Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Aurrekariak zuzentzen: Vincent Van Gogh-en Zubibidea eta Paisaia elurtua

Megan Fontanella eta Lena Stringari

Izenburua:
Aurrekariak zuzentzen: Vincent Van Gogh-en Zubibidea eta Paisaia elurtua
Egilea:
Megan Fontanella eta Lena Stringari
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artea. Merkatua | Artelanak | Argia | Kolorea | Lan-prozesua | Paisaia | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Post-Inpresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
van Gogh, Vincent

Wacker izeneko auzi ospetsuak hankaz gora jarri zuen artearen negozioa 1928an, eta, haren ondorioz, handik lau urtera auzipetu egin zuten, Alemanian, Otto Wacker arte-merkataria, aurrez dantzari profesionala izana. Iruzurra leporatu zioten: zehazki, Vincent van Gogh herbeheretar artistaren koadro faltsutuen salerosketa1. Wackerri egindako epaiketa sentsazionalistan, lekukotasun kontraesankorrak eman zituzten Van Goghen aditu askok, hala nola Jacob-Baart de la Faille eta Julius Meier-Graefe-k. Hori dela-eta, ez zen erabateko adostasunik izan Berlinen epaiketa egiten ari zitzaion auzitegian aurkeztutako ziren obretatik faltsuak zirenen behin betiko kopuruari zegokionez. Artearen esparruko hainbat eragilek eta sukaldeko azpilanek baldintzatu bide zuten epaiketaren emaitza zehaztugabea, zeinetan kolokan jartzen zen auzitan zeuden koadro haietako batzuk aldez aurretik jabetzan izan zituztenen edo haien benetakotasunaren bermea eman zutenen ospea2.

Analisi ustez enpirikoak ere anbiguoak izan ziren Wackerren kontrako epaiketan. A. Martin de Wild holandar kimikariak Van Goghen koadro original askoren eta ustezko obra faltsutuen laginak hartu eta aztertu zituen, baina, gaur egun, urritzat hartuko lirateke hark emandako frogak3. Epaimahaiak eta prentsak goretsi egin zuten haren profesionaltasuna eta lekukotasun objektiboa, halere. De Wildek ondorioztatu zuen Van Goghi esleitutako koadro batzuek erretxina zutela —ez zegoen Van Goghek gai hura erabili izanaren berririk—, zeina gehitu ohi baitzitzaien pigmentuei, bizkorrago lehortzeko4. De Wildek, ordea, ez zuen argitu zer koadro aztertu zituen, eta ez zuen zehaztu, halaber, zein iruditzen zitzaizkion faltsuak. Bestalde, Kurt Wehlte zaharberritzaileak ustezko obra faltsu baten erradiografiak eta Van Goghen benetako koadro batenak alderatu zituen, eta benetakotzat jotako hura ere faltsua zela ikusi zen5. Informazio zientifiko hori erabili zen Wackerren kontrako zigor-froga nagusi gisa, baina handik urte askotara kolokan jarraitzen du orduan erabilitako metodologiak eta argitzeke daude hainbat zalantza. Het Vaderland argitalpenean 1932an izenik gabe argitaratutako artikulu batean, zera adierazi zuen De Wildek: “Ikerketa zientifikoak hainbat gauza froga ditzake erabateko ziurtasunez, baina ez dago mundu honetan den-dena frogatzerik!”6.

Gauzak asko aldatu ziren Van Gogh hil zenetik igarotako 40 urteetan (1890ean hil zen, modu tragikoan, 37 urte zituela). Artistak ez zuen izan arrakasta handirik bizirik zela, baina 1895ean eta 1896–97an, Van Goghen banakako erakusketak antolatu zituen Ambroise Vollard paristar arte-merkatariak7. Haien ondotik etorri ziren, berehala, Alemania eta Herbehereetakoak. XX. mendearen hasieran, nabarmen egin zuen gora Van Goghen arte berritzailearekiko interesak —baita haren ibilbide pertsonal zirraragarriarekikoak ere—; horretan, berebiziko eragina izan zuten haren koinata Joanna (Jo) van Gogh-Bonger-en (Theo-ren alarguna) argitasunak eta ahaleginek, eta arte-merkatari batzuek —hala nola Paul Cassirer-ek—. 1913an, honela azaldu zuen Meier-Graefe-k haren balioak merkatuan zenbateraionoko igoera izan zuen: [Van Goghen] obrek orain hamar urte baino 20–40 bider gehiago balio dute, eta, hil zenetik hona, hau da, orain ez urte askotik hona, 400 eta 600 bider garestitu da haren obren prezioa8. Van Goghen artearen halako eskari izugarria eta kotizazio altua zirela-eta, haren obren benetakotasunari buruzko zalantzak sortzen hasi ziren 1920ko hamarraldirako9.

1927aren hasieran, intriga eta ziurgabetasunezko giro hartan, eta De la Faille Van Goghi buruzko catalogue raisonné bat argitaratzear zela10, formatu txikiko sei obra agertu ziren Alemaniako merkatuan (haietako bat, bi aldeetatik margotua). Koadro hauek, hain zuzen ere: Neska nekazari baten burua (1884, F146a, JH565, Saint Louis Art Museum); Laborariak patatak ereiten (1885, F129a, JH727, Kunsthaus Zürich); Emakume laboraria josten (1885, F126a, JH655, bilduma partikularra); Zubibidea (1887); Emakumea patatak zuritzen (1885, F365r, JH654, Metropolitan Museum of Art), zeinaren atzealdean ikus baitaiteke Autorretratua lastozko kapelarekin (1887, F365v, JH1354)11; eta Paisaia elurtua (1888). De la Faillek urte hartako otsailean iragarri zuen aurkikuntza, Der Cicerone aldizkarian, eta adierazi zuen konposizioak erabat autentikoak eta akasgabeak zirela. Era berean, Düsseldorf-eko Galerie Hans Bammann-en egitekoa zen koadro haien jendaurreko lehen erakusketara joateko deia egin zien irakurleei, suhartasunez: ez dezala inork galdu Van Goghen sei koadro ezezagun aztertzeko aukera paregabea12.

1928ko urtarril inguruan, Justin K. Thannhauserrek onartu egin zuen Van Goghen koadro haiek —bat izan ezik— Bammannen bidez gordailutzea13. 1929rako, koadro sorta hura erosi zuen Justinen Galerien Thannhauserrek (Berlinen eta Luzernan zituen sukurtsalak), Wuppertal-Elberfeld-eko Richard Lohe Jr. enpresaburuarekin partekatuta zuela haien jabetza14. Wackeren faltsutzeak zirela-eta, Thannhauser —berak ere saldu zituen haietako batzuk, konturatu gabe, eta berehala berreskuratu zituen erosleengandik, jakin orduko faltsuak zirela—, egiaztapenak biltzen hasi zen, zuhurtasun handiz, bere galeriarako erosten zituen Van Goghen koadro berrien historia argitzearren. Jo van Gogh-Bonger 1925ean hil zen, baina Émile Bernard artistaren lagun min eta lankideak adierazi zuen Van Goghen obrak hura bizirik zela ikusi zituela; eta funtsezkoa izan zen lekukotasun hura15.

Gainera, Jean Charpentier paristar arte-merkatariak esan zuen bazegoela obra sorta hura Van Gogh bizirik zen garaikoak zela ikertzeko modua, bereziki kontuan hartuta Van Goghek Paris ipar-mendebaldeko Asnières aldirian (gaur egun, Asnières-sur-Seine) egon zenean ezagututako familia bati egin zizkion opariak16. Izan ere, 1888ko maiatzak 20 inguruan idatzitako gutun batean, Van Goghek Theo anaiari kontatu zion bi koadro oparitu nahi zizkiola Asnièreseko Levaillant de La Boissière familiari; artistak beste bi pintura eman zizkien aurreko urtean andreari eta haren alabari (Clara kondesa eta Eugènie Jeanne Levaillant de La Boissière)17. Galerien Thannhauser-ek Lohe-rekin jabetza partekatuta erosi eta ustez Levaillant de La Boissière familiaren esku egondako koadro sorta hartatik, Justin Thannhauserrek Solomon R. Guggenheim Foundation-i dohaintzan eman zion Zubibidea, 1978an. Thannhauserren alargun Hilde-k Guggenheimi oparitu zion Paisaia elurtua, berriz, 1984an.

Vincent van Goghen posta-truketik gorde diren gutunak funtsezkoak dira haren zenbait obraren sorrera edo kokalekua dokumentatzeko, Parisen egin zuen garaiari dagokionez izan ezik; izan ere, garai hartan, Theo anaiarengandik hurbil bizi zen, eta gutun gutxi idatzi zizkioten elkarri. Nolanahi ere, bere gutunetan obra jakin bati erreferentziarik ez egiteak —edo, kasu honetan, Boissière-ren koadroei buruzko identifikazio argirik ez edukitzeak— ez du esan nahi autentikoak ez direnik18. Zubibidea eta Paisaia elurtua artistaren jardueran kokatzeko, koadro horien materialak eta egikera xeheki aztertu, toki eta garai berean margotu zituela egiaztatuta dagoen beste obra batzuekin alderatu eta azterketa zientifikorako hainbat metodo erabil daitezke19. XX. mendearen hasieran gertatzen zenaz bestela, gaur egun analisirako teknika sofistikatuagoak ditugu, baita Van Goghi buruzko ikerketa espezializatu ugari ere, zeinak ematen baitu azterketa konparatibo kritikoa egiteko aukera20.

1886an, Vincent van Gogh Herbehereetatik Parisera aldatu zen; hain zuzen ere, han finkatu zen Theo anaia, eta artista inpresionisten eta postinpresionisten arte-merkatari gisa ziharduen. Vincent buru-belarri murgildu zen Parisko giro artistikoan, eta Bernard eta Paul Gauguin-en laguna egin zen, beste sortzaile batzuena ez ezik. Haren konposizioetan bilakaera gertatzen hasi ziren, eta argiz eta kolorez gainezkako irudiak Herbehereetako paisaia ilun eta erretratu naturalistei gailendu zitzaizkien. Parisen, Van Goghek teknika puntillista oso bereziarekin esperimentatu zuen, eta, neoinpresionistek bezala, interes berezia izan zuen Michel-Eugène Chevreul frantses fisikariaren kolorearen teoriekiko, zeinaren testu nagusiak (1839) ziharduen aldibereko kontrasteen legeaz eta kolore osagarrien kontrajartzeak kolore horiei ematen dien bizitasunaz21.

Metropoliaren erdigunetik Sena ibai inguruko aldirietara irteten hasi zen Van Gogh, halaber, eta maiz egiten zituen egun batzuetako egonaldiak Asnièresen, Bernard-enean, haren familiarekin22. Zubibidea, hain zuzen, Asnièreseko kaiko Pont d’Asnières-en luzapen bat da, zeinetan burdinbidea igarotzen baita zubi gangadunaren gainetik23. Zubibidea lantzeko erabilitako kartoi mehe ertz-biribila (“kartoi” edo “txartel” gisa deskribatu ohi da Van Goghi buruzko literaturan, baina gehiago du kartoi mehezko euskarriaren tankera) merkea eta plein air garraiatzeko erraza izango zen, seguru asko24. Artistak kartoia erabiltzen zuen, prestakin leun nahiz pikortsuekin; kasu honetan, Zubibideak ohiko oinarri bikoitzeko inprimatze-geruza bat du, bilbe pikortsu berezikoa, au grain testurako kartoi gainean prestatutako beste obra batzuek bezala, Botak lanak bezala, adibidez (1887)25.

Zubibidea 1887ko udazkenean datatu izan da. Baliteke urte-sasoi hori berariaz aukeratu izana hostotzaren koloreagatik, nagusiki, nahiz eta obraren tonu orokorra ilun agertu XIX. mendearen parte handi batean eta XX. mendearen lehen urteetan, jatorrizkoa ez zuen berniz-geruza baten erruz26. 1920ko hamarraldian, Meier-Graefe-k paleta marroi-gorrixka hauteman zuen, eta “udazkeneko koloreez” mintzo zen De la Faille, Zubibidearen egiaztapen-txostenean27. Dena den, konposizioari eta pinturaren trataerari erreparatuta, argudia liteke koadroak antz handiagoa duela Van Goghek 1887ko udaberrian eta udan sortutako beste obra batzuekin —oro har, pintura ugariko pintzelkada labur eta direkzionalez landutako paisaiak (ikus Sasitza)—. Udazkenean, nagusiki erretratuak landu zituen Van Goghek, batez ere Autorretratua obraren estilokoak (1887ko apirila-ekaina), zeinak baitu Zubibidearen antzeko euskarria28.

Zubibidea bereziki aipatzekoa da pintura-ezaugarriengatik, berezik hostotzan, gune horretan pintura modu berezi eta erritmikoan aplikatuta baitago, lerro berde eta hori labur trinkoetan eta orban gorri “gelatinatsuetan”, XIX. mendeko Adolphe Monticelli frantses margolariaren pintzelkada sistematikoen eta enpastatze jariakor ausarten ildotik; hain zuzen ere, bereziki miresten zuen Van Goghek margolari hura. Hostotza nabarmenduta ageri da, azpiko zirriborro margotuarekin kontrastean; pintzel meheaz margotuta zegoen azpiko marrazkia, eta hondoko eremu asko hutsik utzita, zeinak ilundu baitziren ia mende batez estali zituen berniz koloregabetuko geruza baten eraginez. Van Goghek pigmentu gorri diluitu bat aukeratu zuen azpiko marrazkirako, eta zuhaitzen eta arkitekturaren soslaia nabarmentzeko, garai hartako obra sorta batean eta Monticelli-ren eta arista postinpresionista batzuen —adibidez, Paul Signac-en— koadroetan ohikoa zen moduan29. Zubibidea lanean erabilitako paleta bat dator, oro har, Parisko garaiko beste obra batzuenarekin, X izpien bidezko fluoreszentzia espektroskopikoz eta beste analisi-teknika batzuen bidez egindako azterketek erakutsi dutenez30.

1888ko otsailean, Van Goghek Paris eta aldirietatik alde egin, eta Frantzia hegoaldera joan zen bizitzera, kolore eta eguzki gehiago topatzeko itxarpenez31. Parisko estresa jasanezina gertatzen ari zitzaion. Baliteke Van Gogh 1888ko otsailaren 20rako Arles-en izatea, Theok zera esan baitzion handik egun batzuetara Willemien bien arrebari: "[Vincent] Arles-era iritsi zenean, ez zuen aurkitu espero zuena zehazki, baina idatzi du esanez hala ere hiru prestalan egin dituela, eta ezinezkoa litzaiokeela halakorik egitea Parisen garai honetan [...]. Ea eguraldi epelagoak mesede egiten dion"32.

Van Goghek Theori gutun bidez kontatu berri zion zer gai erabili zituen prestalan haietan: atso arlestar bat, paisaia elurtu bat, eta espaloi zati baten ikuspegia, harategi bat ikusten dela33. Hiru koadro horietako bi honela identifikatu izan dira: Arleseko emakume zaharra (Oude Arlèsienne, 1888, F390, JH1357, Van Gogh Museoa) eta Harategia leihotik ikusita. Artearen historialari batzuek aitortu dutenez, hirugarren prestalana Paisaia elurtua obrari dagokio34. Gainera, martxoak 2 inguruan Theo anaiari idatzitako gutunean, berriro aipatu zuen Van Goghek neguko estanpa bat, ez otsailean egindakoa, seguru asko, baizik eta besteren bat: "Izugarrizko izoztea dago hemen, eta elurtuta daude soroak oraindik; paisaia zuritu bat egin dut, hiria hondoan ikusten dela"35. Guggenheimeko irudian etxalde batzuk ikusten direnez eta Arles-eko hiria artistaren gibelean geldituko zenez, neurri handieneko koadrokoari dagokio Van Goghek gutunean aipatutako paisaia: Paisaia elurtua atzean Arles ikusten dela (1888).

Paisaia elurtua otsailean nahiz martxo hasieran eginik ere, Van Goghek Arles-era iritsi berritan landutako lehen koadroen ildoari jarraitzen dio36. Mihiseak inprimatze komertziala du, eta Tasset et L’Hôte etxearen zigilua, hori baitzen artistak gustukoen zuen Paris-eko arte ederretako dendetakoa; zigilu horretatik ondorioztatzen da 1887 eta 1899 bitartekoa dela obra37. Kontuan hartuta Van Goghek Arles-en material artistikoak eskuratzeko zailtasunak zituela eta hiri hartara iritsi eta egun gutxira zenbait obra sortu zituela, litekeena da artistak Paristik alde egin baino lehen eskuratu izana material haiek. Paisaia elurtua eta Harategia leihotik ikusita mihiseak zehatz aztertuta, antzeko pikorrak eta testura dituztela ikusten da, baita antzeko hondo xurgatzaileak ere, Van Goghek testura indartzeko eta efektu mateak lortzeko baliatzen zituenak38. Pinturaz beteriko pintzela erabiliz, kolore osagarrien ukitu labur eta luzeak tartekatzen zituen, ausaz, koloreak bata bestearen alboan kokatuz, bioleta/horia, arrosa/berdea, elurrez estalitako soroak eta ildoak eta landaredia definitzeko.

Paisaia elurtua eta Harategia leihotik ikusita ere bizkor eta zirriborro tankeran margotu zituen, hondoko zenbait gune agerian utziz, eta ez dirudi azpian grafitozko marrazkirik zegoenik edo perspektiba-markorik erabili zuenik: Van Goghek baliabide horiek erabili ohi zituen aurreko garaietan paisaiak konposatzeko, baina haiez askatu zen, nolabait, 1888ko udaberriaren amaieran39. Arleseko koadroek teknika heldu eta biribilik erakusten ez badute ere, estiloaren nolabaiteko bilakaera eta argiarekiko eta kolorearekiko interesa sumatzen da Paisaia elurtua eta Harategia leihotik ikusita obretan. Van Goghek honela deskribatu zuen prozesua, urte hartako apirilean Bernard-i idatzitako gutun batean: "Ez dut erabiltzen pintzelkadak emateko sistema jakinik; mihisea kolpatzen dut, bere horretan utziz lerro irregularrak, enpastatzeak, gune hutsak mihisean —hemen eta han ezinbestean amaitu gabe gelditzen diren angeluak—, ukituak, zakartasunak; tira, irudipena daukat teknikari buruzko aurreideia jakin batzuk dituzten horiei ez gustatzeko bezain kezkagarria eta amorragarria dela emaitza"40.

Van Goghek ezin hobeki ezagutzen zituen lanerako erabiltzen zituen materialak eta haien efektuak. Eta interesgarria da pigmentu organiko jakin batzuen iragankortasunaz jabetu arren haiek erabiltzen jarraitzea41. Van Goghen koadro askotan gertatzen den bezalaxe, Paisaia elurtua obraren pigmentu batzuk histu egin dira, eta tonu itzaliagoa dute orain jatorrian baino42. Azterketa xehe eta analisi teknikoek iradoki dutenez, seguru asko jatorrian egunsentiko distira arrosa izango zuen koadroak, arrosa- eta bioleta-kolore gehiagorekin, Van Goghek kolore osagarriekiko zuen interes iraunkorraren erakusgarri. Artistak zera idatzi zion 1888ko martxoan Willemien-i, hasierako sormen-ekinaldiaren ondoren: "Ulertuko duzunez, hegoaldeko paisaia ezin margo liteke doi-doi [Anton] Mauve-ren paletarekin; bera iparraldetarra da, eta beti izango da grisaren maisua. Baina gaurko paleta erabat dago kolorez beterik: urdin argia, arrosa, laranja, bermilioia, hori argitsua, berde argia, ardo gorriaren kolorea, bioleta"43.

Mikroskopia optikoak eta teknika espektroskopikoez egindako analisi zientifikoek Paisaia elurtua obrari buruzko zenbait ondorio ateratzeko bidea eman dute44. Kolore purpuren tonu epelak histu egin dira (bioleta magentatik bioleta urdinxkara), arrosa batzuk erabat desagertuta daude (laka organikoko arrosak), eta jatorriagoan ugariagoa eta biziagoa zen, seguru asko, kolore horixken sorta; adibidez, baliteke kromo-horiak marroi ilunera jo izana45. Grisaxka edo zikin ikusten diren pintzelkadek arrosaren arrastoak eta zatiki berde-urdinxka lodiak dituzte mikroskopioz begiratuta, eta kolore bioleta adierazten bide dute. Pitzadura batzuetan barrena arrosa eta laranja bizia ikusten dira, eta koadroak jatorrian tonalitate orokor saturatuagoa zuela iradokitzen du horrek46. Gorabeherak gorabehera, paisaia honek bere horretan gorde du Arleseko giroa eta soroen xarma: paisaia ugari inspiratu zizkion horrek Van Goghi, 1888ko udaberrian eta udan, hango zuhaitz loratu eta galsoro handiekin.

Zubibidea eta Paisaia elurtua obren zorigaitza izan zen Van Goghen koadroen faltsutze ugari agertu ziren garai batean atera zirela artearen merkatuan. Baina 1920ko Wackerren faltsutzeak artistaren gai nagusietan oinarrituak ziren —adibidez, olibondo sailak edo txarroak loreekin—, edo, are gehiago, jatorrizko koadroen kopiak ziren, zuzenean. Bestalde, Guggenheimeko obrak nahiko txikiak dira Van Goghen ekoizpenean. Hala ere, ongi dokumentatzen dute artistak bere ibilbideko une kritikoetan izan zuen bilakaera, eta egiaztatuta dago haien materialak (zalantzarik gabe autentikoak diren) egilearen beste obra batzuenen antzekoak direla. Paisaien ikerketek adierazten dutenez, trantsizioan zegoen artista, bere estiloarekin eta teknikarekin esperimentatzen ziharduen. Hemen adierazitako azterketa xehea, analisiak eta azterketa konparatiboa kontuan hartuta, Zubibidea eta Paisaia elurtua eskubide osoz dagokien tokian daude Van Goghen obraren barruan.

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

2017−18an, Zubibidea (1887) eta Paisaia elurtua (1888) nahiz Saint-Rèmyko mendiak (1889) obren ikerketa xehea egin zuen Solomon R. Guggenheim Museum-ek, Lena Stringari-ren zuzendaritzapean. Analisi zientifikoa Federica Pozzi-k zuzendu zuen, Elena Basso, Silvia A. Centeno, Anna Cesaratto, Nobuko Shibayama eta Louisa Smieska-rekin (Metropolitan Museum of Art), eta Aviva Burnstock-ek (Courtauld Institute of Art). Rochester Institute of Technology-ko Munsell Color Science Laboratory-ko Roy S. Berns-ek teknika multiespektralez eta multiesposizioz lortutako irudiak, erreflektantzia espektraleko neurketak eta Van Goghen paletaren xurgatze eta barreiatze espektralaren datu-base bat eskaini zituen, eta irudiak prozesatu zituen Paisaia elurtua obraren bistaratze digital birkoloreztaturako. Egileak zorretan daude Ella Hendriks-ekin, Van Goghek erabilitako materialen eta laneko metodoen gaineko ezagutza eskerga partekatu izanagatik eta Guggenheim-eko koadroen azterketari eskainitako denboragatik. Era berean, eskertu egin nahi dugu Isabelle Duvernois, John Griswold, Monique Hageman, Charlotte Hale, Margje Leeuwestein, Teio Meedendorp, Devi Ormond, Kathrin Pilz, Yvonne Szafran, Louis van Tilborgh eta Marije Vellekoop-ek emandako laguntza.

  1. Otto Wacker 1928an ikertu zuten, lehen aldiz, Grete Ring eta Walter Feilchenfeldt arte-merkatariek esan zutenean faltsuak zirela Wackerek Berlineko Paul Cassirer galeriaren erakusketa baterako utzitako lau koadroak. Wackerengandik eskuratutako Van Goghen obren gaineko susmoak areagotuz joan ziren, eta hogeita hamar obratik gora jo ziren zalantzazkotzat. Poliziak Leonhard Wacker Otto-ren anaia eta zaharberritzailearen estudioa miatu zuen, eta Van Goghen konposizioen kopia erdi amaitu batzuk aurkitu zituzten han, baina Leonhard-ek sekula ez zuen onartu Otto anaiak merkatura ateratako faltsutzeekin inolako zerikusirik zuenik. Wackeren koadroak hemen identifikatuta daude: Stefan Koldehoff, The Wacker Forgeries: A Catalogue, Van Gogh Museum Journal, 2002, 138.−49. or. Ikus kasuari buruzko xehetasun gehiago hemen: Walter Feilchenfel­dt, By Appointment Only: Cezanne, Van Gogh and Some Secrets of Art Dealing, Thames and Hudson, New York, 2006, 81.−97. or.; Walter Feilchenfeldt, Van Gogh Fakes: The Wacker Affair, with an Illustrated Catalogue of the Forgeries, Simiolus 19, 4. zk., 1989, 289.−316. or.; Grete Ring, Der Fall Wacker, Kunst und Künstler 31, 5. zk., 1932ko maiatza, 153.−65. or. [itzuli]
  2. Modris Ecksteins, Solar Dance: Van Gogh, Forgery, and the Eclipse of Certainty, Alfred A. Knopf, Toronto, 2012, 173.−210. or. [itzuli]
  3. Henk Tromp, A Real Van Gogh: How the Art World Struggles with Truth, Amsterdam University Press, Amsterdam, 2010, 153. or. [itzuli]
  4. Pintura gogortzeko eta bizkorrago lehortzeko erabilitako erretxina bat aurkitu zuen De Wild-ek Van Goghen ustezko koadroetan; baina epaiketari buruzko dokumentazioan ez da aipatzen erretxina jakinik. Ikus XIX. mendeko lehortzaileei buruzko informazio gehiago hemen: Leslie Carlisle, "Paint Driers Discussed in 19th Century British Oil Painting Manuals", Journal of the American Institute for Conservation 38, 1. zk., 1999, 69−82. Kobalto-lehortzaileak Ingalaterran 1874an argitaratutako olio-pinturaren merkataritzari buruzko literaturan oinarrituriko iturri batean deskribatuta daude: Jean Renè Denis Riffault, Armand Denis Vergnaud eta G. Alvar Toussaint, A Practical Treatise on the Manufacture of Color for Painting, Henry Carey Baird, Industrial Publisher, Filadelfia, 1874, 584.−85. or. Nolanahi ere, ez da kobalto-lehortzailerik ageri aztertu den garaiko artisten gidaliburu edo kontsulta-liburuetan nahiz arte ederretako denden katalogoetan. [itzuli]
  5. Koadro hau Galsoroa segalariarekin gisa identifikatu zen hemen: Feilchenfeldt, "Van Gogh Fakes", 295. or. [itzuli]
  6. [A. Martin de Wild], "In en om het process Van Gogh", Het Vaderland, 1932ko apirilak 16, hemen aipatua eta ingelesera itzulia: Tromp, Real Van Gogh, 153. or. 1932ko apirilean, iruzurra egin izanagatik zigortu zuten Otto Wacker; urtebeteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Apelazio-epaitegiak hemeretzi hilabetera luzatu zuen epaiko zigorra, baita 30.000 marko inperialeko edo hirurehun espetxe-eguneko isuna ezarri ere. [itzuli]
  7. Ambroise Vollard, Pinturas de Vincent van Gogh, Paris, 1895eko ekainaren 4tik 30era (ez zen katalogorik egin). Hurrengo urtean, Vollard-ek Pinturas y dibujos de Vincent van Gogh aurkeztu zuen, Paris, 1896ko abendutik 1897aren hasierara (ez zen katalogorik egin). Ikus, halaber, Rebecca A. Rabinow, argit., Cèzanne to Picasso: Ambroise Vollard, Patron of the Avant-Garde, erak. kat., Metropolitan Museum of Art, New York; Yale University Press, New Haven, 2006, 305. or. [itzuli]
  8. Julius Meier-Graefe, Handel und Händler, Kunst und Künstler 11, 1913, 206. or., hemen aipatua eta ingelesera itzulia: Feilchenfeldt, "Van Gogh Fakes", 292. or. Ikus, halaber, Walter Feilchenfeldt, Vincent van Gogh and Paul Cassirer, Berlin: The Reception of Van Gogh in Germany from 1901 to 1914, Cahier Vincent 2, Rijksmuseum Vincent van Gogh, Amsterdam; Uitgeverij Waanders, Zwolle, 1988; Timothy O. Benson, Expressionism in German and France: From Van Gogh to Kandinsky, erak. kat., Los Angeles County Museum of Art, Los Angeles, 2014. [itzuli]
  9. Van Gogh faltsuak erakusgai jarri ziren 1901ean (Bernheim-Jeune, Paris) eta 1903an (Berlingo Sezesioa). Roland Dorn eta Walter Feilchenfeldt, "Genuine or Fake? On the History and Problems of Van Gogh Connoisseurship", in The Mythology of Vincent van Gogh, argit.: Tsukasa Kōdera eta Yvette Rosenberg, John Benjamins, Amsterdam eta Filadelfia, 1993, 263.−307. or. [itzuli]
  10. J.-B. de la Faille, L’oeuvre de Vincent van Gogh: Catalogue raisonnè, 4 ale, G. van Oest, Paris, 1928. [itzuli]
  11. Egileek aretoetan aztertu zituzten Van Goghen Autorretratua lastozko kapelarekin eta Emakumea patatak zuritzen, 2017ko abenduan, Susan Alyson Stein eta Charlotte Hale-rekin (Metropolitan Museum of Art). [itzuli]
  12. J.-B. de la Faille, "Sammler und Markt: Unbekannte bilder von Vincent van Gogh", Der Cicerone 19, 3. zk., 1927ko otsaila, 101.−05. or., Russell Stockman-ek Guggenheimentzat alemanetik itzulia; Stefan Koldehoff, "Marketing Modernism: The Thannhauser Gallery and Its Clients", in The Thannhauser Gallery: Marketing Van Gogh, argit.: Stefan Koldehoff eta Chris Stolwijk, Mercatorfonds, Brusela, 2017, 67.−69. or., zeinetan Koldehoff-ek aztertzen baitu, halaber, Bammann-ek eta Thannhauser-ek Van Goghen koadro sorta 1920ko hamarraldiaren amaieraz geroztik zenbait entitate pribatu eta publikori saltzeko egindako ahalegina. [itzuli]
  13. 1927ko urrian Kunsthaus Zürich Van Goghen Laborariak patatak ereiten obra (F129a, JH727) erosi zion Bammanni. Gerora jakin zenez, ordura arte ezezaguna izandako Van Goghen koadro sorta bat Parisko Galerie Charpentier-etik igaroa zen ordurako, eta galeria hark Bammann-i saldu zion multzo osoa 1927rako, Bogdanoff zeritzon bitartekari errusiar baten bidez. Otto Wackeren faltsutzeen eskandalua lehertu zenean, 1920ko hamarraldiaren amaieran eta 1930eko hamarraldiaren hasieran, Van Goghen ustezko koadroen jatorria aipatu zuen akusatuak: errusiar bildumagile bat, zeinaren izena ez baitzuen esan nahi izan. Bildumagile hark Van Goghen hogeita hamar obra erosi omen zituen, baina saldu egin behar izan zituen, isilpean, agente baten bidez. Wackeren kontakizuna ez zen sinesgarria. "Der Brief des unbekannten Russen", Berliner Tageblatt, 1932ko apirilak 12. Bammann-ek behin eta berriz esan zuen bere bitartekari errusiarra, Bogdanoff, ez zela irudizko pertsonaia bat (eta ez zeukala zerikusirik Wackeren ustezko bildumagilearekin). Seguru zegoen, berari zegokionez, frantses baten ordezkari gisa aritu zela errusiarra, Alemanian bizi zena: Jean Charpentier de la Galerie Charpentier-eko Jean Charpentier-en ordezkari gisa, hain zuzen. Hans Bammann-ek Justin K. Thannhauser-i, 1932ko ekainak 10 eta 27, A077-XIX-VIII-TK, A077 Galerien Thannhauser Archive (aurrerantzean, Thannhauser Artxiboa, ZADIK); Kundenkartei (Bezeroen fitxak), Galerie Charpentier, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. [itzuli]
  14. Monique Hageman, Nora Koldehoff eta Stefan Koldehoff-ek Van Goghen koadroen nondik norakoak aztertu zituzten Galerien Thannhauser-en bezeroen fitxen bidez, eta haien jatorriaren berri eman zioten Lohe-ri. Ikus Stefan Koldehoff-en txostena, hemen: "Marketing Modernism", 75.−79. or.; Monique Hageman, Nora Koldehoff-ekin, kat. 55–59, in Thannhauser Gallery, argit.: Koldehoff eta Stolwijk, 206.−15. or. [itzuli]
  15. Galerie Charpentier-ek Galerie Thannhauser-i, 1930eko uztailak 7, A077-VI­II-16-003; Émile Bernard, Zubibidearen egiaztapen-txartela, d/g, Jean Charpentier-ek eskuz idatzitako oharrarekin, Paris, 1929ko urria, A077- VIII-016-0102, Thannhauser Artxiboa, ZADIK; Émile Bernard, Paisaia elurtuaren egiaztapen-txartela, d/g, Jean Charpentier-ek eskuz idatzitako oharrarekin, Paris, 1929ko urria, A077- VIII-016-0108, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. Bernard-ek esan zion 1886an koadroak ikusi zituela Parisko rue Lepic kaleko Van Goghen estudioan. Artearen historialariek, ordea, 1887an datatu izan dute Zubibidea. Litekeena da 1920ko hamarraldian Bammann-ekin argitara atera ziren Van Goghen Parisko koadro sortaren parte bat soilik ikusi izana Bernard-ek 1886an, eta aurrerago ikusi izana gainerakoak. [itzuli]
  16. Galerie Charpentier-en jabeak, Jean Charpentier-ek, kontatu zuen saldu egin zuela Van Goghek berak hil aurretik Asnièresko familia bati oparitutako formatu txikiko obra sorta. Uste izatekoa da Charpentier Levaillant de La Boissière familiari buruz ari zela. Galerie Charpentier-ek Galerie Thannhau­ser-i [Justin K. Thannhauser], 1929ko azaroak 9 eta 1930eko uztailak 7, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. [itzuli]
  17. Vincent van Goghek Theo van Goghi, Arles, ca. 1888ko maiatzak 20: "Mesede handi bat egin behar didazu: nire lagun daniarra [Christian Mourier-Petersen] Parisera doa asteartean, eta bi koadro txiki emango dizkizu —ez dira gauza handia—, Asnièresko De La Boissière kondesari oparitu nahi nizkiokeenak. Voltaire bulebarrean bizi da, Clichy-ko zubiaren amaierako lehen etxeko lehen solairuan. Père [Marcelin] Perruchot-en jatetxea dago behe solairuan. Zerorrek eramatea nahi nuke, nire partez, eta esan udaberri honetan berriro ikusi nahi izango nuela, eta, hemen egonik ere, ez dudala ahaztu; iaz ere bi koadro txiki oparitu nizkien, berari eta haren alabari. Itxaropena dut ez zaizula damutuko andre horiek ezagutzea. Azken batean, familia bat dira. Kondesa ez da jada gaztea, baina kondesa da beste ezeren aurretik, hau da, dama bat; eta berdin alaba. Eta badu zentzua zeu joateak, ez nagoelako ziur familia aurten toki berean biziko ote den (nahiz eta urteak daramatzaten hara joanez eta Perruchot-ek jakingo duen, ziur jakingo ere, herrian zer helbide duten). Ez dakit zuzen ariko naizen, baina gogoan ditut beti eta plazera litzateke agian beraientzat, eta baita zuretzat ere, elkar ezagutzea". In Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters The Complete Illustrated and Annotated Edition, Thames and Hudson, Londres, 2009, 4. alea, 86.–87. or., 611 gutuna; argitalpen elektronikoan ere eskuragarri, 2010eko abendua, www.vangoghletters.org. Ez dago berretsita Theo-k Vincent-en lagun Christian Mourier-Petersen-en eskutik koadro haiek jaso ote zituen, ezta Theo-k anaiaren enkargua bete eta Levaillant de La Boissière familiari eraman ote zizkion. Baina litekeena da, halere, familia hark Van Goghen beste koadro batzuk jaso izana, aurreko urtean oparitu zizkienez gainera. [itzuli]
  18. 1990ean Walter Feilchenfeldt artearen historialariak zalantza adierazi zuen Zubibidea eta Paisaia elurtua obren jatorriari buruz, baita 1920ko hamarraldian "aurkitutako" Van Goghen beste koadro batzuenari buruz ere, bereziki bi aldeetatik margotutako Metropolitan Museum of Art-ekoari buruz; oso eskuragarri ez dauden Van Gogh familiaren artxiboez egindako azterketan oinarriturik adierazi zituen zalantza horiek. Feilchenfeldt-ek ez zuen aurkitu obra horiek dokumentatzeko erreferentzia goiztiarrik, baina litekeena da artistak bizi zela oparitu edo haiek nolabait eskualdatu izana eta, beraz, haren herentziaren parte ez izatea eta horregatik ez egotea erreferentziarik. Glenn Collins, "Is It or Isn’t It? A Van Gogh Languishes in Limb", New York Times, 1990eko uztailak 8. [itzuli]
  19. Ikus Federica Pozzi, "Analisirako teknikak", liburu honetan. [itzuli]
  20. Amsterdameko Van Gogh Museoko artearen historialariek, kontserbatzaileek eta zientzialariek ikerketa xeheak egin dituzte eta hainbat saiakera argitaratu dituzte artistari eta haren prozedurei buruz, Chicagoko Art Institute, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art eta Washingtoneko National Gallery of Art erakundeetakoek bezalaxe, besteak beste. Iturri horiek biziki baliagarriak izan dira egileentzat. Saiakera honetarako Metropolitan Museum of Art museoarekin lankidetzan egindako Guggenheim-eko koadroen analisi zientifikoak eta ikerketa laster argitara emango den beste lan batean bilduko dira, ikertzaileek materialei buruz egindako ikerketa tekniko osatuago batekin. [itzuli]
  21. Van Goghek ongi baino hobeto ezagutzen zuen Charles Blanc-ek Les artistes de mon temps (1876) saiakeran Eugène Delacroix-i buruz adierazitako kontzeptua, eta kolorearen teoriari buruzko paragrafo adierazgarria atxiki zion Theo-ri Nuenen-etik igorritako gutun batean: "Kolore osagarrien kontu horiek, aldibereko kontrastea eta kolore osagarriek elkar nola neutralizatzen duten, horixe da lehentasunezko eta garrantzizko kontua. Beste bat da antzeko koloreek elkarri eragiten dioten efektua, hala nola gorriminak bermilioiari, lila arrosak lila urdinari. Eta hirugarrena, urdin argia urdin ilun beraren aurrean, arrosa gorri nabarraren aurrean, limoiaren koloreko horia beixaren aurrean, etab. Baina lehen kontua da garrantzizkoena. Eta koloreari buruzko liburu onen bat aurkitzen baduzu, bidal iezadazu, nik ere ez baitakit asko gai honi buruz eta egunero baitihardut gaia ikertzen". Vincent van Goghek Theo van Goghi, Nuenen, ca. 1885eko urriak 20, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 3. alea, 301. or., 536 gutuna. [itzuli]
  22. 1920ko hamarraldian, Zubibidearen benetakotasuna berretsi zuen Bernard-ek, eta Asnièresen kokatu zuen. Era berean, koadro hori 1886an ikusi izana gogoratzen zuen, data hori zalantzazkoa bada ere. Émile Bernard-en egiaztapen-txartela, Jean Charpentier-ek eskuz egindako oharrekin, 1929ko urria, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. [itzuli]
  23. Egileek eskerrak eman nahi dizkiote Teio Meedendorp-i (Van Gogh Museoa), koadroaren kokalekua berretsi izanagatik eta zenbait postal historiko Guggenheim-en esku jarri izanagatik. Burdinbidearen zubia suntsitu egin zuten, eta berriro eraiki, XX. mendearen hasieran. Ikus, halaber, Ella Hendriks eta Louis van Tilborgh, Margriet van Eikema Hommes-ekin eta Monique Hageman-ekin, Vincent van Gogh: Paintings, 2. alea, Antwerp and Paris, 18851888, ing. itz.: Michael Hoyle, Van Gogh Museum, Amsterdam; Lund Humphries, Londres, 2011, 46.−50. or. [itzuli]
  24. Gauza jakina da Van Goghek Parisen erositako kartoizko euskarriak edo cartonak erabiltzen zituela. Ikus, adibidez, Parisko Pignel-Dupont dendaren etiketa bat, Emakume soin baten igeltsuzko molde-lana izeneko garai hartako Van Goghen koadroaren atzealdean (1886, F216i, JH1072, Van Gogh Museoa), in Ella Hendriks, "Picture Supports", in Marije Vellekoop, Nienke Bakker-ekin, Maite van Dijk-ekin, Muriel Geldof-ekin, Ella Hendriks-ekin eta Birgit Reissland-ekin, Van Gogh at Work, erak. kat., Van Gogh Museoa, Amsterdam; Mercator­fonds, Brusela, 2013, 285. or. Guggenheim-eko Zubibidea kartoi gainean eginda dagoen arren, ohol gainean muntatu zen 1920ko hamarraldiaren amaieran, eta jatorrizko kartoian ez da antzematen dendaren zigilua. [itzuli]
  25. Margje Leeuwestein kontserbatzaileak mikroskopioz aztertu zuen beste obra bat, Autorretratua (1887, F380, JH1225, Museo Kröller- Müller), Kröller-Müller Museko laboratorioan. Egileek eskerrak ematen dizkiote ikerketarako emandako laguntzagatik. [itzuli]
  26. Saiakera hau argitaratzeko entregatu zenean, Zubibidearen erretxina naturaleko berniz-geruza herdoildua aztertzen ari ziren, geruza hura kentzeko. [itzuli]
  27. Julius Meier-Graefe-ren deklarazioa, urriak 6, 1926, A077-VIII-016-0105, Thannhauser Artxiboa, ZADIK; J.-B. de la Faille-ren deklarazioa, azaroak 1, 1926, A077-VIII-16-0115, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. [itzuli]
  28. Hendriks eta Van Tilborgh, Van Eikema Hommes-ekin eta Hageman-ekin, Vincent van Gogh: Paintings, 2. alea, Antwerp and Paris, 18851888, 46.−50. or. [itzuli]
  29. Van Gogh buru-belarri ari zen peinture à l’essence pintura diluituaren erabilerarekin lanean, 1887ko udan, marrazketa-estiloko pintzelkada batzuk kontrajarriz enpastatzeak aplikatzeko zuen berezko zaletasunari. Ikus Fleur Roos Rosa de Carvalho, "Degas, Toulouse-Lautrec and Van Gogh: The Use of Diluted Paint", in Van Gogh’s Studio Practice, argit.: Marije Vellekoop, Muriel Geldof, Ella Hendriks, Leo Jansen eta Alberto de Tagle, Van Gogh Museum, Amsterdam; Mercator­fonds, Brusela, 2013, 330.−49. or. Ikus, halaber, Louis van Tilborgh eta Ella Hendriks, "Dirk Hannema and the Rediscovery of a Painting by Vincent van Gogh", Burlington Magazine 152, 1287. zk., 2010eko ekaina, 402. or., 81. zk., non aipatzen baitira antzeko azpiko marrazkia duten beste obra batzuk. [itzuli]
  30. Pozzi-k, Basso, Centeno, Cesaratto, Shibayama eta Smieska-rekin, eta Burnstock-ek egin zituzten analisi zientifikoak. Ikus Van Goghen Parisko aldiko paletari buruzko informazio gehiago hemen: Van Tilborgh eta Hendriks, "Dirk Hannema and the Rediscovery of a Painting by Vincent van Gogh", 402. or. [itzuli]
  31. Vincent van Goghek Willemien van Goghi, Paris, 1887ko urriaren amaiera, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 3. alea, 369. or., 574 gutuna. [itzuli]
  32. Theo van Goghek Willemien van Goghi, Paris, 1888ko otsailak 24 eta 26, Familia-erregistroak (Family records, FR b914), Van Gogh Museoa, Amsterdam; online ere eskura daiteke "Concordance, lists, bibliography: Documentation", hemen: www.vangoghletters.org. [itzuli]
  33. Vincent van Goghek Theo van Goghi, Arles, ca. 1888ko otsailak 24, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 14. or., 578 gutuna. Hauek dira hiru prestalanak, hurrenez hurren: Arleseko emakume zaharra (Oude Arlèsienne, 1888, F390, JH1357, Van Gogh Museoa); seguru asko Paisaia elurtua; eta Harategia leihotik ikusita, 1888. Vincent van Goghek beste paisaia zuri bat aipatzen du Theo-ri Arles-etik idatzitako gutun batean, ca. 1888ko martxoak 2, in ibid., 4. alea, 18. or., 582 gutuna. Paisaia elurtua eta Arleseko emakume zaharra obrek kalteak dituzte ertzetan, eta horrek adieraz lezake euskarrietatik askatu zirela eta batera gorde edo garraiatu zituztela. Ikus Paisaia elurtua obran erabilitako materialei eta prozedurari buruzko deskribapen xeheagoa liburu honetako 62. katalogoan. [itzuli]
  34. Sjraar van Heugten artearen historialariak iradoki du 578 gutunean aipatutako paisaia elurtuak ez duela zertan izan nahitaez Paisaia elurtua, eta 1888ko martxoaren hasieran datatzen du obra hori, gainera. Van Heugten-ek informazio meteorologikoa aipatu du, hala nola hilabeteko "Bulletin Mètèorologique" bat biltzen zuen Arles-eko L’homme de bronze astekarian argitaratutakoa. Informazio horren arabera, Arles-en, elur-geruza ez zen martxora arte urtu, eta Paisaia elurtua obrakoa parte batean urtuta dago, gaur egun koadroa ezagutzen dugun moduan ikusten denez. Sjraar van Heugten-en eta Guggenheim Museum-en arteko mezu elektronikoen trukea, 2015eko iraila. Gainera, Van Heugten-ek iradoki duenez, baliteke beste paisaia elurtu bat izatea, hirugarrena, artean identifikatu gabea, Van Goghek landu eta 1888ko otsaileko bere gutunean aipatua. Ikus Sjraar van Heugten, "Nature and the South: Arles and Saint- Rèmy", 1888–90, in Richard Kendall, Sjraar van Geugten eta Chris Stolwijk, Van Gogh and Nature, erak. kat., Clark Art Institute, Williamstown, Massachusetts, 2015, 130., 228. or., 3. zk. [itzuli]
  35. Vincent van Goghek Theo van Goghi, Arles, ca. 1888ko martxoak 2, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 18. or., 582 gutuna. [itzuli]
  36. De la Faille-k Parisen landutako "paysage de banlieue" gisa, aldirietako auzo bateko paisaia gisa identifikatu zuen Paisaia elurtua, oker identifikatu ere, baina, zalantzarik gabe, konposizioak badu Arles-eko landako beste ikuspegi batzuen antza. Egiaztapena, azaroak 1, 1926, Thannhauser Artxiboa, ZADIK. [itzuli]
  37. Tasset et L’Hôte izena zuen material artistikoen dendak, eta Parisko rue Fontaine Saint-Georges kaleko 31. zenbakian egon zen 1887tik 1899ra. Pascal Labreuche, Guide to Paris Artists’ Suppliers, 17901960, www.labreuche-fournisseurs-artistes-paris.fr. Ikus, halaber, Ralph Haswell, Leslie Carlyle, Kees T. J. Mensch, Ella Hendriks eta Muriel Geldof, "The Examination of Van Gogh’s Painting Grounds Using Quantitative SEM-EDX", eta Johanna Salvant, Muriel Geldof, Elisabeth Ravaud, Luc Megens, Charlotte Walbert, Michel Menu eta Don H. Johnson, "Investigation of the Grounds of Tasset et L’Hôte Commercially Primed Canvas Used by Van Gogh in the Period 1888 to 1890", lan honetan, biak: Van Gogh’s Studio Practice, argit.: Vellekoop et al., 202.−15. or., 182.−201. or. [itzuli]
  38. Van Goghek hauxe idatzi zuen: "Tasset-en mihise xurgatzailea primeran etorriko litzaidake, baldin eta mihisea bera hiru bider pikortsuagoa balitz. Jaun hura topatuz gero, ea ikertzerik duzun zer erabiltzen duen inprimatzeko. Ez nintzateke batere harrituko mihiseak prestatzeko kaolina erabiliko balu. Hala egiten duela jakinez gero, uste dut neronek prestatuko nituzkeela nire mihiseak. Ez da premiazkoa, baina ea zer aurkitzen duzun. Hona ekarritako 1,20 metro zabaleko mihisearen 4 metro baditut oraindik, baina prestatzeke daukat artean. Koloreen beste enkargu bat egiten dudanean, inprimatzea sar nezake eskarian, 4 metro prestatzeko lain. Baina, nolanahi ere, ez da oraindik premiazko kontua". Vincent van Goghek Theo van Goghi, Arles, ca. 1888ko maiatzak 14, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 84. or., 610 gutuna. [itzuli]
  39. Harategia leihotik ikusita obraren azterketa, Van Gogh Museoko galerietan egina, Amsterdam, 2017ko azaroa, eta Kathrin Pilz-ekin izandako elkarrizketa; eta Paisaia elurtuaren azterketa xehea eta Ella Hendriks-ekin izandako elkarrizketa, 2018ko urtarrila. [itzuli]
  40. Vincent van Goghek Émile Bernard-i, Arles, ca. 1888ko apirilak 12, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 52. or., 596 gutuna. [itzuli]
  41. Vincent van Goghek Theo van Goghi, Arles, ca. 1888ko apirilak 11, in ibid., 4 alea, 50. or., 595 gutuna. [itzuli]
  42. Hainbat testutan aztertu da Van Goghen obrek jasandako aldaketa kromatikoa; honako hauetan, besteak beste: Van Gogh’s Studio Practice, argit.: Vellekoop et al; Vellekoop, Bakker et al.-ekin, Van Gogh at Work; Maarten van Bommel, Muriel Geldof eta Ella Hendriks, “An Investigation of Organic Red Pigments Used in Paintings by Vincent van Gogh (November 1885 to February 1888)”, Art Matters: Netherlands Technical Studies in Art 3, 2005, 111.−37. or.; Jo Kirby, Marika Spring eta Catherine Higgitt, “The Technology of Eighteenth- and Nineteenth-Century Red Lake Pigments”, National Gallery Technical Bulletin 28, 2007, 69.−95. or.; Aviva Burnstock, Klaas Jan van den Berg, Leslie Carlyle, Mark Clarke, Ella Hendriks, Jo Kirby eta Ibby Lanfear, “Comparison of the Fading and Surface Deterioration of Red Lake Pigments in Six Paintings by Vincent van Gogh with Artificially Aged Paint Reconstructions”, in Preprints for the ICOM Committee for Conservation 14th Triennial Meeting, The Hague, argit.: Janet Bridgland, James and James, Londres, 2005, 1. alea, 459.−66. or.; Inge Fiedler, Ella Hendriks, Teio Meedendorp, Michel Menu eta Joanna Salvant, “Materials, Intention, and Evolution”, in Van Gogh’s Bedrooms, argit.: Gloria Groom, Yale University Press, New Haven, 2016, 68.−103. or.; Silvia A. Centeno, Charlotte Hale, Federico Carò, Anna Cesaratto, Nobuko Shibayama, John Delaney, Kathryn Dooley, Geert van der Snickt, Koen Janssens eta Susan Alyson Stein, “Van Gogh’s Irises and Roses: The Contribution of Chemical Analyses and Imaging to the Assessment of Color Changes in the Red Lake Pigments”, Heritage Science 5, 18. zk., 2017, online ere eskuragarri, hemen: https://heritagesciencejournal.springeropen.com; Ella Hendriks, Leo Jansen, Johanna Salvant, Élisabeth Ravaud, Myriam Eveno, Michel Menu, Inge Fiedler, Muriel Geldof, Luc Megens, Maarten van Bommel, C. Richard Johnson Jr. eta Don H. Hudson, “A Comparative Study of Vincent van Gogh’s Bedroom Series”, in Studying Old Master Paintings: Technology and Practice; National Gallery Technical Bulletin 30th Anniversary Conference Postprints, argit.: Marika Spring, Archetype, Londres, 2011, 237.−43. or. [itzuli]
  43. Vincent van Goghek Willemien van Goghi, Arles, ca. 1888ko martxoak 30, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 4. alea, 38. or., 590 gutuna. [itzuli]
  44. Analisi zientifikoen emaitzei buruzko informazio gehiagorako, ikus Paisaia elurtua, kat. 62, liburu honetan. [itzuli]
  45. Eric Kirchner, Ivo van der Lans, Frank Ligterink, Muriel Geldof, Art Ness Proano Gaibor, Ella Hendriks, Koen Janssens eta John Delaney, "Digitally Reconstructing Van Gogh’s Field with Irises near Arles, pt. 2, Pigment Concentration Maps", Color Research and Application 43, 2. zk., 2017ko abuztuak 25; Eric Kirchner, Ivo van der Lans, Frank Ligterink, Muriel Geldof, Luc Megens, Teio Meedendorp, Kathrin Pilz eta Ella Hendriks, "Digitally Reconstructing Van Gogh’s Field with Irises near Arles, pt. 3, Determining the Original Colors", Color Research and Application 43, 3. zk., 2017ko abenduak 13. Color Research and Application online-aldizkaria da, https://onlinelibrary.wiley.com. [itzuli]
  46. 2017ko azaroan, Lena Stringari eta haren lankide Margje Leeuwestein-ek Langloisko zubia (Pont de Langlois, 1888ko martxoaren erdialdea, F397, JH1368, Kröller-Müller Museoa) aztertu zuten mikroskopioz, eta zehaztu zuten paletaren eta pintzelkadaren ezaugarri bisualak Paisaia elurtua obrakoen oso antzekoak direla. [itzuli]

PDF-a JAITSI