Edukira zuzenean joan

Bilbo eta pintura

katalogoa

Gerra arteko garaia

Kosme de Barañano

Izenburua:
Gerra arteko garaia
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2021
Neurriak:
30 x 23
Orrialdeak:
218
ISBN:
978-84-09-27019-4
Lege gordailua:
BI-00129-2021
Erakusketa:
Bilbo eta pintura
Gaiak:
Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Gerra | Hiria | Bilbo | Bizkaia

 

Behin Máximo Aguirreren ibilbidea aztertu ondoren, ez hainbeste merkatari edo enpresari gisa egindako ibilbidea, baizik eta, Bilboko une jakin bateko katalizatzaile gisa, Bildung-aren alde, prestakuntzaren eta heziketaren alde, herritar guztien (zentzu ilustratu garbienean) batasunaren alde eta Bilboko biztanle guztien (guk, lan honetan, Aldecoa eta Nova de Salcedo alkateen bidez polarizatu ditugun kontrako ideologiako guztien) bizi-baldintzak hobetzearen alde egindakoa aztertu ondoren, XVIII. mendean jaiotako belaunaldi bat —guk ezagutzen dugun Bilbo moderno horren sortzaile direnena— aztertzeko unea dugu orain.

Gaztelerazko liburukiko addenda edo eranskinean, horietako berrogeita hamar baino gehiagoren biografia laburra eskaintzen dut, baina, XIX. mendeko Bilboko ibilbide honetarako, hamar bat izen hartu ditut erreferentzia gisa; izan ere, XIX. mendeko Bilbo hori bultzatzeko erabakia hartu eta bertan aberasbidea aurkitu zuten herritar horiek ez ziren oligarkia bat, askotariko jende multzo bat baizik. Horietatik oso gutxi ziren Bilbon jaiotakoak, gehienak Bizkaiko elizateetakoak ziren, batzuk baserritarrak, beste batzuk jauntxoak, arabar batzuk ere bai tartean, Nerbioi Garaia aldekoak, hala nola Urquijotarrak edo Urrutiatarrak, beren aterabide naturalari segituz Bilbora etorriak1.

Alde batetik, Lehen Karlistaldiaren aurretik jaiotakoak daude, gerra bizi eta sufritu zutenak, eta, bestetik, artean jaio gabeak edo haurrak zirenak, baina jarduera komertzialaren eta industrialaren agintea beren gain hartu zutenak.

Lehen talde horretan, Madrilgo aberatsenak izatera iritsi ziren eta gaur —aurreiritziagatik, ezjakintasunagatik, edo biengatik— erdeinua jasotzen duten bi daude, eta horietaz arituko naiz. Baserritarren semeak biak, eta Madrilen aberastu ziren arren, funtsezkoak izan ziren gure industriaren, trenbide-sarearen eta banketxeen garapenean: Francisco de las Rivas eta Estanislao Urquijo. Horiekin batera Simón Gurtubayren eta Juan Echevarría La Llanaren semeak ere sartu ziren industrian, baina gurasoek lortutako kapitalarekin egin zuten azken horiek.

Bigarren taldean, María Mestayer Parabereko (sasi) markesa —hala sinatzen zituen bere sukaldaritza-liburuak— aztertuz emango diot amaiera biografien atalari. María Mestayerrek ziklo bat ixten du, atzerritar familia askok bertan beren aberria aurkitu zuten Bilbo liberalarena. Haren aita Bilbon bizi zen merkatari eta diplomatiko frantziar bat zen, eta ama, berriz, bankari frantziar baten alaba zen (gerora Banco de Vizcayak erosiko zuen Jacquet Banketxekoa), Bilbon finkatua hura ere. María Mestayerren pertsonaiak oso ondo laburbiltzen du, beraz, garai hau; izan ere, bere abizenek agerian uzten dute XIX. mendeko Bilboren kosmopolitismoa, eta, gainera, txikitatik ezagutu zuen gastronomia aberatsa dokumentatu zuen.

Bigarren ziklo honi buruz, ondoren, bi etapa aipatuko ditut (XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera), eta lau enpresaburu handi, gure margolariei laguntzen eta ordaintzen dietenak. Lehenengo etapan, José María Martínez de las Rivas eta Víctor Chávarri izango ditugu aipagai, eta bigarrenean, XX. mendean sartuta jada, Ramón de la Sota abertzalea eta Horacio Echevarrieta errepublikazalea alderatuko ditugu.

Bigarren Karlistaldia hasi aurretik, baditugu bi bizkaitar Espainiako aberatsenen artean: Madrilen bizi ziren biak, baina Bilboko enpresa- eta garapen-ekimen ia guztietan zeuden sartuta: Francisco de las Rivas eta Estanislao Urquijo.

Ezerezetik sortutako bi pertsonaia horiei buruz hitz egin aurretik, arestian aipatu ditudan berezitasun soziologiko ia guztiak bere gain dituen pertsona bati buruzko aipamen labur bat egin nahi dut: Tomas José Epalza Zubarán (Bilbo, 1798–Bilbo, 1873) dugu pertsona hori. Epalza XIX. mendea hasi baino bi urte lehenago jaio zen, eta etorkiz Orozkokoa izan arren, hiriburuko hormetatik barrura jaio zen2. Hau da, Bilbon jaioa zen, baina Orozkoko landa-nobleziako familia batean zuen jatorria. Indietako karrera egin zuen eta trenbideen akzioduna izan zen. Gainera, 1857an, Banco de Bilbao banketxea sortzeko lehen urratsak egin zituen (akziodun handienetako bat izan zen), bere lehenengo emaztearengandik banatzeko paperak ere egiten zebilela (María de Lequerica, hiriburuko merkatari garrantzitsu batzuen alaba zuen emaztea)3. Behin Auzitegi Gorenak ezkontza baliogabetzea lortu ondoren, bere zalgurdi-gidariaren alaba Casilda Iturrízar Urquijorekin (1826–1900) ezkondu zen4. Ezkontzak (1859ko maiatzean) zalaparta handia sortu zuen hirian, eztei-gurdia mandoek —ez zaldiek— tiratuta zihoalako, Casildaren aita etxeko zamaltzaina zela erakusteko. Epalzatarrek arrasto nabarmena utzia dute Bilboko eta Bizkaiko historian zehar: familiaren Orozkoko oinetxea 1555. urtean dokumentatuta dago; osaba zahar bat, Martin Tomas Epalza Olarte, Madrilgo Nobleen Apaiztegian hezia5, Bilboko errejidore izan zen 1742an eta Jaurerriko Diputatu Nagusi 1746tik 1748ra.

Francisco de las Rivas Ubieta (1809–1882) baserritarren semea zen, Gordexolako Iratzagorria auzoan jaioa. Hamabost urterekin Granadara joan zen, izeba batzuen dendan (Casa Zavala) lan egitera, eta 1834an, Madrilera. Han, harreman estua izan zuen euskaldunen komunitatearekin. Amaren aldetik, osaba indiano bat zuen, Manuel Ubieta, bere arreba guztiei diruz laguntzen saiatu zena. Izaera liberaleko gizona zen, eta desamortizatutako ondasunak erosiz aberastu zen. Lehenengo, Mantxako ardoetan inbertitu zuen, eta, horregatik, Mudelako markes izendatu zuten, 1867an. Diputatuen Kongresurako hautatu zuten Bilboko barrutitik, 1846tik 1851ko hauteskundeak arte. Ez zuen errentetatik bizi nahi izan, eta trenbideetan, finantzetan eta zerbitzuetan inbertitu zuen, baita merkatu nazionalean eta nazioartekoan ere (Latinoamerikan, Londresen eta Europako beste zenbait hiriburutan). 1872an, bigarren aberastasunik handiena izan zen Madrilgo lurralde-kontribuzioan. Kausa liberalari leial beti, aurrerakoienen artean lerrokatu zen. 1879an, San Francisco del Desierto galdaketa-lantegia erosi zuen (La Mudela izenez ezaguna), eta egin beharreko inbertsioak eta berrikuntzak egin ondoren, Bilboko Labe Garaiekin eta La Vizcayarekin lehiatzeko moduko siderurgia bihurtu zuen lantegia. Bien bitartean, altzairua fabrikatzeko beste prozesu bat joan zen nagusitzen, “Bessemer prozesua”, Somorrostroko burdin mea hartarako egokiagoa zelako. Ordurako, Franciscoren iloba José Martínez de las Rivas negozioan oso sartua zegoen artekari moduan; aipatu dudan moduan, enpresaren administratzaile egin zen, eta, ondoren, Bizkaiko enpresaburu nagusietako bat bihurtu zen.

Francisco de las Rivas apoplexiak jota hil zen, Madrilen, zezenketa bat ikusten ari zela. 1882ko maiatzaren 9ko El Imparcial egunkariak informazio hau zekarren hari buruz: “Mudelako markes jaunak utzitako dirutza berrehun milioikoa dela kalkulatzen da. Inoiz ez zuen kontraturik egin Estatuarekin, eta negozio partikularren bidez metatu zuen kapital handi hori. Bere kontrata garrantzitsuenetako bat Mr. Krupp kanoi-fabrikatzailearen etxearekin egindakoa izan zen”6. De las Rivasek saneatutako aberastasuna utzi zuen, ondarearen eta diru-sarreren dibertsifikazioan oinarritua, likidezia on-onekoa eta etorkizunerako errentagarritasuna bermatuta zuela. Angel Bahamonde historialariak honela dio “La reproducción patrimonial de la elite burguesa madrileña en La Restauración. El caso de Francisco de las Rivas y Ubieta, marqués de Mudela, 1834–1882” saiakera-lan bikainean: “Hil zenean, hirurogeita hamar milioi errealeko dirutza zuen, Madrilgo handienetako bat. Garaiko Madrilgo burgesiaren artean, ondare horrek ez zuen parekorik, bere osaera askotarikoa zela eta. Bere ondarea Zor Publikoaren eta nekazaritza- eta hiri-errenten babespean ugalarazi zuen errentatzailearen kasuan ez bezala, Francisco de las Rivasen balore-zorroan bere enpresa-jarduera zen nagusi. Rivas, funtsean, burges enpresari bat zen, garaiko Madrilgo gizartean eta ekonomian, kuantitatiboki eta kualitatiboki, nagusi ziren burges errentatzaileen beste muturrekoa. Horregatik da berezia. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloko enpresaburua Mantxan, eta siderurgiaren arloko enpresaburua Bizkaian, horiek izan ziren, hurrenez hurren, haren aberasbide printzipala eta ibilbide ekonomikoaren gailurra”7.

Baserritarren semea dugu ere —Nerbioi Garaikoa, Francisco de las Rivesen garaikidea eta antzeko ibilbide biografikokoa— Estanislao Urquijo Landaluce (Murga, 1816–Madril, 1889). Laudioko eskolan egin zituen lehen ikasketak. Gero, hamahiru urterekin, Madrilera bidali zuten lan egitera, amaren anaia Antonio Landalucerekin aurrena, eta arrebaren senar Martín Ericerekin ondoren, Toledo kaleko oihal-denda batera. Osabak eta koinatuak, mutil prestua zela ikusirik, Rothschild banketxeko agentea zen Daniel Weisweiller-en enplegatu bezala jarri zuten lanean. 1848an, burtsaren eta higiezinen arloan hasi zen lenean, inbertitzaile gisa, jada bere kabuz. 1855ean Espainiako Bankuko kontseilari izendatu zuten, eta 1883an, Madrilgo alkate. Halaber, Gorteetako diputatu, Arabako Ahaldun Nagusi eta, hainbat urtetan, senatari izan zen. Urquijok aberastasun handia pilatu zuen, eta zerikusi eta zeresan handia izan zuen Espainiako trenbideen arloan, XIX. mendeko Espainian. 1871n, Urquijoko markes izendatu zuten. Ezkongabe hil zen, Montera kaleko 22. zenbakian. Areneros kalea zenari haren izena eman zioten: Urquijoko Markesaren kalea. Haren iloba Juan Manuel Urquijo eta Matilde Erice Urquijo (Francisco Cubas madrildar arkitekto gaztearekin ezkondua) izan ziren oinordekoak.

Bai De las Rivas, bai Urquijo, baserritarren semeak ziren biak, eta merkatari gisa hasi zuten bidea negozioen munduan, baina urteen joanean inbertsiogile eta enpresari handi izatera iritsi ziren. Ezerezetik hasi eta aberastasun handiak pilatu zituzten biek, estatuarekin kontratuak egiteari eta postu ofizialei uko eginda ere (Urquijori bitan eskaini zioten Ogasun Ministerioa —Narvaezek eta gero Primek—, baina ez zuen onartu nahi izan). Eta biak Madrilen bizi arren, harreman estua izan zuten bilbotar ekintzaileekin, Bilbori etorkizun oparoagoa ematearen alde lanean zihardutenekin. Kultura eta ongintza sustatzen ere lagundu zuten, sutsuki egin ere. Ez bata ez bestea ez ziren errentatik bizi zaleak izan, herritarren etorkizun hobe baten alde apustu egin zuten langile nekaezinak baizik. Ez zieten ohiko kapitalizazio-ereduei jarraitu, eta hiria modernitatera eramatea izan zuten helburu8.

Urquijok diru kopurua handiak utzi zituen testamentuan Arabako eta Madrilgo eskoletarako, jardunean ari ziren zein jada erretiroa hartuta zeuden maisu-maistren soldatetarako. Beste hainbat laguntza ere eman zituen, Arabako Instrukzio Publikoko Batzorde Probintzialaren kudeaketaren esku utzi zituenak9.

Nire lan-fitxak eguneratzean, tristura handia eragin didaten zenbait dokumentu topatu ditut tartean. Urquijo —baserritarren semea, 13 urte zituenetik lanean jardunez Espainiako gizonik aberatsenetako bat bihurtu zena, era guztietako kargu politikoak arbuiatu zituena, bere herriaren ordezkari izatearena izan ezik, eta bitartekorik ez zuten haurrak (bere herrikoak bereziki) eskolatzeko dirutza handiak eman zituena— bere herriko hizkuntzalari eta etnografo ustezko baten aldetik hain begirune gutxirekin tratatua ikusteak sortu dit tristura10. Urquijori buruz esan izan da bere bataio-agiria erauzi zuela Murgako parrokiako erregistro-liburutik bere baserritar jatorria ezkutatzearren, eta bere testamentuan erakutsi zuen eskuzabaltasuna bere bizitzan hainbeste diru irabazi izanaren kontzientzia txarraren ondorio izan zela. Hori dio, behintzat, gaur egungo historiografiak.

Bi gauzatxo baino ez asmo gaiztoko iruzkin horiei buruz: 1886an senatari izendatu zutenean, Urquijok bere bataio-agiriaren kopia ziurtatua aurkeztu behar izan zuen. Hortaz, nola erauziko zuen bere bataio-agiria, bera izan bazen aurkeztu zuena? Bestalde, Urquijok ez zuen inoiz ezkutatu bere jatorri apala. Irakurri, bestela, Ricardo Becerro de Bengoa arabar errepublikazale eta foruzaleak 1889ko maiatzaren 2ko El Imparcial egunkarian argitaratu zuen artikulua: Becerro de Bengoaren arabera, Urquijok beti esan zuen oso haurtzaro pobrea izan zuela, oinez joan behar izaten zuela egunero Murgatik Laudioko eskolara, eta Espainian desagerrarazi beharreko gauza zela hori. Gainera, herritarrak adineko pertsonak zaintzearen garrantziaz kontzientziatzearen aldekoa zen. Horrek ez du zerikusirik aipatu webgunean ematen den bertsio sinplista eta mingarriarekin. Urquijo, de las Rivas bezala, herritar ia kalbinisten ildo horretan dago, Máximo Aguirreren izaeratik gertuago, hau da, herritar zintzo eta ondraduak izateko kalitatezko hezkuntza eskaintzea ezinbestekoa ikusten zuten horien ildoan. Areago, Urquijok ez zituen inoiz ahaztu Murgatik Laudioko eskolarako ibilaldi haiek, horregatik saiatu zen bere herrikideen seme-alabek halakorik egin beharrik izan ez zezaten.

Antzeko iritziak ikusi izan ditut Francisco Martínez de Rodasi buruz ere. Ondan jaioa, Castelloko probintzian, baina Huescako familia batekoa jatorriz, Martínez de Rodas militarra 24 urte zituela iritsi zen Bilbora, hiribildua defendatzera, Bigarren Karlistaldian. Teniente gaztea Eloisa Arana sestaoarrarekin maitemindu eta ezkondu zen, 1877an. Armada utzi ondoren, Rodas (hala deitzen zioten) meatzaritza arloko enpresaria bihurtu zen, gero lau ontzi-enpresa sortu zituen, Ontzi Jabeen Elkarteko lehendakari izan zen, eta Bizkaiko Itsas Ligako presidente. 1902an, Seguros Aurora aseguru-konpainia sortu zuen. Hil zenean (Portugaleteko “El Saltillo” etxean hil zen), haren hileta —Ramón de la Sota bera buru zela— gertaera handia izan zen. Haren alaba bakarra mediku handi batekin ezkondu zen: Enrique Areilza (1860–1926), Bilboko aberatsen eta Trianoko eta Zugaztietako meatzarien medikua, eta Gorlizko Itsas Sendategiaren (1911) sortzaileetako bat11. Bada, Rodasi buruz, gure enpresaburu handienetako bati buruz, bizitzaren erdia baino gehiago Portugaleten eman zuen gizonari buruz, hau besterik ez da esaten: “’Aurora’ aseguru-etxearen burua Francisco Martínez Rodas izan zen, Huescako militar bat, Hirugarren Karlistaldian Bilbora etorri eta bertako ontzi-jabe nabarmenetako bat bihurtu zena”12.

Herrixketan jaio eta, enpresa- eta finantza-arloan, Madrilen hazi ziren bi enpresaburu horien aurrean, Bilbon Lehen eta Bigarren Karlistaldien artean aberastu ziren beste bi gizon aipa ditzakegu: Simón Gurtubay, batetik, eta Juan Echevarría La Llana, bestetik. Simón Gurtubay Zubero (1800–1872), Igorren jaioa, zapatari gisa etorri zen Bilbora, larrugin aritu zen gero (ontzietan olioak eta ardoak garraiatzeko zahagietarako larruak ontzen), eta, azkenik, bakailaoketari jardun zuen. Nahasmen baten ondorioz aberastu zen, karlisten lehen setioa baino pixka bat lehenago milaka bakailao gazitu erostean. Gurtubayk —Gurtubay e Hijos elkartearen bitartez— hainbat enpresatan inbertitu zuen dirua, baina batez ere Bilbo-Tutera trenbidearen sorreran eta Banco de Bilbao banketxearen jaiotzan (kontseilari izendatu zuten 1866an). Era berean, petrolioa fintzeko lantegi bat ireki zuen, Fourcade & Gurtubay, 1868an. Bilboko Zazpikaleetatik kanpora joatea erabk, eta jauregi bat eraiki zuen Campo Volantinen, Posta kalea utzita. Haren semeek beren gain hartu zituzten negozioak, eta haietako batzuk Madrilgo nobleziarekin ahaidetu ziren, edo beste auzokide batzuekin, Zabalgunearen proiektua diseinatu zuen Pablo Alzola ingeniariaren alabarekin, adibidez. Bakailaoketari hau Albako dukesa Cayetanaren herenaitona dugu, eta Yurreta eta Ganboako markesa Blanca Alzolaren birraitona.

Bakailaoaren inportazioari lotutako beste pertsona bat Juan Echevarría La Llana da (Bilbo, 1803–Bilbo, 1881). Landa-nobleziakoa jatorriz, Bilbon jaio zen, eta hainbat lursail oinordetu zituen Abandon eta Begoñan, bai eta Burtzeña, San Bizente, Landaburu eta Erretortu auzoetan ere. Ez zuen errentetatik bakarrik bizi nahi izan; aitzitik, inguruko txakolin-ekoizle nagusietako bat bihurtu zen. Bilboko alkate izan zen 1843an eta 1845–47 bitartean. Aldundiko buru ere izan zen, eta Madril-Irun trenbidea Bilbotik igaroarazteko Proiektua bultzatu zuen. 1873an, Echevarríak hamabi milioi erreal inguruko kapital indibiduala zuen, Banco de Bilbao banketxeak eta Epalzaren alargunak zeukatenaren antzekoa. Haren semeak —Alfredo Echevarría, Villagodioko markesa Concepción Bengoarekin ezkondua— zezen-plaza eraiki zuen Indautxun, eta zezen-ganadutegi bat izan zuen, Bilboko zezenzaleen arabera, zezen “ahulak” zituena; hortik Bilboko txuletoi ezagunek (aurreko azpizun-piezek) bere izena hartu izana.

Horra, beraz, gerra arteko Bilbo hura egituratu zuten lau aberastasun-iturriren errepaso laburra. Bilbo hark industriarako eta modernitaterako bidea hartua zuen jada, baina artean baziren beste garai batzuetako pertsonaiak ere. Garai hartako gertaera aipagarri bat Jorge Sarachaga Uríaren bigarren seme Alejo Sarachagaren bataioa izan zen, San Nikolas elizan13. Izan ere, Jorge Sarachaga Errusiako enperatrizaren ganberazain izandako Catalina Lobanoff de Rostoff printzesarekin ezkondua zen, 1840ko azaroan. Sarachagatarrak —Gueñesko leinu zahar bat— Bilbon finkatuta zeuden14. Bataiatutako mutilaren aitona alkate izana zen, 1804an eta 1808–09 bitartean, eta 1810ean, Manzanaresko prefektu eta Mantxako intendente izendatu zuen José Bonapartek; hau da, frantsestu bat zen, orduko “gobernu arrotzaren” kide bat15. Haren emazte María Uría, hiriko emakumerik ederrenetako bat omen zena16, Badengo Dukerri Handira erbesteratu zen Napoleonen aldeko jeneral batekin17. Bataio ondoko festa Gómez de la Torre-Mazarredotarren jauregi-etxean ospatu zen (aitona bezala, frantsestuak haiek ere). Jorge Sarachaga, emazte “errusiarra” zuena, hiru urte geroago hil zen, Alemanian, pistola-duelu batean18.

Bilbo txiki baina handizalea dugu 1841ekoa, kosta ahala kosta hazteko irrikaz dagoena: Abandoko zabalgunea, Olabeagatik eta Deustutik beherako kaiak, Abraren erabateko kontrola, Areatzako lorategia, erriberan zeharreko gas-argiztapena, trenbideak, eta, jakina, jada aipatua dugun guztia, hau da, Labe Garaiak, banketxeak, burtsa eta lurrun-ontziak eraikitzeko ontziolak. Merkatariek eurek ere, tokiko ogi- eta bakailao-azoketatik harago zabaldu nahi zituzten beren produktuak, Burgostik barrena Gaztelarantz, Zaragozatik barrena Aragoirantz, baita beste hiri eta herrialde urrunago batzuetara ere, hala nola Liverpoolera (Ingalaterra). Zalantzarik gabe, Bilbon bazegoen anbizioz eta dinamismoz beteriko enpresari-talde oparo bat. Edozer ikusten zuten negozio-iturri: ogia, ardoa, sokagintza, gatza, aingurak, artekaritza… Sektore orotan zeuden aukerak, eta horiek ustiatzeko prest zeuden, baita haien balio erantsia ere, horien guztien aseguruen bidez.

Bestela, ezin da ulertu XX. mende hasierarako Bilbon kapitalismoa horren indartsu egotea, ekonomiako ekoizpen-sektore guztietan egon ere, eta hainbeste aberats itzaltsu egotea, ezberdintasun politikoak gorabehera, gai zirenak, beren aitonek egin zuten bezalaxe, desberdintasun horiek alde batera uzteko komunitatearen onura eta euren oparotasun etengabea lortze aldera.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

 

OHARRAK

  1. Ikus liburuki honetako kapitulu hau: “Aurreiritziak: oligarkia”. [itzuli]
  2. Epalza Bizkaiko antzinako leinu bat da, Asuatarren eta Basurtotarren filiala, eta, horregatik, Salcedo etxearen eta Aragoiko eta Nafarroako Don Vela infantearen ondorengoa. Bi infantzoi-oinetxe ezagutzen dira, eta horietako bat Orozkoko haranean dago, 1555ean dokumentatua. [itzuli]
  3. María Concepción Lequerica Bergareche (1800–1857) Epalzarekin ezkondu zen, 1817an; Enrique Lequericaren eta José Félix de Lequerica enbaxadorearen izeba zaharra zen. Enrique Pilar Careaga alkatesarekin ezkondu zen, eta José Félix, Epalzaren antzera, familiaren esneketariarekin, 1942an, Parisen. [itzuli]
  4. Tomás José de Epalza eta María de Lequerica senar-emazteen ezkontza deuseztatzea, Artxibo Historiko Nazionala, Estatua, 7489. paper sorta, 153. exp. Lehen Konkordatua sinatu aurreko prozedura zenez, azken agiria Auzitegi Gorenean bideratu zen, hura zelako une hartan Espainiako jurisdikzio kanonikoan instantzia gorena. Auzitegi Gorenaren epaiak Tomás José de Epalzari eman zion arrazoia, eta prozesu-kostuak ordaintzera kondenatu zuen María Lequerica. [itzuli]
  5. Nobleen seminarioa, 1725ean Felipe V.a erregeak noble gazteen heziketarako sortua, Jesusen Lagundiaren aiten ardurapean egon zen, Printzesa kaleko eraikin batean. [itzuli]
  6. El Imparcial egunkaria, 1882ko maiatzaren 9a, 582. or. [itzuli]
  7. Angel Bahamonde Magro eta Luis Enrique Ofero Carvajal: “La reproducción patrimonial de la elite burguesa madrileña en La Restauración. El caso de Francisco de las Rivas y Ubieta, Marques de Mudela, 1834–1882”, La sociedad madrileña durante la Restauración, 1876–1931, Madril, 1989, 524. or. [itzuli]
  8. Egoki adierazia dute hori Luis Castellsek eta Antonio Riverak Notables e intrusos. Elites y poder en el País Vasco (1876–1923) lanean: “Garai hartako bi enpresaburu enblematikoenek ez zituzten ohiko kapitalizazio-arauak bete: Estanislao Urquijo Landaluce (Urquijoko lehen markesa) eta Francisco de las Rivas y Ubieta (Mudelako lehen markesa) enpresariez ari gara. Handik gutxira, Madrilera emigratu zuten —Franciscok, hamabost urterekin; Estanislaok, hamahiru urterekin—, eta biak ahaideen etxeetan bizi izan ziren. Hori, azken finean, funtsezkoa izan zen haien karrera arrakastaz hasteko. Biak senideen saltokietan hasi ziren lanean, han ikasi zituzten ekonomia-jardueraren hastapenak, eta haietan oinarri hartuta ekin zieten gero enpresa handiagoei”. [itzuli]
  9. José Carlos Rueda, “Préstamo y finanzas durante la segunda mitad del siglo XIX: una aproximación a la figura de los Urquijo”, Historia Contemporánea, 13–14, 1996, 297–322. or. [itzuli]
  10. El arca de no sé, Felix Mugurutzaren bloga Deia egunkarian: https://blogs.deia.eus/arca-de-no-se/tag/marques-de-urquijo/ (azken ikustaldia: maiatzak 1, 2020): “Haren bataio-agiria, modu misteriotsuan, Murgako parrokiako erregistro-liburutik erauzia dago. Haren jatorri apal eta baserritarra ezkutatzeko asmoarekin lotu izan da beti gertaera hori, lotsagarri-edo zitzaion iragan batekin hausteko keinu bat izan litekeena. […] Estanislao sinesmen handiko gizona zen, eta, urteetan aurrera egin ahala, gero eta deserosoago sentituko zen bere buruarekin, kontzientzian mailuka ariko zitzaizkion zalantza horiengatik,[…] deigarria egiten zaigu eskualdeko nekazariak eta abeltzainak laguntzeko, sustatzeko eta ekonomikoki saritzeko bere testamentu-mandatua. Horra errealitate beraren bi aldeen arteko berrelkartzea, agian: aristokrazia harroaren aurrean ezkutatzen saiatu zena ezin Jainkoaren aurrean ezkutatu. Irtenbide post mortem bat emango zien horrela hain astun zitzaizkion arrangurei”. [itzuli]
  11. Areilzaren heriotzaren kariaz, hainbat heriotza-ohar argitaratu zituzten: Ramiro de Maeztuk El Sol-en, Indalecio Prietok El Liberal-en, Manuel de La Sotak Excelsior-en eta Juan de La Cruzek eta José Felix de Lequericak El Pueblo Vasco-n. Vicente Blasco Ibañez-en El Intruso (1904) eleberriko Luis Aresti doktoreaaren pertsonaia Enrique Areilza bera da. [itzuli]
  12. Koldo Somokueto Pérez (1981) historialariaren “Compañías de Seguros de Bilbao” artikulua: https://communityofinsurance.es/2020/01/05/companias-de-seguros-de-bilbao/. Eskerrak beste biografia batzuk partzialagoak diren: “jaiotzez portugaletetarra ez izan arren, bertan eraman zuen aurrera bere familia-, ekonomia- eta politika-bizitza”.(Portugalete en la Revolución Industrial (1850–1936). Biografías. Egileak: Martínez Huerta, Inmaculada; Iturbe Zulaika, Mercedes; Suárez Carro, Begoña http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/lankidetzan/12/12001091. pdf) [itzuli]
  13. Jorge Sarachaga Uría-Nafarrondo: Manzanaresen jaio zen, Ciudad Realen, 1810ean, eta Bordelen hil zen, 1845ean. Manzanersen jaio zen, haren aita, Florentino Sarachaga, Mantxako intendente zelako, José Bonapartek izendatua. 1837an ezkondu zen, Errusian, Catalina Lobanoff de Rostoff Kucheleff-ekin (San Petersburgo, 1815–Florentzia, 1847), eta bi seme-alaba izan zituzten: Esperanza Sarachaga Lobanoff (1839–1918), Friedrich Truchsess von Wetzhausen kondearekin ezkondua (1862an); eta Alejo (1840–1918), Bilbon jaioa. Sarachaga (Freiherr Georg von Sarachaga-Uría) 1843ko abenduaren 14an hil zen, Oggersheim-en, Worms-etik gertu, Moritz von Haber bankariarekin (1798–1874) izandako pistola-duelu batean. Duelua garaiko prentsan jasota dago, albiste da Kemptner Zeitung: 1843 egunkarian. Dannheimer, 1843. 1885ean, Esperanza eta bere anaia Alexis umezurtz geratu berri ziren bi ahaideren tutore bihurtu ziren: Ricardo Sarachaga Arribalzaga eta Gloria Sarachaga Arribalzaga. Esperanza 1914ko urtarrilaren 28an hil zen, Cannesen, Frantzian, eta Munichen lurperatuta dago, senarraren ondoan. Hermitage Museoko artxiboetan bada S. L. Levitsky argazkilariak 1858an atera zion erretratu bat. Haren amaren aldeko aitona-amonen erretratu bat, Alexei Lobanov-Rostovsky printzea eta haren emaztea, Kucheleff kondesa (1814, olio-pintura mihise gainean, 133 x 116 cm), Errusiar Museoan dago, San Petersburgon. Gloria Sarachaga Arribalzaga 1952ko urriaren 6an hil zen, 74 urterekin, Forest-en, Guernsey irlan. Gaur Stephanie Sarachaga-Bilbaok du titulua. Gloria Sarachaga Arribalzaga 1952ko urriaren 6an hil zen, 74 urterekin, Forest-en, Guernsey-n. Egun, Stephanie Sarachaga-Bilbaok du titulua. Haren neba Mariano von Uría-k (Valentzia, 1812–Karlsruhe, 1876) zuzenbide-ikasketak egin zituen Heidelbergeko Unibertsitatean, eta Badengo Dukerri Handiko goi-funtzionario bat izan zen. Ama, María Micaela Uría, bigarren aldiz ezkontzean (1826), Badengo Carl von Lassolaye (1784–1863) alemaniar ofizialaren semeorde bilakatu zen. 1844an, Mannheimeko Behe Rhin barrutiko gobernu-kontseilari izan zen. Haren alaba, María, Prusiako baroi eta teniente jeneral Franz Freiherr Neubronn von Eisenburg-ekin ezkondu zen, 1871n. [itzuli]
  14. Florentino Sarachaga Izarduy (1778–1824): Bilboko alkate izan zen 1804an eta 1808–09 bitartean. Manzanaresko prefektu eta Mantxako intendente izendatu zuten 1810ean, eta han jaio zen bere seme Jorge Sarachaga Uría. Ondasunak konfiskatu zizkioten, frantsestua izateagatik. Hiru seme-alaba izan zituen —Jorge (1810–1843), Mariano (1812–1876) eta María Leopoldina (Karlsruhe, 1815–1815)— María Micaela Uríarekin (1792–1853), José Ramón Urrutia jeneralaren iloba eta oinordeko unibertsala izan zenarekin. María Uría Alcedo [Fernando VII.a] jaunari, Karlsruhe, martxoak 8, 1816, Artxibo Historiko Nazionala, E, 5333. paper sorta, 109. zk.: Espainiara itzultzeko baimena eskatzen du, eta azken sei urteetan Sarachagaren aldetik tratu txarrak jaso dituela adierazten du. Sarachagak Almagron emandako denboraz, ikus AHN, Inkisizioa, 4499. paper sorta, 20. esp.; eta Juan Blázquez Miguel eta beste: Historia de Almagro: Ponencias/Premios Ciudad de Almagro, Ciudad Real, 151. or., Almagroko Udal Artxibo Historikoa aipatuz, 176. paper sorta, 4804. dok. [itzuli]
  15. Badengo Dukerri Handia (alemanez, Großherzogtum Baden) Alemaniako hego-mendebaldeko estatu historiko bat izan zen 1806tik 1918ra. Karlsruhe zuen hiriburua. Hango margravea bandoz aldatu zen 1805ean, eta Napoleonen alde jarrita, eta, Presburgoko bakearen bitartez, Badengo Duke Handia bilakatzea lortu zuen. [itzuli]
  16. Camilo de Villavaso (Bilbo, 1838–Bilbo, 1889): idazle, kazetari eta politikari foruzalea. Gorteetarako diputatua izan zen Berrezarkuntza garaian. Bilboko Udaleko eta Merkataritza Ganberako idazkari izan zen. Bilbaínos ilustres liburuan (Euskal-Erria: revista vascongada, 1881), hau idatzi zuen: “Maria Micaela Uría y Alcedo andrea, zeinaren egiazko sinadura ezartzen baitugu hemen, Jose Bonaparte erregearen gorteko damarik ezagunenetako bat izan zen, bere edertasunagatik, bere grazia eta azkartasunagatik, eta bere adeitasun aristokratikoagatik. Noble-jatorrikoa bera, Florentino Sarachaga Bizkaiko herrialdeko etxe zahar eta nagusienetako bateko ordezkariarekin ezkondu zen. Florentino Sarachaga horrek —Urquijo ministro ospetsuaren lagun min eta hurbileko ahaide zenak— frantsestuen alde egin zuen, eta Mantxako intendente kargua izan zuen, Jose I.a erregearen agindupean. Haren emaztea, gorte arrotz hartako konstelazio distiratsuenetako bat bezala nabarmendu ondoren, bigarrenez ezkondu zen inperioaren zerbitzura zegoen koronel alemaniar batekin. Gizon hori teniente jeneral eta baroi izatera iritsi zen Badeneko Dukerri Handian”. [itzuli]
  17. Carl von Lassolaye (1784–1863): militar alemaniarra. Badengo Dukerri Handiaren eta Napoleonen zerbitzura jardun zuen, eta, Espainiako kanpainan parte hartu zuen. Artilleriako jeneral izatera iritsi zen. Deutsche Division delakoaren tropetan borrokatu zen (1809ko uztailaren 29tik aurrera, Napoleonen aginduz, Rheinische Bundesdivision deiturikoan). María Uríaz maiteminduta (1808), alaba bat izan zuen harekin, 1815ean, Karlsruhe-n, baina jaio eta hilabetera hil zen haurra. 1826an ezkondu zen Maríarekin, hura alargun geratu ondoren. 1848an, Rastatt gotorlekuko gobernadorea izan zen. Karlsruhen hil zen, 1863ko urriaren 31n. Ikus Ettlingen-eko Karl Franz von Holzing (1787–1839) ofizial gaztearen memoriak, Unter Napoleon in Spanien: Denkwürdigkeiten eines badischen Rheinbundoffiziers (1787–1839) (Max Dufner-Greif-en edizioa, Hans von Hugo, Verlag, Berlin, 1936, 40–41. or.). Bertan, Lassolaye kapitainak Maríarekin Florentinoren etxean izandako topaketa kontatzen da, haien arteko maitasun-harremana eta ezkontza-deuseztapenaren saiakera (1814): “Um jenem Morgen knüpfte sich das Schicksal an, das über ganz Europa hin bekannt und besprochen wurde”. 1808ko azaroren 4an izan zen topaketa. Maríak seme bat zuen ordurako. https://www. euskalmemoriadigitala.eus/applet/libros/JPG//313073/313073.pdf Testu horri buruz, Hiltrud Friedricke Stegmann-ek dio (hemen: “Memorias de alemanes en España durante la Guerra de la Independencia. La estancia de Philipp Schwein en la isla de Cabrera”, Espacio, Tiempo y Forma, IV. saila, 16. libk., 2003, 359-90 or.) Karl Franz von Holzingen liburua bere editorearen eleberri bat dela beste ezer baino gehiago. Genealogia eta Heraldika Zientzien XV. Nazioarteko Biltzarrean (Madril, 1982/09/23–25, Madril, 1983. 2. libk., 350. or.), esaten da seme-alabak Lassolayerenak ere badirela. Berdin hemen: Wilhelm Friedrich Karl Stricker, Die Deutschen in Spanien und Portugal und den spanischen und portugiesischen Ländern von America, 73. or. [itzuli]
  18. Alejo Sarachaga (1840–1918): Bilbon jaioa, Sarachagoffeko Baroia 1862tik (Alexandro III.a Errusiakoa tsarrarengandik jasotako titulua), Zuricheko Politeknikoan egin zituen ikasketak, Estatu Ministerioan eskaini zituen bere zerbitzuak, agregatu diplomatikoa izan zen Parisen, Espainiako Enbaxadan, baita, geroago, San Petersburgon ere. Etxeko atean hotzez hildako haur bat topatzeak bizitza aldatu zion. Víctor Drevon jesuita ezagutu zuen 1873an, eta Hiéron du Val d’Or elkarte esoterikoa sortu zuen, baita Musée du Hiéron ere, 2015eko abenduaren 21etik monumentu historiko bezala katalogatua, arte sakratuko museo bat Paray-le-Monial-en, Borgoinako hegoaldean. Museoko bilduma nagusia Eukaristiaren inguruko artelanez, pinturez eta eskulturez osatuta dago. Berrogeita bost urtez bizi izan zen han. 1903an, Eugénie Championekin ezkondu zen. Karlos III.aren Gurutze Handia jaso zuen. Zientzia- eta arkeologia-ikerketako 28 liburuki argitaratu zituen bere Ezagutza Unibertsala proiektuaren barruan. Ikus G. Noaillat eta F. de Rosnay-ren liburu hau: In Memoriam: le Baron Alexis Sarachaga, Paris, 1918. [itzuli]