Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Itsasoa. Maeztu

Kosme de Barañano

Izenburua:
Itsasoa. Maeztu
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta paisaia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Konposizioa | Erlijioa | Itsasoa | Bilbo | Bizkaia | Drama | Gizontasuna
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Ikatz-ziria
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Maeztu Whitney, Gustavo

Gustavo de Maeztu Whitney (1887–1947) euskal margolariaren Lirika eta Erlijioa (Lírica y Religión, 1922) triptikoak Erlijioa izeneko bi panel handi ditu alboetan, eta Lirika izeneko beste bat erdian1, nahiz eta bertan ez dagoen lirikotik ezer, eta ia ezer, halaber, Maezturen lanean; epikaren lirika da, hobe esanda. Ramón de Basterra poeta eta diplomazialariaren kontakizunean honela esaten zuen: “triptikoaren erdiko oihalean arraunlari abeslari batzuk daude, eta alboetako bi margolan txikiagoak otoizgileen bi teoria dira; goialdean tenplete kristauak dituzten bi muinoren hegaletan gora doaz”2.

Eskuinaldeko panelak hileta baten segizioa erakusten digu, itsaslabar baten ertzean gora eliza baterako bidean. Erdiko panelean bost itsasgizon daude irudikatuta, eskulturak izango balira bezala; txalupa txiki batean daude, batzuk zerurantz eta urrutira begira, eta bi eserita daude, eta jasota dute arrauna, beren lanaren bereizgarri loriatsua. Arraunetan datza margolanaren indar nagusia, Aurelio Artetaren pastel bikain batean bezala, edo Maezturen Itsasoko emakumeak (Las mujeres del mar) lanean bezala. Honela deskribatu zuen Basterrak: “Bihotz kartsuko zartako erritmikoak emanez margotuta dago. Arraunketako gizon haien energia ugaria begirada magnetiko eta kantu kementsuen turrusta bilakatuta ageri da. Txalupak biziari heltzen dio, eta atzean sentitzean ozeano mehatxatzailearen arrisku gainditua, garaile ateratzen dira barkarola euskaldunak kantatzera. Ederto ñabartzen dute irudia, emakumeen ahulezia erregutzaileko espresioarekin, triptikoaren bi alboetan gorantz doazen emakume jainkozale otoizgileek. Otoitz-murmurioz betetako bi prozesioek margolanean irudikatuta uzten dute Pirinioetako kostaldeko emozio berezi hori, ermitetako angelusetan laburbiltzen dena. Giro osasuntsua, indar-jarioa, handitasun-gogoa eta taupada dramatikoa darizkio multzo osoari. Zalantzarik gabe, triptikoa da eskola euskalduneko produktu aipagarrienetako bat”3.

Ezkerreko panelak ere kostaldera garamatza, baina, hemen, itsasoa bare dago, eta herriko jendea bidean gora doa eliza txiki baterantz eta frontoi baterantz –non jaietako partida bat jokatzen ari diren–; aldi berean, behiak lasai-lasai bazkatzen ari dira mendi-magalean. Alboetako bi panelak kontrajarrita daude, Maezturen triptikoetan ohi denez [Levanteko eskaintza (La ofrenda levantina) lanean, adibidez, gizon eta emakumeekin]: itsaso zakarra vs. itsaso barea; jai-giroa vs. hileta-segizioa, eta bietan, presbitero anekdotiko eta behatzaile bat.

Markoak, Luis Quintanillak4 bozeldutako larruz eginak, bi zutabe ditu apaindutako kapitelekin, eta horien gainean daude metopa batzuk (gizon bat eta emakume bat) eta bost baserri-eszena. Quintanillak larru bozelduzko estalki bikain bat egin zuen Euskal Artisten Elkarteko kide zen Estanislao M. ª de Aguirre ‘Luno’5 kritikariak Gustavo de Maezturi buruz idatzi zuen libururako.

Maezturen indarra itsas elegia hau konposatzeko erabilitako irmotasun eta sendotasun linealean datza. Egia oso bat irudikatu nahi du, baina xehetasun txikietara jaitsi gabe. Haren margolanen oinarria ikatz-marrazkian dago. José Arrue ez bezala, Maeztu ez da xehetasun-zalea, wagneriarra baizik, eta trazu zurrun eta indartsua darabil, batzuetan hautsia, pertsonaien indar fisikoak eta espiritualak nabarmentzeko. Ez da 1930eko hamarkadako Artetaren marinel eta laiarien oso desberdina, baina kolorearen zentzua, materia piktorikoarena, hori bai, bestelakoa da. Artetaren pintura lekuko zuzena da, plano ebakiei eta lerro ezti italianizatzaileari esker; Maezturen pinturan, aldiz, zakartasun lineala ere nabarmentzen da, baina materiazko trazua darabil, pigmentu-karga dentsoarekin.

Maezturen azterketa zuzenena Artetak, Guezalak, Rodak, Michelenak, Sánchez-Mazasek, Alberto Arruek eta haren beste lagun batzuek egin zuten, zalantzarik gabe, 1917an Arte Ederren Museo Probintzialeko Patronatuko batzordeburuari erakundeak Calatañazoreko itsua (El ciego de Calatañazor) lana eskura zezala eskatzeko igorri zioten idatzi batean. Hauek dira Maezturen lan guztientzat balio duten ezaugarriak eta aztergai dugun triptikoak ere badituenak.

Maeztuk lotura zuen Espainiako pintura-tradizioarekin. “Tradizio horren barruan, non gauzatu zituen bere dohain miresgarriak Francisco de Goya jaunak, Gustavo de Maezturen pintzelak lekua egin dio pentsamenduari, garai honetako artista batek bizitza interpretatzeko erabili behar duen modu bereziari. Kemen arrazoituz zabaldutako ekintza-eremu horren barruan finkatu dira pixkanaka haren artearen funtsezko balioak”, idatzi zuten Maezturen lagunek.

Itxurazko sinpletasuna, plano-kontrastearekin. Tarteko planorik gabe eta eskulturazko trazu sintetikoekin; hori diseinu sendo bat da, eta nolabaiteko indar arkitektonikoa transmititzen du, eta ikuskera kementsua, oinarritzat duena olio-pintura lehor eta hazkatuzko trazu indartsu bat, batzuetan hautsia, pintzel lodiz egina, zeinak berekin dakarren nolabaiteko maskulinotasuna espresioan. Haren margolanetako pertsonaiak idiosinkrasia berezien sintesiak dira, jende langile eta sufritua, banakotasun indartsuak. José Francés kritikariak “goyismo eskultorikoa” aipatu zuen Gustavo de Maezturen pinturaz ari zela; Valle-Inclánek haren mihiseen “izaera patriarkala” aipatu zuen.

Baina, agian, Maezturen erreferenteak literaturan daude, Victor Hugok 1891n argitaratutako Les Travailleurs de la mer (Itsasoko langileak) eleberrian, zeina idatzi baitzuen 1866an Hauteville House etxean, Guernsey normandiar uhartean erbesteratuta egon zenean. Sarreran, Victor Hugok bere burua aztertzen du lerro batzuetan, eta azterketa hori Maezturi ere aplika dakioke: “Erlijioa, gizartea, natura; horiek dira gizakiaren hiru borrokak. Hiru borroka horiek bere hiru beharrak ere badira; sinetsi beharra dago, eta hortik dator tenplua; sortu beharra dago, eta hortik dator hiria; bizi beharra dago, eta hortik datoz goldea eta itsasontzia. Baina hiru irtenbide horiek hiru gatazka dakartzate. Bizitzaren zailtasun misteriotsua hiru gatazka horietatik sortzen da. Gizakiak sineskeria gisa, aurreiritzi gisa eta elementu gisa egiten dio aurre oztopoari. Anankè edo zorigaizto hirukoitza dugu gainean: dogmen anankèa, legeen anankèa eta gauzen anankèa. 1831n, egileak lehenengoa salatu zuen Notre- Dame de Paris lanean; 1862an, bigarrena aipatu zuen, Les Misérables liburuan, eta liburu honetan hirugarrenaz ari da. Gizakia inguratzen duten hiru zorigaitzekin nahasita dago barne zorigaitza, anankè gorena, giza bihotza”6.

Maezturen margolanetan, batik bat konposizio handietan, aldi berean laneko dramatik hurbil eta urrun dagoen agertoki bat da paisaia; konposiziozko arkitektura baten parte da, neke- eta porrot-epika baten parte. Beti kolore ilunak erabiltzen ditu behealdean, astuntasuna nabarmentzeko, eta zerumuga oso altu bat margotzen du konposizioaren goiko aldean.

Konposizioaren erritmoa oso berezia da: oinarritzat ditu bertikal eta horizontal garbiak eta baliokidetasunagatiko nolabaiteko simetria bat. Alboetako panelak zentrifugoak dira, eszenak galdu egiten baitira urrutian, gorantz. Erdiko eszena, aldiz, malenkonian hondoratzen da, txaluparen barnealderantz, arraunak jasota dituzten bi marinel burumakurren moduan.

Maezturen itsasoa itsaso tragiko bat da, hura zeharkatzen dutenetako batzuk irensten dituen itsasoa da, gaian ez ezik, baita tratamendu kromatikoan ere. Lirika eta Erlijioa nostalgia-, porrot-, neke- eta etsipen-adierazpen epiko bat da. Ez da Tellaecheren belen itsasoa, ezta Losadaren estropadena ere, baizik eta itsas labar eta ekaitzena, Lizarran bakartuta lehorrean hil zen pesimista baten itsasoa.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1.  Lan hau Eusko Ikaskuntzen II. Kongresuan aurkeztu zen, Gernikan, 1922an. Maeztuk 1922ko irailaren lehen egunetan amaitu zuen, Luis Quintanilla Isasik eta Martín de Zuloagak lagunduta; Quintanillak lana markoztatzen duten larru eder batzuk apaindu eta bozeldu zituen, eta Zuloaga zurgintzaz arduratu zen. Ez ditugu beste maisu horiek ahaztu behar, triptikoak osotasunari zor baitio bere edertasuna, ez soilik margolariaren hiru oihalei. Margolan honek harrera ona izan zuen hasieratik. Irailaren 10ean, Pedro Mourlane Michelenak (1888– 1955), garai hartan kontu artistikoetan eragina zuen idazle famatuak, honela idatzi zuen: “oroz gain, ospa dezagun gure pinturaren itzulera, alde batera uztea astoa eta bere anemia dibertigarria, eta berriro itzultzea horma erlijioso eta zibilera, edo ganga-formako sabai altura, alegoriek zabaltasuna eta oihartzuna izan ditzaten”, (El Pueblo Vasco egunkaria, 1922ko irailaren 10a). Triptikoa Bilboko publikoarentzako ikusgai jarri zuten azaroan zehar Filarmonikaren areto nagusian; ordurako Euskal lurra, Lirika eta Erlijioa izenburua zuen. Handik gutxira, abenduaren 26an, “hiriaren lagun eta zaleen” talde ugari batek Bilboko Udalari eta Aldundiari eskatu zien triptikoa erosteko harpidetza batean parte har zezatela. 1924ko urriaren 17an, Maeztuk Aldundiari laga zion triptikoa. Ikusi Kosme de Barañano, “Un triptico de Gustavo de Maeztu”, Goya aldizkaria, 154. zk., 1980ko urtarrila; Ramón de Basterra poetaren ikuspuntuari kritika. [itzuli]
  1.  Basterra oker zegoen 1922ko abenduaren 27an El Pueblo Vasco egunkarian argitaratutako kronikan: eskuineko panelean ez da ageri prozesio erlijioso bat, une herrikoi profano bat baizik. Maezturengan ez dago lirikotik ezer, Euzkadi egunkariko “euskal pinturari buruzko hitzaldi” horietako batean Crisanto de Lasterrak idatzi zuenaren kontra: “margolari gisa liriko handia da –bere sorkuntza dekoratibo bikain eta ugariek erakusten dutenez–”; Euzkadi egunkaria, 1923ko irailaren 10a. [itzuli]
  2.  Basterra, 1922ko abenduaren 27ko El Pueblo Vasco egunkarian. [itzuli]
  3.  Luis Quintanilla (Santander 1893– Madril 1978), denbora batez Bilbon bizi izan zen artista. Larrua lantzeko guadameziaren teknika berrezarri zuen, eta miniaturisten irudiztatzeko artea aztertu zuen; ondoren freskoak egin zituen. Berea zen Erredakzioa (La Redacción) izeneko freskoa, Buenos Airesko La Nación egunkariaren pabiloia apaindu zuena 1928ko Koloniako Prentsa Erakusketan eta Álvarez del Bayoren hitzetan “buruargien arreta erakarri zuena”. Berak egin zituen, halaber, Maitatu bakea, gorrotatu gerra (Ama la paz, odia la guerra) izeneko freskoak 1939ko New Yorkeko Erakusketan Espainiak antolatu zuen pabiloirako. Lan horiek desagertuta egon ziren 1940tik 1990era arte; ikusi Christopher Gray “The ‘Lost’ Frescoes Of an Artist-Soldier”, The New York Times, 1990eko azaroaren 4a. Quintanillak aintzatespen handiagoa merezi du; 1912an Parisen izan zen, eta ondoren Eivissan, Afrikako iparraldean, New Yorken, Mexikon eta Woodstocken, Espainiara itzuli aurretik. [itzuli]
  4. Liburu hori Biblioteca Color argitaletxearen lehena eta bakarra izan zen. Argitaletxearen sortzaileak izan ziren Gustavo de Maezturen anaia Miguel –liburua agertu eta gutxira hil zena– eta Ortiz Echagüe –Parisen bizi zena La Nación egunkariaren berriemaile gisa–. Liburua benetako altxorra da, eta Antonio de Guezalaren exlibris original eta fin bat dauka. [itzuli]
  5. Victor Hugo, Les Travailleurs de la mer, 1891n argitaratua, 1866ko martxoan Hauteville-House etxean sinatutako hitzaurrea: “La religion, la société, la nature; telles sont les trois luttes de l’homme. Ces trois luttes sont en même temps ses trois besoins ; il faut qu’il croie, de là le temple ; il faut qu’il crée, de là la cité ; il faut qu’il vive, de là la charrue et le navire. Mais ces trois solutions contiennent trois guerres. La mystérieuse difficulté de la vie sort de toutes les trois. L’homme a affaire à l’obstacle sous la forme superstition, sous la forme préjugé, et sous la forme élément. Un triple anankè règne sur nous, l’anankè des dogmes, l’anankè des lois, l’anankè des choses. Dans Notre-Dame de Paris, l’auteur a dénoncé le premier ; dans Les Misérables, il a signalé le second ; dans ce livre, il indique le troisième. À ces trois fatalités qui enveloppent l’homme, se mêle la fatalité intérieure, l’anankè suprême, le cœur humain”. [itzuli]