katalogoa
Sonderklasse belaontziak
Kosme de Barañano
- Izenburua:
- Sonderklasse belaontziak
- Egilea:
- Kosme de Barañano
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
- Neurriak:
- 30 x 23
- Orrialdeak:
- 218
- ISBN:
- 978-84-09-27019-4
- Lege gordailua:
- BI-00129-2021
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ekonomia | Kirola | Europa | Bilbo | Bizkaia | Burgesia | Itsasontziak
Sonderklasse belaontzi seriea Alemaniako hiru itsas klubek —Lübecker Yacht-Club, Norddeutscher Regatta Verein eta Kieler Yacht-Club— diseinatutako itsasketa klase bat da, 1898an Gilen II.a kaisarrak hala eskatuta gauzatu zena. Klase hori 1900ean sartu zen lehen aldiz Kieleko Bela Astearen egitarauan. Nazioarteko maila jaso zuen lehen klasea izan zen, eta hainbat herrialdetan praktikatu zen, adostutako araudi bateratu baten arabera. Eskifaiako hiru kideek ontzia eraiki zen herrialdean jaiotako “marinelak” izan behar zuten. Gainerako erregulazioek honakoak mugatzen zituzten: ontziaren prezioa, belaren tamaina, gutxieneko desplazamendua, taularen lodiera edo eserlekuaren luzera. Sonderklasse deitu zitzaien —hau da, klase berezia—, nabigatzeko azkarrak eta, aldi berean, barrutik erosoak zirelako1. 23 metro pasatxoko luzera zuten gehienek.
Urte batzuk geroago, 1906an, Kiel Yacht Club-ek eta Marblehead-eko (Bostn) Eastern Yacht Club-ek hitzarmen bat egin zuten Sonderklasse ontzien arteko estropada bat jokatzeko AEBetako ekialdeko kostaldean, herrialde bateko eta beste ontziak norgehiagoka jartzeko. 1910ean, Luis Aranak2 aurkeztu zuen bere burua Marblehead-eko itsas klubak antolatutako estropada horretan, Eduardo de Astigarraga eta Juan Zavala eskifaia-kideekin batera, Sonderklasse motako Chonta ontziarekin. Hil berria zuen anaia Jose Antonio omentzeko modu bat izan zen hori: izan ere, anaiak, Sporting Clubeko presidente izandakoak, betidanik izan zuen estropada horretan parte hartzeko asmoa. Hala, estropadaren ondoren, Marblehead jarri zioten izena ontziari3.
1914rako mota horretako berrehun belaontzi inguru zeuden Alemanian, Belgikan, Espainian, Frantzian, AEBetan eta Erresuma Batuan4. Lehen Mundu Gerrak etenaldia ekarri zuen klase horretako ontzien estropadetan eta eraikuntzan. Klase berezia alde batera utzia izan zen; izan ere, Joko Olinpikoetako bela-estropadetan, metro klaseko ontziak bakarrik onartu ziren. Sonderklasse ontziek, zeramaten banderaren herrian bertan eraikiak izateko derrigortasun horrekin, tokiko ontziolak suspertu zituzten. Nerbioiko Ontziolak, adibidez, 1898ko hondamendiarekin behea jotzeko zorian egon ondoren, 1900ean berriz hasi ziren bete-betean lanean, atoiontzi eta arrantza-ontzi txikiak eraikiz. Estropadetarako bailandrak egiteko lantegi bat ere zabaldu zuten, bikaina, beste enkargu mota batzuk ere erakarri zituena. Alfontso XIII.a erregeak berak ontziola horietan eginarazi zituen Giralda II, III, IV eta V yate ospetsuak eta Tonino 6 Metro klaseko ontzia; eta Karlos infanteak, Barandil I eta Barandil II, baita Meckfoub izeneko beste bat ere. José Luis Bayoren Gerineldo (6 Metro klasekoa), Jose Luis Aznarren Pichín edo Pedro Galíndezen Farruca ere ontziola horietan eraiki ziren.
Gero, Bilbon izan ziren horietako asko. Beren edertasun klasiko dotorea eta arintasuna zirela eta, desira- eta kultu-objektu bihurtu ziren klase bereziko belaontzi horiek. 1909an, Espainian erregistratutako 29 Sonderklasse bailandretatik 19 bilbotarrenak ziren, La Vida Marítima aldizkariaren arabera (1909/IX/10)5.
Abrako Itsas Klubean dauden Arrueren margolanek Rafael eta Jose Maria Yohn anaiek 1907an lortutako garaipena irudikatzen dute: haien ontzia Francis Lewis Clark ingeniari amerikarraren Spokane-ren aurretik sartu zen helmugan6. Margolanetako batean, garaileen atzean, Galeako lurmuturrerantz doan 15 Metro bat ageri da. Sociedad Bilbaina elkartearen egoitzan dagoen triptikoko paneletako bat sei Sonderklasse belaontzik hartzen dute oso-osorik, sei ikono balira bezala.
Sonderklasse klaseko estropadetan maiz parte hartzen zuen beste pertsonaia nabarmen bat Carlos Wertheim alemaniarra —baina bartzelonarra bizitzez— zen7. Haren ontzia: Ilse II, Max Oertz-ek eraikia Hanburgon8. Beste Sonderklasse aipagarri batzuk Francis Lewis Clark amerikarraren Spokane eta Arthur K. Stothert eskoziarraren Mariska izan ziren9.
Itsasontzien izenek eskifaia-kideen bizitzaren berri ere ematen digute. Horacio Echevarrietak gurasoen izena jarri zion ontzi bati, Cosme y Jacinta, eta gazterik hildako alaba batena, María del Carmen, beste hainbati, hala nola Marichu izenarekin bataiatutako belaontzi ospetsu bati. Cubasko markesak Encarnita jarri zion beste bati, alabarengatik; Francisco Martínez Rivasek Carita izena jartzen zien bere ontziei, alabaren omenez; Cristóbal de la Quintanak Maguita, emaztearengatik; eta Esparteroren biloba Victoriako dukeak Luchana, aitonak Barakaldon irabazitako guduaren omenez. Erregearen Mouriscot bailandrak Biarritzeko Villa Mouriscot etxeari zor dio izena. Bilboko Itsas Klubeko lehen presidente Florencio Schmidt Ansuátegui merkatariak, berriz, itsas molusku baten izena jarri zion bere itsasontziari: Chirla. Eta Aranatarrek Amazonasko zur bikaineko zuhaitz baten izenarekin bataiatu zuten beren Sonderklasse ontzia: Chonta.
Batzuek euskal hitzak erabili zituzten izenak jartzen orduan. Chávarrik Chirta deitu zion bere bailandrari (bere ezpurutasunagatik baztertua zen burdin meari deitzen zitzaion hala, txirta, baina 1895etik aurrera, mineral purua eskastean, berriro hasi ziren baliatzen hura). Haren anaia Benignok Narria deitu zion bere bailandrari: gurpilik gabeko gurdi moduko bat da berez narra, gauza astunak herrestan eramateko erabiltzen dena; portuan, adibidez, sareak edo arrainak garraiatzeko erabiltzen da. Andriako dukeak (Pablo Alzolaren eta Juan Gurtubayren alargunaren alaba Blanca Alzolarekin ezkondua) Sirimiri10 izena ipini zion bere belaontziari, eta Juan Gurubayk berak Baira —euskarazko bairatu-tik— izeneko bi ontzi izan zituen: Baira I (8 Metro klaseko ontzia) eta Baira II (Sonderklasse bat). Zubiriak bizkaierazko hitz bat, Sogalinda —hau da, “sugandila”— hautatu zuen bere ontziaren izentzat. Ramon de la Sota ez zen bakarra izan Goizeko Izarra eta gisako izenak jartzen bere belaontziei. 1905ean, Itsas Klubean ainguratuta zeuden ontzien artean ez ziren gutxi euskal deiturez bataiatutakoak: Chipli-chapla, Gorrix, Erramonchu, Chirriscla. 1899an, Victor Chavarrik Laurac Bat izena ipinia zion bere yateari.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK
- Gaur egun ez bezala; izan ere, New Yorkeko Sparkman & Stephens itsasontzi-enpresa ospetsuaren buru egiten duen Bill Langan jaunak dioen moduan: “ia yate guztiak, handiak zein txikiak, egun argiko marinelak dira”. Industriak itsasontzi nekagaitzak eraikitzen ditu oraindik ere, Hornos lurmuturrerainoko joan-etorria egiteko ere apropos askoak, baina kontua da portutik goizean atera eta bueltan direla jada arratsaldean, jabeak hitzorduren bat izaten duelako gauean lehorrean. [itzuli]
- Luis Arana Urigüen (1874–1951), Dolores Ybarrarekin ezkondua, kirolari petoa izan zen, Athletic Clubeko atezaina (goalkeeper); 1902ko maiatzaren 13an egin zuen debuta, Vizcaya taldearekin. Estropadalari bezala, Errege Kopa irabazi zuen 1912an, Gijonen egindako estropadan, Tonino ontziarekin; 7 Metro klasean, 1913ko Kopa irabazi zuen, José María de Chavarriren Narria ontziarekin, erregearen Giralda III ontziaren aurretik sartuta. 1928ko Amsterdameko Joko Olinpikoetan ere lehiatu zen. Ontzi gogokoena 6 Metro klaseko bat zuen, Cisco izenekoa. Izena ontzi-jabearen seme nagusiarenetik zetorkion, FranCISCO-tik —Francisco Javier Arana Ybarra zuen izena, eta txikitan “Cisco” deitzen zioten—, eta ez, askotan ikusi dugun bezala, gaztelaniazko “cisco”-tik (gaztelaniaz, egur-ikatza da “cisco”, eta liburu guztietan agertzen da oker hori, agian haren Sonderklasse ontziak Chonta izena zuelako, hau da, Amazonako zur mota bat). Familiaren etxeari Casa Cisco (Zugazarte, 61) deitzen zioten: eskandinaviar erako jauregitxo bat da, Manuel Maria Smithek (1909–11) egina. Etxea orube txiki batean estu sartuta dago, baina kokapen ezin hobea du. Gainera, etxe lerro berean dauden eraikinak (Cisco II eta Cisco III, Eugenio de Aguinagak 1948an diseinatuak) hartan inspiratuta daude. [itzuli]
- Honela eman zuen horren berri garaiko prentsak: “Santanderreko eta Donostiako ordezkariak joan den uztailaren 30ean ontziratu ziren, Cadizko portuan, Montevideo transatlantiko espainiarrean. Ontzi berean joan ziren haien belaontziak—Chonta, Papoose eta Mosquito II—eta haiek garbitzeaz eta zaintzeaz arduratzen diren marinelak ere. Espainiako Konpainia Transatlantikoak (Comillaseko markesa da jabea) ez du ezer kobratu nahi izan hiru bailandren garraioagatik. Abuztuaren 10ean iritsi ziren New Yorkera. Marbleheadeko Eastern Yatch Clubeko ordezkariak zain zeuzkaten kaian. Hauek, gero, Metropoli handia ikustera eraman zituzten automobilez gure herrikideak. Luis Arana, Eduardo Astigarragakoa eta Juan Zavalaz gain, Eduardo Ubao batzordekide eta idazkaria ere izan zen Bostonen. Estropada. 1910eko abuztuaren 17a”. [itzuli]
- Gaur egun, 32 yate ditugu zenbatuta. [itzuli]
- Hauek dira 1909. urtean Bilbon erregistratuta zeuden Sonderklasse ontziak: Baira II, Juan Gurtubayrena; Cabo Noval, Enrique Careagarena; Cerceta, José María Olávarrirena; Chirta, Víctor Chávarrirena; Chirtilla, José María Chavarrirena; Chonta, José A. Aranarena; Churlita, Manuel Aras-Jáuregirena; Dick, José Villalbarena; Kili Kili, Galarza, Ortiz eta Berazatarrena; Luchana, Victoriako dukearena (Esparteroren iloba); Mi Suegra, Juan M. Zabalarena; Spokane, Ubao jaunarena (Manuel Castellanosena gero); Marblehead, Gabriel G. Dueñas eta Luis Aranarena; Papoose, Echeguren Ibarratarrena; Princesa de Asturias, Careaga eta Levisontarrena; Sirimiri, Andríako dukearena (Blanca Alzolaren senarra); Dios salve a la Reina, erregearena; Ena, erregearena; Santi, erregearena; Mouriscot, erregearena. [itzuli]
- Francis Lewis Clark (Bangor, Maine, 1861 – Santa Barbaran desagertua, 1914). Harvardeko ingeniari industrial bat izan zen. Arrakasta handia izan zuen Washingtongo estatuan, non errota handiak, burdin meatzeak eta altzairu lantegiak izan zituen. Spokane-n bizi zen, eta hortik itsasontziaren izena. Santa Barbaran desagertu zen, Kalifornian, emaztea tren geltokian utzi ondoren. America’s Cup estropadaren mezenasetako bat izan zen. Bilbon eta Kielen egin zituen estropadak, Spokane ontziarekin. Aurrerago, Eduardo Ubao (1869–1952) ur-kirolariak erosi zuen ontzia, eta, gaztetan, zenbait estropadan hartu zuen parte. 1889an, Sporting Clubaren sortzaileetako bat izan zen, eta klubeko idazkaria, urte askoan. Klubeko idazkaria izan zen urte askoan. Abrako Nazioarteko Estropaden antolakuntzan parte hartu zuen sorreratik bertatik (1900). 1938an utzi zuen kluba, haserre, erregearen erretratuaren ordez jarria zuten Francoren erretratua kentzeko bere ahaleginak alferrikakoak zirela ikustean. [itzuli]
- Carlos Wertheim (1868–1945), gerora Carlos Vallin i Ballin, 1888an etorri zen Bartzelonara, bere aitaren “Wertheim Rápida” josteko makinak Espainian zabaltzera. Horacio Echevarrietaren lagun handia izan zen, baita arte-bildumagilea ere. [itzuli]
- Oertzek 60 bat Sonderklasse eraiki zituen 1912. urtera arte. Oraindik erabiltzen diren ontzi mota horien heren bat hark eraikiak dira. [itzuli]
- Arthur K. Stothert (1862-1929). Glasgowko ingeniari bat izan zen. Glasgowko portuan zuen basea, baina Bedford Gardensen bizi zen (Kensington, Londres). Portuko industrian egin zuen lan: garabiak etab. Konfiantza osoa izan zuen beti William Fife III-k diseinatutako ontzietan, eta ia dena irabazi zuen, 1894tik aurrera Mariska ontziarekin (1908). Hiru denboralditan, 1908-1910 bitarteko urteetan, 44 garaipen lortu zituen, eta 35 aldiz igo zen podiumera. Mariskaren kroskoa garai hartan erabiltzen ziren material konposatuekin eraiki zen: altzairu gozo eta zumar zurizkoak zituen nerbioak (metalezko xaflen gainean jarriak); haritzezkoa gila; Oregoneko pinu zurezkoa azpiko masta (bere dentsitate handia dela eta, zur hori izeiarena baino gogorragoa eta zurrunago da, eta horregatik egin zen haren aldeko hautua); Afrikako kaobazko egur kontratxapatuzkoak saihetsak. Desplazamendua: 35 tona. Gilan, 20 tona berun zeramatzan. [itzuli]
- Juan Carlos I.a erregearen lehen belaontzia Sirimiri izeneko bat izan zen, Udondo ontzioletan eraikitako belaontzi txiki bat, Bilboko erregezale talde batek haren aitari opari emandakoa; ez da Andriako dukearen Sirimiri bera. [itzuli]