Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Losada - Danbolinteroa

Kosme de Barañano

Izenburua:
Losada - Danbolinteroa
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Antropologia | Folklorea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Gizarte-kronika | Bilbo | Musika | Musika-tresnak | Herri-kultura | Burgesia
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Teknikak:
Pastela
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Losada Pérez de Nenin, Manuel

Terentzio jauna eta Txango, txistularia (Don Terencio y Chango, El txistulari)1 Losadaren koadroak Terentzio erraldoia irudikatzen du, Bilboko jaietako kartoizko pertsonaia bat, San Anton elizako kanpandorrearen eta udaletxeko danbor-jole ofiziala zen Txango txistulariaren artean. Terentziok eta Txangok bi adarreko kapela dute buruan, Frantziako chapeau de bras (besoko kapela) izenarekin ezagutzen den motakoa, erraz tolestu daitekeena besapean eramateko. Terentziok saiheska darama kapela, konposizioaren goiko aldetik moztuta; danbolinteroak aurrez aurre darama, eta lepo eta eskumutur beltzak dauzkan kasaka gorri batez dago jantzia. Lehen planoko baranda batek eszena mugiarazten du eta perspektiba ematen dio multzoari.

XIX. mende hasierako Bilbo horretaz mintzatzen dira bi pertsonaiak: Terentzio, jaietako pertsonaia barregarriez (musulmanen aurkako Erdi Aroko oroitzapenak), eta Txango, irudikapen-figura batez (Antzinako Erregimenekoa)2. Don Terentzio kartoizko irudi bat da, erraldoi eta buruhandien tradizio herrikoian kokatzen dena, herriko jaietan ohikoa izaten dena (beste garai bateko “errege mairuen” karikatura); halako irudiek festetan eta prozesiotan desfilatzen dute, adibidez, Evorako Corpus Christian (1265) edo Iruñekoan (1276), San Fermin egunean. Irudi hauek agintariekin batera joan ohi dira, dantzan eta haurrak animatuz. Erraldoiek ikaragarrizko altuera dute, halako prestutasun-tankera bat ematen diena, eta buruhandiek (kiliki deituak), altuera txikiagokoak baitira eta neurriz kanpoko buru batekin, efektu komiko bat sortzen dute. 1654tik daude Bilboko erraldoien erreferentziak3. Kurding Clubeko kideak ziren Terentzio erraldoiaren kartoizko buruaren jabeak.

Francisco María de Arzuaga Letamendia danbolinteroa da “Txango” (Tolosa 1800–Bilbo 1881), eta herren egiten zuelako jarri zioten goitizen hori. 1825eko urtarrilaren 21ean “hiriko danbolintero plazarako” izendatu zuten, eta 1881eko urtarrilaren 14an hil zen arte bete zuen postu hori4. Bilbok danbolinteroak izan ditu musikari gisa ekitaldi ofizial eta sozial guztietarako, Euskal Herriko beste herri batzuek bezala. San Antongo elizako kontu-liburuetan 1536an ageri da jadanik danbolinteroari egindako ordainketaren erregistroa. Esan dezakegu Txangok Bilboren etorkizunari igarri ziola; izan ere, bere hiriko eta Begoñako elizateko danbolinteroa izateaz gainera, bere koinatua Abandokoa zen, eta bere lehengusua Deustukoa. Hau da, Arzuaga familiak, gure musikariaren gidaritzapean, bere familia eta harremanen logikarekin, antzeman zion etorkizuneko Bilboren eraketari, hiri berria behin betiko eratu zuten lau udalerriak hartuz.

Losada5, Parisen sei urte eman ondoren Bilbora itzuli zenean, bere guraso eta aitona-amonen Bilboren memorialista bihurtu zen, Zazpi Kaleetako Bilbo harena, kapela luzeko jaunak eta dama dotoreak prozesioen edo jaien errituetan murgilduta ibiltzen zirena. Losadak ondo eraikitako eraikin publikoen, zezen-jaien edo Plaza Barriko agerraldien Bilbo bat birsortu zuen, Venezia balitz bezala, Areatzakoa bezalako pasealekuen Bilbo bat, edo erraldoi eta buruhandiena. Pertsonaia eta une hauek ageri dira Losadaren laguna zen Emiliano Arriagaren lanetan ere, eta horietako batzuk, oraindik ere, XX. mendeko Bilboko jaien albisteetan jasotzen dira6. La pastelería. Novela histórico-bilbainesca por un Chimbo obran, XIX. mendeko berrogeita hamarren hamarkadako Bilboko bizitza burgesa birsortzen du Arriagak, merkatarien hiri bat, krisi sozial eta ekonomikoen tentsioak oraindik sortu ez direna7. Harena, ordea, deskribapen nobelatu eta nostalgiko bat da, Sabino Aranaren ideiak izango diren bezalakoak industria- iraultzaren aurreko Bizkaia ia adaniko bati buruz. 12.000 biztanle eskas zituen Bilboren nostalgia burges hori sintetizatzen du Losadak, nahiz eta Parisetik itzuli zenean 40.000 pertsona baino gehiago zeuden hirian, eta zabalduz zihoan gainera.

Losadaren nostalgia honek bere gurasoen Bilbo hura XIX. mendearen aurrekoarekin bateratzen du, non guardia forala agertzen den, 1784ko irailaren 29an sortu baitzen lehen mikelete taldea (Partida Volante de Miqueletes) edo miñoiak (Cuerpo de Miñones), herritarrak lapurren eta gaizkileen aurka defendatzeko xedeaz jaiota. Ertzain horiek “kapela luze plaka horiarekin” jantzi ohi zuten soldaduen kasuan, eta plaka zuriarekin kaboak edo nagusiak zirenean, “pontxoa eta galtza urdinak”8, eta Bilbotik kanpo zeuzkaten kuartelak, hirian etxe bat alokatzea oso garestia baitzen, eta haien eginkizuna, hiria babestea baino areago, Bizkaiko bideak babestea zen; eginkizun horrengatik ordaintzen zien Jaurerriko Diruzaintza Nagusiak. Antzinako Bilbo horren erretratua egiteko, pastelaren teknika eta espiritu baikor bat baliatzen ditu Losadak normalean.

Interesgarria da ikustea nola Arruek, Artetak edo Ucelayk herri-dantzaren dokumentazio bat uzten diguten bitartean, Losadak txistulariaren funtzio instituzionala dokumentatzen duen, txistularia ez baita herri-musikaririk beteena, guztiz kontrakoa baizik: ordezkaritza politiko eta instituzionalaren musikaria da, eta hortik bere uniformea. Komeni da Losadaren dokumentu historikoa berriz irakurtzea.

Errepublikaren garaira arte kasik, danbolintero deitu izan da gaur egun txistulari deitzen dugun hori; hau da, danbolinak ematen dio izena jotzaileari: danbolintero. Gure lehen folkloristetako bat izan den Manuel Larramendi jesuitak, 1754an idatziz, definizio hau ematen digu: “Danbolin izen honekin ulertzen dut txistuen eta atabala baino estuagoa eta motzagoa den danborraren multzoa, eta elkarrekin jotzen dira. Frantzian, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, dauden danbolin edo tuntunak ez bezalakoa da, hemen flautak luzeagoak, gozoagoak eta ozenagoak baitira, eta Gipuzkoan danbor txikiak erabiltzen baitituzte, eta Lapurdin, berriz, harpa moduko bat, soka lodiekin, zeinak, makilak zaurituta, zurrunga-hots bat egiten baitute, gure danbor txikiak bezainbesteko builarik gabe”9.

Izenaren aldaketa XX. mendea jadanik sartua denean gertatu zen10, gehiago estimatzen baita orduan txistua jotzeko modua edo harekin erakusten den trebetasuna, eta danbolinteroak berak talde batean elkartzen dira; aldizkari bat ere hasi ziren kaleratzen, Txistulari, 1928an sortua11. Hainbat eratakoak ziren danbolinteroak edo txistulariak bete beharreko eginkizunak: alboradetan jo, Udaletxeko saioen hasieran, prozesioetan, jaiegunetako edo igandeetako dantzaldietan, zezenketen hasieran eta abarretan12. Funtzionario bat da, bere musikarekin zeremoniak antolatzen dituena. Txistulariak, bere hotsarekin, boterea, agintea irudikatzen du, eta hortik dator orobat prozesioetan agertzea. Txistularia bere atabaleroarekin joan ohi zen, eta honek gainera pregoilari- lanak egiten zituen. Egitura sozialaren jendaurreko teatralizazioan sustraituriko ogibidea zen beraz: udal-agintea solemnitate jakin batekin agertzen zen herriaren aurrera, eta danbolinteroa edo txistularia zen haren komunikazio-burua edo bozeramailea (gaurko terminoak erabiliz), hots, botere politikoaren ikur bat13. Carmen Rodríguez Suso musikologo eta artearen historialariak saiakera bikain bat idatzi du txistularien funtzioari buruz. Bete-betean asmatuz deskribatzen du Peru López danbolinteroa, 1560an lau urterako kontratatua, honela: “Heraldo bat izan zen, bere musikarekin Udaleko kideen desfilea eta batzarretarako deialdia iragartzen zituena, eta bilbotarren arreta erakartzen zuen bere pregoiak irakurtzean. Hala, soinu-seinaleen sisteman sartu zen, haiek, kanpai-hotsek bezala, hiri-bizitza antolatzen baitzuten”14.

Militarra da txistulariaren jatorria: ejertzitoen pifanoa da, Bilboko Hirian alkatearen mendean zegoena (aurretik azaldu dudan bezala), baita milizien kapitaina ere. Kargurako oposizioetan pifanoa menderatzea eskatzen zen, hau da, lehenago ejertzitoetan erabiltzen zen zeharkako txirula; hala, beste pertsona batek lagundu behar zion danborra joaz erritmoa markatzeko; horregatik, txistulariek etengabe eskatzen zieten dirua udalei beste atabalero baten laguntza izateko. Flauta bertikala, hiru zulo besterik ez dituenez, esku bakarrarekin jo daiteke, bestea danborrerako libre utzita; hala, txistuak eraztun bat du behealdean, behatz nagiarentzat jarria, errazago eusteko. Danborra eskuineko eskuarekin jotzen da, ziri izeneko makila fin batekin. Bere saiakera bikainean, Carmen Rodríguez Susok dio XIX. mendean danbolinteroaren anakronismoari eusten zaiola; izan ere, nolabait ere, forua, foru-agintariak, errituak eta keinuak irudikatzen ditu —beraz, bere gizarte-identitatearen sustraia bera—, eta bere garaikideek, berriz, herri-klaseen musikari gisa idealizatzen dute. Arruek nostalgiaz begiratzen dio herrixkako festa bati, festa folklorizatuari. Losadak, ordea, “emandako jaia” aurkezten digu, hemen ere gizartearen ordena hierarkikoa adierazten duen autoritateak ekarria eta gidatua; Terentzio erraldoiak nahiz Txango musikariak modu bisualean edo soinuz patentatzen dute ordena hori, dibertsio gisako herri-dantza “espontaneoaren” ideiaren aurka. Honela amaitzen du: “Txistularia, herrikoia baino gehiago, nonahiko irudia zen, egoera askotan moldatzen zena. Zaila da egoera horiek sintetizatzea eta, gainera, dagoeneko existitzen ez diren egoerak dira. Horregatik, orain ez da ondo ulertzen txistulariaren nonahikotasun zaharraren logika”15.

Txistulariaren alderdi hori, protokoloaren eta agintearen musikari gisa, berebat agertzen da bere uniforme tipikoetan, eta protokolozko ekitaldietan hiritik kanpo egiten dituen zerbitzuetan. Txistulariaren trajea, erdaraz batzuetan de golilla deitua, aguaziltxoek zezenketetan erabiltzen dituztenen oso antzekoa da. Txistularien, klarineroen, tinbaleroen, mazeroen eta Udal Korporazioari laguntzen diotenen libreak ere garai hartako armadaren antzekoak dira. 1850eko Udalaren txosten batean adierazten zen nolakoak izan behar zuten uniforme horiek (bi klarineteren eta lau danbolintero edo atabaleroren uniformeak): kasaka gorria, oihal urdineko prakak eta txalekoa, txapela, alkandora, gorbata zuria, galtzerdiak eta zapatak; eta esaten da “oso komenigarria izango litzatekeela oihal urdinaren gainean zerrenda gorri bat jartzea, hartara, bereizgarri hori izanik, ezingo baitziren erabili zerbitzu publikoko ekitaldietan baino”16.

Denborarekin, jantzien elementuak (jaka, galtza, alkandora, txalekoa, gorbata, bi adarreko kapela, botinak eta lebita) aldatu, eta kasaka txikia, alkandora, txalekoa, polainak, alpargatak eta txapela izan ziren, eta aldaketa haiek beren konposizioak aldatzeko balio izan zien artistei. Konpara ditzagun, adibidez, txistulariak 1928ko Arrue anaien omenaldiaren atxikimendu-kartela, zeinean danbolinteroa ageri baita kopa- kapela, txalekoa, alkandora zuria golilla lepokoarekin, galtzak eta zapatekin, eta José Arrueren 1927ko Donostiako Aste Nagusiko kartela: txistulariak polaina eta kasaka urdina ditu, txaleko gorria ertz zuriarekin, alkandora eta gorbata zuriak, galtzerdi gorriak eta txarol beltzezko oinetakoak brotxearekin; eta parean daukan aizkolari umilak, berriz, galtza eta alkandora zuria darama, gorbatarik gabe, gerriko gorria, txapel urdina eta abarka zuriak. Interesgarria da, halaber, gure txistularien jantzi horiek, Txangorena esate baterako, Stanley Kubrick-en Barry Lyndon 1975eko filmean agertzen diren musikari britainiarrek eta alemaniarrek dituztenekin alderatzea, edota U. S. Army Old Guard Fife and Drum Corps-eko musikariekin eta beren parade historikoekin. Argi agertzen da beraz flauta eta danbolin multzoaren unibertsaltasuna, aginte politikoaren musika adierazgarria den aldetik17.

Bestalde, autoritas rol horren adibide gisa, hortxe dugu Francisco de Arzuaga, Bilboko hiriko danbolinteroa, enpresaburu bilbotar batek 1848an Madrilen erreginarentzat jotzera gonbidatu zuena18. 1865ean, Espainiako erreginaren bisita zela-eta, kiosko bat eraiki zen Areatzan, Aldundiaren eta Udalaren erdibidean, eta han ere egon zen txistularia.

Baina, XIX. mendeak aurrera egin ahala, armadatik datozen musika-bandek hartuko dute botere instituzionala. Teófilo Guiard-ek gogorarazten duenez: “Miliziano Boluntario Konstituzionalistek, zeinak baitziren Bilboko bizilagunen indar armatu egonkorrak, osatu zuten, 1821eko apirilaren 9an, 21 lagunek osatutako musika-banda bat.

Hirian eratu zen lehen talde militarra izan zen seguruenik, musika-banda edo fanfarrea. Lehen erreferentzietako bat gerra amaitu ondoren topatzen dugu, 1839an, Hiriko Milizia Nazionalaren fanfarreak foruen berrespen ospetsuan parte hartu zuenean”19. Karlistaldien ondorioek ere zerikusia izan zuten musika-protokoloetako aldaketekin: “Bilboko danbolinteroen historian, Nicolás Ledesma kaperako musikarienean izan zenaren baliokidea da Txango. 1825 eta 1881 artean egon zen Txango jardunean, eta Ledesma 1830 eta 1883 artean: urte askoan, beraz, euskal gizarte garaikidearen eraketaren urte erabakigarrienetan hain zuzen ere, mantendu ziren biak. Haien bizitza profesionalak, gainera, musikak agertzeko erabiltzen zituen irudikapen-moduak erabat aldatzen ari ziren uneetan garatu ziren […]. Foruen ezeztapenak ekarri zituen administrazio- aldaketek jadanik hilzorian zegoen eliza-kaperaren desagerpena ekarri zuten, eta orobat bizkortu zuten danbolintero zaharra bere lekutik apartatzeko prozesua ere20”. Musika-banden eta danbolinteroen arteko alternantzia-eredu hori, musika-kaperen gainbeheraren paraleloan, mendea ondo sartua egon arte mantendu zen, batez ere dantza-leku publikoetan21.

Nolanahi ere dela, Losadak lanbide bat dokumentatzen digu: txistulari soldatapekoarena22, “funtsezkoa izan baitzen hiriko biztanleei edonolako gertaera publikoen berri emateko, komunikabide ez-idatziak batez ere bi ziren garai batean: elizetako kanpaiak eta txistuak eta danbolinak. Hiriko txistulariek era guztietako tristurak eta pozak aldarrikatu dituzte mendeetan; haien hotsak Bilboko oroimenaren parte dira”23.

Arruek, berriz, herrietako erromerietako zalaparta eta nahaste soziala dokumentatzen dizkigu. Erromeria hauek alboradarekin hasten dira, kanpaiek eta dunbek festa iragartzen eta herritarrei dei egiten diete, brontzearen hizkuntza arkaiko horrekin, otoitz egitera joan daitezen. Kanpaien soinuaren ondoren txistulariaren deia dator, goizean goiz jaikitzen den Udaleko enplegatuarena, eta herritarrei jaia ematen zaiela jakinarazteko jotzen duena; baita ondo pasatzera joan daitezen ere. Gure begirada historikoa, soziala eta praktikoa da, hau da, historian egin da eta gertatzen den testuinguruan txertatzen da. Günther Anders antropologo alemaniarrak dioenez, gogora ekarritako objektu baten oroimen-gaitasuna (kasu honetan, txistularien soinua edo haien funtzioa) ez dago soilik haren indarraren, distiraren edo oroimen-indarraren mende; kokatua dagoen bizi- munduaren egituraren mende ere badago24.

Gure aitona-amonentzat, aldi berean (behin) jaio (eta hil ziren) ziren lekuan bizi izan baitziren, mundua seinale-baso bat bezalakoa izan zen, eta seinale bakoitza bizitzako egun edo ordu jakin bati zegokion. Ez zuten gogoratu beharrik izan, denak gogorarazten zien. Aurreko mendeetako fogerazioek adierazten digute aitona-amonak nola egoten ziren in situ izendatzen ez zituzten baserri haietan, baserriek ematen baitzieten izena familiei. Oraindik ere nire belaunaldiko pertsonok, herrietan, gehiago izendatzen gaituzte etxearen izenarekin familiaren abizenarekin baino. Anders-ek aipatzen duen seinale-basoa argi dago inguru osoan, nahiz eta Angelus-erako deia edo Muruetako ontziolako sirena desagertu diren, isiltasuna hausten zuten haiek langileen bazkaria markatzeko.

Txistuaren musikak lagundu die gure arbaso guztiei beren bizitza sozialeko eta jaiegunetako une garrantzitsuetan, danbolinteroei soldata ematen zieten agintari berek arautzen baitzuten bizitza hura. Txistularia, soldatapeko gisa, parrokietako nahiz kofradietako kontuetan agertzen da, udalekoetan agertzen den bezalaxe. Oroitzeko modua historiarekin batera aldatzen da, errealitatea hautemateko moduak aldatzen diren bezala. Hara hemen Arrue Almikeko edo Arrakundiagako festak edota Artetako mendiko biribilketa gogoratuz, eta hara hemen Ucelayk Zuberoako maskaradari buruz egin zuen azterketa zehatza.

Gure bizi-inguruneko seinale-baso hori gogoratzeko moduak asko dira, eta badira oroimenaren hainbat forma ere. Bada borondatezko oroimen bat, ezaguera gisa erregistratzen, eskaneatzen eta gordetzen duena, eta bada nahigabeko oroimen bat ere, adibidez, Marcel Proust-ek Denbora galduaren bila eleberrian aipatzen duena, Swannen bideetan magdalena batzuen usainak protagonista, bat-bateko insight batean, haurtzarora eta bere izebaren etxera eramaten duenean. Oilagorren zaporean, usainak garamatza eskopeten eta urtaroen pertzepzio zehatzaren haurtzaro batera; izan ere, hegaztien paseak, uztek edo santutegi kristauaren ezagutzak (Magdalenatik San Roke bitarte), ematen zigun jaien tokiaren eta unearen berri. Losadak ez digu Arzuaga musikariaren eta Terentzioren erretratua bakarrik uzten, une historiko baten akta ere uzten digu. Parrokiako elizaren dorretik zabaltzen ziren kanpaien soinuak eta txistulariaren musikak, aspaldiko mendeetatik botere publikoaren jakinarazpen soinuduna zenak, denboraren joanaren nozioa zekarzkiguten denborarena.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Hau ez da Txango agertzen den Losadaren koadro bakarra. Badago, gutxienez, pastel bat, Pablo Gorriaran bere ezin berezizko atabaleroarekin ere ageri dena, “Sorgin” izenekoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegiko aretoetan bi koadro daude, Erraldoiak herriaren pozaz inguratuak (Gigantes rodeados de la alegría del pueblo) eta Gargantúa (80 x 356 cm bakoitza), Foru Aldundiak 2012an zaharberrituak biak. [itzuli]
  2. 1896ko ekainaren 7ko Apuntes aldizkariaren 12. zenbakian, Anselmo Guinearen marrazki bat argitaratu zen, Bilboko erraldoi eta buruhandi berriena, maiatzaren 2ko ospakizuna zela-eta, aurretik txistularien udal-banda dutela. Apuntes aldizkari ilustratu bat zen, 1896ko martxoaren 22an jaio eta hurrengo urtean La Revista Moderna (139 ale, 1899ko urriaren 27an desagertu zen arte) bihurtu zena. 12. zenbaki berean, Guinearen akuarela bateko argazki batek –1875eko danbolinteroaren erretratua, bilduma partikularra– Félix de la Torreren artikulu bat ilustratzen zuen. Ikus Mikel Lertxundi Galiana, Anselmo Guinea (1855–1906). Las ilustraciones de un chimbo, Bilbo, 2012. [itzuli]
  3. 1654koa da Bilboko erraldoien lehen erreferentzia; San Antongo Sakramentu Santuaren Kofradiaren liburuaren hasierako orrian agertzen da. Kofradiako ondasunen inbentarioan Corpus Christiren prozesioan parte hartzen duten erraldoien lau jantzi aipatzen dira. 1896an, José Martínez de Pinillos zinegotziak irudi berriak erosteko eskaera egin zuen, Serafín Basterra eta Vicente Larrea eskultoreek egin zitzatela adieraziz. Kurding Club taldeak Don Terentzioren burua utzi zuen, totem batek bezala klubaren egoitza soziala zaintzen baitzuen, eta aldi berean Losadaren koadroak pareta apaintzen zuen. [itzuli]
  4. Baita Urduñakoa ere, aldi berean. Pantaleón de Aguinaga da Urduñako hirian dokumentatzen den lehen udal- danbolinteroa, eta 1820tik 1862ra bitartean egon zen karguan. Txistulari-lanak zapatari-lanarekin bateratzen zituen. Txangoren kasuan, eta ikusirik nola kokatu zuen bere txistulari-familia ondoko elizateetan, garbi dago dinastia profesional baten aurrean gaudela (karguaren eta eremuaren kontrolarekin), Antzinako Erregimeneko lanbideetan ohikoa zena: familiako “entxufearen” logika, agintariekiko harreman jarraituak jurisdikzio- egintzetan eta gai komunetan, eta hirigune horien hurbiltasun geografikoa. [itzuli]
  5. Manuel Losada (1865–1949) Plaza Barriko 8. zenbakian jaio zen; 1887an Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bat jaso zuen Parisen ikasteko, lehenago beste pintore batzuk egon baitziren han, hala nola Zamacois (1861) edo Guiard (1878). 1889an Bilbora itzuli zen, baina Manuel María Gortázarren laguntzarekin Parisa itzuli zen (Guinea eta Zuloagarekin batera). Azken honekin 1891ko irailean Parisetik ekarritako lanak jarri zituen ikusgai zituen El Sition. Losada pertsonaia atsegina zen, 1911n Euskal Artisten Elkarteko kidea egin zen, Arte Ederren Museoko lehen zuzendaria izan zen 1914an, eta museoaren babeslea Gerra Zibilean. [itzuli]
  6. Terentzio jauna eta Tomasa andrea erraldoiez gainera, Txomin Barulloren pertsonaiak edo Anatxu eta Frakagorriren prozesio-pasoak bizirik diraute gaur egungo Bilboko jaietan; beste batzuk, esate baterako Miserikordiako txerria, duela gutxi desagertu dira. [itzuli]
  7. Emiliano de Arriaga, Vuelos cortos, intentados, emprendidos y realizados por un Chimbo. Anales Populares Bilbaínos. Bigarren Saila, 1895, I. alea, 21–28. or. [itzuli]
  8. Ikus Adolfo Gabriel de Urquijo, Miqueletes, Forales y Miñones del M.N. y M.L Señorío de Vizcaya, Bilbo, 1907. [itzuli]
  9. Manuel de Larramendi, Corografía o descripción general de la provincial de Guipúzcoa, Fidel Fita jesuitak argitaratua Imprenta de la Viuda e Hijos de J. Subirana izenekoan, Bartzelona 1882; Corografía de Guipúzcoa. Descripción escrita en 1754 edizioari jarraitzen diot, Ekin argitaletxea, 245. or. [itzuli]
  10. Markinako Udaleko akta bat da, 1522koa, eta hartan adierazten da ordainduko zaizkiola “sei erreal eta erdi bere danborrarekin eta txilibituarekin festak egiten ibili zen danbolinteroari”, Markinako Udal Artxiboa, Akta Liburua (1517/1531), sig. C-2, orria 274; 1522/7/29ko akta, Iñaki Irigoienek aipatua, hemen: “Tambolintero o Txistulari. Una institución en nuestro país”, Dantzariak aldizkarian, 48. zk., 28–40. or. Era beretan, honela dio Carmen Rodríguez Susok: “Juan de Garamendi da, zeina Luis Robledo historialariak aurkitu baitu Espainiako gorteko danbolin-jotzaile gisa, Errege-Erregina Katolikoen bilobak ziren Maria eta Katalina infanten zerbitzura. Geroago, infanten anaia Karlosen –Karlos V.a enperadorearen– zerbitzuan dokumentatua agertzen jarraitzen du Garamendik, flauta- jotzaile gisa. Alegia, argi dago danbolinteroa zela, bere musika-jotzaile alderditik dokumentatua”. [itzuli]
  11. 1928an kaleratu zen Txistulari aldizkariaren lehen alea, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen buletina; hartan aukeztu zen Baztan izeneko 6/8ko martxa arinaren partitura, Lizarrako Aita Olazaránek sinatua, biribilketa izenarekin. [itzuli]
  12. Zezenketaren obligaziozko eskritura batean –Bilbon 1827an sinatua dago–, Plaza Barria izango zenaren alderdian, honako hau zen baldintza bat: “Enpresaren kontura [izango dira] zezenketak eta barrikako sutarako Udalak plazan jartzea erabakitzen dituen danbolinteroak”. Bilboko Protokoloen Artxibo Historikoa, Diego de Arribalzaga notarioa, 3042. paper-sorta, 1827. urtea, abuztuak 6, 1827. [itzuli]
  13. Ikus Carmen Rodríguez Susoren saiakera bikaina, “El anacronismo como rasgo dinámico del txistulari”, Txistulari aldizkarian, 203. zk., 2005eko urria; baita egile beraren Los txistularis de la Villa de Bilbao ere, B.B.K., Bilbo, 1999, 62. or. [itzuli]
  14. Carmen Rodríguez Suso, Los txistularis de la Villa de Bilbao, B.B.K., Bilbo, 1999, 8. or. [itzuli]
  15. Ibid., 62. or. [itzuli]
  16. Iñaki Irigoien, Txango. Tamborilero de la Villa de Bilbao, Beti Jai Alai, Bilboko Udala. [itzuli]
  17. Carmen Rodríguez Susori zor diot informazio bikoitz hau. [itzuli]
  18. “Francisco de las Rivas jaunak, Gorteetako diputatua bera, Euskal Elkarte baten izenean eskatu du Erreginaren izenean baimena emateko Bilboko danbolinteroari Gortera joan dadin han prestatzen duten funtziora. Udalak baimena eman zuen”, hemen: Iñaki Irigoien, “Tamborileros municipales en Bilbao durante el siglo XIX”, Bidebarrieta aldizkarian, 25. zk., Bilbo, 2014, 85. or. [itzuli]
  19. Teófilo Guiard, “Historia de la Noble Villa de Bilbao”, IV. alea, 427. or. [itzuli]
  20. Carmen Rodríguez Suso, “El anacronismo como rasgo dinámico del txistulari”, Txistulari aldizkarian, 203. zk., 2005eko urria, 90–92. or. 1. [itzuli]
  21. Iñaki Irigoien, Txango. Tamborilero de la Villa de Bilbao, Beti Jai Alai, Bilboko Udala, 89. or. [itzuli]
  22. Xabier Egiluz eta Alexander Iribar, “Historia del txistu en Orduña”, hemen: Txistulari, 170. zk., 1997, 6–22. or.; baita online ere: http://paginaspersonales.deusto.es/airibar/Musica/Textos/Orduña/Orduña.html. “Interesgarria da azpimarratzea Udalak nolako garrantzi berezia ematen dien danbolinteroaren lanaren protokolo-alderdiei (batez ere zibilei, baina baita erlijiosoei ere), baita hura lanerako ia erabat libre egoteari ere (beti prest egon behar alkatearen deiari erantzuteko, urtean lau egunetan izan ezik, eta egun horiek ere itundu egin behar ziren); gizarte- animatzaile eta herri-musikari gisa duen betekizunak, berriz, ez dirudi horren interesgarria, eta lotuagoa geratzen da danbolinteroaren interes pertsonalei”). [itzuli]
  23. Carmen Rodríguez Suso, Los txistularis de la Villa de Bilbao, B.B.K., Bilbo, 1999, 5. or. [itzuli]
  24. Günther Anders, Tagebücher und Gedichte, Munich 1985, “Post festum” atala, 1962an idatzia. [itzuli]