Edukira zuzenean joan

Chillidaren omenez

katalogoa

Azken elkarrizketa

Kosme de Barañano

Izenburua:
Azken elkarrizketa
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2006
Neurriak:
31 x 24 cm.
Orrialdeak:
480
ISBN:
978-84-95216-49-6
Erakusketa:
Chillidaren omenez
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta paisaia | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Materiala | Erakusketak | Ingurunea eta natura | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo

Eduardo Chillida-k eta Kosme de Barañanok 1998ko abenduaren 28an izan zuten elkarrizketa hau, artistak Donostian zuen Intz-enea etxean. Javier Villalbak zuzentzen zuen Descubrir el arte aldizkariaren lehenengo zenbakian (I. urtea, 1. zk., 1999ko martxoa) agertu zen.

Elkarrizketa Museo Nacional Reina Sofía-n artistari eskaini zitzaion eta ni komisario izan nintzen atzera begirako erakusketaren (1998ko abenduak 15–1999ko martxoak 15) inaugurazioaren ondoren egin nion, Chillidak familiarekin batera Gabonak lasai eta gustura pasa eta gero. Seme-alabak eskiatzera joanak ziren eta bakarrik geunden, ikasle nintzenean goizeko hamarrak aldera Miracruz gainean zuen estudiora joan ohi nintzenean bezala.

Madrilgo museoko erakusketa hark proposatutako bidaia estetikoa Chillidaren 170 artelanen bilduma zen. Ibilbide zehatza eskaintzen zuen, eta giza eskala eta zeruertza bateratzearekin obsesionatua zegoen artistaren lana sakontasunez aztertzen zuen; 1948an figurazioa lantzen hasi zenetik helduaroraino, egungo abstrakzioraino. Erakusketak, abenduaren 15ean Erregek inauguratu zuenak, hiru atal biltzen zituen: bata (70 lanez osatua) pisuzko eskulturei eskainia, bestea (40 lanez osatua) lurrarekin zituen esperientziei (lurrak) edo paperezko erliebeei (grabitazioak) eskainia, eta bestea, (60 paper) marrazkiei eskainia. Ibilbide kronologiko bat izan zen hura, Tolerantziaren omenez (Homenaje a la tolerancia) eskulturaren egileak erabilitako material anitzak bildu zituena.

Eduardo Chillidak, hitz urriko gizona zenak, hauxe adierazi zion prentsari erakusketari buruz: “nire artelanaren inguruan egin den erakusketarik onena da. Kosme de Barañanok ondo ulertu du erakusketa egiteko bukaeraraino iritsi behar zela. Berak egin duen modua, nik egin dudan lana bezain garrantzitsua da. Orain urte batzuk ere muntaketa bikaina egin zuen Alberto Giacometti-ren lanarekin. Erabat ulertu zuen”.

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoan ere egon zen ikusgai apirilaren 20tik abuztuaren 29ra arte. Bertan, espazioak kontuan hartuta, ez zen kronologikoki instalatu, erreferentzia formalen arabera baino, eta argia eta argiztapena modu berezi batez erabiliz. Madrilgo erakusketa —ibilbide kronologikoa— bisitatu zuen jendeak ikuspegi intimoago batez gozatu ahal izan zuen orduan, ez hain hotza, eta aldi berean formalistagoa. Lan guztiari, artistaren adiera bakarreko hizkuntzari eta bere “kantu gregorianoari” eskainitako ikuspegia zen hura, hedapen gisa baino gehiago poema sinfoniko gisa ikusita. 540.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Bilboko erakusketa hark, Frank Gehry-ren arkitektura berezira moldatua, bere barruko zailtasunetatik eta bere erreferentzia formaletatik jarraitzen zion Chllidaren lanari.

Azkenaldian, adinak, edo giza gorputzaren kimikak, aurrez aurre jarri du artista depresioaren misterioarekin. Eta depresioari aurre egiteko borondatea izan da bere arma bakarra. Medikuek aste pare batez atseden hartzeko gomendatu zioten, pattal samar baitzebilen. Menorcan jandako ostra batzuek eraginda gaixotasun gastriko luzea izan eta gero, bere sormenaren indarraz guztiz baliatu ezin izanaren sentsazio horrek, indarrak ahuldu izanaren sentsazio horrek depresio sakonean murgildu zuen, udaldiaren bukaera aldera batik bat. Gero jakin dugu depresio-aldiaren hasiera hura koadro kliniko konplexuago bati zegokiola, gaixotasun larriago bati, alzheimerrari eta zahartzaroko dementziari. Koadro kliniko horrek bizkor egin du aurrera eta artistaren ordu gehienen jabe egin da Chillida Lekuren inaugurazio-egunerako. Juan Carlos I. erregeak erizain aditu baten antzera gidatu zuen artista, Sofía erreginari eta gainerako agintariei ingurune natural horretan piezetatik egin behar zen ibilbidearen norabidea azaltzen ari nintzaien bitartean, eta hainbesteko naturaltasunez lagundu zion erregeak ezen ia inor ez zen konturatu hura izan zela artistaren adimenaren “hutsune” aldietako bat.

 

Chillida: Aldi latza izan dut, oso konplikatua. Bat-batean dena eroriko balitz bezala da. Azkenaldi honetan hori gainditzen aritu naiz. Sekula ere ez dut halako ezer izan. Ez dakit ezer egiterik ba ote dagoen halako gauza baten kontra. Pentsatu egin beharra dago eta egunero pentsatu ere, gainditu ahal izango duzula, eta ez dela existitzen. Hasieran amorrua sentitzen nuen; gainera, bete beharreko konpromiso sozial ugari nituen. Baina gainditu beharra dagoela konturatu nintzen. Eta hemen nago, hortik ateratzen. Asko lagundu didate musikak eta irakurtzeak. Lehendik irakurrita nituen egileetara itzuli naiz, beste modu batera ulertzen edo ikusten ote nituen ikusteko. Orain berrogei urte arakatu nuen zerbait berriro irakurtzea oso positiboa da, non zauden esaten dizu berriro. Gainera asko ibili naiz pasioan, kilometroak egin ditut, eta jendea nola dabilen behatzen aritu naiz. Oso ikasbide ona da denek ibilera desberdina dutela ikustea, baina denak neba-arrebak direla, eta itsasoko olatuak bezain desberdinak. Egongo dira artearentzako bideak gizakiak dauden bitartean.

Chillida ez da erakusketak lortzeko asko lehiatu den horietakoa. Reina Sofía-ko erakusketa hau, Museoa ireki zutenetik ia hamar urte igaro direnean, bete-betean euskal artista honi eskainitako lehena da.

Chillida: Atsegin dut jendeari zer egiten ari zaren interesatzen zaiola jakitea. Baina omenaldirik egin ez balidate ere berdin izango litzaidake. Ez zait interesatzen lehenaldiarekin harremana izatea, etorkizunarekin baizik. Jakina, izugarri atsegin dut 40 urtetan ikusi ez ditudan lanak behatzea, berehala saldu baitziren atzerrian. Nire seme-alabek ere ez dituzte orain arte ikusi. Nik lan egin nahi dut, ikasteko lan egin, ez dakidana eta oraindik egin ez dudana egiten saiatzeko. Bizitzan merezi duena, miatu ez ditugun bideetan barrena sartzea da; lehen ibili ez ditugun bideak bilatu behar ditugu, ezagutzen ez ditugun bideak aurkitu.

K.B.: Osagaien testurak (altzairuen oxidoarena edo granitoen zainena) harremana du edo harremana nabarmentzen du artistak duen espazio-kontzeptuarekin. Zein da gustukoen duzun materiala eskulturagintzan 50 urtez aritu ondoren?

E.C.: Burdina izan da niretzat material garrantzitsuena. Gogorra da baina manakorra. Eta horretarako bero egon behar du. Niri burdina kenduz gero gauza asko egiteko aukera kentzen didate. Material erabakigarria izan da burdina. Hormigoia ere asko atsegin dut. Hormigoiz egin ditudan eskulturek garrantzi berezia hartzen dute zeruertza aurrean dutenean... Altzairua Reinosan egiten dut orain, han bakarrik egin baititzaket. Baina egia esan material guztiek eramaten naute, eta nik eurak eramaten ditut. Harro nago, adibidez, Donostiako Haize-orraziarekin. Naturara zabalik dauden nire lehen lanetakoa da. Gainera, leku hori da eskultore gisa izan dudan lehenengo ikuspegia, eta leku horrek sorrarazi du nigan berarengandik natorren ikuspegia, txikitan eta nire etxetik. Geroago, Pili eta biok paseatzera etorri ohi ginen bertara ezkongaietan; gehien atsegin genuen pasealeku erromantikoa zen, ametsen ingudeen gure lekua; olatuak guztiak berdin eta guztiak desberdin ikusten dituzu bertan, Johann Sebastian Bach-en fugak bezala.

Chillidaren eskulturaren espazioa ez da hiru dimentsioen espazioa, bolumenarena, hutsunearena baizik, osagai dinamizatzaile gisa hartuta eta, batez ere, materialena, beren pisua, beren testura ... ukimena kontuan hartzera eramaten gaituena. Futbolean atezainen “ukituaz” eta “helmenaz” hitz egin ohi da, kokatuta dauden moduarekin eta eskuekin zelaia ikusteko duten gaitasunaz. Chillida Real Sociedad-eko atezain izan zen Madrilera arkitektura ikastera joan aurretik eta 1948an Parisen eskultore izaten hasi aurretik.

E.C.: Zentzumen bat baino zerbait gehiago da ukimena, zentzumenen elkarrekintza da. Ikusmenaren, entzumenaren... bidez ere badihardu ukimenak. Eskuak badu bere misterioa, garunari bakarrik erantzuten ez diona. Orain, tarteka oroimena falta izaten zaidanean eta, esate baterako, izenez gogoratzen ez naizenean, eskuak hala ere eskultura hori leunki ukitzen du eta ikusi egiten du, nola ukitzen den, nolakoa den, ukitzen duzunean zer esaten duen, nola ikusten duzun axola gabe. Ukipen-espazio bat dago, ukimenak espazioaren propietateen, formen, eskuak jakinarazten duenaren berri ematen digu. Grekoen angelu zuzenaren historia da; lehena ez da matematika, laurogei graduen definizioa, gizakiak bere buruarekin egiten duen itzala baizik. Nik betidanik maneiatu izan ditut edo beti egon izan naiz sentimenaren bidez ulertu eta transmititu daitezkeen neurrietan.

Garrantzizko lanetako bat Tindaya proiektua da. Chillidak 50 metroko aldea duen kubo handi bat sortu nahi du mendiaren erraietan. Proiektu horrek oso desberdinak diren bi talderen haserrea piztu du. Batetik, inguruan interes urbanistikoak dituztelako, mendiaren hegalean eraiki nahi dutelako, proiektuaren kontra agertu direnak daude, edo kontra ez daudenak baina Chillidaren interbentzioak ondorioz ekar dezakeen boom turistikotik probetxu atera nahi dutenak. Artistak hauxe exijitzen du, menditik itsasora ezer ere ez eraikitzea. Bestetik, talde ekologista batzuk daude proiektuaren kontra, mendia gizakiaren interbentziotik babestu nahi duena, interbentzio hori Chillidarena bada ere. Ez dakite natura- eta paisaia-kontzeptua gizakiaren interbentzioaren edo begiradaren emaitza dela.

E.C.: Ez dut ezer ere egingo inplikatuak dauden alde guztien artean adostasunik ez dagoen bitartean. Nire espazioa gizaki guztientzako espazioa da.

Fuerteventurako Tindaya proiektua, barrutik sortutako eskultura bat da. Izenburu horrekin, Barrutik, Chillidak burdin forjatuzko eskultura eseki bat sortu zuen 1953an. Tindayako espazio horretatik Caspar David Friedrich-en koadroetako pertsonaiek bezalaxe behatu ahal izango da itsasoaren zeruertza: sublimea posible da eskultoreak mendiaren barrualdean irekitzen duen eszenatoki natural horretatik.

Artistak berak gogora ekarri du 1984an “ikusi” zuela, Mendi huts alabastroa egin ondoren, sortze-lan hura benetako mendi baten barrualdera eramateko aukera:

E.C.: “Mendian lanean aritzen den jendea badago, zergatik ez ote nuen nik halakorik egingo? Mendian jende askok egiten du lan harria erauzten, ohartu gabe hori egitean, harria erauztean mendiaren barruan espazioa sartzen ari dela. Zergatik ez haiek zuzendu eta lan eskultoriko bat aurrera eraman?”.

Horrela, meatzetako baliabideen ustiapena eta mendiak adierazten duen ondarearen kontserbazioa elkartu nahi ditu Chillidak, mendiari balio erantsia emanez: hutsunea espazio-biltzaile gisa hartuta, XX. mendeko eskulturaren funtsezko kontzeptua, alegia. Baina Tindaya proiektuari gehien hurbiltzen zaion adibidea Zabalaga baserria da, Chillida eskultoreak bere Fundazioaren gune izateko aukeratu duena. Zabalagan, Chillidaren interbentzioak ez du berarekin ekarri bertako parajeak eta gelak, sukaldeak, ukuilua eta abar zaharberritzea, ondoren birgaitzeko. Chillidak guztia erauzi du eta horrekin baserriaren espazioa sortu du, eskultura bihurtu du. Barrualdea, lehen arkitektura zena (bizitzeko eraikitzea) eskulturaren espazio (pentsatzeko eta gure lekua sentitzeko eremua) bihurtu da. Zabalagaren barrualde hutsean dago Tindaya proiektuaren lehenengo maketa.

Tindaya-ren ideiaren ondoren, artistak lan bikaina sortu du Municherako, zortzi metro altu den obra, altzairuzko hiru gorputz, bakoitza zortzi tonako hiru xaflez osatua. Eskultura Munich hiriko hiru pintura-museoen artean jarriko dute, Pinakoteken plazan.

K.B.: Jarraitzen al duzu, jenio guztiek bezala, aurrera bakarrik egiten duen eta inoiz atzera egiten ez duen bidetik?

E.C.: Bukaeraraino jarraitzea espero dut. Azkenaldi honetan egin ditudan gauzak onenak bezain ondo daude. Arazo berri baten planteamendua da. Arazo bat ezagutzea soluzio bat ezagutzea bezain goresgarria da. Adibidez, aipatu duzun piezak trinkoa ematen du eta, hala ere, irekia dago barrutik. Biratuak dauden hiru piezak osatzen dute, gorantz zabaltzen doazenak, gero eta gehiago zabaltzen diren itsasoko olatuak bezala, argiaren bila. Halaxe deituko da: Argiaren bila.

Euskal Herrian, neguko argi iluna Eduardo Chillidaren aginte-zubiaren gainean erortzen ari da, Donostiako badian. Zeruertza, orain, urdinaren bi forma baino gehiago tinta iluneko bi orban bereizten dituen lerroa da; kobrezko matrize tintaztatuaren grabatutik papera bereizten duen lerroa. Bereizketaren, erlazioaren lerro horretan pausatu da beti artista euskaldunaren begirada sortzailea; bere espazioa — arrantzaleena bezala— zeruertzaren argiarena eta ukipenarena izan da.

[Itzultzailea: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]