Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Arteta - Gerraren Triptikoa

Kosme de Barañano

Izenburua:
Arteta - Gerraren Triptikoa
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Gizakia | Arkitektura | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Kolorea | Konposizioa | Oreka | Industria | Industrializazioa | Sociedad Bilbaína | Bilboko Arte Ederren Museoa | Erbestea | Gerra Zibila (Espainia) | Itsasoa | Bilbo | Bizkaia | Frantzia | Mexiko
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Arteta Errasti, Aurelio

Hiru pieza hauek, Frontea (El frente), Exodoa (El éxodo) eta Atzeraguardia (La retaguardia) [garaiko egunkarietan, aldiz, Lubakian (En la trinchera), Ebakuazioa (La evacuación) eta Bonbardaketaren ostean (Tras el bombardeo) izenburuekin aipatu zituzten], Gerraren triptikoa osatzen dute  eta Aurelio Artetak (1879–1940) egin zituen Biarritzen. Aurelio Artetak 1936an hasitako Gerra Zibilari buruz zuen ikuspegia laburtzen dute. Epikaren kutsua baino gehiago gerraren aurkako elegiaren kutsua duen lan honetan, Artetak oinarritzat hartzen ditu bai Gustavo de Maeztuk itsasoaren hondamendiei buruz egindako konposizioa, lehenago aztertu duguna (Lirika eta Erlijioa), baita Max Beckmannen triptikoak ere.

Artetak erbestean amaitu zuen lana, Frantzian, Mexikora alde egin baino pixka bat lehenago; Mexikon hil zen, tranbia- istripu batean. Multzo harmoniko bat da, ongi orekatua konposizioan, eta asmaketa-aberastasun bikaina erakusten duen elokuentziaz interpretatua. Figura guztiak, ongi marraztuak, forma perfektu eta erabat amaituagatik nabarmentzen dira; tonalitate gutxi-asko iluneko koloreen bidez lortutako forma da. Kolore grisaxkak, forma indartzeaz gainera, figuren inguruan espazioa sortzen laguntzen du. Bolumena pertsonaien posizio era askotara mailakatuak iradokitzen du, baita balio ñabartuek ere, izaera gehienbat lineala dutenek: Artetak Juan Grisen1 kubismotik ikasi zuen koloreez eta koloretako planoez baliatzeko modu hori. Artetak ez zuen inoiz atzean utzi irudien ikusmolde laua, Italiako Trecentora egindako bidaiaren eta bere ikuspegi frantziskotar sozializatzailearen eragina, eta are gutxiago uko egin zion espresiozko lerroari zeregin garrantzitsu bat emateari.

Lan honek amaiera eman zion Artetaren aldi oso pertsonal bati, zeina hasi baitzen 1920an Londresen aurkeztutako Torpedoz erasotako marinelak (Marineros torpedeados) lanarekin eta, bereziki, Burtzeñako zubia (Puente de Burceña) izenekoarekin. Artetaren paisaia hiritar horrek, 1921ean eginak, pertsonaia maskulino bat aurkezten digu; bizkarrez dago, eta zubi baten barandan edo karelean pausatuta, malenkoniaz begiratzen dio Kadagua ibaiaren uren joanari; behean, ibaiertzean, zaldun batek edaten ematen dio bere zaldi zuriari ur kutsatuetan, eta zubiaren azpitik txalupa bat ateratzen da. Atzealdean, edo konposizioaren itxiera gisa, langile-etxe gorri eta grisak daude, bolumenen kubikazio nabarmena dutenak bai beren kokapenean, baita teilatuetako angeluenean ere; ardatz bertikalean, lantegi bateko tximiniak konposizioa ebakitzen du erdian. Nolabait, Artetak buruan zerabiltzan Emile Verhaeren poetaren ideiak, zehazki “La ville” (Hiria) poemakoak (Les Campagnes hallucinées, 1893):

Burdinazko zubi gihartsuak dira, airean jaurtiak, jauzika;

[...]

Aldirien gaineko dorreak dira, Milioika teilatu dira

Zerurantz goratzen beren angelu zuzenak: Hiri garroduna da,

[...]

Nafta eta bikezko ibai bat.

(Ce sont des ponts musclés de fer, / Lancés, par bonds, à travers l’air; [...] / Ce sont des tours sur des faubourgs; / Ce sont des millions de toits / Dressant au ciel leurs angles droits: / C’est la ville tentaculaire, [...] /Un fleuve de naphte et de poix.)

Hori guztia arkitektura industrial batean enkoadratuta dago, zubiaren burdinazko armazoien erronboide-formako egituran, altzairuzko elementuen tenkatasunean, zubiaren oholari “eusten” dioten elementuak, konposizioari eusten diotenak edo hura egituratzen dutenak. Artetak erreferentzia argia egiten dio bere lagun ingeniari eta arkitektoen burdinazko arkitektura berriari. Figura bakartia biltzeko joko formal gisa erabiltzen ditu habeak (burdina edo altzairuzko T bikoitzak), hots, X itxurako sareta bikoitzak. Burdinazko egituren lerro ahaltsu horiek margolana geometrizatu eta konposatzeko balio diote, ur gainean zintzilikatutako leku bat eraikitzeko. Burdinbideetako ingeniaritzari erreferentzia oso hurbil dago japoniar grabatuetako iradokizunetatik, horiek ere geometrikoki ongi definitutako egitura horizontalez beteta baitaude2. Zalantzarik gabe, Artetak, Adolfo Guiarden antzera, ikusia zuen Europako zubia, Gustave Caillebotte margolariak 1876an eginiko lana (Geneveko Petit Palais Museoan dago), non arreta ematen duten elementuak baranda eta egituretako sareta bikoitz ahaltsuak diren, txirikorden jolas formalarekin eta itzalekin3.

Artetaren margolaneko zubiak Zorrotza (Abandoko elizatea) eta Burtzeña (Barakaldoko elizatea) udal-barrutiek bat egiten duten puntuan zeharkatzen du Kadagua ibaia. Bilbo eta Santander arteko errepide nazionala hartzen zuen zubi hori 1876an eraiki zuen Adolfo Ibarreta ingeniariak (1829–1893)4, 1869an uholde batek Espainian eraikitako lehen zubi esekia suntsitu ostean (Antonio Goikoetxea bermeotar arkitektoak 1822–23an egindako proiektua5). Zubiak orduko Abandoko errepublika (gaur egungo Zorrotza) eta Burtzeña (Barakaldo) lotzen zituen. Gerra Zibilean dinamitatu egin zuten (1937ko uztailaren 19ko goizaldean), eta gero, 1940an, egungoa eraiki zuten, hormigoi armatuzkoa. Baina Artetaren margolaneko zubia ez da Ibarretarena, hainbat zubiren nahasketa baizik. Kokapenari eta margolaneko zubiaren ezkerraldean dauden etxebizitzei dagokienez, baita langilea pausatuta dagoen barandari dagokionez ere, Ibarretaren zubia da6. Baina egiturak iradokitzen du Pablo Alzolarena dela7, ibaiaren ibilguan aurreraxeago dagoena, edo Irauregiko zubia, herri horren eta Kastrexanaren artean kokatua, Valentín Gorbeñak eraikia.

Ez da harritzekoa Artetaren margolan honek, lehen planoan ingeniaritzako egitura hori duela, Lord Norman Foster arkitektoaren arreta erakarri izana; Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkeztu zuenean, Artetaren margolan hau proposatu zuen bere kontzeptuaren oinarrizko metafora gisa: irudiak funtsezko zubietako bat kokatzen du —iraganaren ulermenean—, etorkizuna eraiki ahal izateko. Bere proiektuan, Fosterrek 1945eko eraikinari protagonismoa eman zion berriro Arte Ederren Museorako8.

Gerraren triptikoaren aurretik, Artetak eginak zituen beste mural batzuk. Italiatik iritsi berritan, murala egin zuen (zeramikara eramana) Galdiz-Ormaechea panteoian, Mario Camiña arkitektoak diseinatua Getxoko hilerrian, 1909an. 1923an, Esfortzua (El Esfuerzo) izeneko mural-multzo bat sortu zuen, eta orduz geroztik irudi horrek apaintzen du Banco de Bilbaoren (gaur egun BBVA) egoitzaren alabastrozko zutabe bikoitzeko sarrera zirkularra (ia 80 metro karratuko biribilgune bat), Madrilgo Alcalá kaleko 16. zenbakian. Puerta del Soletik Alcalá kalean gora eginez, eskuinaldeko izkinetako batean, Banco de Bilbaoren botere ekonomikoak Espainiako Bankuarekin lehiatzeko gai izango zen eraikin bat sustatuko zuen9. Muralak zirkuluan kokatutako 12 pieza ditu (2 x 3 m-koak)10, eta Euskal Herria mundu landatarretik industrialera eraman zuen esfortzuaren elegia bat da (pairakortasuna, nekaezintasuna eta idealismoa). Artetak laborari eta nekazarien mundua irudikatu zuen, eta arrantzaleena, baita meatzaritzako jarduera eta ontzioletako itsas siderurgia ere. Hauek dira hamabi kapituluak: “Lan intelektuala”, “Ereilea”, “Uzta”, “Kaiko zamaketariak”, “Deskargatzaileak”, “Ontziola”, “Burdinola”, “Burdinbidea”, “Arrantzontziaren porturatzea”, “Arrantzaleak kaian”, “Meatzeak” eta “Arteak”.

Irudikapen horretan, Artetak “L’Effort” poemako ideiei jarraitu zien. Darío de Regoyosen lagun Émile Verhaerenen11 La multiple splendeur liburuko poema bat zen, eta Ramón de Basterrak itzuli zuen. Verhaerenek Espainian barrena bidaiatu zuen Regoyosekin 1888tik 1891ra bitarte, eta hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere iritziak, gero espainiar margolariak España negra (1899)12 izenburupean argitaratu zituenak. La multiple splendeur liburuko poemek energia, ahalegina, lana, natura, etab. goresten dituzte, eta gai nagusitzat dute lanarekiko miresmena eta ahaleginaren goraipamena. Aipatu dudanez, Burtzeñako zubia margolanean ere erreferentzia egiten dio Verhaereni.

Artetak amerikar horma-pinturaren lorpenetako batzuk izan zituen gogoan Banco de Bilbaon. Adibidez, New Yorkeko Manhattan Appellate Court eraikina, 1900eko urtarrilaren 2an inauguratua, 1900. urtean James Brown Lord arkitektoak eraikia East 25th Street eta Madison Avenue kaleen arteko izkinako 35. zenbakian. AEBko Justizia Ministerioaren eraikin handiena zen, eta horma-pinturaren gailurra izan zen herrialde hartan. James Brown Lordek une hartako hamar margolari nagusiak aukeratu zituen, sarrerako kupularen azpiko biribilgunea osa zezaten, “civic responsibility” gaia kontuan hartuta. Urte batzuk geroago, 1912an, John Latenser arkitektoak Douglas Countyko auzitegia diseinatu zuen Omahan (Nebraska, 29. irud., 226. or.). Azken solairuan, kristalezko kupula baten azpiko biribilgunea inguratzen dute mihise gainean margotuta dauden zortzi olio-pinturek. AEBko Mendebalde Ertainean izandako hedapen-historia irudikatzen dute, baita Omaha hiriaren historia ere: amerikar natiboen kanpalekuak, kolono zurien iritsiera, hazkundea eta nekazaritzaren kultura, eta Missouri ibaiaren garrantzia, lautadako hiri gisa sortu zen arte. Kontakizuni zirkular bat, Artetarenen antzekoa. Jatorrian, Will Rauk margotu zituen muralak; horrek nagusiki New Yorken lan egin zuen antzoki eta elizetarako, Artetaren moduan13.

Era berean, esan daiteke Artetaren pinturak jarraitutasun irmoa izan zuela Amerikan. Adibidez, Thomas Hart Bentonek (1889–1975) lanari egindako kantuan, Amerika gaur egun (America Today) izenekoan, zeinak erakusten baitu estatubatuarren bizitzaren panorama zabal bat 1920ko hamarkadan zehar, AEBko hainbat eskualdetako bizimodua irudikatuta. 1929ko Depresioari erreferentziak egiten badizkio ere, Bentonek teknologia modernoan oinarritutako “aurrerabidearen” ideia berresten du, eta teknologia hori, aldi berean, eskulanaren eta lan industrialaren mende dagoela; horregatik, langileak, heroikoak Artetaren lanetan bezala, muralaren panel askotan ageri dira14. Bentonek aluminiozko xafla bat duten egurrezko moldurak sortu zituen, lan osoa markoztatzeaz gain, konposizio handi bakoitzaren barruan haustura espazial berritzaileak sortu zituztenak.

Pixka bat geroago, Diego Rivera mexikarrak kontratu bat sinatu zuen Detroit Institute of Arts museoarekin, barneko patioko hormak dekoratzeko; garai hartan, Edsel Fordek finantzatzen zuen (Ford Motor Company konpainiaren sortzailearen semea). Riverak amaitu berri zuen mural bat Kaliforniako Arte Ederren Eskolan (gaur egun, San Frantziskoko Arte Institutua). Riverak hogeita zazpi panel osatu zituen, eta bederatzi hilabete bakarrik behar izan zituen (1932–33). Hiriko automobilgintza-sektore garrantzitsua irudikatu zuen langileen ikuspegitik, langileak baitziren industria haren benetako motorra eta gizadiak zientziari zor baitio aurrerabidea.

Muralak motorren fabrikazio-prozesua irudikatzen du, gizakiaren eta makinaren arteko harremana, eta hainbat elementu, hala nola burdin minerala sortzeko labe garaiak, piezen moldeak egiteko galdategiak, mekanizazio- eragiketak, etab. Riverak fabrikazio-prozesu osoa aurkeztu zuen iparraldeko mural handian. Ezker-eskuin, industria kimikoa margotu zuen, elkarren ondoan jarrita gerrarako gas pozoitsuak sortzen zituzten zientzialariak eta txertoak nahiz sendagaiak sortzen zituztenak. Hegoaldean, Riverak automobilen kanpoko piezen fabrikazio-prozesua irudikatu zuen, eta teknologian jarri zuen arreta, baita Coatlicue jainkosa aztekaren sorreraren historian ere15.

Artetaren muralak nekazaritza-industriaren hedapenaren eta Bilboren susperraldiaren kontakizun epikoa dira: elizatez inguratutako hiribildu izatetik hiri industrial eta finantzario izatera pasatu zen, eta bilakaera horren azken sinboloa Bankua bera zen, Madrilen erdigunean kokatua. Gregorio San Juan poetak adierazi zuenez, “ez dira lan esklaboaren epopeia, lan askatzailearena baizik. Ofizioen poliptiko horretan, itxaropenaren filosofia hautematen da, bizitzaren eta lanaren ikuskera progresista bat, energia, oparotasun eta elkartasun gisa ulertuta”16.

Gerraren triptikoa lanean, lurrunontzien tximiniak garlingaren berdetik ateratzen dira, lehen Kantauri itsasoari begira mendietan kokatuta zeuden lantegien tximiniak ateratzen ziren moduan. Erdiko panelak, goitik begiratuta eginak, beste bi panelak ez bezala, gerraren izugarrikerietatik arrantzontzietan ihes egin behar duten emakume eta haurren agurra kontatzen du; laguntzen ari zaizkien marinelak infanteriako kideak izango dira alboetako paneletan, lubakietan babestutako kideak edo bonbardaketen ondorioz hildakoak, bizirik ateratako txakurra gizagabetasunaren lekuko dela. Xehetasuna ezaugarri du Artetaren margotzeko moduak: ilekordadun neskatxaren burua hormaren siena okreen gainean nabarmenduta ebakitzen da, artistaren lehenengo “eva arratiarren” malenkonia berberarekin, euskal herrixketako Venus landatar haiek, artistaren lehenengo aldian ageri zirenak, aldi italianizatzaileagoan17. Ile horia buruaren obaloa inguratzen duen hori zati bat da, argia horra bakarrik iritsiko balitz bezala.

Artetaren pinturan ohikoa denez, salbaziorako portua, konposizioa goitik ixten duena, sintesi bat da, talaia-nahasketa bat, hala nola Elantxobe eta Biarritzeko portu zaharreko kai sendoak; nahiz eta kasu honetan antz handiagoa duen Armintzaren dike-kaiarekin, mailengatik eta uretara daramaten eskaileren norabideagatik. Horietan laburbiltzen du Artetak gertatzen ari denari buruz duen ikuspegi sinple, gris baina lirikoa: gerrak erretako lurra, agurra.

Margolan honek Bilboko pinturaren garai artistiko bat ixten du; Bilbo, XIX. mendean hazitako portu-hiria, zabalgunea Abrarantz ireki zuena, eta itsasontzien nahiz portuaren bitartez merkataritza- eta aberastasun-aukerak zabaldu zituena, kaietan bilduta zegoen orduan ere, baina erbesterako bidean. Orduan amaitu zen Lehen Karlistaldiko setioaren ondorioz sortutako elkartasuna; une hartan desagertu zen etorkizun irekiko ikuspegi hura, Máximo Aguirrek eta beste merkatari batzuek osatutako Sociedad Bilbaina elkartearen espiritua, oinarritzat zuena Bildung-a, formakuntza humanistikoa (erantzukizunean eta tolerantzian oinarritua).

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Formalki, konposizio honek aurrekari urrunak zituen 1920an Londresen aurkeztu eta Salvador de Madariagak inoiz ahaztu ez zuen Torpedoz erasotako marinelak lanean. Lan horretako gaia eta girotzea berriro erabili zituen Naufragoak (Los Náufragos) lanean, Itsasoko gizonak ere deitua (1932); margolan horrekin lortu zuen 1932ko Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko lehenengo domina, Bainulariak (Bañistas) izenekoarekin Pinturako Sari Nazionala lortu eta bi urte geroago. Lan horiek guztiak biziki estimatzen zituzten Ricardo Bastida arkitektoak eta Indalecio Prieto politikariak. [itzuli]
  2. Egokiro, Javier González de Duranak honako hau idatzi zuen: “Hala ere, zubiari eusten dioten burdinazko habeek eratutako erronboa […] Zentzu metaforikoan, honela interpreta liteke: industrializazioa leiho bat da, eta leiho horretan barrena ikusten dugu gaur egungo bizitza behatzailearen ikuspegitik eta gizakia bertan giltzapetuta dago, armiarma sare batean harrapatuta bezala, baina sare horrek, gertatzen ari denaren gaineko ulermena zabalduz, nolabaiteko hobekuntza existentziala eskainiz”. Javier González de Durana, Guía Artistas Vascos, Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilbo, 2008. 76.–78. or. https://apps.euskadi.eus/emsime/katalogoa/museoa-museo-de-bellas-artes-de-bilbao-/ egileak-arteta-aurelio-bilbao-02-12-1879-ciudad-de-mexico-10-11-1940-/izenburua-burtzenako-zubia/objektua-pintura-/ciuVerFicha/ museo-58/ninv- 82/162  [itzuli]
  3. Ikusi Guiardi buruzko kapitulua. [itzuli]
  4. Ibarreta Bilbotik Durangorako tren- linearen proiektugilea eta eraikitzailea izan zen; 1882an hasi zen linea horren ustiapena. Alzolaren kontra, Ibarretak bide estuaren erabilgarritasunaren tesia babestu zuen. [itzuli]
  5. Ikusi ingeniari eta arkitektoei buruzko kapitulua. [itzuli]
  6. Miriam Alzurik (Bilboko Arte Ederren Museoko fitxan) aipatzen du zubia 1876an eraiki zuela Adolfo Ibarreta ingeniariak Burtzeñan (Barakaldo). Akats hori beste argitalpen batzuetan ere egin da: Carmen Barreiro, El Correo, 2018ko azaroaren 28a (Iñaki Llanori elkarrizketa) edo José Costa Más, “Ferrocarril, ciudad y territorio. Miradas desde la pintura y el grabado (1844- 1914)”, 12. or. (2012ko ekainaren 21ean jatorrizkotik artxibatutako pdf dokumentua. 2012ko urriaren 9an kontsultatua). [itzuli]
  7. Portugaletetik Bilborako trenbideko biaduktua, Burdinazko Zubi izenekoa, Pablo Alzolak eraiki zuen, diseinatu zuen ingeniariak (eta tren-linearen jabekidea). Linea 1888an jarri zuten martxan, eta zubiak zutik dirau oraindik. 64 metroko argia du, eta 5,40 metroko altuera duten bi habe paralelo handi ditu. Habeek T bikoitzaren itxura dute, eta sekzio errektangularreko pletinez osatutako sareta diagonal baten bitartez lotuta daude. Bi habeak San Andresen gurutzeen bitartez daude lotuta, bai goian, bai behean. Burdinazko oinarriak harlanduzko euskarri artifizialen gainean jarrita daude. Oholaren gainean, egurrezko zeharragak eta burdinbidearen errailak daude. Egituraren elementuak iltze zapalez lotuta daude. [itzuli]
  8. 2019ko abenduaren 16ko El Correo egunkarian jasotako informazioa. Bilboko egungo alkate Juan María Aburtok, halaber, Artetaren margolan hau bere kuttunenetako bat dela adierazi du: “Historia personal batek lotzen nau Artetaren margolan honekin”, Deia, 2017ko otsailaren 4a eta El Correo, 2018ko uztailaren 1a. [itzuli]
  9. Bastidaren eraikinari egindako kritika guztiak ez ziren positiboak izan: “Ricardo de Bastida y Bilbaok, 1918an erakundeak deitutako lehiaketa publikoa irabazi zuen arkitektoak, tenplu hilobi handi hori eskaini zigun, tradizioan eta mitoan ainguratutako gizarte baten boterearen eta delirioaren adierazpena”, Luis Segundo Arana Sastre, ARKRIT aldizkaria, 2014ko abenduaren 23a. Banku nagusiek egoitza ireki zuten Madrilen: Banco Español del Río de la Plata bankuak Antonio Palaciosi agindu zion Alcalá kaleko egoitza, gaur egun Cervantes Institutuaren egoitza dena; Español de Crédito bankua José Grases Rierak La Equitativa aseguru-etxearentzat (1882–91) egindako eraikinean instalatu zen 1920an, Alcalá eta Sevilla kaleen elkargunean; Crédit Lyonnais Tomás Allende bilbotar sustatzailearen eraikinean instalatu zen 1920an, Leonardo Rucabadok Canalejas plazan eraikitako eraikinean; Banco de Bilbaok lehiaketa publiko bat egin zuen 1919an, eta Ricardo Bastida garailea izanik, fatxada nagusiaren lerrokaduran aldaketa bat proposatu zuen, makotua egiteko. Bastidak Artetari agindu zion sarrera; Quintín de Torreri, fatxadaren goiko aldeko marmolezko lau atlanteak, balaustradaren aurrekoak; Higinio Basterrari, dorreen gainean ipini ziren bi koadrigak, kale gainean hegan zituztenak zortzi zaldien hankak; eta Maumejean anaiei (Parisen, Biarritzen eta Madrilen zituzten lantegiak), beiratez apaindutako kupula. [itzuli]
  10. Fresko horiek 2003an zaharberritu zituzten. Irudietan eguneroko jarduerak agertzen dira, hala nola nekazaritza, uzta, burdinola, trenbidea, ontziola, meatzea, zamalanak eta arrantza, baita lan intelektuala eta arteak ere. [itzuli]
  11. Émile Verhaeren (1855–1916), La Multiple Splendeur, Paris, Mercure de France, 1913, 129.–31. or., lehenengo edizioa 1906an argitaratua; “El esfuerzo” poema Fernando Fortúnek (Madril 1890–14) itzuli zuen, Grupo Crepuscular taldeko poeta eta kritikari espainiarrak, 1916an, España aldizkariaren 98. zenbakian, eta “Los magos” poema, aldiz, Ramón de Basterrak, 1912an, Prometeo aldizkariaren 38. zenbakian. Aurelio Artetak bere lan-karpetan zeraman “LÉffort” poema, eta fresko guztietan ageri dira Verhaerenen estrofetako batzuk. Les Villes tentaculaires (1895) liburuko lanaren heroi anonimoak, aurrerabidearen langileak, giharrei eta pertseberantziari esker gizakiaren borondatearen mende jarri dutenak, jasota daude fresko historiko honetan, zeina mintzo baita hiriaren hazkundeari buruz, beti landa-eremuaren edo elizatearen kontura gertatzen den hazkundeari buruz. [itzuli]
  12. España negra, Pedro Ortega, Bartzelona, 1899. E. Verhaerenen artikuluak, “Impressions d’artiste. À Dario de Regoyos”, L’Art moderne, 1888ko ekainaren 17a, 196.–97. or.; 1888ko uztailaren 8a, 221.–22. or.; eta 1888ko abuztuaren 5a, 250.–52. or.; “En Espagne”, Impressions, 1ère série, Mercure de France, Paris, 1926, 195.–226. or. Honi buruz, ikusi J. Warmoes, Émile Verhaeren “El Flamenco español”, Europalia, Brusela, 1985, 127.–29. or.; eta J. Marx, Verhaeren. Biographie d’une oeuvre, Académie Royale de Langue et de Littérature Françaises, Brusela, 1996. [itzuli]
  13. Mural horiek Will Raurenak (1874– 1956) dira; antzoki askotan dekoratu eta margotu zituen muralak, batik bat Keith-Albee (gero RKOren parte) eta Century Circuit (A. H. Schwartz zen jabea) antzokietan, edo Suffolkeko Konderriko Antzokian (Riverhead, New York), berritzen ari direna. Elizetan eta udal-eraikinetan ere margotu zituen muralak. [itzuli]
  14. Thomas Hart Bentonek (1889– 1975) New Yorkeko New School for Social Research erakundearentzat margotu zuen murala, West 12th Street kaleko eraikinaren hirugarren solairuko batzar-aretoa apaintzeko. 1930ean agindu zioten, eta 1931n amaitu zuen. Hamar panel dira (233,7 x 406,4 cm), tenperaz eginak igeltsuzko inprimaziodun mihise gainean, ondoren egurrean muntatuak. The New School erakundeak 1982an saldu zuen; AXA Equitable Life Insurance Company konpainiak New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoari eman zion murala dohaintzan, 2012ko abenduan. [itzuli]
  15. Industriaren muralak Monumentu Nazional izendatu zituen Barne Departamentuak, 2014ko apirilaren 23an. [itzuli]
  16. Aurelio Arteta, erak. kat., Banco de Bilbaoren Erakusketa Aretoa eta Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilbo, 1979, 59. or. [itzuli]
  17. Nerea Aresti eta Miren Llona, “Las mujeres imaginadas de Aurelio Arteta”, Euskal Herriko Unibertsitateak UPV021. 323 Hal56/98 proiektuaren bidez emandako babesari esker egindako komunikazioa. [itzuli]