Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Herritar motak

Kosme de Barañano

Izenburua:
Herritar motak
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Industria | Bilbo | Bizkaia

 

Era eta jatorri askotako pertsonek osatzen zuten 1800. urtearen inguruan jaiotakoen belaunaldiaren Bilbo, eta bat eginda aritzen ziren interes komunen alde; aurreraxeago ezagutuko ditugu haien ondorengoak. Talde horrek, 1840ko hamarkadan “esnatu” zenak eta bizitokia Zazpikaleetan zuenak, gizarteko maila hauetako jendea biltzen zuen:

—  Hiribilduko merkatariak, bertatik kanpo gehiago saldu nahi zutenak: Barbachano, Villabaso, Gómez de la Torre, Orbegozo, Pérez de Nenín, Urízar, Larrínaga, etab.

—  Hiribildura zurgin, okin, etab. gisa lanera joandako herrixketako jendearen ondorengoak, hala nola de las Rivastarrak (Gordexola), Echevarrietatarrak (Ea), Echevarría-Azcoagatarrak (Legutio), Aguirretarrak (Galdakao), Olábarritarrak (Zollo), Zubiríatarrak (Barakaldo), Urquijotarrak (Laudio), etab

—  Lurrak eta meatzeak izanda, batik bat Enkarterrin, dirua irabazi zutenak eta seme enpresariak izan zituztenak, hala nola Ybarratarrak (Somorrostro), Chávarritarrak (Portugalete), Llanotarrak (Somorrostro), Gandarias-Durañonatarrak (Arratzu), etab. Ez zioten utzi herrixketan bizitzeari, baina haien semeak ingeniari edo bestelako profesional bihurtu ziren.

—  Antzinako Erregimenetik lur eta baserri ugari zeuzkaten ahaide nagusiak, infantzoiak edo jauntxoak, baina hiribilduan bizi zirenak: Murgatarrak, Allendesalazartarrak, Gortázar-Munibetarrak, Abásolotarrak, Alzolatarrak, Quadra-Salcedotarrak, Madariagatarrak, Loyzagatarrak, etab

—  Madrilen edo Cádizen gora egin zutenak (ministroak, funtzionarioak, almiranteak, etab.): Gardoqui, Mazarredo, Alcalá-Galiano, Zabálburu, Urdanegui, Horcasitas, Solano-Adán de Yarza, Eguía, etab.

—  Kubatik, Perutik eta beste leku batzuetatik aberastuta itzulitako indianoak (hango independentzia-gerren ondorioz itzuliak): Eguillor Sarachutarrak, Lino Arisquetatarrak, Aldamatarrak, Chirapozutarrak, Palacio-Lanzagortatarrak, Trotiagatarrak, Epalzatarrak, etab.

—  Atzerritik merkatari xume gisa iritsi eta berehala bertakotu zirenak (ezkontzen, kirolaren zein politikaren bidez): Uhagón, Smith, Yohn, Horn, Amann, Palme, Rochelt, Wicke…

Oso talde desberdinek osatutako belaunaldi horretako kideek —Zazpikaleetako biztanleak denak— elkar akuilatzen zuten, eta elkarrekin ezkondu ere egiten ziren. Haien ondorengoek beste enpresa-espiritu bat sortu zuten: meatzeak erauztetik (meatzariak) minerala atzerrira bidaltzera (ontzi-enpresak) pasatu ziren, eta idazpena aseguratzetik (aseguru-konpainiak) minerala tratatu eta altzairua bertan egitera (siderurgiak, labe garaiak), itsasontziak eraikitzera (ontziolak) eta dirua nahiz finantzaketa kontrolatzera (banku-jarduera), alde batera utzi gabe antzinako zenbait jarduera, artilearen esportazioa

(Gaztelatik) eta bakailaoaren inportazioa, esate baterako. Enpresa-kudeaketa (non kontrolatzen zuten ekoizpen-prozesu osoa) integrazio bertikaleko ereduan oinarritu zen.

Testuinguru horretan, ulergarria da XIX. mendearen azken laurdeneko eta XX. mendearen hasierako hurrengo belaunaldiak margolari bikainak eta mural publiko handiak babesteko aukera eta nahia izatea. Mexikon heroia izan zen Ignacio Allende1 bizkaitarrak idatzita utzi zuenez: “Jaiotzen diren hiriaren edo herriaren tamaina gorabehera, gizon-emakumeak beren egintzaren tamainakoak dira, beren anai-arrebak goratzeko eta aberasteko agertzen duten borondatearen tamainakoak”.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Ignacio Allendek (1769–1811) eta Juan Aldamak (1774–1811) altxamendu baten buru izateko konbentzitu zuten Miguel Hidalgo apaiza 1810. urtearen amaieran, eta Mexikoko independentziaren heroiak izan ziren. Biak jaio ziren San Miguel el Grande hirian (egungo San Miguel de Allende), Guanajuaton, eta Gordexolako Iratzagorria auzoan sortu eta hiri hartan finkatutako merkatarien semeak ziren. [itzuli]

 

MERKATARIAK

Bilbo hiribildu bat zen, eta, hortaz, merkataritza eta lanbideak nagusi ziren bertan, hau da, dendak eta “langelak” (gaur egun bulego deritzegunak), baita lantegiak eta manufaktura-fabrikak ere. Normalean, dendek eta langelek familia-egitura zuten oinarri, eta horien hazkundea baldintzatu egiten zuen barne-eskari txikiak, baina kanpo-merkataritzarekin aukerak zabaltzen saiatu ziren. Era berean, hiribilduak atzerritarrak eta elizateetako biztanleak jaso zituen, bai merkataritzarako, bai lanbideetarako, eta horiek berehala nahasi ziren bertako hiritarrekin. XVIII. mendearen amaieran, indartuz joan zen merkataritzari lotutako klase ertaina, eta hedatu egin zen. Bilboko 1797ko erroldaren arabera, dendarien, merkatarien eta itsasontzi-artekarien gizarte-taldea 441 pertsonak osatzen zuten, eta Bilboko biztanle guztien % 15,6 ziren1.

Erroldek hainbat kategoriatako hiritarrak aipatzen dituzte: merkatariak, burtsako agenteak eta bankariak, artisau-fabrikatzaileak eta -industrialariak, eta profesional liberalak. Azken horiek unibertsitateko fakultateetan edo goi-mailako eskola espezializatuetan ikasketak gaindituta baino gauzatu ezin diren lanbideak dituztenak dira: ingeniariak, arkitektoak, abokatuak, medikuak, lizentziadun edo doktoreak, katedradunak eta musikariak.

Burgesia komertzialean bi mota bereiz ditzakegu: dendetako negoziatzaileak edo birsaltzaileak, hots, dendariak eta artisauak, batetik, eta bestetik, handizkako merkatariak, hau da, itsasontzi-artekariak eta kontsignatarioak. “Karga-ontziratzaileak” ziren horiek, burgesia esportatzailea eta inportatzailea, nazioarteko salerosketan eta igorpenean aritzen zena (“urrutiko trukea eta igorpena” praktikatzen zituzten).

Euskal burdina eta Gaztelako artilea esportatzen zuten familia-enpresak ziren, eta ontziratze-lanak egiteaz gain, bakailaoa, gantzak, arroza, gatza, azukrea, kakaoa, zurak, lihoa, mundruna eta betun kolonial izenekoak inportatzen zituzten (ontzien itzulerako bidaietan); gerora asegurugintzan hasi ziren2. Haietako batzuek Begoñako Andre Mariaren eta San Karlosen Aseguru Konpainia sortu zuten 1783an, itsasontziak aseguratzeko, eta XIX. mendean itsas aseguruen beste konpainia batzuk agertu ziren.

Merkatariekin batera (“karga-ontziratzaileak” edo dendariak), haiekin lanean edo “ekiten” aritzen ziren zenbait ahaide nagusi, noblezia landatar hura (hau da, Bizkaiko Lur Lauko leinuak, hala nola Mazarredotarrena3 edo Allendesalazartarrena, Batzar Nagusietako “Probintziako Aitak”, horietako asko), burgesia komertzial bilakatu nahi zuena.

Noble landatar haiek, “qui ont de la naissance”, jaiotzetik aberatsak zirenak lurrei esker, the gentry, bi motatakoak ziren: lurren errentetatik bizi zirenak (maiorazkoak) eta (bigarrenak) Estatuko funtzionario bihurtu zirenak (gorteko idazkariak, militarrak, almiranteak, etab., eta Indietako merkatari nobletuak, eta indianoak). Lehenengo taldekoak ziren Loyzagatarrak, Urdaibaytarrak eta Murga Mugárteguitarrak; azken leinu horretako kide bat, militarra, bidaiaria eta idazlea, Bizkaiko Mairua ezinez izan zen ezaguna, eta Bizkaiko Jaurerriko diputatu nagusi izendatu zuten 1870ean. Bigarren taldean sartzen ziren Espainiako Estatuarentzat lan eginez aberastu eta Madrilen finkatu ziren guztiak: Mazarredotarrak, Gardoquitarrak, Allendesalazartarrak, edo beste Murgatarrak. Interesgarria da aipatzea 1797an Bilboko erroldan 48 maiorazko zeudela4. Manuel Basasek dioenez, berrogeita zortzi maiorazko horiekin, XVIII. mendeko Bilbo lur-jabeek gobernatzen zuten oraindik, burgesia komertzialak baino gehiago5.

Baina hori ez da erabat egia. XVIII. mendearen amaieran, Bilboko aberastasunak merkataritzari lotutakoak ziren, nagusiki. Jada aipatu dugun saiakera interesgarri batean, Román Basurto irakasleak XVIII. mendean Bilbon merkataritzari lotuta zeuden aberastasunak aztertu zituen, Bilboko merkatari batek agintari frantsesentzat isilpean egindako txosten bati esker6. “XIX. mendearen lehenengo urteetan Euskal Probintziei buruz osatutako isilpeko txosten bati esker, Napoleonentzat egina, badakigu zein ziren garai hartako itzal handieneko bizkaitar familia aberatsenak, 800.000 erreal baino gehiagoko kapitala zutenak. Familia hauek ziren: Gómez de la Torre, Manzarraga, Ugarte, Bergareche, Duhagon [Uhagón], Goossens, Mezcorta, Gardoqui, Villabaso, Gordia, Lemonauria, Dibiri, Olavaria, Quintana Busturia, Jane Orbegozo, Pérez de Nenin, Trotiaga, Sarachaga eta Mazarredo. Horietako batzuk Bizkaiko sektore ekonomiko, sozial eta politiko nagusiaren parte izan ziren XIX. mendean zehar, eta haien izenak jasota geratu ziren familia dirudunenen zerrendetan, funts-ondasunen jabe izateagatik edo/eta merkataritzan nahiz industrian posizio nabarmena izateagatik”.

Bilbon merkataritzari esker pilatutako bizkaitar aberastasun horiez gain, baziren beste euskal aberastasun batzuk Madrilen, eta baita Cádizen ere, kontsignaren eta itsas merkataritzaren bidez aberastuak, horiek ere. Barbachanoren txosteneko pertsonaietatik gutxienez bi Indietako merkatariak ziren, urtearen zatirik handiena Cádizen igarotzen zutenak: José Trotiaga eta Bartolome Gómez de la Torre. 800.000 errealetik gorako kapitala zuten bilbotarren artean omen zeuden bi-biak. Trotiaga Indietarako burdina-ontziratzaile nagusia izan zen 1790ean, eta metal horren kargamentu guztien % 21,8 monopolizatzera iritsi zen. Hor agertzen ziren, halaber, Juan Antonio Madariaga (Busturia), ahaide nagusi eta merkataria, eta Matías Landábururen semeetako bi.

Basurtoren azterlanaren arabera, 10 milioi baino gehiago zituzten hiruretako bat zen “Beltrán Douat, Colonillako markesa, Lapurdin jaiotako merkatari bilbotarra, diruaren Madrilgo elite horretako kidea, 12 milioiko kapitalarekin. Sustrai argiro euskaldunak zeuzkaten Madrilgo beste merkatari arrakastatsu batzuek (Aguirre, Galarza, Goicoechea, Gorbea, Gardoqui eta ilobak...) 4 milioitik 8 milioira bitarteko kapitalak zeuzkaten. 1798ko Almanak Mercantil dokumentuaren arabera, Madrilgo 33 bankarietako asko euskal jatorrikoak ziren”7.

Laburbilduz, XIX. mendearen lehen urteetan infantzoien, bueltan etorritako indianoen, merkatari-dendarien eta merkatari-ontziratzaileen (meatzariak edo ontzi-jabeak) familiak nahasi ziren Bilbon; horietako asko hurbileko elizateetako herritarren ondorengoak ziren, ikastea erabaki zutenak, eta bereziki ekitea: Aguirre de Galdácanotarrak; de las Rivas-Ubieta gordexolarra; horren iloba, Martínez de las Rivas, galdamestarra; Portugaleteko Chávarritarrak; Muskizko De la Sotatarrak; Eako Echevarrietatarrak, etab.

Horretan guztian zerikusia izan zuen, halaber, Bilboren egitura “politiko-juridiko” onak. Bilbon, hiru erakundek gobernatzen zuten herritarren bizitza: Bizkaiko Jaurerri edo Gobernu Nagusiak; Bilboko Kontzeju edo Udalak, eta Kontsulatuak. Lehen esan dugunaren arabera, eta hiribildu portudunaren ezaugarriak kontuan hartuta, Kontsulatua hiribilduaren eta elizateen arteko harremanaren oinarritzat balio izan zuen banda ongi olioztatua izan zen, pertsona haien bizitzaren joanaren eta ibilbidearen ardatza. Kontsulatuak atsedenik gabe lan egin zuen portua beti aktibo egon zedin, eta hobekuntzak izan zitzan etengabe, itsasontzietarako, zamalanetarako eta beste jarduera batzuetarako azpiegituretan ez ezik, baita hiribildu barruko alderdi juridikoetan ere; baina Kontsulatua izan zen, halaber, behin eta berriz ikusarazi ziona Jaurerriari Gaztelarekiko errepideetako hobekuntzak guztien onurarako zirela. 1829an Merkataritza Kodea argitaratzearekin bat Kontsulatua desagertu zenean, Merkataritzako Auzitegiek eta Merkataritza Batzordeak hartu zuten haren lekua; lehenengoek eskumena izan zuten merkataritza-arloko auzietan, eta bigarrenak, berriz, liskar judizialak ez ziren gainerako gai guztiak bideratu behar zituen. Dena den, ordurako landua zegoen bide komertziala, argia eta bestelakoa, arrazionalismo frantsesaren antzera8. Aránzazu Galarzaren azterlan baten arabera, 1850etik 1882ra bitarte Bilbon eratu ziren 268 sozietateetatik 210 konpainia erregular kolektiboaren eredua9 erabiliz antolatu zituzten; eredu hori “orokorrena eta besteentzako eredugarria” zela zehaztuta zegoen, jada, Bilboko Kontsulatuaren 1737ko Ordenantzetan.

A. Galarzak ikerketa bat egin zuen XIX. mendearen hirugarren laurdenean sozietateak eratzeko erabiltzen zituzten notario-protokoloei buruz, sozietate horiek eratu zituzten enpresariei buruz eta sorreran izaten zuten kapital sozialari nahiz gauzatzen zituzten jarduera ekonomikoei buruz, eta ikerketa hori aipatuz, Manuel González Portillak honako hau azpimarratu zuen: “Enpresa-sozietateen sorrera 1850–82 bitarteko aldian Bilbon eta Bizkaian izandako bizitasun ekonomikoaren adierazle ona izan daiteke. Urte horietan, 274 sozietate sortu ziren Bilbon, 138,2 milioi pezetako kapitalarekin. 1.417 pertsona ziren tartean, hau da, 1860ko Bilboko biztanleriaren % 8 (Galarza, 1996); zifra horrek adierazten digu hiribilduko biztanleek parte-hartze nabarmena zutela enpresa-jardueretan”10.

Jada aipatu dudanez, Bilboko Zazpikaleetako merkataritza- eta enpresa-arloko burgesia horrek jatorri anitz zituen. Batzuk hiribildua eratu zenean bertan finkatutakoak edo ondoren iritsitakoak ziren, eta hiribilduari zentzua ematen zioten, merkatari izaki; beste batzuk probintziako herrixketako biztanleen ondorengoak ziren, etorkizun hobearen bila etorriak aprendiz edo artisau gisa, askotan, eta merkatari bihurtuak; beste batzuk hiribildura beren salgaiak eskaintzera etorri eta betirako bertan geratutako atzerritarrak ziren. Aipatutako lehenek nolabaiteko ospea zuten hiribilduan, antolakuntza-mekanismoak eta pribilegioen erabilera ezagutzen zituztelako; bigarrenak eta hirugarrenak jende xumea ziren, batzuk elizateetakoak, beste batzuk atzerritarrak, baina guztiek egin zuten gora sozialki, lortutako arrakastaren ondorioz, eta horietako askok itsas ustiapenarekin, siderurgia modernoarekin edo itsasontzien eraikuntzarekin lotutako negozioei ekin zieten ondoren.

Cosme Echevarrieta eta Federico Echevarría, beste askoren artean, jatorri xumeko gizonak ziren, ofiziodunak; lehenengoa, Eako zurgin baten semea zen, eta bigarrena, Legutioko latorrigile batena. Bilbon, merkatarien alabekin ezkondu ziren (Lazkurainenarekin eta Rotaechearenarekin, hurrenez hurren). Horiek leinuetako kideak ziren, baina ez ahaide nagusiak, hau da, ez zuten loturarik lurren jabetzarekin eta errentekin. Rotaeche familiak ez zuen maiorazkorik, baina leinua Euskal Herriko lurraldeko iraunkorrenetako bat zen, bostehun urte baino gehiago baitzituen11. Hau da, errentarik gabeko jendea zen, dirurik ez zuena, baina herrixketakoa baino mundu handiagoa zuena. Denborarekin, baina, euskal merkatari horietako askok (Lekeitiokoak, Santurtzikoak, etab., baita Gipuzkoakoak ere, edo Bilbo bertakoak) aliantza komertzial eta ekonomikoak eratu zituzten Espainiatik kanpo; horrek botere handia eman zien, eta aukera eman zien mailegu-emaile, bankari edo aseguratzaile gisa aritzeko. Bordelen, adibidez, izen hauek aurkituko ditugu: Aguirrebengoa, Balmaseda, Ibarrondo, Uribarren; Parisen: Abaroa, Uribarren; Amsterdamen: Echenique; Hanburgon: Arechaga, Azuela, Urcullu, Urbieta; Londresen: Aguirre-Solarte, Errecarte, Goyeneche, Murrieta. Bizkaitar edo euskaldun horiek Cádizen, Sevillan edo Madrilen finkatu ziren, eta negozioak ezarri zituzten Kuban, Mexikon, Perun, Argentinan, etab. —edo herrialde horiekin negoziatzen hasi ziren, besterik gabe—. Askok etxea edo base bat mantendu zuten Zazpikaleetan, eta beren jatorrizko herriei laguntzen jarraitu zuten. Indianoei buruzko kapituluan aztertuko ditugu xehetasunez.

Asko politikan sartu ziren, errepublikano edo liberal gisa, ez baitzuten nahi berriro ideia karlistak ezartzea: ez zuten nahi beren jarduera komertzialak eten behar izatea, ez arrazoi dinastikoengatik, ez arrazoi erlijiosoengatik. Máximo Aguirreren (eta 1839ko Sociedad Bilbaína elkartearen) ideien jarraitutasuna hobekien ordezkatzen duen pertsonaia Cosme Echevarrieta Lascurain (1844-1902) da: aita zurgina zuen, Eakoa, eta ama dendaria zen, eta baxerak eta beirateriak saltzen zituen familia-negozio bat zuen, Erribera kaleko 13. zenbakian zuena biltegia. Cosmek ikasketak egin zituen, eta itsasontzi-kapitain izateko formakuntza jaso zuen. 1865ean, Jacinta Marurirekin ezkondu zen Abandoko elizateko San Bizente Martiriaren elizan. Bi seme-alaba izan zituzten: Amalia (1868) eta Horacio (1870)12.

1865eko maiatzaren 5ean, “Solamente la democracia es compatible con los fueros” izenburua zeraman artikulu bat idatzi zuen Echevarrietak. Hamarkada luzez testu hori erabili zuten foru-kodeen interpretazio errepublikanoa egiteko, bereziki Bizkaian eta oro har Euskal Herrian, kode horiek demokraziarekin eta errepublikazaletasunarekin identifikatuta13. 1867an, meatzetako enpresari bihurtu zen, eta, aldi berean, hiriko Zabalgunean jarri zuen arreta, baita Abran portua garatzeko aukeran ere. XIX. mendearen azken hereneko lider errepublikano nagusia izan zen, eta 1869an Eibarko Itun Federala izenpetu zuen, Bizkaiko ordezkari-lanetan. Lotura izan zuen El Eco Bilbaíno egunkariarekin, eta bertan berretsi zuen bere ideologia. Echevarrietak gurtzarako eta kleroarentzako diru-saila ezabatu nahi izan zuen Udalaren aurrekontuetatik, eta uko egin zion Aste Santuko prozesioetan parte hartzeari, udalbatza osoak parte hartzea ohitura bazen ere. 1874ko setioan, Errepublikako Boluntarioen Batailoiko komandante izan zen, eta gero Laguntzaileen Batailoian sartu zen (1874–75). 1882an Bernabé Larrinaga Aransolorekin (1838–1892) elkartu zen, eta 1890ean haren meatokietako burdinaren 145.000 tona baino gehiago ekoitzi zituzten. Haren erkidea Bizkaiko Institutuko laguna zuen, Alde Zaharrean jaioa, udal-medikuaren semea, 1865ean Trinidad Aburtorekin ezkondua. Institutua amaitzean, Larrinagak Filosofia eta Letren ikasketak egin zituen Valladolideko eta Madrilgo unibertsitateetan. 1871n, Bilboko Udaleko kidea izan zen, eta agintari gorena izatera iritsi zen. Bi urte geroago, Gorteetarako diputatu aukeratu zuten, Durangoko barrutiaren ordezkari. Baina 32 urte besterik ez zituela, alde batera utzi zuen politika, eta meatzeak ustiatzen hasi zen; horretarako sozietate bat eratu zuen bere koinatu Juan Aburtorekin eta Echevarrieta lagunarekin, zeinarekin alistatuta egon baitzen Batailoian, karlistei aurre egiteko. Ramón de la Sota nazionalistak, negozio askotan lehiakide izan zuenak, bikainki laburbildu zuen Larrinagaren nortasun umila: “Aparteko gizona, erlojugile amateurra, turuta-jotzailea, errepublikanoa, Bilboko logia masonikoko idazkaria eta kanabera zerabilen arrantzalea…”. Antzeko izaera zuen Echevarrietak ere. Bilbo setiotik babesteko agertu zuen jarreragatik ohore-domina eman zion gobernuak, baina hark uko egin zion, bere printzipio politikoen aurka zegoelako hori; izan ere, haren ustez, herritar on batek ez du dominarik behar, bere ekintzekin eredu eman baizik. Echevarrietak belan nabigatuz erlaxatzen zen itsas gizona izaten jarraitu zuen, beste enpresa-kapitain askoren antzera eta, bereziki, Horacio semearen antzera.

Sociedad Bilbaína elkartearen sortzaileen ondorengo belaunaldi horretako kideek eremu soilki komertziala gainditu, eta ekoizpen-eremuan ere kokatzen jakin zuten. Lan-, hornidura- eta merkaturatze-sare konplexuak baliatuz, beste osagai batzuk bilatu zituzten, guztiontzako hiribildu hobea lortzeko. Bazekiten merkatuak, baliabideak eskainita, ekoizpen-sistema hobetuko zuela, ekonomia bidezkoa eta gizarte ireki eta askeagoa sortuko zituela; eta apaltasunetik abiatuta egin zuten aldaketa. Bazekiten ez zegoela soilik beraien esku, jende askoren esku baizik. Uste osoa zuten pertsonengan, eta proiektuak pertsonek gauzatzen dituztela sinesten zuten. Askotariko gizarte-maila haiek (eskudirua zeukaten indiano aberatsak, ahaide nagusiak, aurrera egin nahi zuten ofiziodunak eta negozio-eremua zabaldu nahi zuten merkatariak) inguruan onenak hartzen jakin zuten. Ongi ezagutzen zituzten beren gabeziak, eta dagoeneko bertan zeuden pertsonen laguntzaz estali nahi izaten zituzten, bi kale harago zeuden horien laguntzaz. Horri esker, bizkor handitu, eta arlo askotan (meatzeak, siderurgia, esportazioa, etab.) aritu ahal izan zuten, arrakastaz aritu, gainera.

Esan berri dudana berresten duten hiru adierazle argi daude:

—  Máximo Aguirrek ordezkatzen duen sortze-une horretako ezein pertsonaia edo industria-kapitain ez zen aldatu bere bizitzan zehar: Cosme Echevarrietak, Bernabé Larrinagak edo Ramón de la Sotak hasierako kapitain umil eta soilak izaten jarraitu zuten.

—  Ia guztiek hainbat langileburu edo eskudun izan zituzten inguruan, ez beti ideologia politiko berekoak; bizitza osoan zehar mantendu zituzten, eta hurrengo belaunaldira ere pasatu ziren. Leial eutsi zieten nerabezaro eta gaztarako adiskidetasunei, Bizkaiko Institutuko ikasmahaietako ikaskideei. Nagusi handiek zuzendari, ingeniari edo arduradun berak izan zituzten ia bizitza osoan zehar —”Aurreiritziak” kapituluan jaso dudanez—.

—  Enpresari-talde horietan ez zen desberdintasun eta etsaitasun handirik izan 1936ko Gerra Zibilera arte; Lehen Karlistalditik eta Cosme Echevarrietaren belaunalditik, argi zuten gauza bat: hiribildua ezin zen jausi ez ezkortasunaren besoetan, ez polarizazio politikoan.

Lan-giro hark (alde batera utzita ideologia pertsonalak) sortu zuen, zalantzarik gabe, lehiakortasun zintzoa. Eta hori islatuta geratu zen margolarien belaunaldietan; ez zegoen taldetxorik, baizik eta guztien arteko ulermena eta elkarlana, baita Gerra Zibilean ere. Cosme Echevarrietaren belaunaldi osoak argi zeukan gure orainaldirako garrantzitsua den gauza bat: izaera politikoko gatazkek (edozein joeratakoak, baina bereziki karlismoak) berekin zekartzaten: 1. Ezegonkortasuna; 2. Txirotzea, eta 3. Zailtasun ekonomiko orokorrak Espainiarentzat.

Bilbok hartutako norabideari eta bertako bizitzari esker, bide guztiekin lotuta egon ahal izan zuten beti, eta horrek merkataritzari atxikitako arrastoa utzi zuen mendeen joanean, gero eta nabarmenago eta ahaltsuago adierazia: ikuspegi argia, erabaki bizkorrak eta efizientzia. Merkataritza-arloko burgesia tradizionala, indianoekin eta meatzariekin harremanetan, ekintzaile bihurtu zen, eta hiribildutik harago begiratzen hasi zen. Hala, konpromisoa hartu zuten industria-lantegien, burdinbidearen, ontziolen, irin-erroten eta aseguru-etxeen ekimen berriekin.

1839az geroztik, olgetarako elkarte berrietan (aisialdi eta irakurketakoak, musikakoak, kiroletakoak, etab.) biltzen ziren horiek denak, esaterako Sociedad Bilbaina elkartean. Ikusi besterik ez dago Itsas Klubaren bazkide-zerrenda zabala, laurehun bazkidetik gorakoa, 1902an.

Juan Pablo Fusik aipatu moduan, “Berrezarkuntzaren garaian (1874–1902), Bilbo liberala izan zen oraindik, merkataritzan eta salerosketan ziharduen hiri txiki bat, oraindik alde zaharrera mugatua, Zazpikaleetara: Neguriko lehenengo txaleta, adibidez, ez zuten 1904 arte eraiki”14.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Román Basurto, “Linajes y fortunas mercantiles de Bilbao del siglo XVIII”, Itxas Memoria. Revista de estudios Marítimos del País Vasco, 4. zk., Untzi Museoa, Donostia, 2003, 343–56. or. Basurtoren saiakerak XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako Bilboko kapital komertzialaren egituraren adierazle gisa balio du. [itzuli]
  2. Hiribilduan aspalditik finkatutako hainbat familia: Gandasegui, Sarria, Barbachano, Gardoqui, Echevarria, La Llana, etab. Gardoquitarrek onura atera zioten, halaber, Britainia Handiaren eta Ipar Amerikako kolonien arteko gerra-aldiari, eta produktu ingelesak bidali zituzten, kolonoek britainiar salgaien aurka blokeoa ezarri zuten urteetan. Luis Briñasen aitonak burdina, irina eta pattarrak esportatzen zituen, eta kakaoa inportatzen zuen Caracasetik eta Guayaquiletik, kolonietako betunak Amerikatik eta espeziak Londresetik (piperbeltza, kanela eta tea). 1835ean Rotabarría izeneko paper-fabrika (1823an sortua) erosi zuen Abusun, trapu zaharrak erabiliz (itsasontzietako telak, nagusiki) papera, kartoia eta kartak egiteko (eta esportatzeko). [itzuli]
  3. Guillermo Górtazarrek dioenez, ez ziren ahaide nagusiak. Ikusi “Aurreiritziak: Oligarkia” ataleko oharra. [itzuli]
  4. Mercedes Mauleón Isla, La población de Bilbao en el siglo XVIII, Valladolid, 1961. [itzuli]
  5. Manuel Basas, Miscelanea histórica bilbaína, “El cofre del Bilbaíno” bilduma, Bilbo, 1971. [itzuli]
  6. Román Basurto, ibid. Txostena Barbachanok egin zuen, Bilboko merkatari garrantzitsua, bera. Ikusi hau ere: Román Basurto, Comercio y burguesía de Bilbao en la segunda mitad del siglo XVIII, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1983, 242. or. [itzuli]
  7. Román Basurto, “Linajes y fortunas mercantiles de Bilbao del siglo XVIII”, ibid. [itzuli]
  8. Merkataritza Batzordea 1830eko otsailaren 20an eratu zen, eta Bilboko itsas kontuak gobernatzen jarraitu zuen, baina indarra eta garrantzia galduz joan zen, batik bat 1847ko urriko Errege Dekretutik aurrera, soilik kontsultarako erakundetzat hartzen baitzuten bertan; ordutik aurrera, merkataritza-ganberek izan ohi dituzten funtzioen antzekoak garatu zituen, eta 1850eko maiatzaren 2an egindako azken aktarekin eman zuen amaitutzat bere jarduera. Merkataritza Auzitegia desagertu egin zen, halaber, 1868ko abenduaren 6an Foruak bateratzeko aurkeztu zuten Lege Dekretuaren ondorioz, horrek ezabatu egin baitzituen auzitegi bereziak eta jurisdikzio arruntaren esku utzi baitzituen merkataritza-arloko gaiak. [itzuli]
  9. Aránzazu Galarza, Creación de Sociedades e Inversión de Capital. Bilbao 1850–1882, Ediciones Beta III Milenio, Bilbo, 1996. [itzuli]
  10. Manuel González Portilla, “Inmigración y nueva sociedad. La ría de Bilbao en la primera industrialización”, hemen: Bilbao a través de su Historia: ciclo de conferencias conmemorativo del 700 Aniversario de la fundación de la villa de Bilbao, Javier Tusell Gómez (ed.), BBVA Fundazioa, Bilbo, 2004, 156. or. [itzuli]
  11. Rotaeche leinua (jatorriz Rotaeche de Aranguren deituak) bostehun urtez baino gehiagoz abizen bat etenik gabe oinetxe bati lotuta mantendu zuen eta egun Euskadin dirauen familia bakanetakoa da. XIII. mendearen amaieran sortu zen, Fernán Ybáñez de Olarterekin, Bizkaiko jaunen ondorengoa. Aipamen berezia egiten zaio Orozkoko Errotaetxe Dorreari: XV. mendearen amaieran eraiki zuten, eta Eusko Jaurlaritzak monumentu historiko-artistiko nazionaltzat izendatu zuen. [itzuli]
  12. Espainia laiko, federal eta monarkiarik gabekoaren defendatzailea zen, eta ez zuen kontraesanik ikusten ideia horren eta bere aberastasunaren artean. Francisco Martínez de Rodasen antzera, oso enpresari boteretsua bihurtu zen hamabost urte eskasean. Pneumoniak jota hil zen, 1903ko otsailaren 28an, Deustun zuen txaletean. El Noticiero Bilbaíno egunkariak haren heriotzaren berri eman zuen hurrengo bi egunetan, lehen orrialdearen erdia hartzen zuen eskela bat jarrita, eta El Liberal egunkariak, aldiz, orrialde osoa eskaini zion. Haren ondasunek hamaika milioi pezeta baino gehiago balio zuten, eta, hortaz, garai hartan Bizkaian zegoen aberatsik boteretsuenetako bat izatera heldu zen. [itzuli]
  13. Echevarrietaren ideologia hobekien aztertu duen saiakera Jon Penche Gonzálezen hau da: “Cosme Echevarrieta (1842–1903): el patriarca del republicanismo bilbaíno”, hemen: Bidebarrieta, 21. zk., Bilbo, 2010. [itzuli]
  14. Juan Pablo Fusi, “Bilbao en la época de Alfonso XIII”, hemen: Bilbao a través de su Historia: ciclo de conferencias conmemorativo del 700 Aniversario de la fundación de la villa de Bilbao, Javier Tusell Gómez (ed.), BBVA Fundazioa, Bilbo, 2004. Neguriko lehen etxea, Lezama-Leguizamón sendiarena, 1902an amaitu zuen José María Basterra arkitektoak, ez 1904an, Fusik esan moduan, eta Manuel María Smithek berritu zuen, 1919an. [itzuli]

 

MAIORAZKOAK ETA ESTATUKO FUNTZIONARIOAK

Hiribilduan, biztanle batzuk salerosketan aritzen ziren, eta beste batzuk errentadunak ziren, hau da, etxeak edo lonjak alokatzen zituzten, baina batzuetan parte hartzen zuten negozioetan ere. Hortaz, bi hiritar-mota bereiz ditzakegu: beren artikulu edo lanbideengatik ezarri zirenak bertan, eta noblezia landatarreko kideak, ahaide nagusiak, hiribilduan dorretxeak eraiki zituztenak, etxe-jabeak zirenak, eta landako lurren edo Lur Lauaren errentetatik nahiz etxe eta lonjen alokairuetatik bizi zirenak, edo saltoki horietan zeuzkaten partaidetzetatik1. Noblezia landatarraren ondorengoetako askok gora egin zuten Madrilen, Estatuko administrazioan edo gudarosteetan, bereziki Armadan.

Ahaide nagusiak edo infantzoiak gure noblezia landatarra ziren. Noblezia horren aberastasunaren oinarria lur-jabetzan eta errentetan zegoen: jauregiak, baserriak, errotak, gabiak, burdinolak, lursailak, onibarrak eta mendiak zituzten. Haietako batzuek inbidiaz ikusten zuten beren dorretxeetatik nola ari ziren aberasten zenbait hiribildu, hala nola Bermeo, Portugalete eta, bereziki, Bilbo. Beste batzuk hiribilduetara joanak ziren; etxe eta jauregi onenak eraiki, eta errentetan ez ezik, salerosketetan ere parte izan zuten, eta Gaztelako artilearen merkataritzan esku hartu zuten. “Génesis de la sociabilidad moderna en Bilbao (1800–1876)” saiakeran, honela dio Joseba Agirreazkuenaga historialariak: “Hiri hori, merkataritza-hirien artean nagusia, Lur Lauko maiorazko nagusien egoitza soziala ere bazen. 1800. urtean, Bizkaiko maiorazkoen % 20 Bilbon bizi ziren, eta horien artean zeuden, noski, botere politiko eta ekonomiko handienekoak”2. Ondoren, ahaide nagusi haietako asko itsas merkataritzan sartzen joan ziren, eta gerora baita industrializazioan, trenbidean, siderurgian eta abarrean ere.

Komeni da, hortaz, labur-labur azaltzea XIX. mendeko Bilbo hartako soziologia-modu horiek: herritar-motak eta merkatari-motak, Lur Laua eta elizateak vs. hiribilduak eta horien Foruak.

Lur Laua edo infantzoien eremua hiribildu ez ziren Bizkaiko probintziako lurrei esaten zitzaien, hau da, baserriz edo harresirik gabeko biztanlegune txikiz osatutako lurraldeari, hiribilduekin kontrajarrita, harresi babesgarriak zeuzkaten biztanleguneak baitziren horiek. Bizkaian, hiribildu hauek zeuden, Bilboz gain: Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Urduñako hiria, Plentzia, Portugalete, Balmaseda eta Laudio nahiz Aramaio arabar udalerriak, Nerbioi Garaian. Lur Laua deitura, merindadeetan antolatutako elizateek ezarria, Bizkaiko foruaren arabera gobernatuta zegoen Bizkaiko zatiaren izendapen administratiboa zen. Hiribilduek (eta Urduñak), Durangaldeak eta Enkarterrik bestelako foruak zeuzkaten (beste lege batzuekin)3.

Leinua pertsona baten jatorria da, hau da, kaparetasunaren eta odol-garbitasunaren froga Antzinako Erregimenean (Ancien régime). Frantziako iraultzaileek horrela deitu zioten, modu gutxiesgarrian, 1789–99ko Frantziako Iraultzaren aurretik ezarrita zegoen gobernu-sistemari. Espainian, Independentzia-gerrara arte iraun zuen Antzinako Erregimenak, 1812an Cádizen Konstituzioa aldarrikatu zuten arte.

Bizkaian, Foruaren ondorioz, kaparetasun unibertsala zegoen, hau da, bizkaitar guztiak ziren kapare. Alfontso X.a Jakituna erregearen Las Partidas laneko definizioaren arabera, “kaparetasuna gizonei leinuz dagokien noblezia da […], horregatik esaten diegu aitoren seme, zeina baita esatea ongiaren semeak…”. Leinu-dokumentuak (seme-alaba, biloba, birbiloba, ondorengo izatea) odol-garbitasuna frogatzen zuen, antzina-antzinatiko kaparetasuna. Errolda eta zentsuei dagokienez, Gaztelako lehena 1591koa da, eta kapareak eta plebeioak bereizten zituen; azkena Floridablancako kondeak 1787an agindutakoa da (orduan, Espainiak 10.409.879 biztanle zituen, eta horietatik 480.589 kapareak ziren). Kapare gehienak Asturiasen, Kantabrian, Leonen, Burgosen, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldeko bailaretan bizi ziren; azken horietan, kapareen ehunekoa biztanleen % 60tik gorakoa zen. Interesgarria da aipatzea 1797an Bilbon 48 maiorazko zenbatu zituela Godoyren zentsuak. Maiorazkoa zuzenbide zibilaren instituzio bat izan zen: banaketa-sistema bat, non seme nagusiak (infantzoia, beti ez zena zaharrena izan) ondasun ia guztiak jasotzen zituen herentzian; ondasun horiek ezin ziren ez zatitu ez saldu, beraz, oinordea oinetxe bati eta haren lurrei lotuta geratzen zen4. Ondasun lotetsiak ezin ziren ez besterendu, ez herentzian banatu. Maiorazkotik kanpo geratutakoak (Bizkaian) kapare ziren. Era horretara, beti ondare berdina jasotzen zuen oinordekoak, edo handiagoa.

Euskal Herrian, maiorazkoak noblezia landatarra sortu zuen, eta ahaide nagusi esan zieten, infantzoi; hau da, leinu antzinakoena zen, “zintzoen semeena” (filii bene natorum). Jaiotza-agirian gurasoak eta aitaldeko aitona-amonak aipatuta eta horiek Portugaleten (edo beste edonon) jaio eta bizi zirela adierazita, frogatuta geratzen zen Foruaren araberako kaparetasuna justifikatuta zutela. Noblezia hori errentak jasotzetik bizi zen, eta misiotzat zuen ondasun lotetsi gisa jasotako kapitala mantentzea edo handitzea. Bizkaian, maiorazko-sistemak bi ondorio izan zituen: nekazari gisa geratu nahi izan ez zuten “bigarrenek” (hau da, gainerako seme-alaba guztiak) alde egin behar izan zuten lana bilatzera beren jaiolekutik kanpo, hau da, Armadan, burokrazia zibilean, Indietan edo Elizan; baliabide asko samarreko familien kasuan, diru-kopuru bat ematen zieten bigarrenei, unibertsitateko ikasketak egiteko (Gorteko lanetarako) edo Elizan gora egiteko5. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bergarako Errege Mintegi Abertzalea sortu zuen, noblezia landatarrarentzako hezkuntza-zentroa, hezkuntza-programa frantsestu eta irekiagoa eskaintzeko erakunde zibila. Horren guztiaren adibideak daude aipatu ditudan Bilboko pertsonaia itzaltsuen historian. Bestalde, Espainiako beste leku batzuetan ez bezala, maiorazkoaren ondorioz, Euskal Herrian ez zen sortu minifundio eta latifundio aristokratikorik.

Jaurerrien abolizioa, edo jaunen erregimenarena, 1812ko Cádizko Konstituzioarekin hasi zen, 1836ko abuztura arte indarrean jarri ez zena. Maiorazkoaren instituzioa 1820ko irailaren 11ko Errege Dekretuak ezabatu zuen —hilabete geroago Lege Lokabetzaile bihurtu zenak—. Ikuspegi liberal berriaren emaitza izan zen Mendizábalen Dekretua (1836ko otsailaren 19a) edo Elizaren jabetzen desamortizazioa, eta ondoren Madoz Legea (1855eko maiatzaren 1a), desamortizazio orokorrekoa (udalen ondasun komunalak). 1876an Foruak desagertuta, amaitu egin zen maiorazko-erregimena, eta handik aurrera, zuzenbide zibil orokorra hartu zen kontuan familiaren ondarea herentzian banatzeko.

Hona hemen maiorazko-sistema horren funtzionamenduaren bi adibide XIX. mendeko Bilbon:

—  Lehenengoa: gazte buruargi batek, ondoren ingeniari eta asmatzaile ospetsua izango zenak, maiorazkoa jaso zuen, eta horrek aukera eman zion Parisen eta Madrilen ikasteko; maiorazkoa izanda ere, liberala zen. Leonardo Torres Quevedo (1852–1936) Bilboko trenbideetan lan egiten zuen bide-ingeniari baten semea zen. Aita bidaian zihoanean, bizilagun batzuen etxean uzten zuen semea, Barrenechea ahizpen etxean, Pilota kalean, semeak Bizkaiko Institutuan ikasten jarraitzea nahi baitzuen. 1868an, hil aurretik, Pilar de Barrenecheak Leonardo izendatu zuen oinordeko bakar eta unibertsal, eta bere leinuko edo loturazko jabetzak utzi zizkion: hainbat jauregi (Artunduaga, Abusu, Sondika), dorretxeak (Ariz, Artunduaga, Zangroiz, Susunaga, Murga), baserriak eta haiei zegozkien lurrak (50 inguru), gabiak (burdinolak), lursailak eta onibarrak Bizkaia osoan barrena: Begoña, Abando, Barakaldo, Basauri, Galdakao, Lezama, Arrigorriaga, Muxika, Gorozika, Ibarruri, Etxebarri, Loiu, Zornotza, Zaratamo, Orozko, Gueñes, Sondika, Erandio, Somorrostro, Zalla, Sopela eta Galdames. 1873an, Leonardo liberalak, maiorazko baten oinordekoak, Madrilgo Bide Ingeniarien Elkargoko Eskola Ofizialeko ikasketak utzi zituen, eta Bilbora itzuli zen, Luis anaiarekin batera izena emateko Laguntzaile Boluntarioen batailoian, Bilbo defendatzeko.

—  Bigarrena: noblezia landatarreko bigarren batek, Domingo de Gortázarrek (1670–1743), amari dirua eskatu zion Indietara joateko; aberastuta itzultzean, familia-maiorazkoa bereganatu zuen (anaia nagusia, Alexo, 1741ean hil zen), eta Bilbon finkatu zen. Posta kaleko 8. zenbakian jauregi bat eraiki ziezaioten agindu zuen, eta XVIII. mendean altxatu zuten. Etxebizitza nagusia goiko solairuetan kokatuta zegoen, Gortázar-Arandia sendiaren armarriarekin, eta beheko solairuan merkataritzarako lonjak jarri zizkion, Bordelen eta Parisen ikusitakoari jarraituz. Era berean, Posta, Goienkale eta Dendarikale kaleetan  eta Plaza Barrian kokatuta zeuden zortzi etxe erosi zituen6.

Domingo de Gortázar 1733an hasi zen eraikitzen Posta kaleko jauregia, eta 1737an amaitu zuen. Azken barrokoko eraikina da, ukitu neoklasikoa duena; harlanduzko lau solairu ditu, eta 1.586 metro koadroko azalera; Gortázar-Arandia familiaren armarria du aurrealdean, eta lorategia, atzealdean. Etxea bere garaiko testuinguruan kokatzeko, kontuan izan behar da Bilbok 7.000 biztanle inguru zeuzkala, eta 1746an 707 etxe bakarrik zeudela Bilbon, Teófilo Guiardek dioenez. Etxea, armarri eta guzti, Los gigantes ante la casa de Gortázar izeneko Losadaren pastel batean ageri da7.

Hortaz, Gortázartarrak noblezia landatarreko familia bat ziren, Bilbon bizi zirenak, jasotzen zituzten errenten kontura; alde batetik, baserriek eta burdinolek ematen zizkieten errentak, eta bestetik, hiribilduan zeuzkaten jabegoek. Lotura hertsia izan zuten musikaren hedapenarekin, eta Anselmo Guinearen mezenasak izan ziren. Gortázar familiak pinturari eta liburuei begira adierazitako zaletasuna Domingoren semearekin hasi zen, zeinak, Posta kaleko etxea jaraunsteaz gain, Bediakoa eraikiarazi baitzuen (Bediacolea) aitaren jabetzako lurretan8.

Badago Gortázartarrekin ahaidetutako ahaide nagusien beste leinu bat: Mazarredotarrena. José Domingo de Mazarredo Gortázar almirantea (Bilbo, 1745–Madril, 1812) XVI. mendeko Mazarredo Jauregian jaio zen; Bidebarrieta kaleko 14. zenbakiko jauregi horretan familiaren armarria dago. Bigarren zenez, hamahiru urterekin Itsas Guardien Errege Konpainian sartu zen, eta Errege Armadako teniente jeneral izatera iritsi zen 1789an. 1774an, bere iloba María Antonia de Moyúa Mazarredo Ozaeta Gortázar (1757–1836) musikari eta konpositorearekin ezkondu zen. Iloba-biloba zuen José Félix Allendesalazar Mazarredoren aita besoetakoa izan zen, baita Itsas ministro ere. Goyak gaur egun galduta dauden hiru margolanetan erretratatu zuen Mazarredo9, eta Jean-François Marie Bellier margolariak ere egin zion erretratu bat, 1800. urtean; azken hori Madrilgo Ontzi Museoan dago. Ikusten dugunez, hortaz, Zazpikaleen Bilbo hartan ahaidetzen joan ziren merkatariak eta ahaide nagusiak, batzuk maiorazkodunak, eta beste batzuk Gorteko kargudunak. Maiorazkoen aktibo ekonomiko nagusia lurrari lotutako ondarea zen, eta ondoren baita hiriko higiezinei lotutakoa ere. Nahasten joan ziren heinean, trukea egin zuten: esan daiteke Bizkaiko noblezia landatarra lurrak zeuzkalako zela “aberatsa” eta burgesia komertzialak “aberatsa” zelako zeuzkala lurrak.

1876an Foruak desagertu eta maiorazkoa ezabatuta, herentzia hainbat oinordekoren artean banatzen hasi ziren, eta, ondorioz, desagertuz joan ziren lurrek emandako errentei esker aberatsak ziren hiritarrak. Baina, Guillermo Gortázar historialariak aipatu moduan, leinuaren kontzeptua balioesten jarraitu zuten: “Leinua alderdi biologikotik harago doan kontzeptua da, barne hartzen baitu ondare komun bat, nagusiki espirituala baina euskarri materialak ere badituena, bide genealogikoetatik transmititu eta komunikatzen dena. Nahiz eta gaur egun ia ez den existitzen leinuaren ideia, horrela ulertuta, leinuetako kideek ez dutelako hura mantentzeko nahirik, iragan mendeetan oso-oso bizirik egon zen”10. Jaime Vicens Vives historialariak ere aipatu du honako hau: “Espainian, noblezia zentsu ofizialetako kategoria gisa desagertu zen, baina ez zuen galdu herrialdeko egitura sozialean zeukan nagusitasuna; hortaz, errealitate bizitzat hartu behar da, ez haien nekazaritza-aberastasunen multzoagatik bakarrik, baizik eta oso erakargarria izan zelako gainerako gizarte-klaseentzat, zeintzuei inposatu baitzizkieten mito eta sinesmenetako asko”11.

Beste gizarte-maila batzuekin (ingeniariak, atzerritarrak, aberats berriak…) nahasita bazen ere, aurrerantzean ere noblezia landatarrak (gure jauntxoek) markatu zituen gizarte onaren soziabilitate-ohiturak, Manuel Losadak bere margolanetan irudikatzen zuen Bilbo ilustratuaren portaera-arauak: txistularien protokoloa, mikeleteak edo Foru Guardia kapela luzea jantzita, udaletxearen balkoi azpiko festak, etab. Julio Caro Baroja antropologoaren hitzetan, gentry hark, “gizarte-klase hark ez zuen Gaztelako eta Andaluziako aristokraziaren antzik, zeina baitzen estatu handien jabe, ezta kapare txiroen antzik ere, eta ez zen hertsiki burgesa; Ingalaterran the gentry zeritzotenarekin konpara zitekeen”12. Gentry hura lur-jabeak ziren, burdinolak eta errotak zeuzkatenak, familien ondasunik preziatuenak, eta Bilbon finkatzea erabaki zutenak, baita beren kapitalak inbertitzea ere, unean uneko aurrerapen guztiak erabiliz beti, eta garaian garaikora moldatuz. Hainbat adibide eman ditut José María de Ucelay margolariari buruzko liburuan. Haren Busturiko etxea, Chirapozutarren oinetxea, hiru familiaren (hiru leinuren) elkargunea izan zen, baita Busturiko zeramikari esker ezaguna egin zen kalitate handiko artisautzaren zuzendaritza-zentroa ere13. Beste gentry adibide bat dira Gernikako Allende-Salazartarrak, dorretxea zutenak Bermeon eta “Jaspe etxea” izeneko etxe-jauregia Bilbon, Posta kalean14; haien ondorengoetako batek, Juan Allendesalazar historialariak (1882–1938), Prado Museoari utzi zizkion familiaren funts guztiak.

Atal honetan kontuan hartu behar ditugu, halaber, Estatuko mekanismoetan sartu ziren bilbotar eta bizkaitarrak, Administrazioan, indar armatuetan (bereziki Itsas Armadan15) edo diplomazian aritu zirenak, gehienek maiorazkoetan baitzuten jatorria; horietako asko noble egin egin zituzten, tituluak emanda16. Madrilen nolabait gora egin zutenak dira (ministroak, funtzionarioak, almiranteak, etab.): Gardoquitarrak, Mazarredotarrak, Alcalá-Galianotarrak, Churrucatarrak, Zabálburutarrak, Horcasitastarrak, Solano-Adán de Yarzatarrak, Eguíatarrak, Allende-Salazartarrak, etab. Lehen, Goyaren margolan bikain bat aipatu dut, Rita Barrenechea bilbotarraren erretratua. Adibide gisa balio du orain eta hemen: Estatuko goi-funtzionario baten biloba zen, izan ere, aitonak Portuko markes-titulua jaso zuen (oraindik horrela du izena, haren omenez, Bilbo erdiguneko kale batek), eta, aitari bezalaxe, haren seme-alaba guztiei eman zizkieten tituluak Madrilen17.

Hiribilduan bizi ziren jauntxoen eta bertako merkatarien arteko harremanak ez ziren izan oso adeitsuak, lehenengoek, etxeen jabe, oso alokairu garestiak jartzen zituztelako18. XVIII. mendean zehar gatazka ugari izan ziren, matxinadak19, eta Zamakoladarekin (1804) iritsi ziren gorenera, Abandoko eremuan portu berri bat eraikitzeko saioarekin20. Ahaide nagusien eta merkatarien arteko liskarrak alde batera geratu ziren Lehen Karlistaldiaren ondoren, ikusi baitzuten norabide berean arraun egitea guztientzat zela onuragarria, maila sozialak eta leinuak gorabehera.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. 1934an, oraindik, Bizkaiko landa- nahiz hiri-jabegoen zazpi jabe nagusietako bik lotura zuten ahaide nagusiekin: Lezama-Leguizamónek eta Zabálburuk; gainerakoak ontzi-jabeak, bankariak eta industrialariak ziren. Jabego gehien zituena Ramón de la Sota Llano zen; bigarren postuan zeuden Gurtubay González de Castejón anaiak (Carmen Gurtubay Alzolaren eta Rosario Silva Gurtubay Albako dukesaren aitak); hirugarrena, Lezama Leguizamónen alarguna zen; laugarrena, Sofía Jaquet; bosgarrena, Dámaso Escauriaza Legórburu; seigarrena, Soledad Anduiza, Chávarriren alarguna, eta zazpigarrena, Pilar Mazarredo, Zabálbururen alarguna. [itzuli]
  2. Joseba Agirreazkuenaga, “Génesis de la sociabilidad moderna en Bilbao (1800–1876)”, Bidebarrieta, Bilbo, 1997, 233–52., 234. or. [itzuli]
  3. Bizkaiko probintzia 112 udalerrik osatzen zuten, eta horien hiriburuak hainbat kategoriatan sailkatzen ziren: zer baldintza historiko zeuzkaten, elizateak, hiribilduak edo hiriak izan zitezkeen. Busturia, adibidez, elizatea zen, merindade baten hiriburua, eta merindade horrek, aldi berean, sei hiribildu zeuzkan (Bermeo, Gernika, Gerrikaitz, Errigoiti, Lekeitio eta Ondarroa). [itzuli]
  4. Hitzaren etimologia mayoradgo da, eta “adgo” latindar atzizkiak duintasuna, kargua, titulua, egoera, maila adierazten du. RAEren arabera: maiorazkoa da, halaber, maiorazkoaren jabea, eta oinordekoa, baita maiorazkoari lotuta dauden ondasunen multzoa ere. Maiorazkoa oinordetza-zuzenbideko forma historiko bat zen, helburutzat zuena ondasunak oso-osorik eta betirako kontserbatzea, oinordetza-arau erregular baten arabera, non fundatzailearen nahia nagusitzen zen doktrina orokor ororen gainetik. [itzuli]
  5. Adibide bat: José Ramón de Urrutia y de las Casas jenerala (Zalla, 1739–Madril, 1803), Goyak erretratatua, Avellaneda Dorretxeko Urrutia familiako bigarrena zen. Dorretxea anaia nagusiak jaso zuen herentzian, Antoniok, Avellanedako XI. Urrutia jaunak. José Ramóni Bartzelonako Matematikako Errege Akademia Militarreko ikasketak ordaindu zizkioten; hirugarren anaia, Joaquín, Palentziako katedraleko artxidiakonoa izan zen 1794tik 1808ra; laugarrena, Ramón, Oruroko korrejidorea izan zen Bolivian, eta Tarmako jenerala eta gobernadorea Perún (1795–1809); bosgarrena, Nicolás, infanteriako koronela izan zen, eta azkena, Juan Manuel, Kantabriako infanteria-erregimentuko kapitaina. [itzuli]
  6. Bilboko alkate, Diputazioko presidente eta Erresumako senatari izandako Manuel María de Gortázarri (Bilbo, 1824–Bedia, 1896) buruzko kontakizun atsegin eta zehatz batean, Guillermo Gortázar historialariak Manuelen herenaitonaren ondarearen berri ematen du: “1706an, Domingo Gortázar Perura joan zen. Espainian lehertua zen Ondorengotza Gerra, eta Filipe V.ak Guaylas edo Huaylaseko korrejidore izendatu zuen 1705ean, Villarrubia de Langreko markes Simón del Campo ordezteko. Domingo Gortázarrek Perura eraman zuen legez zegokion herentziaren zati bat, amak aurreratu ziona. Domingok baimena zuen bi mirabe eta gehienez lau ezpata eta horien dagak, lau arkabuz eta lau alabarda eramateko. 1714tik 1717ra, gutxienez, Limako Inkisizioko kidea izan zen. 15 urte Indietan igaro ostean, 1721eko urtarrilaren 27an, 50 urte zituela, Domingo Martínek Limatik alde egin zuen, ‘Mexikoko bidetik’, berekin zeramatzala familia, bost esklabo beltz eta hiru zerbitzari.[…] Bidaia gorabeheratsu baten ostean Bilbora iritsita, Domingo Martínek landa- eta hiri-jabegoak erosi zituen, 1.901.112,75 errealetan baloratuak. Guztira 2.420.694 erreal inbertitu zituen ondasun higiezinetan. Jabetzan hartutako lurrek 809.332 estatuko hedadura zuten guztira, hau da, 39.870.935 oin karratu, edo bestela esanda, 309 hektarea; oso azalera handia zen, Bizkaiaren tamaina kontuan hartuta. Hiriko jabetzek sortzen zizkioten errentak ia % 2koak ziren, eta landakoek sortutakoak, berriz, % 1ekoak”. Guillermo Gortázar, “Manuel María de Gortázar y Munibe 1824–1896. Fueros y Concierto: el legado del último Notable vizcaíno”, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean adiskide oso gisa sartzeko lezioa, Madril, Gorteko Ordezkaritza, Los Lujanes Jauregia, 2019ko otsailaren 25a. https://cdn.websiteeditor.net/ac62651843 5a4479baaf81c49579ab22/files/uploaded/Lecci%2 5C3%25B3n%2 520PDF-A.pdf [itzuli]
  7. Manuel Losada Pérez de Nenín margolariak arkatzezko marrazki bat ere egin zuen 1885ean. Losada, 1865ean jaioa eta 1949an hila, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako akademikoa izan zen. Manuel María de Gortázarrek beka bat eman zion 1890ean. Etxea monumentu historiko-artistikoa da 1972az geroztik. [itzuli]
  8. Domingoren semearen bildumari buruz, ikusi Agustín Gomezen ikerlan bikaina: “El coleccionismo en el Bilbao de finales del siglo XVIII: el caso de la familia Gortazar”, Bidebarrieta, 2. zk., 1997, 114–24. or.: “Datu soziologiko gisa, XVIII. mendeko Bilboko merkatari handienen eta nobleziaren kapitalak eta dirutzak konpara daitezke. Domingo Martín de Gortázarren seme-alaben ezkontza-sariak garai hartako Bilboko handienak izan ziren, baita merkatari dirudunenenak baino handiagoak ere. Aurrerago kontatuko den moduan, Gortázartarren dirutza hiribilduko handientzat jotzen zuten, mendearen erdialdera arte behintzat. Gortázar familiaren liburutegia 53.083 erreal kuartotan tasatu zuten 1790ean, eta Gómez de la Torre familiarena, aldiz, 4.453 erreal kuartotan, 1767an. Ildo horretan, esan daiteke mendearen lehen erdian sozietate garrantzitsuenek 500.000 erreal kuartotik 1.000.000 erreal kuartora bitarteko kapitala zutela. Mendearen amaieran, sozietateren batek bi milioi errealak gainditu zituen. Kontuan hartzen badugu 1743an Gortázar calatravarrak 2.000.000 erreal kuarto baino gehiago inbertitu zituela higiezinetan eta semeak aitaren ondarea hobetu zuela, bi estamentuek XIX. mendera arte idiosinkrasia desberdina izan zutela ondoriozta dezakegu; XIX. mendean, Antzinako Erregimena amaituta, baldintza ekonomikoak eta sozialak aldatu egin ziren herrialde osoan”, 67. or. [itzuli]
  9. Honen arabera: Manuel Basas, Miscelanea histórica bilbaína, “El cofre del Bilbaíno” bilduma, Bilbo, 1974. [itzuli]
  10. Guillermo de Gortázar Echeverría - Luis de Gortázar Rotaeche, “Gortazar-Villela-Manurga-Alzusta-Villaro-Bilbao 1.000 años de genealogía e historia vasca”, 2018, hemen: https://web.archive.org/web/20190815074703/https://cdn.websiteceditor.net/ac626518 435a4479baaf81c49579ab22/files/uploaded/1000%2520a%25C3%25B1os%25202018.pdf [itzuli]
  11. Jaime Vicens Vives, Historia social y económica de España y América. Burguesía, industrialización y obrerismo. Editorial Teide, 1971. [itzuli]
  12. Julio Caro Baroja, Vasconiana, Txertoa, Donostia, 1974, 161. or. [itzuli]
  13. Kosme de Barañano, Análisis de la Pintura de José María de Ucelay, Caja de Ahorros Vizcaína, Bilbo, 1981. [itzuli]
  14. “Etxe bat non bizi den jende ilustratua, Azkoitiko zalduntxoen espirituan heziak lehen unetik. Dagoeneko ikusi dugu Josef de Apraiz Adiskideen Elkartekoa zela eta Bulucúak Oñatiko zentroan ikasi zuela”. Ucelayk 40 baserri eta horiei zegozkien lurrak jaso zituen herentzian Chirapozu familiarengandik, baita Bulucúatarrengandik ere. Bulucúa medikua zen, eta de Uriarte bezala, Armadako fragata-kapitaina. Allende-Salazartarrak Monte Fuerteko kondeak ziren. Noblezia-titulu hori Karlos IV.ak sortu zuen, 1798an, José María Allendesalazar Zubialdearentzat (1757–1805); azken hori Bizkaiko Jaurerriko diputatu nagusi izan zen 1786an eta Bilboko alkate 1788an. Allendesalazar familiarenak ziren Bilboko “Jaspe etxea”, Bermeoko Ertzila Dorretxea, Gernikako “Alegria” etxe margotua (Gerra Zibilean suntsitua) eta Alegria jauregia, gaur egun Euskal Herria Museoaren egoitza dena. 1733an eraikitako jauregi barroko bikain horretan, nabarmentzekoak dira harlanduzko fatxada, burdin hesiz inguratutako balkoi luzeak eta familiaren armarria. Juan Allende-Salazar Zaragoza (1882–1938) arte-historialaria izan zen; haren aita, Ángel Allende-Salazar Muñoz de Salazar (1854–1885), Madrilgo Unibertsitateko Geografia eta Historiako katedraduna izan zen, eta diplomazialaria eta liburuzalea; eta osaba, Manuel Allende-Salazar Muñoz de Salazar (Gernika, 1856–Madril, 1923), ministroa izan zen hainbatetan, eta Gobernuko presidentea. Guztiak izan ziren Adolfo Guiard margolariaren lagun onak, eta hark denboraldiak igarotzen zituen familiak Muruetan zuen Ganpe etxean. [itzuli]
  15. Itsas Armada bizkaitarrez josita zegoen XVIII. mendearen amaieran: Ucelayren aitona, Francisco Javier Uriarte Borja, Armadako kapitaina; José Domingo de Mazarredo, almirantea; José de Solano, Armadako kapitan jenerala; Cosme Churruca, mutrikuarra izatez, zientzialari, itsas gizon eta militar espainiarra, Errege Armadako brigadierra, Trafalgarren hila, Dionisio Alcalá-Galiano bezala, esploratzailea, kartografoa eta Errege Armadako brigadierra, berau, eta Alejandro Malaspinak 1789an Descubierta eta Atrevida korbetekin egin zuen espedizioko kidea. [itzuli]
  16. Beste titulu batzuk ogasun-ministroei edo Itsas Armadako almiranteei eman zizkieten: 1741ean, Iturbietako markesgoa eman zioten Manuel María de Arizcun Horcasitasi, 1812–13an Madrilgo alkate izandakoari. 1698an, Moriana del Ríoko kondetza eman zioten Juan de Horcasitas Avellaneda artzentalestarrari, ogasun-ministro izandakoari. 1860an, Sierra Bulloneseko markesgoa eman zioten Juan de Zabalari (Lima, 1804–Madril, 1879), Itsas Armadako ministroa. 1846an, Isabel II.a erreginak Balmasedako kondetza eman zion José Santos de la Hera y de la Puenteri, Peruko Independentzia-gerran borrokan aritu eta ondoren Gerra eta Itsas Armadako Auzitegi Goreneko presidente izandakoari. 1790ean, San Cristóbaleko kondetza eman zioten Julián San Cristóbal Eguiarretari, Gerra Kontseiluko ministro izandakoari. 1784an, Socorroko markesgoa eman zioten José de Solanori, Espainiako Errege Armadako kapitain jeneral izandakoari; ondoren Solano-Adán de Yarzatarrek jaso zuten titulua. 1761ean, Zambranoko markesgoa eman zioten Pedro Gordillo Erresumako goi-funtzionarioari; ondoren, 1814an, Miguel de Ibarrola gerrako ministroak jaso zuen. [itzuli]
  17. Joaquín Ignacio Barrenechea (Bilbo, 1681–Haga, 1753), erreginaren maiordomoa, Ogasun Kontseiluko kidea, enbaxadorea Suedian eta Probintzia Batuetan. Filipe V.ak Portuko markes-titulua eman zion 1741ean. 1707an, Juana Novia de Salcedo del Barcorekin ezkondu zen Santiagoko elizan. Hauek izan ziren haien seme-alabak: José Fernando, Isabel Farnese erreginaren Asteko Maiordomoa, Solanako markesa eta Portuko markesgoan oinordekoa; Pablo, Puente Fuerteko markesa, Erregearen atzerriko agentea enbaxadore gisa Danimarkan (1746), Suedian (1753) eta Holandan (1761); eta Teresa, Joaquín de la Garma Novia de Salcedo Pesadillako markesarekin ezkondu zena. [itzuli]
  18. Personero del Común zeritzonak—Udaleko “arartekoak”— “Bilboko etxe-kopurua areagotu eta hiribilduaren itxura hobetu” behar zela aipatu zuen 1786an. Nicolás Loredo sindikoak sinatutako hiri-txostenak ahaide nagusiak eta haien alokairuak salatzen zituen: “Jabeek… etxebizitzen gabeziaz baliatuta, gabezia horrek ahalbidetzen dizkien legeak ezartzen dizkiete etxetiar gehienei, errentak nabarmenki garestituta”. [itzuli]
  19. Matxinada hitza San Martinetik dator, olagizonen patroia. Olagizonak burdinaren manufakturarekin lotutako nekazariak ziren. Hitzak herri-erreboltei egiten die erreferentzia: Gatzaren matxinada, 1631n; Aduanetako matxinada, 1718an; Haragiaren matxinada, 1755ean; Zerealen matxinada, 1766an, eta Zamakolada, 1804an. Ez ziren soilik nekazariek agintearen aurka gauzatutako erreboltak; batzuetan, nekazariek eta noblezia landatarrak merkataritzako burgesiaren aurka egiten zuten: 1718ko matxinadari dagokionez, Sagarmínagak handikien eta merkatarien arteko gatazkak nabarmentzen ditu: ‘Bilbon inbidia handia zegoen; maiorazkoek bekaizkeria bizia zuten merkatariekiko; merkatariak maiorazkoak baino hobeto bizi zirela eta onura gehiago zituztela, eta hori jasanezina zela’”. Fernández Pinedo, Crecimiento económico y transformaciones sociales del País Vasco (1100–1850), Siglo XXI, Madril, 1974, 400. or. [itzuli]
  20. Zamakoladak ez zuen ezertarako balio izan, guztiek (bilbotar zein bizkaitar) Espainiako Koroari gehiago ordaindu behar izateko baino ez; horren ondorioz, pixka bat geroago jendeak ez zuen errejidore frantsestuen aurka egin, eta Lehen Karlistaldian jada konturatu ziren liskar oro oso kaltegarria zela merkataritzarako, eta horixe zela, hain zuzen, benetako aberastasun likidoa sortzen zuena, hau da, eskudirua sortzen zuena. Une horretan jaio zen errentetatik bizi nahi ez zuen gizartea, ekin eta kapital aldakorrez (salgaiak, truke-letrak, betebehar-eskriturak…) osatutako aberastasuna lortu nahi zuen gizartea. [itzuli]

 

INDIANOAK

Espainiako Errege Akademiaren hiztegiaren arabera, “indiano” hitzak bi adiera ditu:

  1. (adjektibo gisa) Espainiaren Ameriketako koloniek osatutako lurraldeetatik etorritakoa edo lurralde horiekin lotura duena.
  2. (izen gisa) Ameriketara aberastasun bila emigratu eta Espainiara aberastuta itzuli zen pertsona.

Bilboko herritarrei buruz ari garela “Ameriketatik aberastuta itzulitako” pertsonei erreferentzia egiteko erabiltzen dugunean indiano hitza, Ameriketara dirua egitera joan zirelako aberastuta itzuli zirenez ari gara, baita Ameriketako lurraldeekin lotutako negozioei esker dirua irabazi zutenez ere.

Gauza jakina da euskaldun askok emigratu zutela kontinente berrira, “Amerikak egitera”, lagunartean esaten den bezala, eta asko han geratu zirela. Beste batzuek, ordea, behin aberastuta Penintsulara itzultzea erabaki zuten; eta beste batzuk ez ziren hara joan, baina aberastu egin ziren Amerikaren eta kontinente zaharraren —bereziki Espainiaren— arteko merkataritzari eta nabigazioari lotutako negozioei esker. Esate baterako, Máximo Aguirreren irin- eta zereal-fabrikako produktuen helmuga nagusietako bat Kuba zen.

XVIII. mendearen amaieran, itsasoaz bestaldeko lurraldeekiko itsas salerosketa eta merkataritza euskal kontsignatario eta armadoreek bideratzen zuten Sevillako eta Cádizko portuetan, baita Jerez de la Fronterakoan ere. Horietako batzuek Madrilen finkatu zuten bizitokia, hobeto kontrolatzeko negozioak eta Estatuko administrazioarekiko harremanak.

XIX. mendearen hasieran, bestalde, independentzia-gerrak hasi ziren herrialde haietan. Badakigu Diego María de Gardoquik laguntza eskaini ziela AEBko aberriaren lehen aitei eta George Washington AEBko lehen presidente izendatzeko ekitaldian izan zela, 1789ko apirilaren 30ean. Badakigu, halaber, Simón Bolívarrek (1783–1830) bi egonaldi egin zituela Bilbon, bata laburra (1799ko maiatzaren 8aren inguruan) eta bestea luzea (1801eko martxoaren 20tik 1802ko apirilaren 29ra)1.

XIX. mendeko lehen hamarkadetan, bata bestearen ondotik etorri ziren altxamenduak hainbat lurraldetan: 1808tik 1821era bitarte Mexikon; 1814an, Perun, Cuscoko Errebolta; edo 1810etik 1820ra bitarte, Río de la Platako Probintzia Batuetan (egungo Argentinako Errepublika). Altxamendu horietako batzuetan bizkaitarrek parte hartu zuten, hala nola Mexikokoan, non aritu ziren “independentziaren aldeko matxinatu” izenekoak, Ignacio Allende (Gordexolako merkatari baten semea) eta Juan de Aldama (aita Okondokoa zuena), besteak beste, fusilatu eta burugabetu egin zituztenak, edo José Mariano Abásolo (Okondoko beste merkatari baten semea), Cádizen espetxeratu zutena2.

Matxinatu guztiek ez zuten patu bera izan; aitzitik, herrialde batzuetan, aberastu ere egin ziren. Horixe gertatu zitzaion Manuel Antonio Luzárraga Echezuria mundakarrari: 1814an utzi zuen jaioterria, eta Guayaquilen finkatu zen, merkatari eta kontsignatario gisa; portuko kapitain izendatu zuten 1820an. Haren langelan biltzen ziren beste euskaldun batzuekin batera (Llona, Letamendi, Olmedo, Febres-Cordero, Villamil, Urdaneta eta beste batzuk), independentistekin bat egin zuen, eta gizon itzaltsua izan zen Ekuadorreko independentzian, baita nazio horretako lehenengo bankaria ere. 1849an, Banco de Descuento edo Casa de Luzárraga sortu zuen, Ekuadorreko finantza-erakunde zaharrena3.

Edonola ere, herrialde horietako independentzia-gerrak hasi zirenean, bizkaitar ekintzaile haietako asko Europara itzuli ziren. 1836an, Espainiak amerikar kontinenteko jabetza guztiei uko egin zien. Batzuk Frantzian edo Ingalaterran geratu ziren, eta beste batzuek Euskal Herrira itzuli, eta Bilbon hartu zuten etxea. Pixka bat geroago, 1846–47an, Madrilera aberriratu ziren ondasun-mailarengatik edo harreman politikoengatik nolabaiteko elite ekonomikoa osatzen zuten indianoak; batzuk Madrilen finkatu zuten bizitokia, eta errentetatik bizi izan ziren. Bilbora etorritako ia guztiak garai hartako abentura komertzial edo industrialetako batean sartu ziren.

Une hartan lau indiano-mota zeuden Bilbon:

—  Aurreko mendeetan Ameriketara joan zirenak, hala nola militarrak edo funtzionarioak, eta nobletuta eta aberastuta itzuli zirenak.

—  Cádizetik, Jerezetik edo Madriletik Indietarako negozioekin dirua egin zutenak, horietako batzuk ere noble bihurtuak.

—  Iraultzen ondorioz itzulita Londresen, Bordelen edo Parisen finkatu zirenak, baina hiribildura etortzen eta bertan inbertitzen jarraitzen zutenak.

—  Ameriketara XIX. mendea hasita joan, denbora gutxian aberastu eta bueltan etorri zirenak.

Horiek guztiek, Zazpikaleen Bilbo hartan kokatu zirenek, diru-likidezia handiaz gain, merkataritza-egitura antolatu bat ere ekarri zuten, amaieran aztertuko dudana. XIX. mendean oso indartsua zen indianoen presentzia Bilbon, eta horren erakusle da 1873an, Bigarren Karlistaldian, hiribilduko gobernadore militarra Ignacio María del Castillo brigadierra zela, Mexikoko kriollo bat4.

Lehenengo taldeari dagokionez, Bizkaian jaio eta Estatuarekin lotura izan edo Indietan gora egin zuten pertsonei emandako noblezia-tituluak berrikustea da onena. Horrelako kasuak dira, adibidez, Filipe IV.ak 1624an Luis Gaytán de Ayalari (Sevillako Indietako Kontratazio Etxeko presidentea) emandako Villafrancako kondetza, ondoren Cándido Gaytán de Ayalak jaso zuena, zeina ezkonduta baitzegoen Tomasa de Jusué bilbotarrarekin, Bizkaiko diputatu nagusiaren alabarekin, eta Mirasoleko kondetza, 1770ean emana Luis Segundo Arísteguiri (1733–1812), zeinaren seme Rafael, ibilbide militar eta politiko nabarmeneko gizona, Bilboren defendatzaileetako bat izan baitzen 1835eko setioan5.

Beste batzuek ez zuten noble-titulurik jaso, baina aberastuta itzuli ziren, eta beren baserri zaharrak txukuntzeko eta Bilbon etxebizitza erosteko erabili zuten dirua; horietakoak izan ziren Manuel de Chirapozu eta José de Apraiz busturiarrak, edo Lambarritarrak, Palacio Lanzagortarrak eta Uncetatar batzuk. Badira izen esanguratsuagoak, hala nola Juan Urdanegui urduñarraren leinua, Perun ongi posizionatua; Juan de Urrutia Allende gordexolarra, Espainia Berriko Inkisizioaren Ofizio Santuko Auzitegi Goreneko aguazil nagusia izan zena, Mexikoko indianoa, zeinak Villar de Águilako markesgoa jaso zuen 1689an; edo Luciano Murrieta, Peruk independentzia lortu ostean Londresera joan zena, 1824an, eta finantza-merkatuan hasi zena (haren aita, Francisco, Sopuertako Mercadillo auzokoa, Perun ezkondu eta aberastu zen). Europara itzultzean, bere aberastasuna Londresen utzi bazuen ere, Lucianok militar gisa parte hartu zuen Lehen Karlistaldian, 1839an, eta Esparteroren laguntzaile hurbila izan zen. Gero, familia-negozioak hedatu zituen, eta Marqués de Murrieta upategi ezaguna sortu zuen; 1872an eman zioten titulua6.

Bigarren taldea Indietarako merkataritzari esker aberastu baina Sevillan, Jerezen, Cádizen edo Madrilen kontsignatario gisa (baita beltz-tratulari gisa ere) eta merkatari gisa finkatuta zeudenek osatzen dute. Pilotos de Altura (1929) lanean, Pío Baroja nobelagileak oso datu errealak eskaini zituen XVIII. eta XIX. mendeetako beltzen salerosketaren gaiari buruz7. Madrilen finkatu zirenetatik gutxienez lauk noblezia-titulua jaso zuten8.

Madrilen, hain zuzen ere, euskaldun asko zegoen karlistaldien aurretik. Horietako asko Estatuko idazkariak, Estatu Kontseiluko kideak, diplomazialariak edo Armadako kideak ziren. Askok noblezia-tituluak jaso zituzten, nahiz eta baziren izen handiko hainbat pertsonaia ez zutenak inongo titulurik jaso, hala nola Diego María de Gardoqui (Bilbo, 1745–Turin, 1799) edo haren garaikide José de Mazarredo almirantea (1745–1812)9. Era berean, merkatari asko oso aktiboak ziren beren lanbidean, eta ongi aztertu dituzte maila handiko hainbat historialarik, hala nola Estíbaliz Ruiz de Azúak10, edo Alfonso Otazuk, zeinak zehazten duen honako hau: “Jarduera komertzial, finantzario eta industrialetan aritzea joera tradizionala izan zen Madrilen bizi ziren euskaldunen artean: 1850ean, Hiribilduan eta Gortean finkatuta zeuden merkatarien % 15 euskal probintzietan jaioak ziren, eta horietako asko 1840tik 1850erako hamarkadan hiriburuan eratu ziren merkataritza-sozietate nagusietako kide izan ziren”11.

Beste euskaldun batzuk (bizkaitarrak, baina baita gipuzkoarrak eta nafarrak ere) itsas hirietan finkatu ziren, Sevillan, Cádizen eta Jerez de la Fronteran, besteak beste, eta maiz joaten ziren Gortera, eta Bilbora, noski12. Azter ditzagun, labur-labur, 1839. urtea baino lehen noble bihurtutakoak, Estatuko idazkariak eta merkatariak, nagusiki13:

—  Juan de Urdanegui (Urduña, 1619–Lima, 1682) Villafuerteko markesa 1682an14.

—  Miguel Arizcun Mendieta (Elizondo, 1685–Madril, 1741), Iturbietako markesa 1741ean15.—  Sebastián de la Cuadra (Muskiz, 1687–Madril, 1766), Villariaseko markesa 1745ean; 1738an, Arte Ederren Errege Akademia (1744) eratzeko izapideei ekin zien16.

—  Juan Bautista de Ustáriz (Narbarte, 1728–Jerez de la Frontera, 1810), Reparazeko markesa 1762an, eta bere lehengusua,

—  Juan Agustín de Ustáriz (Narbarte, 1720–Cádiz, 1781), Echandiako markesa 1763an17.

—  Francisco de la Guardia (Lantziego, 1710–Cádiz, 1792), Castillejoseko markesa 1769an.

—  José Agustín Llano (Muskiz, 1722–Viena, 1794), Llanoko markesa 1772an.

—  Juan Antonio Madariaga (Busturiko Axpe, 1720–Cádiz, 1797) Casa Altako markesa 1775ean.

—  Francisco de Llano (Galdames, 1732–Cádiz, 1781), Torre Alegreko kondea 1779an.

—  Sebastián de Llano (Muskiz, 1736–Haga, 1793), Santaféko kondea 1780an.

—  Matías Landaburu (Durango, 1702–Cádiz, 1792), Biotako bizkondea 1783an18.

—  Martín José de Murua (Bergara, 1744–Madril, 1799), Valleko kondea 1789an19.

—  José María Allendesalazar (Bilbo, 1757–Madril, 1805), Montefuerteko kondea 1798an.

—  Miguel Arizcun Tilly (Madril, 1800–Madril, 1878), Tillyko kondea 1815az geroztik eta Iturbietako markesa 1855az geroztik20.

Aipagarria da euskaldun horietako askok talde indartsua sortu zutela Juan Álvarez Mendizábal (1790–1853) ogasun-ministroaren inguruan (hura ez zen euskalduna; Méndez zuen bigarren abizena, baina berak jarri zion Mendizabal bere buruari). Mendizabalen Desamortizazioa 1836ko otsailaren 19ko eta martxoaren 8ko dekretu-multzo bat izan zen, eta helburutzat zuen jabetza ez-emankorrak eta Elizaren nahiz ordena erlijiosoen mendekoak klase ertainaren edo burgesiaren esku uztea, haiek benetan erabiliko zituen eta herrialdea aberastuko zuen klase baten esku.

Honako hauek osatzen zuten talde hura: Juan Muguiro Iribarren (Parisko bankaria, Nafarroan jaioa baina ama lekeitiarra zuena; Goyak Bordelen erretratatu zuen); Juan Fagoaga Dutari, nafarra; bi karrantzar: Juan de Guardamino de la Tejera eta Martín de los Heros (azken hori Liburutegi Nazionaleko zuzendaria izatera iritsi zen); Domingo Norzagaray Nerbioi Garaiko arabarra (bi alaba zeuzkan bilbotarrekin ezkonduak); edo Mateo eta Antonio Murga anaiak [lehenengoaren semeetako bat José de Murga Reolid (1833–1902) izan zen, Linaresko markesa eta Llantenoko bizkondea 1873an]21. Guztiek zuten antzeko lurralde-jatorria, ekintzaile-sena (burges errentadunaren irudi klasikoari kontrajarria) eta Mendizabalen liberalismo progresistarekiko konpromiso politikoa. Geroago Madrilera iritsitako beste euskaldun batzuek ere lotura horiek baliatu, eta desamortizatutako jabego asko erosi zituzten. Esate baterako, herritar xumeen bi semek, oraindik haur zirela beste senide batzuen dendetan lan egitera bidali zituztenek:

—  Francisco de las Rivas (1808–1882), Mudelako markesa, Iratzagorriako San Esteban (Gordexola) utzi eta Granadara abiatu zen 1823an, 15 urte zituela, izeba batzuen dendan lan egitera, Casa Zavala izenekoan; ondoren, 1834an, Madrilera joan, eta bertako euskaldunen komunitate sendoan sartu zen. 25 higiezin desamortizatu baino gehiago erosi zituen Bilbon, eta landa-jabego ugari Espainiako leku guztietan. 1872an, bigarren postuan zegoen lurralde-zergak ordaintzen zituzten Madrilgo probintziako berrogeita hamar zergadun nagusien zerrendan22.

—  Estanislao de Urquijo Landaluce (1816–1889), Urquijoko markes izendatua 1871n, hamahiru urterekin atera zen Murgatik (Aiaraldea, Nerbioi Garaia), eta Madrilera joan zen, amaldeko osaba zuen Antonio Landalucerekin lan egitera, eta ondoren arreba baten senarraren oihal-dendan aritu zen, Martín Ericeren dendan, Toledo kalean. Osaba nahiz koinatua haren gaitasunaz jabetu ziren, eta Rothschild banketxearen ordezkari Daniel Weisweiller-en langile gisa aurkitu zioten lana. Urquijo finantza-gizon bikaina bihurtu zen, eta arlo guztietan inbertitu zuen (lurrak, trenbidea, industria). Madrilgo alkatetza lortu zuen 1883an. Hil zenean, Espainiako gizon aberatsenetako bat zen, 50 milioi pezeta baino gehiagorekin23.

Bi pertsonaia horiek ex nihilo egin zuten gora ekonomikoki, eta, beren etorkizun-sen bereziari esker, oso garrantzitsuak izan ziren Bilboko enpresa askoren garapenean. Horiez gain, Ameriketatik aberastuta itzulitako batzuek ez zuten errentetatik bizi nahi izan, eta negozio berriak jarri zituzten martxan. Horren adibide da jada aipatutako Luciano Murrieta (Arequipa, Peru, 1822–Logroño, 1911), Murrietako markes izendatua 1872an, Errioxako ardo eta upategiei bidea ireki ziena. 1877an, Murrietak Igay jabego desamortizatua erosi zuen (168 hektarea)24.

Hirugarren taldekoak dira iraultzen ondorioz itzulita Londresen, Bordelen edo Parisen finkatu zirenak, baina Bilbora etorri eta bertan esku hartzen jarraitzen zutenak. Baita aurretik finkatutakoak ere, hala nola Joseph Tomás de Errecarte bilbotarra, itsasontzi-kapitaina izatetik artile-salerosle izatera pasatu zena, Ameriketarako bidea ireki zuena –Cádizko Errege Audientzia eta Kontratazio Etxeko epailea izan zen (1796an bere kaparetasuna izapidetu zuenean)– eta, azkenik, bankari-lanetan aritu zena Londresen25.

Bizitokia Espainiatik kanpo finkatu zutenen artean, honako hauek daude: José Javier Uribarren, Ispasterrekoa, ontzi- eta lur-jabe baten semea; Bilbon ikasi zuen, baina gero Mexikora emigratu zuen, eta bertan ezkondu zen. 1852an itzulita, Parisen bizi izan zen, eta bertan sortu zuen J. J. Uribarren y Cía. banketxea, euskal enpresari gehienek askotan erabiltzen zutena, baita Espainiako Gobernuak ere. Pascual Abaroa Uribarren ilobak jarraitu zuen banku-enpresarekin, eta hark eskatu zizkion Paco Durriori Parisko bulegoetarako lau murko handi. Mezenasa eta kultura-eragilea izan zen: “Paristik iritsitako gutun baten arabera, negu honetan kolonia hispanoamerikarra bikain pasatzen ari da hiriburu bikain hartan: asteazkenero biltzen dira José Luis de Abaroa bankari ezagunaren etxean; hark antolatutako dantzaldiak ospetsuak izango dira Parisen”26. Edo José Ventura de Aguirre lekeitiarra, Perutik bueltan Londresen geratu zena eta handik Bilborekin salerosketan hasi zena berriro, ardoa eta artilea salerosten, batik bat. Lehenengo Bordelen eta gero Parisen ezarritako Aguirrebengoa, Fils & Uribarren etxearekin inbertitu zuen bere kapitala, eta zor publikoa erosteko eragiketak egin zituen, baita Europako enpresetan kapital-inbertsioak ere, Latinoamerikatik aberriratutako aberastasun handien funtsei esker; 1833tik aurrera Espainiako zergadun nagusien zerrendan agertu zen.

Mexikon, Perun, Txilen edo Argentinan aberastutako indiano horiek, herrialde horietatik alde egin zutenean independentzia-mugimenduen ondorioz, Europako beste hiri batzuetara itzuli ziren, barne-gerrarik ez zegoen herrialdeetara, hala nola Espainiara, eta merkatari-bankari bihurtuta, lau jardun-lerro garrantzitsu azpimarratu zituzten Bilbon zeuzkaten ordezkarientzat:

—  Itsasoz bestaldeko merkataritzan parte hartzea, beren kontaktu eta esperientziak erabiliz, Amerika eta Espainiaren artean, eta baita Londresekin ere, artilea, ardoa eta amerikar produktuak (espeziak, tabakoa, etab.) salerosiz.

—  Kapitala zor publikoan nahiz enpresa sortu berrietan inbertitzea (trenbideak, altzairu-ontziolak, etab.). Abaroa-Uribarrentarrak, adibidez, 1873an Espainiako Hipoteka Bankua eratu zenean, akziodun fundatzaile izan ziren, eta José María de Abaroak lau milioi franko baino gehiago inbertitu zituen Olotetik Gironarako trenbidean.

—  Ameriketan ondareak kitatzea, eta ondoren Europara lekualdatzea beren zerbitzuak eskatu zituzten beste indiano batzuen kapitala. Hiru motatako indianoak ziren horiek: (1) Kuba eta Puerto Ricoko kolonietan sortuak, Frantziako hiriburuan jardun nahi zutenak; (2) Ameriketan aberastutako espainiar indianoak, beren ondasunak Europara bidali nahi zituztenak itzuli aurretik eta ondoren; (3) eta espainiar enpresari jakin batzuk, karlistaldiak tarteko.

—  Espainiako banku nazionalaren ordezkariak ezartzea Britainia Handiko edo Frantziako hiriburuetan, baita Banco de Bilbaoren eta beste banketxe berri batzuen ordezkariak ere. Banco de Bilbao eratu eta egun gutxira erakundeak atzerrian izango zituen ordezkariak izendatu zituzten: Murrieta y Cía Londresen eta J. J. Uribarren & Cie Parisen. Urte batzuk geroago bankuak berak ireki zituen sukurtsalak, Parisen, adibidez, 1902an.

Laugarren taldean daude mendearen hasieran Amerikak egitera joan zirenak, hala nola Tomás de Epalza, Eguillor Sarachu familia, edo Aguirretarrak Bilbon eta Satrústeguitarrak Donostian. Azken horien aita, Donostiako miliziano liberala, Londresera erbesteratu zen; seme batek San Frantziskon lan egin zuen, eta besteak Kuban27. Edo joan eta, itzuli ez ziren arren, lehengusu eta senideei dirua bidaltzen zietenak. Horren adibide da Domingo Aldama gordexolarra: oso gazte emigratu zuen Kubara, eta uharteko talde esklabista garrantzitsuena sortu zuen, 40 azukre-findegi eta milaka esklabo zituena. Martín de Aldama familiak Derion duen panteoia Valentín Dueñas eskultoreak egin zuen 1918an28.

Tomás Epalza Kubara gazte alde egindako merkatari bat izan zen, eta aberastuta itzuli zenean Bizkaiko lehenengo proiektu siderurgiko handietako batean parte hartu zuen: Santa Ana enpresan, 1841ean; trenbideen arloan eta bankuarenean ere esku hartu zuen; azken horretan, Isabel II.aren Bankuaren ordezkari eskuduna izan zen, eta Banco de Bilbaoren sustatzaile, 1857an29.

Sebastián eta Pedro Eguillor Sarachu anaiak Bilbon jaio ziren, baina Barakaldon zuten jatorria. Oso gazte joan ziren Habanara, eta bertan geratu ziren 1852ra arte. Pedro kubatar batekin ezkonduta itzuli zen, eta dirutza handi samarrarekin. 1875eko Irurac-Bat argitalpenaren arabera, Sebastián Eguillor Sarachu, etxea Estufa kalean zuena, Bizkaiko berrogeita hamar zergadun nagusietako bat zen30.

Aguirre Zubiaga anaiak 1835ean joan ziren Mexikora, eta Tepic hirian finkatu ziren, Jaliscoko probintziako merkataritza-hiri nagusian. Ontzi-zamen eta itsas garraioaren arloan lan egin zuten, eta ondoren artoaren, indaben, kotoiaren… laborantzan, irunen eta ehun-gaien arloan, eta azukrearen, melazaren eta pattarren ekoizpenean La Escondida etxaldean. Itzuli zirenean, dirua utzi zuten nekazaritzako eta ongintzako fundazio banarentzat (Fundación Agrícola Aguirre eta Fundación Benéfica Aguirre), baita Deustuko Merkataritza Unibertsitatearentzat ere (1916)31.

Enrique eta Daniel de Aresti Torre (1852–1946) anaiak 1866an joan ziren Mexikora, eta bi ahizpa kriollorekin ezkondu ziren bertan. 1885ean Bilbora itzultzean, La Roblako trenbidean inbertitu zuten dirua, eta Papelera del Cadagua paper-fabrika eratu zuten, Enrique izan zuena presidente, 1946an hil zen arte32.

Ameriketara berandu joandakoen taldean sar dezakegu Pacho Gaminde, Posta kaleko Au Monde Elégant denda gobernatzen zuena; altzarien eta moda nahiz musikako osagarrien saltokia zen hura, “Paris, Londres eta Vienako berritasunak” eskaintzen zituena. Gamindek zioen gaztetan bizirik atera zela “Mexikorako bi bidai ikaragarritatik —joanekoa eta etorrikoa—, izurriei eta iraultzei aurre eginda”33.

Talde horretakoak izan ziren, halaber, une hartako bi kazetari bikainenak: Manuel Aranaz Castellanos34 eta Jesús de Sarria35, Kuban aberastutako euskaldunen semeak. Errentetatik bizi ziren, edo truke eta burtsako agente izatetik; beren buruaz beste egin zuten biek. ABC egunkariak Aranazen heriotzari buruz idatzitako testuak zioen ia milioi erdi pezetako kapitala utzi zuela. Maeztuk, bere ohar nekrologikoan, honako hau esan zuen lehenengoaz:

“Bizkaiko gure mendietako goibeltasunaren artean, Manolo Aranaz Castellanosen itxura kubatarra anana tropikal bat babarrun-eltzekari baten erdian nabarmentzen den antzera gailentzen zen”36.

Jesús de Sarria Bilbon izan den kultura-aldizkari onenaren zuzendaria eta editorea izan zen, Hermes aldizkariarena, zeina argitaratu baitzen 1922ra arte, bera hil arte. Aldizkarian kolaboratzen zuten hainbat ideologiatako intelektualek eta literatoek, Pedro Mourlane Michelenak, Miguel de Unamunok, Juan de la Encinak, Margarita Nelkenek, Alejandro de la Sotak edo Ramiro de Maeztuk, besteak beste. Bilbon, harreman asko izan zituzten indianoekin, eta ez soilik ekonomikoak. Ciriaco de Menchaca arkitektoak, aita igeltsero zuenak37, Olózaga eta beste indiano batzuentzat eraiki zuen, eta José Niceto Urquizu diputatu nagusiaren alabarekin ezkondu zen. Urquizu karlista eta landa-jabea zen, eta diru asko irabazi zuen trenbideekin eta eraikitzeko lurrekin. Edesio Garamendi38 Mexikoko emakume indiano aberats batekin ezkonduta zegoen, eta haien seme Rafaelek, hori ere arkitektoa, indiano zaharrentzat lan egin zuen.

Beste indiano batzuek ere sustatu zituzten higiezinak Bilboko Zabalgunean, baina ez zuten inbertitu José Olózagak, Santos López de Letonak edo Paulino de la Sota Ortizek39 bezainbeste, negozio xumeagoak izan zituztelako, kapitala Bilbora aberriratu bazuten ere40.

Baina zer ekarpen egin zioten XIX. mendeko Bilbori “munduko bizkaitar” haiek?

XIX. mendean zehar errenta onekin Bilbora itzuli ziren “indiano” haiek trenbideetan edo siderurgia berrietan inbertitzeko oso ongi etorriko zen dirua ekarri zuten, baina, horrez gainera, eta bereziki, nazioarteko merkataritzan eskarmentu handia. Indiano horien kontabilitate-ezagutza, baita Indiekin lan egin zuten kontsignatario, trafikatzaile edo salerosleena ere —Sevillan, Cádizen edo Jerez de la Fronteran aberastutakoena—, nazioarteko know how iturri garrantzitsua zen hiribilduaren hedapen komertzialerako.

Euskal salerosle haiek, edo haien ondorengo errentadunek, itsas merkataritzaren konplexutasunak eta sotiltasunak irakatsi zituzten. Itsasontziek karga pisutsuak bazeramatzaten Ameriketara, hala nola burdin minerala edo burdin landua (metal horrekin fabrikatutako tresnak: burdin forjatuzko barrak, burdineria, iltze-pila, matxeteak, aitzur luzeak, etab.), lehenik eta behin bazegoen bolumena eranstea pisu gutxiko gauzekin (papera, argizaria, zetak, etab.); gainera, olioa, ardoa, pattarrak edo beste produktu nazional batzuk bidaltzean, aukera zegoen itzuleran azukrea, kakaoa, tabakoa, tindatzeko gaiak (eskarlata, anila eta Campecheko tindu-makila), kobrea, bikuina-artilea edo behi-larrua inportatzeko, Espainiarako ez ezik, baita Europan banatzeko ere; eta hirugarrenik, mota ezberdinetako salgaiak, jatorri nazionalekoak zein atzerritarrekoak izan (ehun-gaiak, kinkila, bakailaoa, etab.), desberdin tasatu behar ziren aseguruak egiteko orduan, eta horrek balio erantsia gehitzen zuen zerbitzuen sofistikazioari zegokionez.

Era berean, antolakuntza-sistemari begira oso garrantzitsua zen zerbait ekarri zuten: senideak eta herrikideak erabili zituzten, merkataritza-hiri nagusietan finkatuta zeuden ordezkari eskudunen sistema bat edukitzeko. Eremu pribatuan ezarritako loturak baliagarriak izan ziren negozioetarako.

Harreman-sarea (Mexikotik Kubara, Limatik Buenos Airesera) elkartuta mantendu behar zela konturatu ziren (eta negozioan parte hartzeko aukera eman behar zitzaiola).

Indietako salerosle horiek moldakortasunaren garrantzia ere azpimarratu zuten, hau da, merkataritza-eragiketak egiten zituzten aldi berean, ontzi-jabe gisa (asko ontzien jabeak ziren, eta kapitain euskaldunak zituzten), aseguratzaile gisa eta mailegu-emaile gisa ere jarduten zuten. Eta, horrez gainera, indiano haietako askok beren ondasunen herena eman zuten, ohituraz, ongintzako eta kulturako lanetara bideratzeko.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Bolívar Hiltegi kaleko jauregian bizi izan zen, egungo Espainiako Bankuaren kalean, eta Viktor kalean senideak zeuzkan emakume madrildar batekin maitemindu zen, María Teresa Rodríguez del Toro Alayzarekin. [itzuli]
  2. Ikusi liburuki honetako “Herritar motak” kapitulua. [itzuli]
  3. Manuel Antonio Luzárraga Echezuria (1796–1855) 1854an itzuli zen jaioterrira, bisitan, eta Cádizen hil zen, 1855ean. Haren anaia gazteak, Juan Luis de Luzarraga Echezuriak (1818–1898), arkitekto-titulua eskuratu zuen San Fernandoko Akademian 1854an, eta arkitekto probintzial eta Bizkaiko errepideetako zuzendari izendatu zuten. [itzuli]
  4. La Guerra egunkari liberalak jaso zuen informazio hori, eta aipatu zuen mariskala posta-baporean iritsi zela, azaroaren 11ko goizean. [itzuli]
  5. Luis Segundo Arístegui (1733–1812) 1750ean matrikulatu zen ofizialki Cádizko Kontsulatuan. Aitaren moduan, harreman komertzialak izan zituen Uztáriz familiarekin; Pascuala arreba Juan Bautista Uztárizekin ezkondu zenetik, are gehiago sendotu ziren bi familien arteko harreman pertsonal eta profesionalak. Akzioduna izan zen Cádizko Beltzen Konpainian, Afrikaren eta Espainiaren mendeko amerikar kolonien artean esklaboen salerosketan aritzen zen merkataritza-sozietatean. 1763an, Koroak baimena eman zien; bazkideek amerikar kontinenteko zenbait leku beltzez hornitu ahal izatea eskatuz aurkeztutako hirugarren proposamena zen, baina merkataritza hori holandarrek, ingelesek eta portugesek kontrolatu zuten. Rafael semeak Bilboren lehen setioko Boluntarioen Batailoian parte hartu zuen. [itzuli]
  6. Luciano Murrieta (Arequipa, Peru, 1822–Logroño, 1911), Murrietako markesa: 1872an eman zioten titulua. Murrietak bere ardoak aurkeztu zituen 1857an, Madrilgo Nekazaritzako Erakusketan, eta 1862an hasi zen produktua esportatzen, Olabeagako upelgileekin eta Ybarra ontzi-enpresarekin batera. Ikusi, halaber, 24. oharra. [itzuli]
  7. Esaten denez, lagun bizkaitar batek XIX. mendeko ontzi-kapitain baten (orduan ur handitako pilotu deituak) egunerokoaren eskuizkribua utzi zion Barojari; kapitainak Abaroa zuen abizena, Parisen finkatutako lekeitiar bankariek bezala. Itsasoan eta itsas jendean girotutako XIX. mendeko lehen heren horren deskribapen baten baitan, Abaroarekin eta beltzen salerosketarekin lotuta, Pío Barojak Embil pertsonaia sortu zuen, Chimista izeneko beste pilotu baten pertsonaiarekin kontrajarria. [itzuli]
  8. Cádizen, Jerezen edo Sevillan kontsignatarioak ziren bizkaitarrei emandako noblezia-tituluak:

—1762an, Repárazeko kondetza eman zioten Juan Bautista de Ustáriz Gazteluri. Indiekin lan egiten zuten ontzi-jabea zen.

—1770ean, Mirasoleko kondetza eman zioten Luis Segundo Arísteguiri (1733–1812). Negozio-gizona zen, eta saleroslea Cádizen eta Jerez de la Fronteran. Haren seme Rafaelek ibilbide militar eta politiko nabarmena egin zuen: Bilboren defendatzaile izan zen 1835ean, eta Puerto Ricoko gobernadorea, 1843tik 1847ra bitartean.

—1775ean, Casa Altako markesgoa eman zioten Juan Antonio de Madariaga Arósteguiri. Madariaga Dorretxeko jauna (Busturia, Bizkaia) zen, eta ontzi-jabea Cádizen.

—1790ean, Valleko kondetza eman zioten Martín José de Murúa Eulateri. Kontsignatarioa zen Sevillan, eta Bizkaiko Jaurerriko diputatu nagusia izan zen, Elorrioko bizilagun zelako 1772an ezkondu zenetik.

Antzeko beste kasu batzuk daude Bilbotik ez oso urrun: Juan Manuel de Manzanedo santoñarra (1803–1882) XIX. mendeko azukre-salerosle, esklabista eta bankari espainiar bat izan zen, Madrilen finkatu zena, eta Manzanedoko markes izendatu zuten 1864an, eta Santoñako duke, 1875ean, Alfontso XII.arekin Borboien berrezarkuntzari egindako ekarpenagatiko sari gisa. []

  1. Ikusi gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Títulos”. [itzuli]
  2. Estíbaliz Ruiz de Azúa, La Congregación de San Ignacio: El asociacionismo vasco en Madrid en el umbral del siglo XX, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpenak, Vitoria-Gasteiz, 2018. [itzuli]
  3. Alfonso de Otazu, Los Rothschild y sus socios en España. O. Hs. Ediciones, Madril, 1987, 313–27. or. [itzuli]
  4. Victoria Eugenia Martínez del Cerro, Una comunidad de comerciantes: navarros y vascos en Cádiz (segunda mitad del siglo XVIII), Junta de Andalucía, Sevilla, 2006. Azterlan bikaina, non ageri den Cádizko euskal merkatariei emandako noblezia-titulu guztien taula. [itzuli]
  5. Estatuarekin edo Indiekin lotura zuten bizkaitarrei emandako noblezia-tituluak:

—1624an, Filipe IV.ak Villafrancako kondetza eman zion Luis Gaytán de Ayalari, Sevillako (Indietako) Kontratazio Etxeko presidenteari. Ondoren, Cándido Gaytán de Ayalak jaso zuen titulu hori, Tomasa de Jusuéren senarrak. Tomasa bilbotarra zen sortzez, eta José María de Jusué Bizkaiko diputatu nagusiaren alaba.—1682an, Karlos II.ak Villafuerteko markesgoa eman zion Juan de Urdaneguiri (Bizkaia, 1619–Lima, 1682); euskal jatorriko familia bat zen, Liman finkatua, salerosketan aritzen zena eta etxalde handien jabe zena. Familia horretako kideek goi-kargu politiko eta militarrak bete zituzten.

—1689an, Karlos II.ak Villar del Águilako markesgoa eman zion Juan Antonio de Urrutiari, Espainia Berriko Inkisizioaren Ofizio Santuko Auzitegi Goreneko aguazil nagusiari (Mexiko).—1772an, Filipe V.ak Torre Casako markesgoa eman zion Andrés Manuel de Urbina Landaetari, Armadako kapitaina eta errejidorea Caracasen.—1744an, Casa Jarako markesgoa eman zioten Agustín Jara de la Cerdari (1681–1755), Cuscokoa (Peru); ondoren, 1835ean, Juan Manuel de Berriozábal elorriarrak hartu zuen.

—1750ean, Fernando VI.ak Casa Palacioko markesgoa eman zion José de Palacio Lanzagortari; Gordexolan jaioa, Potosiko Errege Kutxen kontularia izan zen, Peruko Erregeordetzan.

—1753an, Fernando VI.ak Casa de Lojako kondetza eman zion Francisco José de Landeta Urtusáusteguiri; errege-alfereza eta San Miguel el Grandeko alkatea izan zen Oaxacan. Begoñako Landeta familiakoa zen; Landetatarrek Ameriketara alde egin zuten, eta ondorengoak zituzten Mexikon eta Liman (Peru).

—1748an, Superundako kondetza eman zioten José Antonio Manso de Velascori, zeina izan baitzen teniente jenerala, Peruko erregeordea (1743) eta Txileko kapitain jenerala (1745). Superunda hitzak ‘olatu gainean’ esan nahi du.

—1770ean, Montehermosoko kondetza eman zioten Alonso Manrique de Larari, eta ondoren Juan Manuel de Berriozábal Álvarez de Foronda elorriarrak (1814–1872) jaso zuen. Haren aita Kontseiluko eta Indietako Ganberako ministroa izan zen. Ama María Francisca Álvarez de Foronda zen, Casa Jarako V. markesa, Rocafuerteko IV. markesa, Casa Palmako XII. kondesa eta Vallehermosoko III. kondesa. Noblezia kriolloko familia askoren antzera, gurasoekin etorri zen Espainiara, Peruk independentzia lortu ostean. Gero, amak Casa Jarako markes-titulua utzi zion (1835eko martxoaren 12an).

—1779an, Casa Montalvoko kondetza eman zioten Ignacio Montalvo Ambulodiri, Habanan (Kuba) jaioa, eta ondoren Jesús Montalvok (1868–Madril, 1936an eraila, José María semea bezalaxe) jaso zuen, zeina 1893an Trinidad Oroviorekin ezkondu baitzen Bilbon; Ignacioren alaba izan zen Teresa Montalvo O’Farrill, Jarucoko kondesa, Josef Bonaparteren maitalea Madrilen.

—1779an, Torre Alegreko kondetza eman zioten Francisco Antonio de Llanori; Cádizen finkatutako ontzi-jabe garrantzitsua zen, Espainiaeta Buenos Aires (Argentina) artean salerosi zuena, eta Buenos Aireseko zalditeria probintzialeko erregimentuko karabineroen kapitaina izan zen.

—1731n, V. Casa Torreko markesgoa eman zioten Juan José de Ovejasi (1682–1732), Aricako gobernadore eta kapitain jeneralari (Peru); “onurazko” zeritzen tituluetako bat zen. Ondoren José María Lizana de la Hormazak (Durango, 1843–Anberes, 1911) jaso zuen, zeina Dolores Chávarri Salazarrekin (Portugalete, 1858–Santurtzi, 1917) ezkondu baitzen 1889an, Portugaleten.

—1746an, Vallehermosoko kondetza eman zioten Pedro Ortiz de Forondari, Limako alkatea, eta ondoren, 1924an, Alfontso XIII.ak José María de Unceta Berriozábalen (1876–1939) alde birgaitu zuen. Unceta Berriozábaldarrak euskal jatorriko familia kriollo garrantzitsua ziren; Cuscon finkatu ziren, eta salerosketan eta meatzaritzan aritzen ziren, hainbat etxalderen jabe izateaz gain. []

  1. Juan de Urdanegui López de Inoso (Urduña, 1619–1682) bizkaitar jatorriko militar bat izan zen, Villafuerteko lehenengo markesa (hil ostean jasotako titulua). 15 urterekin utzi zuen Urduña, eta gora egin zuen Perun: Hegoaldeko Armadako jenerala eta Callaoko kartzelako gobernadore izatera iritsi zen. Haren seme-alabetako batzuek beste noblezia-titulu batzuk jaso zituzten: José Félix, Villafuerteko markesa; Juana, Cañada Hermosako markesa, eta Josefa, Santa Lucía de Concháneko markesa. Urdaneguik Urduñako Jesuiten Ikastetxea eratu zuen, eta bertan hil zen. Haren leinuak Urdanegi jauregian edo Gordexolako jauregian zuen jatorria, Enkarterrin. [itzuli]
  2. Miguel Arizcun Beitorenaren biloba. Burdinolak zeuzkan Nafarroan, eta etxeak Madrilen. Gaztetan Madrilera joan zen; bertan, Norberto osabak negozioak zituen jada. Gaztelako artileen errenta orokorren administratzailea izan zen, Itsas Armadako hornitzailea eta Galiziako errenten administratzailea, eta, horrez gainera, burdinolak eta hainbat jatorritako errentak izan zituen. 1729an, Done Jakueren Ordenarako probak egin zituen. Iturbietako markes-titulua —1725ean eskuratu zuen Erasungo burdinolaren izena—1742-XI-22ko Errege Dekretuaren eta 1743-I-19ko Errege Despatxuaren bidez eman zioten. Bi maiorazko eratu zituen, eta horietako lehenengoari atxiki zion jaso berri zuen titulua; Francisco de Arizcun anaiari eman zion. Bigarren maiorazkoa Arozarenako oinetxea mantentzeko konpromisoa hartzen zuen anaiari emango zion. Miguelek “Arizkunenea” jauregia eraiki zuen Elizondon. Finantzetan aditua zen nafar horrek metatutako dirutza itzela Manuel de Arizcun Horcasitasen maiorazkora pasatu zen 1819an. Alfonso Otazu y Llana, Hacendistas navarros en Indias, Bilbo, 1970. [itzuli]
  3. Sebastián de la Cuadra Llarena (Muskiz, 1687–Madril, 1766) Villariaseko markes izendatu zuten 1745ean. Estatuko eta Barkamen eta Justizia Bulegoko idazkaria izan zen, eta Estatu Kontseiluko kidea. 1738an Arte Ederren Errege Akademia (1744) eratzeko izapideak abiarazi zituen. Muskizeko familia eta jende asko eraman zuen Madrilera. Garai hartan, Muskiz kontzeju bat zen, Somorrostro Haranaren parte, Enkarterri osatzen zuten hamar errepubliketako bat (Bizkaiko Lur Lauak ez bezalako antolamendua zuen). Entitate hori 1805ean desagertu zen. Ondoren gauza bera egin zuten Murgatarrek, edo Estanislao de Urquijok, Nerbioi Garaiko jendearekin. [itzuli]
  4. Uztáriztarrei buruz, ikusi Julián B. Ruiz Rivera, “Rasgos de modernidad en la estrategia comercial de los Uztáriz, 1766–1773”, Temas Americanistas, 3. zk., 1983, 32–46. or.; “La Casa Uztáriz, San Ginés y Compañía”, La Burguesía mercantil gaditana, 1650–1868, Cádiz, 1976, 183–99. or.; “La Compañía de Uztáriz, las Reales Fábricas de Talavera y el comercio con Indias”, Anuario de Estudios Americanos, XXXVI (1979), 209–50. or., 232. orrialdean: “Uztáriz familia, nabigazio-arloko ahaltsuena 1760ko eta 1770ko hamarkadetan”. [itzuli]
  5. Matías Landáburu (Durango, 1702–Cádiz, 1792) saleroslea eta mailegu-emailea (idazpenetan eta aseguruetan) izan zen, eta ondoren errentaduna, eta enpresa komertzial bat izan zuen gutxienez 1739tik, 1870eko hamarkadaren amaierara arte iraun zuena; Alzaga familiaren (Durango) oinetxe infantzoia erosi zion Domingo Alzaga koinatari, eta lur horietan maiorazkoa eratu zuen Bartolomé seme nagusiarentzat 1776an. Biota hiribildua eta Bayo landako herrixka ere erosi zituen. Bartolomé eta beste seme-alaba batzuk ere Bizkaira erretiratu ziren, aitak oraindik bizirik zegoenean emandako errentekin. [itzuli]
  6. Martín José de Murua Eulate (Bergara, 1744–Madrid, 1799), Valleko kondea 1789an; gipuzkoarra bazen ere, Bizkaiko Jaurerriko diputatu nagusi izan zen, Elorrion bizi baitzen 1772an ezkondu zenetik. [itzuli]
  7. Miguel Arizcun Tilly (Madril, 1800–Madril, 1878), Tillyko kondea 1815etik eta Iturbietako markesa 1855etik; Heredia-Spinola kondesarekin (1896an Carmen Zabálburuk jaso zuen titulu hori, ezkontza bidez) ezkondu zen. 1878an hil zen, Madrilgo bere etxean, Hortelaza kaleko 87. zenbakian. [itzuli]
  8. Haren aita, Mateo Murga, hainbat negoziorekin aberastu zen Kuban; gainera, amaren familiak saltoki bana zuen Madrilen, Reinosan eta Santanderren, Michelena Hnos. Mateo Murga Sustapen Bankuan sartu zen 1846an, eta dirua inbertitu zuen Bainuetxeetan (El Molarreko bainuak), tipografietan eta alokairuko autoetan, eta jabetza ugari eskuratu zituen desamortizazioan. 1855ean Madrilgo zergadun nagusietako bat zen. Ikusi Mercedes Hurtado de Saracho y Galíndez, Los Marqueses de Linares, Caja Madrid, Linares Información astekaria, Linares, 2002. [itzuli]
  9. “Madrilen kokatutako ondasun higiezinei zegokienez, 1842an Carrera de San Jerónimo, Fomento eta Minas kaleetako hiru etxe utzi zizkion herentzian aitaginarrebak; ondoren, beste hiru erosi zizkien partikularrei Olivo, Fomento eta Carrera de San Jerónimo kaleetan; azken horretako 44. zenbakian eraiki zuen bere jauregia. Desamortizazioari esker, Madrilgo higiezinen ondarea handitu zuen beste bi etxerekin, kale garrantzitsuetan kokatuak bi-biak: Caballero de Gracia eta San Bernardo, berehala balioa hartu zuena. Hiri-eskalan, desamortizatutako eraikin gehienak Bilbon erosi zituen: 25 higiezin. Azkenik, Bizkaian, Araban, Logroñon, Kordoban, Granadan eta Jaénen desamortizatutako landa-jabegoen sorta zabal eta sakabanatuen jabetza eskuratu zuen”, hemen: Angel Bahamonde Magro eta Luis Enrique Ofero Carvajal, “La reproducción patrimonial de la elite burguesa madrileña en La Restauración. El caso de Francisco de las Rivas y Ubieta, marqués de Mudela, 1834‒1882”, La sociedad madrileña durante la Resturación. 18761931, Madril, 1989, 534. or. [itzuli]
  10. Ikusi Urquijori buruzko kapitulua. Jabego desamortizatuak erosi zituzten hauek ere: Aguirretarrek (Lamiakoko ibarretan eta Getxon), La Llana familia, Jado Obietatarrek (Altzagako ibarrak, Erandion), etab. [itzuli]
  11. Luciano Murrieta (Arequipa, Peru, 1822–Logroño, 1911) Arequipan jaio zen. Salerosle bilakatutako militar ohi baten eta emakume kriollo aberats baten semea zen, eta Espartero haren bataioaren lekuko izan zen, bertan baitzegoen postuko komandante gisa. Peru independizatzean, Murrieta Londresera joan zen, 1824an, eta ondoren Madrilera. Esparterorekin erbesteratu zen Londresera, eta 1847an itzuli zen Madrilera, ama bertan bizi baitzen. Murrieta Madrilen bizi izan zen 1891ra arte, eta urte horretan alde egin zuen Logroñoko jabegora. Esparteroren emaztea errioxar emakume aberats bat zen, lurrak zeuzkana, desamortizazioari esker lortuak, asko, eta hortik sortu zen Murrietaren eta mahastien arteko lotura. Murrietak 1877an erosi zuen Igay jabegoa (168 hektarea). [itzuli]
  12. Errecartetarrak Errecarte del Río y Cía konpainiarekin Veracruzen (Domingo), Cádizen (José Tomás) eta Londresen (Pedro) finkatuta zeuden hiru anaia ziren. Era guztietako salgaiekin lan egiten zuten, izan artilea, irina edo tabakoa. Filadelfiako William Morrisekin eta Maryland, Virginia, Pennsylvania eta New Yorkeko portuekin lan egiten zuten, tabakoa esportatzeko. XVIII. mendearen bigarren erdian, Londresen finkatutako hogeita hiru tabako-salerosle zeuden, artilearen negozioarekin lotuak: horietatik hamazazpi euskaldunak ziren, eta bederatzi, zehazki, Bilbokoak: ikusi Alberto Angulo Morales, “Bilbao, Madrid, Londres. Ganaderos, comerciantes y cambistas vascos en los mercados financieros y laneros del Atlántico”, Joaquín Ocampo (zuzendaria), Empresas y empresarios en el norte de España (siglo XVIII), Trea, Gijón, 2012, 183–209. or. Aipatu beharra dago Errecarte Sebastián Martínez Pérez (Treguajantes 1747–Madril, 1800) errioxarraren koinatua zela, merkataria, finantza-gizona eta arte-bildumagilea, berau. 1771n, Cádizeko Ontziratzaile Unibertsitatean sartu zen, Indietako erresumetara nabigatzeko eta horiekin ehunak salerosteko. 1775ean, Felipa Errecarterekin ezkondu zen, eta Jerezko Martínez y Cía. ardo-sozietatea eratu zuen, Ingalaterrara esportatzeko. Han ezarri zuen Mincing Lane (espezien merkatuaren gunea); eta, Casa Martínez & Martínez,  Juan Manuel Martínez de la Quadra bilbotarra bazkide zuela. 1791n, hainbat margolariren hirurehun eta berrogeita hamar margolan zeuzkan: Tiziano, Leonardo, Velázquez, Murillo, Cano, Ribera, Guido Reni, Rubens, Mengs eta Goya. Urte hartan bertan Erresumako Diruzain Nagusi izendatu zuten Madrilen, eta Goyarekin adiskidetasunak egin zituen; 1793an, Cádizeko bere etxera eraman zuen margolaria, atseden hartzera. Goyak 1792an egin zion erretratua New Yorkeko Metropolitan Museum museoan dago ikusgai. [itzuli]
  13. Hemen: La España, 1864ko otsailaren 9a. Europan bankari aritu ziren indianoak:

José Javier Uribarren Marcue-Erquiaga (Lekeitio, 1791–Paris, 1861) Ispasterreko ontzi- eta lur-jabe baten semea zen. Bilbon ikasi zuen, baina ondoren Mexikora emigratu, eta José Ignacio Aguirrebengoarentzat lanean hasi zen; horren alabarekin ezkondu, eta 1824an itzuli zen Espainiara. 1852an, J. J. Uribarren y Cía banketxea sortu zuen Parisen, eta Frantziako hiriburuan euskal enpresari gehienek hura erabili zuten, baita Espainiako Gobernuak ere. Pascual Abaroa Uribarren ilobak (Lekeitio, 1826–Menton, Frantzia, 1890), Antonia arrebaren semeak, jarraitu zuen banku-enpresarekin.

José Ignacio Aguirrebengoa Aguirrek (Zumarraga, 1765–Paris, 1848) oso gazte emigratu zuen Mexikora, eta bertan, salerosle gisa aritzeaz gain, meatzeen negozioan sartu zen. Independentziaren aldeko mugimenduak hasi zirenean, Europara itzuli zen, eta Bordelen finkatu zuen bizitokia; bertan, banketxe bat ireki zuen suhiarekin, José Javier Uribarrenekin, eta ondoren Parisera eraman zuen. Espainiako Gobernuari emandako laguntza finantzarioei eta itsasoaz bestaldeko negozioetan zeukan esperientziari esker, San Fernandoko Bankuaren ordezkaritza eskumenduna eman zioten, eta ondoren Isabel II.aren Bankuarena eta Espainiako Bankuarena Parisen. Murrietatarrekin lan egin zuen Londresen.

José Ventura de Aguirre-Solarte Iturraspek (Lekeitio, 1793–Paris, 1842) oso gazte alde egin zuen Perura eta Txilera, eta dirutza handi samarra egin zuen bertan. Latinoamerika uztean, Londresen ezarri zen, eta Ceferina Alcibarrekin ezkondu zen. Mexikotik alde egindako zumarragar batekin elkartuta, Aguirrebengoa, Fils & Uribarren firma eratzeko inbertitu zuen kapitala. Lehenengo Bordelen ezarri zuten, eta gero Parisen. Gorteetako prokuradore hautatu zuten 1834an eta 1836an, eta, 1836an, ogasun-ministro izendatu zuten Francisco Javier Istúrizekin, baina handik gutxira uko egin zion karguari, jarduera pribatuekin jarraitzeko. []

  1. Joaquín Marcos (1817–1886) eta Patricio (1823–1888) Satrústegui Bris anaiak. Lehenengoa Espainiako kontsula izan zen San Frantziskon, 1851n. 1864an, karrerako diplomazialari bihurtu zen, eta Espainiako kontsul gisa lan egin zuen Newcastlen, Aljerian, Montrealen, New Yorken eta Londresen. Satrústeguiko baroiaren titulua jaso zuen 1876an. Patricio anaia, zeinarekin beti izan zuen harreman estua, beti aritu zen negozioen munduan. Comillaseko lehenengo markesa izan zen. Antonio López Lópezekin batera, Compañía Transatlántica Española izeneko ontzi-enpresa sortu zuen 1881ean. Matagordan (Cádiz) hasi ziren, dike lehor batekin, ontzitegi batekin eta kai batekin, konponketak egiten; 1878tik egon ziren martxan, eta 1888an eraikuntza-harmaila bat erantsi zioten. Patricio de Satrústegui transatlantikoa lurrun-makinadun itsasontzi bat izan zen, eta aktibo egon zen 1890etik 1926ra bitarte. [itzuli]
  2. Domingo Aldama Aréchagak (Gordexola, 1787–New York, 1870) oso gazte emigratu zuen Kubara, eta Gonzalo Alfonso González (1753–1821) aberats kanariarraren alabarekin ezkondu zen bertan. Harekin sortu zuen Kubako konpainia esklabista garrantzitsuena. 30eko hamarkadarako dirutza handienetako bat zeukan. Haren seme batek bere buruaz beste egin zuen New Yorken, 1845ean, eta bestea, Miguel, Parisen eta Londresen ikasia, independentista bihurtu zen. Gerra Handia deritzona hasi zenean, jabetzak bahitu zizkieten, eta, ondorioz, 1869an, New Yorkera alde egin zuen aita adinduarekin (bertan daude lurperatuta, Brooklyneko Green Wood Cemetery hilerrian). Parisen bidaian zegoela, Miguelek bere esklabo guztiak askatu zituen 1872an. Martín de Aldama familiak Derion duen panteoia Valentín Dueñasek egin zuen 1918an; Echevarría La Llana familiarena, aldiz, Rafael Echevarríak egina izango da, ziurrenik; Dueñasek egina da, halaber, Ricarda Estebanena. [itzuli]
  3. Tomás José Epalza Zubarán (Bilbo, 1798–Bilbo, 1873) 1858an ezkondu zen Casilda Iturrízar Urquijorekin (1826–1900), bere karrozazainaren alabarekin; ez zuen ondorengorik izan. Casilda Bilboko hirugarren aberastasun handienaren jabe zen, eta filantropian aritu zen: bereziki parkea, Arte Ederren Museoa, Miserikordiaren Etxe Santua eta Basurtuko Ospitalea lagundu zituen diruz. Azken horietan beste indiano batek ere parte hartu zuen, Cristóbal Murrieta bankariak, zeinak milioi erdi erreal eman baitzituen Miserikordia Etxea eraikitzeko. 1862an hasi zen eraikuntza-lana. [itzuli]
  4. Sebastián Eguillor Sarachu udal-errejidorea izan zen 1861etik 1864ra bitarte, eta haren anaia Pedro, zinegotzia. Pedro Eguillor Atteridge semea (1877–1937), abokatu elokuentea, garaiko tertulietako pertsonaietako bat izan zen; 1936an erail zuten. [itzuli]
  5. Aguirre Zubiaga anaiak, Juan Antonio (Berango, 1800– Bilbo, 1878), Domingo (Berango, 1812–Tepic, Mexiko, 1871) eta León (Berango, 1815–1883), Mexikora joan ziren 1835ean; lehenengoa gaixotu egin zen 1875ean, eta familiarekin Bilbora itzultzea erabaki zuen (ikusi gaztelerazko liburukiko eranskina edo addenda: “Biografías”). Pedro de Icaza Zabálburuk, 2007ko abenduaren 2ko elkarrizketa batean, honako hau aipatu zuen bere arbasoei buruz, Aguirre anaiei buruz: “Beren legatuari esker beren izena betikotzea lortu nahi zuten, baina mende honetan zehar Fundación Vizcaína Aguirre fundazioaren lana isila izan da, beti itzalpean aritu da”. Haien heriotzaren ehungarren urteurrenak “kalte-ordain gisa balio du, haien izena eta legatua nabarmentzen ditu behingoagatik” . [itzuli]
  6. Bai Enrique Aresti Torre (1852–1946), bai haren anaia Daniel Artziniegan (Araba) jaio ziren. José Ortiz Campo karrantzarraren bi alabarekin ezkondu ziren; “Vivanco y Ortiz” merkataritza-etxearen jabeetako bat zen hura. Enpresa desegin ostean, 1885ean behin betiko itzuli zen Espainiara, eta Bilbon finkatu zuen bizitokia. José María Abaroa Uribarrenek Parisen zuen banku-etxea erabili zuten, Uribarren y Compañía enpresaren oinordekoa, Mexikon lortutako kapitalen zati bat aberriratzeko. Mexikotik emigratutako beste batzuekin elkartuta sortu zuen lehen enpresetako bat Plomos y Estaños Laminados sozietatea izan zen, eta Sociedad del Ferrocarril Hullero de La Robla konpainiaren eraketan ere parte hartu zuen. Era berean, garai hartan sortu zuen Sociedad Anónima Papelera del Cadagua sozietatea, 1901ean Papelera Española bihurtu zena. Aresti bertako presidente izan zen 45 urtez, 1946an hil zen arte, eta Espasa-Calpe argitaletxe handiaren presidentea ere izan zen. Compañía del F. C. Santander-Bilbao sozietatea eratu zuen, eta Banco de Bilbaoko kontseilaria izan zen, besteak beste. Bizkaiko Diputazio Probintziala osatu zenean, presidente izendatu zuten 1898tik 1902ra bitarte. [itzuli]
  7. Francisco Luis de Gaminde Torres-Vildósola (1826–1902). Ikusi Javier Viar, Pacho Gaminde, la sombra de Sócrates, Bilbo, 2008. [itzuli]
  8. Manuel Aranaz (Habana, 1875–Bilbo, 1925) 1885ean itzuli zen Bilbora, eta Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1894tik aurrera, maiz kolaboratu zuen prentsan. 1906an, ideologia errepublikano-sozialista zuen El Liberal egunkariko zuzendari izendatu zuten, eta 1912an kargua utzi zuen, Bilboko Merkataritza Artekarien Elkargoko sindiko-presidente izenda zezaten. Kirolari handia, Bizkaiko Atletismo Federazioaren fundatzailea izan zen, eta Arte Ederretako Zirkuluaren presidentea. Crédito de la Unión Minera finantza-erakundeak 1925ean porrot egin zuenean, bere buruaz beste egin zuen. Haren biografo Carlos Bacigalupek zehazten duenez: “Aranazek truke- eta burtsa-agente gisa lan egiten zuen Crédito de la Unión Minera erakundearentzat, eta, haiekin oso gustura zegoenez, badirudi senideak eta lagunak bankuan inbertitzera animatu zituela. Porrot egin zuenean, dirutzak galdu zituzten, eta bera errudun sentitu zen; horregatik egin zion tiro bere buruari” (elkarrizketa Naiara Bazari, Bilbao egunkaria, 2010eko maiatza). Aranazek ez zuen bere burua hil hondoa jota zegoelako, baizik eta uste zuelako gainerakoei dirua galarazi ziela. [itzuli]
  9. Jesús de Sarriak (Habana, 1887–Bilbo, 1922) bere burua hil zuen 1922ko uztailaren 27an, 35 urte zituela; balkoitik behera jauzi egin zuen Bilboko Posta kalean. Zuzenbidea ikasi zuen Londresen, eta bere errentetarako interesgarria zen merkataritzaren adarrean espezializatu zen. Bi liburu argitaratu zituen oso gazte zela: Las Sociedades Extranjeras en la legislación inglesa (Madril, 1909) eta Las compañías anónimas. Necesidad de reformarlas (Bilbo, 1916). Donerila etxean bizi bazen ere, Algortako Basagoiti etorbidean, Lion d’Or, Ateneo edo Sociedad Bilbaina elkarteetako tertulietan parte hartu zuen. 1917ko urtarrilean, inoiz izan den kultura-aldizkari onena argitaratzen hasi zen, Hermes, eta 1922ra arte jarraitu zuen, bera hil arte. Aldizkari horretan kolaboratzaileak ziren hainbat ideologiatako intelektualak eta literatoak, hala nola Pedro Mourlane Michelena, Miguel de Unamuno, Juan de la Encina, Margarita Nelken, Alejandro de la Sota edo Ramiro de Maeztu. [itzuli]
  10. Jon Juaristik, “Emiliano de Arriaga” izeneko hitzaldian (hemen argitaratua: Bidebarrieta urtekaria, 4. zk., Bilbo, 1999), honako hau aipatu zuen: “nire ustez, mendearen azken urteetako Bilboko pertsona interesgarri eta sinpatikoena, zalantzarik gabe: Manolo Aranaz Castellanos. Los cuadros vascos liburuaren egilea, El Liberal egunkariaren zuzendaria eta liberala, gizon osoa. Aranaz Castellanosen nekrologian —Aranaz Castellanosek bere buruaz beste egin baitzuen 1925ean—, Maeztuk honela idatzi zuen: ‘Bizkaiko gure mendietako goibeltasunaren artean, Manolo Aranaz Castellanosen itxura kubatarra anana tropikal bat babarrun-eltzekari baten erdian nabarmentzen den antzera gailentzen zen’”. [itzuli]
  11. Ciriaco Menchaca (1841–1906), Bilboko Institutuaren egilea 1861etik 1863ra bitarte. José Olózaga indiano aberatsarentzat lan egin zuen, eta Etxe Arrosa izenez ezaguna den etxea eraiki zion Getxon, 1898an. Olózaga zurgina zen, eta Kubara emigratu zuen, aberasteko; Habanan María Eugenia Velázquez Objío santodomingoarra (Dominikar Errepublika) ezagutu zuen, eta harekin ezkondu zen. Olózaga ongi moldatu zen Menchacarekin, igeltsero baten semea zelako, eta Enkarterriko beste indiano askori gomendatu zien Menchaca, haien etxeak eraikitzeko. [itzuli]
  12. Edesio Garamendi (1849–1899), Rosalía Ordeñanarekin ezkondua, Puebla de los Ángelesen (Mexiko) jaiotako emakumea azken hori. Garamendi Bilboko udal-arkitektoa izan zen 1877tik 1896ra bitarte, eta Zabalguneko lehenengo Merkatua eta Concha Jeneralaren kalean kokatutako eskolak eraiki zituen, baina oso eraikin gutxi partikularrentzat. Salbuespen interesgarria da koinatuari, Antonio Plasencia bildumagileari, Getxon egin zion ‘Rosales’ etxe-jauregia. [itzuli]
  13. Paulino de la Sota Ortiz (1831–1927) Sopuertan jaio zen, eta Mexikora emigratuta aberastu egin zen; 1872an itzuli, eta bere lehengusina Ramona de la Sota Helguerarekin (1851–1932) ezkondu zen. Udaleko zinegotzia izan zen 1891–93 aldian. Bilboko Zabalgunean auzo-etxeak eraikitzea sustatu zuen, eta bera izan zen hiribilduko etxe-jabe nagusietako bat. Era berean, La Roblako trenbidearen akzioduna izan zen, eta administrazio-kontseiluko kidea, hasieratik. 1909an Sopuertara joan zen bizitzera, eta ikastetxe publikoa eratu zuen, bertakoei heziketa emateko. Bertan hil zen 1927an. [itzuli]
  14. “Hori izan zen José Santisteban Rodrigoren (1849–1930) kasua. Karrantzan jaioa, Veracruzera (Mexiko) emigratu zuen, bertara joanak baitziren aurretik familiako beste kide batzuk, okindegi-negozioak zituztenak. Hasieran negozio horietan lan egin zuen hizpide dugun pertsonaiak. Denbora igarota, baina, independizatu egin zen, eta La flor de Vizcaya izeneko elikagai-denda baten titularra izan zen”: Maite Paliza, “Los indianos y la construcción del Ensanche de Bilbao”, Kobie, 10. zk., 2001–03, 205–24. or. [itzuli]

 

 

MEATZARIAK

XIX. mendearen hasieran, aurrerapen teknikoek eta 1849ko Meatze Lege berriak meatzeen ustiapen intentsiboaren garapena mesedetu zuten. Horrez gainera, Lehen Karlistaldiaren ostean, 1841ean, aduanen sistemak kostetan ezarri zituzten behin betiko, eta goraldia hasi zen era guztietako gaien industria eta esportazioarentzat, burdina-mineralarena barne. Britainia Handia Industria Iraultzan murgilduta zegoen jada, eta lurrun-makinen ekoizpenean eta erabilpenean, eta burdina-minerala behar zuen, altzairua lortzeko.

Burdina forjatua (“burdina gozoa” ere deitua) galdatzerakoan forjatu eta mailukatu daitekeen materiala da, hoztuta gogortzen dena; forjaketa soilaren bidez solda daiteke, eta haren ekoizpena oso hedatua egon zen XIX. mendean. 1856an, Henry Bessemer britainiarrak (1813–1898), siderurgia modernoaren aitzindaria eta altzairua fintzeko izen bereko prozesuaren (“Bessmer prozesua”) asmatzailea izan zenak, altzairua kantitate handietan ekoizteko metodo bat sortu zuen.

Burdinarekin alderatuta, altzairua (burdinaren eta karbonoaren aleazioa) askoz erresistenteagoa da. Carl Wilhelm Siemensek honela definitu zuen: “burdina eta horren erresistentzia areagotzen duen beste substantzia baten konposatua”. Asmakizun horrek altzairuaren metalurgia, siderurgia edo altzairugintza sortu zuen, eta Industria Iraultzaren testuinguruan, altzairuzko ontzi handi eta merkeagoak, zubiak, trenbidea, etab. eraikitzeko aukera ekarri zuen. Hala, fabriketako makinen, burdinbideen, ontziolen eta abarren industria astuna jaio zen Ibaizabalen ertzetan.

Bilbo negozioak egiteko leku ezin hobea bihurtu zen XIX. mendearen azken bi hamarkadetan, burdina-mineral bikaina zegoelako bertan, ingelesek eta alemanek biziki estimatzen zutena sufre eta fosforo gutxi zuelako eta oso egokia zelako Bessemer altzairua fabrikatzeko.

Somorrostroko Haranean meatzeak zeuzkan familiaren patriarka zen José Antonio de Ybarra de los Santos (Muskiz, 1774–Bilbo, 1849). Hiru semeek aitaren bideari jarraitu zioten —Juan María (1809), Gabriel María (1814) eta José María Ybarra Gutiérrez de Caviedes (1816)—, eta alabak, halaber, hiribilduko ekonomian garrantzitsuak izan ziren pertsonaiekin ezkondu ziren: Concha (1802), Francisco Zabálbururekin (1779); Jerónima (1818), José de Murrietarekin, eta Prudencia (1819), Cosme Zubiríarekin. Ybarratarrek beste enpresa batzuei alokatu zizkieten meatzeak. Bestalde, Chávarri anaien familia zegoen (ikusi “Bigarren Karlistalditik aurrera” kapitulua), eta Francisco de las Rivas; azken horrek Madrilen aberastu eta meatzeak erosi zituen, eta José María Martínez de las Rivas ilobaren esku utzi zuen horien kudeaketa.

1882tik 1916ra bitarte, burdina-ekoizpena zazpi ustiatzaile nagusiren artean banatuta zegoen:

—  Eremu hartako bi meatzari: De las Rivas familia eta Chávarri familia,

—  John Mac Lennan (1820–1882) ingeniariaren semeak, José (1845–1914) eta Francisco (1847–1928) anaiak1,

—  Sociedad Franco-Belga de Minas de Somorrostro sozietatea (Ybarratarrei alokatutako meatzeak), 1873koa,

—  Orconera Iron Ore Company (Dowlais eta Consett britainiarrak, eta Krupp alemaniarra; horiek ere Ybarratarrei eta Zubiriatarrei alokatutako meatzeak),

—  Durañona y Gandarias sozietatea, eta

—  Echevarrieta y Larrínaga sozietatea.

Hortaz, lur meatzedunak zeuzkaten Enkarterriko familiei atzerriko ingeniariak gehitu zitzaizkien, baita merkatariak ere, epe luzerako errendimendua lortu nahi zutenak, arriskurik gabeko errenta-egituraren inbertsio babestutik kanpo. Echevarrieta, Larrinaga eta Bilboko beste merkatari batzuk ez ezik, beste hiri batzuetan aberastutako euskaldunak ere bai. Horren adibide da Francisco de las Rivas: Madrilen finkatuta zuen aberastasuna, eta enpresari gisa hasi zen burdinoletan eta interes siderurgikoetan. Haren iloba, José Martínez de las Rivas, hasieran Franciscoren inbertsioen administratzailea besterik ez zena, Bizkaiko burdina-meatzaritzako enpresari nagusietako bat izatera iritsi zen, eta ontziolen sorrerarekin beti adi egon zen errentagarriak izan zitezkeen abentura ekonomikoei ekiteko.

Meatzaritzako enpresari horien behin betiko hedapena, Ollarganetik Trianoko mendietara, 1868tik 1874rako Seiurteko Demokratikoaren ondoren gertatu zen, eta Bigarren Karlistaldiaren amaiera aldera izan zuen eskala handiko proiekzioa, 1876an. Inguruko ingeniariak biltzen zituzten tokiko meatzaritza-enpresez eta altzairutegiez gain, enpresa britainiarrak ere bazeuden, eta horietako ingeniariak Portugaleten edo Santurtzin geratu ziren bizitzen. Meatzeetarako trenbideak eraiki zituzten, minerala bizkor esportatzeko, eta handik gutxira tokiko siderurgiaren oinarriak finkatzen hasi ziren: Vizcaya sozietateak kokezko zenbait labe garai ireki zituen Sestaon, 1880an; 1890ean, Iberia konpainia jaio zen, burdina zuria ekoizten zuena; Compañía Basconia etxeak altzairu-fabrika handi bat ireki zuen Basaurin, 1892an. Horiek guztiek Altos Hornos de Vizcaya edo Bizkaiko Labe Garaiak enpresan bat egin zuten, 1902an, eta Bilbo industria-metropoli handi bihurtu zen, banku-arloko metropoli izateaz gain; portu handia, Burdinazko kaia eta guzti, 1887an inauguratu zuten, eta 1.096 metroko kontrakaia, 1903an.

Pixkana-pixkana, meatze eta lehergailuetatik siderurgiara eta trenbidera igaro ziren, mineralaren itsaso bidezko garraiora; hortik, banku-jardunetara eta itsasontzien eraikuntzara; eta mendea aldatzearekin batera, energia elektrikoaren ekoizpenera. Industriaburu haiek lana, teknologia eta know how delakoa kontrolatzen zuten, eta eragin politikoa zuten gainera.

XIX. mendearen erdialdean, erroten eta burdinolen presak edo urtegiak energia elektrikoa sortzeko erabili zituzten; ondoren, lehenengo energia-enpresak eratu zituzten, eta hiriaren nahiz era guztietako lantegien hornidurarekin zentral hidroelektrikoak sortu zituzten. Espainiako ibaien indarraren gaineko lagapen-eskubideei emandako berme instituzionalei esker, negozio-aukera berriak agertu ziren, baina horiek aurrera eraman ahal izateko muga handiak gainditu behar ziren hasieran, bai finantzarioak, bai teknikoak. Baina aurreko hamarkadetan Bizkaian pilatutako kapitala mesedegarria izan zen sektore elektrikoan sartu ahal izateko eta, ondoren, XX. mendean, urtegi handiak eraikitzeko.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. José eta Francisco Mac Lennan White anaiak Galdamesko meatze-trenbidean lan egitera etorritako britainiar ingeniari baten semeak ziren, eta txaleta zuten Mamarigan. Franciscoren semeek, Eduardok eta Enriquek, Athletic Cluben jokatu zuten. Futbol-taldeak jokalari atzerritarrak izan zituen lehenengo urteetan. Atzerritar gisa aipatzen dituzte, baina Mac Lennan anaiak Trapagan jaioak ziren. Athleticen lehen argazkian, 1901ean, Eduardo ageri da, atezaina. [itzuli]

 

ATZERRITARRAK

XVIII. mendean, merkatari batzuk agertu ziren hiribilduan, Erresumatik kanpo etorriak. 1721ean, adibidez, bertan erroldatuta agertzen da jada Juan Bautista Power1, irlandarra jatorriz, baina Bordeletik etorria: jutezko zakuak eta ehunak egiten zituen itsasontzietako salgaietarako, baina ontzi-enpresetan eta metalgintzan jardungo zuen geroago, inbertitzaile gisa. Smith anaiek2 —Rathfarnham, Irlanda)— larrugin gisa lan egin zuten 1732an; mende bat geroago, 1830ean, Curtidos de Juan Smith en el Camino de la Isla lantegiaren jabe ziren, Abusu auzoan. Smithtarrek, beharrezko instalazioak eraikitzeko lanetan inbertitzeaz gain, lan handia egin zuten langile-inportatzaile gisa ere, hainbat lantegi-maisu eta langile espezializatu ekarrarazi baitzituzten sorterritik. Zurrategiak animalien larruak zurratzeko —hots, ontzeko, prestatzeko— lantegiak dira. Zurratze-prozesu horretan, lau etapa bereizten dira: garbiketa, zurraketa, bigarren zurraketa eta akabera. Bilbo bereziki nabarmendu zen produktu horiek (Gaztelatik ekarriak) lantzeko eta esportatzeko jardueran.

Aurrerago, Therence Mac-Mahon Mac Curtain (1730–1766) eta Patrick Mac-Mahon Mac Curtain (1741–1806) anaiak etorri ziren, Newcastle hiribildutik (Cork, Irlanda)3, ontzi-kontsignatario gisa jardutera; 1762. urteko erroldan agertzen dira lehen aldiz haien izenak. Beste adibide bat Henry O’Shea da, Limmerick hirikoa (Irlanda)4; Espainiako Independentzia-gerran etorri zen, britainiar militar gisa. Irlandar katolikoentzat erraza zen Bizkaira etortzea; izan ere, 1668ko otsailaren 3an Karlos II.ak errege-zedula eman zuenez geroztik —eta 1724an Felipe V.ak hedatu—, bertarako sarbide-eskubidea zuten. Frantziatik ere merkatari asko ailegatu ziren. Baita Flandriatik ere bakar batzuk, hala nola artile-salerosketan jardun zuen Enrique Cornelio Goossens; etorri ez ezik, bertan finkatu zen betiko5. Ipar Euskal Herritik, 1763an, Bertrand Douat (1742–1816) etorri zen, Ziburuko merkatari baten semea, zeina gerora Antonia Power Echévarri auzokidearekin ezkondu baitzen. Haren aitona balea-arrantzalea izana zen, eta hark ireki zion bidea Ternuako bakailaoaren esportazioari. 1789an, Karlos IV.aren erregealdian, Douatek —gizon aberatsa ordurako— Colonillako markes titulua erosi zion Santa Cruzeko markesari. Douat, era berean, Médoc-eko Château Margaux upategi eta mahastien jabe izan zen6; eta San Carlos Banketxeko ordezkaria, Bilbon (1782–1793) —José Gardoqui eta haren semeak izan ziren bezalaxe (1782 eta 1794–1808)—. Adiskidetasun handia (eta posta-truke ugaria) izan zuen Francisco de Cabarrús finantzariarekin eta Jean-François de Bourgoing diplomatiko eta idazlearekin. Azken hori Frantzia Iraultzaileko enbaxadore izan zen Espainian, 1791 eta 1793 artean, eta Konbentzio-gerrari amaiera eman zion Basileako Bakearen negoziatzailea, 1795ean. Idazle gisa egindako lanen artean, aipagarria da haren Tableau de l’Espagne Moderne, XVIII. mendearen amaierako Espainiako errealitate konplexuari buruzko lan zorrotz eta esanguratsuenetako bat. Douat alokairuan bizi izan zen Gómez de la Torre familiaren etxeko goiko solairuan, non solasaldi ilustratuak gidatzen zituen.

Bestalde, arrantzaren negozioak —Ipar Atlantikoko eta Ternuako uretako bakailao-arrantzarenak batez ere— euskaldunen eta norvegiarren arteko merkataritza-garapena bultzatu zuen. Norvegiar haietako batzuk hona etorri ziren bizitzera. Hilario Lund dugu horietako bat, Bergen hiritik etorria; izan ere, haren familia-negozioak harreman estua izan zuen Bilboko portuarekin. Lund Erripako kaian kokatu zen, Uribitarteko arrapaletan. Han, bakailaoaren banaketa-negozioaren ondoren, zura inportatzen hasi zen, eta Lund y Clausen7 zur-konpainia sortu zuen —egun Guggenheim Bilbao Museoa dagoen orubean—, penintsulako lehen zerra mekaniko elektrikoa izan zuena. Lunden hereniloba bat Joaquín Achúcarro piano-jotzailea da.

Beste atzerritar multzo handi bat Bohemiatik etorri zen (garai hartan, Austria-Hungariako Inperioaren barruan zegoen Bohemia), hala nola, Amann8, Andersch, Horn, Rochelt9, Yanke, Yohn edo Yerschick familiak, aleman-hiztunak, eta ia denak kinkila-, beira- eta ispilu-saltzaileak. Kinkila-dendatan (frantsesezko quincaille hitzetik dator izena) metalezko tresna, ontzi eta tramankuluak saltzen ziren. Aurrerago, bestelako salgai batzuk ere eskaintzen hasi ziren: imitaziozko bitxiak, eskuilak, jostailuak, lanparak, toskazko ontziak, aterkiak, eguzkitakoak, etab. Burgesia berria, baina, produktu gehiago eskatzen hasi zen: era guztietako zapiak, dolu-oihalak, beloak, perkala, galtzak, kamisoiak, forradurak, tafeta, kasakak, artehunak, botoiak, galtzerdiak, muselina, xingolak, belusa, eskularruak, mantalak, oinetakoak eta abar. Hala, Juan Colau Labadie “frantses produktuen inportatzaileak”, Cándida Monasterio Larrearekin ezkondu, eta mertzeria, kinkila- eta lurrin-denda bat ireki zuen Barrenkale Barrenako 17.ean, “zubi zintzilikariaren aurrean” (San Frantzisko zubia). Hor dugu ere Gaston Poirier, urte batzuk geroago etorria Frantziatik bere osaba Domingo de Blanchard ehungintza-enpresariarentzat lan egitera (Blanchard, baionarra sortzez, Ybarra familiaren ohiko hornitzailea zen). 1876an, bere establezimendua ireki zuen, Daniela Bolívar Icaza emaztearekin batera: “Novedades Gaston y Daniela, Sobrinos de Blanchard”, alfonbra, errezel eta tapizerietan espezializatua. Establezimendu hori euskal eta madrildar burgesien hornitzaile nagusia izan zen urte askoan. Haien alaba, Elisa Poirier, Wilhelm Wakonigg Bilboko kontsul austriarrarekin ezkondu zen, eta oinordekoek multinazional bihurtu zuten enpresa. Jende hori guztia ez zen hiri etsai eta ezezagun batera iritsi; lana gutxi gorabehera ziurtatuta zuela etorri zen, Bilboko burgesia bide berriak urratzen hasia baitzen ordurako.

Iritsi berrien artean baziren frantsesak ere: esate baterako, Barbiertarrak10 (likoregileak), eta Mestayertarrak11 eta Uhagóntarrak12 (funtzionarioak biak ere). Beste batzuk lan jakin batzuk egitera etorri eta bertan gelditu ziren bizitzen, esaterako Jean Marie Abadie Dilhan ur-ingeniaria, Bilbon bizi izan zena 1882an bertan hil zen arte. Mendearen erdialdera, ingeniari atzerritar asko iritsi ziren, meategiek erakarrita. Haietako batzuk, ugazaba bihurtutik, bertan gelditu ziren bizitzen, hala nola Julio C. eta Luis Levisson Block anaiak13 eta McLennandarrak14 —futbola eta hipika bezalako kirolak ekarri zituztenak—, edo Teodoro Seebold Bruckman. Urte batzuk geroago, eskala handiko siderurgia hasi zenean, beste ingeniari frantses batzuk etorri ziren: Chalbaud15 eta Delclaux16 familiak, adibidez. Beste batzuk, hirian gelditutako artisauen semeak ziren: Ernesto Hoffmeyer ingeniaria, adibidez, erlojugile baten semea zen. 1876an, Hoffmeyerrek Bilboko Zabalgunearen Plan berria prestatu zuen, Altzola eta Achúcarrorekin batera; 1879 eta 1886 artean, Bilboko ur-horniduraren zuzendaria izan zen, eta, ondoren, 1905 eta 1908 artean, Bizkaiko Herri Lanetako burua17.

XIX. mendearen azken herenean, eskulangile eta dendari sofistikatuagoak ere hartu zituen Bilbok. Okinetatik hasi eta ehun-dendetaraino. Bernardo Pedro Franconi eta Francesco Matossi suitzarrek (Gisoniakoak biak) Café Suizo y Pastelería, de Matossi y compañía gozotegia ireki zuten, 1813an, Posta kaleko 2. zenbakian. 1830ean, eraikinaren atzeko aldean zegoen —eta Plaza Barrira ematen zuen— kafetegi batekin konektatu zuten gozotegia. Haiek izan ziren gurin-opila, erditik irekitako eta gurin-kremazko geruza batez betetako brioche modukoa, Bilboko gozo tipiko bihurtu zutenak.

Baziren abizen atzerritar gehiago Bilbon, XIX. mendearen amaiera edo XX. hasiera aldera, beste herrialde batzuetatik etorritako ingeniariak edo makineria-enpresetako ordezkariak: Boehm, Bunge, Dubois, Earle, Erhardt, Krutwig, Lipperheide, Nolte, Thate, Ramsden, Wakonigg, Wicke, eta abar.

Argi dago atzerritar horiek berehala egin zituztela lagunak hiriko biztanleen artean, eta batzuk bertako emakumeekin ezkondu ziren, MacMahondarrak, kasurako. Baina lagunak egiteaz gainera, erantzukizunak ere hartu zituzten beren gain: Luis Power, adibidez, hiriburuaren defentsan hil zen, 1808an, Frantziako armadaren erasopean; 1838an, Manuel María Uhagón zen udaletxeko errejidorerik aktiboena; 1839an, Pedro Uhagón, errejidore izateaz gain, Sociedad Bilbaina elkartearen bazkide sortzaileetako bat izan zen; 1863an, Ricardo Rochelt Palme-k (1836–1925) Sociedad de Crédito Vasco sozietatea sortu zuen, eta erakunde horren presidente kargua ere hartu zuen lehen urte horretan. Mende amaierarako, kanpotik etorritako haien biloba batzuk alkate izatera ere iritsi ziren: Francisco MacMahón, 1872–1874 bitartean; Felipe Uhagón, 1874–1877 bitartean. XX. mendean, José Horn alkate izan zen 1909an, diputatu hogeita hamarreko hamarkadan, eta EAJko presidente 1932an. Ricardo Power Zabala 1915ean izan zen alkate. Francisco MacMahón Bizkaiko gobernadore zibila izatera iritsi zen 1875ean, eta haren anaia Manuel María, Merkataritza Ganbera Ofizialeko kidea. Merkatari atzerritar horiek Hiri Kontseiluaren erabakietan ere parte hartzen hasi ziren, eta hiriko bizitza aktiboan integratu ziren, ez ezkontza bidez bakarrik. Hor dugu, adibidez, Manuel Castellanos Jacquet ingeniaria, 1900ean Bilbao FC (Football Club) taldeko lehen presidentea izan zena; edo Emiliano Amann, 1909an Areetako Abrako Itsas Kluba eraikitzeko lehiaketa irabazi zuena; edo María Mestayer Jacquet, bere La cocina completa (1933) liburuari esker —Espainian argitaratutako errezeta-liburu osoena eta garrantzitsuena— sukaldaritzakoliteraturaren aitzindaria izan zena.

Pentsa dezagun Merkataritza Auzitegiak —1829an Bilboko Kontsulatuaren eskumen judizialak oinordeturik— auzi asko eta askotarikoak zituela  —atzerriko ontziekin, produktuaren merkaturatzeari zein kalifikazio teknikoari lotuak— eta Bilboko Merkataritza Ganbera ez zela 1886ra arte eratu. Atzerritarrekiko harremana etengabea izanik eta bertako merkatari batzuek zenbait hizkuntza menderatzen zituztenez, gehiengoaren konfiantza bereganatua zuten familia-aliantzen esku utzi ziren merkataritza-harremanak.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Power. Juan Bautista Power Dubernet—Bordelekoa, irlandarra jatorriz—, itsasontzietako salgaiak gordetzeko erabiltzen ziren jutezko zaku eta ehunen fabrikatzaile gisa erroldatua agertzen da 1721ean. Aurrerago, ontzi-enpresetan eta metalgintzan jardun zuen, inbertitzaile gisa. Hiru aldiz ezkondu zen. Haren ondorengoen artean, bi nabarmentzen dira: Federico Power Larrea, Banco de San Carlos banketxeko akziodunetako bat; eta Ricardo Power Zabala, Bilboko alkate eta Banco de Bilbao banketxeko kontseilari izandakoa. [itzuli]
  2. Smith. John Smith Fitzsummons, Rathfarnham-en jaioa (Irlanda). Bilbon kokatu zen 1732an, zurratzaile gisa. Haren ondorengoek larrua zurratzeko fabrika bat jarri zuten martxan Alde Zaharrean. Aurrerago, haien oinordeko batzuek Bilboren arkitektura-irudian parte hartu zuten: Manuel María Smith Ybarra, adibidez, Getxoko jauregi askoren arkitekto izan zen, baita Leioako Artaza jauregiaren eta 1913an inauguratutako San Mames futbol-zelaiaren arkitekto ere. Haren anaia txikia ere, Ignacio, arkitektoa zen, eta San Mamesko harmaila nagusia handitzeko lanak diseinatu zituen. Beste anaia bat, Alejandro, Kopako txapelduna izan zen Athleticekin 1911n. [itzuli]
  3. Mac-Mahon. Patrick eta Therence Mac-Mahon Mac Curtain anaiak 1767an ageri dira lehen aldiz Bilboko erroldan. Anaia txikia, Therence, Zarazola Artetxetar batekin ezkondu zen, eta laster hasi ziren besteak beste Briñas, Salazar, Chávarri eta Ybarratarrekin harremanetan. Andra Maria kalean bizi ziren, bosgarren zenbakian, Luis Briñas bizi zen etxe berean. Birbilobetako bat, Pedro Mac-Mahón Agirre (1861–1930), ontzigintzan eta Banco de Vizcaya banketxean lanean ibili zena, Mac-Mahóngo markes izendatu zuten, 1920an. Haren alaba, Sofia, Ramón de la Sota Aburto (Getxo, 1887–Miarritze, 1978) abertzalearekin ezkondu zen. [itzuli]
  4. O’Shea. Henry O’Shea, Limmerick-en jaioa (Irlanda), Espainiako Independentzia-gerran etorri zen, britainiar militar gisa. Valentzian finkatu zen aurrena, eta Madrilen ondoren, Enrique O’Shea y Cía inportazio-enpresaren buru. Ondoren, zerga-errentari gisa jardun zuen, eta, 1839an, armadaren mailegu-emaile gisa (armadak armak erosteko beharra zuen, Karlistaldiari aurre egiteko). 1852tik aurrera, Isabel II.aren kanala egiteko lanen esleipendun nagusia izen zen. Haren ondorengoetako bat, José O’Shea Sebastián de Erice Labe Garaietako meategi-ingeniaria, Gervasio de Artiñano ingeniariaren alaba Asunciónekin ezkondu zen. [itzuli]
  5. Goossensdarrak, Anberesekoak, Deustun kokatu ziren, XVII. mende amaieran. Pedro Francisco Goossens del Mazo-k (1702-1775) familia-jauregia eraiki zuen Deustun; Versaillesen bizi izan zen 1734tik 1762ra, eta Madrilen 1766tik 1770era. Merkataritzan aritu zen lehendabizi, eta Ogasun kontseilari eta erregearen diruzain izan zen ondoren. Osasun-arrazoiengatik itzuli zen etxera, eta Deustun hil zen (etxea, gero, Nautika Eskola bihurtu zuten, eta, egun, Hezkuntza Zientzien Institutua da). XVIII. mendearen erdialdean, 1745 eta 1746. urteetako etxe- erroldetan, kristala saltzen zuten hiru atzerritar ageri ziren. 1842ko erroldan, Bilboko Txakur, Dorre, Andra Maria eta Barrenkale kaleetan, hainbat dira atzerritar familiak: Amann, Delmas, Guiard, Horn, Yohn, Palme, Yanke, Yerschik… Bilbon finkatutako familia atzerritarrei buruzko bibliografia kalitate handikoa da; hiru adibide baino ez ditut aipatuko: Pilar Feijóo Castillo, “Guerra de la Convención y Guerra de la Independencia”, hemen: Zenbaiten artean, Vizcaya. 1789–1814, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1989; Aingeru Zabala Uriarte, Mundo urbano y actividad mercantil en Bilbao, 1700–1810, Euskal Historiaren Liburutegia, Bilbao Bizkaia Kutxa, Bilbo, 1994; eta Jon Garay Belategui eta Rubén Esteban López Pérez, “Los extranjeros en el señorío de Vizcaya y en la villa de Bilbao a finales del Antiguo Régimen: entre la aceptación y el rechazo”, Estudios humanisticos. Historia, 6. zk. Leongo Unibertsitatea, Leon, 2006. [itzuli]
  6. Beltran Douaten hiru semeek Château Margaux domaine edo mahasti-etxaldea saldu zioten 1863an Alexandre María Aguado (1784–1842) Las Marismas del Guadalquivirreko markes, militar, bankari eta arte bildumagileari, Louis Combes arkitekto frantsesak 1810–12an neopalladianismo estiloan eraikitako etxe handi horren apaindurak errespetatuz. Ikus Frank J. Prial, “Wine. House Hunting”, hemen: The New York Times Magazine, 1988ko apirilaren 24a: “Palladianismo estiloan egindako eraikin bikain hau, Chateau Margaux izenez ezaguna izen bereko mahasti-lurretan dagoelako, Bordeleko ardogintza eskualdeko maisulan arkitektonikoa da. Louis Combes arkitektoak 1810–1812 artean eraikia eta jabe berriek azken hamarkadan goitik behera eraberrituta, Frantziako altxor arkitektoniko handienetako bat da. […] Margaux honen eraikitzailea (beste zenbait etxe egon ziren aurretik) Beltran Douat izan zen, La Colonillako markesa, Espainian banketxeen alorrean eta beste negozio batzuetan dirutza egindako frantziar bat”. Douati buruz, ikus Miguel Lasso de la Vega y López de Tejada (Saltilloko markesa), Un comerciante bilbaíno del siglo XVIII, el marqués de la Colonilla 1742–1816, Ed. Maestre, Madril, 1932. [itzuli]
  7. Clausen. Peter Clausen Hausen, Norvegiakoa, bakailao-inportatzaile gisa finkatu zen Bilbon. Hilario Lund-en alaba batekin ezkondu ondoren, zerrategi bat sortu zuen, 1848an, bere aitaginarrebarekin. Hango zura (Eskandinaviatik ekarria) Zabalguneko jauretxe berrien eraikuntzan erabili zen. Hasieran, zerrategiko instalazioak Ripan zeuden, baina Uribitartera lekuz aldatuak izan ziren. [itzuli]
  8. Amann. Jean Amann Audebert Bordelen jaio zen. Aita alemaniarra zuen. 1815ean ezarri zen Bilbon, makinak, mihiseak, ehunak eta zura inportatzeko. Matilde Palme Armingaud bilbotarrarekin ezkondu zen (bohemiar jatorriko familia bateko kidea zen Matilde). Aurrerago, itsasontzi-jabe bilakatu zen. Haren bilobetako bat, Emiliano Amann, Sociedad Bilbaina elkartearen arkitektoa izan zen. [itzuli]
  9. Rochelt. José Rochelt Gotscher, Heyde-koa (Bohemia), Bilbon ezarri zen Gotscher etxerako kinkila-salerosle gisa aritzeko. 1816an, Celestina Palme bilbotarrarekin ezkondu zen. Latorri-fabrika bat ireki zuen Deustun. Haren semeetako bat, Oscar, Banco de Bilbao banketxeko lehen kontseilarietako bat izan zen; beste bat, Ricardo, Sociedad de Crédito Vasco entitatearen bazkide sortzailea izan zen, eta zuzendaria 1863an; Tubos Forjados eta Basconia enpresak ere sortu zituen, 1892an. [itzuli]
  10. Barbier. Santiago eta Pedro de Barbier-Davancase anaiak, Akitaniakoak, Lekeition kokatu ziren, 1814an. Abaroa eta Barinaga familietako alabekin ezkondu ziren. Lekeitiotik Gernikara aldatu ziren aurrena, eta Gernikatik Bilbora ondoren. Bilbon, Valentín Barbier Ybáñezek txakolina oinarri zuen koñak bat merkaturatu zuen, 1900ean Parisko Erakusketa Unibertsalean saritua izan zutena. [itzuli]
  11. Mestayer. Eugenio Mestayer Demelia, Poitierskoa, Frantziako kontsulatuaren kudeatzaile gisa etorri zen Bilbora. 1877an, Carlos Hipólito Jacquet Saint Mars bankariaren alaba Ana Jacquet Lasalle-rekin ezkondu zen, San Nikolas parrokian. Bilbon, Banca C. Jacquet sortu zuen (gerora Banco de Vizcayak erosia), eta bere herrialdeko kontsul izendatu zuten. Bien alaba, María Mestayer (1877–1949), Ramón Echagüe Churruca abokatuarekin ezkondu zen; gastronomoa eta idazlea izan zen, Marquesa de Parabere ezizenez ezaguna. [itzuli]
  12. Uhagón. Asparreneko Guillermo Uhagón (1740–1813) izan zen lehena iristen. Haren seme Gullermo Uhagón Oleak, 1822an Bilboko Kontsulatuko priore aukeratuak, partaidetza aktiboa izan zuen Bilboko politika liberalean, Hirurteko Liberalean. Milizia Nazionaleko tenienteorde eta Udaletxeko errejidore aukeratu zuten. Gainera, Sociedad Bilbaina elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Beste seme bat, Pedro Pascual, Jaurerriko Ahaldun Nagusi izan zen 1833–35 biurtekoan, eta Gorteetako diputatu. Hirugarren bat, Manuel Antonio, militarra izan zen, eta Lord Byronekin egon zen Greziako independentzia-gerran. Manuel María Uhagón, berriz, El Bilbaino egunkariaren erredaktore izan zen, 1838an. Gerora, haien bilobek eta birbilobek kargu garrantzitsuak bete dituzte hirian. [itzuli]
  13. Levisson. Mirinbillako eta Trianoko burdin meategiei lotutako abizena da. Julio C. eta Luis Levisson Block anaiak hainbat meategiren jabe izan ziren, eta haien seme-alabak inguruko herritarrekin ezkondu ziren. Augusto Levisson, adibidez, hipikaren sustatzaileetako bat izan zen Bizkaian, eta Negurin etxea egin eta hara bizitzera joan ziren lehenengoetakoa (1905). Bilobetako bat Rafael Gómez Jordana (Francisco Gómez Jordana jeneral eta Jordanako Kondearen anaia) hegazkinlariarekin ezkondu zen, 1934an, Negurin. [itzuli]
  14. Mac Lennan. Burdin meategiei lotutako abizena da. Joseph John Mac Lennan (1820–1882) ingeniari eskoziar bat zen, 1863an Tuterako trenbidean eta gero Galdameskoan lan egitera etorria. Ondoren, burdinaren ustiapenean eta esportazioan jardun zuen. 1868an, José Mac Lennan de Minas konpainia sortu zuen. Haren seme ingeniariak —José (1845–1914), 1900etik Zabalgunean biziko zena, eta Francisco (1847–1928)— filantropo garrantzitsuak izan ziren, eta Enrique Epalzak 1899an Mamarigan (Santurtzi) eraikitako etxe batean bizi ziren. Bilobetako bat Athletic Clubeko atezaina izan zen, 1901ean. [itzuli]
  15. Chalbaud. Esprit Etienne Chalbaud Arnaud, Bordelen jaioa, arrazoi politikoengatik iritsi zen Bilbora (erregeen aurkako jarrera hartu zuen). Haren seme Facundo Chalbaud Cardonak Santa Águeda de Castrajena fabrika sortu zuen, 1862an, eta Unión Española de Explosivos enpresaren sorreran hartu zuen parte, 1872an. Biloba, Pedro Chalbaud Errazquin, diputatu eta senatari izan zen, baita Bilboko Ganberako presidente eta La Gaceta del Norte egunkariaren sortzaileetako bat ere. [itzuli]
  16. Delclaux. Louis Pierre Delclaux Maqueel, Aubin-en jaioa (Frantzia), 1840an iritsi zen Bilbora, Boluetako Santa Ana fabrikako (1841) egur-ikatzezko lehen labe garaiaren ingeniari gisa. Ibarzabaldar batekin ezkondu zen. Haien seme Isidoro Delclauxek (1894–1984) Londresen ikasi zuen beirategintzan jardun zuen siderurgiaren sektorea alde batera utzita. [itzuli]
  17. Ernesto Hoffmeyer Zubeldia (1844–1919), ingeniaria, Zubeldiatar batekin ezkondutako erlojugile baten semea. Madrilen, errege-jauregiko erloju-konpontzaile gisa jardun zuen. Lucía Arisqueta de la Quintana bilbotarrarekin ezkondu zen. Haren presentzia teknikoa garrantzi handikoa izan zen mende bukaerako Bilbon: zubiak eta era guztietako herri-lan garrantzitsuak egin zituen. [itzuli]