdean eratu eta amaieran finkatu zen Bilbo haren espiritua, hots, aztergai ditugun margolari handien Bilbo haren espiritua baldintzatu zuten bi pertsonaiok. Ezaugarri komun horietan lehena da biek erabiltzen zutela euskara eskuarki; bigarrena, biak errespetatzen zituztela ikaragarri beren garaikideek, eta hirugarrena, biek defendatu zutela trena ezinbestekoa zela Bilborako, komunikaziorako bitarteko eta garraiobide gisa.

Manuel María de Aldecoari (1780–1865) eta Pedro Novia de Salcedori (1790–1865) buruz ari naiz. Aldecoa Bizkaiko alderdi liberalaren sustatzaileetako bat izan zen, baina Foruak babestu zituen. Merkatarien seme, Frantziara bidali zuten ikastera, eta bertan bereganatu zuen izaera ilustratu eta frantsestuaren ondorioz, administrazio frantsesarekin lan egin zuen. Saiakera bikain batean, José Manuel Cifuentesek dio asko izan zirela frantsesekin lan egin zuten pertsonak, nagusiki merkatariak, eta nor izan ziren zehazten du1.

1815ean, hiribilduko alkate zela, Diputazioaren, Udalaren eta Kontsulatuaren artean zorra kitatzeko adostasuna edo Konkordia deitu izan dena lortzen lagundu zuen. Urte hartan bertan, Probintziako Aita izendatu zuten, eta hitza nahiz lehentasunezko eserlekua lortu zituen Batzar Nagusietan. 1819an, Merkataritzako Ikasketen Eskola inauguratu zuen, eta Alberto Lista frantsestua izendatu zuen matematika-irakasle. Karlistaldiaren urteetan, Aldecoa liberalak foruzaletasun liberala bultzatu zuen, eta 1841ean Bizkaiko Osasuneko Goi Batzordeko kidea izan zen. Bilboko Eskola inauguratzean (1819ko martxoaren 1a) esan zituen hitzek ongi laburbiltzen dute haren mundu-ikuskera: “Ezagutza da ‘herri zibilizatuen’ izaera bereizgarria eratzen duena […], baita ohorezko ideiak ere, eta ikasteko zein lanerako ahaleginaren ideiak […], ez baitago beste biderik parekoen estimua merezi izatera heltzeko eta helburu bikainenak erdiesteko”. Aldecoa bere garaiko politikari maiteenetako bat izan zen, akordio-artekari azkarra eta Bilboko etorkizun-ideien biltzailea.

Pedro Novia de Salcedo (1790–1865) leinu-sendi batean jaio zen. Familiak dorretxe bat zuen Basurtun, baina hiribildura lekualdatu zen, eta dorretxe bat eraiki zuen Barrenkale Barrenan. Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dago aldeetako tauletan Novia de Salcedoren arbasoen erretratuak dituen Gurutziltzaketaren triptiko bat. Noviak San Frantziskoko Eskola Inperialean ikasi zuen, Bilbon. 1817an, Bilboko alkate hautatu zuten. Lehen Karlistaldiaren aurretiko matxinadan parte hartu zuen, baina, moduekin haserre, aldi baterako Aragoira alde egitea erabaki zuen. Bilbo-Balmaseda-Burgos lotuko zituen Iparraldeko trenbidearen proiektua aurkeztu zuen 1832an, Liverpool eta Manchester arteko munduko lehen trenbidea inauguratu eta soilik bi urtera. Bilbok harreman estua zuen bi hiri horiekin. 1841–43an, diputatu probintzial izan zen berriro, baita 1846–48 eta 1852–54 aldietan ere. 1852an, Gernikako Batzarrek Herrialdeko Meritu Oneko Seme izendatu zuten. Aisialdian, Diccionario etimológico del idioma vascongado hiztegian lan egiten zuen. Oso tradizionalista zorrotza izan arren, Novia de Salcedok sen onaren alde eta hiribilduaren eta probintziaren interes komunen mesedetan negoziatzen jakin izan zuen beti.

Aldecoa eta Novia de Salcedo ez ziren pertsona itzaltsu bakarrak Lehen Karlistaldiaren aurreko Bilbo hartan, ozta-ozta 12.000 biztanle zituen eta Zazpikaleetara mugatuta zegoen Bilbo hartan. Haiez gain, merkataritzako edo itsasketako jarduerei ekin zieten beste hainbat ahaide nagusi bizi ziren hiribilduan, hala nola Juan Echevarría La Llana, Luciano Urízar, Manuel María de Gortázar edo Francisco Zabálburu, zein Armadan edo Itsas Armadan aritutako ahaide nagusiak, Federico Victoria de Lecea edo Mazarredo anaiak, besteak beste. Indietan dirua eginda Bilbora aberastuta itzulitakoak ere bazeuden, Tomás José Epalza edo Sebastián Eguillor, esaterako; hiribilduko bizitza ekonomikoan eta enpresa-arloan sartu ziren horiek. Era berean, Somorrostroko inguruan meatzeak zeuzkatenak ere bazeuden, José María Ybarra edo Cosme Zubiría, adibidez; edo nekazarien seme xumeak, hala nola Máximo Aguirre (Galdakaokoa), Francisco de las Rivas (Gordexolakoa), Estanislao Urquijo (Laudiokoa), Eduardo de Aznar (Portugaletekoa) edo Mateo de Murgaren (Nerbioi Garaikoa). Guztiak ere munduko gizonak ziren, hizkuntza ezberdinak ezagutzen zituztenak eta dirua egiteko gogoa zutenak.

Gehienak Ilustrazioko gizonak ziren, Aldecoaren hitzen ildotik zihoazenak (“ezagutza da […] izaera bereizgarria eratzen duena”), eta, hortaz, frantsestuak, eta ia guztiak Sociedad Bilbaína elkarteko kideak ziren. Bilboren setio bete-betean antolatu zuen elkartea haietako batek, Máximo Aguirrek (1791–1840).

Aguirre XIX. mendean Bilbo hiri handi bihurtu zuten bilbotarren prototipoa zen, hiriaren zabalkundea ahalbidetu zuten oinarriak edo baldintzak ezarri zituenetako bat; hiriaren zabalkundea civisari lotutako alderdi guztietan, hiriak civitasa eskaini ahal izateko, hau da, gure eskubideak, aske izateko aukera eta ongizate komunaren arduradun-izaera bermatu ahal izateko. Aguirre merkatari baten semea zen, Galdakaotik iritsia eta familia-tradizioko ofizioaren arabera trebatua, hau da, Gaztelarekiko eta atzerriarekiko bitartekaritzarako merkataritza-bulego batean. Gero irinetara (El Pontón okindegia) eta ehun-gaietara (itsasontzietarako jutea, iruna eta oihalak) zabaldu zuen negozioa. Gaztetan, Aguirre Londresen eta Parisen bizi izan zen, eta bertan bereganatu zituen ideiei esker bere negozioak dibertsifikatu ahal izan zituen: lurzoru-erosle eta higiezinen sustatzaile bihurtu zen, baita industria-arloko enpresari ere, eta Bilbon banketxe bat diseinatzeko prozesuaren partaide. Pascual Madozen hitzetan, 1846an Aguirrek 60 ehungailu zeuzkan kotoizko haria ekoizten, eta Santa Ana de Bolueta enpresaren eta Abandoko aingura-burdinolaren parekotzat jo zuen haren enpresa. 1861ean, Aguirre eta Nicolás Olaguíbel ziren Bilboko irin-merkatari garrantzitsuenak2. 1863an, filialak zeuzkaten Espainiako erresuma osoan barrena, eta ordezkaritza komertzialak zituzten, halaber, Dundee (Eskozia) eta Londres hirietan. Aguirrek harreman komertzialak izan zituen AEBekin, eta Bilboko kontsul gisa aritu zen 1839an, Lehen Karlistaldia oraindik amaitu gabe zegoela, Aguirrek kutsu ingeleseko klub bat antolatzeko konbentzitu zituen 133 herritar, ozta-ozta 12.000 biztanle zeuzkan Zazpikaleen Bilbo txiki hartan. Aguirre desadostasun politikoen gainetik aisialdia eta irakurzaletasuna partekatzeko prest zeuden pertsona zentzudunez osatutako klub baten katalizatzailea izan zen. Horrela jaio zen Sociedad Bilbaína elkartea, 1839ko urriaren 15ean, Plaza Barriko 5. zenbakiko 1. solairuan, zeina baitzen Gortázarren eta Victoria de Lecearen jabetzakoa. Elkarte horretan bildu ziren hiriko izenik nabarmen eta garrantzitsuenak: merkatari txikiak nahiz ahaide nagusiak; kontsignatarioak nahiz errentadun ilustratuak; abokatu eta artisauak nahiz ingeniari eta kinkila-saltzaile atzerritarrak. Tartean ziren hainbat ideologiatako alkate edo errejidoreak: Aguirre, Azaola, Bayo, Bergé, Briñas, Echevarría, Gaminde, Ibarra, Lequerica, Adán de Yarza, MacMahón, Obieta, Torres, Uhagón, Victoria de Lecea, Vildósola, Zabálburu, Zubirídea, etab.

Sociedad Bilbaína elkartearen sorrera izan zuen ardatz eta oinarri garapenaren Bilbo hark, industriaren, ontziolen, burdinbidearen eta banku-jardueraren Bilbo hark: aurrerabidearenak. Elkarte horren sorrera alemanek Bildung deritzotenaren oinarri etiko eta morala eraiki zuen irudi sinbolikoa da. 1839ko Bilbo indartuta atera zen, jende hark hezkuntza erein zuelako, edo “heziketa”, haien hitzetan. Bildung giza formakuntza da; ez da kontzeptu abstraktu bat, kultura, tradizio eta hezkuntzaren oinarria baizik3. 1819an, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola ireki zuten, eta 1841ean, Bizkaiko Ikastetxe Nagusia, geroago, 1847an, Bizkaiko Institutu ezagun eta aglutinatzailea izango zena4.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. José Manuel Cifuentes Pazos, “Los afrancesados en Vizcaya: análisis de algunos casos”, Tiempos Modernos, 8. lib., 32. zk., 2016. Haren hitzetan: “artikulu honen helburua hurbilpen bat egitea da, hobeto ezagutzeko zer jatorri sozial eta ibilbide profesional eta publiko zuten konbentzituta nahiz komenigarritasunak, interesak edo izuak bultzatuta okupatzaile frantsesei lagundu zieten bizkaitarrek; dena den, oso kasu gutxitan hitz egin daiteke ‘benetako’ frantsestuez, eta horiek izan ziren, seguru asko, errepresalia handienak jasan zituztenak. Oinarritzat hartu ditugu okupazio frantsesak iraun bitartean Bizkaiko Jaurerrian bete zituzten karguen zerrendak”. [itzuli]
  2. Pascual Madoz (Iruñea, 1806–Genova, 1870) ogasun-ministroa izan zen biurteko progesistan. 1855eko Desamortizazio Legeagatik da ezaguna, eta Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar lanagatik. [itzuli]
  3. Bildung greziarren Paideia da, zibilizazioa, kultura, tradizioa, literatura eta hezkuntza biltzen dituen hitza. Menandro poetak honela definitu zuen kontzeptua: “Bada gizakiari inork kendu ezin diezaiokeen ondasun bat, paideia: ‘Paideia gizadi osoaren babeslekua da’”. Sentencias Monósticas: 2 eta 312). [itzuli]
  4. Ikusi liburuki honetan Nautika Eskolei eta kapitainei buruz idatzitako kapitulua. [itzuli]