Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Bi uso hego-zabalik

Izenburua:
Bi uso hego-zabalik
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artelanak | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Picasso, Pablo

Bi uso hego-zabalik (Deux pigeons aux ailes déployées), Cannes, 1960ko martxoak 16–19
Olio-pintura mihise gainean, 59,8 × 73,1 cm
Thannhauser Bilduma, dohaintza, Justin K. Thannhauser 78.2514.66
Goiko aldean sinatua, ezkerraldean, pintura gorriz (1960ko iraila): Picasso; atzealdean datatua, goialdean, ezkerrean, pintura beltzez: 16.3.60. / 19. I

Jatorria

Justin K. Thannhauserrek artistari erosia, New York, eta, gero, Berna, 1960ko iraila (Galerie Louise Leiris, arg. zk.: 60768); Thannhauserrek Solomon R. Guggenheim Foundation-i legatua, New York, 1978, bere dohaintza-aginduaren, 1963, eta mailegu luzatuaren, 1965, arabera.

Materialak eta prozedura

Pablo Picassok bizi guztian izan zuen txoriekiko interesa, eta ongi dokumentatuta dago zaletasun hori; haren aita, José Ruiz Blasco (1838–1913), El Palomero (Usozaina) izenez ezaguna, gai akademikoen pintorea izan zen, eta usoak hazi eta bere koadroetarako modelo gisa erabili ohi zituen1. Maiz eskatu ohi zion Picasso gazteari bere koadroetako txorien hankak margotzeko. Picassok usoak eskolara eraman, eta haien marrazkiak egiten zituen txikitan2. Bere aitaren obrari buruz hauxe zuen Picassok gogoan: “Etxeko hegaztiak eta loreak ziren haren espezialitatea. Bereziki, usoak eta liliak. Liliak eta usoak. […] Behin batean, usategi baten koadro erraldoi bat marraztu zuen, usakumez betea”3.

Bi uso hego-zabalik Picassok txoriekiko zuen zaletasunaren eta naturaz egiten zuen behaketa zorrotzaren lekuko da4. Garai hartan, artistak estudio bat zuen Cannes-en, orduan La Californie izenez ezaguna zen etxe idiliko batean; goiko solairuan usategi bat eraiki zuen, Île Sainte-Margueritera begira5. Koadroa inprimatze komertzialaz estalitako lihozko mihise batean landuta eta jatorrizko euskarrian muntatuta dago, eta paleta funtsean monokromatikoa du. Azpian arrosa-okre diluituz egindako lerro mehe batzuek definitutako marrazki bat ageri den arren, artistak pigmentu beltza eta zuria erabili zituen, nagusiki, hainbat tonu gris sortzeko. Pintzelkada lirikoen eta ukitu sutsuen eraginez, txoriak hegaldatzeko zorian daudela dirudi. Arraseko argitan begiratuta, lehenagoko konposizioaren arrastoak ikusten dira, txorien soslaiak definitzen eta birdefinitzen dituzten hurrenez hurreneko formak. X izpien bidezko erradiografiak erakutsi duenez, txorien hankak eta erpeak 8 zentimetro inguru mugitu zituen artistak, hain zuzen ere. Gutxienez hiru erpe pinturaz estali ziren ezkerraldean, konposizioa garatu ahala, eta Picassok pintura beltz lodiz estali zituen, halaber, atzeko bi erpe mehe. Hasieran, margolanaren behealdeko lerro horizontal beherenean edo ertzean pausatuta zeuden hankak. Bigarren bertsioa, aurrealdeko hiru lerro horizontaletan gorenean pausatuta dauden hanka laburragoekin, azpiko pintura lehor zegoela osatu zuen.

Pintzel baten muturreko zurdak irekita aplikatutako enpaste trinko batek betetzen du bi txorien arteko espazio negatiboa, itxura estatikoagoko aurreko bi usoen formak estaliz, halako eran non orain bi hegazti aktibo baitirudite, hegoak astintzen. Picassok berun-zurizko oinarria duten guneak6 eta hasierako marrazkia atxiki zituen azken konposizioan, formak berreginez, pintura-pintzelkada irmoez eta lerro zirriborratu eta kiribilez, eta konposizio oso landua eta aldi berean bizitasun handikoa sortu zuen horrela. (LS)

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Roberta Smith, “Lines That Kept Moving and Knew No Boundaries”, New York Times, 2011ko urriak 6. [itzuli]
  2. David Douglas Duncan, The Private World of Pablo Picasso, Ridge Press, Harper and Brothers, New York, 1958, 27. or. [itzuli]
  3. Pablo Picasso, hemen aipatua: Jaime Sabartés, Picasso: An Intimate Portrait, ing. itzul.: Ángel Flores, Prentice Hall, New York, 1948, 7. or. [itzuli]
  4. Bi uso hego-zabalik obra hemen aipatzen da: Christian Zervos, Pablo Picasso, 19. alea, Cahiers d’art, Paris, 1968, 220. zk., 65. lam. [itzuli]
  5. John Richardson, The Sorcerer’s Apprentice: Picasso, Provence, and Douglas Cooper, University of Chicago Press, Chicago, 2001, 243. or. [itzuli]
  6. Federica Pozzi-k (Metropolitan Museum of Art) egindako X izpien bidezko fluoreszentziak berretsi zuenez, beruna du oinarriak. [itzuli]

PDF-a JAITSI