Edukira zuzenean joan

Chillidaren omenez

katalogoa

Pasarteak

Guggenheim Bilbao Museoa

Izenburua:
Pasarteak
Egilea:
Guggenheim Bilbao Museoa
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2006
Neurriak:
31 x 24 cm.
Orrialdeak:
480
ISBN:
978-84-95216-49-6
Erakusketa:
Chillidaren omenez
Gaiak:
Adiskidetasuna | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Paris | Pilar Belzunce | Sentimenduak | Oroimena
Teknikak:
Gouache | Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Grabatua | Pintura
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo | Palazuelo, Pablo | Tàpies, Antoni

Eduardo Chillida-ren biografia eta ibilbide sortzailea ezagutzen dutenek badakite artistaren atzean emakume bat egon dela, beti, inoiz hutsik egin gabe, eta hari esker aritu zela eskultorea bere lan artistikoa dedikazio osoz burutzen. Testu labur honek Chillidaren emazte Pilar Belzuncek Chillidaren Omenez izeneko erakusketa hau zabaldu aurretik eskaini dizkigun oroitzapen batzuk biltzen ditu, ez dira artearen historiagile baten ikuspegitik emandako oroitzapenak, zirrara eta sentimen osoz emandakoak baizik.

Ezkonberritan, Eduardo Chillidak eta Pilarrek Parisera bidaiatu zuten, Chillida, arkitektura-ikasketak utzi berriak, erabat ziur baitzegoen eskultore izan nahi zuela. Pilarrek gogoratzen du, Eduardo hain zegoela ziur, inoiz ezer zizelkatu ez bazuen ere, ez zuela zalantza izpirik izan, eta horregatik eman ziola baiezkoa Parisera joan eta han bizitzen hasteari, artista dedikazio osoz aritu ahal izan zedin bere xede artistikoa betetzen. Han Chillidak gorputza eta arima eman zuen gainerakoen artea behatzen, idazle, filosofo eta pentsalariak ezagutzen, egin nahi zuenaren inguruan hausnartzen, bertako eraginak eta bizipenak xurgatzen, guztiak ere Hernanira itzultzean obra berezi eta intenporal batean islatu zirenak. Parisera iritsi eta hartu zuten hotelean Joan Miró eta bere emaztea ezagutu zituzten. Haien arteko laguntasunak urteak iraun zituen, eta bi artisten artean elkar mirespen eta errespetuzko harremana hasi zen.

Pili: Biak pertsona bikainak ziren, eta oso lagun onak; ikuspuntu artistikotik, egia da bihotzetik ateratzen zitzaiena egiten zutela. Beti zebiltzan bila eta bila, desio zuten hura aurkitzen zuten arte, bakoitza bere erara: Eduardo, hausnarketa filosofiko sakonetik; Miró, bere sineskortasun naifaren ikuspegitik. Biek egiten zuten buruan zutena, benetan bilatzen zuten hori.

Bai, Joan pertsona zoragarria zen. Eduardok hormigoizko eskultura egin zuenean Castellanako Aire Zabaleko Museorako, arazo politiko bat egon zen garai hartan Madrileko alkate zen Arias Navarro-rekin, eta ez zuten eskultura zintzilikatzen utzi, aurreikusia zegoen moduan, eta aitzaki gisa zubiak pisu hura ezin jasango zuela esan zuten. Uste dut José Antonio Fernández Ordoñez ingeniaria izan zela zubiaren egilea, Eduardoren lagun handia. Eduardok, haserre, esan zuen eskultura aurreikusi bezala zintzilikatzen ez bazen, berarekin eramango zuela, eta halaxe egin zuen. Arazoa konpontzen ez zenez, Eduardok Joan Miróri oparitu zion eskultura eta horregatik bukatu zuen Bartzelonako Miró Fundazioan. Urte batzuk geroago, eta Madrilen demokratikoki hautatutako alkate gisa Jose Luis Alvarez egonda, Eduardorekin jarri ziren berriz ere harremanetan eskultura berreskuratzeko, eta Miróri oparitu zitzaiola esan behar izan zitzaien. Mirók, bere aldetik, koadro bat egin zion Eduardori, bereziki egina gure etxeko toki zehatz batean jartzeko. Mirók, orduan, Madrili eman zion eskultura eta, azkenik, zubitik zintzilikatu zen.

Parisen Chillidak espazio bat behar zuen, toki argitsu bat, bertan lan egin ahal izateko. Azkenean, etxebizitza-estudio txiki bat aurkitu zuten Fôret de Chantilly-n, Paris kanpoaldean (Villenne-n); Pablo Palazuelo-rekin batera bizi ziren, eta euren artean maitasunezko eta adiskidantzazko lotura sakonak sortu ziren. Pablo izan zen medikua Pilar, Guiomar, lehen alabaren esperoan zegoenean. Elikadurari buruzko aholkuak eman zizkion, bere burua zaintzeko esaten zion, paseatu zezala. Horrela bada, harreman handia izan zuten Pablorekin, eta bi artistak marrazki eta grabatuak elkartrukatu zituzten. Ez ziren hasiera errazak izan, baina Pilarrek ezin hobeto gogoratzen du etxebizitzatik goiko estudiora igotzen zen eskailera gorria, gogoratzen du argi zenital zoragarri batek argiztatzen zuela.

Parisen Aimé Maeght-en galeriak artista garrantzitsuenen lanak ditu: Calder, Braque, Giacometti, Kandinsky, etab. eta, garai hartan, Chillida gazteena eta ezezagunena bazen ere, artista ospetsuek bultza zuten Maeght, Chillidaren erakusketa bat egin zezan, eta horrela hasi zen urteak iraun zituen eta esparru pertsonalean ere eragin zien artista-galeria harremana.

Pilarrek gogoratzen du, 1961ean Pariseko Maeght Galerian egindako erakusketa indibidualean, Georges Braque Eduardoren lan batez interesatu zela eta Eduardok, pozarren, oparitu egiten ziola esan ziola. Maeghtek Eduardori esan zion ahazteko opariak, galerietan ez baitu inork ezer oparitzen, baina Eduardorentzat gertakari hark asko esan nahi zuen. Braquek ere opari bat egin nahi izan zion —“artisten arteko elkartruke bat”—, hori ikusirik, Maeghtek erditik kentzea erabaki zuen. Eduardok Braqueri Ametsen ingudea (Yunque de sueños) oparitu zion eta Braquek, berriz, mihise bat Eduardori; oraindik ere Intzeneako egongelan dago zintzilik eta honela kontatzen digu anekdota Pilarrek:

Pili: Braquek esan zigun hiru asteko epean bere estudiora joateko deituko zigula. Abisua eman eta berehala joan ginen Parisera, zirraraz beterik. Gaur egun ez dut artistarik ezagutzen Braque zen bezain ona denik, eta garai hartan oso zaharra zen. Benetako zaldun bat zen, ez zen bere etxetik ia mugitzen eta Picasso-ri buruzko gauzak kontatzen zizkigun, batzutan bisitan etortzen baitzitzaion. Egun batean lana bukatua zuela abisatu zigun, eta estudioan sartu ginenean hiru lan zituela ikusi genuen. Eduardok esan zuen: “Hau gehiegizkoa da. Zuk nirekin truke bat egin nahi duzu, nire lehenengo lanak diren horiekin, zu dagoeneko historiara artista ezin hobe baten gisa pasa zarenean”. Eduardori izugarri gustatzen zitzaion Braque. Hark honela erantzun zion: “Ea bada, Chillida, horko hiru koadro horietatik, zein iruditzen zaizu onena?” Hurbildu eta Eduardok bat hautatu zuen. “Bada, hurbildu eta ikusi bertan jartzen duena: Pour Eduardo Chillida avec mon amitié”. Dedikatua zion dagoeneko; Braquek bazekien Eduardok lan hori hautatuko zuela, bien lanen artean antzekotasun bat baitzegoen. Ordutik aurrera bisitan gehiagotan joateko esan zigun, eta berarekin ginenean, gauza asko kontatzen zizkigun Picassorekin zuen harremanaz.

Maeghtek bazuen etxe bat Frantziako kosta urdinean, eta zenbait urtetan Miró eta Chillidatarrak gonbidatu zituen, uda han pasa eta bertan lan egitera. Egun haietako oroitzapenak gogoangarriak dira. Aimé-ri bere lanari buruz istorioak asmatzea gustatzen zitzaion, eta Eduardoren eta Pilarren semealabetako batzuek auto deigarri batean paseatzen zuten lur haietatik zehar, Mirórekin eta Madame Kandinskyrekin batera, azken hau eguzkitik aterki batez babesten zela. Miróren eta Chillidaren lagun mina zen Jose Luis Sert-i Aimé Maeghtek han bertan erakusketa-espazio bat nahiz etxe eta estudio txikiak —maisons des artistes delakoak— eraiki zitzala eskatu zion. Horrela sortu zen gaur egun Fondation Maeght denaren oinarria. Bertako irekiera-ekitaldira bertaratu ziren, besteak beste, Eduardo eta Pilar, Giacometti, Miró, Jaques eta Christine Dupin, Palazuelo, Sert, Artigas, etab.

Pili: Calder-ekin oso harreman estua izan genuen. Bazuen etxe bat, nolabaiteko haitzulo bat eta guzti zuena. Eduardok beti egin nahi izan zuen Sandy-rekin truke bat, baina beti iruditzen zitzaion Calderren lanak bereak baino askoz garestiagoak zirela eta horregatik iruditzen zitzaion zaila halakorik egitea. Hala ere, egun batean Calderrek bere mugikor bikainetako bat eskaini zion Eduardori, handia eta hagatxo lodiak zituenetako bat, baina Eduardori iruditu zitzaion ez genuela toki egokirik gisa horretako pieza bat behar bezala zintzilikatzeko. Egun batez Calderrek bere estudiora eraman gintuen eta gouachez beteriko karpeta bat erakutsi zigun; Eduardok ez zekien haietako bat hautatu behar zuenik, beraz, ez genuen ezer aipatu, orri guztiak pasa eta Calderrek haserre zera esan zigun arte: “baina, zer gertatzen da? Ez al zaizu batere gustatzen?”. Berehala Eduardok horietako bat hautatu zuen, ez baikenekien hura zela guri bere lanak erakustearen arrazoia. Eduardok beti miretsi izan zuen Calderren oreka-zentzua eta zentzu horrekin burutzen zituen pieza bikainak.

Picasso eta Eduardo ez ziren inoiz ezagutzera iritsi, nahiz eta, lehen esan dizudan moduan, Braquek hari buruzko gauza asko kontatzen zizkigun. Beste artista espainiarrei dagokienez, Eduardok asko estimatzen zuen Rafa Balerdi; Tàpies-ekiko ere adiskidetasun eta mirespen handia sentitzen zituen eta lanak ere trukatu zituzten: Tàpiesek etxean dugun koadro zoragarri bat oparitu zigun eta Eduardok alabastro bikain bat oparitu zion. Kontua da guk askotan utzi dugula oparitan jasotako koadroa, hainbat erakusketa egiteko, baina Tàpiesek ez du inoiz Chillidaren lana utzi, materiala oso delikatua baita eta, gainera, oso zaila da bere etxetik ateratzea, arkitektura konplikatua baitauka. (Pablo) Palazueloz gain, Eduardok maitasun eta mirespen handia sentitzen zuen beste artista espainiarrekiko, hala nola, Eusebio Sempere edo Lucio Muñoz artistekiko.

Pilarrek gogoratzen du, Hernanira itzultzean, bildutako bizipen, esperientzia, topaketa eta harreman guztiak oinarri hartuta, Eduardo lanean hasi eta ohartuko zela burdinarekin lehen arkatzez paperean marrazten zuena egin zezakeela. Orduan, txatar artean burdin pudelatuaren bila hasi zen, aire zabalean ezer gertatzen ez zaion burdin mota baita, normalean tamaina txikiko tresna eta erremintak egiteko erabiltzen dena. Laguntzaile bat ere bilatu zuen, forjaketan laguntzeko eta material hori bilatzen laguntzeko, txatar-mendira igota “eskaleen pare”, eta soldaketan laguntzeko. Juan Huarte izango da lehenengoetarikoa lan bat erosten Hernanin zeudenez geroztik. Chillidari buztinarekin izan zuen esperientzia ez zitzaion batere gustatu, eta albo batera utzi zuen erabat, baina egun batean, Saint-Paul-de-Vencen zegoela, soinu batzuk entzun eta zer gertatzen zen ikustera joan zen. Hans Spinner zen, lurrarekin ari zen lanean, eta hori Chillidarentzat deskubrimendu bat izan zen, aukera berriak ireki zizkion eta bere lurretan islatu zuen hori bera, ebaketa borobilak egin zituen banbuzko tutuerdiekin, oxidoak etab.

Pili: Eduardok mehatxu egin ohi zidan, berak benetan nahi zuen hori izatera iritsi ez ziren piezak leihotik botako zituela esaten zidan. Eta batzutan horixe egiten zuen! Nik galdetzen nion ia ez zitzaion iruditzen hori zela, pieza ongi zegoela, aski ona zela. Baina hala ez bazen, literalki botatzen zuen leihotik kanpora.

Pilarrek ingurura begiratzen du; pieza hauetako batzuk bere etxeko egongelan daude, eta ziur askoz oroitzapen askoz gehiago ekartzen dizkiotela.

[Itzultzailea: Bitez.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]