katalogoa
Aurreiritziak: endogamia
Kosme de Barañano
- Izenburua:
- Aurreiritziak: endogamia
- Egilea:
- Kosme de Barañano
- Argitalpena:
- Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
- Neurriak:
- 30 x 23
- Orrialdeak:
- 218
- ISBN:
- 978-84-09-27019-4
- Lege gordailua:
- BI-00129-2021
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ekonomia | Industrializazioa | Bilbo | Bizkaia
Gezurtatu nahi dudan beste topiko bat zera da, Bilboko elitearen endogamia gaizki ulertuarena. Endogamia modu naturalean gertatzen zen Zazpikaleetako familien artean, gertutasun hutsez, besterik gabe. 12.000 biztanle eskas zituen Bilbo hartan, etxeek izaten zituzten lau solairuetan, ezinbestean maila sozial desberdinak nahasten ziren:
— gertutasun fisikoko arrazoi begien bistakoengatik;
— Bizkaian ez zegoelako Antzinako Erregimeneko zatiketarik pribilegiatuen mailaren (noblezia eta apaizak) eta Hirugarren Estatuaren edo herri xehearen artean (nekazariak eta merkatariak edo eskulangileak);
— XIX. mendean, hiru gerra eta lau kolera-izurri jasan zituztenez, ulertzekoa zelako gizarteak bat egitea zorigaitzaren aurrean.
Hiribilduko gune txikian, XIX. mendearen erdialdera, ezkon harremanak izan ziren arlo sozial desberdinetatik zetozen aberastasunen eta negozioen kontzentrazioa areagotu zuen azpiegitura. Ez dago nobleen edo aristokraten elite bat (ahaide nagusien landako noblezia hori alde batera utzita), jatorrien nahasketa bat baizik, eta horrek eragingo zuen, batetik, jarrera eta portaera irekiagoak, eta, bestetik, askotariko jendearen integrazioa, bere burua alor ekonomikoan eta sozialean sendotzeko eta indartzeko bat eginik. Bilbon gurutzatze asko izan ziren bilbotar burgesia komertzialaren eta landako jauntxoen artean, haiek baitziren nagusi foru aldundietan eta legebiltzarreko ordezkaritzan, eta, halaber, indianoen eta atzerritar herritartuen artean.
Horregatik esan dezakegu endogamia ez zela bilatua, naturalki gertatzen zela baizik.
1. Bilboko erroldari errepaso bat eman diezaiokegu eta ikusiko dugu nola etxe berean familia desberdinak bizi diren, azkenean harremanak izango dituztenak, eta ez duela, beraz, zentzurik, esan izan den bezala, hori haietako batzuen kapitalaren status quoa mantentzeko dela esateak, kontrakoa delako, hain zuzen.
2. Ikusiko dugu nola meategien industriari lotutako familietan, ia beti familia ugariak zirenak, bestalde, pertsonen arteko harremanak gertatzen ziren: bi anaia bi ahizpekin, etab.
3. Ikusiko dugu nola Batxilergoko Institutuko harremanetan geroztikako erlazioak izaten diren.
4. Ikusiko dugu nola enpresa beretan leialtasun bat gertatzen den goi mailako enplegatuen artean.
XIX. mendeko biografietan Tomás de Epalzarekin hasi gara, zeina seme-alabarik gabe hil baitzen. Baina Epalzatarren gainerako ahaideek Bilboko bitartez: Palaciotarrak, de la Quadra-Salcedotarrak, Olabarritarrak, Escuzatarrak, Lerenatarrak, Sagarmínagatarrak; edo erbestean, 1936–39ko Gerra Zibilaren ondoren, Aranzaditarrekin, edo Solanotarrekin, etab. Beste pertsonaia bitxi bat, Luciano de Urízar, merkatarien semea, baina hura ere Gernikako landa nobleziakoa, antzerki enpresaria eta sustatzailea, Julián Gayarre tenorearen adiskidea, zeinak haren hiletan kantatu baitzuen, nor izango eta Luciano Zubiría gorteetako diputatuaren, Luis Zubiría Urizaren (Yanduriko markesa), Mercedes Churrucaren (Motrikuko kondesa) eta Teresa Zubiríaren (Abrako kondesa) aitona zen.
Bestalde, Cosme Zubiría Echeandía (Barakaldo, 1808—Bilbo, 1880), merkatarien eta Bilbon kokatutako itsasontzien kontsignatario familia bateko semea, Prudencia Ybarrarekin ezkondu zen 1844an; emakume hori meategietako negozioen aitalehenaren alaba zen, eta Juan eta Gabriel bere koinatuekin lan egin zuen gero. Haiengandik guztiengandik seme-alaba asko sortu ziren denboran zehar luzatuko zen katean; adibidez, haien semeak Tomás eta Pedro Zubiría Ybarra, edo haren anaia Salustiano eta haren seme Luis, Luciano Urízaren arreba batekin eta alaba batekin ezkonduak, hurrenez hurren. Zubiríatarrak ez ziren bakarrik Ybarra familiarekin eta Urízar familiarekin konektatu, baita ere Churrucatarrekin, Yohntarrekin, MacMahontarrekin, Arana-Ybarratarrekin, etab.
Martínez de las Rivastarrak; José María aitalehena bi emakume ingelesekin ezkondu zen arren (Cecilie Tracy-Toole, 1847–1879, eta Maria Richardson, 1875–1955), haren bederatzi seme-alabak familia ezagun batzuekin ahaidetuz joan ziren: Aburtotarrak, Amanntarrak, Aranatarrak, Bayotarrak, Bordatarrak, Monasteriotarrak, Ocharantarrak, Olabarríatarrak, Urquijotarrak,…
Familia arteko gurutzatze asko zeuden; familia emankor asko egoteaz gainera, Ybarratarrak bezala, seme-alaba gutxiago zituzten familiek, De las Rivas Ubietatarrak, adibidez, beste familia batzuekin nahasiko zituzten azkenean beren ondorengoak: Ocharantarrak, Amanntarrak, Aburtotarrak, Aranatarrak, Bayotarrak, Bordatarrak, Mazastarrak, edo Monasteriotarrak. Estanislao Urquijo, Urquijoko I. markesaren lerroa ere, zeina ezkongai hil baitzen eta bere bi ilobak izendatu baitzituen oinordeko (Juan Manuel Urquijo Urrutia eta Matilde Erice Urquijo, Francisco Cubas madrildar arkitektoarekin ezkondua), Bilboko Zazpikaleetako beste familia batzuekin nahasi zen, besteak beste, Aldamatarrekin, Allendesalazartarrekin, Landechotarrekin, Ybarratarrekin, etab.
Siderurgiako oligarkia esaten zaion horren abizenetatik ateratzen bagara, gauza bera gertatzen da. Errepara diezaiogun Leonardo Torres Quevedo ingeniari-asmatzailearen familiari: haren aitita Torres-Vildósola Mexikon bizilekua hartutako indianoen (Vildósola, Arteakoa) eta militarren semea eta biloba zen, Urquijotar batekin ezkondu zena. Antonio Cirilo de Vildósola Labayen (1793–1835) Bilboko hiribilduko errejidore bat zen, Luchana nobelan agertu zena, Benito Pérez Galdósen Episodios Nacionales kontakizunetako batean, alegia; beste ahaide bat Emilio Muruaga Vildósola (1830–1909) zen, Espainiako enbaxadorea Mexikon (1875–82), eta gero Anberesen eta Vienan; hirugarren bat Antonio de Vildósola Mier (1829–1893) zen, kazetari ospetsu bat, Ybarra y Mier elkartean partaidetzak zituena eta Eduardo Coste Vildósolaren kidea, zeina baitzegoen Doloresekin ezkondua, Máximo Aguirreren alabarekin, hain zuzen; edo, baita ere, Álvaro Alcalá-Galiano Vildósola (1873–1936) pintorea, Real Aprecioko kondea. Leonardoren iloba, Anita Torres-Quevedo Allsop, José Cabrero y Mons pintorearekin ezkondu zen, Francisco Iturrino pintorearen lagunarekin, alegia. Alde Zaharreko hainbat familia aurkitzen ditugu berriz hemen, jatorri desberdinekoak, ahaidetuak: Torres-Vildósola-Mier-Muruaga-Ybarra-Aguirre.
Alde Zaharrean bizi zen jende nahasketa bat zen Bilbo, gauza asko elkarrekin jasan zituzten familien nahaste bat: gerretako setioak eta kolera-izurriak. Errepasa ditzagun, 1875eko erroldarekin1, XIX. mendeko Bilbo hartako bi kale desberdin: Posta kalea eta Gurutzeta kalea: ikusiko dugu zer jende bizi zen haietan eta egiaztatuko dugu sistema demografikoa arestian aipatutakoa zela eta erlazio asko auzokideen artean egiten zirela. Ez zegoen mailakako gizarterik egunerokotasunean, komunitate irekien gizarte bat baizik, non lana baitzen bizitzeko estiloa. Ez zegoen soziabilitate esklusibista bat sustatuko zuen klase aristokratiko bat, burgesia maila desberdinak baizik, ahaleginez, kemenez, ilusioz eta grinaz bizi-maila hobeago baten bila. Elite burges horrek itsasoan bainatzeko zaletasuna eta uraren kultura osasun-iturritzat aurkituko zituenean, tranbiak bainuetxeetara eta hondartzara hurbilduko zituen gainerako guztiak2.
Posta kalea XVI. mendean eratu zen, Santiago eliza Areatzarekin elkartuz, eta Santiago kalea deitu zen. 1821ean estatuaren posta zerbitzua han ezarri zenean hasi zen Posta kalea deitzen. Ia XX. mendea arte zenbaketa basilikan hasi eta Areatzan amaitzen zen (gaur egungoaren alderantziz)3. Kaleak armarridun eraikin-jauregi asko zituen, ahaide nagusienak, hala nola Ampuerotarrena, Allende Salazartarrena (Posta 14 edo Jaspe Etxea, Ereñoko haren harriagatik horrela deitua), Gortázartarrak edo Ampuerotarrak, etxetzar zabalak guztiak eta oso ondo eraikiak. Baina familia horiez gainera, arestian aipatu dudan nahaste hori aurkitzen dugu.
Areatzatik sartuta, alde batean hotela zegoen eta bestean, berriz, Ampuero etxearen behealdean, Café Suizo y Pastelería, de Matossi y Compañía gozotegia zegoen. 24. zenbakian, Gortazartarren jauregia. 26an, Eduardo de Aznar y Sota ontzigilea bere seme-alabekin eta —ezkondu zen arte— haren lehengusua, gero enpresari handia, Ramón de la Sota. 28. zenbakian Au Monde Elégant denda zegoen, Pacho Gaminderena, eta 30ean, berriz, Ángela de Gortazar Munibe bizi zen, Manuel Gortazaren arreba eta Torres Vildósola ingeniariaren alarguna. 15. zenbakian, Briñasen alarguna, filantropoarena, alegia, Bizkaiko Institutuko katedratiko bi bizilagun zituela: Naverán anaiak. 16an Nicolás Delmasen liburu denda eta inprimategia zegoen; ondoan kabinete fotografiko bat zeukan Alfonso Guiard optikoak, bere zortzi seme-alabekin: bat pintorea izango zen eta bestea, berriz, hiribilduko artxibozaina-historialaria. 13. zenbakian, Palmetarrak eta beren oihal denda, bai eta Zuricaldaytarren txokolate biltegia, eta solairu nagusian, Dolores Chirapozu haren senar Gabriel Lambarrirekin, jabea hura, biak Indietako diruarekin; Chirapozutarrak Busturiako zeramika fabrikaren jabeak ziren eta ahaideak bai Ucelay pintorearenak eta bai Unamunorenak. 11. zenbakian bizi ziren Juan Echevarría la Llana, jabea eta ahaldun nagusia, eta haren emaztea Tomasa de Arriaga, alaba batekin eta hiru neskamerekin; hirugarren solairuan, Manuel María de Gortazar (haren emaztee Susana Mansorekin, zortzi seme-alabekin eta bost morroirekin). 7. eta 8. zenbakietan ezin zen bizi sabaia, paretak eta habeak hondatuta zeudelako bonbardaketaren ondorioz. 10ean, Echevarría-Rotaechetarrak bizi ziren, bi seme-alabekin; enpresari bihurtutako latorrigilearen semea zen Rotaeche.
4. zenbakian Luis Zubiría Ybarra bizi zen bere familiarekin. Baita ere Sopuertako enkarterritar bat, Kuban aberastu zena, Patricio del Castaño, bere emazte kubatarren eta bere bi seme-alabekin bizi zena: Adela eta Nicolás. 5. zenbakian, Gerrikogin kalearen izkinan, Gastón y Daniela alfonbra eta tapiz denda, eta Adelia Iváñez turroi denda, 1827an Juan Bautista Belaunzaránek 1827an eraikitako eraikinean. 3. zenbakian Zuricalday familia zabala, arestian aipatua: gozogileak.
Jarrai genezake Alde Zahar barneko beste kale batzuetako demografia aztertzen, adibidez, zer jende bizi ote zen Gurutzeta kalean, kale motz batean, alegia. Mutur batean Zamudioko Atariarekin zuen muga, zeina urte haietan Puerta del Sol moduko bat baitzen, Tenderia, Artekale eta Somera hiru kale nagusietarako sarbide gune aktibo bat, alegia. Beste muturrean, kalea Institutuko plaza txikian amaitzen zen, zeina baitzen Bizkaiko Ikastetxearen eta Bizkaiko Institutuaren egoitza, eta hara ematen zuen Iturribide kaleak eta handik ateratzen ziren Mallonako hilerrira eta Begoñako elizara zeramatzaten galtzadak.
7. zenbakiko lehenengo solairuan Telesforo de Aranzadiren —botanikako katedraduna Bartzelonan eta gero antropologiakoa— gurasoak bizi ziren, eta beheko solairuan kokatuta zegoen gozo-denda bat zeukaten; han bizi ziren, baita ere, Unamuno haren ama alargunarekin, Unamunoren osaba-izenak, eta Moreno Aranzaditarrak ere bai, Athleticeko jokalari ospetsuaren gurasoak, alegia, eta atikoan Antonio María de Lecuona pintorearen estudioa zegoen. Handik ez urrun, Erronda kaleko 16. Zenbakian (harresia inguratzen zuenean), Arriaga musikaria bizi izan zen, Unamuno bera jaio zen eta biziko ziren lau Arruetar pintoreak.
Zazpikaleko eta San Anton elizatik gertuko Erriberako portuko Bilbo hori lekualdatuz joan zen ibaiko beste ertzetik (Abandoko elizatea) Martzanako, Erripako eta Uribitarteko kaietara, eta eskuineko aldetik, berriz, Areatzarantz. XVIII. mendearen hasieran, Areatza horrek ontziak atrakatzeko eta ainguratzeko baldintzen zerbitzua ematen zuen, ontziak San Antoneraino igotzerik ez zutenez.
1791. urtean eramanak zituzten jadanik Estufako etxea (ontziak bikeztatzeko) eta Iditegia (karga garraiatzeko) Campo Volantinera eta Olabeagara materialak arriskutsuak zirelako; udal egoitzak Campo Volantinera eramatea 235.000 erreal kostatu zen kobrezko txanponetan. Horrela eratu zen San Nikolaseko errebala, Askao-Itxaropen-Sendeja kaleen lerroari jarraituz Ybarras hariztiraino iritsi arte (gaur egun Campo Volantin deitua), San Agustin komentua (eta gaur egun udaletxea) egon zen lekuraino, alegia. Areatzako zelaiak eta ihitegiak espazio eraiki bilakatu ziren, eta itxura berri eta kosmopolita eman zioten, hala, hiribilduari. Juan Iturburu obra-maisuak San Nikolas elizarekin lerrokatutako etxe-ilara berri baten planoak egin zituen; ilara hori Sendejaraino joango zen, non baitzeuden Bilbo Begoñatik bereizten zuten harrizko bolardoak. Horrela jaio ziren Estufa kalea, aurretik, (lehen Areatzetako pasealekua eta 1900. urteaz gero Epalzaren Alarguna kalea) eta Itxaropena, atzetik, 1790ean.
Nor bizi zen kale berri eta ibaiko aireari Zazpikaleak baino irekiago horretan? Ikusiko dugu nahaste soziala lehengo bera zela. 1879ko erroldaren arabera, Ventura Gómez de la Torreren jauregia zen lehenengo etxea, zeinak 17903an San Nikolas eliza eta Udaletxe ondoko lurrak erosi baitzituen; hor egin zen 1840an Jorge de Sarachagak errusiar printzesa batekin izan zuen semearen bataioa.
2. zenbakian bizi ziren alkate ohi bat , Joaquín de la Quintana; abokatu bat, Lázaro Careaga; Berangoko bi errentadun, Pedro Aguirre eta Pedro Icaza; eta laugarren solairuan, Hoffmeyer ingeniaria, Lucía Arisquetarekin ezkondua eta hiru alaba zituena. Atzerritarrek goiko solairuak aukeratu zituzten: hurrengo zenbakiko laugarren solairuan Hilario Lund Know biziko zen, bakailao eta egur salerosketan aritua, eta 4. zenbakiko hirugarren solairuan, berriz, Teodoro Seebold Bruckmann ingeniari alemana bizi zen. Bosgarren solairuan, txapitelean, Pedro Abásolo izeneko zurgin bat, bere emaztearekin eta semearekin, neskame batekin eta bi zurgin aprendizekin. Ikusten dugu, beraz, eraikin berean alkate ohiak, ingeniariak, enpresariak, merkatariak eta zurginak daudela.
Kale bereko 3. zenbakian Juan Olabarri Aldamaren (1788–1863) alarguna bizi zen; merkatari hura lehenik Epalzatar batekin ezkondu zen eta gero Magdalena Massino Lerarekin (1811n jaioa), zeina baitzen Bilbon bizilekua hartutako italiar merkatari batzuen alaba. Alargun hori bere semearekin bizi zen, zeina baitzen enpresa-kapitain handi horietako bat, José María (1849–1924) eta haren emaztearekin, Manuela Zubiría Ybarra, eta urtebeteko alaba batekin; han bizi ziren, baita ere, Magdalenaren ahizpak, Lucía eta Juana, bi neskame eta inude bat4.
Estufa kaleko 5. zenbakian, lehenengo solairuan, Eguillortarrak bizi ziren, haiek ere Indietako diruekin aberastuak; laugarren solairuan, Ángel del Palacio bizi zen, Gordexolakoa, alarguna, bere sei seme-alabekin (Cosme, 1858an jaioa, probintziako diputatua izan zen eta indar handia eman zien bere aitak sortutako Arabako Errioxako Palacio bodegei), saltzaile batekin eta hiru neskamerekin, eta lehengusu arkitektoarekin, Alberto de Palacio, gero Zubi Esekiaren eragilea izan zena.
6. zenbakian Ganatarrak bizi ziren, Saturnino, alarguna, Tomás Ganaren semea, merkataria eta itsasgizona, frantsestua, Boluntarioen Milizia Nazionaleko komandantea izana eta Bilboko bigarren alkatea 1812ko abendutik 1815 urtea arte. 1820an ontzi alfereza zen, 1821ean Bilboko Behin Behineko Gerra Batzordeko kidea izan zen eta 1823an, berriz, Bilboko alkatea. Saturnino bere seme ingeniariarekin bizi zen, Enrique de Gana Suárez, zeinak 1892an Tubos Forjados fabrika sortuko baitzuen Olabarri bizilagunarekin batera. Eta haien gainean Lino Arisqueta Achúcarroren alarguna bizi zen, zeinak negozioak egin baitzituen Mexikon (jabea zen, hiru seme-alabekin eta hiru morroirekin).
7 eta 8 zenbakietan, bi eraikinetako bigarren solairuan, González de Careagatarrak bizi ziren; aita, Miguel, 1830eko maiatzaren 3an jaio zen Lanestosan eta dirutu egin zen Mexikon. Evelina Bishopekin bigarren aldiz ezkondua, bere amaginarrebarekin eta sei seme-alabekin eta bost neskamerekin bizi zen; neskameetariko batzuk frantsesak ziren.
Haren semeetako bat, Enrique (1872–1936) Athleticeko lehendakaria izan zen 1903tik 1906ra, eta garai hartako nabigatzailerik onenetako bat zen eta Alfonso XIII.a erregearen finantza aholkularia. Enrique hori, Pedro, Cadaguako kondearen eta Adolfo Careaga Urquijo, 1937an erailaren osaba zen. 14. zenbakian (Zabálburutarrak zituen jabe) Juan José Araquistain eta Salustiano Zubiríaren familiak bizi ziren; bigarren solairuan, Orueta bizi zen, udal arkitektoa, eta Ramiro de Orbegozo itsas artekaria; goian, Orbegozo Lequericatarrak, eta laugarrenean, Rochelttarrak eta Palmetarrak, atzerriko bi familia, baina jadanik zeharo bilbotartuak.
Endogamia esan izan zaion horren beste giltzarri bat Bizkaiko Institutuko ikasleen arteko laguntasun harremanak ziren edo Urduñako jesuiten barnetegian zeudenenen artekoak, edo XX. mendean jadanik, Lekarozko Nuestra Señora del Buen Consejo Ikastegian sortu zirenak, fraide kaputxinoek 1888an Baztanen sortutako barnetegian, alegia5.
Urduñako jesuitetan batera aritu ziren Ramón de Basterra poeta eta diplomazialaria eta Estanislao María de Aguirre, eta elkarri lagundu zioten idazle gisa. Sabino Arana politikariak bere ideia nazionalistetan leial jarraituko zioten beste batzuekin batera ikasi zuen han: Gregorio Ibarreche (PNVko lehenengo alkatea), Alfredo Acebal y Gordon (Balmasedakoa), Euskalduna frontoiaren arkitektoa 1895ean eta Periko Chalbaud, Sociedad Española de la Dinamita enpresako ingeniaria eta ahaldun nagusia izango zena, eta zeinak Luis Chalbaud bere anaia jesuitarekin Deustuko Unibertsitate Komertzialak martxan jarri zuen Fundación Vizcaína Aguirreko patronatuko kide izango zena. Lekarozen, berriz, batxilergo eta merkataritza ikasketak 1898an hasi ziren, eta bizkaitar askok ikasiko zuten han, bai eta harremanak egin haien artean, erbestean ere iraungo zutenak.
Harremanik sendoenak Bizkaiko Institutuan ezarri ziren; ikastetxe hura 1846an sortu zen, eta Bizkaiko Aldundiaren mende zegoen. Cosme Echevarrietak Bernabé Larrínaga, udal sendagilearen semea, ezagutu zuen institutuan eta Echevarrieta y Larrínaga (1884) meategiak ustiatzeko enpresa sortuko zuen harekin, hitzezko tratuz errentan zeukatena. Bernabé hil zenean, haren seme Isidorok Horacioren esku utziko zituen haren negozio guztiak; Horazio Cosmeren semea zen, eta kontraturik egin behar izan gabe utzi zizkion. Víctor Chávarrik Bizkaiko Institutuan ikasi zuen eta ikaskide izan zituen han, bere anaia Benignoz gainera —Víctorengandik sekula bereizten ez zena— Ramón de la Sota, Tomás de Zubiría, Ángel eta Manuel Allende Salazar, eta José Tartiere, beste ingeniari bat, gero Santa Barbara de Lugonesko markesa izango zena dinamitarekin egindako esperientziengatik. Madrileko politikan ezaguna izan zen Chávarriren hitzaldien eta mintzaldien laburra eta, baita ere, Allende-Salazarek esaldiak ez bukatzeko zuen modua. Pedro Eguilloren (1877–1937) ikaskideak izan ziren Camiña anaiak, bata arkitekoa, Raimundu Berazaz eta Leonardo Rucabadoz gainera, horiek ere arkitektoak, Gabriel Ybarra eta Teófilo Guiard. Adolfo Guiardek izen txikigarriz deitzen ziotela esaten zuten, Pedrito, katalejua alderantziz jarrita begiratzen ziotelako. Hango ikaslea izan zen, baita ere, José Félix de Lequerica, Atzerriko Ministroa Francorekin eta Pedro Guimón eta Tomás Bilbao arkitektoen ikaskidea.
Enpresa taldeak ere elkarren arteko erlazio profesional eta konfiantzazkoen beste adibide bat izan ziren. Ia enpresa-kapitain horiek guztiek zuzendaritza talde oso elkartuak eratu zituzten, sarritan ideia politikoetan bat ez etorri arren. Pertsonen arteko erlazioak eta laneko erlazioak ideia politikoen gainetik zeuden. Echevarrietak pertsona beren esku utzi zuen hamarraldi askoan bere negozioen egunerokoa: José Madaleno Zárraga bere koinatua, Juan Antonio Aldecoa Arias itsas ingeniaria eta Luis Aranguren, gerora Mexikora erbesteratuko zena6. Negozioen ardura hartzerakoan, bera leiala izan zitzaion bere aitaren ahaldunei: Miguel Iturrino Aguirrebeña ingeniariari, Vicente Salvidegoitia ontzi kapitainari, Miguel Iturrino Aguirrebeña ingeniariari, edo Gaspar Leguina ontzien artekari interprete eta zamatzeko tokien eraikitzaileari (haren ideia errepublikanoekin bat egiten zuen bakarra)7, edo Manuel Unzurrunzaga eta Gumersindo de Azcárate abokatuei. Ramón de la Sotaren kasuan gauza bera gertatu zen: Eduardo Landeta y Aburto (1867–1957) bere lehengusua izan zen bere eskuineko eskua, Eduardo Landeta artistaren aita zena, baina era berean lan egin zuten harekin Ignacio Rotaechek, Domingo Epalzak, etab.
Endogamia enpresariala ez zen ezkontza bidezkoa bakarrik izan, baita adiskidetasunezko harremanena ere, ideia politikoetatik harago. Cosme Echevarrieta errepublikanoa Bernabé Larrínaga, udaleko sendagilearen adiskide mina zen; Bernabé Aburtotar batekin ezkonduta zegoen, Ramón de la Sota nazionalistaren emaztearen izebarekin, alegia. Itsas enpresak elkarren lehian ari baziren ere, atzerrian lehiatu behar zirenean, ordea, elkar hartzen zuten aukera komunak bilatzeko.
Batzuetan familia harreman horiek zubi gisa balio izan zuten desadostasun politikoetan. Victor Chávarri berandu sartu zen politikan, eta, bereziki, bere interes enpresarialak defendatzeko, “diputatu profesionalek” defendatzen ez zituztela esaten zuelako. Baina politika familian zegoen: haren aita zinegotzia izan zen Portugaleten, haren aitona Batzar Nagusietako kidea, eta haren osaba eta tutorea, Benigno de Salazar, berriz, Ahaldun Nagusia eta gero Bizkaiko Aldundiko lehendakaria izan zen 1880tik 1884ra bitartean. Haren aitaginarreba, Atanasio Anduiza, berriz, Alzola buru zuen Batzorde Liberaleko kidea izan zen 1884an, eta batzorde horretako idazkaria zen berebat Manuel Goyarrola, bere anaia Benignoren emaztearen osaba, Aldecoa Goyarrolatar batekin ezkonduta zegoena. Gainera, Benignoren alaba bat Álvaro Alcalá Galianorekin ezkondu zen, eta Víctoren alaba bat José María Olabarri Massinorekin, eta haien semea, Víctor, Trianoko markesa 1920an, Povedatar batekin. Aldez aurretik, bien arreba, Dolores, José María Lizana, Casa Torreko markesarekin ezkondu zen. Hemen ikusten dira baita ere Portugaleteko eta Bilboko familien arteko erlazioak: Chávarri–Salazar–Aldecoa–Anduiza–Goyarrola–Olabarri–Alcalá-Galiano–Poveda–De la Sota–Arteche–Zubiría–Villabaso. Hau da, denbora gutxin, bi belaunalditan hamabi abizen nahasi ziren, eta gero bir-konbinatu egingo ziren. Baina horrek ez zuen zerikusirik interes ekonomikoetan oinarrituriko oligarkia batekin, aitzitik, hiriak ez zuen gehiagorako ematen; horregatik integratu ziren hain azkar mende hasierako atzerritar merkatari haiek guztiak.
Labirinto genealogikoa korapilatu egin zen XX. mende amaierarekin, non abizen batzuk antzekoak baitziren, baina ez zuten jatorri bera. Adibidez, konpara ditzagun Urquijo abizeneko bi dirudun familia handi: Adolfo Gabriel de Urquijo Ybarra (Urquijoko konde pontifikala 1907an) eta Estanislao de Urquijo Ussía, Urquijoko hirugarren markesa.
Adolfo Gabriel de Urquijo Ybarra (1866–1933) Bilbon jaio zen; hona haren neba-arrebak: Luisa (Aingeru Zaindarien kongregazioko ama nagusia), Julio (euskararen alorrean garrantzi handia izan zuena) eta José María (abokatua eta propagandista katolikoa, 1901ean La Gaceta del Norte egunkaria sortu zuena, eta 1936an fusilatua). Urquijoren aita ez zetorren Laudioko markesaren lerrotik, aitzitik, hiribilduko eskribaua eta notarioa zen, meategietako Ybarra batekin ezkondua. Adolfo Gabriel, berriz, Mariarekin ezkondu zen, José Martínez de las Rivas enpresari siderurgikoaren alaba nagusiarekin; Rivas hori Francisco Martínez de las Rivas, Mudelako markesaren iloba propioa zen.
Estanislao de Urquijo Ussía (1872–1948,), berriz, Urquijoko hirugarren markesa, Madrilen jaioa, Espainiako Handia 1918. urteaz gero, Pilar Landecho Allende-Salazar gernikarrarekin (1877–1939) ezkondu zen 1898an. Estanislao Banco Urquijoko eta Compañía Telefónica Nacional de Españako zuzendaria izan zen (lehendakaria izango zen 1924tik 1944ra); senar-emazteak Madrilen eta Laudioko Lamuza jauregiaren artean bizi ziren, non festak egiten baitzituzten pertsonaia bikainekin, nola diren Sorolla pintorea, Terán piano-jotzailea, Costa biolin-jotzailea, eta hara joaten ziren Alfonso XIII.a eta Victoria Eugenia errege-erregina, urte batzuk lehenago Zabalburuko etxera joanak ziren bezala Bilbora etortzen zirenean. Diputatua izan zen Amurriotik legealdi askotan eta sekula ez zuen ez kargu politikorik ez ezein ministeriorik bere borondatez izan. Adolfok ez zuen seme-alabarik izan eta bere jenio txarragatik eta bere intriga politikoengatik ezaguna izan zen; Estanislaok, berriz, hamabost seme-alaba izan zituen eta bere festengatik izan zen ezaguna. Biak bihotzeko gaixotasunez hil ziren beren landa-etxeetan, bata Churruca-enean, Ategorrietan, eta bestea, berriz, Lamuzako jauregian, Laudion.
Endogamia, beraz, naturalki gertatu zen Zazpikaleetara mugatutako hiribildu hartan. Ez zen familia barruan hartutako ondarea eta boterea gordetzeko bitarteko bat, ezkontza bidez atxikia geratzeko moduan. Portaera horrek ez zion aldez aurretik ezarritako ez estrategia bati ez politika bati erantzun, aitzitik, naturaltasun baten fruitua izan zen; hala, Mungiatik zetozen Orbegozotarrak, Bilbon bizilekua hartzean Jugotarrekin, Lequericatarrekin, Zubiríatarrekin eta Mazastarrekin (Sánchez-Mazas) elkartu ziren. Klase sozial batzuek besteekin bat egin zuten. Desberdin samarra izango zen endogamia Negurin Gerra Zibilaren ondoren, denborak aurrera egin ahala jarduera hori gero eta gehiago hedatu baitzen, harik eta zirkulu familiar bat eratu zuen arte, zirkulu neurri batean itxia, alegia, bere idiosinkrasia propioa zuena.
[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK
- Erroldei eta haien datuei buruz badaude haien berri ematen duten blog bikainak, Estornes Lasarena, besteak beste. [itzuli]
- Badakigu ezen 1898. urtean zehar Bilbo-Areeta tranbia elektrikoak 1.700.000 lagun garraiatu zituela. [itzuli]
- Postazko harremana ezinbestekoa izan zen Bilbo bezalako hiri komertzial batean; Kontsulatuak eta Kontratatzio Etxeak beren posta eta mezulari zerbitzu propioa ezartzeko pribilegioa izan zuten; gutunak San Anton parrokiari atxikitako eraikin batean uzten ziren eta Bilboko Postari Nagusiak eta Postetako Maisuak kontrolatzen zuen, zeina 1577an Íñigo de Aperribay baitzen, 1648an Pedro Ibáñez de la Rentería eta 1691an, berriz, Juan Barrenechea. 1716an Felipe V.ak agindu zuen posta zerbitzua estatuaren erantzukizuna eta administrazioa izan zedila aurrerantzean eta esku pribatuetan egoteari utz ziezaiola, eta Posta eta Zamariak sortu zuen. 1762an lehenengo postontziak ipini ziren, 1756an postarien kidegoa eratu zen eta 1850ean zigilua erabili zen “aldez aurretiko ordainketa” gisa; 1855ean telegrafoa sartu zen eta 1884an, berriz, telefono zerbitzu publikoa. Bilbon, zerbitzuaren lehenengo bulegoa 1821ekoa zen. César Estornesen blogean emandako informazio ordainezinei jarraitzen diet hemen https://memoriasclubdeportivodebilbao. blogspot.com/2017/04/los-vecinos-de-la-calle-la-estufapadron.html).
Badaude beste blog garrantzitsu batzuk Getxoz, Portugaletez edo Santurtziz, non ez baita berez historia egiten, baina era guztietako materialak hurbiltzen dizkiote irakurleari, oso material interesgarriak, alegia, nahiz batzuetan aurreiritziren bat suertatzen den tartean: https://memoriasclubdeportivodebilbao. blogspot.com/2017/04/los-vecinos-de-la-calle-la-estufapadron.html; http://mareometro.blogspot.com/2015/11/conferencia-de-goio-banales-en.html; http://bibliotecadigitalportugaluja. blogspot.com/p/contacto.html [itzuli]
- Bestalde, Olabarri Massinok bazuen aitaren aldetik amona bat Aldanatarra zena, bere aitaren lehenengo emaztea Epalzatar bat izan arren. Manuela Zubiría e Ybarrarekin ezkondu zen (1855–1921), Cosme Zubiría Echeandíaren eta Prudencia Ybarra y Gutiérrez de Cabiedesen alabarekin, alegia, eta bildu zituen, hala, meategi gehien zituzten familietatik bi, eta bost seme-alaba izan zituzten: María (1878–1964), Magdalena (1882–1969), Julio de Arteche Villavaso, Artecheko kondearekin ezkondua; José María (1891–1947), María de los Ángeles Chávarri Anduizarekin ezkondua —Víctor Chávarriren eta Soledad Anduizaren alaba— 1891ko azaroaren 11n Bilbon, Arbolantxa kaleko 12. zenbakian; Tomás, zeina ezkongabe geratu baitzen; eta Luis María, Begoña de la Sota Aburtorekin ezkondua, Ramón de la Sotaren eta Catalina de Aburtoren alabarekin, hain zuzen. [itzuli]
- Batxilergo eta Merkataritza ikasketak 1898an hasi ziren. Hortik igaro ziren Ucelay pintorea, Jorge Oteiza eskultorea, Nicanor Zabaleta harpa-jotzailea, Jesús María de Leizaola, 1979 arte erbesteko Euskal Gobernuaren lehendakaria zena, edo Alfonso Marqués de Portago kirolaria. Kaputxinoak izan ziren Hilario Olazarán, Dámaso de Elizondo, José Antonio Donostia eta Jorge Riezu musikariak, eta hor bisitatu zituen 1927an Maurice Ravelek. 1916 arte George Washingtonen, Estatu Batuetako lehendabiziko lehendakari konstituzionalaren erretratua egon zen hor, Charles Eilson Pealek pintatua. [itzuli]
- Gonzalo Dúo, “Las memorias del racionalista Luis Aranguren, entre las trascendentes de Unamuno y las divertidas de Orueta”, Bidebarrieta: Revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao, 19. zk., 2008, 203–22. or. [itzuli]
- Gaspar Leguina kazetaria ere izan zen. Irurac-Bat egunkariko zuzendaria izan zen 1879ko azarotik 1881eko abendura, Cosme Echevarrietarekin batera erosi baitzuen, Federico Solaeguiren laguntza finantzarioarekin egunkari demokratiko bihurtzeko. 1881eko abenduaren 10ean El Norte egunkaria sortu zuen, Martínez de las Rivasen eta Aburtoren laguntza ekonomikoari esker, eta haren zuzendaria izan zen baita ere 1890ean egunkaria desagertu zen arte. Horaciok bakarrik izan zituen arazoak Julián Olaverekin, zeinak Cosmerekin lan egin baitzuen 1867–80an eta berriz ere 1895ean. [itzuli]