Emakumeak abstrakziogile
Georgiana Houghton
Sophie Taeuber-Arp
Atalak
Hilma af Klint
- Izenburua:
- Hilma af Klint
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Feminitatea | Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta zientzia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Zirkulua | Kolorea | Sinbologia | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Espiritualtasuna | Antroposofia | Teosofia | Beltxargak | Stockholm | Asket | Rudolf Steiner | Espiritismoa | Maitasuna | Berdintasuna | Fisika
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Sinbolismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma
Hilma af Klintek, espiritismoarekin zaletu aurretik, Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen; emakumeek eskola horretan ikas zezaketen 1864. urteaz geroztik —gauza ezohikoa Europan—. 1906an egin zituen lehen margolan abstraktuak, Jatorrizko kaosa sortari dagozkionak. 1906 eta 1915 bitartean bere obrarik garrantzitsuenak egin zituen: Tenplurako pinturak (193 lan ziren guztira). 1890eko hamarkadaren amaiera aldera, teosofiaren eraginez lehenik, eta Rudolf Steiner-en antroposofiari jarraituz gero, izaki gorenen “enkarguak” jaso zituen Af Klintek. Artista sinetsita zegoen materia espirituaren mende zegoela eta kontzientziak izakia alda zezakeela; sinesmen hori indartu egin zioten zenbait aurrerapen zientifikok, nola diren eboluzioaren teoria biologiaren arloan zein atomoaren deskubrimendua eta erlatibitatearen teoria fisikaren alorrean. Af Klinten iritziz, izaki guztiak lotzen dituen espiritu bizidunaren adierazpen naturala zen abstrakzioa. Alabaina, bere sorkuntzak abstraktuak baino areago “amimetikoak” ziren (hau da, ez zuten errealitatea antzeratzen), errepresentazio-borondatetik guztiz aldentzen ziren “forma puruak” ziren heinean. 1932an, Af Klintek bere obra jendaurrean erakusteari uztea erabaki zuen, eta bere margolanak bera hil eta hogei urte igaro arte ikusgai ez jartzeko agindu zuen; ondorioz, ez zuen aitortzarik jaso 1980ko hamarkadara arte. Hala ere, bere ikerketak hain zabalak eta originalak izanik, XIX. mendearen amaierako abstrakzio sinbolistako aitzindarietako bat da, luzaroan ezezaguna izan zaiguna.
Beltxarga sortan, bi zisneren irudietatik abiatuz lortu zuen Hilma af Klintek forma abstraktu bat: beltxargetako bat arra da, bestea emea, eta bien hegoak eraldatu egiten dira, kurba abstraktu bihurtzeko. Kurba horiak maskulinitate-printzipioa ordezkatzen du; beltzak, feminitatea; gorriak, amodio sentsuala; eta arrosak, aldiz, amodio espirituala. Zirkulu soilak, ostera, batasun androginoaren sinbolo dira: artistak ez zuen uste bereizketarik zagoenik generoen artean. 1910ean, Af Klintek bat egin zuen Emakume Artisten Suediako Elkartearekin; artearen munduan berdintasuna lortzeko borrokatzen ziren. Af Klintek alter ego maskulino bat zuen, Asket izenekoa, eta sarritan hartzen zuen haren rola bere obran.