katalogoa
Pablo Picasso-ren Lisatzailea eta atzean ezkutaturiko erretratua
Julie Barten, John K. Delaney-rekin
- Izenburua:
- Pablo Picasso-ren Lisatzailea eta atzean ezkutaturiko erretratua
- Egilea:
- Julie Barten, John K. Delaney-rekin
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
- Neurriak:
- 23 x 30 cm
- Orrialdeak:
- 175 or.
- ISBN:
- 978-84-95216-86-1
- Lege gordailua:
- BI-1416-2018
- Erakusketa:
- Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
- Gaiak:
- Artelanak | Lan-prozesua | Erretratua eta autorretratua | Teknika eta materialak
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Picasso, Pablo
Pablo Picassoren Lisatzailea (La repasseuse, 1904) obrak behargin pobreen lan guztiz nekagarria deskribatzen du, emakume-eredu nolabait orokor baten irudikapenaren bitartez; haren irudi guztiz zargaldua, proportzio manieristak, hazpegi delikatuak eta atzean bildutako ilea behin eta berriz ere agertzen dira Picassoren lanean 1904ko udatik hasita, 1905eko udaberrira bitartean1. Irudi horren azpian gizon baten pintura dago, lisatzailearekiko hankaz gora orientatua2 eta hazpegiak zehaztasun handiz dekribatuak dituena, halako eran non ematen baitu pertsona jakin bat irudikatzen duela. Pintura honen geruzak aztertuta, gizona ziurtasunez identifikatu, Picassoren lan-metodoen ezaupideetan sakondu, eta, azkenik, hobeto finkatu ahal izan da Aldi Urdin berantiar eta zilarkarako konposizioaren data.
Lisatzailea koadroaren azalerako aztarren batzuek —esate baterako, emakumearen buruaren gainean kontrako eredu bat duten tantak ageri dira, eta beste paleta baten ñabardurak— azpian beste konposizio bat dagoela iradokitzen badute ere, irudi infragorri sofistikatuari eta X izpi bidezko erradiografiari esker, azpiko erretratuaren bisualizazio aski xehe bat erdietsi da3. Argigarriagoa da beharbada irudi infragorri konposatu bat, uhin-longitude desberdinetan hartutako irudi infragorrien sail bat matematikoki prozesatuz eraikia. Prozesu horrek azpiko pinturaren argitasuna optimizatzen du, eta pintzel-lanaren ikuspegi ondo definitu bat hartzen du erretratuko zati eta ingerada ilunenetan. Gizon bibotedun bat ageri da, zutik, eskua jasota, pintura-asto bizkor zirriborratu baten aurrean beharbada, eta pinturatik zuzenean begiratzen duela. Gizon altua eta lerdena da, eta ondo jantzia dago; alkandora zuri bat darama soinean, mahukak eskumuturrean loturik dituela, eta gorbata bat dauka bere jaka ilunean sartua. Sinadurarik gabeko konposizioak (Picassoren esku agerikoa izan, eta, hortaz, haren lantzat jotzen dena) bukatu gabea dirudi, irudiaren beheko erdia zirriborroz bakarrik baitago definitua. Atzealdeko pintura marroia pintzelkada indartsuz dago emana, baina oso substantzia gutxi dauka, eta konposizioaren behealdean isuritako tantek pintura ilunaren diluzio handi samarra iradokitzen dute. X izpi bidezko erradiografiak, bestalde, Picassoren enpaste bizia bereganatzen du, X izpiak xurgatzen dituen berun-zurizko pigmentuz margotutako eremu batzuetan, gizonaren aurpegian, lepokoan eta mahukan, adibidez; gainera, mikroskopioko azterketak berretsi du eremu horiek Picassok pintura apur bat aberatsagoarekin margotu zituela. Gertuko azterketak eta pigmentuen banakako analisiak orobat agerrarazi dute gizonaren erretratuaren paletan badirela, besteak beste, haragi-tonu arrosak, eta gorri iluna gorbatan.
Bi teknika horien emaitzazko irudiak alderatuta, aise frogatzen da zeinen arriskutsua den irudiak hartzeko modalitate bakarraren mendeko izatea ezkutuko pintura-geruzen inpresio bisual bat sortzeko. Bakar-bakarrik hartzen bada, esate baterako, X izpien bidezko erradiografia, erraz (eta oker) pentsa liteke gizona askoz ere zaharragoa dela, besterik gabe, X izpientzako opakua den aurpegiko pintura zuriak larruazal eroria eta zimurra dirudielako filmean erregistratzen denean4. Ezkutuko erretratuaren bisualizazio bat lortzeko, informazioaren gogo-sintesi bat egin behar da, horretarako irudiak hartzeko teknikak, mikroskopio-azterketa xehea eta materialen analisia konbinatuta.
Picassok bizitza osoan berrerabili zituen mihiseak, eta sarritan lehenagoko konposizioen presentziaren aztarren sotilak uzten zituen haietan, ikusleak tentatu nahi balitu bezala azpian zer dagoen deskubritzera5. Lisatzailea lanaren eta azpiko gizonaren erretratuaren arteko erlazio konplexuak adibide zoragarri bat eskaintzen du, argi erakusten duena nola erantzuten zion Picassok aurreko pintura bati eta nola berregokitzen zituen zati batzuk pintura berri bat sortu ahala. Hemen, emakumearen besaburuaren eta bizkarraren gaineko ingerada-lerroa azken konposizioaren lerrorik adierazkorrena —eta bi bider indartua— dela esan liteke, eta bat dator zati txiki batean gizonaren behereneko ipurmasailaren azpiko kurbarekin6. Gizonaren azpikoz gorako buruak definitu zuen lisatze-mahaiaren gainean dagoen trapuaren forma eta neurria, eta haren buruaren ezkerraldeko ile iluna, nekez ezkutatua, ondoko ontziaren barruko itzala bihurtu zuen egileak. Konposizioaren erdialdean, gizonaren besaurre horizontalaren mamu-presentzia bat utzi zuen Picassok, goiko geruza finean barna ikus daitekeena, eta ez zuen premiarik izan lisatzailearen besaurrea zeharkatzen duen gizonaren alkandoraren inguruko lerro ilun bakanak ezkutatzeko. Are harrigarriago, itsutasunaren gaiaren pintura-esplorazio bikaina eginez, begi “zulo” ia huts bat utzi zuen Picassok azken pintura-geruzan, lisatzailearen ikusmen eskasa adieraziz; itsutasuna artistaren hainbat lanetan agertzen da, nola diren Itsuaren otordua (La comida del ciego, 1903, Metropolitan Museum of Art), Miserableak (Les misérables, 1904, Merzbacher Bilduma, Zürich), eta Gitarrista zaharra (El viejo guitarrista, 1903–04, Art Institute of Chicago).
1904ko apirilean Picassok Parisen egoitza hartu zuen; handik gutxira margotu zuen Lisatzailea, eta uste izatekoa da, hortaz, han pintatu zuela azpiko konposizioa ere. Gizonaren erretratuak Picassok Bartzelonan 1899–1900 urteetan paper gainean egin zituen hiru laurdeneko erretratuen zirriborro ugariak gogorarazten ditu. Nolanahi ere, Ambroise Vollarden Parisko galerian 1901ean egin zen erakusketa batean aurkeztu ziren margolanen paleta oparoa eta enpaste sarria falta ditu; obra honen materialen ekonomiak lotura estuagoa du, itxuraz, 1904–05eko erretratuekin, zeinak antzeko pintzelkada nabarmen eta monokromatikoak baitzituen, baita aurpegi zurbilak ere7. Fernande mantelina beltzarekin (Fernande à la mantille noire, ca. 1905) obrak, esate baterako, eskaintzen du konparaziorik interesgarrienetako bat; indarrez emandako pintzelkada marroiak ageri dira, tantaka, haren haragi-tonuaren antzera pigmentatuak, eta kolorea gune jakinetan azpimarratzen dela: lore-sorta gizonaren gorbataren gorri motelarekin parekatzen da. Lisatzailea lanaren pintura diluitua aplikatzeko modu zeharrargiak, pintzelkada indartsuekin, pinturaren nolakotasuna ekartzen du gogora, bai Neska atorraz jantzita (Jeune femme en chemise, ca. 1905, Tate)8 margolanarena, bai Emakumea haize-emailearekin (Femme à l’éventail, 1905, National Gallery of Art, Washington) izenekoarena. Lisatzaileak bezala, beste bi horietan ere harraskatze-teknika baliatu du artistak.
Zenbait argazki historiko eta Lisatzailearen irudi infragorri handituak gertutik alderatuta, segurtatu ahal izan da azpiko gizona Ricard Canals katalan margolari eta grabatzailea dela (1876–1931), aurrenekoz Marilyn McCully9 arte-historialariak proposatu zuen identifikazioa, hain zuzen. Canalsek eta Picassok Bartzelonan ezagutu zuten elkar 1900ean, lehenak grabatugintzaren hastapenak erakutsi zizkionean Picassori10. Fernande Olivierren garaiko kontaketen arabera, 1904ko udan bi gizonak elkarrekin ibiltzen ziren beti, partez beharbada Picasso Olivier gorteatzen ari zelako, eta hura irailean Canalsekin eta haren emaztea izango zen Benedetta Bianco-rekin joan zelako bizitzera11.
1904an Picassok argazki bat egin zion Canalsi, artistaren beraren isla ispiluan ikusten dela eta Biancoren argazkia mahai-zapian dagoela, eta ezin agerikoagoa da argazkikoak Lisatzailearen azpian dagoen gizonarekin duen antza. Are konbentzigarriagoa da Canalsen seme Octaviok Picassori bidali zion gutun batean aurkitutako argazki txiki bat: ez dago zalantzarik Ricard dela Picassoren erretratu ezkutuaren subjektua12. Irudi infragorri konposatuarekin alderatuz gero, parekotasun harrigarriak agertzen dira aurpegiaren forman eta angeluan, kokotseko zulo arinean, bibotearen eta ilearen nolakotasunean, beheko ezpainaren azpiko itzal bereizgarrian, bekain goratuetan, eta begi apur bat asimetrikoetan, ez aipatzeagatik janzkera ia erabat berdina13. Argazki horretan, bere 1904ko Palko bat zezenketan (Un palco en los toros, bilduma pribatua) pintura monumentalerako bi estudioen artean dago Canals; 1904ko iraileko eguneroko-sarreran, Olivierrek dio pintura horretarako posatu zuela, eta sarrera horretan bertan adierazten du Picasso beti zebilela Ricard Canalsen etxean14. Aise imajina lezake batek Picasso ezkutuko erretratuaren halako antza duen Canalsen argazki txikian agertzen den eszenari berari begira. Hilabete berean, Olivierrek kontatzen du Picassok eta Canalsek bibotea moztu dutela, eta, hortaz, Picassok bere adiskidea bertatik bertara margotu bazuen, 1904ko iraila baino lehenago izan behar zuen.
Areago, Picassok Biancoren erretratu bat margotu zuen 1905ean, Fernande mantelina beltzarekin margotu zuen garai bertsuan inondik ere. Bi emakumeek dute mantelina buruan Picassoren koadroetan, Canalsenetan bezala (Canals andrearen erretratua [Benedetta Bianco], 1905, Museu Picasso, Bartzelona)15. Picassoren eta bikote horren arteko hurbiltasunaren beste froga honek areago sendotzen du Picassok Ricard ere margotu ahal izan zuelako aukera.
Mikroskopioko azterketak adierazten duenez, azpiko erretratuko pintzelkadarik oparoenak ere lehortu zirenean sortu zuen Picassok Lisatzailea16; eta gizona Ricard Canals zela jakinik, azken konposizioaren datak 1904ko udazkena edo neguaren hasiera izan behar zuen, eta ez udaberria, lehenago esan izan zen bezala17. Argudio tekniko sinesgarriak ere badira geroxeagoko dataren alde egiten dutenak, bereziki ezkutuko erretratuak beste lan batzuekin dituen parekotasun teknikoak, besteak beste Fernande mantelina beltzarekin, Neska atorraz jantzita eta Emakumea haize-emailearekin obrekin.
Picassok bere lanerako metodo gisa pintura-geruza harraskatzeak —emakumearen besaburu makotuan eta burdinaren gainean itxitako eskuetan bereziki— Bikotea obrarekiko hurbiltasuna iradokitzen du (normalean 1904ko udako data ematen zaio), baina baita, argudia liteke, haren Otordu arina (Le repas frugal) zirriborro garrantzitsuarekiko hurbiltasuna ere, zeina Canalsen estudioan osatu baitzuen 1904ko irailean18. Antzekoa gertatuko zen grabatu-oinarri bat tresna punta-zorrotzekin harraskatzea edo beheragoko geruzak agerrarazteko pintura harraskatzea; hala, Picassoren usadiozko teknika bihurtu zen harraskatzea edo karrakatzea, hainbat baliabidetan, garai hartan19. Areago, Lisatzailea eta Otordu arina obrek gauza asko partekatzen dute, bereziki gogoan hartzen bada Picassok grabatuaren konposizioa xaflan marraztu zuela, grabatuaren ispilu-irudi gisa. Mahaiek maila berean mozten dituzte bi pinturak, ontzia eta trapua mahai-zapiaren tolesen barruan daude, ontzia eta ogia grabatuan bezala, emakumeen gorputz zargalduak eta luzatuak tankera berekoak dira eta soineko bera daramate, eta argia norabide beretik dator pinturan eta grabatu alderantzikatuan. Picassok grabatu hau Canalsen estudioan landu zuela jakinik, are egokiagoa gertatzen da Canals izatea Lisatzailea lanaren atzean zelatan dagoena.
Lisatzailea, azken batean, trantsizio-une bat da artista gazte esperimentalarentzat. Picassok Aldi Urdineko urdin prusiar biziak baztertu eta Lisatzailea obran lapislazuli-urdin zilarkara eta tonu okreak erabiltzen hasi ahala, ñabardura arrosa-koloreak, estaldura meheen azpian Canalsen eskuak eta aurpegia dauden lekuan, artelan honetan ikusten den paleta aldatu eta Picassoren obrako ondorengo fasea, optimistagoa, iragartzen dute.
[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
Egileek eskerrak ematen dizkiete Elizabeth Cowling, Michael FitzGerald, Carmen Giménez, Claire Guérin, Ann Hoenigswald, Reyes Jiménez de Garnica, Pepe Karmel, Annette King, Jennifer Hickey, Marilyn McCully, John Richardson, Eduard Vallés eta Jeffrey Weiss-i, eskuzabaltasunez partekatu baitituzte beren iritziak eta beren jakintza ikerlan honetan, eta, askotan, pintura hau eta pintura honekin lotutako lanak Guggenheim Museumeko langileekin aztertu baitituzte. Guggenheimen kontserbatzio- eta ikerketa-proiektuari eman dioten babes eskuzabala eskertu nahi diogu Bank of America Art Conservation Project-i.
- Pinturako emakumeak halako antz bat du Picassoren aldi labur bateko maitalea izan zen Madeleinerena, André Derain-en emaztea izango zen Alice Princet-ena eta Marguerite (“Margot” izenaz ezaguna) Luc-ena, zeina Le Lapin Agile tabernaren jabea zen Frédé Gérard-en alabaordea baitzen. John Richardson, Marilyn McCully-rekin, A Life of Picasso, 1. alea, 1881–1906 (New York: Random House, 1991), 302–07. or. [itzuli]
- Picassok behin baino gehiagotan eman zion buelta oihal bati berriz pintatu baino lehen. Ikus, adibidez, Lucy Belloli, La Coiffure (1906) obrari buruzko ohar teknikoa in Picasso in the Metropolitan Museum of Art, argit. Gary Tinterow eta Susan Alyson Stein, erak. kat. (New York: Metropolitan Museum of Art, 2010), 90. or., kat. 30. [itzuli]
- Vidicon kamera infragorri batez hartutako irudiek azaldu zuten lehendik ere gizon baten erretratuaren existentzia, eta probisionalki Picassoren jostuna zelakoan identifikatu zen, Benet Soler. Elizabeth Estabrook, “The Man behind Woman Ironing”, Guggenheim Magazine 3 (1993ko uda), 44–45., 68. or. Autorretratu bat izan zitekeela ere pentsatu zen, baina teoria hori (eta jostunarena) baztertu egin da. [itzuli]
- Inpresio hori, inondik ere, aurpegiaren gaineko berun-zuriaren loditasun aldakorrari zor zaio. [itzuli]
- Ann Hoenigswald, “Works in Progress: Pablo Picasso’s Hidden Images” in Picasso: The Early Years, 1892–1906, argit. Marilyn McCully, erak. kat. (Washington: National Gallery of Art, 1997), 299–309. or. Ikus berebat Reyes Jiménez, “From Barcelona Rooftops to La Vie: Two Technical Surveys”, in Journey through the Blue: La Vie, itzulp. Josephine Watson, erak. kat. (Bartzelona: Ajuntament de Barcelona, Institut de Cultura/Museu Picasso, 2013), 27–61. or.; Allison Langley et al., “Looking below the Surface of Picasso’s The Old Guitarist”, in Painting Techniques: History, Materials and Studio Practice, argit. Arie Wallert (Amsterdam: Rijksmuseum, 2016), 258–63. or.; Annette King, Joyce H. Townsend, eta Bronwyn Ormsby, “Girl in a Chemise c. 1905 by Pablo Picasso”, Tate Papers, 28 zk. (2017ko udazkena), sarean hemen: www.tate.org.uk. [itzuli]
- Picassok emakumearen besaburuaren eta bizkarraren ingurua marraztu zituen lehendabizi lapislazuli-pinturaz, eta gero burdina-oxidoak dauzkan pintura gorriz indartu zuen marra hori. Marra gorrixka-marroi horrek Picassoren etorkizuneko Aldi Arrosako pinturak iragartzen ditu. [itzuli]
- Espainiatik Parisa aurreneko aldiz 1900eko udazkenean joan zen Picasso, eta gero 1901eko maiatzetik 1902ko urtarrilera arte egon zen bertan, eta 1902ko urritik 1903ko urtarrilera arte, 1904ko apirilean Parisen egoitza hartu zuen arte. Batzuetan lanak garraiatzen zituen, baina normalean ez zituen bukatu gabeko oihalak garraiatzen. Richardson, McCullyrekin, Life of Picasso, 1. alea, 233, 295. or.; Marilyn McCully, “The 1901 Vollard Show”, in Marilyn McCully, Nienke Bakker, Isabel Cendoya eta Peter Read-ekin, Picasso in Paris, 1900–1907: Eating Fire, erak. kat. (Amsterdam: Van Gogh Museum, 2011), 47. or. [itzuli]
- Neska atorraz jantzita obran “Picasso ’05” sinadura eta data ageri badira ere, Daniel H. Kahnweiler-ek Tate Galleryra idatzi zuen 1953an adieraziz bazela pinturaren argazki original bat 1904ko udazkeneko data zuena. Orain pentsatzen da pintura 1904an hasi zela seguruena, eta 1905ean bukatu eta sinatu zela. King, Townsend eta Ormsby, “Girl in a Chemise c. 1905 by Pablo Picasso”. [itzuli]
- Mezu elektronikoak Marilyn McCully eta Julie Barten-en artean, 2012ko ekainak 20, uztailak 18, eta elkarrizketa McCully eta Bartenen artean, Guggenheim Conservation Laboratory, 2012ko irailak 12. [itzuli]
- Pierre Daix, Le Nouveau Dictionnaire Picasso (Paris: Robert Laffont, 2012), 911. or. [itzuli]
- Fernande Olivier, Loving Picasso The Private Journal of Fernande Olivier, itzulp. Christine Baker eta Michael Raeburn (New York: Harry N. Abrams, 2001), 148. or. [itzuli]
- Argazkia 1958ko martxoaren 17ko data zuen gutun baten barruan zegoen, eta Canalsen seme Octavio Canalsek bidali zion Picassori. Picasso Archives, Musée Picasso, Paris. Argazkiaren data ca. 1904 dela pentsatzen da, Canals inguratzen duten pinturetan oinarrituta. [itzuli]
- Modeloaren identifikazioa berresteko, Canalsen beste argazki bat kontsultatu zen, hemen erreproduzitu zena: Adriá Gual, “Els Cabells Llargs: Confessió d’un que els va dur”, D’ací i d’allà 15, 89. zk. (1925), 144. or. [itzuli]
- Olivier, Loving Picasso, 145–46. or. [itzuli]
- Elizabeth Cowling, Picasso Portraits, erak. kat. (Londres: National Portrait Gallery, 2016), 78. or. [itzuli]
- Gizonaren txalekoaren impasto arinak bere topografiari eusten dio, baita haren gainean, pintzelkada indartsuz, oso pintura diluitua zabaldu zen lekuetan ere. Ez dirudi pintura-geruzak nahastu direnik bustia bustiaren gainean teknika erabili denean, eta hala gertatuko zen beheko geruza pintatu berria izan balitz. [itzuli]
- Pierre Daix-ek 1904ko udaberriko data eman zion pintura honi, Picasso Parisa Bartzelonatik itzuli eta handik gutxira, emakumearen postura Gitarrista zaharra obrako (1903aren bukaera–1904aren hasiera) gizonaren antzekoa dela eta esku luzeak Bikotea obrakoen (1904ko uda) tankerakoak direla esanez, eta urdin-ñabardura argiak azpimarratuz. Daix, Nouveau Dictionnaire Picasso, 777. or. [itzuli]
- Josep Palau i Fabre, Picasso: The Early Years, 1881–1907 (New York: Rizzoli, 1981), 383. or. [itzuli]
- Emakume motosdunaren profila obra (1904, kat. 32) Picassok nola erabiltzen zuen harramazka paperean agertzen duen adibide bat da. Picassok berebat landu zituen punta lekorreko grabatuak 1904–05eko neguan. Ikus Marilyn McCully, “The Early Prints”, in Celebrating the Muse: Women in Picasso’s Prints, 1905–1968, erak. kat. (New York eta Londres: Marlborough Gallery, 2010), or. g. [itzuli]