Edukira zuzenean joan

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

katalogoa

Françoise Gilot

Izenburua:
Françoise Gilot
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao, 2018
Neurriak:
23 x 30 cm
Orrialdeak:
175 or.
ISBN:
978-84-95216-86-1
Lege gordailua:
BI-1416-2018
Erakusketa:
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
Gaiak:
Emakumea artean | Artelanak | Lan-prozesua | Erretratua eta autorretratua | Françoise Gilot | Teknika eta materialak
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Picasso, Pablo

Françoise Gilot, Golfe-Juan, 1947ko irailak 9
Argizari gorrizko arkatza paper leunaren gainean, 66 × 50,5 cm
Thannhauser Bilduma, dohaintza, Justin K. Thannhauser, 78.2514.63
Beheko aldean sinatua eta datatua, ezkerraldean, argizariz: Golfe-Juan 9 septembre 47 Picasso.
Monogramaren ur-marka, kontramarkarekin: Arches

Jatorria

Justin K. Thannhauserrek artistari erosia, New York, 1947ko iraila (40219. zk.); Thannhauserrek Solomon R. Guggenheim Foundation-i legatua, New York, 1978, bere dohaintza-aginduaren, 1963, eta mailegu luzatuaren, 1965, arabera.

Materialak eta prozedura

Pablo Picassok Justin K. Thannhauserrentzat margotu zuen Françoise Gilot-en (1921) erretratu hau, bildumagileak Picasso, Gilot eta beren seme jaioberri Claude-ri Golfe-Juan-en (Frantzia hegoaldean) egindako bisita batean. Gilot artista gazteak Parisen bizi zela ezagutu zuen Picasso, 1943an, eta haren obren protagonista izan zen 1946tik 1953ra1. Garai hartan marraztutako Giloten irudi gehienek grabatu tankera nabarmena dute, Picassok 1945 amaieran Fernand Mourlot paristar grabatugilearen estudioan (1895–1988) litografiarekiko hartutako zaletasunaren eraginez, seguru asko2. Picassok lerro beltz bakarti eta ausartak egin zituen argizari-arkatzaz lan honetan, eta modu berean erabili zuen arkatz litografikoa garai hartako bere hainbat litografiatan, zeinak inprimatu ohi baitzituen marrazki honen neurri bereko eta mota bereko inprimatze-paperean3.

Marrazki hau egiteko, Picassok bizkor marraztu zuen Giloten erretratua, argizari gorriko lerro erabakiorrez orri osoa beteta. Argizaria 1899rako dagoeneko erabilia bazuen ere, maizago ageri da 1940ko hamarkadatik aurrera landu zituen obretan, seguru asko litografiarekiko irrika berrituaren eraginez4. Hainbat koloretako argizariak zituen eskuragarri, eta, argizarizko arkatzek pigmentu asko zutenez, aukera ematen zioten marka bizkor ilunak egiteko, conté edo pastelaren moduko marrazketa-material tradizionalak baino askoz iraunkorragoak zirenak eta hain erraz orbantzen edo ukipenez beste paper batera transferitzen ez zirenak. Picassok argizaria paper bigunaren kontra zapaltzearen ondorioz, erliebedun marka fin bat agertu zen gune batzuetan, lerroa orbantzen duena. Hain zuzen ere, marrazketako lanabesaz papera zapaltzean edo hura oso angelu beheratuan ezartzean argizarizko arkatza inguratzen zuen egurrak edo beste material gogorren batek sortuak bide dira marka horiek. Picassok erabilitako Arches papera gramaje ertaineko paper leuna da, bahe biribilekoa5. Grabatuetarako erabiltzen da, nagusiki, eta bereziki diseinatuta dago leuna, malgua eta prentsa batean tinta erliebean gelditzeko bezain lodia izateko. Obra hau oso higatuta dago oro har. (JW) 

[Itzulpena: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Vivian Endicott Barnett, The Guggenheim Museum: Justin K. Thannhauser Collection, Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 1978, 174. or. Hemen iruzkindutako marrazkia lan honetan ageri da: Christian Zervos, Pablo Picasso, 15. alea, Cahiers d’art, Paris, 1965, 73. zk., 43. lam. (izen honekin: Tête de femme). [itzuli]
  2. Jane Fluegel, “Chronology”, in Pablo Picasso: A Retrospective, argit.: William Rubin, erak. kat., Museum of Modern Art, New York, 1980, 380. or. [itzuli]
  3. Fernand Mourlot-ekin urte luzez lanean aritu zelarik, Picassok sakon ikertu zituen litografiako teknika posible guztiak, arkatz litografikoz lerro soilak egitera mugatu gabe. [itzuli]
  4. Marla Prather, “91, Tie”, in Picasso in the Metropolitan Museum of Art, argit.: Gary Tinterow eta Susan Alyson Stein, erak. kat., Metropolitan Museum of Art, New York, 2010, 248. or. [itzuli]
  5. Bahe biribileko papera zilindrodun makinekin egiten da, eta ontzian egindako hari-paperaren ezaugarri batzuk imitatzen ditu. [itzuli]

PDF-a JAITSI