Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Gitarra, basoa eta fruta-platera ontzitegian 

Izenburua:
Gitarra, basoa eta fruta-platera ontzitegian 
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artelanak | Lan-prozesua | Optika | Natura hila | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Fauvismoa | Kubismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Braque, Georges | Picasso, Pablo

Gitarra, basoa eta fruta-platera ontzitegian (Guitare, verre et compotier sur un buffet), 1919 hasiera
Olio-pintura, tenpera (est.), harea eta ikatz-ziria grafitoarekin mihise gainean, 80,8 × 99,5 cm
Thannhauser Bilduma, dohaintza, Justin K. Thannhauser Foundation, truke bidez, 81.2821
Atzealdean sinatua eta datatua, behean ezkerraldean, pintura beltzez: G Braque / 19

JATORRIA

Raoul La Roche-k (1889–1965) Galerie L’Effort Moderne-ri, Paris, erosia (Léonce Rosenberg, jabea), Basilea eta Paris, 1919/1920; La Roche familiaren bilduma, Basilea, 1965; Stephen Hahn-ek eskuratua, New York, 1980; Solomon R. Guggenheim Foundation-ek Hahn-i erosia, New York, 1981.

LEHEN ERAKUSKETAK

Paris, Galerie L’Effort Moderne, Braque, 1919ko martxoak 5–31.
Cleveland, Cleveland Museum of Art, Georges Braque, 1949ko urtarrilak 25–martxoak 13; hemen ere izan zen: New York, Museum of Modern Art, 1949ko martxoak 29–ekainak 12, 41. or., 77. or., erreprodukzioa (izen honekin: The Buffet).
Paris, Musée du Louvre, L’atelier de Braque, 1961eko abenduak 2–1962ko otsaila, 24. zk., erreprodukzioa (izen honekin: La guitare).
Basilea, Galerie Beyeler, Le Cubisme: Braque, Gris, Léger, Picasso, 1962ko maiatza-uztaila, 28. zk., azala, koloretako erreprodukzioa (izen honekin: Nature morte à la guitare).
Paris, Galerie Knoedler (Basileako Galerie Beyeler galeriarekin batera antolatua), Le Cubisme: Picasso, Braque, Gris, Léger, 1962ko urriak 9–azaroak 10, 24. zk., azala, koloretako erreprodukzioa (izen honekin: Nature morte à la guitare).
Munich, Haus der Kunst, Georges Braque, 1963ko urriak 18–abenduak 15, 60 zk., koloretako erreprodukzioa (izen honekin: Stilleben mit einer Gitarre [Nature morte avec une guitare]).

MATERIALAK ETA PROZEDURA

Fauveen pintzelkada indartsuekin eta kolore biziko paletarekin esperimentazio goiztiarrak egin ostean, hala nola Paisaia Anberestik hurbil obran (1906), Georges Braque-k kubismoa garatzeari ekin zion 1909an Pablo Picasso-rekin. Gitarra, basoa eta fruta-platera ontzitegian lanak argi frogatzen du handik hamarraldi batera eta Mundu Gerraren ondoren zer-nolako bilakaera izan zuen estilo artistiko horrek; obra honetan, elementuak ez daude atalka deskonposatuta, baizik forma handiago eta elkarri gainjarrietan antolatuta, collage moztu eta itsatsi batean bezala1.

Itxuraz, berariaz aukeratu eta erabili zituen Braquek materialak, obra honetan gainalde oso lehor eta mate bat sortzeko. Gitarra, basoa eta fruta-platera ontzitegian bilbe oso mehea duen inprimatzerik gabeko mihise batean margotuta dago. Konposizio honetan erabilitako pintura mihisearen barrura sartu zen, halako eran non atzeko aldetik ikusten den, irudi fantasmagoriko bat eratuz, sepia kolore histukoa, oxidazioaren ondorioz. Atzealdean, goian, eskuinean, pintura beltz-griskaraz margotutako bi gune trinkoek iradokitzen dutenez, baliteke Braque pintura hori probatzen aritzea natura hilaren konposizioan erabiltzeko. Gune horietako batek olio-orbana sortu du koadroaren aurreko aldean, goian, ezkerraldean. Artistak orobat sinatu eta datatu zuen koadroa atzealdean pintura beltzez.

Inprimatzerik gabeko mihisearen aurrealdean, Braquek itsasgarria aplikatu zuen, lehenik, eta harea eta hartxintxarrak gehitu zituen ondoren gainalde guztian, erradiografiak erakutsi duenez. Gero, pintura beltza aplikatu zuen, uretan solugarria eta oso matea: horixe da, hain zuzen ere, konposizioaren hondoko kolorea. Gainerako koloreak —plano lau zuria, marroia, beixa, berdea eta urdina— beltzaren gainean margotu ziren, eta koadroak horrexegatik du tonu nahiko itzalia, oro har. Xehetasun batzuk, hala nola gitarraren hariak, partiturako notak, fruta eta mahai-oihal berdeko pintzelkada laranjak, koloretako plano lauen gainetik margotu ziren.

Artistak hondoko pintura beltz lehorra bistan utzi zuen forma argienetako askoren inguruan, marrazki-itxura iradokitzeko, agian. Era berean, pintura zuri oso lehorrez marraztu zituen forma ilun batzuk, klarionezko marrazkiaren tankera emateko. Lerro zuri hauskor horiek ez zitzaizkion gainaldeari ongi itsatsi, eta galera txiki ugari dituzte. Braquek ikatz-ziria erabili zuen, nonbait, hareaz estalitako gainalde osoaren gainean, ezkerreko V-formako itzal iluna sortzeko. Erradiografiak erakutsi duenez, forma bihurgunetsu bat zegoen azpian, gune horretan, baina gerora estali egin zuen. Litekeena da fruta-plateraren azpiko lerro beltz mate bizi hori ere ikatz-ziriz egina izatea, eta fruten artean zilar-koloreko grafitozko lerro mehe bat ikusten da. Partitura margotzeko, papera irudikatzeko pintura zuri hautsia aplikatu zuen Braquek, eta lerroak tresnaren batekin —pintzel baten giderraz, agian— arraspatu zituen, gero. Ondoren, pintura beltz oso lehorrez markatu zituen lerroak eta notak, pintura zuria artean bustita zegoela; horrela, pintura beltzak bat egin zuen zuria hautsiarekin, gune batzuetan. Gitarraren harien gaineko gune batean, pintura testuraduna aplikatu zuen Braquek. Gune hori lodiagoa eta trinkoagoa da obrarekin oro har alderatuta; gainerakoan, gainaldea oso matea da.

Orain arte azterketa zientifikorik egin ez bada ere, bistakoa da Braquek pinturako eta marrazketako materialak konbinatu zituela koadro honetan. Alde batera utzi zituen lan-metodo tradizionalak eta efektu optikoekin esperimentatu zuen. Artelan biziki berritzailea sortzea lortu zuen horrela. (GM)

[Itzulpena: Rosetta; egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak
  1. Koadroa hemen agertzen da: Nicole Worms de Romilly [Nicole S. Mangin], Catalogue de l’oeuvre de Georges Braque, vol. 6, Peintures, 1916–1923, Maeght, Paris 1973, 46. lam., erreprodukzioa (izen honekin: Le buffet). [itzuli]

PDF-a JAITSI