Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Entsegua eta errepikapena: Berdez eta horiz jantzitako dantzariak, Edgar Degas 

Samantha Small

Izenburua:
Entsegua eta errepikapena: Berdez eta horiz jantzitako dantzariak, Edgar Degas 
Egilea:
Samantha Small
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Emakumea artean | Giza gorputza | Ekoizpen artistikoa | Kolorea | Mugimendua | Sinbologia | Paris | Masa-kultura
Mugimendu artistikoak:
Errealismoa | Inpresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Degas, Edgar

Edgar Degasek zera esan zuen behin: “Edertasuna misterio bat da, baina inork ez daki dagoeneko […]. Ahantzi egin dira sekretuak”1. Artearen alderdi misteriotsuari buruz egiten zituen aldarrikapenak argi islatzen dira bere azken aldiko obretan, kontakizunaren gakoei uko egiten dieten pastel sorta batean, non gorputzak modu lausoan definitutako tokietan kokatu eta abstrakziotik hurbileko koloreen lausodura konplexu batez inguratu zituen. Irudi horietako bat da, hain zuzen, Berdez eta horiz jantzitako dantzariak (Danseuses vertes et jaunes, ca. 1903), hegalen artean zutik ageri diren lau dantzari ia berdinen irudikapen zirraragarria2. Irudiek betetzen duten espazioaren muga lausoek gerorako garaietan Degasek landutako artea iragartzen dute, baina dantzarien beren errepikapena eta berregite zorrotza bizi osoan zehar erabili zuen lan-prozeduraren bereizgarriak dira, izan.

Noble izateko nahikaria zuen bankarien familia batean hazi zen Degas. Jaun dirudun bati zegokion moduan, École des Beaux-Arts eskolan ikasten jardun zuen aldi batez. Heziketa artistiko tradizional hark marrazkian jartzen zuen arreta, amaierako mihisea prestatzeari begirako ikerketa ugari sortzeari loturik, bereziki, eta bere ibilbide guztian baliatu zuen Degasek ikaskuntza hura. Oro har, frantses inpresionistekin lotu ohi da Degas (haiekin batera jarri zuen bere lana ikusgai, hasi 1874an, lehen talde-erakusketarekin, eta 1886an egin zuten azkeneraino), eta lan-metodo zorrotz bati jarraitu zion beti, bere garaiko abangoardiatik urrunduz, horrek uko egin baitzion, hein handi batean, obra amaitu bat sortzeko xedez garatutako prestakuntza landuari3. Degasek inpresionistekin zuen lotura gaiei dagokie, batez ere: Paris kosmopolitako ikuskizunaren kultura modernoko kokalekuak eta pertsonaiak (antzezleak nahiz ikusleak), Les Ambassadeurs-eko kafe-kontzertua (Le Café-concert des Ambassadeurs, 1876–77, Musée des Beaux-Arts de Lyon) obran kafe-etxeko abeslari ospetsuaz eta haren publikoaz egindako irudian ikus daitekeenez, esaterako.

1880ko hamarkadan, Degasek alde batera utzi zuen aurreko obretako xehetasunarekiko ardura, eta estilo libreagoa eta ez hain naturalista erabiltzen hasi zen, pintura sinbolistaren subjektibotasunaren ildotik. Berdez eta horiz jantzitako dantzariak lana 1870eko hamarkadan sorturiko irudiekin alderatuz gero — hala nola, Balleteko entsegua oholtzan (Répétition d’un ballet sur la scène, ca. 1874)—, agerian gelditzen da bere ibilbidean aurrera egin ahala formari, konposizioari eta koloreari buruz egindako ikerketen izaera erradikala. 1874 inguruko obra horretan, arreta berarekin landuta daude elementu guztiak; aitzitik, Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obrako forma zehaztugabeek ikuslearen gain uzten dute eszena eta kokalekua deszifratzeko eginkizuna. Alde estilistiko hori bereziki agerikoa da pigmentuaren erabileran: Degasen aurretiko obretako definizio xehearen ordez, zirriborro tankerako figurazio bat agertzen da, anatomiaren iradokizun soila —ez transkripzioa—, azpian ikatz-zirizko marrazkia duela, ageri-agerian oraindik, irudien forma zehaztugabearentzako egitura-euskarri gisa. Irudi goiztiarrenak espazio errealistaren adierazpen sinesgarria eskaintzen du, eta, aldiz, XX. mendearen hasieran, mundu piktoriko lautu batean ageri dira Degasen dantzariak, konposizioaren planoaren kontra bultzaturik. Urdin ilunez eta berde biziz margotutako kiribilek eta ildoek atze-oihal moduko bat eratzen dute, eta hondo horretan agertzen dira Guggenheimen koadroan pastelez margotutako lau dantzariak; hala, zeinetatik ondoriozta daiteke agertokiaren atzealdean kokatutako eszena bat dela. Badago, halaber, nolabaiteko antzekotasuna Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obraren hondoaren eta Balleteko entsegua oholtzan obran goranzko mugimendua iradokitzen duten dekoratuen artean; hain zuzen ere, Guggenheimeko koadroaren aitzindaritzat har daiteke azken obra hori, bai paletagatik, bai marra solteez marraztutako landare-gaiengatik.

Espazio hutsa eta forma zehaztugabeak erabiltzen baititu, Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obraren hondoak Degasek 1890eko hamarkadatik aurrera landutako paisaiaren monotipoak gogorarazten ditu. Horietako bat, Olibondoak hondo menditsuan (Oliviers sur fond montagneux, ca. 1890–1892), pastelez amaitutako monotipoa, konposizio-eremu estu batean ezarritako koloretako zerrenda lausoek osatua da, Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obrako dekoratuaren antzera. Konposizio horiek ez diren arren erabat zehaztugabeak, bietan falta dira obra goiztiarretan ohikoak ziren soslai garbiak eta xehetasunak. Nola batean hala bestean, artistak abstrakziora darama irudikapena, ia ulergaitz gertatzen diren forma leunduekin. Degasek oroitutako ikuspegiaren hurbilpen piktoriko moduko bat sortu du: Dantzariak obran, abonné edo antzeztokiaren atzealdean egoteko baimena zuen pertsona moduan igaro zuen denborako oroitzapenez ari gara (1892an uko egin zion eskumen hari); monotipo eta pastelez egindako berrogeita hamarretik gora paisaietan, berriz, 1890eko udazkenean Borgoñara egindako bidaia batean oinarriturik Degasek buruz sortutako irudiak ditugu (ez en plein air edo aire zabalean margotuak, bere kide inpresionistek egin ohi zuten moduan). Oroitzapenetan erroturik daude obra berantiar horiek, eta zuzeneko behaketatik eratorritako zehaztasuna falta dute.

1903an, hirurogeita hamar urte inguru zituen Degasek, baina adinak ez zuen inola ere txirotu haren teknika oparoa: bere jakin-min amaigabearen eta esperimentaziorako bultzada ia zientifikoaren fruitua. Are gehiago: garai hura bat dator, bakardade gero eta nabarmenagoa eta ahultasun fisikoa gorabehera —bereziki, ikusmenaren galera—, artistaren azken fasearekin, zeinetan nabarmentzen baita berrikuntza tekniko ikaragarri bat. Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obra Degasen ohiko prozedura konplexuari jarraiki sortua da, baina estilo-xede berriak lortzera begira egokitua dago. Hondoaren eta aurrealdearen arteko kontraste bisuala lortzeko, finkagarria aplikatu zien oinarriko koloreei, pastel ilunak leuntzeko eta lausotzeko, halako eran non pigmentu distiratsuzko geruza —dantzarien tutuen zinabrio berde, malba eta hori elektrikoak— harro goratzen baita gainaldetik; hain zuzen ere, finkagarria lehortu ondoren aplikatu zen kolore horia. Degasen ikasle baten seme Denis Rouart-ek zioenez, maisuak “asmatu egin zuen hurrenez hurreneko pastel-geruzen aplikazio hori, zalantzarik gabe, non geruza bakoitza finkatu egiten den hurrengo geruzaz estali aurretik […] teknika horretan, koloreek elkarri eragiten diote, gainjartzearen eta gardentasunaren”4. Hondo lau bat sortu eta haren gainean xehetasun argitsuak nabarmenduz pintatzeko metodoak Degasek Cinquecentoko veneziar maisuek lortutako argi-efektuez egindako ikerketan du jatorria; hain zuzen ere, kolore hotzen hondoan kolore epelak aplikatzean zetzan maisu haien teknika piktorikoaren gakoa ere.

Felix Fénéon garai hartako kritikari ezagunak artistaren prozeduraz egindako deskribapenean zioenez, “ […] ez da zuzeneko behaketatik eratorria […]. Degas jaunak ez du bizitzatik kopiatzen: gai berari buruzko hainbat zirriborro pilatzen ditu, eta horietatik sortzen ditu benetakotasun eztabaidaezineko bere obrak”5. Fénéonen iruzkin hori berresten dute Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obrarako egindako zirriborro ugariek, eta agerian uzten dute amaierako obraren aurretik egindako azterlanaren konplexutasuna eta sakontasuna. Ikatz-ziriz egindako zirriborro batean lau dantzarietatik hiru hain daude argi marraztuta, non erabat bereizten baita irudia pastelaren konposizio-anbiguotasunetik; haien formak, pastelez egindako lanean jantzi distiratsuen azpian ezkutatuta daudenak, biluzik ageri dira hemen. Bi obretan, erdian ageri den irudi nagusi bat dantzari eseri baten gainean makurtzen da, berezko eskuin besoa gerrian eta ezker eskuaren ahurra dekoratuan bermaturik dituela. Antzeko gorputz-jarrerak ikusten dira, halaber, Dantzariak hegalen artean (Danseuses dans les coulisses, 1900, Saint Louis Art Museum) izeneko pastel-ikerketan; lan horretan, bi irudi eserik Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obrako irudiak gogorarazten dituzte, bata zuzen eserita eta bestea zapatila lotzeko makurtuta. Bigarren dantzari hori da, bestalde, Dantzariak zapatilak lotzen (Danseuses attachant leurs sandales, 1895, Cleveland Museum of Art) obran adierazitako gaia; lan horretan, irudi bakarra agertzen da hainbat aldiz, zenbait ikuspegitatik irudikatua, konposizio horizontal batean lerroan kokaturik. Irudi bakar bat sail moduan adierazten dela interpreta liteke, haren gorputza espazioan eta denboran birarazita balego bezala. Kalko-papera erabiltzeak erraztu egin zion artistari irudiak imajina batetik bestera transkribatzea; hain zuzen ere, Degasek gaia kalkatu zuen, eta fase bakoitzean apur bat eraldatu. Esan liteke, beraz, errepikapena nabarmena dela obra horretan guztian; hasteko, balleteko entsegu batean oinarritua izanik, mugimendu bera etengabe errepikatzen delako, perfektutasun-egoera inkontziente bat lortu arte, eta, hedaduraz, errepikapena funtsezkoa den bezala balleterako, Degasen lanaren beraren oinarria ere bada paper gainean irudiak ia mekanikoki errepikatzea.

Dantzari talde baten hurrenkera edo errepikapena adierazteko joera 1870eko hamarkadako lanetan jada hasi zen agertzen Degasen obran6. Nolanahi ere, haren ondorengo irudiek giza irudiaren beste ikuspegi bat dakarte, testuingurua ezabatuta, gorputzek espazioan duten pisua eta betetasuna nabarmentzearen mesedetan. Degasek irudiari halako arreta ematea bat dator gerora eskulturan egindako saiakerekin (buztinarekin edo plastilinaz nahastutako erle-argizariarekin egin zuen lan, argizari bigunarekin); horietan, gaiak erabateko garrantzia zuen: maiz, bere marrazkietan bezala, dantzari bat edo bainulari bat, bakarturik, idulki txiki baten gainean7. Ildo horretatik, Berdez eta horiz jantzitako dantzariak obran, Degasek saihestu egin zituen aurreko obretan baliatutako kontakizunaren eta giroaren adierazleak, eta horren ordez, bere dantzariak kokaleku zehaztugabeetan kokatu zituen. Mugitzen ari diren gorputzen sekuentzia horien oso antzeko analogia bisuala topa daiteke XIX. mendearen erdialdetik amaierara Étienne-Jules Marey frantses zientzialariak egin zituen kronoargazkietan, historiografiaren ikuspegitik argi ez dagoen arren Degas argazki-esperimentu haien jakitun ote zen8. Mareyren argazki-ikerketetan —hala nola, Gizon bat hesiaren gainetik jauzi egiten, kronoargazkia (1892)—, mugimendu bat agertu ohi da, urratsez urrats, inprimatze bakarrean zatikatuta —adibidean, bederatzi fasetan—, kokalekuaren inolako erreferentziarik gabe. Eta horren antzera interpreta liteke Degasen Berdez eta horiz jantzitako dantzariak, hark dantzari eskainitako beste hainbat bezala: modelo bakar baten bilakaera, zutik dagoenEtik esertzen den arte, eta ez bata bestearen aldamenean jarritako lau dantzari desberdinen jarduera. 

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Hemen aipatua: Daniel Halévy, My Friend Degas; arg. eta ing. itz.: Mina Curtiss, Wesleyan University Press, Middletown, Connecticut, 1964, 103. or. [itzuli]
  2. Degas-ek bere ibilbide guztian zehar irudi­katu zituen dantzariak oholtza-hegalen ar­tean, baina gai hori maizago erabili zuen azken urteetan. Zehazki, sei konposizio lotzen dira Guggenheimeko pastelarekin, zeinak erakusten baitituzte hegalen arteko launa dantzari. Vivian Endicott Barnett, The Guggenheim Museum: Justin K. Thannhauser Collection, Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 1978, 49. or. [itzuli]
  3. Carol Armstrong, Odd Man Out: Readings of the Work and Reputation of Degas, University of Chicago Press, Chicago, 1991, 21. or. Degas izan zen lehen erakusketa inpresio­nistaren antolatzaile nagusietakoa; Parisko Galerie Durand-Ruel aretoan egin zen erakusketa, eta Degas arduratu zen hari publizitatea emateaz. Hain zuzen ere, taldea­ren liderra bilakatu zen, de facto. [itzuli]
  4. Hemen aipatua: Shelley Fletcher eta Pia DeSantis, “Degas: The Search for His Technique Continues”, Burlington Magazine 131, 1033. zk., 1989ko apirila, 263. or. [itzuli]
  5. Hemen aipatua: Armstrong, Odd Man Out, 3. or. [itzuli]
  6. Richard Kendallen aburuz, Degas-ek gai berari buruzko hainbat ikuspegi adierazteko ideia lehen erakusketa inpresionistaren ga­raian gauzatzen hasi zen, gutxi gorabehera (1874). Begirale mugikor baten ideiak bultzatu­ta landu zituen friso deritzen koadroak, zeinak baitira hemen iruzkindutako pastelen aitzinda­riak. Richard Kendall eta Jill Devonyar, Degas and the Ballet: Picturing Movement, erak. kat., Royal Academy of Arts, Londres, 2011, 71. or. [itzuli]
  7. Degas hil ondoren, 150 eskulturatik gora aurkitu zituzten artistaren ondorengoek haren estudioan. Bakarra jarri zen erakusgai artista bizirik zela: 14 urteko dantzari txikia (Petite danseuse de quatorze ans), 1878–1881, National Gallery of Art, Washington. [itzuli]
  8. Ikus Malcolm Daniel, Eugenia Parry eta Theodore Reffekin, Edgar Degas, Photographer, erak. kat., Metropolitan Museum of Art, New York, 1998; Kendall eta Devonyar, Degas and the Ballet. [itzuli]

PDF-a JAITSI