Edukira zuzenean joan

Chillidaren omenez

katalogoa

26 harri Chillida-ren Zabalaga etxerako

Bernardo Atxaga

Izenburua:
26 harri Chillida-ren Zabalaga etxerako
Egilea:
Bernardo Atxaga
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2006
Neurriak:
31 x 24 cm.
Orrialdeak:
480
ISBN:
978-84-95216-49-6
Erakusketa:
Chillidaren omenez
Gaiak:
Espazioa | Forma | Geometria | Materiala | Ingurunea eta natura | Literatura
Teknikak:
Collage
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo

A

Begiak itxi, sartu eskua errekan, eta Zabalagara eraman nahi dudan lehen harria atera dut.

Eta dio E-k, eskuak: leuna da harria, eta sagar mardul bat bezain handia. Argi sumatzen dut bere pisua, eta gorantz bultzatuko ez banio ni gainditu eta lurrera eroriko litzateke.

Gogoetan kide, dio B-k, buruak: alabastrozko harria da. Mendeak egin zituen antzinako baseliza batean, aldarearen zati. Egun batez, aldarea txikitu egin zuten, eta haren pusketak errekara erori ziren. Halaxe iruditzen zait, harria berreskuratzearekin baselizan otoika aritu zirenen poza eta atsekabea ere berreskuratu ditugula.

B

Errekaren ertza aurkitu dut begiak zabaldu gabe, eta hantxe bertan utzi alabastrozko harria, lehorra eta hezea batzen diren lerroan. Bigarren harria hartu dut ondoren.

E-k dio: lehengoa baino txikiagoa da, baina pisu bertsukoa. Bestalde, prisma baten forma du.

Eta dio B-k: basaltozkoa da harri hau. Auskalo nondik iritsi den. Agian lurraren sakonean egon zen harik eta sumendi baten leherketarekin kanpora atera zen arte. Eta litekeena, halaber, eroritako asteroide baten barnean iritsi izatea, aspaldi batean, auskalo noiz. Islameko jendearen espirituaz ukituko bazenu, Gabrielek Abrahami eman eta orain Mekan dagoen Kaaba sakratuaren kide ezdeusa irudituko litzaizuke.

C

Beltza bata eta zuria bestea, utzi basaltoa alabastroaren ondoan, eta hirugarren harria atera dut uretatik.

E-k dio: handia da, sagar mardul bat baino are handiagoa, baina aurreko biak baino pisu txikiagoa du. Aldeetako batean hainbat goroldioren collage bat dauka, gurutze baten arabera osatua.

Eta B-k dio: txit ezaguna izan behar zaizu orain daukazun harria. Izan ere, kare-haitza da. Ez da iritsi hona izarretatik edota lurraren auskalo zein barren sakonetik. Aldare baten zati ere ez da inoiz izan. Arrunta da harri hau. Berarekin daude eginak gure herriko mendiak.

D

Dagoeneko hiru harri daude errekaren ertzean, eta hainbestekoa da haien artean oreka non bere horretan uztea erabaki dudan. Gainerako harriak beste aldean kokatuko ditut; ez nire eskuinean, baizik eta ezkerrean. Erabakia hartuta, laugarren harria kendu diot errekari.

E-k dio: arina da benetan, eusteko ez da indarrik egin behar. Kuboaren forma du, eta zulo txikiak dauzka alde orotan.

Eta B-k dio: dado handi baten itxura guztia dauka. Gorde dezagun, izan dadila halabeharraren gogoangarri guretzat.

E

Zabaldu une batez begiak eta den-dena lehen bezalaxe dagoela ikusi dut. Errekak aurrera egiten du, urak urari darraio. Begiak itxi ditut berriro. Bosgarren harria atera dut.

E-k dio: izar bat dirudi.

B-k errezitatzeari ekiten dio: arratseko izarra, artizarra, hik biltzen duk egunsentiak banatutako guztia: ardia ekartzen duk, bildotsa ekartzen duk, artzain- mutila ekartzen duk bere amagana.

F

Hiru harri daude nire eskuinean, bi berriz ezkerrean. Luze gabe, bi aldeak berdinduko dituena atera dut.

E-k dio: aski borobila da, eta, gauza bitxia, honek ere badauka izarrik. Bere bizkarrean markatua dago, hain zuzen ere.

Eta B-k: fosila da, zalantzarik gabe. Hatzekin aztertzen ari zaren hau itsas-trikua izan zen. Duela laurehun milioi urte bizi izan zen hemen.

G

Laurehun milioi urte geroago, itsas-trikua izarraren eta dadoaren alboan dago. Tarte batez begira egon ondoren, begiak berriro itxi eta zazpigarren harria atera dut.

E-k dio: G larri baten forma du. Edo galdera ikur batena, agian.

B-k: Harritua, ez dakidanaz egiten dut galde.

H

Uraren soinuaz jabetu naiz bat-batean, eta bere aldaeretan murgildu naiz, isiltasunaren esparrutik aldendu gabe urak, talka egiterakoan, edo abiadura bizkortzean, egiten dituen hotsetan. Zortzigarren harria atera dut jarraian.

E-k dio: pisu handia du, hain txikia izateko.

B-k: Burdina daukalako. Burdina alabastroa eta kare-haitza baino gai dentsoagoa da. Dentsoagoa, beteagoa, ilunagoa, mantsoagoa.

I J K L M N Ñ O P Q R S

Begiak zabaldu eta aurrean dudanari begiratzen diot, errekaren beste ertzari eta uraren gainari. Behar adina harri daudela ikusten dut, hamaika baitira guztira. Ez da zaila izango erreka zeharkatzea.

Nire helburua bete orduko, B-k galdera egin dit: zenbatgarrena da orain hartzera goazen harria?

Eta erantzun du E-k: hogeigarrena da, zeharbide bezala baliatu zaizkigun horiek ere Chillidaren etxerako izango baitira.

Gauza txit berezia gertatzen zait hogeigarren harriarekin, dio E-k uretatik atera eta gero. Badakit ahurrean daukadala, baina ez dut bere pisurik sentitzen. Ezta indarra egiteko beharrik ere, beherantz eror ez dadin.

Isiltasunaren harria da, dio E-k. Orain arteko harri guztiak nabarmendu egin dira, baina hau ez. Hau isilik dago. Itxura batera, utzi egin dio grabitatzeari.

T

Errekaren alderdi batera begiratu eta hango harriak oso higatuak daudela ikusten dut. Xabalenetako bat hartu dut.

E-k dio: hogeigarrenarekin bezala gertatzen zait. Ez dut sentitzen. Bistan da, hala ere, aurrekoa baino urriagoa dela.

Eta B-k: aurrekoaren berdina da, baina alde batekin: oraingo honek denbora gehiago egin du uretan. Denborak ditu bereizten.

U

Beste harri bat, hain higatua non zaila den ur-xafla batekin ez nahastea.

Dio E-k: bustia ez balego, ez nuke sentituko. Erabat esku, esku huts, izango nintzateke. Eta B-k, umorez edo: agian ura besterik ez da, edo ura baino lodixeago den gai bat. Azken batean, gure hizkuntzaren arabera, UR dago gai guztien barnean, eta handik sortuak dira LUR, ZUR, EDUR, HEZUR, URTE eta beste hamaika.

V

Harri hauskor bat jaso dut orain, bolatxo baten tankerakoa.

Hutsik dago, dio E-k.

Hutsak ez du pisurik, dio B-k.

X

Bi hatzekin, hogeita laugarren harria jaso dut, harri-txintxarra.

X baten antza dauka, dio E-k.

Inkognita guztiek eragiten didate ardura, dio B-k.

Y

Lanean jarri ditut berriro hatzak, arestian baino polikiago. Zerbait daukat ahurrean, dio E-k.

Y grekoaren antza duen abartxo bat dela uste dut, dio B-k.

Z

Begiak zabaldu ditut zerrendaren azkeneko harria, hogeita seigarrena, aukeratzearren. Ari nintzen zein harri aukeratu pentsatzen, eta hor non huskeria bat, izpi bat, pausatu zaidan eskuan errekaren gainetik hegan etorrita.

Ez dut ezer ere sentitzen, dio E-k. Ez pisurik, ez usainik eta ez hezetasunik.

Nolanahi den, zerbait daukazu, dio B-k. Puntu bat daukazu, geometriaren arloan aipatzen den horietakoa. Puntu bat ez da ezer, baina lekua hartzen du. Eta, hain zuzen ere, puntu horrek adieraziko du zerrenda honen zenita, azkena.

[Itzultzailea: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]