Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Limurtzea edo metafora: Pablo Picasso-ren Txoria

Susan Davidson

Izenburua:
Limurtzea edo metafora: Pablo Picasso-ren Txoria
Egilea:
Susan Davidson
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artelanak | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Picasso, Pablo

Pablo Picassok hiru uda igaro zituen (1922, 1928 eta 1929koak) Bretainiako Côte d’Eméraud-eko Dinard kostaldeko herri burgesean, Olga emaztearekin eta beren seme Paulorekin. Olgak aukeratu zuen toki hura —Picassoren kutuna Côte d’Azur bazen ere—, itsasoko brisa leuna onuragarria zitzaiolako zenbait gaixotasunetatik sendatzeko. Lehenengo uda aspergarri samarra izan zen Picassorentzat, eta ez oso zirraragarria ikuspegi artistikotik, baina, handik sei urtera, hara itzultzea onartu zuen, pentsaturik Dinard toki egokia izan zitekeela Marie-Thérèse Walter gaztearekin (1909–1977) elkartzeko, ezkutuko maitasun-harremana hasi baitzuen harekin hemezortzi hilabete lehenago. Bigarren egonaldian, 1928koan, Picasso senar-emazteak eta haien haurtzaina uztailaren erdialdera iritsi ziren Dinardera, eta abuztu bukaerara arte egon ziren han: Art Nouveau estiloko Villa des Roches etxea alokatu zuten, Saint- Enogat hondartzarako sarbide zuzena zuena1.

Picasso eta Walter, ordea, hiriko hondartza ezagunago bateko etxola batean elkartzen ziren, ezkutuan, Plage de l’Ecluse hondartzan, artistaren familiak ez ikusteko moduan. Elkarrekin igarotako egunek —hondartzan zirrika, neskatxaren lagunekin kirola egiten (pension de jeune filles batean hartzen zuen ostatu Walterrek) eta eguzkia hartzen, beste atsegin fisiko batzuk tarteko— uda hartan hogeita hamar mihise margotzeko inspirazioa eman zioten Picassori2. En plein air margotu zituen gehienak, eta txikiak dira guztiak, formatuari dagokionez; haiek margotzeko, kolore urdin eta haragi-koloreetan oinarrituriko paleta distiratsua eta ukitu gorri eta laranjak oinarri hartu zituen artistak. Lau margolanek izan ezik, gainerako guztiek artistak eta haren maitale gazteak abuztuaren 2tik 28ra bitartean egin zuten eguneroko bizitzako jarduerak erakusten dituzte3. Picassoren artea eta biografia oso estu lotuta daude, eta, hain zuzen ere, haren maitaleen irudiek berebiziko garrantzia dute haren obran4. Maitasun-afera bakoitzaren hasieran, sexu-iradokizuna adierazten duten erreferentzia kodetu moduko adierazpenak nagusitzen dira; eta, aurrerago, berriz, metafora sexual indartsuz jositako irudi gordinagoak5. Walterrekiko afera hasiberria eta artean ezkutukoa zenez, freskotasuna eta xalotasuna darie 1928ko udan margotutako lanei.

Justin K. Thannhauserrek artistari erosi zion Txoria (L’oiseau, 1928), 1930 inguruan, baina ez dago data zehazterik6. Obra hura Guggenheim bilduman sartu zenean, arte-merkatariak honako azalpen hau eman zuen Picassok obra hartarako izandako inspirazio-iturriari buruz: “Dinarden igarotako udaldian, amorratuta zebilen txori batek goizean goiz esnazari eta atzera lokartzen uzten ez ziolako. Goiz batean, ohetik altxatu, leihotik begiratu, eta txoria ikusi zuen, egunsentiko eguzki-argitan; eta txoria margotu zuen, eta lo seko egin zuen hurrengo gauetik aurrera”7. Koadroa margotu zueneko unearen berri —gauaren eta egunaren artean— zeru urdineko izarrek eta eguzki sortu berriaren zerrenda hori eta gorri distiratsuek ematen dute8. Zalantzarik gabe, Picassok benetako inspirazio-iturria ezkutatu nahi izan zuen Thannhauserri istorio hura kontatuta.

Koadro honen saileko margolanen izaera sexual agerikoa kontuan hartuta, Walterrekin identifika liteke txoria, irakurketa zorrotzagoa eginez:, bere maitaleak zuhaitz batean atxikita dauka Walter, eta askatzeko eginahalekin Picasso limurtzen du, txorrotxio ezti batez9. Litekeena da Picassok Dinardeko inguru hurbileko zenbait erreferentzia bisual oinarritzat hartu izana Walterri buruzko zeharkako erreferentzia hori sortzeko. Txoriaren gorputzak marrazten duen V nabarmenak (arrain baten tankeran estilizatua, itsas paisaiari legokiokeen moduan) Walterren bainujantzi beltz eskote nabarmenekoa gogorarazten du: eskotea diagonalean ebakitzen zen emakumearen bularrean, eta uztai batean sartutako tirante batzuez lotzen zen lepoan. Beste iturri posible bat dira maitaleek eguna igarotzen zuten hondartzako etxolen sabaitik ateratzen ziren eguzkitako punta-zorrotzak. Picassok txorian (urdina eta beltza txandakatuz) eta margolanaren gainaldeko geruzan (gorria eta laranja txandakatuz) egindako marrek, halaber, etxolen oihal marraduna gogorarazten dute, baita haren semeak eta beste haur batzuek erabili ohi zituzten bainujantzien oihala ere, adibidez10. Aipatzekoak dira, halaber, txoriaren hanka meheak, zotzen gisakoak, eta zuhaitz-adarrak, antzeratsu landuak. Picasso Guillaume Apollinareren monumentuaren proiektua (1928, 1962) lanari loturiko zenbait eskultura lantzeko uda hartan prestatzen ari zen zirriborroen iragarle dira lerro mehe horiek; eskultura horien artean daude, hain zuzen, udazken hartan Julio González espainiar eskultorearen laguntzaz egindako letoi eta burdinazko eskultura txikiak11.

Saila osotasunean hartuta, nabarmentzekoa da Txoria abuztuaren erdialdera margotu zuela, gutxi gorabehera, eta garai hartan sarri elkartzen zirela bi maitaleak. Hain zuzen ere, animalia bat besterik agertzen ez duen margolan honek haustura bat-batekoa markatzen du Picassok sail honetan erabilitako bi planteamendu estilistikoen artean. Abuztuaren erdialdea baino lehen irudikatutako obra gehienetan, bi irudi ageri dira: Walter gorputz-molde erraboilatsu modura, eta artista zaldi-formako irudi gisa edo forma bertikal akitu gisa; eta, aldiz, Txoriaren ondoren margotutakoetan, bular punta-zorrotzekiko ebakin lau geometriko modura irudikatuta ageri dira protagonista eta haren lagunak, Picassok antolatutako konposizio gero eta konplexuagoetan12. Txoria obra inprimatuta agertu zen, jendaurrean aurkeztu aurretik. Ordukoan, sinatu eta datatu gabe zegoen obra13. Christian Zervos arte-historialaria maiz gonbidatzen zuten Picasso senar-emazteek beren etxera, eta artistaren 1928ko uda hartako sorkuntzen lekuko izan zen; ondoren, udako ekoizpenaren kronologia bat argitaratu zuen, eta 1928ko abuztuaren 13ko data esleitu zion Txoria koadroari14. Aurrerago, berriro agertu zen koadroa argitaratuta (jendaurrean aurkeztu aurretik, ordukoan ere) Roger Vitrac-en “Humorage à Picasso” olerkiaren ilustrazioa gisa, Georges Bataille frantses intelektual literarioak argitaratzen zuen Documents argitalpen surrealista disidentean15. Bataillek, modu anbiguoan, txori baten adierazpen atsegin eta tolesgabea aukeratu izanak kontraste nabarmena egiten du haren argitalpenak aldarrikatzen zuen surrealismoaren alderdi ilun eta berezkoenarekin.

Margolana Picassori buruz Kunsthaus Zürich museoan antolatutako atzera begirako erakusketa batean jarri zuten lehenengoz ikusgai, 1932an16. Züricheko erakusketa hark Parisko Galeries Georges Petit galerian urte hartan bertan baina lehenago egindako erakusketa berdindu nahi zuen (Pariskoan, artistak aukeratutako obrak erakutsi zituzten, ordena kronologikorik gabe), baina abantaila gehigarri —eta ezohiko— hauxe izan zuen: zuzenean saldu zituzten museoko hormetako obrak17. Europako krisi ekonomikoaren ondorioak hedatzen hasiak baitziren, Picasso eta haren arte-merkataria beste kokaleku baten bila hasi ziren, izen oneko kokaleku baten bila, irabazi-iturria ez bazen. Gehien bat une hartan lantzen ari zen obrak aukeratu zituen Picassok Züricheko erakusketarako, eta gehienetan ikusten da Walter gazte limurkorra irudikatzeko zuen irrika; horrek azalera atera zuen beren arteko maitasun-harremana, eta nahigabe handia sortu zien artistaren emazteari eta haien seme hunkiberari. Inaugurazioan, Picassok Txoria koadro txikiaren bertsio askoz ere leunagoa eskaini zion 11 urteko bere semeari: “à voici ton oiseau, tu te rappelles encore de ce merle à Dinard?” (Hona zure txoria, gogoratzen al duzu Dinardeko zozo hura?). Museoaren zuzendariari emandako azalpen zabalagoan, Picassok esan zuen iluntzean Paolorekin egin ohi zituen paseoetan zozo bat entzuten zutela hain ongi kantatzen, ezen haren irudi bat margotu baitzuen semearentzat18.

Handik bi urtera, Picassok Thannhauserrekin antolatu eta Buenos Airesko Müller galerian egindako erakusketa batean agertu zen Txoria. Hirurogeita hamasei lan bildu zituzten (horietatik hamabost soilik mihiseak), gehienak arte-merkatariaren eta haren merkataritza-bazkideen (D.-H. Kahnweiler, Paul Rosenberg eta Georges Wildenstein) funtsetakoak; berak bezala, haiek ere susmoa hartua bide zioten munduan gertatuko zenari, eta ekonomia egonkorragoetan bezeria zabalagoa lortzeko asmotan bide zebiltzan19. Erakusketa hura itxi zenean, Thannhauser familiak berriro bereganatu zuen Txoria koadroa, gozamen bisual pertsonalerako. Hurrengo hogeita hamaika urteak eman zituen familiarekin, New Yorken zuen pisuko paretak apaintzen. Zalantzarik gabe, ohorezko tokia zuen margolan txiki-txiki hark arte-merkatariarentzat, eta sekula gehiago ez zuen mailegatu. Newyorktarrek 1965ean izan zuten obra hau ezagutzeko aukera, Thannhauserrek Solomon R. Guggenheim Foundation-i egindako dohaintza eskuzabalaren erakusgarri zen erakusketan; dohaintza haren parte ziren Picassoren hogeita hamar margolan eta marrazki inguru, artistak bere karreran zehar landuak20. Ofizialki 1978an sartu zen museoaren bilduman, baina maiz agertu zen koadroa Frank Lloyd Wright-ek diseinatutako Monitor Building eraikinean Thannhauserri eskainitako galerietan. Thannhauserrek obra horrekiko zuen zaletasun bereziari jarraiki, oso gutxitan mailegatu da21. Txoria artelanak egundoko garrantzia du, haren eskalaren txikia kontuan hartuta, eta Thannhauser Bildumako Marie-Thérèse Walterren bi irudietako bat da; biak ala biak dira Picassoren amour fou maitasunaren lekuko22.

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. John Richardson-en arabera, Picasso senar-emazteak 1928ko uztailaren 12an iritsi ziren, Bastilleko ospakizunaren bezperetan, doi-doi. John Richardson, Marilyn McCully-rekin, A Life of Picasso, 3. alea, The Triumphant Years, 1917–1932, Alfred A. Knopf, New York, 2010, 65. or. [itzuli]
  2. Hogeita hamar koadro haietatik hogeita seik bainulariak agertzen dituzte hondartzan (itsasoko eta hondartzako irudiak ohiko gaiak dira Picasso-ren obran). Christian Zervos, Pablo Picasso, 7. alea, Cahiers d’art, Paris, 1955, 209.– 216., 218–227., 230., 232–236., 239. zk. Zervos-en lanean, ez da aipatzen Bainulariak (1928ko abuztuaren 16a, Musée Picasso, Paris); bai hemen, ordea: Enrique Mallen, argit., Online Picasso Project, Sam Houston State University, 1997–2018, 28.051. zk. Beste lau margolanak Walter-en erretratu klasikoak (Zervos, Pablo Picasso, 7. alea, 228., 229., 231. zk.) eta Txoria (Zervos, Pablo Picasso, 7. alea, 217. zk., 85. lam.) dira. [itzuli]
  3. Richardson-en arabera, abuztuaren 5ean iritsi zen Walter Dinard-era. Richardson, McCully-rekin, Life of Picasso, 3. alea, 359. or. [itzuli]
  4. Picassoren erretratuei buruzko informazio gehiagorako, ikus: William Rubin, argit., Picasso and Portraiture: Representation and Transformation, Museum of Modern Art, New York, 1996. [itzuli]
  5. Ez dago Walter-i buruzko ageriko erreferentziarik zortzi urteko beren harremanaren lehenengo lau urteetan. 1932 inguruan, halere, Picassok harekiko nolako txera zuen erakutsi zuen. Ikus, adibidez, Picasso 1932: Année érotique erakusketa (Paris, Musée Picasso, 2017ko urriak 10–2018ko otsailak 11); haren obra gehienetan oparotasun sentsual beteko ageri da Walter. [itzuli]
  6. Data hori hori 1930ean egindako Txoriaren erreprodukzioan oinarritua da; hartan esaten denez, “Thannhauser, Berlin”. zen jabea. Documents 2, 3. zk. (1930), 126. or. Obra 1931ko uztailaren 29an sartu zen Galerien Thannhauser-en inbentario-liburuan, eta galeriaren Berlin eta Luzernako sukurtsalen arteko eskualdatzea aditzera ematen du. Lagerbuch (inbentario-liburua) II, 1493/10737 inb. zk. (“Vogel auf Zweig”), A077-XIX-02, A077 Galerien Thannhauser Archive, Zentralarchiv für deutsche und internationale Kunstmarktforschung, Cologne (aurreran-tzean, Thannhauser Archive, ZADIK). Thannhauser-ek eskuratze-data hori errepikatu zuen 1972ko abenduan Guggenheim-ekin izandako elkarrizketetan. Daniel Catton Rich papers, M0014, Solomon R. Guggenheim Museum Archives, New York. [itzuli]
  7. Daniel Catton Rich-en dokumentuak, M0014. [itzuli]
  8. Vivian Endicott Barnett-ek obraren sorburuarekin lotzen du istorio hori; hain zuzen ere, gaueko zerua urdinarekin eta egunsentia kolore gorri eta laranjarekin lotuz. Vivian Endicott Barnett, “Pablo Picasso, Bird on a Tree", Guggenheim Museum Thannhauser Collection, argit. berrik., Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 1992, 18. or. Thannhauser-en kontakizunak ez duenez nahitaez argitzen obraren benetako inspirazio-iturria zein izan zen, pentsa liteke hondoko gorria eta laranja hondartzako hareari dagozkiola, zeinak baitu sailaren itsasoko gaiarekin lotura estuagoa. Era berean, Barnett-ek ez du aipatzen Dinard-eko sail osoan agertzen direla izar puntadunak, nagusiki hondartzako piloten apaingarri modura. Hain zuzen ere, pilota izardun horiek Picasso-ren ohiko gaiak ziren; Sergei Diaghilev-en Errusiar Balletentzat margotutako atze-oihalean marraztu zituen lehen aldiz, Parade (1917) lanaren beheko aldeko ezker ertzean. [itzuli]
  9. Txoriak, usoak bereziki, maiz ageri dira Picasso-ren obran. Brassaï argazkilariak zioenez, Picasso-ren aitak “marraztu egiten zituen [usoak], eta maiz eman ohi zion semeari hegaztien hankak amaitzeko ardura. Haien urruma entzun ohi zuen, bizi zen tokian bizi zela. Gustukoak zituen kaioletan, eta are gehiago aske. Maiz aukeratu zituen usoak, usakumeak, usapalak bere arterako Aitak marraztu egiten zituen, eta maiz eman ohi zion semeari hegaztien hankak amaitzeko ardura.” Brassaï, Conversations with Picasso, itzul.: Jane Marie Todd, University of Chicago Press, Chicago, 1999, 266. or. [itzuli]
  10. Arte-historialari askok Henri Rousseau-ren Futbolariak obrako (Les joueurs de football, 1908) jokalariekiko erreferentzia bisuala antzeman dute bainulari marradunetan, obra hura ezaguna bide baitzuen Picassok, seguru asko, artistarekiko adiskidetasunari esker edo Justin Thannhauserekiko harreman profesionalari esker, Thannhauser izan baitzen margolan haren jabea 1912 eta 1916 bitartean. Werner Spies, Pablo Picasso on the Path to Sculpture: The Paris and Dinard Sketchbooks of 1928 from the Marina Picasso Collection, itzul.: John William Gabriel, Prestel, Munich, 1995, 32. or.; Werner Spies, “Pablo Picasso: Les chemins qui mènent à la sculpture, Les carnets de Paris et de Dinard 1928", in Picasso à Dinard, erak. kat., Palais des Arts, Dinard, 1999, 69. or.; Richardson, McCully-rekin, Life of Picasso, 3. alea, 360. zk. [itzuli]
  11. Burua eta Apollinaire-ri eskainitako hiru eskulturetatik bat Dinard-eko hondartzako irudiekin batera erreproduzitu ziren hemen: Christian Zervos, “Picasso à Dinard été 1928”, Cahiers d’art 4, 1. zk. (1929), 6. or., 11. Erreparatu nola duen txoriak hanka bat gorantz luzatua Apollinaireren eskulturan. Apollinaireren lagunen batzorde batek Picassori eskatu zion olerkariaren Parisko Père Lachaise hilerriko hilobirako oroitza-obra bat egin zezala. (Apollinaire 1918ko gripe-izurritearen ondorioz hil zen.) Batzordearen aburuz, Picassok egindako lehen eskultura-proiektuak “bitxiak, xelebreak eta ulertezinak ziren”, eta baztertu egin zituen. Ikus proiektu horri buruzko informazio gehiago hemen: Spies, “Pablo Picasso”, 48.–52. or.; Elizabeth Cowling, Picasso: Style and Meaning, Phaidon, Londres, 2002, 354– 355., 507. or.; Peter Read, Picasso and Apollinaire: The Persistence of Memory, University of California Press, Berkeley, 2008; Michael FitzGerald, “The Monument to Apollinaire and Picasso Scholarship", Colloque Picasso Sculptures, Musée Picasso, Paris, 2016ko martxoak 24, online hemen: picasso-sculptures.fr. [itzuli]
  12. Werner Spies ohartu zen, lehenik, saileko aldaketa bisualez, zeinak bide dauden, seguru asko, bi maitaleen arteko gertaera ezezagunekin lotuak. Spies, Pablo Picasso on the Path to Sculpture, 22. or. Richardson-ek metafora meteorologiko bat erabiltzen du aldaketa estilistikoak azaltzeko, esanez haizea aldatu egin zela uda amaitu eta udazkena hurbildu ahala, eta nola, bereziki, hodeien formazioak aldatuz joan ziren hilaren bigarren erdialdean margotutako obretan. Richardson, McCully-rekin, Life of Picasso, 3. alea, 361. or. Yve-Alain Bois-ek ere aipatzen du trantsizio hori. Yve-Alain Bois, Picasso Harlequin, 1917– 1937, erak. kat., Skira, Milan, 2009, 174., 176. or. [itzuli]
  13. Artistaren jardunean ohikoa zen obra estudiotik irtetera zihoanean sinatzea lana eta jartzea haren exekuzio-data. Txoriari dagokionez, “Picasso / 28” sinatu eta datatu zuen koadroa, atzeko aldean, goialdeko eskuin ertzean. Txoriak beste data bat ere badu (gaur egun urratua), grafitoz idatzia, ustez artistak eskuz egina, euskarriaren goiko zeharragan, koadroa egin eta handik gutxira gehitua: “Dinard 18 (est.) Août 1928 ”. Geroagoko data horrek berretsi egiten du Lena Stringari-ren kontserbazio-analisia, zeinetan identifikatzen baita Picassok gune batzuk berregin edo ukitu zituela, pintura bustia aplikatuz pintura lehorraren gainean. [itzuli]
  14. Zervos, “Picasso à Dinard été 1928", 5.–20. or., non erreproduzitu zen Txoria sinatu eta datatu gabe, eta buruz behera (7. or.). Obrak datzatzeko, Picassoren “Carnet Dinard” (1928, gerora askatu egin ziren orriak) oinarri hartu zuen Zervos-ek; izan ere, zehatz-mehatz erreproduzitzen zuen artistak egunez eguneko ekoizpena, koadroen arabera (Txoria 28. orrialdean ageri da). Spies-ek iradoki duenez, ohar-liburuxkak liber veritatis gisa har litezke. Spies, Pablo Picasso on the Path to Sculpture, 24. or. Ohar-liburua osorik erreproduzitu da liburu honetan eta honako honetan: William L. Beadleston, Through the Eye of Picasso, 1928– 1934: The Dinard Sketchbook and Related Paintings and Sculpture, erak. kat., Beadleston, New York, 1985. Pentsatzekoa da Cahiers d’art argitalpenean Txoriaren sinadurarik eta datarik gabeko irudi bera erabiliko zela Marius de Zayas artista eta galeria-jabearen testu labur bat ilustratzeko obra erreproduzitu zutenean, Galeries Georges Petit-eko Picasso-ren erakusketari eskainitako alean. Cahiers d’art 7, 3-5. zk., 1932, 177. or.; obra posizio zuzenean erreproduzitu zen, eta haren jabea Berlingo Galerie Thannhauser zela adierazi zuten. Aipatzekoa da, hala jasota gera dadin, Txoria ez zutela Parisko erakusketan erakutsi eta zirkunstantziala dela Cahiers d’art argitalpenaren ale horretan erreproduzituta agertzea. [itzuli]
  15. Bataille-ren aldizkaria, eragin handiko baina iraupen laburrekoa (hamabost zenbaki baino ez, 1929 eta 1930 bitartean), André Breton-ek surrealismoaz emandako definizio dogmatikoaren kontra oldartu zen. Txoria Picasso-ren 1920ko hamarraldiko obrari buruzko Documents aldizkariaren zenbaki berezi batean erreproduzitu zuten, sinatuta eta datatuta. Documents 2, 3. zk., 1930, 126. or. Timothy Ades-ek egindako Vitrac-en olerkiaren itzulpen bat ageri da hemen: Dawn Ades, Simon Baker, eta Fiona Bradley, Undercover Surrealism: Georges Batialle and Documents, erak. kat., Hayward Gallery, Londres, 2006, 223. or. Geroagoko argitalpen batean, Dawn Ades arte-historialariak Txoriaren iturri garaikide bat aipatu zuen. Dawn Ades, “Picasso in Documents", in Yve-Alain Bois, Picasso Harlequin, 59. or.: “parodia distiratsu, komiko, poetikoak aurrez aurre du Txoria, zozo puntazorrotz haur-tankerako iruzurtia, hondartza gaineko zuhaitz-adar batean pausaturik, jazz-estiloko marrekin, zeinaren inspirazio-iturria bide baita Lew Leslie-ren [artista afroamerikarren vaudevilleen sustatzailea] “Black Birds” konpainia, Parisera iritsi zenean Documentsen goraipatua.” Documents 2, 4. zk., 1929, 225. or. [itzuli]
  16. Picasso, Kunsthaus Zürich, 1932ko irailaren 11tik urriaren 30era, 1932ko azaroaren 13ra luzatua, 177. or. Ikus erakusketa horri buruzko berrazterketa xehea hemen: Picasso: His First Museum Exhibition 1932, erak. kat., Kunsthaus Zürich, Zürich, 2010. Txoriaz gainera, Dinard-eko beste bost hondartza-irudi jarri zituzten erakusgai (176., 178,–81. zk.), eta Pariskoan, aldiz, bi baino ez. Paris, Galeries Georges Petit, Exposition Picasso, 1932ko ekainaren 16tik uztailaren 30era, 178., 179. zk. [itzuli]
  17. Kunsthaus arte-elkarte pribatu baten gisan kudeatzen zelako lortu ahal izan zen akordioa. Erakusketako 348 obretatik 160 inguru jarri zituzten salgai, Txoria barne, 8.500 franko suitzarrean. Berdin eta Luzernako Galerien Thannhauser-ek gutxienez dozena bat margolan eta paper gaineko lan mailegatu zituen erakusketarako, horietako batzuk salgai jartzeko. Ikus Picasso-ren merkatu-balioari buruzko iruzkin fidagarri bat hemen; Michael C. FitzGerald, Making Modernism: Picasso and the Creation of the Market for Twentieth- -Century Art, University of California Press, Berkeley, 1996. [itzuli]
  18. Elkarrizketa horren lekuko izan zen, jakina, museoaren zuzendaria, eta haren xehetasunak aipatu zituen 1932ko irailaren 11n erakusketaren inaugurazioan egindako iruzkinetan. Materialssammlung Picasso A077- VII-010, Thannhauser Archive, ZADIK. [itzuli]
  19. Picasso-ren arte-merkatariak ez ezik, Berlineko Paul von Mendelssohn-Bartholdy bildumariak margolan asko zituen maileguan. Erakusketan Dinard-eko beste hondartza-ikuspegi bat erakutsi zuten (14. zk.). Ez dago zehazterik obrak erakusketan salgai jarri zituzten ez. Galería Müller, Buenos Aires, Picasso, 1934ko urria, 15. zk. [itzuli]
  20. Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Masterpieces of Modern Art, by Courtesy of the Thannhauser Foundation, 1965eko apirilaren 30etik urriaren 3ra, 62. zk. [itzuli]
  21. Izan ere, Txoria bi bider soilik atera zuten museotik 1965 eta 2017 bitartean: Hayward Gallery, Londres, Undercover Surrealism: Picasso, Miró, Masson and the Vision of Georges Bataille, 2006ko uztailak 11–30, 130. zk., eta Complesso del Vittoriano, Erroma, Picasso Harlequin, 1917–1937, 2008ko urriaren 11tik 2009ko otsailaren 8ra, 32. zk. [itzuli]
  22. Walter-en beste erretratua Emakume ilehoria da (1931), sentsualagoa eta biomorfikoagoa. [itzuli]

PDF-a JAITSI