Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Saint-Rémyko mendiak

Izenburua:
Saint-Rémyko mendiak
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artelanak | Kolorea | Lan-prozesua | Paisaia | Artea eta buruko gaitzak | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Post-Inpresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
van Gogh, Vincent

Saint-Rémyko mendiak (Montagnes à Saint-Rémy), Asnières, 1887
Olio-pintura mihise gainean, 72,8 × 92 cm
Thannhauser Bilduma, dohaintza, Justin K. Thannhauser 78.2514.24
Sinatu eta datatu gabea

Jatorria

Artistak Theo van Gogh anaiari (1857–1891) bidalia, 1889ko iraila; Eugène-Guillaume Boch-ek (1855–1941) Theo van Gogh-engandik truke bidez eskuratua, Monthyon (Seine-et-Marne), 1890eko ekaina, eta 1908ra arte, gutxienez; Galerie E. Druet (Eugène Druet, jabea), Paris, 1912rako (arg. zk.: 2896 eta 61103); Trygve Sagen-ek erosia (1891–1952), Christiania (Oslo), Walther Halvorsen-en bidez (1887–1972), 1917an edo 1918an; Halvorsen-ek erosia, Paris eta Christiania (Oslo), 1923; [Galerien Thannhauser-en gordailutua (Justin K. Thannhauser, jabea), Berlin eta Luzerna, 1927ko urtarrila]; Galerien Thannhauser-ek (Justin K. Thannhauser, jabea) Halvorsen-i erosia, 1929ko abuztuak 12 (1353 inb. zk., “Berglandschaft in St. Rémy”); Justin K. Thannhauser-i eskualdatua (Amsterdametik), Paris, eta gero, New York, 1938ko ekainak 2 (40108. zk.); Thannhauserrek Solomon R. Guggenheim Foundation-i legatua, New York, 1978, bere dohaintza-aginduaren, 1963, eta mailegu luzatuaren, 1965, arabera.

Lehen erakusketak

Paris, Galerie E. Druet, Vincent Van Gogh, 1908ko urtarrilak 6–18 (izen honekin: Collines à Arles).
New York, Armory of the Sixty-Ninth Infantry, International Exhibition of Modern Art, 1913ko otsailak 15–martxoak 15, 424. zk. (izen honekin: Collines à Arles); honako hauetara ere eraman zuten: Art Institute of Chicago, 1913ko martxoak 24– apirilak 16, 408. zk.; Boston, Copley Hall, 1913ko apirilak 28– maiatzak 19, 213. zk., erreprodukzioa.
Praga, Obecní Dům (Spolku Výtvarných Umělců Mànes-ek antolatua), Exhibition of French Art, 1923ko abendua–1924ko urtarrila, 55. zk. (izen honekin: Landscape of Arles).
Berlin, Künstlerhaus (Galerien Thannhauser-ek antolatua), Erste Sonderausstellung in Berlin, 1927ko urtarrilak 9–otsaila erdialdea, 117. zk., erreprodukzioa (izen honekin: Berglandschaft).
New York, Museum of Modern Art, Art in Our Time, 1939ko maiatzak 10–irailak 30, 70. zk., erreprodukzioa (izen honekin: Hills at Saint-Rémy), eta Justin K. Thannhauser-en mailegu luzatua, 1941eko apirilera arte.
Cincinnati, Cincinnati Modern Art Society (gaur egun, Contemporary Art Center), Paintings of the School of Paris, 1940ko apirilak 12–maiatzak 12.
San Frantzisko, Palace of Fine Arts, Golden Gate International Exposition, 1940ko maiatzak 25–irailak 29, 272. zk., erreprodukzioa.
Detroit, Detroit Institute of Arts, Modern Paintings from the Museum of Modern Art, New York, 1941eko urtarrilak 3–otsailak 2.
Baltimore, Baltimore Museum of Art, Paintings by van Gogh: An Exhibition, 1942ko irailak 18–urriak 18, 18. zk. (izen honekin: Hills at Saint-Rémy); hona ere eraman zuten: Worcester Art Museum, 1942ko urriak 28–azaroak 28.
Pittsburgh, Carnegie Institute (gaur egun, Carnegie Museum of Art), Modern Dutch Art, 1943ko otsailak 5–martxoak 1, 24G zk.
Cleveland, Cleveland Museum of Art, Works by Vincent Van Gogh, 1948ko azaroak 3–abenduak 12, 20. zk., XIX. xaflaren erreprodukzioa.
Chicago, Art Institute of Chicago, Justin K. Thannhauser-en mailegu luzatua, erakusketa orokorrerako, 1955eko maiatzak 19–abuztuak 23 (ez zen katalogorik egin).
New York, Solomon R. Guggenheim Museum, Van Gogh and Expressionism, 1964ko uztailak 1–irailak 13, koloretako erreprodukzioa.

Materialak eta prozesua

Berak hala eskatuta, Vincent van Gogh buruko gaixoentzako erietxe batean sartu zen 1889ko maiatzean, Saint-Rémy-de-Provence-n. Erietxe hura eremu geologiko ikusgarri bateko paisaia paregabeez inguratuta zegoen. Hara iritsitakoan, Saint-Paul-de-Mausole-ko aretoetan eta esparru barruan margotzen jardun zuen artistak. Baina udako bolada labur batean landara atera, eta Les Alpilles-ko mendietatik hurbil aritu zen lanean. Saint-Rémyko mendiak uztailean margotu zuen, en plein air, seguru asko, mendikate ikusgarriaren oinean1. Uztailaren 14an edo 15ean Theo van Gogh anaiari idatzitako gutun batean, Guggenheimeko koadroaz mintzatu zen artista: “Landu dudan azken mihisea mendien ikuspegi bat da, haien oinetako olibondoen artean txabola ilun bat ikusten dela”2.

Energia irrikatsu baina aldi berean kontrolatua nabari da konposizio honetan, eta ongi islatzen du Van Goghek nolako intentsitatez egin zuen gogoeta bizitzaren zentzuaz eta berak munduan zuen tokiaz, garai hartan zuen adimen egoera delikatuan3. Alpetar paisaiak eragin zion erreakzioa eta uda hartan Édouard Rod-en literaturak bere errehabilitazioan izan zuen eragina deskribatu zion, beste gutun batean, Theo anaiari: “Nire gusturako, berde ilunek ongi ematen dute okreekin; badute zerbait tristea baina osasungarri gertatzen dena, eta horregatik ez naute gogaitzen. Halaxe gertatzen bide da Mendiarekin. Jendeak esaten dit mendiak ez direla horrelakoak, eta hatz baten lodiera dutela soslai beltz batzuek [...]. Iruditu zitzaidan horrexek adierazten zuela [Édouard] Rod-en liburuko [Le sens de la vie, 1889] pasartea —zerbait ona aurkitu diodan pasarte apurretakoa—, mendi ilunekiko lur galdu batean, zeinetan ikusi zituen norbaitek ahuntzainen txabola ilun-antzekoak ekiloreak hazten diren tokian”4.

Saint-Rémyko mendiak obran, txabola txiki bat eta lorategi bat ikusten dira aurrealdean, gizakiaren presentzia iradokitzen duen xehetasun soil modura. Ukitu gorriez nabarmenduta dago tximinia, eta ekilore eta malba gorrien muku zoragarri bat irudikatzen dute pintura lehorraren gainean aplikaturiko pintzelkada alai eta enpastatuek5. Horiek bereizten dute margolaria kareharrian gertatutako talka geologikoek sortutako harkaitz-formazioetatik. Van Goghek behin eta berriz margotu zuen paisaia hau, hainbat ikuspegitatik, landaz beste aldetik, larretik nahiz sakanetik6.

Hemen iruzkindutako obra egiteko, tafeta-ehunezko mihise zakar bat erabili zen7; inprimatze arina zuen, eta berunean oinarrituriko olio-tonu epela8. Mihisearen iltzatze-ertzak berroihaleztatzean moztu ziren, oso hasieran, koadroa neurri estandarreko euskarri frantsesean muntatuta zegoela (Erretratua 30)9. Mikroskopio bidezko azterketak agerian utzi zuen azpiko marrazkia, pintura urdin diluituz egina, pintzelarekin; marrazki horrek zedarritzen du paisaia harritsuaren egitura. Zirriborro sinple hori pintzelkada lodiago eta nahitakoagoez bete zen gero. Mendi malkartsuen irudia handitzean, urdin biziak eta turkesa-koloreko berdeak bereizten dira, buztin- eta lur-kolore okreen azpian erdi ezkutaturik, baita berde eta urdinen sorta oparo baina lausotu bat ere10. Azpiko koloreek iradokitzen dutenez, artistak berriro landu zuen konposizioa, pintura partzialki lehor zegoela11.

Pinturaren trataerak Van Goghen heldutasuneko estiloa erakusten du, bereizgarri hauek nabarmentzen direla: zirimola-tankerako forma estilizatuak, pintzelkada arin eta trinkoak, eta lerro paralelo sistematikoak, zerrenda luze uhindunen alboan. Konposizioa funtsean pintura-enpastatze trinkoen bidez eraikia bada ere, inprimatze-geruza ikusgai da tartekako gune txiki batzuetan, bereziki zeruan eta aurrealdean, zeinak baitu halako tonu beix-arrosa bat, aldameneko kolore urdin eta berdeen eraginez.

Mendialdera doan bidexka berun-zurizko lerro trinkoez margotuta dago, eta ukitu urdin, arrosa eta laranja arin batzuk ditu. Aurrealdeko arrosa- eta laranja-koloreko eremu batzuk lausotuta daudela hauteman da12. Prusiako urdinez margotutako ertz zabalek (est.) irudikatzen dituzte mendien gandorrak, Van Goghen tintazko marrazkiak (Olibondoak Alpilleak atzean ikusten direla (Oliviers avec les Alpilles au fond), Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko ekainaren amaiera) nahiz hark bildumatzen zituen japoniar xilografiak (Utagawa Hiroshige, Awa probintzia: Narutoko zurrunbiloak, 1855) gogorarazten dituzten lerro kaligrafikoez. Harkaitzen forma zakar eta izurtuak, berriz, pintzelkada lerromakurrez deskribatuta daude. Azpiko pintura diluituaren gainean, kolore puru ugari aplikatu zituen Van Goghek, zeinak, mihisearekin nahasturik, puntada handiez brodatua dirudien tapiz moduko bat sortu zuten gainaldean.

Nolanahi ere, obra honen ezaugarri harrigarriena zeru urdin argitsua definitzen duten igitai-formako pintzelkadak dira, agian, erradiografian nabarmen ikusten direnak13. Mendien soslai urdin biziak (eta, seguru asko, jatorrian, moreak) marraztu aurretik margotu zen zerua. Paisaiari buruz ari zela, zera adierazi zuen Van Goghek: “Ez naiz sekula nekatzen zeru urdinaz”14. Olibondo-sail berdexkek, gailur harkaiztsuek eta zeru argiak gorpuzten dute paisaia hau: kokaleku geologiko ikusgarri bat, non nabarmen gelditzen baita, naturaren aurrez aurre, giza existentziaren hutsaltasuna; agertoki zoragarri bat, Van Goghen susperraldirako atze-oihal aparta15. (LS)

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. 1889ko uztailaren 9an, zera idatzi zion erietxeko zuzendari Théophile Peyron-ek Theo van Gogh-i: “Zure pazientea hobeto dago, eta egunez egun suspertzen ari dela dio; orain dela gutxitik hona, erietxetik ateratzen hasi da, landara, paisaien bila. Hemen dagoenetik, ez du denbora alferrik galdu. Zenbait koadro margotu ditu, zuri igortzeko asmoz”. Hemen aipatua: Ronald Pickvance, Van Gogh in Saint-Rémy and Auvers, erak. kat., Metropolitan Museum of Art eta Harry N. Abrams, New York, 1986, 31.–32. or. [itzuli]
  2. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko uztailak 14 edo 15, in Leo Jansen, Hans Luijten eta Nienke Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters; The Complete Illustrated and Annotated Edition, Thames and Hudson, Londres, 2009, 5. alea, 61. or., 789 gutuna; online ere eskuragarri, edizio elektronikoan, 2010eko abendua, www.vangoghletters.org. [itzuli]
  3. Erietxeko egonaldian, Van Gogh-ek gogoeta egin zuen bizitzari, maitasunari eta bihotz-garbitasunari buruz, honako liburu hauek irakurriz: Zadig ou la destinee, Paris, 1747, Voltaire, eta Le sens de la vie, Paris, 1889, Édouard Rod. Ikus: Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko ekainak 25, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 5. alea, 41.–48. or., 783 gutun. [itzuli]
  4. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, ca. 1889ko irailak 20, in ibid., 5. alea, 101. or., 805 gutuna. Rod-en liburuak menditarren etxolak deskribatzen ditu: “Egurrezko etxolak txikiak eta ilunak dira, aterpe zinez ziztrinak, negu haietako hotz izugarriari aurre egiteko; harrizko estufa erraldoi kiskalgarriez berotzen dituzte, eta leihoak estu-estuak dira, eguzki-izpi apur batzuk eta haize pixka bat doi-doi sartzeko lain ez”. Édouard Rod, Le sens de la vie, Paris, 1889, 223. or., hemen aipatua eta itzulia: ibid., 5. alea, 70. or., 797. gutuna, 13. zk. [itzuli]
  5. Malba gorrien lore zuriek kolore arrosa bizia zuten lehen —gaur egun, histuta daude—; hala erakutsi dute mikroskopio bidezko analisiak eta XR bidez brominaren presentzia aurkitu izanak, zeinak adierazten baitu eosina laka gorriaren presentzia (Silvia A. Centeno-k eta Louisa Smieska-k, Federica Pozzi eta Anna Cesaratto-rekin, Metropolitan Museum of Art). [itzuli]
  6. Erreferentzia gisa, ikus Van Gogh-ek Saint-Rémy-de-Provence-n egindako beste obra batzuk: Saint- Pauleko erietxearen atzeko paisaia menditsua, 1889, F611, JH2723, Ny Carlsberg Glyptotek, eta Peirouletseko sakana (Les Peiroulets), 1889, F661, JH1871, Kröller-Müller Museoa. [itzuli]
  7. Harien kontaketa automatikoaren analisia X izpizko erradiografien bereizmen handiko eskaneatze digitaletatik abiatuta egin zen; azterketa horren arabera, harien kontaketaren batez besteko balioak zentimetroko 17,6 × 11,3 harikoak dira Saint-Remyko mendiak obran. Thread Count Automation Project proiektuaren datuen arabera (honako hauen arteko lankidetzan: Van Gogh Museoa, Don H. Johnson, Rice University, C. Richard Johnson Jr.-ekin, Cornell University, eta Robert G. Erdmann, Rijksmuseum), Guggenheimeko koadroa Sasitzaren (Undergrowth) (1889, F746, JH1762, Van Gogh Museoa) mihise-pieza beretik moztuta dago, itxuraz. Ikus metodologia horren deskribapena hemen: Don H. Johnson, C. Richard Johnson Jr. eta Robert G. Erdmann, “Weave analysis of Paintings on Canvas from Radiographs”, Signal Processing 93, 2013, 527.-540. or. Van Gogh-ek Sasitza obra aipatu zuen Theo anaiari Saint-Remyko men­diak lantzen ari zen garaitsu berean idatzitako gutun batean: “Erdizka daukat, halaber, huntza duen beste koadro bat”. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de- Provence, 188ko uztailak 14 edo 15, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 5. alea, 61. or., 790 gutuna. [itzuli]
  8. XRF eskaneatze bidezko analisia, Centeno, Cesaratto eta Smieska-k egina, Pozzi-rekin. [itzuli]
  9. Litekeena da Van Gogh-ek oso goiz agindu izana bere obrak berroihaleztatzea, Theo-ri idatzitako gutunek iradokitzen dutenez: “Behar bezain lehor dauden mihiseak euskarrietatik aska ditzakezu, Tanguy-ren dendan edo zurean, eta euskarri horietan egoki irizten diezun berriak ezarri gero. [Paul] Gauguin-ek emango dizu berroihaleztatzaile baten helbidea, Logela berroihaleztatzeko; ez da garestia izango. 5 libera inguruko zaharberritzea izango da, pentsatzen dut; garestiagoa bada, ez esan egiteko, ez dut uste Gauguin-ek gehiago ordainduko zuenik, maiz berroihaleztatzen baitzituen bere mihiseak, [Paul] Cézanne-renak edo [Camille] Pissarrorenak”. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, ca. 1889ko maiatzak 23, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 5. alea, 25. or., 776 gutuna. Van Gogh-ek orobat aipatu zituen 30. zenbakidun mihise ugari: “Beroa izan dugu egun batzuetan, eta koadro gehiago egiten ari naiz; hala, 12 mihise daude 30. zenbakidunak, gordailututa”. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko ekainak 25, in ibid., 5. alea, 41. or., 783 gutuna. [itzuli]
  10. 1889ko udan, Van Gogh-ek pigmentu hauek eskatu zizkion anaiari: okre horia, okre gorria eta terre sienne naturelle. Eta, handik gutxira, paleta itzaliagoarekin lan egiteko asmoa zuela adierazi zuen. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko ekainak 9, in ibid., 5. alea, 31.-32. or., 779 gutuna; Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko abuztuak 22, in ibid., 5. alea, 70. or., 797 gutuna; Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko irailak 28, in ibid., 5. alea, 106.-07. or., 806 gutuna. [itzuli]
  11. . Kanpoan margotzen aritu eta itzulitakoan mihiseak berriro lantzeko edo ukitzeko ohitura zuen Van Gogh-ek. Hauxe idatzi zion Theo-ri: “Batez ere, nire kide maitea, ez izan beldur, ez kezkatu eta ez tristatu nigatik; hala egotea, berrogeialdi ezinbesteko eta osasungarria dugun honetan, ez litzateke oso arrazoizkoa, susperraldi mantso eta egonarritsua komeni baita. Gai bagara hori lortzeko, indarberrituta egongo gara negu honetarako. Pentsatzen dut negua aski etsigarria izango dela hemen, baina lanpetuta egoten saiatuko naiz. Maiz pentsatzen dut negu honetan iaz Arles-en egindako prestalan ugariak egokitzeko parada izan dezakedala. Hala, bada, egun hauetan alboratuta eduki dut baratze baten prestalan bereziki zail bat (haren aldaera bat igortzen dizut, baina nahiko zehaztugabea), hura buruz lantzen hasi naiz eta tonuen harmonia adierazteko modu egokiagoa topatu dut”. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko ekainak 9, in ibid., 5. alea, 61. or., 790 gutuna. [itzuli]
  12. Estereomikroskopioz begiratuta, aurrealdeko arrosa-tonuak histu egin direla sumatzen da; bioletak urdin argi modura ikusten dira; eta kadmio-hori batzuk ilunduta bide daude, seguru asko. Guggenheimeko koadroan ez dago, ordea, Van Gogh-ek maiz pigmentu iragankorrak erabiltzearen ondorioz haren koadroetan agertu ohi diren paleta-aldaketa nabarmenik. Edonola ere, XRF eskaneatzeak agerian utzi zuen bromoa zegoela urdin ilunezko soslaien lerro batzuetan, zeinak iradokitzen baitu gai hori eosina oinarri zuen laka gorri batekin nahastu zela, urdin-bioleta iluna lortzeko; hala sumatzen da, bereziki, mendien soslaietan. XRF eskaneatzea Centeno eta Smieska-k egin zuten, Pozzi eta Cesaratto-rekin. Ikus laka gorrizko pigmentuen kolore-galtzeari buruzko informazio gehiago hemen: A. Centeno, Charlotte Hale, Federico Carò, Anna Cesaratto, Nobuko Shibayama, John Delaney, Kathryn Dooley, Geert van der Snickt, Koen Janssens eta Susan Alyson Stein, “Van Gogh’s Irises and Roses: The Contribution of Chemical Analyses and Imaging to the Assessment of Color Changes in the Red Lake Pigments”, Heritage Science 5, 18. zk., 2017. [itzuli]
  13. Saint-Remyko mendiak margotu baino pixka bat lehenago, Vincent van Gogh-ek honako kolore hauek eskatu zituen Parisera, Theo anaiaren bidez, tubo handitan: esmeralda-berdea, kobaltoa, itsas urdina, berun-laranja, eta zink-zuria, baita 5 metro mihise ere. Vincent van Gogh-ek Theo van Gogh-i, Saint-Rémy-de-Provence, 1889ko maiatzak 23, in Jansen, Luijten eta Bakker, argit., Vincent van Gogh: The Letters, 5. alea, 27. or., 776 gutuna. XRF eskaneatze bidez honako pigmentu hauen presentzia hauteman da: berun-zuria, zink-zuria, burdin oxidoa oinarri duten pigmentu okreak, okre-horiak, biridiana, esmeralda-berdea eta kobrea oinarri duten beste berde batzuk, kobalto-urdina, Prusiako urdina, seguru asko, eta eosinazko laka gorria. [itzuli]
  14. “Olibondo-sail oso politak daude hemen, hostotza gris zilarkarakoak, sahats inausienak bezalakoak. Eta ez naiz sekula nekatzen zeru urdinaz”. Vincent van Gogh-ek Ann van Gogh-Carbentus-i, Saint-Rémy-de-Provence, ca. 1889ko uztailak 8-12, in ibid., 5. alea, 58. or., 788 gutuna. [itzuli]
  15. Ikus hemen margolanari buruzko eztabaida sakonagoa: Albert Boime, “Vincent Van Gogh, Mountains at Saint-Rémy", in Thannhauser: The Thannhauser Collection of the Guggenheim Museum, argit.: Matthew Drut, Guggenheim Museum, New York, 2001, 234.–40. or. Saint-Rémyko mendiak F622 eta JH1766 da. [itzuli]

PDF-a JAITSI