Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Irakurleentzako oharra

Izenburua:
Irakurleentzako oharra
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Artelanak | Artistak | Materialak | Teknika eta materialak

Solomon R. Guggenheim Foundation-en Thannhauser Bildumaren inguruan ingelesez argitaratzen den laugarrena da liburu hau, eta 71 fitxa jasotzen ditu. Katalogoko sarrerak alfabetikoki ordenatuta daude artistaren abizenaren arabera, eta kronologikoki, artelana sortu zen dataren arabera. Fitxa bakoitzak bost atal ditu: artelanaren datuak, jatorria, lehen erakusketak (hala dagokionean), materialen eta prozeduraren inguruko saiakera, eta ilustrazioak (gaztelaniazko bertsioan). Euskarazko testuan adierazita ageri da gaztelaniazko alearen zein orritan aurki daitekeen ilustrazio bakoitza. Baliteke fitxa hauetan ageri den informazioa bat ez etortzea aurretik argitaratutako beste iturri batzuekin.

Artelanaren datuak

Lehenik eta behin, titulua euskaraz ageri da, eta jarraian, parentesi artean, artistak beste hizkuntza batean emandako jatorrizkoa. Artistak emandako titulu dokumentaturik egon ezean, historikoki edo modu orokorrean onartutako tituluak erabili dira. Pablo Picasso eta Vincent van Goghen lanetan, egiaztatutako ekoizpen-lekuak jarri dira. Identifikatutako baliabideak ondorioztatu, baina analisi zientifikoak egiaztatu ez dituen kasuetan, estimatutako (est.) materiala ageri da. Neurriak zentimetrotan (cm) eman dira; altuera ageri da zabaleraren aurretik, eta hiru dimentsioko piezen kasuan, sakonera ageri da azkenik. Sarrerako zenbakiak Guggenheimen eskuratze-urtea adierazten du (hau da, “78.”-k 1978. urteari egiten dio erreferentzia).

Artistaren sinadura, datak eta egindako inskripzioak artelanaren datuen ostean ageri dira. Marka horiek bi dimentsioko obra baten aurrealdean edo alde nagusian kokatzen dira, ez bada beste lekurik adierazten, atzealdea esaterako. Paper gaineko lanetan, ur-markak eta kontramarkak deskribatzen dira, horiek identifikatu baldin badira. Eskulturen kasuan, fundizio-markak, edizio-zenbakiak eta hustura-datak zehaztu dira, horiek zehazki edo gutxi gorabehera ezagutzen badira.

Jatorria

Atal honetan bildutako informazioak artelan jakin baten jabetzaren historia deskribatzen du, orain arte egindako ikerketa eta eskuragarri zeuden baliabideak oinarritzat hartuta. Vivian Endicott Barnett-ek jatorriaren inguruko azterketa zabala egin zuen, Thannhauser Bildumaren inguruko aurreko argitalpenetan ezagutzera eman zena (ikus Barnett, 1978, 1992); ikerketa hori hirugarren edizioan eguneratu zen (ikus Drutt, 2001). Ale honetarako, Koloniako Zentralarchiv für deutsche und internationale Kunstmarktforschung erakundearen Galerien Thannhauser Artxiboa (hemendik aurrera, Thannhauser Artxiboa, ZADIK) informazio berriaren funtsezko iturria izan da, beste oinarrizko iturri, nazioarteko erregistro eta argitalpenekin batera. Jatorriaren inguruko datuak noizean behin berrikusten dira edo gutxinaka zabaltzen dira.

Jatorriari buruzko datuak artistaren ostean izandako lehen jabe ezagunarekin hasten dira, eta Guggenheimen amaitzen. Halakorik zehazterik egon den kasuetan, lerro bakoitzaren hasieran eskuratze-modua adierazita ageri da, adibidez “eskuratua”, “erosia” edo “dohaintzan emana”. Aipatutako pertsonen jaiotza- eta heriotza-data ezagunak parentesi artean ageri dira, Justin K. Thannhauser (1892–1976) eta Hilde Thannhauser (1919–1991) jabeenak izan ezik. Eskuratze-urtea jatorriaren lerro bakoitzaren bukaeran ageri da. Jabeen bizilekuak haien izenen ostean aipatzen dira. Jabeen artean puntu koma baldin badago, transferentzia zuzena izan zela adierazten du horrek; puntuak adierazten du akaso egon zela transferentzia zuzenik, hori frogatu ez bada ere, edo transferentzia ez zela zuzena izan. Berretsi gabeko informazioaren aurretik “akaso”, “seguru asko” edo “ziur asko” hitzak daude. Kortxete edo parentesiek adierazten dute arte-merkatari edo -galeria batean gordailututa utzi zutela obra. Testuaren amaierako oharrek jatorriaren inguruko lerro zehatzak argitzeko balio dute.

Merkatariaren inbentarioa (inb.) edo argazkiaren zenbakia (arg. zk.) parentesi artean idatzi dira, galeriaren jabe edo jabeen izena bezala. Thannhauser galeriei dagokienez, titulua edo obraren deskribapena ere, Bigarren Mundu Gerraren aurreko inbentario-liburuetan ageri diren moduan, inbentario zenbakiaren ostean ageri da (ikus Lagerbuch I eta Lagerbuch II, Thannhauser Artxiboa, ZADIK). Posible izan denean, halaber, enkanteetan artelanak jaso dituen tituluak aipatu dira. Bigarren Mundu Gerraren osteko aldirako, Justin Thannhauserren bilduma pribatuko zenbakien erreferentziak daude parentesi artean: 40001 eta ondorengoak formatua baliatzen duena (ikus Inventarbuch New York eta Berna, Thannhauser Artxiboa, ZADIK).

Lehen erakusketak

Erakusketen historiala kronologikoki zerrendatuta dago, ezagutzen den goiztiarrenetik 1965 arte, urte hartan egon baitziren Guggenheimen ikusgai Thannhauser Bildumaren hasierako dohaintza osatzen duten artelanak. Erakusketak lagundu zituzten katalogoetako zenbakiak erraztu dira (zk.), eta, halakorik dagoen kasuetan, artelanaren erreprodukzioak aipatu dira. Erreprodukzioak zuri-beltzean dira, kontrakorik esan ezean (koloretako erreprodukzioa). Artelanak beste titulu edo dataren batekin erakutsi baziren, informazioa parentesi artean adierazi da.

Materialak eta prozedura

1965etik egindako azterketa eta ikerketa jarraituaz gain, Guggenheimeko Kontserbazio Arloak xeheki analizatu zituen Thannhauser Bildumako artelan guztiak 2014 eta 2018 artean, ale honen prestaketaren aitzakian. Azterketa teknikoak eta irudi digitalen eskuratzeak informazio berriz hornitu gaitu, artistek erabilitako materialen eta lan-tekniken inguruan. Artelanaren analisi zientifikoa egitea posible izan den kasuetan, erabilitako materialen inguruko iruzkin zabalago bati bide egin dio horrek. Hemen eskaintzen den informazioak artelan jakin batek artista baten ekoizpen-corpusaren baitan duen lekua zehazteko helburua izan dezake, eta batzuetan, egileak berak egin ez dituen aldaketak deskribatzen ditu, berroihaleztatzea eta barnizatzea kasu. Fitxa ugarik aipatzen dituzte mihise frantsesen neurriak: material artistikoaren hornitzaileek saltzen zituzten mihiseen neurri estandarrak dira; XIX. mendearen erdialdean sortu ziren neurri estandarizatu horiek, eta erretratu, paisaia edo itsas paisaietarako formatu zehatzetan saltzen zen bakoitza (ikus Bomford, Kirby, Leighton eta Roy, 1990, 46. or.). Baliteke artistek euskarri finkoak erabili izana haien mihiseak muntatzeko, edo euskarri doigarriak ere bai, mihisearen tentsioa erregulatzeko aukera ematen dutenak, denboraren joanean. Analisi-txostenak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoko Kontserbazio Arloan artxibatuta daude. Termino zientifikoak jasotzen dituen glosario bat dago ale honen 135–36 orrien artean; bertan, analisi-teknikak deskribatzen dira, eta horien ingelesezko akronimoak erabiltzen dira testuen amaierako oharretan.

Hautatutako katalogo arrazoitu batzuk aipatzen dira oharretan; horiek, era berean, testuen amaieran daude. Vincent van Goghen obrei dagokienez, F letraz hasten diren zenbakiek J.-B. de la Faille-ren katalogoari egiten diote erreferentzia (De la Faille, 1970). JH hizkiekin hasten diren zenbakiek Jan Hulskerren edizio berrikusia adierazten dute (Hulsker, 1996). Katalogoko fitxa eta saiakera guztien oharrak 137–. orrietan ageri dira. Egileei dagozkien siglak kreditu-orrian jaso dira.

Ilustrazioak

Fitxa bakoitzaren ilustrazio nagusia artelanaren datuak ageri diren orriaren parekoan ageri da gaztelaniazko bertsioan, eta katalogo zenbakiaren arabera aipatzen da ale osoan zehar. Fitxa jakin batzuk saiakera luzeago batez lagunduta daude. Katalogoko fitxa batean edo hari dagokion saiakeran erreproduzitutako irudiak katalogo zenbakiaz eta agerpen-ordena adierazten duen beste zenbaki batez identifikatzen dira, hala badagokio.

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI