Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Thannhauser Bildumaren historia laburra

Megan Fontanella eta Samantha Small

Izenburua:
Thannhauser Bildumaren historia laburra
Egilea:
Megan Fontanella eta Samantha Small
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artea. Merkatua | Erbestea | Bigarren Mundu Gerra | Lehen Mundu Gerra
Mugimendu artistikoak:
Inpresionismoa | Post-Inpresionismoa
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Degas, Edgar | Gauguin, Paul | Matisse, Henri | Picasso, Pablo | van Gogh, Vincent | Vuillard, Édouard

Ondoren datorrena historia kronologiko bat da, Heinrich Thannhauserrek arte-salerosle gisa egin zuen karrerarekin hasten dena. Bereziki azpimarratu dira Guggenheimeko Thannhauser Bildumari eta Justin K. Thannhauser haren emaileari dagozkien gertaerak. Galeriako erakusketei buruzko azalpena ez da inondik ere osoa. Informazioa gaur egungo jakintzan oinarritzen da, eta lehendik argitaraturiko iturrietakoa ez bezalakoa izan daiteke.

1905
Heinrich Thannhauser (1859ko otsailak 16, Hürben, Alemania–1935eko azaroak 24, Luzerna), Justin K. Thannhauserren aita (1892ko maiatzak 7, Munich–1976ko abenduak 26, Gstaad), Franz Josef Brakl-ekin (1854–1935) bazkide gisa elkartu zen, Moderne Kunsthandlung zabaltzeko Goethestrasse kaleko 64 zenbakian, Munichen. Arte-galeriak, hasieran, gehienbat alemaniar artistak aurkeztu zituen, baita Municheko Sezesioarekin lotutakoak ere.

1908, udaberria
Moderne Kunsthandlung galeriak Vincent van Goghen gaineko erakusketa handi bat antolatu zuen, Paul Cassirer arte-saleroslearekin eta artistaren ondarearekin lankidetzan.

1909, azaroa
Heinrichek Brakl-ekiko bazkidetza desegin eta Moderne Galerie zabaldu zuen Arco-Palais eraikinean, Theatinerstrasse kaleko 7. zenbakian, Munichen. Inaugurazioan berrehun bat obra jarri ziren erakusgai, artista frantses eta alemaniarrenak, eta kritikak ezinhobeak izan ziren.

1909, abendua
Arte esperimentalari zabalik zegoela erakutsiz, Moderne Galerien egin zen Neue Künstlervereinigung München-en lehen erakusketa (Municheko artista berrien elkartea, NKVM). 1910ean, NKVMren bigarren erakusketa egin zen.

1911, abendua
Moderne Galerien aurkeztu zen Vasily Kandinsky eta Franz Marc buru zituen Der Blaue Reiter (Zaldun Urdina) taldearen inaugurazio-erakusketa, NKVM-ren hirugarren erakusketarekin batera.

1913, otsaila
Moderne Galerie Heinrich Thannhauser galeriak (gaur egun ere izen horrekin ezagunak) Pablo Picassoren arteari Alemanian eskainitako lehen erakusketa garrantzitsuenetako bat aurkeztu zuen. Koloniara eta Stuttgartera eraman zuten erakusketa gero.

1913, otsaila–maiatza
Bere galeriaren bitartez, Heinrichek hainbat lan mailegatu zizkion gerora mugarria gertatu zen New Yorkeko International Exhibition of Modern Art erakusketari (Armory Show gisa ezaguna). Chicagora eta Bostonera eraman zuten erakusketa gero.

1914
Justin zerbitzu militarrera joateko deitu zuten. 1916an Munichera itzuli zen, zauritua gertatu eta Burdinezko Gurutze batez saritua izan ondoren. Moderne Galerie Heinrich Thannhauserrek askorik nabarmendu gabe igaro zuen I. Mundu Gerra (1914–18).

1917, maiatzak 25
Justin Kätherekin ezkondu zen (“Kate” ere deitua, ezkongabetan Levi, 1894ko maiatzak 24, Munich–1960ko irailak 23, Paris). Hurrengo urteetan bi seme izan zituzten, Heinz (1918ko irailak 28, Munich–1944ko abuztuak 15, Monte Azza, Italia) eta Michel (1920ko otsailak7, Munich–1952ko ekainak 27, New York).

1920, martxoa
Justinek eta Siegfried Rosengart haren lehengusuak (1894ko apirilak 11, Munich–1985eko abenduak 14, Luzerna) Galerie Thannhauser zabaldu zuten Haldenstrasse kaleko 11. zenbakian, Luzernan, Suitza. Rosengart Justin eta Heinrichekin lan egina zen Munichen.

1921
Justin Munichera itzuli zen, haren aita Heinrich eztarritik larriki gaixotu ostean. Justinek hartu zuen arte-salerosketaren ardura osoa. Rosengartek Luzernako adarra kudeatzen jarraitu zuen.

1926, uztaila-abuztua
Edgar Degasen obren erakusketa bat zabaldu zen Berlinen, brontzeak aurkezten zituena. Ondoren Munichera eraman zuten erakusketa, Thannhauser galeriara (uztaila-abuztua) eta handik Dresdenera.

1927, ekaina
Urtearen hasieran egindako pare bat erakusketa bereziren ondoren, Justinek galeria bat zabaldu zuen Berlinen, Bellevuestrasse kaleko 13. zenbakian. Galerien Thannhauser izena eman zioten, haren nolakotasun eginkizun-zabala islatzeko; Moderne Galerie/Thannhauser izena Municheko galeria nagusiarentzat mantendu zuten 1926aren bukaera arte.

1928, iraila
Rosengartek hartu zuen Luzernako galeriaren ardura osoa, eta izen berria ipini zion: Galerie Rosengart. 1930 arte, Luzernak Thannhauser sarearen parte gisa agertzen jarraitu zuen erakusketa katalogoetan. 1932 arte, Rosengartek ez zuen bere familiarekin Suitzan egoitza finkoa hartu; bizitokia ezarri eta hurrengo urtean eman zioten suitzar herritartasuna. Aldi horretan Luzerna, Munich eta Berlingo galerien artean mugitzen zen.

1929, urtarrila
Urtarrilaren 1ean Municheko galeria desegin zen. Justinek salerosketa-lanetan jarraitu zuen Berlinen.

1930, otsaila–martxoa
Berlingo Galerie Thannhauserrek Henri Matisseri buruzko erakusketa bat antolatu zuen. Alemanian ordu arte egindako artistaren obraren erakustaldirik osoena izan zen.

1932
Galerie Thannhauser Berlingo Tiergartenstrasse kaleko 1. zenbakira aldatu zen; hurrengo urtean Thannhausertarrek hara lekualdatu zuten beren egoitza pribatua ere. 1934–1937 urteetan, Bellevuestrasse kaleko 10. zen­bakiak aldi berean balio zuen galeria eta etxebizitza pribatu gisa.

1933, udaberria
Parisen Apartamentu txiki bat alokatzen hasi zen Justin, place des Pyramides-eko 2. zenbakian.

1934, iraila-urria
Justinek Degasen lanen erakusketa bat antolatzen lagundu zion Buenos Airesko Galería Müller-i irailean. Ondoren, urrian, Picassori buruzko erakusketa bat zabaldu zen bertan.

1935, azaroak 24
Heinrich Thannhauser Luzernan hil zen.

1937, udaberria
Justin, Käthe eta Michel Thannhauserrek Alemaniatik Frantziara emigratu zuten, eta beren etxebizitza-galerian hartu zuten egoitza, Parisko rue de Miromesnileko 35. zenbakian. Haien artelanetako batzuk Alemanian geratu ziren, Robert Haberling & Co.-ren biltegian gordeta, eta hantxe suntsitu zituzten II. Mundu Gerran, hegazkin-bonbardaketa batean.

1937, urria
Parisen ziharduten arte-salerosleeen elkarte profesional nagusia zen Syndicat des Éditeurs d’Art et Négotiants en Tableaux Modernes erakundean sartu zen Justin, bozketa bidez

1937, abendua
Berlingo Galerie Thannhauser itxi zen. Galerie Rosengart erakunde guztiz independentea bilakatu zen, baina Rosengartek Justin Thannhauserrekin negozioak egiten jarraitu zuen 1940ko hamarkadan.

1938, ekaina
Justinek Amsterdamera bidali zituen laurogeita hamar bat lan, Stedelijk Museumen biltegiratuta eduki ditzaten hurrengo urtean.

1939, maiatza
Thannhauserren bederatzi pintura Paristik Hego Amerikara eraman zituzten erakusketa ibiltari baterako: La pintura francesa de David a nuestros días, Musée du Louvreko pintura-lanen komisarioa zen René Huyghe-k antolatua. Gerra zela-eta, erakusketako obrak ez zituzten Europara berriz itzuli, eta Estatu Batuetan barna mugitu ziren 1946. urtean zehar.

1939, abuztua
Justin, Käthe eta Michel Thannhauser Genebara joan ziren Madrilgo Museo Nacional del Pradok maileguan utzitako pinturen erakusketa batera.

1939, iraila
II. Mundu Gerra (1939–45) hasi, eta thannhausertarrek Suitzara jo zuten babes bila.

1940
Tropa alemaniarrak Parisen sartu ziren 1940ko ekainaren 14an, eta Frantziako hiriburua okupatu zuten. Thannhausertarrak ez ziren beren etxera itzuli, eta, hala, Einsatzstab Reichsleiter Rosenberg talde nazi bereziak arpilatu zuen haien etxebizitza. Soldadu alemaniarrek atzera Alemaniara eraman zituzten thannhausertarren ondasunak, haien artean antzinako altzariak, dekorazio-objektuak eta liburu bereziak. Municheko galeria sortzailearen artxiboak galdu egin ziren.

1940, abendua–1941, urtarrila
Justin, Käthe eta Michel Thannhauser Lisboaraino iritsi, eta 1940ko abenduaren 24an New Yorkera heltzekoa zen Santa Pinto ontzian itsasoratu ziren. 1941eko urtarrilaren 9an heldu ziren, eta etxandi bat erosi zuten East Sixty-Second Street kaleko 165. zenbakian.

1945, apirila
Justinek bere arte-bildumako obren kopuru handi bat enkantean salgai jarri zuen New Yorkeko Parke-Bernet Galleries-en, erabaki baitzuen New Yorken ez duela galeriarik zabalduko. Artelanen salmentak bideratzen jarraitzen zuen, etxetik.

1946
Thannhausertarrak etxe handiago batera aldatu ziren New Yorken, East Sixty-Seventh Street kaleko 12. zenbakira. Hantxe geratu zen Justin 1971 arte.

1962
Käthe emaztea 1960an hil ondoren, Hilderekin (ezkongaietan Breitwisch, 1919ko urriak 29, Kolonia–1991ko uztailak 25, Berna) ezkondu zen Justin.

1963
Justin Thannhauserrek prestakuntzak egin zituen bere arte-bilduma pribatuko hirurogeita hamabost lan (banaka zenbatzen ziren orduan Édouard Vuillarden bi oihalak) New Yorkeko Guggenheim Foundation erakundeari dohaintzan emateko. 1965etik aurrera, mailegu luzatuan egon ziren lanak Solomon R. Guggenheim Museum-en, erakundearen Monitor Eraikinaren parte den galerian batean.

1971
Justin eta Hilde Bernara erretiratu ziren. Justinen eta Guggenheimen arteko elkarrizketek aurrera egin zuten, eta Thannhauser Bildumaren historia ren inguruko ikerketa-ahaleginak bultzatu zituzten.

1976, abenduak 26
Justin K. Thannhauser hil zen, Gstaad hirian, laurogeita lau urterekin.

1978
Thannhauser Bilduma Guggenheimen ondarearen parte izatera igaro zen.

1984
Hilde Thannhauserrek bi lan eman zizkion dohaintzan Guggenheimi, Picassorena bat (Natura hila: fruta eta pitxerra (Nature morte: Fruits et pot), Paris, 1939ko urtarrilak 22) eta Van Goghena bestea (Paisaia elurtua (Paysage enneigé), Arles, 1888ko otsaila). Beste hamar obra herentzia gisa emango dituela adostu zuen.

1991, uztailak 25
Hilde Thannhauser hil zen, eta haren arte-bildumako hamar lan Guggenheimen Thannhauser Bildumako parte bihurtu ziren. Thannhauser Bildumaren gaineko ikerketek aurrera jarraitu zuten galerian zeuden erregistroekin eta Silva-Casa Stiftung-en utzitako paper pertsonalekin; fundazio hura Hilderen eskaeraz eratu zen 1992an Bernan, eta 2005ean desagertu zen.

2005
Thannhauser galerien eta Justin K. Thannhauserren gainerako artxiboak Zentralarchiv des internationalen Kunsthandels (orain Zentralarchiv für deutsche und internationale Kunstmarktfor­schung, ZADIK) erakundera eraman ziren, Kolonian.

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI