Edukira zuzenean joan

Chillidaren omenez

katalogoa

Calder-i buruz

Kosme de Barañano

Izenburua:
Calder-i buruz
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2006
Neurriak:
31 x 24 cm.
Orrialdeak:
480
ISBN:
978-84-95216-49-6
Erakusketa:
Chillidaren omenez
Gaiak:
Giza harremanak | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Mugimendua | Erakusketak | Artistak | Alexander Calder | Pilar Belzunce
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Gouache | Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo

Alexander Calder eskultore amerikarraren lanaren inguruan Eduardo Chillida-rekin izandako elkarrizketa 1994ko ekainaren 24an egin nion Bilboko Lersundi kaleko nire etxean, eta elkarrizketa luzeago baten laburpena da. Garai hartan Calderren atzera begirako erakusketa bat prestatzen ari nintzen Caracaseko Centro Consolidado Fundaziorako, lehenagotik, 1992an, Chillida. Escala humana eta 1994an Marcas y trazos del dibujo eginak nituen lekuan. Calder lan asko egindakoa zen herrialde horretan berrogeita hamarreko hamarkadan, eta haren lanaren ikuspegi orokorra eskaintzeko eskatu zidaten. Zoritxarrez, erakusketa, 1994ko azaroaren 27rako aurreikusia zegoena, azkenean ezin izan zen gauzatu herrialdearen egoera politikoak eraginda. Izan ere, estatu kolpeetako batek Caracasen bertan harrapatu gintuen euskal artista eta biok.

Eduardo Chillidaren Calder-en omenez (Homenaje a Calder) altzairuzko eskultura 1979koa da, eta dagokion estudioa, formatu txikikoa, urte askotan egon da zintzilikatua bere tailerreko txoko batean, artistak marrazten zuen lan-mahaiaren atzealdean. 1982an, La obra artística de Eduardo Chillida (1988an argitaratua) idazten hasi nintzenean, Eduardok lekuz aldatu zuen eta handik gutxira bere etxe berrira eraman zuen, Intz-eneara, Donostiako Itxasargiko pasealekura. Bertan, bi gillotina-leihoren artean jarri zuen, bigarren solairuan zuen gelan. Hain leku magikoa denez, etortzeko eskatu nion argazkilari eta unibertsitateko irakasle José Manuel Susperregui-ri bere plaketan jaso zezan. Calderren omenaldirako estudio (Estudio para el Homenaje a Calder) txiki hori bi leihoen artean dago esekia, beren markoen mugan eta proportzioan eta ikusten uzten duten bi urdin tonuen elkartzean —zeruaren urdina eta itsasoaren urdin iluna—. Leiho horiek Mark Rothko-ren bi koadro dirudite, Vermeer-en argi metafisikoa Inpresionismoan (irudia desegiten duen argian) barneratu duen pintore amerikarra, iparraldeko hezetasunaren bibrazio sentsazio hori kolore guztietan aditzera ematen duena. Urte askotan, Intz-eneara egindako bisitaldi bakoitzean, momentu bat hartzen genuen gela horretara igotzeko eta obra hori ikusteko. Lan horrez gain, Eduardok beti izan ohi zuen une hartan buruan zerabilkion edo bereziki kezkatzen zuen lanen baten burdinazko bozetoa edo txamota buztinezkoa bere gelako apaletan.

Kosme Barañano: Galdetu nahi nizuke, gogoratzen baldin bazara, zein izan zen Calderrekin elkartu zinen lehenengo eta azkeneko aldia?

Eduardo Chillida: Zehatz-mehatz ezingo nizuke esan; lehenengo aldiz galerian elkartuko ginen, jakina; seguru. Eta oso ondo gogoratzen naiz elkartu ginen azken aldiaz: New Yorkeko Whitney Museum of American Art-eko erakusketa hartan izan zen, inaugurazioan berarekin egon baikinen.

K.B.: Erakusketa-egun haietan hil zen.

E.C.: Bai, handik egun gutxitara hil zen. Lehentxeago bere etxean afaltzera gonbidatu gintuen.

K.B.: Roxburyn afaltzera?

E.C.: Ez, ez Villagen zuen apartamentuan; ez naiz kalearen izenaz gogoratzen. Lelong ere joan zen eta argazkilari hura... zein zen bere izena? Fredy Melgar, argazkilari espainola, Lelongen laguna. Bertan arratsalde osoa eman zuen argazkiak egiten. Denetaz hitz egin genuen eta, arratsalde osoa eta ia gau osoa bertan eman bagenuen ere ez nion ezer berezirik nabaritu, ezertxo ere ez. Betiko bezala zegoen eta normal hitz egiten zuen; tarteka logaletua zegoela zirudien baina hori normala da afarian nahiko edan baikenuen; hala ere, denetaz jabetzen zen. Izan ere, alde egin behar genuenean taxi bila lagunduko zigula esan zigun, eta halaxe izan zen. Fredy Melgarrek argazki batzuk egin zituen Lelongekin eta Sandy-rekin geundela, eta hil zela jakin eta gero bidali zizkiguten. Espainiara iritsi bezain laster (hurrengo egunean edo bi edo hiru egun geroago abiatu ginen New Yorketik) prentsaren, hedabideen bidez jakin genuen Sandy hil zela. Hotelean geunden eta berri hark zirrara ikaragarria egin zigun. Bidali zizkiguten argazkiak, egun haietako argazkiak ikustean, ordurako hilda zegoela jakinda, oso gaizki zegoela konturatu ginen. Hori betirako markatua geratu zaidan zerbait da: han geundenean ikusi ez niona; ez bainion nabaritu aurpegi txarra zuenik. Hala ere, argazkietan antzeman daiteke; zerorrek ere ikusi ahal izango duzu. Argazki horiek etxean daude, ezta?

K.B.: Zein paper betetzen du zuretzat Calderren eskulturak, Eduardo? Brancusi-ren ondoren eta Giacometti-rekin, maila berean jartzen al duzu?

E.C.: Garrantzizko papera betetzen du, baina mailaren kontu hori oso zaila da neurtzen. Nire ustez Sandyk berezko ahotsa du; hori funtsezkoa da niretzat. Berezko ahotsa du eta gainera puntu bat ukitzen du, nire ustez lehenengo aldiz artearen historian: zentzu berri batean lantzen du mugimendua. Nire ustez bere lana jende askorekin erlazionatua dago, artista guztiei gertatzen zaien bezala, eta bereziki Miró-rekin. Oso erlazio berezia dago bien artean; Sandyk asko maite zuen Miró eta Mirók asko maite zuen Sandy. Eta bada komuna den zerbait bien lanean: beti ikusi izan dudan zerbait, Sandy, Miró ez bezalako norabidean zabaltzen den arren. Bera espaziorantz doa, izugarrizko garrantzia ematen dio espazioari baina askoz ere gehiago denborari. Bere lanean horrexek eraman zuen mugikorretara eta bere bizitza osoan zehar egin zituen esperientzia guztietara, zuk nik baino hobeto ezagutzen dituzun horietara.

K.B.: Mirórekin ez ezik, ez al duzu Mondrian-ekin ere erlazioren bat ikusten?

E.C.: Mondrianekin ere sumatzen da erlazioren bat baina baliteke kolore garbietan eta halako gauzetan izatea gehiago, baina formalki, Mirórekin lotura handiagoa duela uste dut. Horrez gain, esango nuke zenbaitetan Sandyren lanean ikusi izan dituen gauza batzuen erantzun gisa sorrarazi dituela Mirók bere jardueretako batzuk, Sandyk nolabait ere harekin erlazionatuak zeuden gauzak egin eta gero. Izan daiteke, batzuetan hala dirudi, ezta?

K.B.: Zentzu horretan, ez al duzu uste eskultoreetatik baino pintoreetatik sortutako eskultorea dela?

E.C.: Baliteke pinturatik sortu izana, baina aldi berean eskultorea da. Eskultorea da; eskultorea goitik behera baina, nolabait esateko, espazioa eta denbora aldi berean martxan jartzean, Sandyk egiten duen modura, ia lehenengoz egia esan, agerian uzten du eskultore izateko jaio zela. Niri hala iruditzen zait.

K.B.: Ez al duzu uste aipatzen dituzun halako alderdi formalak, adibidez, nahiko ezkutuan geratu direla alderdi ludikoaren atzetik? Calder pertsonaia dibertigarria da, ergo bere eskultura dibertigarria da...

E.C.: Bai, baliteke hori bere izaerarekin pixka bat nahastu izana; oso gizon barregarria zen, oso sinpatikoa, on-ona, pertsona bikaina. Horrek guztiak izaera hutsalagoa eman dio agian bere obrari, harentzat zena baino.

K.B.: Eta zure Calderren omenez, noiz eta nola sortu da?

Ch.: Bera hil eta gero egin nuen; momentu hartan omenaldi bat egin nahi izan nion besterik gabe eta halakoetan sasi-artean sartzen naiz zerbait egin behar dudanean. Beti gertatu ohi zait omenaldi horiekin; jakina, nik egon behar izaten dudan zerbait egin nahi izaten dut, baina horrez gain omenaldia egiten diodan pertsona horrengandik zerbait egotea nahi izaten dut. Kasu honetan, noski, ez nuen mugikor bat egin nahi izan Sandyren zentzu berean, baina piezan mugimendua dago birtualki espazio horren barruan; ondo ezagutzen duzu zuk.

K.B.: Zer sentsazio sorrarazten dizute zuri gouacheek? Goaucheei areto berezi bat eskaini nahi diet.

E.C.: Marrazki batzuk ditugu guk etxean; nahasmen handia dut etxean, baina badut etxean baten bat. Ikusi al duzu?

K.B.: Bai, atondoan duzuen hori oso ederra da.

Ch.: Pasadizo barregarria da. Sachéra joan ginen, Caldertarrekin egon ginen eta egun osoa igaro genuen elkarrekin. Bertan, haien bizimodua oso bitxia zen han zuten etxeagatik: oso etxe dibertigarria zen, herriko etxea, oso polita, oso naturala.

K.B.: Lehenengo etxeaz ari zara, ezta? Françoise I.arena.

E.C.: Bai, hori da, iristen zen edozeinentzat zegoen zabalik. Hara iritsi eta jaten hasten zinen, ogiz betetako mahaiak zeuden, ardoa zegoen, jendea nahi zuenean sartzen zen...

Pilar: Haitzulo bat zegoen etxe barruan eta bere upeltegia zuen bertan, garrantzi handia ematen ziona; beti zegoen mahai handi bat janariz beteta: saltxitxoiak, gaztak, edariak, eta iristen zena gosaltzen, edo mokadu bat hartzen, edo jaten hasten zen... oso abegitsuak ziren.

E.C.: Beti zegoen janaria. Oso atseginak ziren, oso dibertigarriak eta sinpatikoak, oso jende ona. Eta etxe hartan, hauxe gertatu zen guk dugun gouache horrekin: Sandyk gouacheen karpeta bat erakutsi zigun eta orriak pasatu ahala, begiratu eta komentatu egiten genituen; ezer berezirik ez, ez bainion ulertu, ezta gutxiagorik ere, guk bat aukeratzea nahi zuenik; erakusten ari zitzaizkigula uste nuen, besterik gabe, ez ordea bat oparitu nahi zigula. Orriak pasatzean esaten genuen “zer interesgarria hau eta bestea” eta, bat batean, tarte baten ondoren hauxe esan zidan: “Zergatik ez didazu bat eskatzen?”. Sandyk uste zuen bat eskatuko niola, eta eskatzen ez niola eta oso ondo iruditzen zitzaizkidala komentatu besterik egiten ez nuela ikustean, bat aukeratu eta eskaini egin zigun hark.

K.B.: Zuk ez al duzu nolabaiteko gaitzespenik sentitzen brotxa lodiz egindako halako marrazkien aurrean?

E.C.: Ez. Badira oso bestelako gauzak, gustatzen zaizkidanak, nirekin batere zerikusirik ez duten gauza asko eta asko, alegia. Gutxiago gustatzen zait nirearen antza duen guztia: horixe da gutxien gustatzen zaidana.

K.B.: Eta Zirkua, zer iruditzen zaizu Whitneyko zirkua?

E.C.: Zirkua zoragarria da, apartekoa.

K.B.: Eskultura gisa edo dibertimentu gisa?

E.C.: Guztiarengatik, oso xehetasun interesgarriak dituelako, arte garaikidearen barruan lehen mailako dibertimendua izateaz gain. Baina asko du barruan, asmakuntza handia baita. Arretaz begiratzen baduzu eta osagai batzuk eta besteak ondo begiratzen badituzu, azkenean gauza interesgarri asko aurkitzen dituzu, ustekabekoak, harrigarriak eta bitxiak; gauza horiek multzo aberats baten barruan daude eta hasieran ez dituzu ia antzematen. Ondoren bakarrik, arreta handiz begiratzean, konturatzen zara gauza horietaz. Itxuraz dagoena baino askoz ere gehiago dago Zirkuan eta Calderrek gai horren inguruan landu duen guztian. Gainera, oso lotura estua du Calderren izaerarekin, Calderrek pixka bat duelako osagai horietatik guztietatik.

[Itzultzailea: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]